IV. ATALA. Arartekoaren beste tresna batzuk administrazio ona izateko eskubidea sustatzeko
Herritarrek beren eskubideak urratu direlakoan edo indarreko legea bete ez delakoan administrazio publikoen aurka aurkezten dituzten kexen gainean ebaztea da Arartekoaren oinarrizko eginkizunetako bat.
Bere funtzio adierazgarria hori izanik, Ararteko erakundeak administrazioaren kontrol eta orientazio jarduera proaktibo ugari burutzen ditu asmo orokorreko beste tresna batzuen bidez. Horien helburuak administrazioaren jardueran praktika onak edo aldaketak proposatzea, esparru jakin bateko herritarren eskubideen betetzeari buruzko ikerketa eta eztabaida sustatzea edo horien hedapena bultzatzea dira.
Kapitulu honetan 2014. urtean zehar bideratutako jardueren emaitzaren laburpena gaineratu dugu eta Arartekoaren web orrira bidaltzen ditugu horien inguruko informazio zehatzagoa nahi dituztenak.
• Gomendio orokorrak
• Azterlanak
• Txosten bereziak
• Udako ikastaroak
• Arartekoaren jardunaldiak
• Argitalpenak
• Bestelako jarduerak
1. Gomendio orokorrak
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Nolanahi ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2014. urtean, 2 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke (http://www.ararteko.net)
1.1. Arartekoaren 1/2014 Gomendio orokorra, urtarrilaren 20koa
Lanbidek arrazoitu egin behar ditu eskubideak mugatzen dituzten ebazpenak.
Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta (SBE) kudeatzeko erabiltzen duen modua dela-eta, zenbait kexa egin dizkigute, arrazoi ezberdinengatik. Horien artean ohikoenetako bat hauxe da: akatsak daudela Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailean sartuta dagoen erakunde autonomo horrek emandako ebazpenetan.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta laguntza ekonomikoa da, eta horren zenbatekoa neurtzeko, erreferentziatzat hartzen da Lanbide arteko Gutxienezko Soldata, soldata hori jasotzeko eskubidea baitute baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsona guztiek. Esan beharrik ez dago oraingo egoeran gehitu egin dela SBE jasotzen dutenen kopurua, 62.817 pertsonatan kokatu dela. Beraz, onuradunak gehiago dira, 130.000 inguru, izan ere, laguntzaren hartzailea bizikidetza-unitatea da eta hori, sarritan, hainbat familia kidek osatzen dute. Hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta da Euskadiko herritarren ehuneko handi baten salbabidea. Horregatik, Arartekoak gomendio orokor bat egin du. Horren bidez, Lanbideri eskatu dio ondo arrazoituta egon daitezela SBE jasotzeko eskubideari kalte egiten dioten ebazpenak.
Legez, behar bezala arrazoitu behar dira eskubideak murrizten dituzten ebazpenak. Beraz, eragindako pertsonei bidaltzen zaizkien idazkietan, labur adierazi behar zaie zerk eragin duen erabaki hori, eta zer arau ezarri behar zaizkion kasu zehatz horri
1.2. Arartekoaren 2/2014 Gomendio orokorra, abenduaren 17koa
Hiri lurren balioaren gehikuntza arautzen duten Foru Arauak aldatzeko beharra, ikusirik haren zerga oinarriaren zehaztapenean zer disfuntzio hauteman diren eta zerga ahalmenaren printzipioari nola eragiten dion.
Hiri lurren balioaren gaineko zergaren egungo konfigurazioak kontribuzio-ahalmenaren printzipioari eragin diezaioketen disfuntzioak agerian jarri ditu, bereziki, krisi ekonomikoaren ondorioz etxebizitzen prezioek behea jo dutenean, ez baita kontuan hartu zerga ondorioetarako ondasun higiezinen gaineko jabetza eskubidearen eskualdatzeak egiazki badaudela eta iruzurrezkoak ez direla (prezioa eskuratzeko prezioa baino txikiagoa). Horrez gain, egungo idazketak asko zailtzen du zergaren likidazioa, eskualdatzeak babes publikoko etxebizitzen gaineko azaleraren benetako eskubide bati eragiten dionean.
Aipatu egoera arintzeko asmoz, Arartekoak gomendio orokor honen bidez zenbait neurri mahaigaineratu ditu, horien artean: zerga hori erregulatzen duten foru arauak aldatzea, ondare irabazirik izan ez dela egiazta daitekeen kasuetan, benetako eskubideen eskualdatzearen zergak ordain ez daitezen.
2. Azterlanak
2014. urtean, azterlan hauek argitaratu dira
2.1. Gazteen aisialdirako lokalei buruzko gogoetarako oinarrien dokumentua: arartekoaren proposamenak, administrazioaren esku-hartze egokirako
Azken urteotan, aisialdi alternatiborako mugimendua zabaldu da Euskadin, gehienbat 15-29 urteko gazte-taldeen artean. Egoitza eraikietan dauden merkataritza lokalak gaitu eta gizarte eta aisialdi helburuetarako erabiltzean datza. Gazteen Euskal Behatokiak bere txostenean dakarrenez, adin horretako herritarren % 20k, gutxi gorabehera 62.000 gaztek, gazteentzako lokala edo lonja dute Euskadin. Errealitate hori sortu da gazte-taldeen artean gizarteratzeko eta elkartzeko gune alternatiboak behar direlako; izan ere, gazteek beti konpartitu izan dute denbora herri guneetan eta lokaletan.
Errealitate hori positiboa eta baketsua gertatu da kasurik gehienetan. Alabaina, oso gutxitan bada ere, arazoak dakartzate lokal horiek jabeen erkidegoaren barruan, gauez erabiltzen direlako, erabiltzaileek eragindako zaratagatik edo erabilera komuneko guneak hartzeagatik. Kezka sortzen duen beste kontu bat segurtasunaren eta osasungarritasunaren arloko egoera egokirik eza da lokaletako batean, aisialdirako birgaikuntza espezifikorik gabe.
Arartekoak jaso dituen erreklamazioen kopuru handiagoa da gatazkak areagotu izanaren isla. Izan ere, lokalen erabilera salatzen duten erreklamazio gehienak zarata arazoak dira, baita udalak jarduera horiek kontrolatzeko duen erantzunik eza ere. Neurri txikiagoan, lokaletako zenbait erabiltzailek lokal berriak zabaltzeko dauden administrazio trabak azaldu dituzte, baita araudia ez betetzegatik hartutako zigor neurriekin bat ez datozela ere.
Eztabaida sortzen laguntzeko eta konponbideak emateko asmoz, oinarrien agiri bat prestatu zen, gazteen lokalei buruz hausnartzeko, Arartekoak azken urteetan eginiko jarduerak abiapuntu hartuta. EAEko hainbat udalekin izandako lankidetza lanaren emaitza ere izan zen Eudelekin antolaturiko lan jardunaldian, non gai honetan udalek dituzten jarduteko modu ezberdinak entzun genituen.
Apirilean egindako azterlanean zenbait neurri proposatu ditugu, gazteentzako aisialdi lokalak irekitzeagatik antzemandako arazoei erantzun egokia emateko baliagarriak izan daitezkeenak. Besteak beste:
• Gazteen lokalen udal ikuskaritzako plana.
• Udalek esku hartzeko eta ingurumenerako kontrol programa gehitu beharko dute.
• Eskaturiko zuzenketa neurriak betetzeko ondorengo kontrolean esku hartu beharko dute.
• Udal araudia udal ordenantzaren bidez.
• Eudelek udal jardun onak ezagutaraztea.
2.2. Arartekoaren azterlana, zigor kodea aldatzeko proiektuan buruko osasunaren tratamenduari buruzkoa
Uztailean zabaldu zen azterlan horren bitartez, Ararteko erakundeak hausnarketa partekatu du buruko osasun, magistratura eta doktrina zientifikoaren alor profesionalekin batera, izan ere, azken horiek mahai gainean jarri dute proiektuak kontrako eraginak, berriz ere iraingarriak, izan ditzakeela buruko gaixotasun edo nahasmenduren bat pairatzen duten pertsonentzat.
Erakundearen iritziz, proiektu hori onetsiz gero, atzerapausoak emango lirateke konstituzioaren bidez aitortu diren berme eta eskubideen babesaren eremuan. Berme horiek legearen segidako aldaketetan islatu dira (aldaketok funtsezko prozesu-izaera dute), bai zigor-eremuan, bai eremu zibilean.
Hala, Arartekoaren ustez, Zigor Kodearen proiektuak jaso dituen zenbait xedapenek atzerakada argia eragingo dute buruko gaixotasun bat pairatzen duten eta garrantzi penala duten ekintzak burutzen dituzten pertsonen eskubideen aitorpenaren eta bermatzearen eremuan:
• Askatasuna kentzeko zigorrak eta segurtasun-neurriak barne hartzen dituzten ezarpenen kasuan, bikario-sistemaren haustura.
•Barnealdi segurtasun-neurria segidan luzatzeko aukera, abstraktuan aplikagarria den zigorraren iraupenetik harago.
•Barnealdi-neurriaren gauzatzearen etetea baliogabetzen denean, zainpeko askatasunaren neurria modu automatikoan ezartzea eta etetea gertatzen den unean ezagutzen ez diren iraganeko inguruabarrengatik baliogabetzea burutzeko aukera.
Bestalde, azterlan horretan nabarmentzen da herri-administrazioek gizartean eta osasun arloan esku hartzeko sistema eragingarri bat ezartzeko betebeharra eta ardura daukatela. Sistema horrek bat etorri behar du osasun araudian jada xedatuta dauden buru-osasuneko artatze-zerbitzuen sarearekin.
3. Txosten bereziak
3.1. 2014an argitaratutako txostenak
• Txosten berezia: “Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa”
Espetxeratuei buruzko azterlan ugarik agerian jarri dutenez, presoen buruko osasunak nabarmen okerrera egin du, gero eta pertsona gehiago sartzen dira espetxean buru-nahasmenduekin, eta hainbat gabezia daude haien gaixotasuna artatzeko orduan, askatasunik gabeko denboraldian.
Txostena ixteko unean (2013ko abendua), 1.430 pertsona zeuden preso Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan, honela banatuta:
• 735 pertsona Zaballako espetxean (Araba-Álava)
• 365 pertsona Basauriko espetxean (Bizkaia).
• 330 Martutenekoan (Gipuzkoa).
Txostenean aipatzen diren azterlanen arabera, Espainiako espetxeratuen ia erdiek (%40-45ek) buru-nahasmenduren bat daukate. Ehuneko hori Euskadiko espetxeetan dauden pertsonei aplikatzen bazaie, ondorio hau atera daiteke: 600 bat pertsonak dutela buru-nahasmenduren bat, eta horietatik 100ek izan bide dituztela buru-nahasmendu larriak.
Orobat, nabarmendu behar da nortasun-nahasmenduak gailentzen direla, argi eta garbi: aztertutako laginaren %80k gutxi gorabehera zeukaten, gutxienez, nortasun-nahasmenduren bat. Gazte Justiziako Zerbitzuak erabiltzen dituzten adin txikikoen artean ere patologia psikiatrikoak nagusitzen dira argiro.
Arreta berezia behar dute auzi penalak dituzten emakumeek. Horiengan psikopatologia larriagoak antzematen dira eta zailtasun handiagoa izaten dute komunitateko baliabideak eskuratzeko. Egoera horrek ondorio neketsuak dakarzkie beraiei eta beren familiei, seme-alabak izaten baitituzte ardurapean.
Arartekoaren ustez, komenigarria izango litzateke Eusko Jaurlaritzak espetxe arloko eskumenak bereganatzea, Estatutuan ezarritako manua betez, eta etorkizuneko esparru horretan, espetxe-eredu propioaren diseinua eta kudeaketa sustatzea, modu egoki eta eraginkorrean jarduteko presoen buruko osasunari dagokionez. Jarduera horrek bi helburu izango lituzke: batetik, espetxeratuen osasunaz behar bezala arduratzea, eta, bestetik, zigorra betetzea birgizarteratzeko xedearekin uztartzea.
Maiatzean aurkeztu zen txosten horretan 18 gomendio egin dira, espetxeratu aurreko etaparen, espetxealdiaren eta espetxetik irtetearen gainean.
• Txosten berezia: “Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak”
Familia-ereduak etengabe aldatuz doan gizarte-egitura honetan murgilduta daude. Horregatik, horiek ere aldatzen eta bilakaera izaten ari dira. Nahiz eta oraindik ere, familia-egituraren ereduen artean, familia-nukleoa eta seme-alabak oinarri dituen eredurik tradizionalena nagusitu (Euskadiko 787.000 pasatxo familietatik %38), horrek pixkanaka garrantzi apur bat galdu du, beste eredu batzuen mesederako, adibidez, seme-alabarik gabeko bikoteen (%20,9) edo bakarrik seme-alabarik gabe bizi diren pertsonen (%21,6) mesederako.
Familia eredu berri hauek sortzean eta sendotzean, gero eta indar handiagoz sortzen ari dira familia osatzeko modu berriak (familia homoparentalak, guraso bakarrekoak edo ezkontza bidez arautu gabeak), baita familia barruan harremanak izateko modu berriak ere, familia guztietan: familiako kideek egunetik egunera autonomia handiagoa dute, eta familia barruan gehiago negoziatzen da.
Hala ere, familia-ereduen bilakaera aztertzean, seme-alabak dituzten ereduen ehunekoak eta horren berariazko tamainak behera egitea izango da, agian, gakoa, lotura berezia daukalako familiei laguntzeko politika publikoekin. Izan ere, familien batez besteko tamaina, eredurik tradizionaletan nahiz berriki sortu edota araututakoetan, etengabe murrizten ari da orain hogei urte baino gehiagoz geroztik, halako moduan ezen, EAEn, 20 urtetik beherakoak baino gehiago baitira 65 urtetik gorako pertsonak.
Egoera horretan sakontzen du 2014ko apirilean aurkeztu genuen txostenak: Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak. Bertan bildu dira familien beraien iritzia, adituena, erakunde-arduradunena. Gainera, Europako zenbait herrialdetan familiei laguntzeko dauden politiken azterketa konparatua egin da. Hori guztia, azken helburu hau lortzeko: familiei laguntzeko politika horiek bultzatzen eta indartzen laguntzea. Antzeman ondoren gomendioetan bildu diren erronkak, Arartekoaren jardueretan ohikoa denez, honako gai hauei dagozkie:
• Familiei laguntzeko politiken nagusitasuna eta zeharkakotasuna bultzatzea
• Inbertsio publiko handiagoa egitea, seme-alabak dituzten familien kostuak berdintzeko
•Norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak sakon aztertzea, garatzea eta zabaltzea
• Egoera ahulean dauden familiei laguntzea
Euskadin oraindik ere sakondu beharra dago babes gutxiena duten edo zailtasun objektibo gehiago dituzten familiei bereziki laguntzeko neurrietan, batez ere hiru arlo hauetan:
• Legerian familia egoera ezberdinak aintzat hartzea (beharbada, guraso bakarreko familiena izango da ezagunena), familiei laguntzeko euskal legeak garatzen dituen tresnak erabiliz babes eta laguntza egokia izan ditzaten.
• Laguntza sozioekonomikoa, familia barruko zailtasun ekonomiko objektibagarriak gutxitzeko edo arintzeko sostenguak eta baliabideak gehituz.
• Bereizkeria sortzen duten gizarte- edo kultura-faktoreen kontra borrokatzea, arrazoi horiengatik gizarte-egoera ahulean dauden familiek laguntza-tresna eragingarriak izan ditzaten.
3.2. 2014. urtean egiten ari diren txosten bereziak
2014. urtean dezente aurreratu da txosten berezi berria prestatzen: EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa.
Azterlan horretan, ezgaituek erabat gizarteratu eta gizartean parte hartzeko Arartekoari funtsezkoa iruditzen zaion gai bat jorratu nahi da: Euskal Herriko ospitaleen irisgarritasuna.
• Irisgarritasunari buruzko araudia zenbateraino betetzen den aztertu nahi da eta Euskal Herriko ospitale sistemaren gabeziak identifikatu nahi dira, ezgaituen joan-etorrien segurtasunari eta eraginkortasunari dagokienez.
• Antzemandako akatsetan oinarrituta, lehentasunezko ekintza-plan bat ezarri beharko litzateke, eta Euskal Herriko ospitale sistemaren irisgarritasunari buruzko diagnostikoa lortu eta gero, beharrezko gomendioak egin beharko litzaizkieke eragindako administrazioei, irisgarritasun arloko araudia bete dezaten eskatzeko eta, hala, ezgaituek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra izango dela bermatzeko.
• Azkenik, emaitzak jendaurrean hedatuz, erakundeak, enpresak eta gizartea kontzientziatzea sustatu beharko litzateke, behar adinako bultzada lortzeko beharrezko neurri eta ekimenak abiaraz daitezen, irisgarritasun-arazo handieneko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
4. Arartekoaren udako ikastaroak
EHUko XXXIII. Udako Ikastaroen barruan, irailaren 9 eta 10ean, Gasteizko Montehermoso Jauregian Ararteko erakundeak antolatutako ikastaro bat egin zen,Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: Botere publikoen erantzuna izenburukoa.
Edizio horretan egin ziren, halaber,Estatu osoko herriaren defendatzaileen koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak.
Familia erakunde bat da, anitza bere morfologian, baina berezko zeregin gutxi batzuk dituena. Zereginok, sarritan, afektuen egoitza eta sozializazio-eragilea izatearekin identifikatzen dira, ezin dira ordezkatu beste gizarte-sistema batzuek emandako ondasunen bitartez, eta horixe da familiaren bereizgarrietako bat gure gizarte-sistema egituratzen duten beste erakunde batzuen aldean. Elementu hori funtsezkoa da, izan ere, ahalmen propio eta esklusibo batzuekin lotzen ditu familiaren zereginak. Familiak bakarrik eman ditzake afektuarekin, heziketarekin eta harremanekin zerikusia duten hainbat zerbitzu. Beraz, horren ondorioz, Estatuaren lana da zerbitzu horiek ematen jarrai dezan bermatzea, neurri zehatzen bidez lagunduz.
Arrazoibide horiek oinarritzat hartuta, familiei laguntzeko politika publikoen gaiari heldu nahi zion Arartekoak, honako gai hauetaz hausnartu ahal izateko:
• Familien zereginak eta Estatuaren eginkizuna familiei sostengua eta laguntza emateko duen betebeharra betetzerakoan.
• Zeintzuk diren era askotako familien beharrak eta eskaerak.
• Behar eta eskaera horiei nola erantzuten dieten “familientzako” politika publikoek edo familia-sisteman eragin handia duten politikek.
• Nola ari diren aintzat hartzen (eta, beraz, artatzen) familia batzuk baztertuak edota diskriminatuak izateko arrisku handiagoan jartzen dituzten askotariko faktoreak.
• Zer ikasketa lor ditzakegun hurbil ditugun herrialdeetako politiketatik eta jardueretatik.
• Nola eman familiei kalitateko denbora-tarteak, beren zereginak egin ahal izan ditzaten, batez ere nekez besterendu daitezkeenak.
• Eta behar bezalako genero-ikuspegitik aztertzea.
Iñigo Urkullu lehendakariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Soledad Becerril herriaren defendatzaileak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Iñigo Lamarca arartekoarekin batera, topaketari hasiera eman zioten.
Arartekoak honako hau azaldu zuen bere hitzaldian “familia-politikak datozen urteetako gobernantzaren ardatz nagusietako bat izan behar dira, pairatzen ari garen krisi sozioekonomikotik gizarte egoera berri bat edukitzeko aukera emango duten estrategia eraginkorren bidez atera nahi badugu eta ahulenei eskubideak bermatzeko sistema hobetu nahi badiegu. Horregatik, eman diezaiegun bultzada erabakigarria amatasun eta aitatasun aukerei, lanbidea eta bizitza bateratzeari, emakumeen eta gizonen berdintasunari, haurren eta mendekoen zainketari, familia-ereduen aniztasunaren errespetuari eta laguntzak pobrezia edo gizarte bazterkeria egoeran dauden familiei”.
Demetrio Casadok eman zuen jardunaldiak kotzeptualki kokatzeko esparru-ponentzia. Esku hartzeko eta Gizarte Politiketako Mintegiaren zuzendaria da bera. Jarraian Joseba Zalacainek esku hartu zuen, Eguía Careaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria baita, eta Europan familiei laguntzeko dauden politiketara hurbildu zen.
Ondoren, bateragarritasun, berdintasun eta zaintzari buruzko mahai-inguruan solas egin zen: familiei laguntzeko politika publikoetarako erronkak, Fernando Fantovarekin gizarte-aholkularia eta Constanza Tobiorekin –Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Soziologiako katedraduna.
Hirukide eta Sehaska elkarteetako, Isadora Duncan fundazioko eta ASPACE Araba elkarteko ordezkariek bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten: Baterako ekarpena etorkizuneko familia politikei: askotariko familien hitza.
Bigarren eguneko saioan, Associació de Famílies Lesbianes i Gais elkarteko presidenteak eta Ijitoen Idazkaritza fundazioko zuzendariak familien ahultasun faktoreei aurre egiteko politika publikoen erronken inguruan hitz egin zuten.
Gero Teresa Tornsek hartu zuen hitza –Soziologian doktorea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da bera eta, bukatzeko, herriaren defendatzaileak prestatzeko asmoz Sevillan eta Iruñean familiei laguntzeko politikez egin ziren lantegietan ateratako ondorioak ezagutarazi ziren.
Juan María Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu eta Familiaren Euskal Kontseiluko presidenteak eta Iñigo Lamarca arartekoak itxi zuten topaketa hori.
Herriaren defendatzaileek adierazpen bat onartu zuten familiei laguntzeko politika publikoen gaineko jardunaldi horietan: familien eginkizunak eta Estatuak familiei laguntzeko duen betebeharra; era askotako familien beharrak eta eskaerak; behar horiei nola erantzuten ari zaien “familien” politika publikoetan edo nola kontuan hartzen ari diren familia batzuk baztertuak edota diskriminatuak izateko arrisku handiagoan jartzen dituzten hainbat faktore.
5. Arartekoaren jardunaldiak
5.1. Estatu sozialari eta bizimodu duinari buruzko jardunaldia
Arartekoak, EHUko Konstituzio Zuzenbideko Sailarekin elkarlanean, eskubide sozialei buruzko jardunaldi bat antolatu zuen, urriaren 3an. Bertan, eskubide horietako batzuk Europan, Espainian eta Euskal Herrian zer egoeratan dauden aztertu zen.
Hizlari gisa parte hartu zuten eremu akademikoko eta herritarren mugimenduetako zenbait pertsonak, baita autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile ohi batzuek ere: Luis Jimenak (katedraduna), Jon Aguirrek (arkitekto-hirigilea), José Chamizo de la Rubiak (gizarte ekintzailea), Henar Merinok (magistratua), Pilar Garridok (irakaslea), Enrique Martínek (abokatua) eta José Antonio Montillak (katedraduna).
5.2. Haurren interes gorena sistema judizialean
Jardunaldi hori azaroaren 20an antolatu zen, Nazio Batuen Batzordeak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zuenetik 25 urte igaro direla ospatzeko. Nazioarteko giza eskubideen gaineko hitzarmenen artean, horrexek izan du munduan babesik handiena.
Egin diren aurrerapenak ospatu eta oraindik gogorarazi behar diren gaiak lantzen jarraitzeko asmoz, Ararteko erakundeak, Save the Childrenek eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak honako jardunaldi hau antolatu zuten: “Haurraren interes gorena sistema judizialean”.
Topaketa hori Bilboko Justizia Jauregian izan zen, parte-hartzaile hauen eskutik: Jorge Cardona (Haurren Eskubideen Batzordeko kide eta Nazioarteko Zuzenbidearen arloko irakaslea); Pepa Horno (“Espirales” aholkularitza enpresakoa) eta Jaime Tapia (Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua).
Ekimen horren bitartez, hausnarketa eta eztabaida piztu nahi dira gai honen gainean: haur eta nerabeek sistema judizialera jotzen badute edo sistema judizialeko prozesu edota erabakiek beraien bizitzan eragina badute, nola hobetu daitezke beraien eskubideekiko arreta eta bermea?
Haurren Eskubideen Batzordeak “Haurren interes gorenaz” 2013an adierazi zituen orientabideen argitan, sistema judizialak zeregin horretan dituen hutsuneak edo ahulguneak jorratu dira, eta hainbat erreferentzia eta jarduera egoki aipatu dira hobetzeko aukeren adibide gisa.
6. Argitalpenak
6.1. Arartekoaren 25 urteko jarduera laburtzen duen aldizkaria
1989ko martxoaren 8an hasi zuen bere ibilbidea Ararteko erakundeak. Egun seinalatu honetan, Arartekoak berretsi egin nahi du bere konpromisoa pertsonekin, euskal herritarrekin, gizarte-erakundeekin, legebiltzar talde guztiekin eta erakunde eta administrazio publiko guztiekin, modu independentean, alderdikeriarik gabe, su eta gar, zorroztasunez eta eraginkortasunez lanean jarraitzeko giza eskubideen alde, administrazio ona izateko printzipio-eskubidearen alde, gizarte inklusiboaren alde. Gizarte horrek gizarte-justizian eta gizarte-ekitatean oinarritu behar du, eta indarkeria, bereizkeria, desberdintasun eta bazterkeriatik libre egon.
Hori ospatzeko, erakundearen ibilbidea laburbiltzen duen argitalpen bat prestatu da. Bertan, Arartekoaren jardueraren ikuspegi orokorra ematen da erakundea sortu zenetik, funtsezkoak dituen hainbat tresnaren bitartez: 103.168 kexa kudeatu dira, eta 123.310 jarduera, bere 29 jarduera-arloetan. Orobat, bere argitalpenak, txostenak, gomendio orokorrak eta azterlanak aipatzen dira, eta, oso bereziki, gizarte-erakundeekin lankidetzan aritu izana.
6.2. Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena
Nazio Batuen Batzordeak orain 25 urte Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zuela ospatzeko, Arartekoak berriz argitaratu du gutun horren testu egokitua.
7. Beste jarduera batzuk
7.1. Arartekoaren Informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Ararteko erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, ekimen berri bat jarri da martxan: dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak urtean barrena gauzatu dituen jarduera batzuk (txosten bereziak, gomendioak, kexak eta kontsultak...).
7.2. Aldizkari digitala
Arartekoak etengabe egiten du apustu modernizazioaren alde, baita herritarrei egiten dugun lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2014an e-albisteak” aldizkari digitala sendotu da. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Informazio eguneratua eskaintzeaz gain, aldizkari digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere.