11. Herri administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan guztira 130 espediente kudeatu dira. Eragindako administrazioen araberako banaketa honako hauxe izan da:
• Tokiko administrazioa 106
• Foru administrazioa 6
• Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 4
Azpiarloen banaketari dagokionez, sailkapena hurrengoa izan da:
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura 43
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio-erantzukizuna 35
• Tokiko zerbitzu publikoak 31
• Udal-erroldaren kudeaketa 11
• Beste alderdi batzuk 4
• Herritarren eskubideak 3
• Informazioa eta herritarren parte-hartzea 3
Urte honetan zehar kudeatu diren kexa horien (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapidetze-prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
Bideratutako kexen multzorik garrantzitsuena, aurten ere, jardunbideari eta araubide juridikoari buruzko gaiei dagokiena da. Bereziki azpimarratu behar da administrazio-isiltasuna kexen zio nagusi gisa, eta, hala dagokionean, herritarrek agertutako eskaeren aurrean herri-administrazioek ematen dituzten erantzunak gutxi arrazoituta egoten direla.
Joan zen urtean nabarmendu genuena honakoa izan zen: errolda-arazoei zein pertsona jakin batzuek euren udalerriko biztanleen erroldan alta lortzeko dituzten oztopoei buruzko kexen kopurua. Aurten aipatu behar dugu gai horren gaineko kexen zenbatekoa erdira gutxitu dela, eta hori albiste ona da. Dena dela, arazo mota horren gainean lan egiten jarraitu behar dugu; izan ere, Legean jasota ez dauden betekizunek edo formalismoek zein egoitza efektiboa egiaztatzeko izapidetze-prozeduran egon ohi diren atzerapenek eragotzi edota luzatu egiten dute erregistro horretan izena eman ahal izatea, eta hori nahitaezko baldintza da oinarrizko gizarte-eskubideak gauzatzeko.
Jasotako kexen izapidetze-egoerari dagokionez, nabarmendu beharra dago hainbat herri-administraziok ez dituztela onartu urtean zehar bidali dizkiegun gomendio gehienak; gainera, espediente horietako askok ez dute erantzunik jaso, kexan planteatutako xedea atzera botatzea eragin duten arrazoiak adierazteko. Jarraian garatuko dugun kexarik aipagarrienen atalean, onartu ez diren ebazpen horien gainean jardungo gara.
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan izapidetu ditugun kexarik esanguratsuenen laburpen bat jaso dugu, aurten aurrera eramandako lanaren isla modura; horrela bada, bereziki aipatuko ditugu gomendioren bat edo ondorioren bat emateko aukera ahalbidetu dutenak. Horiek guztiak beharrezko azpiarloen barnean txertatu ditugu, jarraian zehaztutako epigrafeei jarraiki.
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura
Herri-administrazioen funtzionamenduak Legearen pean egon behar du, baita euren eskuduntzak gauzatzean ematen diren arauen pean ere. Zentzu horretan, egokitasun gehiago edo gutxiago duten arrazoietan oinarrituta, herri-administrazioek ezin dezakete alboratu aplikatu behar duten araubidea, manu juridikoetako interpretazio-tekniken oinarrizko printzipioetan sostengatzen ez den interpretazioa eginez; edota, bestela, “tolerantzia” -irizpideak aplikatuta, indarrean dagoen arautik (eskuratu nahi den helburuarekin bat ez datorrena) zuzenean ihes egiteko.
Txosten guztietan azpimarratzen dugun gai orokor bat da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea (HAAJAPEL) zorrotz betetzea, bai herri-administrazioekin aritzean herritarrek dituzten eskubideei dagokienez (besteak beste 35., 37. eta 42. artikuluak), bai administrazio-egintzen betebeharrei dagokienez (53. eta 54. artikuluak), eta, azkenik, baita jarraitu beharreko administrazio-prozedura betetzeari dagokionez ere (70. artikulua eta hurrengoak), instrukzio- eta ebazpen-faseei aipamen berezia eginda. Jarraian, plazaratu berri ditugun gai horietako zenbait jorratuko ditugu, izapidetu diren kexetan behin eta berriz agertzen direnak.
Herri-administrazio oro behartuta dago herritarrek egiten dituzten eskabideei legeak ezartzen dituen epeen barruan erantzutera (HAAJAPELko 42. artikulua), eta ez da onargarria administrazio-isiltasuna erabiltzea eskabidea ezetsitzat jo dela adierazteko modu gisa. Prozedura izapidetzeko garaian izandako beste zenbait lege ez-betetzez gain, ezin diogu azpimarratzeari utzi planteatuko kexetan etengabe salatzen dela erantzunik jaso ez izana, nahiz eta alderdi hori ekitaldiz ekitaldi errepikatu.
Ikuspegi zehatzago batetik begiratuta, oraindik arazoak daude administrazioaren artxibategietako zein aribidean dauden espedienteetako dokumentuak eskuratzeko eskubidea gauzatu ahal izateko garaian (HAAJAPELko 37. artikulua). Eskubide horrek zenbait muga ditu eta baldintza zehatz batzuk bete daitezen eskatzen du, baina edonola ere, administrazioaren eskuetan dagoen dokumentazio edota informazio baten eskabidea ukatzeko, beharrezkoa da organo eskudunaren dagokion ebazpen arrazoitua,ez bakarrik administrazioaren jardueraren aurrean defendatu ahal izateko, baizik eta honako hauek ekiditeko ere: jarduera arbitrarioa izan dela hautemateko arriskua edota, are okerragoa dena, kontrako alderdiari mesede egiten zaion susmoa (bat ez datozen interesak esku hartzen duten espedienteetan).
Aurrekoaren adibidetzat, aurten zenbait kexa jaso dugu (salaketa-kasuetan) espedientean dagoen informazioa eskuratzeko eskabidearen aurrean erantzunik ez izateagatik.Salatzaileari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeko 34.4. artikuluak honako hau zehazten du:
“Salaketak berak, besterik gabe, ez du bihurtzen salatzailea interesatu zigor-jardunbidean. Organo eskudunak jardunbidea irekiko duen edo ez eta, hala badagokio, jardunbide horri amaiera emango dion ebazpena jakinaraziko dio salatzaileari, honek horretarako eskubidea du-eta; horretaz aparte, salatzaileak ez du bestelako esku-hartzerik izango jardunbidean, kasu honetan izan ezik: Lege honen 30. atalean ezartzen den legitimazioa izatea eta jardunbidea irekitzeko eskaera egitea.”
Horrenbestez, administrazioak balioetsi egin behar ditu kasuaren inguruabar zehatzak, salatzaileak interesatu-izaera izan behar duen ala ez zehazteko. Edonola ere, salatzaileak eskubidea du bere salaketari bide eman ote zaion ezagutzeko, baita ebazpena jasotzeko ere, zehapen-espedientea izapidetu den kasuetan.
Bestalde, honako egoera hau ere agertu zaigu: salatuaren posizioa eta,salatzailea nor den jakiteko duen eskubidea zehapen-espediente baten aurrean. Egoera horretan, adierazi behar da espedienteko datuak eskuratzeko eskubidea -HAAJAPELko 35 a) artikuluak bermatzen duen defentsa-eskubidea baliatzeko asmoz– haztatu egin behar dela izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko Konstituzioko 18. artikuluarekin; hortaz, salatzaileen identitatea ezagutzeak ez badu eragozten defentsa-eskubidea baliatzea, ez da bidezkoa eskatutako datu hori ematea.
Prozedura orokorrak eta bereziki zehapen-prozedurak izapidetzean agertzen diren arazoekin jarraituz, gomendio bat igorri genion Donostiako Udalari, onartua izan ez zena. Zehazki, Arartekoaren 2014ko abuztuaren 11ko ebazpenean udalari gomendatu genion bertan behera utz zezala salatzaileari jarri zitzaion 250 euroko zigorra, arau-urratze arina egiteagatik (Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak46.3.c) y 46.4. b) artikuluetan ezarritakoaren arabera), zigor hura legezkotasunaren aurkakoa baitzen. Kasu honetan, Hiri-hondakinak jasotzeko udal-ordenantzak Legeak jasotzen duena baino askoz zigor txikiagoa zehazten zuen ustezko urratze horretarako. Indarrean dagoen Hondakinei buruzko Legearen arabera, Udalak, bere eskumenak erabilita, 900 euro arteko isunak ezar ditzake. Ildo horretatik, Udalak isunaren zenbatekoa legez onartutako zenbateko handienaren arabera eguneratu nahi izan balu, ezinbestean udal-ordenantzak aldatzeko prozedura bete behar izango zukeen (TAOLeko 49. artikulua). Prozedurak, besteak beste, aldaketa jendaurrean jakinarazteko agintzen du.
Aurrekoez gain, zehapen-espedienteak hainbat gabezia zituen prozeduraren instrukzioan, batez ere egozketa-frogari zein udal-administrazioaren frogaren zamari zegokionez.
Azkenik, aipatu beharrekoa da Arartekoaren 2014ko maiatzaren 6ko ebazpena, zeinaren bidez Bakioko Udalari egindako eskaeraren ondotik jendaurrean aurkeztutako dokumentazioaren euskarri informatikoaren kopia eman ez izanari buruzko jarduera amaitutzat jo zen. Ebazpen horretan, honako arazo hau aztertu zen:eskatutakoa bete zela adierazten zuen egiaztapen formalaren eta dokumentazioaren benetako eskurapenaren arteko problematika. Eskurapen hori baliabide informatikoen bidez (posta elektronikoa) egitea eskatu zen, baina baliabide horiek ez zituzten betetzen sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeko 3. artikuluak sinadura elektronikoari buruzko jasotzen dituen baldintzak.
2.2. Udal-erroldaren kudeaketa
Azpimarratu behar dugu joan zen urteko kexen erdia jaso dugula aurten alor honetan, eta hori albiste ona da arazo honek ukitzen dituen pertsonen eskubideak gauza daitezen. Aitzitik, izapidetutako kexetatik ondorioztatzen da honako hau esaten jarraitu behar dugula:Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (TAOL) zehazten du Udal-errolda dela udalerri bateko herritarrak jasotzen dituen administrazio-erregistroa (16.1. artikulua). Bere aldetik, 17.2. artikuluak hauxe zehazten du: “Udalen beren erroldak eguneratuta mantentzeko beharrezko jardute eta eragiketak egingo dituzte, erroldan jasotako zehaztasunak errealitatearekin bat etor daitezen.”
Hortaz, administrazio-erregistro baten aurrean gaude, zeinaren ardura udalak duen. Erregistro horren helburua da udalerrian benetan bizi diren pertsona orok bertan izena eman dezala. Gauzak horrela, nabarmendu beharra dugu gai horretan esku hartzeko udalek dituzten baliabideak bakarrik bideratu behar direla aipatu erregistroan udalerriak benetan dituen
biztanleak islatzera, eta ez beste ezertara.
Hala, Tokiko Erakundeen Biztanleriaren eta Lurralde Mugapenaren Araudiko 59.2. artikuluak –BLMA– (ekainaren 11ko 1690/1986 ED) xedatzen duen egiaztapen-ahalmenak udala ez du gaitzen bizilekuaren errealitatea egiaztatzean ez dautzan baldintzak egiaztatu eta eskatzeko edo, bestela esanda, agindutako eginkizunen gehiegikeria baten aurrean egongo ginateke, udal jarduerak pertsona baten benetako bizilekua egiaztatu behar ez duenean.
Izapidetu diren kexen artetik, Sestaoko Udalari buruzkoak azpimarratuko ditugu hemen. Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu udalak bere jarduera zuzendu duela joan zen urteko ekitaldian emandako gomendioen aurrean (Arartekoaren 2013ko irailaren 6ko ebazpena eta Arartekoaren 2013ko azaroaren 21eko ebazpena), hasiera batean ez baitziren onartu. Ebazpen horiek eman ziren udalak gauzatutako zenbait jarduera zirela-eta ireki zen ofiziozko espediente baten barruan. Jarduera horiek era sakonagoan aztertuko dira etorkinei dagokien arloan.
Bigarrenik, aipatu udalari Arartekoaren 2014ko martxoaren 31ko ebazpena igorri genion, kexagilea benetan bizi den helbidean erroldatu zezan.Gomendioa onartu egin zuen.
2.3. Informazioa eta herritarren parte-hartzea
Gai publikoetan parte-hartzeari buruz, nabarmendu behar dugu Bakioko Udalak onartu egin duela gure gomendioa (Arartekoaren 2014ko urriaren 22ko ebazpena. Horren bidez, gomendatu zaio osoko bilkurak grabatzeko baimena eman diezaiela hala eskatzen duten norbanakoei). Gomendio bera egin zitzaion aurreko urtean Bizkaiko beste udal bati, eta hura ere ez zen onartu kasu honetan erabilitako oinarri juridiko bera erabilita. Gure gomendioaren argudioen artean, 2005eko ekainaren 20ko 159/2005 Konstituzio Auzitegiaren epaia nabarmentzen genuen. Berorren arabera, honako hau ondorioztatzen zen:
• Entzunaldi publikoetan irudiak hartzeko eta hedatzeko bitartekoak erabiltzea informazio-askatasunerako eskubideak konstituzioaren bidez babestutako esparruaren parte da.
• Informazio askatasunerako oinarrizko eskubide horren erabilera ezin da orokorrean mugatu.
• Legea da entzunaldi publikoaren publikotasuna mugatu dezakeen bakarra, informazio-askatasunaren murrizketak izanagatik.
• Entzunaldi publiko baten publikotasuna murrizteko eskumena, kasu zehatz bakoitzean, jazotako baldintzak kontuan hartuta,proportzionaltasun-printzipioaren arabera erabili behar da.
2.4. Herritarren eskubideak
Atal honetan hainbat kexa izapidetu dugu; besteak beste, toki publikoetan hartutako argazkien gaineko irudi-eskubideak; osoko bilkura batean norbanako bat persona non grata izendatzeko erabakia; edota etxeko zaborrak biltzeko zenbait sistematan etxeko zabor horiek identifikatzeko betebeharrak eragiten duen intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidearen urradurari buruzko ardura.
Horrela, Busturiako Udalaren akordioa azpimarratu behar dugu. Akordio horren arabera, norbanako bat persona non grata izendatzeko erabakia hartu zen blog batean argitaratutako artikulu batean adierazitako iritziengatik. Ondoren, udalak aintzat hartu zuen ukitutako pertsonak aurkeztu zuen berraztertze-errekurtsoa, eta bertan behera utzi zuen hartutako adierazpena, administrazioak ordenamendu juridikoak ezartzen dizkion helburuak betetzeari heldu behar baitio, eta horien artean ez dago administratuak kalifikatzea.
Udalbatzak ezin du bere gain hartu udal-erabaki bidezko iritzi-agerpenik, ez baitu hori egiteko legezko gaikuntzarik. Egintza hori ez dago jasota ez TAOLeko 25. artikuluan izendatzen diren udal-eskuduntzen artean, ez sektoreko hainbat legeditan, ezta udal-autonomia klausulan bertan ere, ez baita ukituta ageri udalaren interesik edota herritarren erkidegoaren beharrizanik.
2.5. Kontratazioa
Sektore publikoaren kontratazioa honako printzipio hauen arabera gauzatu behar da: lizitazioetan parte hartzeko askatasunaren printzipioa, prozeduren gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa, eta kontratu publiko bat eskuratu nahi duten lehiakideen arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioa. Horrez gain, ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza hautatu behar da. (Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuko 1. artikulua. Dekretu horren bidez Sektore Publikoko Kontratuen Legearen –SPKL– testu bategina onartzen da).
Horrek eskatzen du lizitazio-espedientean aurretiaz eta modu zehatzean azaltzea zein diren asebete behar diren beharrizanak. Gauzak horrela, Arartekoaren irailaren 2ko ebazpena izapidetu dugu. Horren bidez, Uribarri Ganboako Administrazio Batzarrari gomendatu genion ofizioz berrikus zezala eskola-etxearen errentamendua zuzenean adjudikatzeko erabakia, aldez aurretik zegokion legezko izapidetzea eginda, eta egokiak ziren gainerako ebazpenak eman zitzala, hala balegokio. Kexa horretan, gainera, gertatzen zena zen Administrazio Batzarreko kide bati esleitu zitzaiola zuzenean, eta Administrazio Batzarreko presidentea esleipendunaren ama zela, eta, horrez gain, organo horrek prestatu zituela kontratua formalizatzeko proposamena eta baldintzak. Edizio honen itxieran, zain gaude gomendioa onartu den ala ez jakiteko.
2.6. Herri-administrazioen ondarea
Izapidetutako kexek askotariko gaiei heltzen diete, ukitako pertsonen iritziz, administrazioak ondare publikoa babesteko eskumena egikaritzen ez duelako edota titularitate publikoko ondare-eskubideei darizkien betebeharrei aurre egiten ez zaielako.
Arlo honetan, hilerrietako emakiden gaineko zenbait kexa eta kontsulta azpimarratu behar dugu. Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia “hileta-eskubidea” izeneko kontzeptua finkatzen joan da, eta nahiz eta betiereko tituluen gaineko jurisprudentziak garapen kontraesankorra izan duen (bere garaian eman genuen horren berri), ulertzen dugu azkenean sendotu egin dela betiereko tituluak nahitaez emakida-titulu bihurtu behar direla zioen planteamendua (hasiera batean 99 urterako eta gaur egun 75 urterako), administrazioaren ordenamendu juridikoa nagusitu dadin, berarekin bateragarriak ez diren ustezko eskubide pribatuen aurrean.
Jabari publikoko ondasunei eta berorien babesari dagokienez, Arartekoaren 2014ko uztailaren 23 ebazpena izapidetu dugu. Horren bidez, Alonsotegiko Udalari gomendatu genion, legezko eran eta eskaturikoaren arabera, kexagilearen finka baten mugaketa izapidetu zezala. Udal titularitateko beste finka baten mugakidea zen finka hori. Ez dugu erantzunik jaso; hortaz, gure esku-hartzea bukatutzat jo eta ulertu dugu gure gomendioa ez dela onartu.
2.7. Ondare-erantzukizuna
Administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak protagonistatzat dituzten espedienteen kopuruak hainbat kexa jasotzen jarraitzen du, eta berorietan herritarrek gure gainbegiraketa eskatzen dute.
Aztergai dugun ekitaldiak ez du berritasun handirik agertzen alor honetan, errepikatu egiten baitira administrazio-espedienteak izapidetzean ematen diren atzerapen-egoerak, hau da, gainditu egiten dira bai berariazko ebazpena emateko araudiak ezartzen dituen epeak, bai erabaki-gaitzesleekin ados ez egoteagatik auzia sortzen dutenak.Honako erreklamazio hauetan geldialdi bat egingo dugu, oraindik ere eztabaidagai direlako: norbanako baten eta administrazio baten arteko ohiko presentziaz gain, hirugarren baten esku-hartzea (kontratista edo emakidadun gisa) jasotzen duten erreklamazioak. Kasu horietan, ukitutako norbanakoa bati zein besteari zuzen dakioke. Erreklamazioa administrazioari aurkeztea erabakitzen badu, administrazioak ezin dezake jaramonik ez egin, eta behartuta dago dagokion espedientea izapidetzera. Aipatu espedientea bideratzen denean, zehaztuko da bai zein den erreklamazioaren jatorria, bai nori dagokion kalte-ordaina ematea, hala badagokio.
Bi albiste itxaropentsu gai horren gainean. Batetik, antzeman dugu, esku artean izan ditugun txostenen harira, badaudela hainbat administrazio prozedurak normaltasunez (adierazitako legezko betekizunen arabera) garatzen dituztenak. Bestetik, hasiera batean prozedura-betebeharrak saihestu nahi izan dituzten kasuak leudeke, baina, gure esku-hartzearen ostean, administrazio horiek erabaki dute espedienteak modu zuzenean bideratzea.
Hala ere, atal honekin bukatzeko, Arartekoaren 2014ko abuztuaren 22ko ebazpena aipatu behar dugu. Horren bidez, Euskal Trenbide Sareari gomendatu genion legeari jarraiki izapidetu zezala Bilboko metroaren 3. linea eraikitzearen ondotik etxebizitza batean jasandako kalteak zirela-eta bideratutako ondare-erantzukizunari lotutako erreklamazioa. Bukatutzat jo dugu gure esku-hartzea gai honetan, ez baitugu jaso inolako erantzunik erakunde honek planteatutakoari buruz; hortaz, ulertu dugu gomendioa ez dela onartu.
2.8. Tokiko zerbitzu publikoak
Aurten ere jarraitu dugu kexak edota kontsultak jasotzen Gipuzkoan, zenbait udaletan etxeko hondakinak biltzeko sistema berria (“atez ate” izenekoa) ezarri dela-eta. Ukitutako pertsonek azpimarratzen jarraitu dituzten gaiak honako hauek izan dira: bilketa-sistema hori zehazteko udalek duten eskuduntza; erabiltzaileen pribatutasun-eskubidearen ustezko urradura; galdeketen edota sinadura-bilketen bidez jasotako borondatea aintzat ez hartzea, eta abar. Alabaina, aurten dagoeneko azaltzen hasi dira hondakinen ematea erregulatzen duten arauak ustez ez betetzeagatik udalek emandako erantzunen aurrean sortutako gatazkak. Zenbait udalek ohartarazpen-gutunak bidali dizkiete nahitaezko izapidea jarraitu gabe ezarri den sistemaren aurka nabarmendu diren pertsona jakinei.
Gauzak horrela, amaitutzat jo dugu gure esku-hartzea Bergara Garbia plataformak aurkeztutako kexan (Arartekoaren 2014ko martxoaren 7ko ebazpena). Kexa hori atez ateko hondakin-bilketako sistema inposatzearen aurka eta 5. edukiontziaren defentsan aurkeztu zen. Aipatutako ebazpenean honako hau errepikatzen genuen: hondakinen gaikako bilketa-sistema bat ezartzeko edozein proiektuk arrakasta handiagoa izango du sisteman parte hartu behar duten bizilagunen artean kontsentsu handia lortzen badu.
Zizurkileko Udalari ere zuzendu gintzaizkion Arartekoaren 2014ko martxoaren 27ko ebazpenaren bitartez. Ebazpen horretan, besteak beste, ondorio hau atera genuen: udalak ez luke beharrezko lege-ahalmenik izango euren borondatez baimenik eman nahi ez duten eraikinetako jabeei fatxadetan esekigailuak jartzera behartzeko, zeren eta ez baitu aurreikuspen hori ezartzen duen indarreko hirigintza-plangintzarik edo bestelako araudirik.
Hondakinen bilketari buruzko gai honekin bukatzeko, Mutrikuko 5. Edukiontziaren Aldeko Plataformak aurkeztutako kexa aipatu beharra dago. Kexaren zioa honakoa zen: herri-galdeketa egiteko asmoz udalean aurkeztutako eskabidearen izapidetze-prozesua geldiaraztea eta Mutrikuko Udalaren Herritarrak Parte-hartzeko Ordenantza (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 40. zenbakia, 2004ko martxoaren 1ekoa) ez betetzea. Sinadura-bilketaren kanpaina egin ostean, bazen urte eta erdi baino gehiago hura udalean aurkeztu zutena, baina udalak ez zituen jarraitu indarrean zegoen ordenantzan jasotako izapideak.Azkenik, udalak eskatzen zitzaion erabakia hartu eta galdeketa egitea adostu zuen, baina galdeketa horren aurretik herritarren parte-hartzea eskatzen zuen prozesu bat (aho batez adostutakoa) gauzatu zen. Eskuratu dugun informazioaren arabera, galdeketa loteslearen emaitza bosgarren edukiontziaren aldekoa izan zen.
Ur-horniduraren zerbitzuari dagokionez, hainbat kexa izan ditugu zerbitzuaren kudeaketa-sistemaren aldaketari buruzko desadostasuna adierazten, baita jasotzen den uraren kalitateari buruzko batzuk ere. Azken horri buruz, bereziki aipatzekoa da eraikuntza batzuek dituzten uraren presioaren gaineko arazoak.
Estolderia-zerbitzuaren gaia (zehatzago esateko, lurzoru urbanizagarrietan kokatuta dauden putzu septikoena) Bizkaiko udalerrietan etengabe sortzen den eztabaidagaia da. Putzu septiko horiek beste aukerarik ez dagoelako erabiltzen dira, ezin baitira sare orokorrera lotu, hargune posiblea urrutiegi geratzen delako. Ukitutako pertsonek, oro har, salatzen dute lurzoru hiritarreko eta lurzoru urbanizaezineko erabiltzaileek jasotzen dituzten zerbitzuetan desberdintasunak daudela. Zerbitzu horrekin jarraituz, udalak behartuta daude egiaztatzera putzu septikoek euren funtzionaltasuna betetzen dutela. Mantentze-lan desegokiek eragiten dituzten ondorioen adibide gisa, Arartekoaren 2014ko urriaren 23ko ebazpena izapidetu dugu. Horren bidez, Abadiñoko Udalari gomendatu genion zenbait baserriren saneamendu desegokiak eragindako osasungarritasunik ezaren aurrean bidezkoak ziren egikaritze-aginduak eman zitzala. Udalaren erantzunaren zain gaude, helarazitako gomendioa onartzeko prest ote dagoen ezagutzeko.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Administrazio publikoek lege-manuak ez betetzeak herritarrengan duen eragina da alor honetan izapidetu ditugun kexak barne hartzen dituen arrazoi nagusiaren laburpena. Kasu bakoitzak dituen aldaera txikiekin, legea bete ez dela dioten salaketak ez dira kontu berria aurreko txostenetan jorratutako alderdiei dagokienez.
Gai horretan gehiegi luzatu gabe, laburpen honetan lehendabiziko erreferentzia bat egin nahi dugu, oroigarri gisa, administrazio publikoek euren jardunean betebehar dituzten printzipio orokorrei buruz. Behartuta daude, besteak beste, eraginkortasun- eta hierarkia-printzipioen arabera jardutera, baita konstituzioan ezarritako konpetentzia-printzipioaren arabera ere. Administrazioak errespetatu egin behar du dagokion gaiaren araberako lege-esparrua, orokorra zein sektorekoa; horrez gain, bere eskumen-eremuko arauak ere bete eta aplikatu behar ditu. Atal honetako kexarik gehienak jasotzen dituzten administrazioak toki-erakundeak dira; hain zuzen ere, euren arauen bidez, beraien zerbitzu publikoen araubide juridikoa arautzeko gai direnak, zehapen-araubidea barne.
Udaletan tradizio luzea duten ordenantzez eta araudiez ari gara. Behin araudi propio hori onartuta, toki-erakundeak behartuta daude hura betetzera, indarrean dauden gainerako lege-testuen maila berean. Ezinbestekoa da aurretik aipatu ditugun printzipioak aplikatzea, egoera jakin baten aurrean zein arau aplikatu behar den zehazteko. Ez da bidezkoa araudia nahierara aplikatzea, egokiera gehiago edo gutxiagoko arrazoiengatik, ezta interesatuek beraiek ezagutzen ez dituzten interpretazio-irizpideez edo gidalerroez baliatzea ere, berorien xede bakarra araudietatik aldentzea izanik. Dena den, ez da onargarria irizpide, gidalerro edo zirkular horien gainean ez izatea behar adineko publizitaterik, jende guztiak ezagutu ditzan.
Aurreko ataletan ikusi daitekeen bezala, ekinean jarraitu behar dugu administrazio-prozedura bete dadin. Administrazioaren jarduna, oro har, administrazio-egintza baten bitartez kontzentratzen da, eta emaitza hori lortzeko prozedura bat jarraitu behar da. Prozedura horrek, orokorrean eta beste aldaera eta berezitasun desberdinei kalterik egin gabe, honako izapide hauek barne hartzen ditu: antolaketa, instrukzioa eta ebazpena. 30/1992 Legeak arautzen dituen prozedura erkideko izapideren bat betetzen ez bada (Lege horrek herri-administrazio guztiak behartzen ditu), babesgabetasun-egoera larria sortzen die erabaki jakin baten esperoan dauden pertsonei. Prozedura bateko instrukzio-egintzak nahitaezkoak dira datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko, horiei jarraiki eman behar baita ebazpena edota administrazio-egintza. Hori guztia bete-betean jasota geratu behar da nahitaezko espedientean, interesdunak iritzi-elementu guztiak izan ahal ditzan bai erabaki administratiboaren oinarriak ezagutzeko, bai erabaki horren kontra egiteko, hala irizten badio. Oinarri gisa erabili diren dokumentuak ez egoteak eragiten duen ondorio larriena da ukitutako pertsonei defentsa-gabezia eragiten diela.
Nabarmentzeko moduko beste alderdi bat da herri-administrazioek zenbaitetan dagokion espedientea “formalki” instruitzen dutela, baina ez dutela ebazten beharrezkoa den koherentziarekin eta zentzuzkotasunarekin, egintza erabakigarriak jasota, baizik eta badagoela joera espedienteari irekiera itxura emateko, baina irekiera horrek hutsune larriak eta lege ez-betetzeak izaten ditu. Gauzak horrela, funtsezkoa da froga-jarduera esanguratsua egotea; gainera, froga horiek, beharrezkoa den xehetasunarekin, irekitako espedientean agertu beharko dira, batez ere eskabide bat ukatzeko edota zigor bat ezartzeko arrazoibide gisa erabil daitezkeenean.
Hondakinak biltzeko sistemen gaineko arazoak arlo honetako tokiko zerbitzuen atalean jorratu ditugun arren, hainbat kontsulta eta kexa jaso dugu Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa ustez urratu egiten dela adierazteko, norberaren intimitatea babesteko herritarrek dauzkaten eskubideen ikuspuntutik. Nahiz eta, gure iritziaren arabera, hondakinak biltzeko sistema ez litzatekeen egongo Lege horrek babesten dituen eskubideen eraginpean, bai uste dugu udalek, herritarren kezken aurrean, bermatu egin behar dutela zerbitzu horretako langileek dagokion konfidentzialtasuna gordeko dutela, euren betebeharren jardunean ezagutu ditzaketen informazioen gainean.
Beste ikuspuntu batetik, etxeko hondakinen biltze-zerbitzuak ezartzeko sistemei buruzko kexek zein Gipuzkoako Lurralde Historikoko kudeaketatik bertatik eratorritakoek ederki irudikatzen dute adostasun-ezak sortzen dituen arazoak, eta, zenbaitetan, baita aurkakotasun garbia ere, sistema bat edo bestea hautatzeko orduan. Herritarren parte-hartze ekimenetatik (galdeketak edota sinadura bilketak) eratorritako emaitzak aintzat hartu ez izateak sortzen digun harriduraz gain, kexak jasotzen hasi gara udal batzuen jarduerengatik. Udal horiek erdiko bidea hartu nahi dute hondakinen gaikako ematean ageri diren ez-betetzeei aurre egiteko. Udalek, nahiz eta ordenantzen arau-hausteak frogatzeko zailtasunak izan, oso arduratsuak izan behar dute zehapen-ahalmenaren barruan aplika daitezkeen printzipioak eta arauak betetzeko garaian. Aitzitik, hainbat gomendiotan adierazi dugun legez, honako hauek dira hondakinen gaikako bilketaren helburuak lortzeko erarik aproposenak: gutxieneko adostasunetara heltzeko bideak berreskuratu eta bilketa hori egin behar duten herritarren esku-hartzea lortu.
Informazioa publikoa eskuratzeko eskubideari dagokionez, joan zen urtean aipatu genuen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu egokiari buruzko azaroaren 9ko 19/2013 Legea onartu zela. Lege hori herri-administrazio orok aplikatu behar du, eta beraren helburua da jarduera publikoaren gardentasuna sendotu eta areagotzea. Aurkeztutako kexen harira, Lege horren bi alderdi nabarmendu behar dira: batetik,hala eskatzen duen edozein norbanakok dauka eskubidea eskuragarri dagoen informazio publikoa eskuratzeko (hura ematea ukatuz gero, modu egokian arrazoitu behar da); bestetik, herri-administrazioek argitaratu egin behar dute, egoitza elektronikoetan edota webguneetan, euren erakundean aplikatzekoa den araudiari dagokion informazioa, beste zenbait informazioren artean.Nabarmendu behar dugu aurrerapausoak eman direla informazio zehatza eskuragarri jartzeko orduan; alabaina, ahalegina egiten jarraitu beharra dago hura ezartzeko aurreikusita dauden epeetan legeak dioena bete dadin (autonomia-erkidegoek urtebeteko epea dute oraindik, 2015eko abenduaren 11ra arte, Legearen betebeharretara erabat egokitzeko).
Nahiz eta egiaztatu dugun aurrerapen orokor horiek eman direla, oraindik ere alde nabarmenak hauteman daitezke administrazioen artean. Ondorioz, horietako hainbatek ahalegin handia egin beharko dute geratzen den urtean zehar, euren egoitza elektronikoetan edo webguneetan erakundeari, antolaketari eta plangintzari buruzko informazio guztia sartzeko, baita garrantzia juridikoa duen informazioa ere. Horrez gain, ekonomia-, aurrekontu-, eta estatistika-jardueren gaineko informazioa ere azaldu beharko da, Legeko 6., 7. eta 8. artikuluek agintzen dutenari jarraiki. Hala ere, azpimarratu behar dugu aipatu betebehar horiek gutxieneko eginbeharrak direla, eta ezerk ez duela oztopatzen legeak agintzen duena gainditu eta herri-administrazioek euren jardunari buruz ematen duten informazioa sakon dezaten; era horretan, erakunde horien gardentasuna areagotuko lukete eta herritarrei zerbitzu hobea eskainiko liekete.
Ezin dezakegu gogoeta hau bukatu informazio publikoa eskuratzeko eskubidea modu egokian gauza dadin herri-administrazioek jarri behar dituzten baliabideak aipatu gabe. Aurreko paragrafoan publizitate aktiboaz aritu bagara, hemen bilatzen dena da eskuragarri dagoen informazio publikoa ematea aurkezten diren eskabide jakinei erantzunez. Atal honetan ahalegin berezia egin beharko da, tradizioz aurkakotasun handia egon baita eskaera horiek asebetetzeko. Eskuragarri dagoen informazioa emateko murrizketak edo mugaketak Legean aurreikusita daude, baina teknologia berriak kide egokiak izango dira arauaren printzipioak betetzeko, gero eta errazagoa delako izaera pertsonaleko datuak bereiztea, eta horixe izan ohi da informazioa eskuratzeko eskabidea ukatzeko aitzakia erabilienetakoa. Laburbilduz, herritarrak zerbitzatzeko printzipioak adieraziko du zenbatekoa den ukitutako erakundeen gardentasun-maila.