7. Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak
1. Arloa kopurutan
Arlo honetan 47 kexa-espediente kudeatu ditugu aurten. Hona hemen espedienteak dagozkien administrazioen arabera banakatuta:
• Tokiko administrazioa 19
• Foru administrazioa 11
• Euskal Autonomia Erkidegoko
• Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 6
• Azpi-arloen arabera, espedienteak honela daude sailkatuta:
• Garraioak 21
• Herri lanak eta azpiegiturak 13
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 4
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 4
• Obrak egitea 3
• Nahitaezko desjabetzea 1
• Beste alderdi batzuk 1
Hona hemen ekitaldiaren amaierako arlo horretako estatistikak:
Aurreko ekitaldian garraioen inguruko kexek gora egin zuten. Aurten, berriz, arlo honetan kexa gutxiago jaso ditugu, garraio publikoaren azpi-arloan bideratutako espedienteen kopurua erdira jaitsi delako.
Beste kexa-multzo nagusi bat herri-lanek, martxan dauden bitartean, eragin zuzena duten eremuetan pertsonei eta ondasunei sortzen dizkieten kalteen ingurukoak dira: batetik, eraikuntza-lanek irauten duten bitartean eragozpenak sortzen dituzte; eta bestetik, kexagileen ondarean zehar-kalteak eragiten dituzte. Zehar-kalte horiei dagokienez, herritarrek batzuetan ez dute ordain egokia jasotzen, haien iritziz, eta, beste batzuetan, kexak atzera botatzen dituzte, ziurtagiririk ez dutelako.
Azkenik, desjabetzeei dagokienez, ahalmen handiko linea elektrikoen bide-tarteen handitzea dela eta jasotako kexa eta kontsultak dira nabarmenak; izan ere, araudi berriaren arabera, bide-tarte horietako landaretza kendu egin behar da, seguruak direla ziurtatzeko.
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan, bideratu ditugun kexa guztietatik gure iritziz azpimarratzeko moduko eduki formal edo materiala zutenak zehaztuko ditugu.
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Bideratu ditugun kexetan, arazo nagusia aurreko ekitaldietako berbera da: administrazio publikoek ez dituzte erantzuten herritarrek aurkeztutako eskaerak.
Arlo honetan, herritarrek administrazioari egiten dizkioten eskariak, zenbaitetan, konplexuak izaten dira, ondare publikoetan egindako jardueren edo zerbitzu zehatz baten prestazioaren edo hobekuntzaren ingurukoak izaten direlako. Izan ere, kasu horietan, egin beharrekoa behar bezala planifikatu behar da eta diru-hornidura berria behar izaten da; eta diru-kutxa publikoetan ez da izaten behar adina diru, batzuetan. Alde horretatik, herritarren eskaria bidezkoa denean eta administrazioak borondate politikoa duenean ere, hainbat izapide egin behar dira eta konponbideak luze jotzen du. Horregatik, dagokion administrazioak informazioa egoki kudeatu eta daukan planteamenduaren edo emango dituen pausoen berri behar bezala eman beharko luke. Eta, eskatutakoa bete ezin duenean, are arrazoi handiagoarekin erantzun beharko luke.
Oro har, Arartekoak beti azpimarratu du ebazpen administratiboetan arrazoi nahikoa eman behar direla, nahiz eta ezin dugun ahaztu administrazioak, jarduera-eremu zabaletan, eskumeneko botereak dituela erabakiak hartzeko. Horrek esan nahi du proiektu bat onartzen duenean ez duela egiaztatu behar hartutako konponbidea onena edo har litekeen bakarra dela, baizik eta zentzuzkoa dela soilik. Interesdunak proiektu edo obra batean onartutako konponbideekin ados ez egotea bidezkoa da, baina administrazioak jarduteko aukera zabala du, besteak beste, bere eskumenekoak diren zerbitzuak antolatzeko eta planifikatzeko ahalmenetan. Hori ezin da aitzakiatzat hartu, ordea, administrazio publikoek zerbitzu berrien erabiltzaileen iritzia eta partaidetza aintzat ez hartzeko.
Ordea, batzuetan zaila izaten da proiektu edo antolamendu berri batek eragiten dien pertsonen interesak eta interes orokorreko beste helburu batzuk elkartzea, erabiltzaile batzuen interesak gailentzen direlako beste batzuenen aldean. Horixe gertatzen da, esate batera, hiri-guneetako zirkulazioa berrantolatzeko udal batzuk adostutako erabakietan, gidarien eta oinezkoen interesak kontrakoak izan baitaitezke; izan ere, oinezkoak erosoago ibiltzeko aldaketak egin nahi direnean, adibidez, ibilgailuak hiri-guneetan sartzea eragozten da. Hurrengo ataletan kexa horiek zorrotzago aztertuko ditugu.
2.2. Herri lanak eta azpiegiturak
Gaur egun, administrazio publikoek aurrekontuak moldatzeko arazoak dauzkate, diru gutxiago biltzen dutelako eta zorpetzeko mugak dauzkatelako. Gauzak horrela, erabiltzaileak ondasun publikoen mantentzeaz eta zaintzaz kexu dira. Horren harian, ikasle batzuen gurasoek zubi baten alboetako babesen egoera txarra zela eta aurkeztutako kexa bat konpondu dugu. Azaldu ziguten 2011. urtean hasi zirela arazoa konpon zezatela eskatzen, oso kezkatuta zeudelako. Izan ere, haien seme-alabek egunero igaro behar dute zubitik, eskolara joateko, eta zubiak ez zuen segurtasun- eta babes-neurri egokirik. Hala, Arabako Foru Aldundiaren Herrilan eta Garraio Sailak zubian metalezko hesiak jarri zituen, bide-segurtasuna hobetzeko eta inork erortzeko arriskua izan ez zezan.
Halaber, Saratxoko Administrazio Batzordeak aurkeztutako kexa bat ere bideratu dugu. Batzordea ez zegoen ados Arabako Foru Aldundiko Herri-lan eta Garraio Sailak A-265 errepidea egokitzeko proiektuan egindakoarekin. Batzordeak azaldu zuen, batetik, foru-erakundeak ez zituela aintzat hartu haiek egindako alegazioak; eta bestetik, errepidea egokitu beharra zegoela uste zuten arren, proiekturako proposatutako diseinuak benetako premiak gainditzen zituela eta, krisi garaian, proiektuko gastua eta konpondu nahi zen arazoa ez zirela proportzionalak.
Funtzionamenduari buruzko epigrafean azaldu bezala, ezin dugu egokiera-kontuak eztabaidatzen hasi, gai horiek eskumena duten foru-organoen berezko ahalmenen esparruan daudelako eta ezin direlako berrikusi komenigarritasuna edo egokiera argudiotzat hartuta. Administrazioaren ahalmen hori dela-eta, aukeratutako irizpidea ezin da ordezkatu, salbu boterea desbideratu dela, hautamenez jokatu dela edo onartutako irizpideak justifikaziorik ez duela baloratutako kasuetan.
Aurten, herritarrei nabarmen eragin diete ibilgailuen zirkulazioaren antolamendu berrien inguruko gaiek eta zirkulazioaren norabidea eta/edo aparkalekuak berrantolatzeko neurriak hartu beharrak, besteak beste. Hala, Hondarribiko bizilagun batzuk kexa bat aurkeztu zuten, Hondarribiko Udalak ez zielako haien eskariari erantzun eta ez zuelako auzoan bide-segurtasuna ziurtatzeko neurririk hartu; herritar horien iritziz, azken urteetan egoera larritu egin da. Gauzak horrela, bizilagunei erantzun arrazoitua helarazi ondoren,
hiri-lurzoruko bideen zabalerari buruzko araudiaren berri eman genien; izan ere, araudi hori aintzat hartuta dago udal-plangintzan, orokorrean zein garapenekoan. Azkenik, ondorioztatu genuen errepideak eraikitzeko arau teknikoak ez zirela haiek azaldutako kasuan aplikatu behar.
Aiako biztanle batek egindako kexa ere aipatzeko modukoa da: salatu zuen haren baserrirako sarbidean esku hartu beharra zegoela, edukiera handiko kamioiak pasatzen zirelako, abiadura handian, eta hori oso arriskutsua zelako. Kexa zen, zehazki, administrazioekin harremanetan jarri zela (tokikoarekin, foralarekin eta erkidegokoarekin) eta ez ziotela segurtasun-arazo hori konpontzeko biderik eman. Foru-errepidea denez, Ertzaintzak zaindu eta kontrolatu behar du, eta dagokion mugaketaren edo Zirkulazioko Lurralde Unitatearen bitartez jarduten du. Behar diren seinale horizontal eta bertikalak jartzea errepidearen titularrari dagokio, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiari. Berez, foru-erakundeak, udalarekin adostuta, zeuden seinaleak berrikusi zituen, errepidearen ezaugarriak eta zirkulazioa kontuan hartuta.
http://www.gipuzkoa.eus/eu/hasiera
Amaitzeko, Arartekoaren 2014ko maiatzaren 19ko Ebazpena aipatuko dugu. Ebazpen horren bidez, Lekeitioko Udalari hau gomendatzen zaio: “komunikazio-sistema orokorreko lurzorua lagatzeko gauzatu zen hitzarmenean adostutako obren egikaritze okerrari buruzko eskaera egoki izapidetzea”. Alderdiak ez zeuden ados hitzarmenaren egikaritzearekin eta, ondorioz, Arartekoak gomendatu zuen aldebiko espedientea bideratzea eta, horretarako, salatutako gai zehatzei buruzko txosten teknikoak aurkeztea eta interesdunari horren guztiaren berri ematea, erabaki administratiboa hartu baino lehen.
2.3. Ondare erantzukizuna
Oro har, azpiegitura proiektu handiak gauzatzeko, administrazioak eta enpresa esleipendunek ondasun partikularren egoera zertan den jakiteko neurriak hartzen dituzte, egikaritze-lanek eragin ditzaketen kalteak zehaztasunez ebaluatu ahal izateko. Ordea, herritarrek kalteak eragin dizkiela-eta jarritako erreklamazioei ez diete erantzuten edo, erantzuten badiete, ez dute arrazoirik ematen; esate batera, honako hauetan: adituaren kontrako txostenak herritarrek argudiatutako kalteak ezeztatzen dituenean, argudiatutako kalteak aztertzeko bisitan eta abar.
Beste batzuetan, obrek edo ondasun publikoek eragindako kalteak egiaztatzerakoan sortzen da arazoa. Kaltetuak, batetik, kalteak eragin dizkiotela egiaztatu behar du; bestetik, kalteen zenbatekoa datu zehatzekin frogatu behar du; eta, azkenik, ziurtatu behar du eragindako kalteak zerikusia duela zerbitzu publikoen funtzionamendu edo jarduerarekin. Hori guztia, printzipio orokor honen arabera: froga aurkeztea gertakaria salatzen duenari dagokio. Horretarako, adibidez, aditu kualifikatuak kontratatu behar dira, eta, zenbaitetan, ezin izaten da ziurtatu kaltea administrazioak eragin duela, zuzenean; gainera, gastuak kexagileak ordaindu behar ditu. Kaltetuen iritziz, egoera hori bidegabea da; izan ere, administrazioak ondare-erantzukizuna bere gain hartzen badu ere, txostenak egiteko eta frogak aurkezteko jarritako dirua ezin izaten dute berreskuratu.
2.4. Ondarea
Ondare publikoaren babesari dagokionez, ibai baten ibilgua, jabari publikoko ondasun gisa, zer administraziok zaindu behar duen zehazteko arazoa dela-eta interesgarria den jarduera bat aipatuko dugu. Bideratu genuen kexa zen, hain zuzen ere, administrazioak ez ziola erantzun Barakaldoko Castaños ibaiaren ibilgua garbitzeko eskariari.
Gai hori erregulatzen duen arau sektoriala uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa da. Eta legeko 12.5 artikuluak dio tokiko erakundeei dagokiela etxebizitza, denda eta zerbitzuetan sortutako hondakinak biltzea, garraiatzea eta tratatzea, eta kudeatzeko zailak diren hondakinak sortzen edo dauzkaten herritarrak hondakin horiek modu eta toki egokian uztera behartu ditzaketela.
Ikuspegi hori aintzat hartuz gero, badirudi udalari dagokiola hondakinak biltzea, baina hondakin horiek dauzkaten edo sortzen dituzten herritarrek udalak esandako lekuan eta moduan utzi behar dituztela, udal-ordenantzan zehaztutakoaren arabera. Hori horrela izanik ere, uren jabari publikoaren inguruko gai hori erregulatzen duen arau sektoriala ere kontuan hartu beharra dago. Horri dagokionez, Auzitegi Gorenak, 2014ko ekainaren 10eko epaian, Estatuko Plan Hidrologikoari buruzko, uztailaren 5eko 10/2001 Legearen 28. artikulua oinarri hartuta, honako hau dio: hiri-eremuetan, ibaien ibilgua garbitzea ez dagokio ur-konfederazioari. Finean, azpimarratzen du arlo berean administrazio batek baino gehiagok esku hartzen badu, konponbideak kudeatzeko elkarlana eta koordinazioa ezinbestekoak direla. Kasu honetan, administrazioak dira, batetik, URA-Uraren Euskal Agentzia, jabari publiko hidraulikoan eskumenak dituelako; eta bestetik, tokiko erakundeak, etxeko hondakinak biltzeaz arduratzen direnak.
Lur-azaleko eremu publikoen zaintzari buruzko gaiak ere planteatzen jarraitzen dute, lur-azpian irabazi asmoko aprobetxamenduren bat dagoen kasuetan (normalean garaje pribatuak). Hala, Debako Udalarekin kexa bat bideratu dugu. Izan ere, plaza publiko baten azpian dauden garajeetan itoginak dituzte, eta udalak ez du plaza publikoa iragazgaiztu, ezta iragazgaizteko eskariari erantzun ere. Azkenean, udala kexagileekin harremanetan jarri zen, bi alderdiek zuten dokumentazioa alderatzeko eta, hala bazegokien, bi eremuen arteko harremana arautu behar duen eskubide eta betebeharren erregimen juridikoa zehazteko; bi eremu horiek dira, hain zuzen ere, lur-azpian irabazi-asmoko aprobetxamendua duen eremu pribatua eta azaleko aprobetxamendu publikoa.
2.5. Desjabetzea
Hasieran esan dugun moduan, aurten martxan dauden aireko linea elektrikoen bide-tarteen handitzearen inguruko kexak eta kontsultak jaso ditugu. Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean zuhaitz inguruetan dauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoek bete behar dituzten baldintzak daude jasota. Erabaki horren arabera, tarte batzuetan zuhaitzak moztu egin behar dira, lineak babesteko. Pertsona bat gurekin harremanetan jarri zen, ez ziotelako lurrik desjabetu eta ez zegoelako horrekin ados. Haren iritziz, elektrizitate-enpresak ez zuen legea bete, aurrena desjabetu egingo zutela jakinarazi ziotelako eta, azkenean, enpresak desjabetze-espedientea atzera bota zuelako. Ordea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria eta Energia Administrazioko koordinatzaileak egindako txostenaren arabera, arauak dio bigarren eta hirugarren mailako goi-tentsioko aireko lineen kasuan (hau da, tentsioa 66 KV-koa edo txikiagoa denean), ahal beste hazitako zuhaitzek lineako eroaletik bi metro baino gutxiagora egon behar dutela, bide-tartea nahitaez handitzeko; eta kexagilearen jabetzan ez zen baldintza hori betetzen. Horregatik, ondorioztatu genuen eskumena zuen sailak ezin zuela betekizun legal berrietara moldatu behar zuen elektrizitate-enpresa tarte hori desjabetzera behartu.
Alderantzizko kexa bat ere jaso dugu, hau da, desjabetzeespedientea bideratu gabe lurra zuzenean hartu dutelako. Administrazioek onartzen zuten legez kanpo jardun zutela, baina, hainbat arrazoirengatik, ez zuten arazoa behar bezala konpontzen, alegia lurra hartzeko hitzarmen edo akta formalizatuz eta jabeari zegokion balio justua ordainduz. Azkenean, eskumena zuten administrazioek onartu eta konpondu dute salatutako egoera.
2.6. Obrak egitea
Herri-lanen egikaritzeak kalte eta mesede egiten dieten herritarren arteko desakordioen inguruko kexak jasotzen jarraitu dugu. Nagusiki, urbanizazio zaharrak hobetzeko lanekin daude desgogara: herritarren iritziz, gauzatu dituzten
proiektuak ez dituzte onuradunekin alderatu edo proiektua onartzeko egindako izapideak zalantzagarriak dira. Horri dagokionez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera, urbanizazio-proiektuetan, alegia urbanizazio-lanetan, herritarrei proiektuaren berri emateko izapidea bete behar da, baina herri-lanetako proiektuetan eta hiritartze-lan osagarrietan ez (194. artikulutik 196. artikulura). Edozein modutan, Arartekoan betidanik iritzi diogu jardunbide egokiena dela administrazio publikoek gauzatu nahi dituzten udal-proiektuek eragingo dieten herritarren iradokizunak jasotzea, proiektua jendaurrean jarriz edo interesdunei proiektuaren berri emateko beste formula batzuk baliatuz, betiere proiektuen hasierako zehaztapen-fasean.
2.7. Garraioak
Aurten garraioen inguruan bideratu ditugu kexen portzentajea asko gutxitu da. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan garraio publikoa ukipen-txartelen bidez erabiltzeko sistemak finkatzen joan diren heinean (MUGI Gipuzkoan, BAT Gasteizen eta BARIK Bizkaian), sistema horiek ezartzen hasi zireneko arazoak gutxitu egin dira.
Oro har, gai hauei buruzko kexak jaso ditugu (baita esku-hartzeak amaitu ere): txartela aldatuz gero saldoa ez bueltatzea, txartel pertsonalizatua egiteko informazio gehiegi eskatzea, hobariak dauzkaten kolektibo berezietan sartzeko aplikatzen diren irizpideak zalantzan jartzea, eskaintzen diren garraio-zerbitzuak nahikoa ez izatea (zenbait lekutara ez heltzea, linea nahikoa ez izatea eta abar).
Horren harian, Uribe-Kostako eskualdeko udalerri batzuetatik (zehazki, Sopela, Gorliz, Berango, Plentzia, Urduliz eta Barrikatik) heldu zaigun kexa bat nabarmenduko dugu; izan ere, azaldu dute garraio publikoko sisteman Uribe-Kosta eta Leioako Campusean ez daudela zuzenean lotuta. Hain zuzen ere, salatu dute, batetik, ibilbide hori egiteko garraiobide bat baino gehiago erabili beharrak kostu ekonomiko handia duela; eta bestetik, ibilbide hori egiteko denbora asko behar dutela, erabili behar dituzten zerbitzuen ordutegiak bat ez datozelako: 40 minutu eta bi ordu arteko tartea behar izaten dute ibilbidea egiteko, nahiz eta ibilgailu pribatuarekin 25 minutuan egin daitekeen.
EAEko 2020rako Garraio Iraunkorraren gaineko Gidaplanaren arabera, hiri-inguruetan dauden ospitale eta unibertsitateetara joateko jendeak ibilgailuren bat hartzen du, gehienetan pribatua, garraio publikoa erabiliz gero heltzeko denbora gehiago behar delako eta, daukan kostuagatik, ez duelako merezi. Alde horretatik, plan horren helburu estrategikoetako bat da mugikortasun iraunkorreko politiketan ibilgailu pribatuaren mende ez dagoen mugikortasun sistema bat antolatzeko neurriak sustatzea, batik bat hiriarteko garraiobideetan, eta garraio publikoaren aldeko apustua egitea.
Gauzak horrela, gai horren inguruan hausnartu eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu genion, linea berriak jartzerakoan eta hiriarteko garraiobideen emakida berrietan, Uribe-Kosta eta Leioako unibertsitate-campusa zuzenean lotzeko aukera aintzat hartzea. Izan ere, lotura horrek ziurtatuko luke joan-etorriak denbora gutxiagoan egin ahal izatea eta kostua gutxitzea; eta horrek, aldi berean, garraio publikoa gehiago erabiltzea eragingo luke. Gainera, lotura zuzen horrek baliabide mugatuak dauzkaten gazteei egingo lieke mesede, batik bat.
Halaber, Donostiako Udalak Ulia goialdean mikrobus-linea bat jartzeko eskariari erantzun ez ziolako kexa bat ere jaso genuen. Udalak erantzun zigun zerbitzu hori emateko bi aukera aztertu dituztela, baina azpimarratu dute, konpainiaren egoera ekonomikoa dela-eta, ez dutela linea berriak jartzeko edo gaur egun eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzeko aukerarik ikusten. Gaiari buruz hausnartu eta udalari gure iritzia helarazi genion: egokia litzateke udalerriko garraio publikoko politikan garraio publikoko zerbitzua ahalik eta erabiltzaile gehienentzat hobetzeko jarduerak gauzatzea ahalbidetzea eta, horretarako, ahal den heinean, garraiobide horien efikazia eta efizientzia hobetzeaz gain, lurralde-orekako irizpideak ere aplikatzea, hiri-guneetatik urrun dauden erabiltzaileen premiei ere erantzuteko.
Horiez gain, Gasteizko tranbiako ikuskatzaileak adingabe batekin txartela baliozkotu ez zuelako izan zuen jokaera ustez desegokia dela-eta jasotako kexa ere aipatu beharra daukagu. Adingabeak txartel baliozkoturik ez zuenez, ikuskatzaileak tranbiatik jaisteko agindu eta Gasteizko Udaltzaingoari deitu zion, identifika zezaten. Kexagileak salatu zuen, hain zuzen ere, adingabeak tratu desegoki eta neurrigabea izan zuela, gurasoei gertatutakoaren berri emateko aukerarik eman gabe ikuskatzaileak Udaltzaingoari deitu ziolako.
Gauzak horrela, Euskotreni ohar hau egin genion: indarrean dagoen araudiaren arabera arauak hautsi dituzten bidaiariak identifikatu behar diren kasuetan, bidaiariak adingabeak badira, egokia litzateke haien tutore edo gurasoekin harremanetan jarri ahal izatea, poliziari bertaratzea eskatu baino lehen, egoera horretan adingabea ez larritzeko.
Azkenik, patinetearekin herriko autobusetara igotzeko debekuarekin ados ez zegoen herritar baten kexa aipatuko dugu. Horren harian, TUVISAk jakinarazi zigun Gasteizen bidaiarientzako hiri garraio kolektiboaren zerbitzua emateko araudiaren 75. artikuluak honako hau adierazten duela: “Erabiltzaileak ezingo dira ibilgailuan sartu baldin eta: 1. Fardelik edo gauzarik badaramate eta horiek -neurria, mota, forma edo kalitatea dela eta- beste bidaiari batzuei igarotzeko edo egoteko behar duten lekua kentzen badiete, eta bereziki, besteei enbarazu egiten badiete edo ibilgailua zikintzen badute edo usain txarra badute…”
Arartekoan jaso dugun txostenaren arabera, erakundeak irizten dio patineteek, zabalduta egonez gero, eragozpenak sortzeaz gain, erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeela. Hori dela eta, eskatzen dute patineteak, izatekotan, autobusean bilduta eramatea, balaztadaren bat-edo gertatuz gero bidaiariei kalterik ez egiteko.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Salatutako arazoen arrazoi nagusia da, aurreko urteetan bezala, administrazio publikoek dagozkien eskumenen arloan sustatzen dituzten jardueren gaineko informaziorik ez duela ematen eta eskariei ez diela erantzuten. Herritarrek gero eta informazio gehiago eta hobea eskatzen die administrazioei. Batzuetan, administrazio publikoek ez dute informazio zehatza ematen, eredu estandarrak erabiltzen dituzte eta ez dute terminologia moldatzen, ezaupide bereziturik ez duten herritarren jakintza-mailaren arabera. Kexagileek jaso dituzten eta aztertu ditugun ebazpen batzuen edukia nekez ulertzen da. Alde horretatik, administrazioek bidaltzen dituzten komunikazioak hobetzeko ahalegina egin behar dute: hatzen dituzten erabakien azalpen argiagoak eta arrazoi sendoagoak eman behar dituzte.
Jasotzen ditugun kexa batzuk berehala konponduko lirateke, baldin eta interesdunek erantzunen bat jasoko balute, hau da, administrazio-isiltasuna baliatzeari utziko baliote. Herritarren asmoak beteko lirateke, baita ere, administrazioek hartutako erabakien zentzuzko arrazoien berri emango balute. Izan ere, herritarrek, erantzunik jasotzen ez badute, administrazioak nahierara jokatzen duenaren susmoa izaten dute. Eskaria onartzen ez denetan, erabaki eta akordioen oinarriak are kontu handiagoarekin azaldu behar dira, ez bakarrik legez horrela egin behar delako (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroren 26ko 30/1992 Legearen 54. artikuluan dago hori zehaztua), baita hartzen diren erabakiak gardenak izan behar dutelako ere. Komunikatzeko ahalegin horri esker, betekizun formal bat betetzeaz gain, herritarrek zerbitzu publikoen gaineko iritzi hobea izango dute eta erabakia hartu duen administrazioarekin gusturago egongo dira.
Aurreko gaiarekin eta komunikatzeko ahaleginarekin loturik, azpimarratu behar dugu, beste behin, herri-lanen proiektuak prestatzeko hasierako faseetan herritarrek gehiago parte hartu beharko luketela. Hori era guztietako proiektuetan egin beharko litzateke, oro har, baina are beharrezkoagoa da tokiko proiektuetan, erabiltzaile eta onuradunek gauzatuko den proiektuari buruzko haien ikuspegia adierazteko aukera handiagoa izan dezaketelako. Azken finean, administrazio publikoek, nahitaezko eta gutxieneko betekizun legalak betetzeaz gain, 19/2013, Azaroaren 9ko 19/2013 Legean jasota dauden gardentasunari, informazioa eskuratzeari eta gobernamendu egokiari buruzko printzipioak ere sakondu behar dituzte.
Ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioei dagokienez, administrazio publikoek prozeduraren amaiera ituntzeko bidea baliatu beharko lukete gehiago, betiere hitzarmena edo akordioa ordenamendu juridikoaren kontrakoa ez bada; bide hori HAAJAPELeko 88. artikuluan dago zehaztua. Espediente horiek izapidetzerakoan, administrazioak justifikatu behar ditu, batetik, jarduera bera; eta bestetik, zerbitzuaren funtzionamendu normal edo ohiz kanpokoak partikularrei eragindako kalteak. Alegatutako gertakariak behar bezala frogatuta daudenean, ordea, komeni da prozedurak kalteak ordaintzeko akordioarekin amaitzea (Herri administrazioek ondare erantzukizunaren arloan erabiltzen dituzten prozedurei buruzko araudia onartzen duen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuko 8. artikulua). Izan ere, espedientea itun bidez amaituz gero, izapide gutxiago egin behar dira eta, gainera, administrazioak eta kaltetuek kudeaketa-gastu gutxiago ordaindu behar dituzte.
Garraio publikoari dagokionez, iaz adierazi genuen ezinbestekoa zela arlo horretan eskumena duten administrazioek tarifa-sistemak bateratzeko aurrerapausoak ematea, garraio publiko bateratuko sistema antolatzeko. Horren harian, azaldu genuen Euskadiko Garraio Agintaritzak zerbitzuak eta tarifak koordinatzeko indarrak batzen jarraitu behar zuela, baita garraio publikoko eskaintza handitzeko ere, konponbideak gainerako administrazio publikoekin uztartuz eta adostuz. Halaber, EAEko garraiobide guztietan txartel berbera erabili ahal izateko sistema ezartzeko premia aipatu genuen.
Gauzak horrela, aurten txartel bakarra erabiltzeko proba pilotu bat jarri dute martxan, garraiobide publiko bakoitzak bere txartela edukitzeak eragiten dituen arazoak konpontzeko; arazo horiek dira, esate batera: txartel guztietan dirua jartzea, txartela baliozkotzea, saldoa kontsultatzea, intzidentziak konpontzea, ikuskatzea, txartela blokeatzea eta lurralde bakoitzeko agintarien artean bidaiak konpentsatzea. Daukagun informazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren asmoa da, autonomia erkidegoan dauden txartel guztien ordezko txartel bakarra sortu beharrean, lurralde historikoetako hiru txartelak bateragarriak izan daitezen lortzea.
Amaitzeko, garraio publikoen elkarreragingarritasuna hobetzen joateko hartu dituzten neurrietako bat nabarmenduko dugu. Izan ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak jakinarazi du Gipuzkoako lurralde historikoko bidaiarien garraio publiko kolektiboa araudi bakar batean erregulatu duela, eta araudi horretan MUGI sistemako kide diren emakidadun guztiak sartuko dituztela. Araudi horren asmoa da, hain zuzen ere, gai hauei erantzun bateratua ematea: desgaitasunak dituen jendearen eskuragarritasun unibertsala; etxeko animalien, bizikleten eta beste objektu batzuen garraioa; adingabeen garraio-erregimena; eta gidariaren arduradun-irudia indartzea, ibilgailuan sortzen diren arazoak konpontzeko. Zerbitzuen erabiltzaileentzako mesedegarria izango da, zalantzarik gabe, sistema horretan parte hartzen duten garraiobide guztietarako araudi bateratua izatea.