6. Ingurumena
1. Arloa kopurutan
Ingurumen arloan sartzen dira, besteak beste, lurzoruari, aireari, urari, florari eta faunari eragiten dieten kutsadura kategoria desberdinen ziozko eraginen erreklamazioak. Guztira, izapidetu diren kexa espedienteak 75 izan dira. Kexak azpi arloetan banatzen dira, salatutako ingurumen eraginaren araberako irizpide materialari jarraiki, kutsadura akustikoa, atmosferikoa, urarena eta lurzoruarena eta bestelako agente kutsatzaileena izan den kontuan hartuta. Era berean, ingurumen kontrolari eta ingurumenaren arloko partaidetza eta informaziorako eskubideei buruzko erreklamazioak ere bereizten dira.
Azpi arloen araberako banaketari erreparatuz gero, bada, sailkapena honako hau da:
• Kutsadura akustikoa 57
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazioaren prozedura 6
• Ingurumenaren kontrola 4
• Lurzoruaren eta uraren kutsadura 2
• Kutsadura elektromagnetikoa 2
• Ingurumeneko beste kutsadura batzuk 2
• Hondakinak eta isurketak 1
• Airearen kutsadura 1
Ukitutako administrazioei jarraiki, kexak honela bana ditzakegu:
• Tokiko administrazioa 55
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 6
• Foru administrazioa 2
Kexek arlo honetan duten tramitazio egoerari eta emaitzari erreparatuz gero:
Jasotako erreklamazioen kasuan, jarduera gehienetan administrazioaren esku hartze falta salatzen da, bai etxeetako bizi kalitate egokia ziurtatzeko orduan, bai zarata kontrolatzeko orduan. Zarataren jatorria, zehazki, aisialdirako edo industriako jardueren edo azpiegituren ondorio izaten da gehienetan. Biztanleek arnasten duten airearen kalitateak eta industrian sortutako kutsadurak kezka handia pizten diete industrialdeen inguruan bizi diren hiritarrei. Aztertutako beste kutsadura iturri batzuk kutsadura elektromagnetikoan eta lindanoaren ziozko ur kutsaduran sortutakoak dira. Ingurumen arloaren barruan, era berean, berariaz baloratu ditugu politika energetikoko hainbat erabakik beren inguruan duten eragina eta aukerarik iraunkorrenak aintzat hartzeko beharrizana.
Arartekoaren lanak ingurumenaren gaineko kontrolean duen eraginari dagokionez, 2014. urtean zehar gazteen lokalen gaineko administrazio kontrolari buruz garatu dugun jarduera azpimarratuko dugu. Gai honen gainean, izan ere, oinarri agiri bat burutu dugu. Berau egiteko informazio ugari bildu dugu eta hainbat proposamen jaso ditugu, administrazioek gazteen lokaletan esku hartze egokia izan dezaten.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Ingurumenaren informazioa eta parta-hartzea
Arartekoak dokumentazio publikoa eskuratzeko eskubidearen aplikazio zuzenarekin lotutako erreklamazioak jaso ditu. Hona hemen Arartekoak gai horren harira egin berri duen gomendio bat. Arartekoaren 2014ko azaroaren 17ko
ebazpenean, URA-Uraren Euskal Agentziari berariaz gomendatu genion Iurrita errotako emakida hidraulikoaren iraungitasun espedientearen tramitazio egoerari buruzko informazioa eman ziezaiola elkarte ekologista bati eta ingurumari buruzko informazio eskariari erantzun ziezaiola. Hori guztia, ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean aurreikusitakoaren arabera.
2.2. Ingurumenaren kontrola
Atal honetan plan, proiektu eta jardueren ingurumen eragina ebaluatzeko jarraitutako administrazio prozedurak aipatu dira. Horien barruan sartzen dira, besteak beste, ingurumenaren eraginaren ebaluazioa, ingurumen baimen integratua eta jarduera sailkatuen edo jarduera komunikatuen lizentziak.
Petronor, S.A. petrolio finketarako lantegiaren funtzionamenduak kexa ugari jaso ditu Arartekoan 2013an eta 2014an zehar. Kexa aurkeztu duten elkarte eta pertsonek Arartekora jotzen dute, euskal administrazio publikoek ez omen dituztelako beren esku dauden neurri guztiak hartu ingurumen eskubide horiek era egokian aitortzen direla bermatzeko. Hori horrela, erreklamazioaren helburua industria jarduera honek duen funtzionamendua era egokian zaindu eta kontrolatzea da, bai bere ohiko lanean, baimenetan jasotako ingurumen betebeharrak betez, bai intentsitate desberdineko kutsaduradun gertaera eta pasarteetan, azken bi urteetan petrolio finketako lantegi honetan gertatu direnak bezalakoetan. Bestalde, salatu egin dute industria jarduera honek ingurumenean eta osasunean duen eraginari buruzko informazioa emateko orduan euskal administrazioak atzeratu egin direla eta ingurumena kontrolatzeko prozesu horietan modu zuzenagoan parte hartzeko mekanismoak falta direla. Aurkeztutako erreklamazioak aztertu eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak igorriko digun informazioa baloratu ondoren, 2014ko abenduaren 10eko Arartekoaren ebazpena burutu dugu, Bizkaiko Petronor S.A. enpresak petrolioa fintzeko egiten duen industri jardueraren gainean euskal administrazio publikoek daramaten kontrolari buruzkoa. Ebazpen honetan hainbat alderdi azaldu ditugu:
Ingurumena ikuskatzeko sistema. Ondorioetako batek ingurumena ikuskatzeko sistema hobetzeko eta berau industria isurien araudira egokitzeko planteatzen du. Horretarako, ingurumen administrazioak bitarteko teknikoak eta giza baliabideak izan behar ditu, zarata, usain eta kutsadura atmosferikoaren zuzenketa neurri horiek hausteagatiko salaketen aurrean ingurumena kontrolatzeko lan horiei erantzun egokia eman ahal izateko. Gehiegizko zaratagatik jarritako salaketen kasuan, in situ neurketak egin behar dira, Petronorren ingurumen baimen integratuan (IBI) ezarritako neurriak betetzen ote diren egiaztatzeko. Ingurumen salaketa larrien kasuan, administrazioak, ikuskapena egin eta informazio egokia bildu ondoren, administrazio ebazpen bat ezarri beharko du, instalazioak ingurumen baimen integratuko baldintzak bete ote dituen eta eraginak murrizteko zuzenketa neurri osagarriren bat aplikatu behar den ondorioztatuta. IBIn jasotako baldintzak urratu izanaren zantzurik balego, adibidez, gertaerak edo gorabeherak ez direnean jazo eta berehala jakinarazi, ingurumen organoak zehazpen espedientea ireki beharko luke, aurreikusitako prozeduraren arabera, ingurumenaren gaineko araudia hausteagatik edozein zehazpen erantzukizun zehaztu ahal izateko. Edonola ere, ingurumeneko ekintza publikoaz baliatuz, salaketen harira jarraitutako tramiteak alderdi interesdunei jakinarazteko betebeharra izango dute. Elkarte salatzaileek edo interesdunek informazioa eduki behar dute dagozkien tramiteei buruz, eta, bereziki, Petronor jardueraren funtzionamendu baldintzen urteko egiaztapen agiriari buruz (ingurumen administrazioak egina bera).
Usainen eta KOLen esposizioen ziozko gertaerak. Konposatu organiko lurrunkorren (adibidez, bentzenoa edo toluenoa) esposizio altuaren ziozko gertaerak eta usain bortitzen ziozkozkoak ere azaltzen dira salaketetan. Arartekoak behin eta berriz adierazi du euskal administrazio publikoak arau mailako neurri egokiak sustatu ahalko lituzkeela, KOLen esposizio altua saihestu, eta, hala badagokio, murrizteko, airearen kalitate helburu berriak ezarriz edo petrolioa fintzeko jardueretarako muga balioak edo baldintza teknikoak sartuz. Usainen arazoak jarraituko balu, gure ustez IBIn jasotzen den usainen kontrako ekintza planeko baldintzak berrikusi, eta, hala badagokio, eguneratu edo zehaztu egin beharko lirateke. Plan horretan, gainera, usaina zaintzeko protokolo bat jaso beharko litzateke, baita identifikatutako usain gertaerei erantzuteko protokolo bat ere. Bada, protokolo horietan era aktiboan parte hartu beharko lukete petrolioa fintzeko lantegiaren inguruko biztanleek. Hala, programa honen barruan aplikatu behar diren ekintza guztien betearazpen egutegia eta plana aldizka eguneratzeko berrikuspen programa aurreikusi behar dira.
Ingurumenari buruzko informazioa eskuratzea. Ingurumenari buruzko informazioa azkar eta lehentasunez eskuratu behar da. Hori dela eta, administrazio publikoek beharrezko bitarteko guztiak jarri behar dituzte ingurumenari buruzko informazio zerbitzua eskaintzeko, erantzuna emateko baldintzen barruan.
Elkarrizketa mahaia sortzea, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eskatuta. Era positiboan baloratu behar ditugu Muskizko Udalak eta Petronor enpresak eskatuta sortu diren partaidetza mekanismoak, informazioa trukatzeko balio izan baitute. Edonola ere, Arartekoak berriz ere errepikatu nahi du garrantzitsua dela Petronorren jardueraren ingurumen kontrolari buruzko jarraipena egingo duen mahai bat eratzea, ingurumen administrazioak sustatuta, hau da, kasu honetan, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, erakunde industrialaren ordezkariekin eta auzo elkarteen edo erakunde ekologisten ordezkariekin, batez ere inguruan sortu edo kokatzen direnekin. Alderdi interesdunek parte hartuko duten elkarrizketa mahaia eratzea ingurumenari buruzko informazioa hedatzeko tresna izango da, eta, aldi berean, ingurumenaren gaineko legedia ezarri eta betearazteko proposamenak, salaketak eta bestelako aldarrikapenak aurkezteko bidea izango da.
Arartekoaren 2014ko martxoaren 12ko ebazpena ere aipatzekoa da, sailkatutako jarduera lizentziaren peko jarduerak kontrolatzeko gomendatzen baitio Arrankudiagako Udalari. Salaketa hori Arbide industrialdean hondakinak biltegiratzeko eta kudeatzeko jardueran ingurumeneko legeria betetzeari buruzkoa zen.
2.3. Usain kutsadura
Jatorri antropogenikoetatik datozen usain txarren ondoriozko kutsadurak ere kexak eta eragozpenak sortu ditu isuri guneen inguruan bizi diren pertsonen artean. Industria jardueren kasuan, petrolioa finkatzeko lantegia kasu, usain txar horien isuri guneak hondakin uren araztegian edo jarduera horrek eragiten dituen KOLen isuri nahasietan aurki daitezke. Usainaren eta antzemandako eragozpenen arteko harremana, hala ere, definitzeko zaila da. Faktore fisiko eta kimiko zenbagarriak dauden arren, ebaluatzeko zailagoak diren beste adierazle subjektibo batzuk ere ematen dira. Zehaztu beharra dago usain kutsaduraren eragina oso desberdina izan daitekeela kausan kasu. Hasiera batean usain horiek osasunean eragin zuzenik ez dutela pentsa daitekeen arren, toxiko izaera ez duten baina beren intentsitateagatik edo tonu hedonikoagatik jasaten dituzten biztanleei eragozpenak eta nolabaiteko arazo fisiko edo psikikoak sortu ahal dizkieten osagaien usain txarrak etengabe jasatearen arriskuak ebaluatu beharko lirateke. Bestalde, oraindik kutsadura atmosferikoaren araudian araututako isuri balioen azpitik dauden substantzia toxiko jakin batzuek osasunean izan ditzaketen eraginak ere aztertu beharko lirateke. Lehen aipatutako KOLak adibidez. Bentzenoaren usain maila,
esate baterako, kutsadura atmosferikoaren araudian jasotzen diren urteko batez besteko balioen azpitik dago.
Gai hori gure inguruko beste herrialde batzuetan arautu egin da, besteak beste, Herbeheretan, Alemanian edo Erresuma Batuan. Hala ere, Espainian orain arte ez da horren gaineko berariazko araudirik ezarri. Autonomia erkidego eta udalerri batzuk legedi zehatzak garatzen ari dira, usainaren gaineko administrazio kontrol eta jarduera esparru bat ezartzeko asmoz. Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, oraindik ez dago araudirik usainen isuri guneak ebaluatzeko, edo, hala badagokio, orokorrean etxebizitzetan edo hiriguneetan usain isurien gehieneko mailak zehazteko jarduera araubiderik ezartzen duenik. Edonola ere, badakigu ingurumen administrazioko arduradun batzuek gaia baloratu dutela egungo 3/1998 Legearen aldaketa proposamenen batean. Kutsadura honen ondorioak arintzeko zuzenketa neurriak gaur arte, eta kasuz kasu, IBI egokia edo jarduera lizentzia bezalako elementuen barruan jaso dira.
Hori dela eta, erakunde honek Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari honi buruzko gomendio berri batzuetan (Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko ebazpena, Bizkaiko Petronor S.A. enpresak petrolioa fintzeko egiten duen industri jardueraren gainean euskal administrazio publikoek daramaten kontrolari buruzkoa) jakinarazi dionez, usainen ezaugarri objektiboak eta kalitate mailak zehaztuko dituen araudi esparrua sustatu beharko litzateke, berau betetzen ote den ebaluatzeko.
2.4. Kutsadura akustikoa
Zarata, toki publikoetatik. Toki publiko irekietan sortutako gehiegizko zarata mailarekin lotutako kexa espedienteak areagotu egin dira. Zarata horien iturrien artean daude, besteak beste, gure udalerrietako kaleetan egiten diren kontzertu, jarduera kultural eta jaiak. Auzokideek azaldu dutenez, horrelako ekitaldiak egiten direnean ingurumenaren gaineko kontrola falta da. Horren harira, kontuan hartu behar da kutsadura akustikoari buruzko 212/2012 Dekretuko 35 bis artikuluaren arabera, organo publiko eskudunek behin-behinean baimendu ahalko dutela proiekzio sozial, politiko, kultural, kiroleko, erlijioso edo antzeko ekitaldietarako aurreikusitako kalitate helburuen betearazpena aldi batez eteteko. Edonola ere, administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu beharko ditu, ukitutako biztanleriari eragindako eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko eta, horrez gain, ukitutakoei jakinarazteko etenaldi horrek zenbat iraungo duen eta berau arrazoitzen duten inguruabarrak zeintzuk diren. Era berean, supermerkatuen kanpoaldean garbiketa edo zamalanak egiten dituzten makinek sortzen duten eragin akustikoaren ziozko erreklamazioak ere jaso dira. Halaber, ostalaritza establezimenduen kanpoaldean instalatutako terraza eta mahaien funtzionamendu irregularrak sortzen dituen eragozpenen eta horien itxiera ordutegien gaineko arau hausteen ziozko kexak ere hainbat izan dira. Eliza baten kanpaiek sortutako arazoak edo tranbiaren pasabideak sortutakoak ere aipatu dira. Kasu horietan, soinu sistemaren bolumena kalitate akustikoko arauen barruan onartzen diren mailetara egokitzeko saiakera egin da.
Hona hemen Getxon saskibaloi kantxa batzuen ondorioz sortutako gertaera akustiko bati buruzko kasua. Herritar batek zera salatu zuen, udalak ez zuela esku hartu futbol eta saskibaloi kantxa batzuetan sortutako eragozpen ugarien aurrean, bere bizileku zen eraikinaren ondoan. Parkea birmoldatu zenean kirol kantxa horiek instalatu omen ziren. Instalazioak erdi itxita dauden arren, egunean zehar eta, batez ere, gauean izaten duten zarata maila gehiegizkoa da eta erkidegoaren eguneroko bizikidetzari eragiten dio. Hainbat kudeaketa egin ondoren, Getxoko Udalak honakoa jakinarazi digu: zarata gehiena kantxako ateen itxiera paneletan sortzen dela egiaztatu denez, zarata saihesten duten elementu xurgatzaileago batzuk jarri dira. Udalak, halaber, beharrezko neurri guztiak hartuko omen ditu, egunean zehar baimendutako gehieneko soinu mailak errespetatzen direla bermatzeko. Gainera, parkean informazio panel bat jarri da, instalazioak gauez ezin direla erabili adierazten duena.
Jolas jardueretan sortutako zarata. Aisia, oraindik ere, pertsonen atseden eskubidean eragiten duen faktore sozialetako bat da. Hainbat gomendio egin ditugu eta udalei gogorazi egin dizkiegu prebentziorako dauden legezko mekanismoak, zuzenketa neurrien eta horien kontrolaren bidez. Arartekoaren 2014ko ekainaren 3ko ebazpenak Busturiako Udalari gomendatzen dio dagozkion neurriak har ditzala, tabernak eragiten dituen eragozpenak saihesteko, eta jarduera horri eska diezaiola, ahalik eta lasterren, ingurumenaren arloko legedia betetzeko Horren harira, aipatzekoak dira Getxoko Udalari egindako ebazpenak; Arartekoaren 2014ko apirilaren 15eko ebazpena eta 2014ko apirilaren 2ko, salaketei erantzuteko gomendatzen duena, ostalaritza jardueraren gainean hirigintza eta ingurumen legezkotasuna betetzeko.
Gazteen aisiarako lokalak. 2014. urtean zehar hainbat jarduera egin dira. Oro har, gaiari buruzko agiri bat egin dugu, fenomeno hau euskal administrazio publikoak kontrolatzeko dugun zereginetik aztertuta. Azken urteetan, izan ere, Euskadin aisialdirako aukera berri bat sortu da, batez ere gazteen artean ematen dena, 15-29 urte bitartekoengan: egoitza eraikinetan dauden merkataritza lokalak egokitu eta erabilera soziala eta aisialdikoa emateari buruz ari gara. Gazteen Euskal Behatokiak “Gazteen lonjak eta lokalak EAEn” txostenean dioenez, adin tarte honetan sartzen den biztanleriaren % 20k (hau da, 62.000 gazte inguruk) gazte lokal edo lonja bat dauka Euskadin. Tradizionalki beren denbora toki eta lokal publikoetan pasa duten gazte taldeen arteko gizarteratze eta topaketa gune berriak edukitzeko beharrizanaren aurrean sortu da errealitate hau. Kasu gehienetan, fenomeno hau positiboa eta baketsua izan da. Hala ere, zenbait kasutan, lokal hauek arazoak sortu dituzte dagokion jabe erkidegoaren barruan, gauez erabiltzen direlako, erabiltzaileek zaratak egiten dituztelako edo erabilera komuneko espazioak okupatzen dituztelako. Halaber, lokal batzuetan, jolas erabilera horretarako berariazko egokitzapenik ez dagoenez, segurtasun eta osasungarritasun baldintza egokiak falta dira eta horrek ere kezka pizten du biztanleen artean. Arazo urri horien ondorioz, aisialdirako beste lokal mota batzuek askoz gatazka gehiago sortzen baitituzte (tabernek edo diskotekek, esaterako) administrazioak jarduera hori kontrolatzeko egin behar duen esku hartzea mugatuagoa da. Gehienetan tokiko administrazioek gazte arlotik esku hartu dute geroz eta nabarmenagoa den gizarte errealitate hori jorratu, gazteengana hurbildu eta fenomeno hori ezagutzeko. Udalaren esku hartzeko proposamenen ondorioz, lokalen bizigarritasun eta segurtasun baldintzak hobetu egin dira eta higiezineko auzokideen arteko topaketa puntuak sustatu. Kasu zehatz batzuetan eta auzokideek aurkeztutako etengabeko salaketen ondorioz soilik esku hartu dute udalek ingurumen diziplinaren arlotik, arazo gehien sortzen dituzten lokalak kontrolatzeko. Hala ere, aspaldi honetan honako lokalak nabarmen igo dira eta administrazioaren kontrol erregimen garbia falta denez, ingurumen arazo gehiago sortu dira, batez ere jarduera honek gauez sortzen duen zaratagatik. Era berean, lokalen baten segurtasun baldintza okerrak direla eta gorabehera batzuk egon dira, suteak eragin baitituzte, eta, kasu zehatz batean, erabiltzaileetako baten heriotza.
Hori guztia kontuan hartuta, oinarri agiri bat aurkeztu dugu, gazteen lokalei buruz hausnartzeko, Arartekoak azken urteetan egin dituen jarduerak abiapuntutzat hartuta. Eudelekin batera antolatutako lan jardunaldian Euskadiko hainbat udalekin egindako lankidetza ere izan da oinarria, udalek gai honetan jarduteko dituzten modu desberdinak ezagutu ahal izan baititugu. Helburua zera da, hainbat proposamen eta gomendio ezartzea, administrazio publikoek modu homogeneoan jardun dezaten premisa bikoitzaren barruan: ingurumenerako eraginen bat sor dezaketen jarduerak arautzen dituen araudi esparrua betez eta gazte lokal egokiak, seguruak eta inguru sozialean integratuak sustatuz, geroz eta nabarmenagoa den fenomeno honetan esku hartzen duten gainerako eragileekin bat eginik.
Ondorio gisa, bada, ebazpen bat egin dugu eta hainbat neurri proposatu ditugu, gazteen aisialdirako lokal hauek irekitzean antzemandako arazoei erantzun egokia emateko asmoz. Horien artean sartzen dira udalen eskutik gazte lokalak ikuskatzeko plana, ingurumen kontrol eta jarduerarako programa, eskatutako zuzenketa neurriak bete ote diren egiaztatzeko ondorengo kontrola, udal ordenantzen bidezko udal araudia eta Eudelen eskutik udal jardunbide onen hedapena.
Bestalde, jaso ditugun erreklamazioei erantzuteko, Arartekoaren 2014ko urtarrilaren 29ko ebazpena egin dugu, Erandioko Udalari gomendatzen diona behar diren neurriak har ditzala gazteen aisiarako lokalek sortutako eragozpenak saihesteko.
Zarata, partikularren artean. Etxeko jardueren ondorioz sortutako zarata eragozpen larriekin lotutako kontsulta eta kexak berriz ere errepikatu dira. Hori dela eta, geroz eta udal gehiagok erabaki dute kontrolatzea eta ikertzea ea udal araudian ezarritako gehiengo mugak gainditu diren, eta, hala badagokio, gatazkak ebazteko mekanismoak sustatzea.
2.5. Uraren kutsadura
Barakaldoko Ezpitsua plataforma ekologistak 2014ko otsailean kutsadura gertaera baten berri eman zigun: Bizkaiko Oiola urtegiko uren ingurumen kalitateari buruzko gertaera, hain zuzen ere. Urtegi hori Barakaldoko biztanleentzako edateko ura hornitzen duen sarera bideratzen da. Gai honen gainean Arartekoaren 2014ko maiatzaren 5eko ebazpena egin dugu, Oiola urtegiko uren ingurumen kalitateari buruzkoa. Horren bidez, Osasun Sailari eta URA Uraren Euskal Agentziari iradokitzen zaie edateko ura hartzeko erabilitako uren kalitatea kontrolatzeko prozedura bat ezar dezatela, 2000/60/EE Zuzentarauko 7.2. artikuluan jasotako betekizunei jarraiki.
2.6. Kutsadura elektromagnetikoa
Guraso talde batek bere kezka adierazi digu, ikastetxe horretako instalazioen barruan ikasleek eremu elektromagnetikoen esposizio maila altua dutelako, inguruan dagoen telefonia geltoki baten instalazioaren ondorioz. Gai horri erantzuteko, bada, Arartekoaren 2014ko abenduaren 1eko ebazpena egin dugu, eremu elektromagnetikoek eskola batean dituzten inmisio mailen administrazio kontrola jorratu duena.
Kasu horietan, estatuak isuri erradioelektrikoen aurrean osasun babeseko neurriak hartzeko duen eskumena bazter utzita, administrazio publikoek era aktiboan esku hartu behar dute, herritarrei erantzun bat emanez gai honen egoeraren inguruan, erantzun argia eta benetakoa, gainera. Euskal administrazioek, beren jarduera eremuaren barruan, eta arduraren printzipioari jarraiki, ikastetxeen osasun arretaren pertzepzioari buruzko erantzun justifikatua eman behar dute. Informazioko, eta, hala badagokio, prebentzioko neurri horietan kontuan hartu behar dira proportzionaltasuna, bereizkeriarik eza, dagoeneko onartutako antzeko beste neurri batzuekiko koherentzia, erabakiaren abantailen eta desabantailen azterketa eta bilakaera zientifikoaren ikerketa. Edonola ere, administrazioen erantzuna antzekoa izan beharko litzateke horrelako erradiazio mailak jasaten dituzten ikastetxe guztietan. Informazio neurrien eremuan garrantzitsua da Osasun Sailak lanean jarraitzea biztanleriak jasaten dituen eremu elektromagnetikoen osasun arriskuak aztertu eta ebaluatzen, batez ere adinagatik, osasunagatik edo esposizio mailagatik informazio gehiago behar duten taldeen kasuan. Eremu elektromagnetikoen egoerari buruzko informazio eta hedapen lan horretan neurri zehatzak jaso behar dira kexa sustatzen duten pertsona eta kolektiboek egiten dituzten gizarte eskaerei erantzuna emateko; esaterako, informazio bilerak, liburuxkak edo dibulgazio egunak ikastetxeetan.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Eusko Jaurlaritzak 2020ko VI. Ingurumen Esparru Plana onartu du. Plangintza tresna hori Ingurumenaren arlorako Batasunaren 2020rako VII. Ekintza Programa Nagusian sartzen da, “Ondo bizi, gure planetako mugak errespetatuz” delakoan.
Ingurumen politikaren programak sei helburu estrategiko dauzka, hona hemen: ingurumena kontserbatu eta hobetzea; ekonomia lehiakorra, berritzailea, karbono baxukoa eta baliabideen erabileran eraginkorra; osasuna eta ongizatea; lurraldearen iraunkortasuna; politika publikoen koherentzia iraunkortasunarekin, eta nazioarteko erantzukizuna sustatzea. Horretarako, 75 jarduera aurreikusi ditu eta aldian-aldian ebaluatu beharko dira. Ekintza horien barruan, zehazki, ingurumen politikak proiektu gakoak azpimarratu ditu, besteak beste, ingurumen administrazio eredugarria, lurralde osasungarria, ingurumen arloko fiskalitatea, ekoizpen berdea, elikadura zirkularra edo azpiegitura berri berdeak gune kaltetuetan.
Araudiari dagokionez, ekainaren 3ko 90/2014 Dekretua aipatu behar dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzkoa. Arau horrek, lurraldearen antolamenduari jarraiki, tresna egokiak ezartzen ditu paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko, baita neurri aproposak ere, paisaiari buruzko sustapen, sentsibilizazio, prestakuntza eta ikerketa lanak egiteko. Arauan azaltzen diren tresnak honakoak lirateke: paisaiaren katalogoak, paisaiaren zehaztapenak, paisaiaren ekintza planak eta paisaia integratzeko azterlanak.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
Ofiziozko jarduera bat hasi du erakunde honek, Gure Energia plataformak bildutako informazioari jarraiki. Elkarte hori, hain zuzen ere, eredu energetiko berriaren aldeko plataformaren Euskadiko nodoa da. Hiritarren plataforma horretan hogeita hamar elkarte eta partikular talde baino gehiago daude eta Euskadin oraintsu eratu da, aurrezkian, eraginkortasun energetikoan eta energia iturri berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko berriari buruzko eztabaida sustatzeko gizarte mailan.
Plataforma horrek, hain zuzen ere, hainbat gai planteatu
dizkigu: sektore turistikoa erreformatzeko beharrizanetik hasita (elektrizitatearen tarifaren eta prezioaren defizita arazoari erantzuteko neurriak, kostuak ikuskatzeko proposamenak edo energia berriztagarrien sektorean segurtasun juridikoa bermatzeko beharra), eredu energetiko berriari buruzko eztabaidarako mahai berria eratzeraino. Plangintza horretan energia era deszentralizatuan eskuratzen dela bermatu beharra jasotzen da, eta, horretarako, autokontsumoa sustatzen duten eta talderik ahulenen egoera kontuan hartzen duten neurriak proposatzen dira. Zeharkako beste neurri batzuk ere azaldu dira, energiaren eskariaren kudeaketa hobetu, aurrezki eta eraginkortasun energetikoko neurriak ezarri eta energia berriztagarriak sustatze aldera.
Gure Energiaren proposamen zabal horri erantzuteko, bada, Euskadin egungo eredu energetikoari buruz hausnartzeko oinarriak ezartzeko aukera egokia izan daitekeela uste dugu. Hala, eredu energetiko iraunkorragora eta hipokarbonikora hurbiltzeko aurreikusitako eta gomendatutako jarraibideak zeintzuk izango liratekeen ere eztabaidatu beharko litzateke.
4.2. Elkarteekin egindako bilerak
Aurten ere Euskadin ingurumenarekin lotutako elkarteekin harremanak indartzeko helburuari eutsi diogu. Lankidetza esparru hori erreklamazio zehatzak aurkeztuz, aldizkako bilerak edo dibulgazio lanak eginez edo teknologia berriak erabiliz (esaterako, Arartekoaren ingurumen foroa) garatu da
Harremanen esparru horretan nolabaiteko harremana izan dugu honako auzo elkarte eta talde ekologistekin: Greenpeace, Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Txipio Bai, Eguzki, Zain Dezagun Urdaibai eta Anti Coke Koordinatzailearen parte den elkarteren bat.
Harreman horien barruan nabarmentzekoa da Gure Energia Plataformako ordezkari batzuekin izandako topaketa, berau izanik eredu energetiko berriaren aldeko plataformaren Euskadiko nodoa. Hiritarren plataforma horretan hogeita hamar elkarte eta partikular talde baino gehiago daude eta Euskadin oraintsu eratu da, aurrezkian, eraginkortasun energetikoan eta energia iturri berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko berriari buruzko eztabaida sustatzeko gizarte mailan.
Ingurumen Arloak daukan beste komunikazio tresna bat Arartekoaren ingurumen foroa da. 2014. urtean zehar Arartekoaren ingurumenari buruzko blogak martxan jarraitu du 14 elkarterekin. Martxan jarri zenetik 90 sarrera baino gehiago eta 16.000 bisita baino gehiago jaso ditu.
4.3. Administrazioekin eta zerbitzuekinegindako bilerak
Aurten hainbat bilera egin ditugu udal administrazioekin, ostalaritzaren jarduerak sortzen dituzten kutsadura akustikoko arazoei buruz. Gai honen gainean hainbat topaketa egin ditugu Hernaniko Udaleko, Azpeitiko Udaleko eta Alegria-Dulantziko Udaleko ingurumen arloko arduradunekin.
Halaber, harremanetan egon gara URA Uraren Euskal Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin, uren kalitatea kontrolatzearekin lotutako gaiei buruz mintzatuz, Oiola urtegian HCHren kutsadura antzeman ondoren.
2014ko irailean, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordeak gure esku hartzea eskatu zuen, gazteen lokalak arautu, antolatu eta horietan jarduteko legezko mekanismoak azaltze aldera.
2014ko irailean, halaber, Arabako Biltzar Nagusietan eratutako bilera legegilera bertaratu ginen, Foru Administrazioaren gardentasunari, partaidetzari eta informazio sarbideari buruzko foru arauaren proposamenaz mintzatzeko. Agerraldi horretan gaiaren arloan egin ditugun jarduerak eta proposamenak azaldu genituen, ingurumen arloetan eragin nabarmena izan baitute.
4.4. Iritzi artikuluak eta erakundeadierazpenak
Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzeko, Arartekoak aitorpen instituzional bat egin zuen. Kasu horretan, honakoa izan zen aukeratutako leloa. “Energia eredu berri baten paradigma”.
Aitorpen horretan energiak gure gizartearen ongizate eta aurrerapenaren iturri gisa duen garrantzia azaldu genuen. Hornidura energetiko unibertsal, seguru eta eskuragarririk gabe, gizadiaren lorpen handiak zalantzan jartzeko arriskuan erortzen gara. Energia nola eta zein baldintzatan lortzen den zehazteak berebiziko garrantzia dauka, ez soilik ekonomiaren ikuspegitik, baizik eta baita ingurumen eta gizarte mailan ere. Neurri gabeko kontsumoak gure baliabideak suntsitzea eta planeta apurka-apurka kutsatzea dakar. Aurrerapena eta ongizatea, beraz, ezin dira oinarritu iturri fosiletatik (batez ere) elikatzen den eredu energetiko batean. Eredu energetiko horren aurrean beste aukera batzuk daude eta horiek ezartzeko lan egin beharra dugu.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
• Herritarren artean geroz eta kezka handiagoa pizten duten ingurumen erronken aurrean, esaterako kutsadura atmosferikoa, usaintsua eta elektromagnetikoa, hainbat aukera proposamen jaso ditugu.
- Euskal administrazio publikoak arau neurri egokiak sustatu behar ditu, KOLen esposizio altua saihestu, eta, hala badagokio, murrizteko, airearen kalitate helburu berriak ezarriz edo petrolioa fintzeko jardueretarako muga balioak edo baldintza teknikoak sartuz.
- Usain kutsaduraren kasuan, usainen eta kalitate mailen ezaugarri objektiboak ezarriko dituen araudi esparru bat proposatzen dugu, araudi hori betetzen ote den ebaluatu ahal izateko.
- Isuri erradioelektrikoen aurreko osasun babeserako neurriei dagokienez, administrazio publikoek era aktiboan esku hartu behar dute, eta, hala, herritarrei gai honen egoerari buruzko erantzun argia eta benetakoa eman beharko diete. Euskal administrazioek, beren jarduera eremuaren barruan, eta arduraren printzipioari jarraiki, herritarrek duten osasun arriskuaren pertzepzioari buruzko erantzun justifikatua eman behar dute, batez ere ikastetxeak bezalako inguru sentikorretan. Informazio neurrien eremuan garrantzitsua da Osasun Sailak lanean jarraitzea biztanleriak jasaten dituen eremu elektromagnetikoen osasun arriskuak aztertu eta ebaluatzen, batez ere adin, osasun edo esposizio mailagatik informazio gehiago behar duten taldeen kasuan.
• Herritarren osasun egoera eta ongizatea sustatu eta babesteko, administrazio eskudunei neurri egokiak onartzeko proposatu diegu, Uraren Zuzentarau Esparruari jarraiki, kontsumo uraren ekoizpenerako uren ingurumen egoera egokia bermatze aldera.
• Gizarte zibilarekin elkarrizketan eta partaidetzan aritzeko guneak sustatzeko helburu estrategikoaren arabera, Arartekoak hainbat neurri proposatu ditu, hiritarren partaidetza sustatzeko. Hala, industria jardueren ingurumen kontrolaren kasuan, zehazki, Petronorri buruzko mahaia bat eratu behar zela azpimarratu genuen, ingurumenaren arloko informazioa eta partaidetza sustatzeko asmoz. Mahai horretan, administrazio-organo eskudunez gain, erakunde industrialaren ordezkari bat eta auzokideen edo ekologisten elkarteko ordezkari bat egon behar dira, batez ere ingurumen prozesu baten harira sortu diren elkarteen kasuan. Prozedura horietan topaketa mahai bat eratu eta bertan alderdi interesdunek parte hartzen badute, ingurumenari buruzko informazioa hedatuko da eta proposamenak, salaketa edo bestelako aldarrikapenak aurkezteko bide egokia izango da.
Ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubideari dagokionez, Arartekoak behin eta berriz adierazi du ingurumenari buruzko informazio eskaerak azkar, lehentasunez eta uztailaren 18ko 27/2006 Legean (ingurumen-gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen horretan) aurreikusitako hilabeteko epean tramitatu eta erantzun behar direla. Epe hori bete ahal izateko, erabaki publikoetako partaidetza bezalako eskubideez baliatzeko beharrezkoa dena, euskal administrazio publikoek bitarteko tekniko eta elektroniko nahikoak eduki behar dituzte.
• Azkenik, karbono gutxiko ekonomia garatuko duen eta baliabideak eraginkortasunez eta iraunkortasunez erabiliko dituen gizarte eredu iraunkorrago bat sustatzeko helburuari dagokionez, gure agiri proposamena aipatu behar dugu, oinarri batzuk ezartzen baititu Euskadin egungo eredu energetikoari buruz hausnartzeko.
Azken hamarkadetan eredu berri bat finkatu da, eraginkortasuna, aurrezkia, energia iturri berriztagarrien bultzada eta atmosferarako karbono isurien murrizketa lehenesten dituena. Eredu horretara hurbiltzeko, bada, administrazio, gizarte agente eta hiritarren plataforma ugarien arteko eztabaida energetikoa bultzatu behar da. Era berean, ingurumenaren ikuspegia sartu behar da estrategia energetikoa prestatzeko orduan. Horrenbestez, planetaren etorkizunarekin eta gure egungo ongizate estatuarekin iraunkorra den adostasun irtenbide bat lortzeko egin beharko dugu lan.