2. Hezkuntza
1. Arloa kopurutan
2014an 146 kexa bideratu dira hezkuntzaren arloan.
Honako hauek izan dira kexa horiengatik eragindako administrazioak:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra
(Eusko Jaurlaritza) 118
• UPV/EHU 5
• Tokiko administrazioa 2
• Foru administrazioa 1
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da aurkeztutako kexa gehienak biltzen jarraitzen duena. Horregatik, azken urte hauetan egiten ari garen moduan, nabarmendu egin nahi dugu sail horretako arduradunek lankidetzan aritzeko izan duten jarrera. Izan ere, jarrera horrek kexa moduan jaso ditugun kontu gehienak behar bezala izapidetzeko aukera eman du.
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako azpiarlo hauei buruzkoak izan dira:
• Bekak eta bestelako laguntzak 27
• Ikasleen onarpena 20
• Eskubideak eta betebeharrak 15
• Lanbide heziketa 13
• Hezkuntza-premia bereziak 13
• Eskola-garraioa 12
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura
administratiboa 9
• Eskolako tratu txarrak edo jazarpena 8
• Hizkuntzen irakaskuntza 7
• Unibertsitateko irakaskuntza 6
• Hezkuntzako plangintza/programazioa 5
• Eskola-jantokia 5
• Beste alderdi batzuk 3
• Haur hezkuntza 1
• Irakaskuntza artistikoak 1
• Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1
Kexa-arrazoiak ez dira aurreko urtekoetatik bereziki aldendu. Nabarmentzekoa da bekak eta bestelako laguntzen azpiarloa sendotu egin dela arlo osoarekiko duen pisu erlatiboarekiko (% 18 inguru), baita ikasleen onarpenaren azpiarloa ere. Garrantzia esanguratsua izaten jarraitzen dute bai eskubide eta betebeharren azpiarloak, bai hezkuntza-premia berezienak ere. Azkenik, beharrezkotzat jotzen dugu azpimarratzea lanbide-heziketaren gaineko kexak hartzen ari diren presentzia.
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen izapidetze-prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da 2014an jasotako kexa guztiak, 2014ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak gaineratuta, txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Ikasleen onarpena
2.1.1. 2014an izapidetu diren kexetatik marokoar neska gazte batek bideratutakoa aipatuko dugu. Hark bere bizilekua EAEra aldatu zuen, eta haren xedea zen DBHko ikasketak A ereduan egiten jarraitzea. Hasiera batean, gazte horrek hezkuntza-agintarien aurkakotasunarekin egin zuen topo, D ereduan eskolatzea besterik ez baitzuten aurreikusten.
Erakunde honen jarduna Arartekoaren 2014ko azaroaren 24ko ebazpenean islatuta geratu da. Horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatu zaio gazte horren eskolatzea berriz aztertzeko eta Bilboko Martín de Bertendona Bigarren Hezkuntzako Institutuan A ereduko derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasle gisa onartzea baimentzeko. Gomendioa onartu egin da.
Gomendio hori lantzean, nabarmendu nahi izan duguna da eskolatzeko lurralde batzordeek berandu etorritako ikasleekin egiten duten lana. Eusko Legebiltzarrari azkenaldian aurkeztu dizkiogun urteko txostenetan gaineratutako iruzkinei eutsi diegu. Iruzkin horietan azpimarratu izan dugu aipatu batzordeek ekarpen ukaezina egiten dutela, besteak beste, ikasleen banaketa orekatua lortzen saiatzeko. Baina, kasu honetan, ez dugu antzeman mota horretako plangintza-helburuei edo-beharrizanei lotutako elementurik, interesdunak egindako hautaketa kontuan ez hartzea justifika dezakeenik.
2.1.2. Aipatzeko modukoa da ere familia batek hala eskatuta izapidetu den kexa, bi urteko bere semeak eskolaratzea A ereduan has zezala nahi zuena.
Kasu horretan Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko ebazpena eman dugu. Horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatu diogu bi urte baino gutxiagoko ikasle bat A hizkuntza-ereduko ikastetxe batean eskolatzeko aukerak azter ditzala eta horien berri eman dezala.
Kasu hori izapidetzean, azpimarratu nahi izan duguna da hezkuntza-arduradunek hasieran defendatzen zuten jarrera ikusita, horrek esan nahi zuela ikasleak onartzeko araudian xedatutako agindua (eskolatze-bermerik edo -konpromisorik ez dagoen etapetan ere plazak esleitzekoa) ez zela ezagutzen eta edukiz husten zela. Aipatutako hasierako jarrera horrek honako hau defendatzen zuen: hasierako inskripzio-eskaeran egindako eskolatze-eskaerei arreta eman ezin zaienean, geroko eskaera oro epe arruntetik kanpo egindako eskolatze-eskaera gisa izapidetu behar zela.
Gainera, erakunde honen esperientziagatik, jarrera hori ez zetorren bat hezkuntza-administrazio horren ohiko jarduketarekin. Izan ere, antzeko kasuetan, ez du eragozpenik jarri familiei libre zeuden plaza hutsen gaineko beharrezko informazio guztia helarazteko, bigarren eta hirugarren aukeren adjudikazioari amaiera eman ostean; hori guztia urteroko prozesu arruntaren testuinguruan, nahiz eta eskolaratzeko bermerik egon ez.
Hezkuntza-arduradunak, euren azken erantzunean, prest azaldu dira familiak hautatutako zenbait ikastetxeren ratioa zabaltzeko. Ikastetxe horiek beren hezkuntza-eredua dela-eta hautatu dituzte familiek. Horren ondorioz, gomendioa onartutzat jo dugu.
2.2. Hezkuntza-plangintza edo programazioa
2.2.1. Ikasleak onartzeko prozesuari buruz jasotako kexak zenbaitetan gai garrantzitsuagoekin lotuta egoten dira, besteak beste, hezkuntza-plangintza edo -programazio kontuekin. Oraintsu izapidetutakoen artean, aipatu dugunaren adierazle da familia batek sustatutako kexa, Bilboko Zazpi kaleak-Ibaiondo gunean bere alabaren eskolaratze-aukerengatik arduratuta zegoena.
Kexa horrek ahalbidetu digu,batetik,Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari galdetzea ea betetzen ote den Euskadiko Eskola Kontseiluak emandako gomendioa, zonalde horretan antzemandako eskaintza urriari erantzuteari buruzkoa; eta, bestetik, gomendio horren arabera hezkuntza-eskaera handitzeko egin den esfortzua egiaztatzea.
2.2.2. Bestalde, beste urte batez, Sopuerta udalerri bizkaitarrean bizi duten gatazka aipatu behar dugu. Bertan, Handitzen guraso-elkarteak honako hau eskatzen du:La Baluga haur-eskolan hezkuntza publikoko eskaintza ematea lehen hezkuntzarako.
Arduraz ikusi ditugu 2014-2015 ikasturte hasieran gertatu diren istiluak. Horregatik, errepikatu egiten dugu, inoiz baino gehiago, hezkuntza-administrazioak ezin duela baztertu hezkuntza-eskaintza baten programazioari lotuta duen ardura. Izan ere, eskaintza horrek erantzun egin behar dio Sopuertan lehen hezkuntzan ere hezkuntza publikoko eskaintza lortzea xede duen eskariari.
2.2.3. Beste zenbaitetan, hezkuntza-plangintza edo -programazio kontuei buruzko kexak beste hezkuntza-eskaera batzuekin egoten dira lotuta, hala nola, ikasleen banaketa orekatsuagoa lortzearekin, jatorri atzerritarreko ikasleen integrazioa areagotzeko asmoz. Horixe bera da, Sasoeta Zumaburu HLIHko Burunzpe Guraso-elkarteak hala eskatuta, une honetan izapidetzen ari garen kexaren kasua. Kexa horrek eskola-mapa berri bat eskatzen du Lasarte-Oria (Gipuzkoa) udalerriarentzat.
2.3.Eskubideak eta betebeharrak
2014. urtean, bi urteko bi anaia bikiren eskolaratzeari buruz sustatutako kexa nabarmendu da bere berezitasunagatik. Gure esku-hartzeari ekitean, ulertu dugu euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeei ziurtatutako pedagogia-, antolaketa- eta kudeaketa-autonomia ez dela traba izan behar hezkuntza-administrazioak orientabide posibleak ager ditzan. Ikasturte hasierako ebazpenetan egiten dira orientabide horiekiko berariazko erreferentziak.
Gaur egun, behin eta berriz errepikatzen da bikiak,euren eskolaratze-garaia hastean,gela desberdinetan banantzeak ez duela inolako zehaztasun zientifikorik, eta gomendagarriena dela, ikasturtea hastearekin bat, biki bikote bakoitzaren egoera bereziak kontuan hartzea,zein gelatan jarri erabakitzeko. Aipatutako egoeraren aurrean familien papera aldarrikatu beharra dago, beraiek baitira euren seme-alabak ondoen ezagutzen dituztenak hasierako aldi horretan. Hala ere, handik aurrera haien hezkuntza-jarraipenak zehaztuko du bikien eskolaratze-moduaren gainean zein erabaki hartu beharko den.
Hezkuntza Saila harkor agertu da erakunde onetatik iradokitako praktika onaren aurrean, hau da, gurasoek parte hartu ahal izatea bikiak gela berean edota gela desberdinetan eskolaratu ditzatela erabakitzeko prozesuan.
2.4. Hizkuntzen irakaskuntza
2.4.1. 2014. urtean, honako kexa hau azaldu da beste behin ere: EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako onartze- eta matrikulazio-prozesuetan Atzerritarren Identifikazio Zenbakirik (AIZ) ez duten etorkinei jartzen zaizkien mugak. Horrez gain, zalantzan jarri da, nahiz eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ukatu, bete gabe gera litezkeen lekuak pertsona horiei esleitzeko hartu zen konpromisoa eskola jakinetan gauzatu ote den.
Horren harira, 2013ko urteko txostenean adierazi genuenari lotzen gatzaizkio.
2.4.2. Bestalde, desadostasuna egon da hizkuntza-trebetasunak egiaztatzeko ezarrita dauden irizpideekin gaitasun-agiriak lortu ez diren kasuetan. Zehazki, ez da egon adostasunik ekaineko eta iraileko deialdietan izandako jokaera desberdinak direla-eta. Izan ere, lehendabizikoan, idatzizko-proba gainditu ostean egin zitekeen bakarrik ahozko proba; bigarrenean, aldiz, posible zen egitea idatzizkoa gainditu gabe. Zegokion izapidetzea egin eta gero, honako hau izan da ondorioa: hezkuntza-administrazioak baduela arau-babes eta arrazoi nahikorik, eskura dituen aukeren artean, eta, bestalde, aukera horiek askotariko aldaketak jasan ditzaketela.
2.5. Lanbide heziketa
Atal honetan, nabarmendu nahi dugu lanbide-heziketako hezkuntza-zentroetan arrisku erradiologikoa duten materialak erabiltzearen gainean sustatutako kexa.
Kexa hori dela-eta hasitako esku-hartzean zehar, Hezkuntza Sailetik jakinarazi digute eskakizun bat bidali dietela bai “Soldadura eta galdaragintza” erdi-mailako heziketa-zikloa, bai “Metalezko eraikuntzak” goi-mailako heziketa-zikloa ematen duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietara toriozko elektrodoak zerio, lantano edo zirkoniozkoengatik ordezkatzeko, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak landutako prebentzioko ohar teknikoari jarraiki.
2.6. Ikastetxeak
2.6.1. Bilboko Luis Briñas Santutxu HLIH ikastetxearen gainean izapidetutako kexak ahalbidetu digu egiaztatzea hezkuntza-arduradunek jarrera positiboa dutela dagoen arazoari konponbidea ematen saiatzeko. Arazoa hauxe da: haur eta lehen hezkuntzako ikasleen jolas-orduetarako espazio ireki bat sortu behar dela, baina aldi berean estalita dagoena,eta ikastetxeak babestutako eraikin izaera duela.
2.6.2. Izapidetu dugun beste kexa batek honako hau nabarmentzera eraman gaitu:itunpeko zentroetako eskola-kontseiluek badutela eskumena eskolako ordutegiarekin lotutako erabakiak hartzeko, familien iritzia eskatu gabe, familia horiek kontseiluan bertan duten ordezkapenetik haratago.
2.7. Eskola-garraioa
2.7.1. Bukatu dugu zerbitzu honen egungo antolaketaren gainean egin dugun esku-hartzea, ikasle ezgaituentzat diskriminatzailea dela uste duen familia batek hala eskatuta egindakoa, hain zuzen ere.
Berorri buruz emandako ebazpenean ondorioztatu dugu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, ahal den neurrian, lehenetsi egin behar duela eskola-garraioen ibilbideak egokitutako autobusekin antolatzea, hezkuntza-beharrizan bereziak (ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutakoak) dituzten ikasleen barneratzea bultzatzeko. Aukera hori bideragarria ez bada, eta familiak behartuta badaude banan-banako diru-laguntzen deialdietan parte-hartzera, erabilitako garraio-zerbitzua ordaintzeko, uste dugu Hezkuntza Sailak zehaztu egin behar duela zenbaterainokoa izan behar den ikastetxeetako zuzendaritzen esku-hartzea, Balioespen Batzordearen geroko jardunak familiengan sorrarazitako bidezko itxaropenak zapuztu ez ditzan. Eta, hitz batez, ulertu dugu Hezkuntza Saila saiatu behar dela banan-banako diru-laguntzak deitzeko urteroko aginduak aurreratzen,horrela,ahal den heinean, eskatutako laguntzak lehenago eman ditzan.
2.7.2. Era berean, Arartekoaren 2014ko urtarrilaren 28ko ebazpenaren bidez, bukatutzat jo dugu gure esku-hartzea beste kexa batean. Kexa horretan zalantzan jartzen zen ea hezkuntza-administrazioak baduen ahalmenik bizilekutik hurbil dagoen itunpeko ikastetxe batean eskolaratzea ezartzeko, nahiz eta inguru hurbilean eskaintza publikoa izan, horren arabera utziz eskola-garraioko zerbitzu osagarria aitortzea ala ez aitortzea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez du emandako gomendioa onartu. Hori dela eta, aldaketa nabaria gertatu dela azpimarratu behar dugu, orain arte, eta hala dela ikusi dugu beste kexa-espediente batzuen tramitazioan, hezkuntza-administrazioak ez baitie inoiz ere ukatu eskola-garraioaren zerbitzu osagarria beste zonalde edo udalerri batzuetako zentro publikoetara joan beharra zuten ikasleei, eurak bizi ziren zonaldean edo udalerrian plaza publikorik ez zegoelako beste batera joan behar baldin bazuten, nahiz eta itunpeko zentroek hezkuntza-eskaintza izan. Honako hauek izan dira erabilitako arrazoiak: eskola-garraiorako baliabide publikoen erabilera eraginkorraren beharra eta programatutako hezkuntza-planifikazioan balizko disfuntzioak saihestea.
2.8. Eskola-jantokiak
Eskola-jantokiei dagokienez, begiraleen ratioak doitzeko aukera planteatu da,aldi baterako bazkaltiarren etorrerak gutxieneko jarraipena izango duela itxura duten kasuetarako, hala nola, gerora sortutako egoerengatik lana eta familia uztartzea behar duten gurasoak, etab.
Haatik, erakunde honetan ulertu dugu zuzeneko kudeaketa erregimenean dauden eskola-jantokien funtzionamendurako egungo aginduetan agertzen diren begiraleen ratioak doitzeko mugak erabaki objektibo eta arrazoitu baten emaitza direla (eta ez arbitrarioa). Ratio horiek hezkuntza-arduradunek erabaki dituzte, agindu horiek ezartzeko aintzatetsi zaien eskumeneko ahalmena erabilita.
2.9. Bekak eta ikasketarako bestelako laguntzak
2014. urtean, aipamen berezia merezi du bikaintasun-beken gainean (gure aurreko urteko txostenean ere aipatu genituen) izapidetutako kexak.
Gure jarduna bukatutzat eman duen ebazpenean nabarmendu dugu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokiola egokiena irizten dion unibertsitate-politika diseinatzea, irakaskuntzan zein ikerkuntzan bikaintasuna bultzatu eta sustatzeko. Horrek honako hau defendatzera eraman gaitu: aurrekontuak baldintzatzen dituzten egungo egoera ekonomiko zailak gorabehera, ezerk ez duela oztopatzen Hezkuntza Sailak bikaintasuna sustatzeari biderapen berri bat eman izana erabakitzea. Gauzak horrela, alde batera utzi ditu bikaintasun-bekak izeneko diru-laguntzak, eta haien ordez sari finalista bat sortu du, nahiz eta oraindik bikaintasun-beka horiek beken eta unibertsitate-ikasketetarako diru-laguntzen deialdi orokorraren esparru barruan dauden.
Hain zuzen ere, bikaintasun-beken azken konfigurazio horrek eragiten du eurak emateko-prozesua ezin dela baldintza ekonomiko okerren konpentsazio-printzipioa kontuan izan gabe egin, horixe baita beken eta ikasketetarako laguntzen politikan gailendu behar den printzipioa. Horrenbestez, beka hori eman ahal izateko, zenbait betekizun ekonomiko bete behar dira.
Dena dela, adierazi dugu aldaketa horiek egitean, eta administrazio onaren alde jardunda, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak argitasun eta gardentasun gehiagoz jokatu behar izango zukeela; horrela, hasiera batetik azaldu eta jakinarazi beharko zukeen bikaintasunaren sustapenarekiko bere jarrera aldatzeko erabakia.
2.10. Unibertsitateko irakaskuntza
2.10.1. UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoak zenbait kexa izan ditu aurten.
Kexa horietako batean Arartekoaren 2014ko azaroaren 26ko ebazpena eman dugu. Horren bidez, UPV/EHUri gomendatu zaio Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko irakaskuntza-eskaintza berriz aztertzeko, Gobernu Kontseiluaren 2009ko azaroaren 19ko Erabakiaren, irakaskuntzaren plangintzarako araudia Graduko titulazioak ezartzeko prozedurara eta eremura egokitzekoaren, irizpideekin bat eginez.
Beste batean, berriz, ulertu dugu UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoan ematen diren Ingeniaritza Nautikoa eta Itsas Garraioa zein Itsas Ingeniaritza izeneko graduetako ikasketa-planek Unibertsitate Kontseiluaren oniritzia jaso dutenez, horrek ahalbidetzen duela plan horiek Itsas Jendearen Prestakuntza, Titulazioa eta Zaintzako Arauei buruzko Nazioarteko Hitzarmenean, 1995ean zuzendutakoan (STCW-78/95 Hitzarmena), ezarritako prestakuntza-baldintzak betetzen dituztela defendatzera (UPV/EHUko unibertsitate-arduradunek egiten duten legez).
2.10.2. Bukatzeko, nabarmendu nahi dugu ere UPV/EHUra sartu nahi zuen emakumezko gazte batek hala izapidetutako kexa. Gazte horrek batxilergoaren pareko ikasketa homologagarriak zituen eginda, AEBko hezkuntza-sistemaren arabera, eta UPV/EHUn ikasi nahi zuen.
2013-2014 ikasturtean, gazte horrek Unibertsitatera sartzeko proban, UPV/EHUk deitutakoan, parte hartu zuen. Parte-hartze hori baldintzatuta zegoen une horretan izapidetze-prozesuan zegoen homologazio-espedienteko emaitzarengatik, eta honako zailtasun honekin egin zuen topo: EHUk zioen bera (EHU) ez zegoela ahalbidetuta ikasketa-espedienteko bataz besteko nota kalkulatzeko. Gainera, ez zuen aintzat hartzen ere UNEDek 2012-2013 ikasturtean kalkulatutako bataz besteko nota, uste baitzuen kontsultarako emandako informazioa ez zela behar bezain frogagarria. Azkenik, eta erakunde honek egindako hainbat kudeaketaren ostean, UPV/EHUk onartu egin zuen UNEDen webguneko idazkaritza birtualetik emandako nota aintzat hartzea, eta gazte hori UPV/EHUko ikasle bihurtu zen egin nahi zituen ikasketetan.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Nahiz eta Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen barruan 2014ko abuztuaren 29ko Akordioa lortu den, eta horren arabera konpondutzat jo diren hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren (LOMCE) gainean azaldutako eskuduntza-desadostasunak, horrek ez du ekidin euskal Administrazioak bere burua Auzitegi Konstituzionalera jotzera behartuta ikustea, hezkuntza erreforma horri erabateko gaitzespena agertzeko. Horrez gain, eskumen-gatazka positiboa sustatu du Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duen otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren aurka.
Adierazpen publikoetan hezkuntza-arduradunek behin eta berriz azaldu dutenaren arabera, LOMCE indarrean sartu ostean, euren helburua gutxieneko beharrezko neurriak hartzea besterik ez da, euskal ikasleak babesteko xedearekin eta EAEko zenbait hezkuntza-sektorek defendatutako intsumisio-jarrerak kalterik eragin ez diezaien.
Edonola ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak LOMCEren aurrean errefusa modu adostuan adierazteko zuen helburuak (“Heziberri 2020” planaren bitartez eta hezkuntza-eredu pedagogiko propioa ezarrita)euskal hezkuntza-komunitateko eragile nagusien aurkakotasunarekin egin du topo, esan baitute ez daudela ados EAEko etorkizuneko curriculum gisa aurkeztu diren proiektuen edukiarekin.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2014an, Arartekoaren 2014ko martxoaren 6ko ebazpenaren bidez, bukatutzat jo dugu hezkuntza-administraziokoak diren zentro publikoetako bi urteko ikasgeletan laguntza-langileen presentziari buruz lantzen egon garen gure esku-hartzea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko egungo arduradunek ziotenez, irakasleak kontratatzeko sistema arruntetik kanpoko kontratazio horiek dakarten arazoa ezagutzen zuten. Baina ikastetxeetako zuzendaritzekin eta guraso-elkarteekin egin zuten esku-hartze bakarra dagoeneko existitzen ziren kontratazioak ez berriztatzeko baino ez zen izan.
Horregatik, emandako ebazpenean adierazi dugu egoera horrek aurrera egin eta denboran luza dadila uzteak esan nahi duela ikastetxe batzuek ezikusia egin ahal dietela EAEko ikastetxe guztientzat ezarri diren baliabide-esleipen irizpideei, eta irizpide horiek aplikatu beharrean hezkuntzako administrazioak kudeatzen ez dituen giza baliabideak eskuratu ahal dituztela. Horrek bi urteko ikasleak eskolatzeko baldintza-berdintasuna arriskuan jartzen du.Besterik da Hezkuntza Sailak pentsatzen badu, laguntza-langile horiek beharrezkoak direla kalitatezko hezkuntza-eskaintza bermatzeko. Hala balitz, baliabide horiek bere langileekin hornitu beharko lituzke, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko gela guztietan.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu egin du erakunde honek emandako gomendioa.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
2014. urtea bukatzear dagoela, erakunde honetatik kezka handiz ikusten ditugu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila “Heziberri 2020” planaren barruan aurkezten ari den proiektuekiko EAEko hezkuntza-eragile nagusiek dituzten desadostasunak. Horiei gehitu behar zaie gure Erkidegoan gaitzespen nabarmena jaso duela hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa (LOMCE) indarrean jartzeak.
Gure aburuz, desiragarria litzateke gutxieneko adostasuna egotea hezkuntza-eredu propioaren gainean, egungo Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea onartu zenean gertatu zen legez.
Adierazi beharra daukagu arduratu egiten gaituela zenbait sektoretatik sustatutako intsumisio-jarrerak, jarrera hori arriskutsua izan baitaiteke, hezkuntza-arduradun nagusiak publikoki adierazi duen moduan. Haren asmoa da nahitaez hartu beharreko neurriak hartzea soilik, EAEko ikasleak kaltetuak izan ez daitezen.
Edonola ere, uste dugu herritarrek zein zenbait hezkuntza-eragilek hala eskatuta erakunde honetan izapidetu ditugun kexen errealitatea jardunbide berriak bultzatzeko iturri edota erreferentzia gisa erabili behar dela, gure hezkuntza-sistema hobetu eta bikaintasunera eramango dutenak.
Zentzu horretan, eta errepikakorrak izateko arriskua izanagatik ere, ikasleen onarpen-prozesuari dagokion atalean honako iritzi hau dugu: lekurik ez dagoen kasuetan aplikatzen diren lehentasun-irizpideei buruzko gogoeta sakona egin behar dela, bereziki familiaren bizilekuaren hurbiltasunari buruzkoa, Erroldako datuen gehiegizko erabilera ematen baita, eta hori hezkuntza-administrazioak sobera ezagutzen duen iruzurrezko praktika da. Alabaina, ez da horren aurkako inolako neurririk hartu.
Puntu honetan, hezkuntza-administrazioak bere gain hartu dituen eskolaratze-konpromisoei erreferentzia egin nahi diegu. Berorien arabera, pentsatzen dugu hezkuntza-arduradunek familiei laguntza emateko rola bereganatu behar dutela, eskolaratze-ziurtasunik ez dagoen kasuetan ere, bi urtekoen mailan gertatzen den legez.
Aurreko urteetan bezala, goraipatu egin nahi dugu eskolatzeko lurralde batzordeek egiten duten ekarpena, gure hezkuntza-sistemara lehen aldiz sartzen diren ikasleak integra daitezen. Dena den, gailendu nahi dugu, proposamenak egiten dituztenean, batzorde horiek honakoa bermatu behar dutela: ikastetxeen finantzaketa-baldintzek eta garraiorako, jantokirako eta eskola-materialerako familiei ematen zaizkien laguntzek ahalbidetzea herritar guztiek unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietarako sarbide unibertsala eduki dezatela.
Aurrekoari, aldi berean, aurten izapidetutako kexetan oinarrituta,gure gomendio hau gaineratu nahi diogu: posible den heinean, planteatutako eskolaratze-lehentasunak kontuan hartzea, programatutako plangintzan aparteko eragozpenik sortzen ez badute, behintzat.