8. Ofiziozko espedienteak
Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako. Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2014an ofiziozko 68 espediente bideratzen hasi gara (59 aurreko urtean). Arloen arabera, aipatzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoari dagozkionak, baita ere adinekoen eta mendekotasun egoeran daudenen gainekoak eta gizarteratzeari eta segurtasunari buruzkoak.
9. taula.
Ofiziozko espedienteen banaketa, arloen arabera
Arloa |
|
% |
Haurrak eta nerabeak |
17 |
25,00 |
Adinekoak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak |
10 |
14,71 |
Gizarteratzea |
8 |
11,77 |
Segurtasuna |
6 |
8,83 |
Ogasuna |
4 |
5,88 |
Justizia |
3 |
4,41 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak |
3 |
4,41 |
Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola |
2 |
4,41 |
Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna |
2 |
2,94 |
Gaixo kronikoak |
2 |
2,94 |
Etorkinak eta kultura aniztasuna |
2 |
2,94 |
Osasuna |
2 |
2,94 |
Hirigintza eta lurralde antolamendua |
2 |
2,94 |
Emakumeen berdintasuna eta osotasuna |
1 |
1,47 |
Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak |
1 |
1,47 |
Herri-administrazioen zerbitzuko langileak |
1 |
1,47 |
Lana eta Gizarte Segurantza |
1 |
1,47 |
Etxebizitza |
1 |
1,47 |
Guztira |
68 |
100 |
Ikus daitekeenez, ofiziozko jarduerak hasteko orduan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduera gailentzen da. Ofiziozko jarduera horietako askoren bidez, gai hauen bilakaera aztertu nahi da: erakundeak aurreko urteetan egin zituen gomendioak (adibidez, arrisku egoera berezietan dauden adingabeen txostenekoak), babesik gabeko haurrentzako egoitza-baliabideen funtzionamendua, bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak hartzeko protokoloa edo “haurren lapurreta” kasuak ikertzeko jarduerak. Beste jarduera multzo bat ere hasi dugu, hainbat egoera edo arazo ikusi ondoren; horien artean honako hauek azpimarra genitzake: EAEko haurren malnutrizioen adierazleak aztertzeko jarduera, Euskadin hartuta dauden haur eta nerabeen egoerari dagokiona haurrek entzunak izateko duten eskubidea ziurtatzera bideratutakoa.
Adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen arloan, aipagarriak dira EAEko lurralde ezberdinetako egoitzen artean mendekoak lekuz aldatzean jazotzen diren gertakariekin lotutako ofiziozko espedienteak.
Segurtasunaren arloan ere ekimen desberdin franko abiarazi dira: Santurtzi eta Sestaoko udaltzain etxeetara egindako ikuskapen-bisiten euskarri izan diren ekimenetatik hasi eta arraza-profilean oinarritutako identifikazioekin lotutakora. Beste esku-hartze ireki bat ere burutu da, 2014ko Espainiako Foro Globala zela medio sortu ziren protesta-ekintzetako istiluengatik.
Era berean, aipatu beharra dago ogasun arloan burututako ofiziozko jarduera bat, udal batzuek ezarritako betebehar bati buruzkoa: hain zuzen, udal webera sartu behar izatea Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiria lortzeko.
Buruko osasunari eta mendekotasunari buruzko txosten berezien jarraipenaren bidez, zenbait ekimen abian jarri dira adinekoen edo buru-gaixoen edo gaixo kronikoen eremuan. Era berean, arlo horretan ekin zaio kronikotasunaren estrategiaren eta arreta soziosanitarioaren bilakaera aztertzeari.
Beste jarduerok ere nabarmendu nahi ditugu: Lanbideren inguruan gauzatutako jarduera (ikuskapen-bisitak egin ditugu bere 3 bulegotara), oker ordaindutako prestazioak erreklamatu eta itzultzeko prozedurari dagokiona (DBE jasotzen zuten pertsona askorengan zuen eragina), baita ere prestazio horren titularren agiri-ematea izapidetzean gertatutako atzerapenengatik hasi zen jarduera.
Etxebizitza arloan, energia-pobreziaren eta kontsumitzaileen eskubideen gainean hasi genuen jarduera adierazi nahi dugu; hirigintza arloan, berriz, Babcock & Wilcow industria eraikina erortzear zegoelako hasitako ofiziozko jarduera; edo, etorkinen arloan kudeatutakoa, aurpegiaren zati bat beloaz estalita zeraman emakume bati Gasteizko hiriko autobus batean sartzea eragotzi zitzaiolako.
Ofiziozko jarduera horiek eta beste zenbait –horietako batzuk aztergai dugun urtean bukatu dira, beste batzuk bideratzen ari dira– zehatzago kontsulta daitezke txosten honen II eta III. kapituluetan, baita horri erantsitako Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean ere.