4.2. Zerbitzuak eta baliabideak
Kostuak konpentsatzeko baliabideez gain, estatuek seme-alaben hazkuntza babesteko baliabideak eskaintzen dizkiete familiei, eta, azpiegitura eta zerbitzu jakin batzuen bidez familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera ematen diete, bai etxetik kanpoko zerbitzuak tarteko (haurreskolak, adibidez), bai etxe barruko zerbitzuak erabiliz (etxe barruko zaintza-lanak, esaterako).
Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko funtsezko sistemei buruz ari gara orokorrean, baina bereziki esanguratsuak dira familia ahulen kasuan, esaterako gurasokide bakarrekoetan edota ordainsari-maila baxua dutenetan eta beren ibilbide profesionalarekin jarraitu nahi duten emakumeengan. Baliabide horien gabezia edo funtzionamendu okerra (tarifa altuegiak izateagatik, plaza faltagatik edo laneko ordutegien eta arreta-ordutegien bateragarritasun faltagatik) kontuan hartuta, are zailagoa da alderdi desberdinak uztartzea eta lan-merkatura bueltatzea.
Emakumeen kasuan, bigarren kapituluan adierazten genuen bezala, emakumeen eta gizonen diru-sarreren dualtasun-eszenatoki batean eta etxeko diru-sarrerak batzen diren testuinguruan, emaitza ekonomikoa onuragarriagoa da emakumeak bere lanaldia murrizten duen edo lana uzten duen familien kasuan, bere diru-sarrerak txikiagoak baitira. Berez, Ortega-Gasparren esanetan (2012), emakumeen kasuan “lan-merkatutik irteteko funtsezko faktorea adingabeak zaintzeko zerbitzuen kostu altua da, emakume askok lan-merkatua utzi behar izaten baitute (batez ere soldata baxua dutenek)”.
Gurasokide bakarreko familien kasuan, egoera are gogorragoa da. Izan ere, COFACEren arabera (2008a), gizarte-bazterkerian erortzeko arrisku garbia dute, eta, beraz, ibilbide profesionala ez hobetzeaz gain, ekoizpen-sistematik kanpo geratzen dira, familia hauek pairatzen duten txirotasun-gurpila sortuz.
Ondorioz, diru-sarreren araberako sistema malgu, oso eta konpentsatua izango litzateke modurik onena familia guzti hauek (beren tipologia eta diru-sarrerak edozein izanda ere) berdin gara daitezen eta, beraz, beren garapen sozioekonomikoko aukerak ez daitezen kaltetu familia bat osatu nahi izate hutsagatik.
Era berean, eta EAEren kasuan, zehazki, baliabide hauek erabilgarriak izatea eta funtzionamendu egokia izatea funtsezkoak izango dira biztanleria-piramidea hobetzeko orduan. Izan ere, Rindfuss (2007), Baizán (2009) eta batez ere Esping-Andersenek (2013) diotenez, “haur-hezkuntzako eskola gehiago egoteak eragin positiboa dauka emankortasun-tasan” eta “tresna politiko eraginkorrena da jaiotza-tasari aurre egiteko”, Europako iparraldeko herrialdeetan gertatzen den bezala.
Berez, Esping-Andersenen (2002) esanetan, “emakumeen enplegua eta familia uztartzeko orduan porrot egiten duten herrialdeek etorkizunean desoreka (biztanleriari dagokionez) garrantzitsuak aurkituko dituzten etorkizuneko hamarkadetan”.
A. Baliabide-mota nagusiak.
Sistema formalak eta ez formalak
EBk, haurrak zaintzeko eta lana eta familia uztartzeko bidean etengabe hobetzeko asmoz, haurrak zaintzeko helburu batzuk ezarri zituen 2002ko Bartzelonako goi-bileran. Hona hemen:
Hiru urtetik beherako haurren gutxienez %33k haurren zaintza-sistemak eskura izatea.
Hiru urtetik eskolaratze-adinaren hasierara (bost edo sei urte, herrialdearen arabera) bitarteko haurren gutxienez %90ek haurren zaintza-sistemak eskura izatea.
Hala ere, helburu horiek ez dira berdintasunez betetzen, alde nabarmena baitago egoera batetik bestera, herrialde eta eskualde bakoitzean errealitate desberdinak baitaude. Edonola ere, elementu azpimarragarri nagusien erradiografia bat egiten saiatuko gara:
Hasteko, orokorrean eskolaurreko arreta-baliabideak ez dira doakoak (nahiz eta eskualde eta udalerri batzuek kostu osoa ordaintzen duten). Aitzitik, sarritan diruz lagundutako baliabideak dira eta horien kostua familien diru-sarreren araberakoa izaten da, alde nabarmenak daudelarik familiek herrialde bakoitzean egin behar duten ahaleginean.
Era berean, aldaketak daude herrialdeak familiei plaza bat bermatzen dien ala ez kontuan hartuta, eta, gainera, beren seme-alabari zer nolako baliabidea eman nahi dieten aukeratu ahal duten kontuan hartuta (etxean bertan, beste baten etxean, etxekoak ez diren baliabideetan, eta abar). Herrialde guztiek ez dute plaza bat bermatzen (are gehiago, herrialde batzuetan eskualde batzuek plaza bermatzen dute eta beste batzuek, aldiz, ez).
Sistema unibertsala ez duten kasuetan, alde nabarmenak daude eskainitako plaza-ratioan (eskuragarritasuna desberdina da eskualde, hiri eta abarren arabera). Izan ere, kasu askotan eskualdeko edo udaleko gobernuek eskainitako zerbitzuak dira eta sarbidea eskatzeko aurretiazko denborak edo plaza-bolumenak alde nabarmenak eragiten ditu.
Azkenik, Europako herrialde gehienek arreta-sistema formalak eta ez formalak aitortzen dituzte, baina aldeak daude aitortutako baliabide-motetan. Frantzian, Austrian edo herrialde eskandinaviarretan, adibidez, baliabide ez formal ugari estaltzen dira, haurreskolen sare ofizialaz gain. Beste herrialde batzuetan, bestetik, sare formalak hartzen du pisu handiena.
Haurren arretarako baliabide nagusiak Europan |
---|
Haurtzaindegiak Haurtzaindegiak (créches, kindergarten) erakunde oso errotuak dira Belgika, Frantzia, Alemania edo Austria bezalako herrialdeetan eta haurra zaintzeaz arduratzen dira amatasun-baja amaitzen denetik bi edo hiru urtera arte. Ordutegi zabala izaten dute familiaren lan-ordutegia estaltzeko, adibidez, 7:00etatik 17:30era, lanetik irteteko ohiko orduaren arabera. |
Haur-hezkuntzako eskolak Haur Hezkuntzako eskolak hurrengo urratsa izan ohi dira eta 2/3 urteko haurren ardura hartzen dute (haurtzaindegia amaitzeko adinaren arabera), nahitaezko eskolaratzea hasi arte (5 edo 6 urte, herrialdearen arabera). Fase honen helburuak ohiko eskolarako prestatu eta egokitzera bideratzen dira, nahiz eta, orokorrean, jolasa erabiltzen den horretarako. Herrialdearen arabera, guztiz edo partzialki diruz lagunduta daude. Herrialde batzuetan ez dago alderik haurtzaindegien eta haur hezkuntzako eskolen artean. Erakunde bakarra da haurren hezkuntzaz arduratzen dena, amatasun-baja amaitzen denetik derrigorrezko eskolaratzera arte. |
Haurren habiak / Umezainak Haurren habia edo umezain (childminding) deiturikoak ez dira hain baliabide instituzionalak, araututa dauden arren. Kasu horietan, pertsona homologatu batek bere etxean zaintzen ditu haurrak (batzuetan bere seme-alabak). Habiako ume-kopurua desberdina da herrialde eta eskualdeen arabera, baina 3 eta 10 artekoa izaten da. Ordainketa-sistema ere desberdina da, baina, normalean, tarifa publiko eta finko bat ezartzen da haur bakoitzeko. Familiak berak ordaintzen du eta Administrazioak diru-laguntza ematen du. Era berean, prestakuntza desberdina da herrialdearen arabera. Prestakuntza-maila desberdinak daude eta lanbideak gizartean duen ezarpena desberdina da (Frantzian, esaterako, lanbide aitortua da eta ibilbide luzea dauka). |
Seme-alaben taldeak / Guraso-taldeak Talde horiek arreta ez formalean sartzen dira eta ez daude guztiz araututa. Ondorioz, desberdintasunak daude beren aitorpen-mailan, herrialdearen arabera. Ez dira guztiz aurreikusten Bartzelonako goi-bileran, bertan ez baita jaso familiako kideek, auzokideek edo ziurtagiririk gabeko zaintzaileek emandako irtenbiderik (Europar Batasuna, 2002). Aukera hori aurrekoak baino ezohikoagoa da, nahiz eta Europako iparraldean eta erdialdean hedatuta dagoen eta horregatik aipatu nahi izan dugun. Bertan, familiak dira 5 eta 10 haur zaintzeko antolatzen direnak (normalean txandaka, ordu edo egunen arabera). Erkidego-izaera duten taldeak dira eta familiak lankidetzan aritzen dira ikuspegi hezitzailea zehaztu eta erantzukizuna partekatzeko orduan. Herrialdearen arabera, kasu batzuetan ez dira aukera aitortua, aintzatetsita egon arren ez daudelako diruz lagunduta, eta beste batzuetan sistema publikoaren parte dira eta beste aukera batzuen artean kokatzen dira |
Eguneko etxeak Eguneko etxeak eskola-osagarria dira arreta-nagusiko aukerez harago doazen lan-ordutegiak dituzten familientzat. Udal-zentroetan, ikastetxeetan edota etxe partikularretan egon daitezke eta haurtzaroa babestea dute helburu, eskolaratzearen jarduera osagarriak eta eskolako, aisialdiko eta lanetarako errefortzu-jarduerak garatuz. |
Arreta-eredu orokor hauen eskaintzari buruzko zehaztasunak, herrialdeen arabera, 2. eranskineko 8. taulan ikus daitezke. Halaber, informazio osagarria dago tarifei, ordainketa-moduei, ordutegiei eta abarri buruz.
B. Estaldura-mailak. Sistema formalak eta ez formalak
Dagoen eskaintza ezagututa, garrantzitsua da bere emaitzak egiaztatzea. Europar Batasunaren datuen arabera (2008), Bartzelonako helburuak ezartzean alde nabarmenak aurkitu dira herrialdeen arabera.
Hiru urtetik beherako haurren artean (gogora dezagun zaintza-zerbitzuek estali behar zutela kopuru osoaren %33 gutxienez), bost estatu-kide soilik (Danimarka, Herbehereak, Suedia, Espainia eta Belgika) gainditzen dute portzentaje hori eta Portugal, Erresuma Batua edo Frantzia bezalako herrialdeak hurbil zeuden. Aitzitik, Italian, Alemanian edo Irlandan plazen %16 eta %26 artean eskaintzen zen eta Ekialdeko Europako herrialdeak ziren zenbaki okerrenak islatzen zituztenak, %10etik beherako eskaintzarekin (EUROSTAT, 2006b).
Oraindik derrigorrezko hezkuntzan ez dauden hiru urtetik beherako haurren kasuan, herrialde askotan gainditzen zen plazen %90. Zehazki, Belgikak, Danimarkak, Frantziak, Alemaniak, Irlandak, Suediak, Espainiak edo Italiak datu hori gainditzen zuten, eta Herbehereak eta Erresuma Batua hurbil zeuden (%85-%90). Datu horien azpitik, ekialdeko herrialdeez gain, Portugal eta Finlandiaren kasuak nabarmentzen ziren, %70 eta %85 artean.
Estaldura horren ordutegiak kontuan hartuta (lana eta familia hobeto uztartzeko orduan elementu nagusietako bat izan daitekeelako, adibidez, beren lanaldi osoa mantendu nahi duten eta murrizten ez duten edo eszedentziarik hartzen ez duten familientzat) eszenatoki desberdinak daude.
Babes formaleko egituren kasuan1, ordutegi-aukera zabalena eta baxuena zutenak bat zetozen, hiru urtetik beherako edo gorako haurren sistemak aztertzean. Hori horrela, Portugalek, Islandiak eta Norvegiak arreta ertaina ematen dute beren azpiegitura formaletan, astean 33 orduz baino gehiago (gogoratu EBn lanaldi estandarra astean 40 ordukoa dela). Aitzitik, ordutegi-eskaintza baxuena dutenak dira Austria, Irlanda, Herbehereak eta Erresuma Batua (astean 25 ordutik behera).
(34. grafikoa) . Haurren zaintza. Sistema formalak.
Batez besteko ordu-kopurua. 3 urtetik behera
Iturria: EUROSTAT (2012).
(35. grafikoa) . Haurren zaintza. Sistema formalak.
Batez besteko ordu-kopurua. 3 urtetik gora
Iturria: EUROSTAT (2012).
Tarteko taldean daude (EB27ko batez bestekoaren gainetik, asteko 26 ordutan), Espainia (28-30 ordurekin, gutxi gorabehera), Frantzia eta Finlandiarekin batera (hiru urtetik gorako eskaintzaren kasuan).
EAEn, nahiz eta ez daukagun estatistika alderagarririk, arreta-eredu formalaren aldeko apustu publiko handia egon da, batez ere Haurreskolak Partzuergoko haur-hezkuntzako eskola-ereduaren bidez, astean gehienez 40 ordu eskainita, baina ez daukagu batez besteko arreta-ordutegirik beste herrialde batzuekin alderatzeko2.
Sistema ez formalen3 eremuan, Herbehereak eta Austriak, esaterako, ordu-estaldura baxuagoko arreta-ordutegia dute (astean 9 eta 12 ordu artean) eta Portugalen, beste herrialde eskandinaviar batzuetan bezala, Finlandia edo Suedian kasu (ohituago daude honelako sistemetara, lehen adierazi bezala) batez besteko arreta astean ia 30 ordukoa da.
(36. grafikoa) . Haurren zaintza. Sistema ez formalak. Batez besteko ordu-kopurua. 3 urtetik behera
Iturria: EUROSTAT (2012).
(37. grafikoa) . Haurren zaintza. Sistema ez formalak. Batez besteko ordu-kopurua. 3 urtetik gora
Iturria: EUROSTAT (2012).
Espainiaren kasuan berriz ere tarteko posizioetan dago, nahiz eta hiru urtetik beherako haurrentzako espazioetan eskaintzen duen batez besteko arreta handiagoa den (astean 25 ordu, hau da, Europako eta Frantzia edo Alemania bezalako herrialdeetako batez bestekoaren gainetik), hiru urtetik beherakoen arretan baino (astean 10,8 ordu, Europako eta herrialde horietako batez bestekoaren azpitik).
EAEko egoerari dagokionez, datu estatistiko alderagarriak falta diren arren, azpimarratzekoa da honelako baliabideen aldeko apustu publikoa baxuagoa dela. Izan ere, sistema formalaren banaketa indartsuan ez bezala, sistema ez formalaren aldeko babesa murritzagoa da: batez ere haurrak zaintzeko pertsonen kontratazioa diruz lagunduz egiten da, Eusko Jaurlaritzako 177/2010 Dekretuan jasotakoaren arabera.
Datu horiek aztertuta, beraz, hiru ondorio nagusi atera ditzakegu:
EAEko haur-hezkuntzako eskolen ordutegia Europako antzeko baliabideen parekoa edo altuagoa da.
Hasteko, EAEko haur-hezkuntzako eskolak irekitzeko ordutegia ez da beste herrialde europar batzuetakoa baino baxuagoa. Hala ere, txosten honen azterketa-lanetan indar gehienez azaltzen zen alderdietako bat zen hau.
“Une honetan desoreka dago haur-hezkuntzako eskolen plaza-eskariaren eta zerbitzu honen eskaintzaren artean”.
(Elkarrizketa gizarte-erakundeekin)
Kontuan hartuta Haurreskolak Partzuergoak eskainitako ordutegiak Europa mailako altuenetakoak direla, zergatik eztabaidatzen dira familien artean? Zergatik ez dira guztiz erabilgarriak familia eta lana uztartzeko orduan?
Beharbada galderaren ardatza aldatu behar dugu erantzun ahal izateko. Izan ere, seguru asko haur-hezkuntzako ikastetxeen ordutegiak ez dira areagotu behar, baizik eta lan-merkatu euskalduna (eta, ondorioz, estatukoa) da arrazionalizatu behar dena, arlo horretan (txosten honen aurreko kapituluetan ikus zitekeen bezala) aldeak baitaude beste herrialde europar batzuekin.
Hau da, kontua ez da arreta-baliabideak beranduagora arte luzatzea, baizik eta lanaldi kontzentratuagoetara egokitzea, bizitzako alderdi desberdinak uztar daitezen eta, gainera, familiek beren seme-alabez goza dezaten. Izan ere, haurreskola bat irekitzeko ohiko ordutegia (07:30/08:00-16:30/17:00 izan ohi dena) Europako erdialdeko herrialde batean edo herrialde eskandinaviar batean guztiz zuzena da, baina estatu-mailan (eta EAE ez da salbuespena) oso zaila da lana 17:30 edo 18:00 baino lehen amaitzen duten enpresa pribatuak aurkitzea.
Berez, Esping-Andersen (2013) bezalako egileen esanetan “lehenetsi beharko litzatekeen politika publikoen eremu bat lan-merkatuaren egokitzapena da (…); izan ere, Espainiako lan-merkatuaren ezaugarri instituzionalak urrun daude emankortasunaren ikuspegitik egokiak izatetik”.
Ondorioz, beharbada galderak zerikusi gehiago dauka lan-ordutegiak aldatzeko moduarekin (europarren antzekoagoak eta arrazionalagoak izan daitezen, bizitza pertsonalarekin eta familiarekin uztartu ahal izateko), uztartze-baliabideen ordutegi-eskaintza altuagoarekin baino.
Aitzitik, azterketan antzeman den beste kritiketako bat (plazen banaketan dauden barne-desorekei buruzkoa, batez ere landako eta hiriko guneen arten) esanguratsua da. Izan ere, lehen kapitulu honetan adierazi dugun bezala, haur-hezkuntzako eskolek funtsezko garrantzia dute uztartzean eta emankortasunean, eta, beraz, beharrezkoa da baliabide horiek eskuratzeko erraztasunak eta aukerak izatea.
Harreman zuzena dago uztartze-baliabideen eskaintza publiko zabalaren eta bi gurasoak lanaldi osora sartzeko aukeraren artean.
Datuak aztertuta atera daitekeen bigarren ondorioa zera da, harreman garbia dagoela herrialde desberdinetan dauden soldata-tarteen eta beren uztartze-eskaintzaren kalitatearen artean.
Adibidez, Erresuma Batuan eta Herbehereetan soldata-tarte altua dago (%20koa eta altuagoa) eta eskaintzen dituzten uztartze-baliabide formalek ordutegi oso murritza dute. Aitzitik, Portugal, Danimarka edo Italian egoera bestelakoa da: soldata-tarte txikiagoa eta baliabideen ordutegi zabalagoa.
EAEk uztartzea babesteko baliabideetan egin duen apustua batez ere sistema formalarekin lotuta dago.
EAEn uztartzea babesteko baliabide-sarea geroz eta indartsuagoa da eta azken urteetan inbertsio publiko bizia egin da, batez ere Haurreskolak zabaltzeko.
Hala ere, arreta ez formaleko ereduek (Europako beste herrialde batzuetan oso ohikoak direnek) ez omen dute lehentasunik euskal administrazioan, dimentsio txikiagoa baitute eta, azken urteetan, murriztu ere egin baitira.
1 EU-SILC metodologiaren arabera, sistema formaletan honakoak sartzen dira: eskolaurreko hezkuntza, eskolako hezkuntza (gogora dezagun Europako herrialde batzuek 4 urtetan hasten dutela nahitaezko eskolaratzea, adibidez, Luxenburgok, edo 5 urtetan, adibidez, Greziak, Herbehereak edo Erresuma Batuak), haurren zaintza erkidego-zentroetan eskolako edo eskolaurreko ordutegitik kanpo (aurretik edo ondoren) eta egunetako zentroetako zaintza.
3 EU-SILC metodologiak sistema ez formalen artean sartzen ditu haurren arreta pertsonala profesional baten esku dagoenean (child-minder) edota gurasoak ez diren beste senide batzuen esku, auzokideen esku, familiako lagunen esku eta abar, etxean (euren etxean edo zaintzailearenean), hau da, espazio profesionalak eta ez profesionalak barne hartzen ditu.