3. Europar Batasuneko araudia
Azpimarratu behar da Europar Batasuneko Zuzenbidearen arloan ez dagoela familiak arautzen dituen esparru espezifikorik. Hala ere, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran sortzen hasi ziren erregulazio batzuk egon badaude; horiek familia-eredu guztiei hein handiagoan edo txikiagoan eragiten diete, familiak gizarte-egituraketan daukan funtsezko eginkizuna nahiz zeregin hori ahalik eta hoberen gauzatzeko hainbat eremutan laguntza publikoa jasotzeko beharra onartzen baititu. Zehazki, Europar Batasunak arautzeko egiten dituen ahaleginek lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko politiketan, haurdunaldian eta seme-alabak haztean dauden eskubideen babesean eta aiten eta amen zaintzako erantzunkidetasunaren sustapenean jartzen dute arreta nagusiki.
Oro har, lehenik eta behin Europako Gizarte-gutuna azpimarratu behar dugu, 16. artikuluan honakoa jasotzen baitu: “familiak babes soziala, juridikoa eta ekonomikoa jasotzeko eskubidea dauka”. Horrela, gizarte-egituraketan daukan funtsezko eginkizuna onartzen du, baita familiek haien eginkizunak errazteko ahalegin publikoen jasotzaileak izateko daukaten eskubidea ere: “Familia –gizartearen funtsezko zelula baita– erabat garatzeko ezinbestekoak diren bizi-baldintzak lortze aldera, alderdi kontratugileek familiaren babes ekonomikoa, juridikoa eta soziala sustatzeko konpromisoa hartzen dute, bereziki gizarte– eta familia-prestazioen bidez, zerga-xedapenen bidez, familien premietara egokitutako etxebizitzak eraikitzeko laguntzen bidez, ezkonberrientzako laguntzen bidez edo beste edozein neurri egokiren bidez”.
Zehazkiago, Europar Batasuneko herrialdeetako arauketa nazionaletan eragin nabarmena daukaten eta familiako bizitzari indarrez eragiten dioten erkidegoko araudiak ditugu. Arau horiek gurasotasun-baimenen arloan, haurdunaldia babesteko arloan eta beste arlo batzuetan babestera bideratzen dira (adibidez, Kontseiluaren 1996ko ekainaren 3ko 96/34/CE Zuzentarauaren –UNICEk, CEEPek eta ESKk gurasotasun-baimenari buruz egindako esparru-akordioari buruzkoaren– bidez edo Kontseiluaren 1992ko urriaren 19ko 92/85 Zuzentarauaren –lanean haurdun dagoen, erditu den edo edoskitzaroan dagoen langilearen segurtasunaren eta osasunaren hobekuntza sustatzeko neurrien aplikazioari buruzkoaren– bidez).
Zorroztasun-maila txikiago batez, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea eta gurasotasun positiboa ere babestu egin dira, bai gomendioen bidez (hala nola Ministroen Batzordeak gurasotasuna positiboki gauzatzen laguntzeko politiken inguruan estatu kideei, Europako Kontseiluarekin bat etorriz, egindako Rec (2006) 19 Gomendioa) bai ondorioen bidez (esate baterako, Lisboako Europako Kontseiluaren 2000ko martxoaren 23ko eta 24ko ondorioak. Lehendakaritzaren ondorioak. Aukera-berdintasunaren alderdi guztiak, lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko bidea ematen dutenak barne, hobetzeko garrantzia), bai komunikazioen bidez (esaterako, Batzordearen komunikazioa Europako Parlamentuarentzat, Kontseiluarentzat, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearentzat eta Eskualdeetako Lantaldearentzat. Oreka hobe bat lanbidean: lanbidea, bizitza pribatua eta familiako bizitza bateratzeko laguntza gehiago).