ATALA II. Familiaren bilakaera eta laguntzeko politiketan eragina daukaten faktoreak
1. Sarrera
Kapitulu honen bidez familia eta familiei laguntza emateko politiken terminoetara lehen hurbilketa kontzeptuala egin nahi da. Hurbilketa hiru diziplina jorratuz (soziologikoa, juridikoa eta estatistikoa) egingo da, “familia izatea” definitzen duten funtsezko egitekoak zeintzuk diren, zein familia-konfiguraziok duen onarpen juridikoa eta gizarte-mailan identifika daitezkeenak zeintzuk diren zehazteko aukera emango dutenak.
Halaber, familiei laguntzerakoan estatuaren esku-hartzea legitimatuko duten argudioak emango ditu eta horien eskaerei eutsiko die eta oro har familiei laguntza emateko politikak izenekoak (seme-alabak dituzten familiei laguntzekoak) gainditzen dituen familiei laguntzeko politiken definizioaren alde egingo du, eragin handiko sektoreko beste politika horiek ere gehitzeko.
Aurreko kapituluan aipatu dugunez –eta txostenean zehar aipatzen jarraituko dugunez–, familiei laguntzeko politika publikoek era eraginkorrean erantzun behar diete familia-eredu guztien premiei. Orobat azaldu dugun moduan, premia horiek aldatu egiten dira, familia ez dagoelako “XX. mendean agindu duen gizarte-eraldaketako prozesutik kanpo” eta “haren egiturei nahiz dagoen kulturari eragin dien aldaketa sakon eta bortitz bat” eduki duelako (Meil eta Ayuso, 2007).
Botere publikoek beraiek, neurriak planifikatzeko, dagoen gizarte-aniztasuna aintzat hartu dute, EA
En familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planak adierazten duen moduan. Plan horrek onartzen du familia etengabe aldatzen ari den erakunde bat dela. “Errealitate kulturalek gizarteak aldatzen dituzte eta beraiekin bat, familien formak eta funtzioak. Hitz batez, azken hamarkadotan gertatu diren gizarte– eta ekonomia-aldaketa ugariek Euskadiko gizarte-errealitatea osatzen duten familia-ereduen dibertsifikazioa ekarri dute” (Eusko Jaurlaritza, 2011a).
Hala ere, zeintzuk dira EA
Eko familia-tipologia nagusiak? Nola aldatu dira urteak joan ahala? Zein tamainatakoak dira? Zein da gure gizartean daukaten benetako pisua? Hasierako diagnostiko-galdera horiei erantzuna emateko, ezinbestekoa da, lehen aurreratu denez, estatistikaren zeregina. Bestalde, datuek elkarrekin erkatzeko modukoak izan eta iturri eguneratuetatik etorri behar dute, baina hori –azterketan zehar ikusiko dugunez– ez da beti gertatzen.
EAEko familia-eredu nagusiak.
Eredu tradizionalek iraun egiten dute, baina aldatzeko joera daukate
EAEko 2.100.000 biztanle baino pixka bat gehiago 787.000 familiatan baino apur bat gehiagotan antolatzen dira. Familiok hiru taldetan banatzen dira nagusiki. Lehenik, seme-alabak dituen bikote batez osatutako familiak dira ugarienak EA
En; mota horretako 300.000 familia inguru daude (%38). Bigarrenik eta hirugarrenik, ia-ia pisu berarekin (%21 inguru), pertsona bakar batez eta seme-alabarik gabeko bikoteez osaturiko familiak nabarmentzen dira. Gainerako familiek (guraso bakarrekoak, konposatuak, handituak, etab.) %10 baino ehuneko txikiagoak dituzte.
(2. grafikoa) . EA
Eko familiak, motaren arabera
Iturria: guk eginikoa, EUSTAT (2006) oinarri hartuta.
Datu horiek baieztatzen dute familia tradizionalak (alegia, seme-alabak dituen bikote batez osatutakoa) familia-harremanetarako lehentasunezko eredua izaten jarraitzen duela, baina bakarrik bizi diren pertsonek eta seme-alabarik ez dauzkaten familiek gizartean duten pisua gero eta nabarmenagoa da.
Beti gertatu izan al da horrela? EUSTATek1 azken bi hamarkadei buruz eskaini dizkigun datuen arabera, aldaketa batzuk aldatzeko joeratzat jo litezke. Izan ere, seme-alabak dituzten familia nuklearrek eredu ohikoena izaten jarraitu duten arren, antzeman da urteak joan ahala haien kopurua arinki jaitsi dela. Aitzitik, bakarrik bizi eta kide bakarreko familia bat osatzea erabakitzen duten pertsonak zein ondoregorik ez daukaten bikoteez osatutako familiak nabarmen handitu dira.
(3. grafikoa) . EA
Eko familia kopurua, motaren eta aldiaren arabera (1991-2006)
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Familia-eredu berrien gizarte-onarpena. Mailaka normalizatzen ari den egoera
Antolaketa-eredu nuklearraren pisu berezia (guztiaren %59, seme-alabekin eta seme-alabarik gabe bizitzeko aukerak barne hartzen baditugu) kontuan hartuta, egokia da –sentsibilizatzeko edo espezifikoki babesteko politika publikoen diseinuari eta antolaketari lotuta egon daitekeelako– geure buruari familia-eredu berri batez galdetzea, alegia, bikote homoparentalez (orain dela gutxi arautu dituzte).
Zehazki, familia-eredu horren arauketa, dagokion eskubide-berdinketarekin batera, azken urteotan familien eta familia-politiken arloan egon diren gizarte-aldaketa nagusietako bat izan da. Beraz, bidezkoa da hausnarketa tarte labur bat sortzen diren zenbait galderari erantzuteko erabiltzea, honakoak adibidez: nola ikusten dira familia-eredu berri horiek? edo zein izan behar da familiei laguntzeko politika publikoen zeregina haien kasuan, zereginen bat eduki behar badute?
Oro har, eta familia-eredu berri horiek gizarte-estigmarik ez badaukate ere (Europako beste errealitate batzuen aldean), ezin da esan gizartean erabat onartuta daudenik; aitzitik, gizarte-normalizazioko egoera edo prozesu batean daudela esan liteke.
Zehatz-mehatz, txostenean parte hartu zuen hirugarren sektoreak argi eta garbi adierazi zuen batzuetan politika publikoak (eta zehazki legegintza) gizarte-errealitatearen aurretik joan direla eta normalizatzen laguntzeko funtsezko lan bat egin dutela.
“Homosexualen arteko ezkontzen arauketaren inguruko kontzientzia soziala legeak sortu dituen aukeren atzetik dago”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Zehazki, eta EA
En (eta eskuarki estatuan) familia homoparentalak onartzeko eta normalizatzeko arazo handirik egon ez den arren2, gizarte-sentsibilizazioa eta aniztasunaren babesa, hurrengo kapituluetan ikusiko dugunez, familiei laguntzeko politiken esparruan lehentasuna duten ekintza-arloetako bat da.
Bestalde, datuek normalizaziorako eta gizarte-onarpenerako joera etengabe hori bermatzen dute. Horrela, hainbat adierazlek familia homoparentalen onarpen-maila hazten ari dela diote. Esate baterako, homosexualen arteko ezkontza baimendu zuen lege-aldaketa egin zenean, Espainiako biztanleen %66,2 alde zeuden; lau urte geroago, aldiz, 2008ko CIS gazteen barometroak3 adierazi zuen Espainiako gazteen %76,4 homosexualek eta heterosexualek ezkontzarako sarbidea baldintza beretan edukitzearen alde agertu zirela.
Zehazki Euskadiko gizarteari dagokionez, familia-eredu berriak orobat normalizaziorantz aurrera egiten ari dira, bereziki gazteenen artean. Aurreko txosten batzuetan, adibidez Adingabekoei balioak transmititzea delakoan (Ararteko, 2009) mailakako onarpen bat sumatu zen. Azterketa horretan egindako galdeketa batek erakutsi zuen gayez edo lesbianez osatutako familiak onartuagoak daudela ikasleen adinak aurrera egin ahala; horrela, Lehen Hezkuntzako bigarren ziklotik DBHra igarotzean beste familia-mota bat dela uste zuten ikasleen ehunekoa bikoiztu egin zen.
Joera hori Arartekoaren Nerabeen Kontseiluaren bilkuran berretsi zen. Izan ere, bilkura horretan, parte hartu zutenek berez eta marrazki eta irudien bidez (ikusi 3. eranskina) zenbait familia-eredu iradoki zituzten: aitaz, amaz eta bi seme-alabez osaturiko familia; familia homoparentala; guraso bakarreko familia (bananduta, dibortziatuta edo alargun izateagatik, baina baita norberak hala erabakitzeagatik ere); familia zabala, aitona-amonekin; eta familia berreratua.
Familiaren batez besteko tamainaren bilakaera. EA
Eko biztanleen zahartze jarraitua eta sistemaren mantentzean duen eragina
Eta eredu-mota bakoitzaren tamainari dagokionez, zein da bilakaera? Ba al dago desberdintasunik familia-eredu motaren arabera? Familiaren tamaina handitu edo txikitu egiten da?
EAEn kide gehien dituzten familiak, logikoa denez, batez beste bost kide baino gehiago dituzten familia-nukleo biz edo gehiagoz osaturiko familia konposatuak dira. Bestalde, familia handituek lau pertsona izaten dituzte.
Hala ere, beharbada daturik azpimarragarriena da seme-alabak dauzkaten familia nuklearren batez besteko tamaina 3,5 pertsonakoa dela. Datu horrek argi eta garbi erakusten du gizarte-aldaketarako faktoreetako bat (aurrerago garatuko dira), alegia, EA
Eko jaiotza-tasa baxua, zeren eta seme-alabak dauzkan familia nuklearraren batez besteko tamaina ez baita lau kidetara ere iristen. Izan ere, familia-unitatearen batez besteko tamaina 1981ean 3,69 kidekoa zen, eta 2001, berriz, 2,76; familia-tipologia guztietan unitatearen tamaina murriztu egin zen (kide bakarreko familiena izan ezik, noski).
(4. grafikoa) . Familia-unitatearen batez besteko tamainaren bilakaera, familia-motaren arabera
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Familien tamainaren etengabeko murrizketa funtsezko datu bat da, ongizatearen eredua etorkizunean iraunarazteko bereziki garrantzitsua izango delako eta politika publikoak –jaiotzaren aldeko joera handiagoa edo txikiagoa edukita ere– elementu horren gainean eragiten saiatzen direlako.
Lehen ikusi dugun moduan seme-alabak dituzten gero eta familia gutxiago badaude eta horiek gero eta ondorengo gutxiago badauzkate, ondorioa argia da: Euskadiko gizartea biztanleriaren zahartze-prozesu batean murgilduta dago, jaiotza-tasa –munduko baxuenetariko bat– jaisten ari delako eta bizi-itxaropena –munduko altuenetariko bat– igotzen ari delako.
Jaiotza-tasei dagokienez, EA
Eko tasan gaur egun 9,7 jaiotza daude 1.000 biztanleko; beraz, EBko baxuenetariko bat da eta oso herrialde gutxi gainditzen ditu, hala nola Italia (9,3) eta Alemania (8,3)4. Dena den, pixka bat igo da gure gizartean etorkinak sartu direlako, batez ere gazteak direnak eta jaiotza-tasa handiagoak dituztenak5.
(5. grafikoa) . EA
Eko eta EB27ko jaiotza tasaren bilakaera ‰-tan
Iturria:
guk eginikoa, Eusko Jaurlaritza (2012b) eta EUROSTAT (2013a) oinarri hartuta.
Nolanahi ere, eta hazkunde arin hori gorabehera, jaiotza-tasa baxua denboran iraungo duen egoera bat izango da. Izan ere, duela gutxi egindako azterketa baten arabera6, 18 eta 29 urte bitartean dituzten euskal gazteen %44k eta 30 eta 45 urte bitartean dituztenen %79k ez dute ondorengorik edukitzeko asmorik. Gainera, galdeketan parte hartu duten pertsonen %66k adierazi dute seme-alabak edukitzeak lanbide-karrera asko zailtzen duela, batez ere emakumeen kasuan. Elementu horiek garrantzi nabarmena daukate etorkizuneko familia-politiken plangintzan.
Seme-alaba kopuru idealaren eta errealaren artean dagoen distantzia (bereziki ikasketa-maila altuagoa daukaten emakumeengan) azaltzen duten diagnostiko-datuetariko bat da hori, Esping-Andersenek (2013) jaso duen bezala. Horrela, Espainian aurreikusitako seme-alaba kopurua Europako txikienetako bigarrena da (1,9), eta kopuru erreala, aldiz, 1,36 da. Diferentzia hori Europako handiena da, eta familiaren aldeko erregimenak dituzten herrialdeen berezko ezaugarri bat da. Izan ere, Livi-Baccik (2001) azaltzen duenez, “badirudi familiaren alde dauden herrialdeak sindrome batean erori direla, zeinetan familia gehiegi egotea jaiotzarako kaltegarria den”. Hau da, familiari eginkizun gehiegi esleitzen dizkioten herrialdeek jaiotza-tasa txikiagoak dituzte familiek esparru publikotik laguntza handiagoak jasotzen dituzten ereduen aldean.
Horrela, estatuko profilaren ezaugarria ez da seme-alabarik ez dagoela, baizik eta familietan funtsean ondorengo bat edukitzen dela. Horren ondorioz, McDonalden (2002) arabera, konpentsatzen duen beste faktorerik –esaterako, immigrazioa (Espainian eragin handia baitauka) edo lagunduriko giza ugalketako tekniken garapen etengabea– ez balego, 100 urtetan biztanleria gaur egungoaren %25 izateraino murriztuko litzateke.
Jaiotza-tasa baxu horrekin bat etorriz, EA
Eko bizi-itxaropena igo denez, biztanleriaren zahartzea Europako estatu guztiek eta bereziki EA
Ek aurre egin behar dioten erronka demografikoetako bat da, eta familiei laguntzeko politiketarako desafio berriak sortzen ari dira.
Izan ere, 2007an EA
Eko zaharren ehunekoa biztanleria osoaren %18,4 zen: estatu osoko %16,6 baino ia bi puntu handiagoa eta Europan urte horretarako erregistratutakoa, %17, baino pixka bat altuagoa.
(6. grafikoa) . EA
Eko biztanleriaren bilakaera.
0-19 urteko eta 65 urte baino gehiagoko taldeak
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Aurreko grafikoak biztanleriaren zahartzearen eta jaiotza-tasa baxuaren arazoa oso era argian adierazten du, eta joera-aldaketa zeharo erakusten du. 1990ean, ia-ia Euskadiko biztanleriaren erdiak 20 urte baino gutxiago zeuzkan (65 urte baino gehiagoko biztanleak %5 baino gutxiago ziren, eta gainera bizi-itxaropena baxuagoa zen). 2006an, ordea, 65 urte baino gehiagoko biztanleen ehunekoak lehenengo aldiz 20 urte beherako biztanleen ehunekoa gainditu zuen. Horrek agerian jartzen du belaunaldi-ordezpenaren arazo larria, baita horrek ongizate-sistema gaur egun diseinatuta dagoen bezala iraunarazteko dakarren mehatxua ere.
EUROSTATek7 erakutsi digu biztanleriaren zahartze hori Europan eragina daukaten lau joeraren emaitza dela: jaiotza-tasa baxu bat, 45 urte baino gehiagoko biztanleriaren ehunekoaren hazkundea (baby boom delakotik baitator), bizi-itxaropenaren handitze etengabea eta etorkinen biztanleriaren hazkundea (nolanahi ere, ez da nahikoa kontinentea gaztetzeko).
EUSTATek8 egin dituen proiekzioetan, zehazki EA
Ek 2020rako izango duen zahartzeari lotuta, aurreikusi da 65 urte gorako biztanleriak hazten jarraituko duela eta milioi erdi zahar baino gehiago egongo direla. 65 eta 74 urte bitartean dauzkaten biztanleak %22 izango dira, eta 75 eta 84 urte bitartean dauzkatenak, berriz, %10. Bestalde, 85 eta 94 urte bitartean dituzten biztanleak bikoiztu egingo dira, eta 95 urte gorakoak %155 haziko dira. Zenbaki absolutuetan, 90 urte eta gehiagoko 15.000 biztanle zeuden 2006an, eta kopuru hori 36.000 baino altuagoa izango da 2020an.
1Marcos, J. (2006). EUSTAT.
2CIS (2004).
3CIS (2008).
4EUSTAT (2011a).
5Gazteen Euskal Behatokia (2011).
6Eusko Jaurlaritza (2012b).
Ikusi dugu familia-antolaketak aldaketak eta bilakaerak izaten dituela. Hala ere, zeintzuk dira familia-ereduen bilakaera horretarako arrazoiak? zergatik murrizten da haien tamaina?, eta, zehazkiago, zein da EA
E gero eta zaharragoa izateko arrazoia? Eta batez ere, txosten honek aztertzen duenari bereziki lotuta dagoenez, zer erantzukizun daukate politika publikoek, erantzukizunen bat badaukate?
Familia-erakundean aldatutako zenbait ezaugarrik egiturazko barne-aldaketekin daukate zerikusia, eta eskuarki familiei laguntzeko politika publikoetatik kanpo daude. Dena den, familiari lotutako beste ezaugarri batzuei politika publikoen bidez hel dakieke, familiako kideei haien bizi-garapenaren hainbat alderditan laguntzeko jardun daitekeelako.
Txosten honen helburua dela-eta, azken horiek baino ez dira analizatuko. Hala ere, testuinguruagatik garrantzitsua da barne-izaera daukaten bilakaeraren ezaugarri nagusi batzuk laburki aipatzea; izan ere, aurreko kapituluan adierazi denez, haien arrazoia ez da familia-erakundearen krisi bat, baizik eta bakarrik “familia-harremanen barne-logikaren eraldaketa bat” (Pérez Díaz et al., 2000).
3.1. Familiei laguntzeko politiketan eraginik ez daukaten barne-izaerako aldaketak
Aurreko kapituluan jaso denez, familiaren azken helburuan aldaketak egon dira: gaur egun, zoriontasuna erdiestera zuzentzen da gehiago, zoriontasuna baita “familia-proiektuen azken helburua, bizirik irauteko modu baten bilaketaren kalterako” (Alberdi, 1999). Hortaz, familiari eusten zioten balio tradizionalak ordeztu egin dira eta beste termino batzuetara bideratu dira, hala nola “zoriontasuna”, “bikotea” eta “maitasuna”; aurreko garaietan garrantzitsuagoak zirenak, esaterako “batasun egonkorra”, “ezkontza” edo “ugalketa”, alde batera utzi dira. Horren ondorioz, barne-aldaketak eta familiaren eginkizunen aldaketak egon dira. Barne-aldaketa horiek, logikoki, familiek politika publikoen arloan eskatzen dituzten laguntzan ondorioak dituzte, politika horiek barne-antolaketako errealitate berrietara eta familiaren helburu eta premia desberdin batzuetara moldatu behar baitira.
Bizikidetzaren gizarte-onespenaren eredua. Ezkontzaren zeregina
González Blascok (2006) aipatu duen moduan, norberaren familia bat osatzeak pertsona ororen bizi-helburu nagusietariko bat izaten jarraitzen du. Dena den, ezkontzaren bidezko eta bereziki ezkontza erlijiosoaren bidezko gizarte-onespena orain ez da funtsezkoa gizarte-onarpenerako.
(7. grafikoa) . EA
Eko ezkontza-tasaren bilakaera. 2004-2010
Iturria:
guk eginikoa, EUSTATen datuak (2012b) oinarri hartuta.
Eztabaidatutako elementu bat den arren, zenbait egile, adibidez Miret (2006), Martínez Pastor (2009) edo Esping-Andersen (2013) ezkontzaren krisi batez ari dira. Miretek, esate baterako, honakoa baieztatu du: “laurogeiko hamarkadan, ezkontzaren krisia egon bazegoen, eta horrela dirau: gero eta bikote gutxiago ezkontzen dira, eta gero eta beranduago egiten dute”1. Ezkontza familia osatzeko lehen urratsa zen, baina orain zeregin lausoago bat du eta gizartean daukan pisua txikitzen ari da: EA
Eko ezkontza-tasa (ezkontza zibilari eta elizazko ezkontzari dagokienez) jaitsi egin da, 2004an 1.000 biztanleko 4,8koa baitzen, eta 2010ean, aldiz, 3,8koa2.
Ezkontza-tasaren beherakada hori, ezkontzeko adinaren hazkundearekin eta dibortzioen, banantzeen eta deuseztasunen gorakadarekin batera, familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planak azpimarratu dituen ezaugarrietariko bat da; planak gure gizartearen sekularpen-prozesuarekin lotu du.
Ostera, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kasuan, ezkontzak ematen duen gizarte-erregularizazioari buruzko interes altua antzeman da, EA
En %30 baino gehiago igo baita3 2007 eta 2011 bitartean. Datu gutxi dauzkagunez eta ibilbide laburrekoak direnez, ez dugu analisi sakonik egingo, baina horrek gizarte-onarpen eta -erregulazio gehiago behar dela adieraz lezake.
Ezkondu gabe elkarrekin bizitzea. Izatezko bikoteak eta arautu gabeko batasunak
Autore batzuek, esate baterako Flaquerrek (1991), Meilek (2003) edo Elzok (2008), adierazi dute elkarrekin bizitzea askotan ezkontzaren aurreko urrats bat dela eta hausten ez bada ezkontzaren bidez “ofizialdu” egiten dela. Hala ere, arestian erakutsi ditugun datuek ezkontzaren krisi bat iradokitzen dute, bikoteak epe luzean ordenatzen dituen elementua izateari uzten ari baitzaio eta izatezko bikoteek eta arautu gabeko bikoteek euren burua etorkizunerako proiektutzat jotzen baitute.
Hain zuzen ere, autore berriago batzuek (Esping-Andersen, 2013) aditzera eman dutenez, elkarbizitza “aukera funtzional egonkor” bihurtzen ari da estatuan. Izatezko bikoteen kasu zehatzean, esan daiteke haien pisua hazi egin dela eta 2006an EA
En guztira 42.000 bikote zeudela, hau da, bikoteen %8 zirela, nahiz eta duela 20 urte guztien %1 baino ez izan4.
Hori familiei eta bereziki haurrei laguntzeko politika publikoen diseinuari zeharka eragiten dion funtsezko elementu bat da. Izan ere, mota horretako bikoteak egonkorrak badira eta gainerako bikoteenaren antzeko jaiotza-tasa bat badaukate –eta bi baldintza horiek, Esping-Andersenek (2013) nabarmendu duenez, betetzen ari dira–, ezkontzatik kanpo jaiotako haurren kopurua pixkanaka handituko da (eta ezkontzak gaur egun mota jakin batzuetako eskubideen bermatzailea izaten jarraitzen du).
Bestalde, ezkontzatik kanpoko haurren kopuruaren hazkunde horri dagokionez, Euskadiko familia-ereduak Europako beste errealitate batzuekin arinen homogeneizatu diren norabideetako bat da. Gainera, oso azkar gertatu da, zeren eta herrialde askotan izatezko batasunak nabarmen igo baitira eta ezkontzatik kanpoko haurrak hazi baitira. Izan ere, 2008tik EB27an haurren heren bat baino gehiago ezkontzatik kanpo jaiotzen dira, eta herrialde batzuetan, Frantzian kasu, ezkontzatik kanpo barruan baino haur gehiago (%50,5) jaiotzen dira5. Estatuari dagokionez, 1995etik hirukoiztu egin dira, hau da, %11tik %31ra igaro dira6.
Autonomia, indibidualizazioa eta barne-negoziazioaren hazkundea
Flaquerrek (1995), Alberdik (1997), Del Campok (1999), Meilek (2004) edo Elzok (2008), azken urteotan, norberaren autonomiaren hazkundea, horren indibidualizazioa eta kideen negoziatzeko ahalmena nabarmendu dituzte familia-ereduaren barne-aldaketei lotutako funtsezko ezaugarri gisa, bereziki emakumeen kasuan (oraindik desberdintasun-egoeran egon arren). Hori familiaren postmodernizazioa delakoaren esparruan sartzen da.
Familiaren barne-antolaketan aldaketak eragiten dituzten elementu nagusietako bat kide bakoitzaren autonomia gero eta handiagoa da; izan ere, familiak unitate gisa helburu komunak dituen arren, ez da bateraezina banakako proiektuekiko (lanekoak eta pertsonalak) errespetu handiago batekin.
Era berean, azpimarragarria da emakumeen negoziatzeko ahalmena handitu egin dela. Horrek familia-unitatea antolatzeko jarraibideak aldatzen ditu, eta pixkanaka zereginen eta erantzukizunen barne-banaketa adostasun handiago bat oinarri hartuta egiten da. Nolanahi ere, negoziazioa oraindik ez da orekatua, zeren eta, geroago erakutsiko denez, negoziaketa hori gizonaren mesedetara desitxuratzen duten gizarte– eta ekonomia-faktore batzuk daude. Elementu horiek direla-eta, oso garrantzitsua da lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko laguntza-politiken bidezko jardun publikoa, orekaren alde egiteko.
1El País (2006-05-24).
5Martínez-Ahedo, M. (2008).
3.2. Kanpo-izaerako aldaketak. Politika publikoen bidez hel dakiekeen faktoreak
Lehen azpimarratu ditugun barne-izaerako faktoreek ez bezala, kanpo-izaerako faktoreek gure gizarte-ereduaren gizarte– eta ekonomia-karakterizazio espezifiko bati erantzuten diote eta familiei laguntzeko politika publikoen bidez erabat hel dakieke.
Halaber, faktore horiek EA
Eko biztanleriaren zahartzearen zati garrantzitsu bat azaltzen dute eta, logikoki, familiei arreta emateko ereduaren iraunkortasunean eragin handia daukate.
Azterketa honen esparruan politika publikoen bidez hel dakiekeen faktore nagusietako bi identifikatu ditugu (beste azterketa batzuek ere egin duten moduan1): berezko familia-nukleoak osatzeko atzeratzea eta lanbidea, familia-bizitza eta norberaren bizitza bateratzea. Jarraian laburki analizatuko ditugu.
EAE emantzipatzean eta, beraz, familia bat osatzeko aukeran gehien atzeratzen diren Europako eskualdeetariko bat da
Europako hegoaldeko ongizate-estatuen ezaugarri nagusietako bat da emantzipatzeko batez besteko adina Europan baino berantiarragoa dela, Buchmannek eta Kriesik (2011) agerian jarri duten bezala. Hain zuzen ere, Espainian batez besteko adina 30 urtekoa da (Portugalekoaren eta Italiakoaren antzekoa), baina beste herrialde batzuetan, hala nola Frantzian, Alemanian, Holandan edo Erresuma Batuan, 25 urte baino baxuagoa da.
EAEko egoera are etsigarriagoa da, emantzipazio-tasa are atzeratuagoak baititu: 34 urte beherako gazteen %30 eta %40 bitartean baino ez dute euren bizi-proiektua hasi (beste eskualde batzuetan ia %50 da, eta Espainiako batez bestekoak %40 gainditzen du)2.
Emantzipatzeko adinaren atzerapen horren ondorioz, jaiotzarako sarbidea ia-ia emantzipaziorako sarbidearekin parekatuta dago, besteak beste aipatu ditugun batez besteko adinak direla-eta. Hala ere, egia da 40 urtetik gorako amatasuna bikoiztu dela3. Gainera, EA
Eko batez bestekoa (32 urte) estatukoa (30 urte) baino berantiarra da. Autore batzuek (Livi-Bacci, 2001) “atzerapenaren sindromea” ere deitzen diote egitate horri.
Egoera hori azaltzeko analisi-faktoreen artean, honakoak nabarmendu daitezke:
Lan-merkatuan sartzea atzeratzen duen prestakuntza-maila altua. Requenak (2001) ikertu duen moduan, Espainiako prestakuntza-aldiek 25 urte baino gehiago eduki arte irauten dute, eta ez da ohikoa ikasi bitartean gurasoen etxetik kanpo bizitzea (Suedian, Alemanian, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan ez bezala).
Hori are nabarmenagoa da unibertsitate-ikasketak egiten dituzten gazteen kasuan. Izan ere, mugigarritasun geografikoak kultura-osagaiak ez ezik ekonomia-osagaiak ere baditu: seme edo alaba batek kanpoan ikasteak oso kostu altua ekartzen dio familia-unitateari, eta, aurrerago ikusiko dugunez, ez dago familiei laguntzeko politika egokirik esparru horretan, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala. Era berean, ikasketen iraupena luzeagoa da, eta batzuetan graduondokoez osatzen da lan-merkatuan sartzen saiatu baino lehen.
Lan-merkatuaren ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna. Egile nazional eta nazioarteko egile batzuek azpimarratu dutenez, estatuko lan-merkatua duala da4: alde batetik, antzinatasun handieneko kontratu mugagabeetarako babes-maila altuak daude, eta, bestetik, lan-merkatuan sartzen diren gazteentzako ezegonkortasun altuko egoera bat dago, emakumeei hein handiagoan eragiten diena5.
Beraz, lan-merkatura berandu sartzeaz gain ezegonkortasun-egoeran egiten bada, emaitza da gazte gehienek ez daukatela bizi-proiektu independente bat hasi ahal izateko erabateko autonomia finantzariorik; hala, independizatzeko gaitasuna duten 30 urteko beherakoen tasak minimoak dira.
Etxebizitza eskuratzeko garestitasuna eta zailtasuna, jabetzan nahiz alokairuan. Azkenik, berezko familia-nukleoen osaketa atzeratzen duen hirugarren faktorea etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da, Europako herrialde gutxirekin kidetasuna daukana6. Estatuan (eta EA
E ez da salbuespen bat, adibide nabarmenetariko bat baizik), etxebizitzaren prezioak Europako soldata-ehuneko handienetariko bat biltzen du, eta familia-zorpetze maila altu bat sortzen du7.
Erosteko joera berezia egoteaz gain (estatuko eta Mediterraneoko estatuetako ereduan ohikoa den bezala), alokairua aukera zaila da eta batzuetan hileko kostua etxebizitza bat jabetzan hartzean baino altuagoa da: ia-ia sarrera gordinen %30 ematen da horretarako8, hileko 920 € inguru9 Euskadiko kasuan.
Adierazitako hiru faktoreek familien baliabide ekonomikoak murrizten dituzte eta eragin indartsua daukate seme-alabak (eta zenbat) eduki ala ez edukitzeko erabakian eta, hortaz, Euskadiko biztanleriaren piramidean. Alderdi hori Arartekoaren (2013) txostenetan ere nabarmendu da. Bertan esan denez, “Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak oztopo handia direnean, bereziki pertsona gazteentzat, bizitza independentea izateko baliabide nahikorik ez izateagatik, estalitako estutasun-mota batez ari gara eta familia berriak sortzeko zailtasunarekin eta seme-alabak izateko etorkizuneko proiektuen atzerapenarekin lotuta dago”.
EAEko familiek muturreko zailtasunak dituzte lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko
Hauxe da beharbada jaiotza-tasaren murrizketa azaltzeko gako garrantzitsuenetatik bigarrena: lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko zailtasunak daude, zeren eta gure gizartean bizitzaren hiru alderdi horiek bateragarri egiteko dauden gatazken ondorioz familiak asko atzeratu egiten baitira eta aipatutako hiru zailtasunak gainditu ahal izan arte beraien ondorengotza murrizten baitute.
Bateratzeko zailtasun horien atzean familiako lanen banaketa desberdinari lotutako faktoreak daude, baita ordu-baliagarritasunari, lan-malgutasunari eta antzeko balioei lehentasuna ematen dien lan-merkatu bati lotutakoak, horrela bizitzaren hiru alderdiak bateratzea zaila izaten baita, batez ere laguntzeko neurri publikoak behar bezain eraginkorrak ez badira.
“Bateratzeko planak ezarri eta betetzen dituzten enpresak sustatu behar dira, lan-merkatuaren konfigurazioak ez baitu benetan bateratzeko biderik ematen”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
“Jaiotza-tasa handitzeko helburua lortzeko aukerak hobetuko lituzketen bateratzeko neurri batzuk, enpresetan hartu beharrekoak, ordu-malgutasuna handitzea edo enpresetan haurtzaindegiak jartzea lirateke”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Emakumeak ez dira esparru publikoan sartzen ari gizonak esparru pribatuan sartzen ari diren baldintza beretan. Horren ondorioz, emakumeek haurrak eta bestelako mendeko pertsonak zaintzen duen familiako euskarri nagusia izaten jarraitzen dute, eta lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak ere egoten dira.
(8. grafikoa) . Lanpetuta dauden biztanleek etxeko lanetan batez beste ematen dituzten orduak
Iturria: EUSTAT (2010b).
Aurreko grafikoan ikus daitekeenez, haurrak hazteari eta mendeko pertsonak zaintzeari buruzko lanek emakumeen esku diraute, nahiz eta gizonek, pixkanaka, gero eta denbora gehiago eman horretan10. Dena den, jarrera erabateko desberdintasunekoa da, zeren eta gizonek egunean hiru ordu baino gutxiago ematen baitituzte adingabeak zaintzen, eta emakumeek, aldiz, ia bost. Mendeko pertsonak zaintzeari dagokionez, diferentzia hori areagotu egiten da, gizonek egunean ia bi ordu ematen dituztelako jarduera horretan, eta emakumeek, ordea, bikoitza.
Zer dago datu horien azpian? Zergatik bateratzea ez da familiako gaitzat jotzen eta oraindik ere nagusiki emakumeei lotuta dago, haiek baitira gehienetan etxeko lanetako eta ugalketako zereginez arduratzen direnak?
Lehen adierazi digunez, barne-negoziazioaren hazkundearen, emakumeen ahalduntzearen eta gizonak pixkanaka erantzunkide bihurtzearen ondorioz, etxeko lanen banaketa gero eta bidezkoagoa da, baina eginkizun hori gehienetan emakumeek gain hartzen jarraitzen dute.
Alde batetik, kultura-paradigma daukagu: erabaki horietan eragiten, ekoizpena gizonezkoen rolekin eta ugalketa emakumezkoen rolekin lotzen dituen sistema baten ondorioa da, eta, bertan, bateratzea emakumearekin eta amatasunarekin lotuta dago (Emakumearen Erakundea, 2008).
Zehazki eta 2009ko datuen arabera11, EA
En seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako diru-laguntzen 45.000 eskaera baino gehiago erregistratu ziren, eta 10 eskaeretatik 9 emakumeenak ziren. Irudikari kolektibo horri dagokionez, argi dago sentsibilizazio-politika publikoek jarduteko eta eraldatzeko ahalmena daukatela.
Hala ere, beste aldetik, oraindik sorrarazi zuten baldintzapen industrialetan ainguratuta dagoen ekonomia– eta lan-sistema bat dago; gaur egungo gizarte-egituratik urrun geratu da, eta, bertan, presentismoak, eskuragarri egoteak edo ekoizpen-egituraren barruan ugalketa-balioa ez sartzeak agintzen jarraitzen dute: “emakumeok gizonek gizonen helburuak betetzeko sortu dituzten enpresa-egituretan sartu gara” (Merodio eta Muriel, 2012), eta horrek ondorioztarazten digu “ugalkortasuna sustatzen duen ezein faktore ez dela aproposa Espainiako kasuan” (Esping-Andersen, 2013).
Hain zuzen, lan-berdintasun handiagoa duten herrialdeetan ere, azterketek erakutsi dute sarritan horren arrazoia ez dela sektore pribatua berdintasunezkoagoa izatea, sektore publikoaren pisu espezifikoa baizik12. Adibidez, ugalkortasuna altuagoa izaten da sektore publiko handiagoak dituzten herrialdeetan (Bernhardt, 1993); gurasoek maizago eskatzen dute esparru publikoan jaiotzagatiko baimenak partekatzeko, eta, horrez gain, seme-alaben kopurua handitu nahi duten familietan, emakumeek “ekonomia gogorreko ingurunetan” –enpresa pribatua– dauzkaten lanpostuak utzi eta “ekonomia biguneko ingurunetara” –administrazio eta enpresa publikoa– joan ohi dira13.
EAEn lan esparruan bateratzeko neurriei garrantzirik ez emateari buruzko erreferentzia-elementu on bat eta urratu behar dugun bidearen erakusgarri on bat hauxe da: enpresetan mota horretako oso elementu gutxi eskaintzen zaizkie langileei. Izan ere, esate baterako, haurtzaindegiak eskaintzen diren gizarte-prestazioetako azken lekura baztertuta daude (biztanleriaren %4,5 dago beteta).
(9. grafikoa) . EA
Eko soldatako biztanleria, enpresaren ardurapeko gizarte-prestazioen arabera
Iturria: EUSTAT (2010b).
Gaur egungo lan-merkatuaren eta gizartearen arteko distantziaren beste adierazgarri bat EA
En dagoen soldata-arraila da: arauek etxeko eta zaintzako lan gehienak emakumeei ezartzen dizkietenez, emakumeek beraien lan-karreraren zati bati uko egin behar diote, eta, horren ondorioz, EBn emakumeen eta gizonen artean dauden soldata-diferentziak %17koak dira14. Hortaz, gaur egun oraindik apurtzeko zaila den kristalezko sabai batera heltzen ari gara. Soldata-arrail horrek orobat ekartzen du ugalketa-balioak saritzen ez dituen lan-egoeraren eta bateratzea sustatzeko guztiz eraginkorrak ez diren neurri publikoen egoeraren ondorioz emakumeak izatea oraindik lanaldi-murrizketak edo eszedentziak hautatzen dituztenak (lehen ikusi dugunez); izan ere, etxeko diru-sarrerak batzen badira, emaitza ekonomikoa onuragarriagoa da familiarentzat gizonak mantentzen badu ekoizpen-eskuragarritasuna ukitu gabe.
Eta zein da politika publikoek esparru horretan daukaten eginkizuna? Lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko ahalmenak ez dira hobetuko zuzenean laguntzeko izaera publikoko politiken bidez soilik, zeren eta eskumen-eremu hori gainditzen baitu eta Merodiok eta Murielek (2012) azpimarratu dutenez “barne-kudeaketa,
–zuzendaritza eta –antolaketako ereduen” aldaketa batekin zerikusia daukan espazio batean sartzen baita. Beraz, gizarte-aldaketaren alde egiten duten sentsibilizazio-neurri indartsuak ere izango dira beharrezkoak, bereziki EA
Eko enpresa-sarea ETEetan oinarrituta dagoelako.
Nolanahi ere, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Europako Batzordearen ibilbide-orrian15 islatuta
dagoenez, harreman zuzena dago lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko eskaintzen diren erraztasunen eta emakumeak lan-munduan eraginkortasunez eta berdintasunez sartzearen artean, baita haurren pobrezia-tasaren murrizketarekin16 eta jaiotza-tasaren gorakadarekin ere17. Izan ere, emakumeen langabezia-tasa txikiagoa daukaten eta bateratzeko politikak garatuagoak dauzkaten herrialdeak ugalkortasun-tasa handienak dituzten herrialdeak dira.
Gainera, frogek iradokitzen dutenez –De Villotak (2009) eta Esping-Andersenek eta Palierrek (2010) jaso duten moduan–, bateratzeko neurri eraginkorrak hartuz gero baino ez da handituko eta hobetuko emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza; ondorioz, horrela sortuko da aberastasun handiago bat eta, horrez gain, lan-sarea indartuko da, zerga-bilketa handituko da eta azkenik ugalkortasuna hobetuko da (Esping-Andersen, 2013).
Hortaz, bateratzeko laguntza-politika indartsu batek –diru-laguntzen zein azpiegitura-laguntzen bidez– erronka horri aurre egitea ahalbidetuko luke eta eragin argi bat edukiko luke bai jaiotza-tasaren bai enpresen produktibitatearen hobekuntzan. Izan ere, 25 eta 49 urte bitartean dauzkaten 6 milioi emakume europarrek baieztatu dute beraien familia-erantzukizunen ondorioz ezin dutela lan egin edo denbora partzialean baino ezin dutela egin18.
Hori modu argian frogatu da De Villotak (2009) emakumeek Europako hainbat herrialdetan bateratzeko daukaten gaitasunari eta jarduera-tasari buruz egindako analisiaren bidez. Hurrengo grafikoan antzematen denez, bateratzen laguntzeko neurrien arloan ausartagoak diren politika publikoak dituzten herrialdeek uzten dute emakumeek jarduera-tasa handiagoak edukitzea.
(10. grafikoa) . Jarduera-tasaren eta bateratze-indizearen arteko korrelazioa
Iturria: De Villota (2009).
Danimarkak, Suediak edo Finlandiak emaitza onenak dituzte, baina Espainiak, Italiak eta Irlandak –esparru horretan apustu ahulak egiten baitituzte, txosten honen V. kapituluan ikusiko dugunez– emaitza txarrenak dauzkate. Egoera horrek harreman zuzena dauka oso desberdinduta dauden biztanleriaren piramideekin: Europako iparraldeko herrialdeek Mediterraneoko herrialdeek baino jaiotza-tasa altuagoak dauzkate (orobat bosgarren kapituluan ikusiko den moduan).
3EIN Estatistika Urtekaria (2012).
4Cooley, F. (2010).
8Público.es (2013-01-26).
10 Denbora-aurrekontuei buruzko galdeketako 2008ko (EUSTAT, 2008c) eta 2010eko (EUSTAT, 2010b) datuen erkaketa oso argia da alderdi horri dagokionez.
14EMAKUNDE (2012).
15Europako Batzordea (2006).
16COFACE (2009).
17IESE (2003).
4. Biztanleriaren zahartzearen ondorioak familiei laguntzeko politika publikoei lotuta
Biztanleriaren zahartze horrek ondorio bikoitza dauka familiei laguntzeko politika publikoen diseinuan, adinekoek eginkizun bikoitza daukaten heinean, alde batetik baliabideak jasotzen dituztelako (mendetasunaren arloan, adibidez), eta bestetik –eta bateratzea hain zaila den une batean– haurrak era ez formalean zaintzeko baliabide bat direlako.
Beraz, garrantzitsua da adinekoak familiaren arloko politika publikoek aurre egin behar dieten desafioei buruzko erreferentzia-puntua (jasotzaile gisa) baino ez direla ez pentsatzea; aitzitik, sare ez formaleko hornitzailetzat ere jo behar dira. Horrek bilobak zaintzeari buruz gaur egun Europan dagoen eztabaida (Eurochild, 2013) eragin du: familia-harreman osasuntsu bat sustatu behar da, eta aitona-amonen zaintzeko rolak ez du familiei laguntzeko politika eraginkorren diseinuan dagoen erantzukizun publikoa saihesteko biderik eman behar.
Egoera horri dagokionez, zeintzuk dira jaiotza-tasa baxuagatiko biztanleriaren zahartze horren ondorioak? Zer eragin dauka familiei arreta emateko politiken iraunkortasunean?
Gaur egun, Europako gizarteak zahartze-osagai altu bat dauka dagoeneko, baina, hurrengo urteetan, hein handiago edo txikiago batean mendekoak diren adinekoen bolumena pixkanaka handitu egingo da.
(10. taula) . 65 urte baino gehiago dituen eta mendetasun-graduren bat daukan biztanleriaren ehunekoa
2010 | 2030 | 2040 | |
Frantzia | % 25,81 | % 39,02 | % 45,20 |
Alemania | % 31,17 | % 46,23 | % 59,08 |
Erresuma Batua | % 24,72 | % 33,23 | % 42,14 |
Danimarka | % 24,98 | % 37,85 | % 42,66 |
Espainia | % 24,43 | % 34,32 | % 59,07 |
Italia | % 30,99 | % 42,45 | % 59,32 |
Herbehereak | % 22,82 | % 40,00 | % 47,18 |
Iturria: Kamette, F. (2011).
Esate baterako, gaur egun, Europan, 65 urte baino gehiago dituzten eta mendetasunen bat daukaten pertsonen batez bestekoa %23 baino altuagoa izan ohi da (Alemaniak eta Italiak, bestek beste, %30 gainditzen dute). Egoera hori areagotu egingo da eta 2030ean ohikoa izango da %40 baino ehuneko altuagoak egotea (Alemanian, Italian edo Holandan) eta %50 baino altuagoak 2040an (Espainian edo Italian). Horren ondorioz, Europako gobernuek erronka bati aurre egin behar diote, alegia, nola erantzun desafio soziodemografiko eta sozioekonomiko horri, dagoeneko oso garrantzitsua baita eta hurrengo urteetan are nabarmenagoa izango baita, bereziki gaur egun mendekotasunari lotutako politikek duten kostu altua aintzat hartuta eta biztanleriaren piramideak kotizatzeko gaitasunean eta adinean eduki duen murrizketa kontuan izanik.
Adinekoen pixkanakako eta etengabeko hazkunde horrek eta horri erantzuteari lotutako desafioek herrialde eta eskualde batzuek horretan arreta jartzeko izaera soziosanitarioko eredu berritzaileak serioki ikertzea eragin dute (Khan, 2013).
EAEko erakundeek apustu sendo bat egin dute esparru horretan (gastu publikoari eta dauden baliabideei buruzko analisiak geroago erakutsiko duenez): azken urteotan, gizarte zerbitzuen sistema eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzako eta mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioa indartu egin dira. Prestazio ekonomikoen zein zerbitzuen bidez (familia zaintzaileentzako laguntza, laguntza teknikoak eta ingurunearen egokitzapena, eguneko arreta zentroak eta egoitza-arretako zentroak, besteak beste) antolatutako sistema bat da, eta laguntza argi bat izan da familientzat.
“Mendetasunari dagokionez, Euskadiko egoera, oro har, estatukoa baino hobea da”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Alde batetik, mendetasunaren esparruan bizitzaren adin eta eremu guztiak, hala nola hezkuntza, etxebizitza edo enplegua (adibidez, Enpleguko Zentro Berezien bidez), barne hartzen dituen arreta integraleko programa oso bat dago.
Bestetik, mendetasun-egoeran dauden adinekoen esparruan, arreta-sistema hazi egin da: erkidegoko baliabideak asko garatu dira (egoitzetakoak nahiz eguneko arretakoak), oraingoan bai publikoak bai erakunde pribatuek kudeatutakoak (irabazi-asmoa daukatenak eta irabazi-asmorik gabekoak).
Bi ereduak kalitate onekoak dira eta zerbitzuak ematen dituzten langileen ratioak oso altuak dira. Horren ondorioz, gastu publikoa ere oso altua da (adibidez, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako 4.100 plazek, eguneko zentroak eta egoitzak barne hartuta, 118 milioi euro baino gehiagoko gastua ekarri zuten1). Horrek etorkizunean edukiko duen iraunkortasunari buruz hausnarrarazten du, zerga-bilketa murriztu egingo baita eta batez ere biztanleria gero eta zaharragoa eta jaiotza-tasa baxua izango baita.
5. Ondorioak
Familia-ereduak eraldatzen ari den gizarte-egitura batean murgilduta daudenez, haiek ere eboluzionatzen eta aldatzen ari dira. Nukleoan eta seme-alabetan oinarritutako gizarte-egitura –hori baita eredu tradizionalena– oraindik ere nagusiena bada ere, pixkanaka baina etengabe garrantzia galtzen ari da, beste eredu batzuen mesedetarako, adibidez seme-alabarik ez daukan bikoteak edo kide bakarreko familiak.
Familia-eredu berrien sorrera eta sendotze horretan, familia-mota berriak (familia homoparentalak, guraso bakarrekoak edo ezkontzaz araututa ez daudenak) gero eta indar handiagoaz sortzen ari dira. Horrez gain, familia guztiak ukitzen dituzten barne-harreman mota berriak ere eratzen ari dira, eta, horrela, kideen autonomia hazten ari da eta barne-negoziazioa handiagoa da.
Hala ere, familia-ereduaren bilakaeran funtsezkoa den eta analizatu behar den elementua, familiei laguntzeko politika publikoekin duen harreman zuzena dela-eta, seme-alabak dituzten ereduen ehunekoaren pisu-galera eta haren tamaina espezifikoaren beherakada da. Izan ere, badira hogei urte baino gehiago familien batez besteko tamaina –bai eredu tradizionalagoetan bai duela gutxiago sortu eta/edo arautu direnetan– etengabe murrizten ari dela, eta orain EA
En 20 urtetik beherako gazte baino 65 urtetik gorako adineko pertsona gehiago daude. Horrek eragin nabarmena dauka gaur egungo ongizate ereduaren iraunkortasun falta, pentsatuta dagoen moduan.
Funtsean, egoera soziodemografiko hori azaltzen duten bi faktore daude (egoera hori ez da guztiz desiragarria, familiek adierazi baitute nahiko lituzketen baino seme-alaba gutxiago dauzkatela), eta biei hel dakieke familiei laguntzeko politika publikoen bidez.
Lehenik, EAE gazteak atzerapen gehiagorekin emantzipatzen diren (eta, beraz, beraien familiak sortzen dituzten) Europako eskualdeetariko bat da. Horren arrazoiak gizarte– eta ekonomia-aldagaiak dira, adibidez etxebizitzaren kostu zeharo altua, bai erosteko bai alokatzeko, edo berez luzea den ikasketa-aldiko mugikortasun geografiko eskasa.
Beste aldetik, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko zailtasun izugarria dago, bai kulturari lotutako faktoreengatik (emakumeak hein handiagoan arduratzen dira ugalketa-lanez eta familia zaintzeaz), bai ordu-baliagarritasunari edo malgutasunari lehentasuna ematen dieten balioetan oinarritzen den ekoizpen-sistemaren ondorioz. Gainera, neurri publikoak (zuzenak zein sentsibilizaziokoak) ez dira egoera hori aldatzeko gai izan eta logikoa dirudi gogoeta bat egiten hasteak, ereduz aldatzeko aukerari buruz eta neurri publikoek gizarte osoaren mentalitatea aldatzen ez den bitartean gaur egungo egoera aldatzeko dituen aukera errealei buruz.
Azken alderdi horren harira, bereziki garrantzitsua da beste herrialde batzuen (Frantzia, Suedia) esperientzia aintzat hartzea; izan ere, horietan enpresen eta erakundeen lehiakortasunari eutsi ez ezik gizarte-sistemaren iraunkortasuna indartu ere egiten ari da, jaiotza-tasa eta gizonen eta emakumeen arteko gizarte-berdintasuna handitzen ari baitira.
Azkenik, aipatu behar dugu egoera soziodemografiko eta sozioekonomiko horrek familiaren arloan gizarte-ongizateko ereduaren iraunkortasunerako ondorioak ekartzen dituela, eta zehazkiago ezgaitasunen bat duten pertsonei eta mendeko pertsonei arreta emateko erakunde-ereduari dagokionez, horren etorkizuna arriskuan baitago bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundearen eta EA
En lan egiteko adina duten pertsonen oinarriaren murrizketaren ondorioz.
Modu horretan, haurrei arreta emateko eredua gutxi garatuta dagoela eta –hurrengo kapituluetan ikusiko denez– Europako testuinguruaren aldean gabezia handiak dauzkala aintzat hartuta eta ezgaitasunen bat duten pertsonak, mendeko pertsonak edo adinekoak babesteko prestazioen eta zerbitzuen iraunkortasuna zalantzazko egoeran dagoela kontuan izanda, badirudi argi dagoela EAEn familiei prestazio integralak emateko ereduari buruzko hausnarketa bat, eragile publikoak, pribatuak eta sozietate zibila barne hartzen dituena, ezarri behar dela.