5. Ondorioak
Azken mende erdian, gero eta aitorpen eta onarpen handiagoa lortu da giza eskubideen inguruan. Alabaina, erretorikak orain eman behar ditu, bereziki, fruituak. Egoera jasanezina denean agertzen da giza eskubideen benetako balioa inola ere uko egin ezin zaion elementu gisa. Pentsamendu bakarra, teknokrazia eta merkatu desarautuen dogmak alde batera utzita, demokraziaren eta arlo publikoaren balioa erreklamatu behar dugu, hala Ecclesiatik (gizarteari kontuak ematen dizkioten erakunde publikoak) nola Agoratik (herritarrek parte hartzeko espazio publiko irekiak).
Botere publikoek krisi ekonomikoa giza eskubideen krisi ez bihurtzeko erantzukizun handia dute. Finantza-sistema onbideratzea, arrisku-prima gutxitzea eta defizitaren helburuak betetzea ezin dira egin giza eskubideen bizkar. Ekaitza denean baliarazi behar dute botere publikoek herritarren premiei erantzuteko lidergoa. Oraintxe da garaia erabakitzeko osasuna, etxebizitza, hezkuntza edo ideiak jendaurrean adieraztea giza eskubideak ote diren edo ekonomiaren oparoaldietarako erreserbatutako pribilegio hutsak diren.
Aski jakina da txinatar ideogramak bi esanahi konbinatzen dituela “krisi” hitzean: arriskua eta aukera. Arduradun publikoen esku dago aukera hori baliatzea askatasuna eta duintasuna inoiz baino kementsuago aldarrikatzeko.
Pertsona guztiak, hala izate hutsagatik, eskubide besterenezin batzuen titular direlako ideia, gaur-gaurkoz, eskuarki onartzen da gizarte demokratikoetan eta gure ordenamendu juridikoak horixe du oinarri. Ideia horrek, erakargarri izateaz gain, hainbat ondorio praktiko ditu eta oinarrizko betebehar batzuk sortzen ditu botere publikoentzat.
Krisi-garaietan inoiz baino gehiago, botere publikoek giza eskubideen printzipio hauek izan behar dituzte gidari politika publikoak diseinatzeko orduan:
• Giza eskubideak unibertsalak, banaezinak eta elkarren mendekoak dira.
• Berdintasuna eta bereizkeriarik eza dira giza eskubideen sistema osoaren elementu egituratzailea.
• Giza eskubideen inguruko betebeharrak hirutarikoak dira. Botere publikoek eskubide sozioekonomikoak errespetatu, babestu eta bete edo gauzatu behar dituzte.
• Eskubide sozioekonomikoak pixkanaka gauzatu behar dira, “bide egoki guztietatik” erabilgarri dauden “baliabide guztiak” erabili arte.
• Eskubide sozioekonomikoei loturiko neurri atzerakorrak onartezinak dira, printzipioz.
• Botere publikoek beren ekintzen kontuak eman behar dituzte, eta ordainerako, informazioa eskuratzeko eta herritarrek modu aktiboan parte hartzeko eskubidea bermatu behar dute.
Praktikan, printzipio horiek gomendio hauek dakartzate berekin:
• Konstituzioan eta nazioarteko Zuzenbidean jasotako eskubideen lege-garapenak errespetatu egin behar du giza eskubide guztien funtsezko edukia eta bat egin behar du giza eskubideen nazioarteko Zuzenbidearen parametro bermatzaileenekin.
• Politika publikoek berdintasuna bermatu behar dute, berdintasuntzat gaitasun eta autonomia pertsonalak eta gizarte demokratiko baten balio egituratzailea hartuta. Gainera, berdintasun sozioekonomikoa balio bat da berez, bide bat sistema ekonomiko osoaren funtzionamendu ona ziurtatzeko.
• Gizarte-politikak beharrezko tresnak dira pertsona guztiek dagozkien eskubide sozioekonomiko guztiak eskuratu ahal izan ditzaten. Eskubide sozioekonomikoak gauzatzeko bide ematen duten tresnak izateaz gain, garapen ekonomikorako, enplegu-sorkuntzarako, oparotasunerako eta gizarte-kohesiorako iturri ere badira.
• Giza eskubideak unibertsalki aitortuta daudenez, beharrezkoa da botere publikoek datu bereiziak ematea, biztanleek eskubide sozioekonomikoak zenbateraino lortu eta gozatzen dituzten ebaluatzeko.
• Betiere botere publikoek frogatu behar dute eskubideen gozamenean egindako murrizketak justifikatuta daudela, eskubide sozioekonomikoen argitan eta erabilgarri dauden baliabide guztiak erabili direlako. Administrazio batek eskubide aldetik neurri atzerakorrak hartzeko asmoa badu, azterlan bat egin eta argitaratu beharko du neurri horiek itxuraz giza eskubideetan nola eragingo duten ebaluatzeko.
• Bai kontuak ematearen ikuspegitik, eta bai eskubide guztiak elkarren mendekoak eta banaezinak direla oinarritzat hartuz, eskubide sozioekonomikoen justiziabilitatearekin eta beste berme instituzional-erako batzuekin batera, eskubide zibilak (batez ere, biltzeko eskubidea eta elkartzeko eskubidea) botere publikoek giza eskubideen inguruan dituzten betebeharrak beteko dituztelako berme bihurtzen dira herritarrentzat.
• Gobernantza onak exijitzen duenez, ziurtatu egin behar da pertsonek informazio xehatu eta garrantzizkoa izatea eta modu esanguratsuan eta berdintasun-baldintzetan parte hartzea haiei eragiten dieten erabakietan.