Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
7.2. Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema (AMAS) martxan jartzea
Menpekotasunaren babesean parte hartzen duten eragileek antzeman dute sistema martxan jarri baino lehenagoko planifikazioa oso urria dela, sistemaren finantzaketari eta iraunkortasunari dagokienez, bereziki. Halaber, sistema aplikatzean, nolabait, azkarregi jokatu dutela ohartzen dira; izan ere, beharrezkoak diren gutxienezko baliabideak, irizpideak, instrumentuak eta prozedurak zehaztu baino lehen jarri zen martxan.
Espainiako gobernuaren hasierako komunikazio-estrategiak herritarren artean itxaropen handiak piztu zituen; baina, halere, ez dirudi itxaropen horiek ase direnik, eta legearen hartzaile nagusiak neurri batean desengainatuta sentitzen direla ikusi dugu.
AMALek eratutako sistema gizarte zerbitzuen eta arreta sozialaren arloan barne hartzen da, ez Gizarte Segurantzaren arloan, eta horrek haren finantzaketari egonkortasun txikiagoa ematen diola dirudi. Jurisdikzio eskuduna, beraz, ez da soziala, administrazioarekiko auziena baizik, eta horrek prozedura judizialaren arintasunarekin lotutako eragozpen batzuk sortzen ditu.
Sistemak legezko egoiliartasuna ez duten etorkinen kolektiboa babesetik kanpo utzi ohi du, baina batzuetan atzerritarrei edo adingabeei buruzko legerietara jotzeko esaten du. Adingabeen kasuan, arreta eskuratzeko arazoak dauzkatela ikusi dugu. Gure erkidegoan egiaztatu dugu araudia behar bezala garatuz gero hori gainditzea posible izan litekeela babesgabetasun sozial eta sanitarioa eta menpekotasun-egoera aldi berean gertatzen direnean, gizarte- eta familia-babesen falta dagoenean edota harrera-gizarteko hizkuntza edo kultura ez ezagutzean sortzen diren egoera larriak ekiditeko.