3. Lgtb adingabeen eta dibertsitate sexualaren defentsa eta babesari dagokienez
42. Dibertsitate afektibo-sexualari buruzko Plan bat egitea hezkuntza-zentroetan ume eta nerabe homosexual, bisexual edo transexualen oinarrizko eskubideak eta babesa bermatzeko
Genero-identitate edo sexu orientazio ezberdineko adingabeentzako baldintza egokiak sortzeko politika publikoak ezartzeko beharra nabarmena da, adingabeok euren duintasuna eta integritate fisiko eta moralerako, pertsonalitatearen garapen askerako, askatasunerako eta, finean, tratu berdintasunerako oinarrizko eskubideak babestuta ikus ditzaten.
Horretarako, balioen hezkuntzaren esparruan, beharrezkoa da dibertsitate afektibo-sexualarekin zerikusia duen oro jorratzea, arlo honetako dibertsitatearen inguruko bisibilizazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko helburu bikoitzarekin; era berean, beharrezkoa da honakoak babestea: duintasuna, pertsonalitatearen garapen askea, integritate fisiko eta morala eta ume eta nerabe homosexual (gay eta lesbianen) edo bisexualen berdintasunerako, baita identitate transexual edo transgeneroari dagokienez ere.
Plan hori zentro bakoitzak espezifikoki egindako planek osatu beharko lukete; zentro bakoitzak zehaztu beharko lituzke zer ekintza zehatz egingo dituen lgtb eskubideen arloan, edo, bestela, aurreikuspen horiek beste berdintasun plan batzuei gehitu beharko litzaizkieke, bestelako bazterketa kausei buruz zentroek egindakoekin, hain zuzen ere (sexua, erlijioa, jatorria, gizartea, etab.).
43. Eskola esparruan ekintza zehatzak sustatzea dibertsitate afektibo-sexuala ikusarazteko eta bermatzeko, homofobia erauzteko eta umezarotik genero-identitatearen eta sexu-orientazioaren dibertsitatea erabat onartzeko eta errespetuzko kultura
herritarra zabaltzeko
Aurreko gomendioan aipatutako planek lgtb (lesbianak, gayak, transexualak eta bisexualak) adingabeen aurkako hitzezko oldarkeria eta indarkeria fisikoa erauztearen gaia jorratu beharko lukete, bullying homofobiko eta transfobikoaren arloan eraginkorrak diren prebentzio eta esku hartze protokoloak ezarriz.
Era berean, antolatu beharko lituzkete lgtb elkarte edo pertsonen partaidetza duten hitzaldiak edo ekintzak, diferentziarekiko eta dibertsitate afektibo-sexualarekiko errespetua sustatzeko asmoz.
Hezkuntza administrazioak bermatu beharko luke ere eskola guztietan dibertsitate sexual eta familiarra islatuko duten ipuin eta gida didaktikoak egotea, tutoretza-orduetan horien erabilera bultzatuz, berdintasun planetan adierazitakoari jarraiki. Bestalde, beharrezkoa da dibertsitatea ikusgarri egitea Hezkuntza asmoetara zuzendutako material guztietan: Genero identitatearen eta orientazio sexualen pluraltasuna, sexu bereko bikoteak eta sexu bereko gurasoen familiak.
Aipatutako guztiaren bideragarritasuna eta eraginkortasuna lortze aldera, beharrezkoa da irakasleak trebatzea eta gida didaktiko gisa erabil litezkeen materialak editatzea.
44. Lgtb adingabeentzako tutoreak
Komenigarritzat jotzen da hezkuntza-zentro bakoitzean egotea orientazio homosexual, bisexuala edo transgenero identitatea edo orientazio transexuala duten ume eta nerabeen tutoretza lana egingo duten irakasleak (zentroko orientatzaileak izan daitezkeenak, edo tutoretza zehatz bat burutzen duen norbait, edo erreferentziazko tutoreak, beharrezko trebakuntzarekin), adingabeok izan litzaketen arazoak eta beharrizanak detektatzeko laguntza emateko asmoz, eta, hortik aurrera, aurreko gomendioetan definitutako helburuak betetzeko beharrezkoak diren ekimen, esku hartze tresna edo programa guztien ezarpena bultzatu beharko dute ere.