D) Hezkuntza sistemaren gaineko gomendio espezifikoak
1. Heziketa beharrizan berezi eta espezifikoekiko erantzunari dagokionez
28. Egoera baztertzaileak edo bazterketa sustatzen dutenak saihestea
Heziketa beharrizan bereziak eta espezifikoak dituzten ikasleak zentro jakin batzuetan biltzeak arriskua eta zailtasuna dakartza gizarte kohesionatu baten eskola sistema inklusibo bat lortzeko.
Administrazioaren erantzukizuna da dituen baliabideak erabiltzea (matrikulazio arauak adibidez) parekidea ez den edo baztertzailea izan daitekeen egoera oro saihesteko. Eta ez arrazoi pedagogikoengatik –esperientziak erakusten du ezaugarri horiek dituzten zentroetako batzuek euren ikasleei beharrizanei heziketa-erantzun egokia ematea lortzen dutela–, ezpada izaera sozialeko arrazoiengatik: zentro edo sektore jakin batzuen ghettizazioa edo estigmatizazioa saihestea eta gizarteratzea sustatzea.
Kontuan izan jatorri bereko edo antzeko egoeran dauden ikasleekiko erlazio bakar edo ia bakarrak tokiko lagunekin harremanak izateko aukerak zailtzen dituela, euren gizarteratzean aurrera egiteko funtsezkoa izanik.
Alde horretatik, Arartekoaren erakundeak berriz azpimarratzen du heziketa beharrizan berezien gaineko txostenaren 3. gomendioan iradokitako neurriak hartzeko beharra: "Heziketa beharrizan bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskoletako ghettoak saihesteko neurriak hartzea".
29. Arazo handienak dituzten zentroentzako konpentsaziozko politikak eta diskriminazio positiborako neurriak indartzea
Aurrekoaren gomendio osagarri bat da. Berorrekin egoera baztertzaileak saihestu nahi ziren; honekin, desberdintasunak konpentsatu nahi dira.
Badira konpentsaziozko irizpideen arabera ezartzen diren baliabide zehatzak edo konpentsaziozko programak: Eskolen laguntza osagarria, esku hartze espezifikoko proiektuak, eskolako laguntza-programak... Hemen neurri eta programa horiek sendotzea eskatzen da, populazio gutxietsi edo urrakorrari artapen berezia eskaintzen dieten zentro guztietara zabaltzea euren aplikazioa, betiere baliabide osagarri horiek euren heziketa beharrizanen erantzunaren hobekuntza esanguratsu batean oinarritzen badira.
30. Detekzioa hobetzea eta beharrizan bereziko egoeretan esku hartze goiztiarra erraztea
Gomendio honek zero eta hiru urte bitarteko heziketa-tartean du aplikazio-esparrua bereziki. Azken urteetan eskolaratzeko aukeren hazkundea garrantzitsua gertatu da tarte horretan, baina beti ez zaizkio aplikatzen ikasle gutxietsien egoerei lehentasuna emateko irizpideak.
Beharrizan mota horien detekzioaren hobekuntzak, bestalde, heziketa sistemaren koordinazio mekanismoak osasun-gizartearen esparruan esku hartzen duten eragile instituzionalekin (pediatria zerbitzuak, larrialdietako zerbitzuak, oinarrizko gizarte zerbitzuak…) garatzea dakar.
31. Familien eta elkartze-munduaren arteko lankidetza sustatzea
Familiekiko lankidetza funtsezkoa baldin bada hezkuntzarako edozein egoeratan, are beharrezkoagoa izaten da heziketa beharrizan berezi edo espezifikoei erantzuteko egoeretan. Horrek bateratze neurriak sustatzea eskatzen du, baita hezkuntza zentroetatik ere (adibidez, ordutegiari dagokionez), edo familien elkarteekiko lankidetza sustatzea.
32. Planen eta baliabideen ebaluazioa
Heziketa beharrizan berezi eta espezifikoen artapenean, txosten honetan adierazi den bezala, baliabide espezifiko sorta bat erantsi zaio (profesional berriak, adibidez) sistemari eta plan sorta bat onartu da.
Hemen planteatzen dena –6. gomendioaren zehaztapen gisa– da plan horiek sistematikoki ebaluatzeko beharra, lortutako emaitzak edo sistemaren eskura jarritako baliabideen eraginkortasuna, behar den neurrian berraztertu eta, ondorioz, hartzeko jarritako helburuak lortzeko egokienak eta onenak diren neurriak.
Hemen ebaluazio horiek izan behar dituzten ezaugarriak, jadanik aipatuak, azpimarratu behar ditugu: Publikoak, parte hartzaileak, sistematikoak, erabakiak hartzeko asmoei bideratuak…
33. Bereziki urrakorrak diren sektoreekin lortutako eskola-emaitzen jarraipena egitea
Txosten honen aurreko ataletan egiaztatu ahal izan den bezala, erakunde honek, egindako jarraipenetan, datuak eta informazioa bildu nahi izan ditu, jakiteko gure hezkuntza sistema zenbateraino zuzentzen edo gainditzen ari den hasieratik bereziki kaltetutako edo ahultasun bereziko egoeran dauden eskola-populazioari eragiten dioten ezberdintasunak.
Ia beti, arrakasta eskasarekin, hezkuntza arloko Administrazioak ez dituelako honelako azterketak egiten, edo, ez dituelako emaitzak argitara ematen.
Egia esan, egiteko moduaren arabera, jadanik urrakorrak diren talde edo sektoreak are gehiago estigmatizatzeko arriskua areagotu lezakete. Baina egia da ere badirela arrisku horiek aurreikusteko formula eraginkorrak eta horrela sistemaren eraginkortasunaren berri izateko ezinbesteko informazioa lortu liteke, baliabide ezberdinei buruz eta desberdintasunak konpentsatzeko gaitasun errealari buruz. Horrek erantzun ez hain eraginkorrak baztertzea edo zuzentzea ekarriko luke alde batetik, eta bestetik balio erantsi handia ematen duten eta emaitza konparatibo hobeak lortzen dituzten praktikak nabarmentzea, bultzatzea eta zabaltzea.
34. Dibertsitatea sustatzea profesionalen taldeetan ere
Aurreko gomendioetako batzuen xedea da zentroak (zentro guztiak) dibertsitate sozialaren isla zintzoa izatea, eta bere inguruan berez gertatzen diren urrakortasun bereziko egoerak behar den neurrian artatzea.
Hemen proposatzen da dibertsitatea profesionalen taldeetan sustatzea ere, orain arte gutxi aztertutako profilak dituzten pertsonen taldeetako kontratazioari, lankidetzari edo integrazioari begirako neurriak hartzea edo aplikatzeaz gain: ezgaitasunen bat duten pertsonak, adibidez (Legeak aurreikusten duen bezala eta Erakunde honen gomendio askoren gai izan dena), edo beste hizkuntza eta kulturen ezagutzak dituzten pertsonak, eta hori pauso bat gehiago litzateke multikulturaltasuna lortzeko bidean. Edozein kasutan, profilak zehaztu beharko lirateke, kontratazio formulak definitu eta enplegu publikoetarako sarbidea izan beharreko berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak gorde.
35. Hesi arkitektoniko guztiak ezabatzeko tarte zehatz bat ezartzea
Hezkuntza sistema guztiz inklusibo bat lortzeko helburuak, hemen aipatzen denak, beste neurri batzuen artean, eragozpen diren hesi guztiak ezabatzea dakar.
Hala adierazten du ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko Hitzarmena berresteko tresnaren bederatzigarren artikuluak, 2006ko abenduaren 13an New Yorken aditzera emanak:
"1. Pertsona desgaituak modu independentean bizi daitezen eta bizitzako arlo guztietan bete-betean parte har dezaten, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte pertsona desgaituei ziurtatzeko eskuragarri izatea, gainerako pertsonen baldintza berberetan, ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioak, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz nekazaritza-guneetan. Neurri horiek, eskuragarritasunerako trabak eta oztopoak identifikatu eta ezabatzea barne hartuko dutenak, aplikatuko dira, besteak beste, hurrengoei begira:
a) Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta barruko nahiz kanpoko beste instalazio batzuk, hala nola, eskolak, etxebizitzak, mediku-instalazioak eta lan egiteko lekuak; (…)"
Ikuspegi global hau bistatik galdu gabe, beste hesi batzuen existentziak edo teknologia berrien aplikazioak eskaintzen dituen aukera handiak, hemen, urte askotan egindako jarraipenarekin bat, zentro batzuetan oraindik existitzen diren oztopo arkitektonikoak kentzeko beharra eta premia azpimarratu nahi dugu, ikasleen, irakasleen eta bestelako ezintasunak dituzten langileen integrazio egokia zailtzen baitute.
"Irisgarritasun mapa" eguneratu baten existentziak oztopo guztiak kentzeko beharrezko ekintzak eta baliabideak zehaztasunez planifikatzea ahalbidetu behar du.
2. Eskolako bizikidetzari dagokionez
36. Bizikidetza arauen garapenean eta aplikazioan partaidetza sustatzea
Hezkuntza komunitateetan, bizikidetza kide guztiei eragiten dien neurri-sorta baten bitartez arautzen da. Halere, kideon inplikazioa ez da beti orekatua edo bera izaten, eskolaren antolaketan duten funtzio edo estatusaren arabera asko aldatzen baita.
Txosten honetan hartutako ikuspegitik eta adingabeek eragiten dieten gaietan parte hartzeko duten eskubidearen aplikazioan, hemen azpimarratu beharra dago ikasleek bizikidetzarako arauekin zerikusia duten fase guztietan parte har dezatela ahalik eta gehien: garapenean; onarpenean; aplikazioan; berrazterketan…
37. Ikasleen familiekiko lankidetza hobetzea
Zentroetako bizikidetzarekin lotuta erakunde honetan jasotako kexek (ia denak ikasleen gurasoek planteatutakoak) zein egindako ikerketek eta txostenek larritzat jotzen dugun arazo bat erakusten dute: Familia batzuk ez daude ados eta jarrera oso kritikoa dute heziketa-zentroaren ekintzen (edo inhibizioen) aurrean edo, zehatzago, irakasle edo talde zuzentzaileen aurrean.
Kexa edo ezinegona, argitara ematen denean, gai ugaritara hedatzen da: Erabakiak hartzeko ematen zaion parte hartze maila; jasotzen duen informazioaren maila; arauen aplikazioaren irizpideen aldakortasuna parte hartzen duten kasuen eta pertsonen arabera; zentroaren zuzendaritzak sarritan hartzen duen, haien ustez, jarrera defentsiboa; ikuskaritza bezalako beste eragile batzuen esku hartzea…
Argi denez, familiak ados ez egotea eta profesionalek euren seme-alabekin izan duten jardunbidea kritikatzeak ez du esan nahi haiek erratzen direnik eta gurasoak zuzen dabiltzanik. Auzia ez da hori. Baina aitortu beharra dago familiaren garrantzia gai honetan eta beste batzuetan eta, ondorioz, euren seme-alabei dagokien partaidetza eta lankidetza ahalik eta gehien sustatu behar dira.
38. Praktika onen aitorpena eta zabalkundea
Azken urteetan eskolako bizikidetzari emandako lehentasunezko artapenari eta araudiaren garapenari esker, gaur asko dira zentroko bizikidetzaren kliman hobekuntza esanguratsuak eragin dituzten ekintzak eta gatazkak jorratzeko eta kudeatzeko moduetan.
Gure Erkidegoko hezkuntza zentro guztiek, derrigorrez, arau edo tresna sorta bana dute (bizikidetza planak; arauak onartzen dituzten eta gatazkak aztertzen dituzten batzorde edo organoak; arau idatziak…), baina zentro guztietan ez dituzte maila berean balioesten edo erabiltzen baliabide horiek.
Hemen proposatzen dena da eskolako bizikidetzan bereziki erabilgarri edo arrakastatsutzat jotako praktikan aitortzea eta zabaltzea (lortutako partaidetza mailengatik; gatazkak prebenitzeko eta kudeatzeko gaitasunengatik; beren kideentzako eskumenen formazio eta garapenarengatik; eskolako antolaketan izandako islarengatik; tresna baliotsu eta gutxi erabiliak erabiltzeagatik, izan berdinen arteko bitartekaritza, kontratuak, etab.).
39. Bizikidetza planen eta beste tresna orokortuen burokratizazioa saihestea
Bizikidetza planen moduko tresna jakin batzuen luzapen orokortuak, izan derrigorrezkoak zein errepikatuak, urtez urte, posible den neurrian saihestu beharreko burokratizazio arriskua dakar.
Horrela, garrantzitsua ez da izango jakitea zentro bakoitzak "Bizikidetza plana" izeneko –edo antzeko izena duen– dokumentu idatzi bat duen, ezpada ikertzea eta balioestea zer puntutaraino den benetako tresna bat, demokratikoki onartua, sistematikoki aplikatua, aldian-aldian aztertua, emaitzen arabera ebaluatua…
Kontua ez da bermatzea araudiak eskatzen dituen dokumentuen existentzia; kontua da bermatzea tresna horiek beharrezko baldintza guztiak betetzen dituztela, modu eraginkorrean erabiltzen direla eta zentroko bizikidetza hobetzeko balio dutela benetan.
40. Ikasleen eskubide eta betebeharren Dekretuaren aplikazioaren jarraipen sistematikoa egitea
Urte askotan zehar, erakunde honek ikasleen eskubide eta betebeharren dekretu berri bat izateko beharrizana azpimarratu izan du, baldin eta aurreko dekretuak aditzera emandako mugak gainditzen bazituen (partaidetzan, azkartasunean, zehapenen izaera hezitzailean…). 201/2008 Dekretuaren onarpenak erantzun nahi izan zion egoera horri.
Jokoan dauden gaien garrantzia ikusita (adingabeen eskubideak), hezkuntza sistemaren sakabanaketa eta dibertsitatea, eta zentroen bizitzan dekretuaren aplikazioa eta intzidentzia-maila, arau horren aplikazioaren jarraipen sistematikoa egiteak ezinbestekoa dirudi, bere erabilgarritasuna, egokitasuna, eta prozeduren bermeak balioesteko.
41. Indarrean dauden protokoloen aplikazioaren jarraipen sistematikoa egitea
Ikasleen eskubide eta betebeharren Dekretuaren kasuan bezala, azken urteetan gida, irizpide eta protokolo espezifikoen sorta bat onartu izan da, egoera jakin batzuei aurre egiteari buruz: botere jazarpen edo bullying arrazoiengatik berdinen arteko tratu txarrak; ikasleek irakasleei egindako agresioak; berdinen arteko jazarpenerako teknologia berrien erabilera; edo ciberbullyinga…
Egoera horietariko batzuen aurreko esku hartzea prebenitu eta bideratzeko, Arartekoaren erakundeak berak ekintza-gida eta material sorta bat zabaldu ditu zentroetan.
Protokoloen aplikazioaren gainean orain arte egindako jarraipenak (txosten honen 3.11 atalean laburtuak) hezkuntzako ikuskaritzak kasu honetan eskuratu, bildu eta jasotako datuek aurkezten dituzten mugak nabarmentzen ditu.
Beraz, protokolo hauen aplikazioaren gaineko jarraipena hobetzeak beharrezkoa ematen du, ez soilik aplikatu diren kasuetako datuen bilketa sistematikoaren bitartez, ezpada horietan parte hartu duten pertsonek egindako erabilgarritasunaren balioespenaren bitartez, horrek berrazterketa erraztuko bailuke.
Ildo berean, bullyinga bezalako fenomeno jakin batzuen bilakaera hobeto ezagutzeko eta jarraipen elementu gisa, interes handikoa da IVEI-ISEIk aldian-aldian ematen dituen datu-sorta eta ikerketez baliatu ahal izatea (Berdinen arteko tratu txarra Euskadin, 2005, 2008 eta 2010).
3. Lgtb adingabeen eta dibertsitate sexualaren defentsa eta babesari dagokienez
42. Dibertsitate afektibo-sexualari buruzko Plan bat egitea hezkuntza-zentroetan ume eta nerabe homosexual, bisexual edo transexualen oinarrizko eskubideak eta babesa bermatzeko
Genero-identitate edo sexu orientazio ezberdineko adingabeentzako baldintza egokiak sortzeko politika publikoak ezartzeko beharra nabarmena da, adingabeok euren duintasuna eta integritate fisiko eta moralerako, pertsonalitatearen garapen askerako, askatasunerako eta, finean, tratu berdintasunerako oinarrizko eskubideak babestuta ikus ditzaten.
Horretarako, balioen hezkuntzaren esparruan, beharrezkoa da dibertsitate afektibo-sexualarekin zerikusia duen oro jorratzea, arlo honetako dibertsitatearen inguruko bisibilizazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko helburu bikoitzarekin; era berean, beharrezkoa da honakoak babestea: duintasuna, pertsonalitatearen garapen askea, integritate fisiko eta morala eta ume eta nerabe homosexual (gay eta lesbianen) edo bisexualen berdintasunerako, baita identitate transexual edo transgeneroari dagokienez ere.
Plan hori zentro bakoitzak espezifikoki egindako planek osatu beharko lukete; zentro bakoitzak zehaztu beharko lituzke zer ekintza zehatz egingo dituen lgtb eskubideen arloan, edo, bestela, aurreikuspen horiek beste berdintasun plan batzuei gehitu beharko litzaizkieke, bestelako bazterketa kausei buruz zentroek egindakoekin, hain zuzen ere (sexua, erlijioa, jatorria, gizartea, etab.).
43. Eskola esparruan ekintza zehatzak sustatzea dibertsitate afektibo-sexuala ikusarazteko eta bermatzeko, homofobia erauzteko eta umezarotik genero-identitatearen eta sexu-orientazioaren dibertsitatea erabat onartzeko eta errespetuzko kultura herritarra zabaltzeko
Aurreko gomendioan aipatutako planek lgtb (lesbianak, gayak, transexualak eta bisexualak) adingabeen aurkako hitzezko oldarkeria eta indarkeria fisikoa erauztearen gaia jorratu beharko lukete, bullying homofobiko eta transfobikoaren arloan eraginkorrak diren prebentzio eta esku hartze protokoloak ezarriz.
Era berean, antolatu beharko lituzkete lgtb elkarte edo pertsonen partaidetza duten hitzaldiak edo ekintzak, diferentziarekiko eta dibertsitate afektibo-sexualarekiko errespetua sustatzeko asmoz.
Hezkuntza administrazioak bermatu beharko luke ere eskola guztietan dibertsitate sexual eta familiarra islatuko duten ipuin eta gida didaktikoak egotea, tutoretza-orduetan horien erabilera bultzatuz, berdintasun planetan adierazitakoari jarraiki. Bestalde, beharrezkoa da dibertsitatea ikusgarri egitea Hezkuntza asmoetara zuzendutako material guztietan: Genero identitatearen eta orientazio sexualen pluraltasuna, sexu bereko bikoteak eta sexu bereko gurasoen familiak.
Aipatutako guztiaren bideragarritasuna eta eraginkortasuna lortze aldera, beharrezkoa da irakasleak trebatzea eta gida didaktiko gisa erabil litezkeen materialak editatzea.
44. Lgtb adingabeentzako tutoreak
Komenigarritzat jotzen da hezkuntza-zentro bakoitzean egotea orientazio homosexual, bisexuala edo transgenero identitatea edo orientazio transexuala duten ume eta nerabeen tutoretza lana egingo duten irakasleak (zentroko orientatzaileak izan daitezkeenak, edo tutoretza zehatz bat burutzen duen norbait, edo erreferentziazko tutoreak, beharrezko trebakuntzarekin), adingabeok izan litzaketen arazoak eta beharrizanak detektatzeko laguntza emateko asmoz, eta, hortik aurrera, aurreko gomendioetan definitutako helburuak betetzeko beharrezkoak diren ekimen, esku hartze tresna edo programa guztien ezarpena bultzatu beharko dute ere.