5.2. Arrisku egoeran dauden haurrei buruzko txosten berezia
2010ean, Arrisku egoeran dauden haurrei buruzko txostena egitea amaitu da. Txosten hau idazten ari garen honetan, argitaratzeko fasean dago, eta aurreikuspenen arabera, 2011ko lehen hileetan ikusiko du argia.
Arartekoaren beraren baliabideekin egin da oso-osorik txostena (zehazkiago, Haurren eta Nerabeen Bulegoko erakundeko pertsonalarekin), eta azken urteetan eginiko beste txosten eta jarraipen askoren laburpena izateko sortu da. Azterturiko sektore bakoitzari buruzko ikuspegi sintetikoagoa eskaini nahi du, ez hain zehatza; ikuspegi ebolutiboa.
Txostenaren ardatza arrisku berezian dauden haurren eta nerabeen egoera da, zehazkiago Arartekoak azken urteetan arreta berezia jarri duen egoeretan.
Bost kapitulutan egituratu da txostenaren funtsezko zatia:
- Haurren ezaugarritzeari buruzko lehen kapitulua eta, ezaugarritzearen barruan, "arrisku egoeran dauden haurrei" buruzkoa.
- Marko juridikoa eta eskumenen markoa labur aurkezteko bigarren kapitulua.
- Txostenaren zatirik garrantzitsuena, hots, hirugarren kapitulua, non arrisku egoera guztiak aztertzen diren. Beraz, adibidez: Arriskuan edo babesik gabe dauden adingabeak, lagundu gabeko adingabe atzerritarrak, adingabe arau-hausleak, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak, eskola porrota, haurren eta gazteen buruko osasuna...
- Diagnostikoari buruzko laugarren kapitulua, eta antzemandako zenbait arazo komun nabarmentzen dira.
- Arartekoaren gomendioei buruzko bosgarren kapitulua.