1. Jarduera-esparrua 2010-2014
Haurren eta nerabeen egoeraren inguruko kezka eta interesa iraunkorra izan da Arartekoaren jardueran hasiera-hasieratik.
Tradizioan, denbora eta espazio gehien hartu duen arloa izan da, kontuan izanda biztanleriaren sektore bereziki ahula eta bermatu beharreko eskubide espezifikoak dituena dela, eta horrenbestez, lehentasunezko arreta zor zaiola. Arlo horrek hainbesteko garrantzia du, ezen 2010. urtearen hasieran gai hori aintzatestea eta berariazko bulego bati herritartze-agiria ematea erabaki zen. Bulego horrek Arartekoak haurren eta nerabeen errealitateekin eta eskubideekin lotuta egindako lana hobeto sistematizatu eta proiektatuko zuen.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoak adingabeen egoeraren pertzepzio hobea lortuko duten zerbitzuaren barne- eta antolakuntza-hobekuntzak egin ditu, Arartekoaren jarduera orokorrarekin lotuta. Horrez gainera, Bulegoa hori datozen urteetan interbentzio-ildo hauen inguruan zenbait jarduera garatzeko asmoz sortu da.
1) Egoera bereziki ahulean dauden sektoreei lehentasunezko arreta ematea
Egoera bereziki ahulean dauden haurrei eta nerabeei zuzendutako proposamenak lantzen jarraitzeak berekin dakar haien errealitatea nolakoa den ondo jakitea. Horretarako, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak hautemandako beste problematika batzuk ikertuko ditu, eta aldi berean, bere garaian txosten eta analisi sakonen xede izan ziren problematiken jarraipena egingo du. Bisitak, profesionalekin hitz egitea, gizarte-erakundeekin eta herri-administrazioen arduradunekin elkarrizketak eta bilerak, informazio-eskaerak, ikerketa-bekak, behatokiek egindako dokumentuak irakurtzea, eta haurrak eta nerabeak artatzeko baliabideak. Tresna horien guztien bidez elikatu behar da adingabeen errealitatearen jakintza informazio esanguratsuaz.
2) Adingabeek parte hartzeko eta beren ahotsa entzunarazteko aukerak sustatzea
Haurrentzat eta nerabeentzat lan egitea garrantzitsua bada, hain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da haiekin lan egitea. Haien ahotsak, iritziak eta ikuspuntuak entzutea. Parte hartzeko, kontsultarako eta aholkularitzarako bideak eskaintzea.
Ildo horretan, hainbat ekimen daude, besteak beste: nerabeek parte hartzeko kontseilu bat eratzea, Arartekoaren organo aholku-emailea izateko; Arartekoaren web orrialdean parte hartzeko aukerak zabaltzea komunikazioaren teknologia berrien bidez; eta adingabeen iritzi gehiago agertzea ikerketetan, bisitetan eta txostenetan.
3) Haurren eskubideen kultura hedatzea
Helburua da sentsibilizatzea, informazioa helaraztea eta hausnarketa sustatzea, haurren eskubideari dagokionez, helduen eta zuzenean haurrekin lan egiten duten profesionalen artean nahiz haurren eta nerabeen artean. Zenbait hartzailerentzat berariazko ma
terial didaktikoa egitea eta hedatzea, praktika egokiak sustatzea eta trukatzea, eta gai horrekin lotutako ekintzetan eta hitzaldietan parte hartzea dira lan-ildo horretako jarduera nagusiak.
4) Haurrekin eta nerabeekin lan egiten duten beste gizarte-eragile, elkarte, zerbitzu eta erakunde batzuekin lankidetza sustatzea.
Sarean lan egitea, talde- eta lankidetza-lana ezinbesteko betekizunak dira gero eta gizarte konplexuago eta espezializatuago honetan. Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren praktika printzipio horrekin lotzea nahi dugu, gutxienez. Horrek berekin dakar topaguneetan, trukeetan eta lan-espazioetan parte hartzea, besteak beste: herri-administrazioekin eta haurrekin konpromisoa hartuta duten erakundeekin, herriaren beste defentsa erakunde batzuekin beren adingabeen arloetan, eta unibertsitateekin eta haurren errealitatearen inguruko jakintza kudeatzeko baliabideekin. Eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoa buru duten proposamenek nahiz egindako lankidetza-eskaerei erantzuteko: garrantzitsuena ez da nork hartzen duen aurrea, baizik eta denok artean zer eraikitzen dugun.
Eta hori guztia ustez okerrak edo legez kontrakoak izan diren jarduera publikoen inguruan adingabeen kexen eta demanden edo adingabeekin lotutako kexen eta demanden artapena eta ikerketa baztertu gabe. Arartekoaren zeregin garrantzitsuenetako bat da pertsonen eskubideen defentsan, administrazioen jarduera eta politika publikoekin lotuta.
Jarduera-ildo horien esparruan garatu da Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduna 2010. urtean zehar. Dokumentu honen erdiko kapituluen xede izango da jardun hori.