12. Ondorioak
tal honetan Euskadin, IKTen bitartez, gizartean eta eremu publikoan sarbide-eten, erabilera-eten, eskuratze-eten eta partaidetza-etenen egoeraren azterketaren ostean lortutako ondorio nagusiak bildu dira.
Gogoeta horiek guztiak biltzea posible izan da informazio iturri kualitatibo eta kuantitatibo anitzek emandako informazioari esker (xehetasunak ikusi Metodologia kapituluan), hala nola: kanpoko iturri estatistikoetatik (Eustat) zein berezko iturri estatistikoetatik eta txosten berezi honen testuinguruan egindako lanen ondoriozko iturrietatik datozen datuak (herritarrei zuzendutako telefono bidez elkarrizketa + herri-administrazioei zuzendutako herritarren parte hartzeari buruzko galdeketa), adituekin eta hainbat gizarte sektoreetako ordezkariekin egindako elkarrizketak eta lan-bilkurak, proiektuaren lankidetza esparruetako parte hartzea, baita Arartekoaren Haurren eta Nerabeen Kontseiluarekin egindako lan-saioaren ekarpenak ere.
12.1. Sarbide-eten digitala
1. Oro har, sarbide-etena gainditutzat jotzen da baina ematen du datuek kontrakoa egiaztatu dutela: euskal familien % 34,2k (gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko pertsona batez osatutako familiak) ez du Interneterako konexiorik.
2. Ematen du Euskadin telekomunikazio azpiegituren eskuragarritasuna ez dela sarbide-etenaren arrazoi nagusia. Interneterako sarbiderik ez duten etxebizitzen % 0,3k argudiatu du arrazoia dela euren eremuan ez dagoela estaldura nahikorik.
3. Interneterako sarbiderik ez duten euskal familiek aditzera eman dituzten arrazoiak biltzen dituen rankingaren azken tokian zerbitzuaren kostu altua dago. Sailkapenaren lehenengo postuetan borondaterik eza edo konektatzeko beharrik eza ageri dira, baita erabilera burutu ahal izateko beharrezkoa den ezagutzarik eza ere.
4. IKTak erabiltzen dituzten pertsonei erabiltzen ez dituzten pertsonek antzeman ahal dituzten oztopoen gainean galdetu genienean, baliabide ekonomikorik eza izan zen emandako arrazoien artean gailendu zena. Beraz, ematen du desadostasuna dagoela IKTak erabiltzen ez dituzten pertsonek aditzera emandako (ez erabiltzeko arrazoi nagusi gisa interesik edo beharrik eza ageri da) eta IKTak erabiltzen dituzten pertsonek adierazitako oztopoen edo inhibitzaileen artean.
5. Euskal biztanleriaren artean gehien erabiltzen den teknologietako bat telefono mugikorra da, izan ere, beste teknologia batzuen kasuan oztopo edo inhibitzaile gisa jarduten duten faktore jakin batzuk gainditzeko gai izan da. Horregatik, gizartean eta eremu publikoan e-inklusioa eta Internet bidezko parte hartzea sustatzera zuzendutako tresnak eta ekimenak garatzerakoan kontuan hartu behar da
6. Adina eta IKT ekipamenduaren artean harreman estua dago. Horren gaineko datuak irmoak dira: 65 eta 74 urte bitarteko pertsona batekin gutxienez bizi diren familien % 70,7k ez du ordenagailurik eta % 73,4k ez du Interneterako konexiorik.
7. Adineko pertsonen artean IKTak erabiltzeko oztopo nagusienak beharrik eza edo erabiltzeko gogorik eza dira. Hala, 65 eta 74 urte bitarteko pertsona batekin gutxienez bizi diren familien % 70ek adierazi du horixe dela Internet ez erabiltzeko arrazoi nagusia.
8. Beste faktore demografiko eta sozioekonomiko batzuek, hala nola, habitataren tamainak, sexuak, familia motak, ikasketa mailak, jarduerarekiko harremanak edo hileko diru-sarrera mailak faktore erabakigarriak izaten jarraitzen dute euskal biztanleen artean IKTak erabiltzearen eremuan dauden desberdintasunei dagokienez.
9. Etorkinen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboak IKTen erabilerari buruzko datuak ematen dizkiguten estatistiketatik kanpo geratzen dira, baita informazioaren gizartearen arloan politika orokor nagusien lorpenak ebaluatzen dituzten txosten nagusietatik at ere.
10. Iturri kualitatiboei egindako kontsultak biztanleen artean IKTak erabiltzeko oztopo edo inhibitzaile gisa jarduten duten beste faktore posible batzuen zerrenda eman digu: gizarte-etenak, kolektibo jakin batzuentzako laguntzarik eza, irisgarritasun eta erabilgarritasun arazoak, kolektibo jakin batzuen gaineko interesik eza IKT tresna askoren merkataritza-estrategietan, pertsonen muga funtzionalak, kontsumo gastuak edo kolektibo eta gizarte talde jakin batzuentzako eduki eta/edo zerbitzu egokirik eza.
12.2. Erabilera-eten digitala
11. Euskadiko biztanleen eskutik IKTen erabileraren gaineko eboluzioa etengabea izan da. 2006. urtean, biztanleen % 47,4k (10 eta 74 urte bitarteko pertsonei buruz ari gara) Internet erabiltzen zuen; 2011. urtean, aldiz, portzentajeak gora egin du eta % 65,3ra heldu da.
12. Gaur egun, Euskadiko biztanleriaren % 37,4k (10 eta 74 urte bitarteko pertsonen artean) ez du Internet erabili azken 3 hilabeteetan.
13. Adina IKTen erabileran eraginik handiena duen aldagaietako bat da. Errealitate horrek bere horretan dirau orain dela hainbat urte eta, mailaz maila pertsona nagusienen artean erabilera-eten digitala murrizten doan arren, oraindik ere desberdintasun handiak daude erabilerari dagokionez.
14. Hala, 65 urte baino gehiago duten biztanleen artean, % 86,1ek ez du ordenagailua erabiltzen eta % 87,1ek adierazi du ez duela Internet erabili azken hiru hilabeteetan.
15. Telefono mugikorrak, berriz, erabilera-etena gainditzea lortu du adineko pertsonen artean (sarbide-eten digitalarekin gertatu den moduan). Eustat institutuaren azken datuen arabera, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen % 88k telefono mugikorra erabiltzen duela azaldu du.
16. Euskadiko biztanleen artean IKTen erabileran dagoen genero-etena batez ere 45-54 adin tartean agertzen da eta, adinaren eskalan gora egin ahala, nabarmenago bihurtzen da.
17. Ikasketa maila baxuak (lehen mailakoak edo baxuagoak) edo geldiunean egoteak (langabetuen kasua) harreman zuzena dauka Euskadiko biztanleen artean dagoen IKTen erabilera portzentaje baxuekin.
18. Emakumeak, adinekoak, lehen mailako ikasketak edo maila baxuagoko ikasketak dituzten pertsonak eta etorkinak dira Internetaren erabilera maiztasun baxuenak erregistratu dituztenak.
19. Interneteko erabiltzaile diren eta egunero tresna hori erabiltzen duten pertsonen artean, portzentajerik altuenak lan eta ikasketen eremuan eta lagun zein senideekiko harremanaren eremuan erabiltzen du.
20. Internet erabiltzeko arrazoiei dagokienez, osasunari buruzko informazioa bilatzea, lana bilatzea edo prestakuntza (biztanleen gizarte ongizateari zuzenean lotuta daudenak) dira rankingak biltzen dituen arrazoietako batzuk, informazioa bilatzea, posta elektronikoa erabiltzea, komunikabideak kontsultatzea edo aisialdirako zerbitzuen erabilera bezalako arrazoien atzetik daudenak.
12.3. Eskuratze-eten digitala
21. Euskadin Internet erabiltzen duten biztanleen % 13,5ek uste du Internet edo IKTak erabiltzeak ez diela hobekuntza zehatzik ekarri euren bizitzaren ezein arlotan.
22. Portzentaje hori % 20koa da adinekoei buruz ari garenean.
23. Sexuaren arabera, emakumeek IKTen erabilerari dagokionez eragin positibo handiagoa antzematen dute gizarte harremanak, laneko egoera hobetzea, izapideak egiterakoan denbora aurreztea, ezagutza berriak eskuratzea, prestakuntza eta ikasketak hobetzea eta lana bilatzea bezalako alderdietan.
24. Etorkinen artean portzentaje altu batek (% 65,5) aitortu du IKTek eragin positiboa eduki dutela euren harreman pertsonaletan. Hala ere, gaineratu dute ez dutela uste IKTek lana bilatzea erraztu duenik edo Euskadin lan egoera hobetzea eragin dutenik.
25. Interneta maizago erabiltzea eta IKT tresnen erabilerari buruzko ezagutza maila, IKTek bizitzaren hainbat alorretan dituzten inpaktu positiboaren jabetza handiagoarekin lotura daukate.
26. Biztanleen ustez, honako alderdi hauetan IKTek inpaktu positibo handia eduki dute: erakundeak herritarrei hurbiltzea, bizitzaren kalitatea hobetzea eta erakundeetan herritarren parte hartzea handitzea.
27. Gizarte ongizatearen hobekuntzaren barruan, osasun pertsonalaren hobekuntzaren eta gizartearen desberdintasunak murriztearen arloan, aldiz, biztanleek adierazi dute IKTen inpaktu positiboa murritzagoa izan dela.
28. IKTen arloan, langileen gaikuntzari buruzko pertzepzioa hauxe da: inkestari erantzun dioten biztanleen % 15ek adierazi dute ez dituztela egungo lan merkatuak IKTei lotuta eskatzen dituen gaitasunak menperatzen, biztanleen % 25,7k, berriz, adierazi du IKTei lotutako gaitasun berriak eskuratu behar izanez gero, ez lukeela jakingo nora jo.
29. Biztanleriaren % 94,5ek adierazi du IKTen erabilerari buruzko ikaskuntza era autodidaktikoan burutu duela. Dena den, adin-taldeen arabera azterketa burutuz gero, esan dezakegu pertsona nagusienek IKTen gaineko ezagutzak eskuratze aldera ikastaro edo tailer zehatzak aukeratu ohi dituztela.
30. Biztanleen % 68,1ek baieztatu du IKTen erabilerari etekin handiagoa ateratzea gustatuko litzaiokeela eta Internet erabiltzen duten biztanleen % 56,6k uste du IKTak erabiltzeko ezintasuna gizarte bazterkeria pairatzeko arrazoi bat izan daitekeela.
12.4. Partaidetza-eten digitala
31. Euskadin biztanleek parte hartzeko dituzten arrazoien gainean galdetzerakoan, bakarrik % 27k adierazi du arrazoia dela erabakiak hartzerakoan parte hartu nahi izana. Portzentaje horrek adinaren aldagaiarekin zuzeneko harremana dauka: gero eta zaharrago, orduan eta motibazio txikiagoa erabakiak hartzerakoan parte hartzeari dagokionez.
32. Herritarren parte hartzeak duen inpaktu pertsonalari edo komunitarioari dagokionez, biztanleen % 33,6k uste du haren parte hartzea ez dela oso erabilgarria eta % 25,9k uste du ez daukala inolako eraginik. Adinaren arabera sailkatuta, parte hartzeak duen inpaktuaren pertzepzio positiboa handiagoa da adin-tarteetan gora egin ahala.
33. Parte hartzeari buruzko etorkizuneko aukeren inguruan, biztanleen % 37,4k adierazi du gehiago parte hartu nahiko lukeela.
34. Horren harira, % 39,9k zehaztu du nahiago duela parte hartze hori Internet bidez burutzea, % 28,6k berriz, aditzera eman du aurrez aurreko kanalen bitartez parte hartzea nahiago duela.
35. Dena den, datuek erakusten dutena ikusita, argi dagoena zera da: Internet erabili ohi duten pertsonek interes handiagoa daukate gizarte eta politikari lotutako gaietan eta hauteskundeetan gehiago parte hartzen dute, baita elkarteetan eta borondatezko ekintzetan ere.
36. Biztanleriaren % 11,3k eremu publikoari lotutako gaietan parte hartzen du Internet bidez. Horietatik, % 69,9k erakundez kanpoko web atarien bitartez egitea nahiago du.
37. Administrazioaren zerbitzuekin elkarri eragiteko moduari dagokionez, % 41,2k aitortu du nahiago duela Internet bidez, % 45ek, aldiz, aurrez aurre nahiago dute.
38. Euskadiko herri-administrazioren batekin izapide elektronikoren bat burutu duten biztanleen artean, bakarrik % 4,5ek adierazi du esperientzia ez dela onuragarria izan. Desadostasuna adierazteko arrazoi nagusiak hauek dira: izapidea barne hartzen zuen web orrialdea erabiltzeko zailtasuna eta bilatzen ari ziren edo eskatu zuten informazioa lortzeko ezintasuna.
39. Aztertutako euskal herri-administrazioetako atarietan dauden herritarren parte hartzerako tresnen inguruan esan dezakegu presentziarik handiena daukatenak kexa eta iradokizunen atalak, inkesten atalak eta foroak direla. Gabezi nabarmenak antzeman dira parte hartzeko prozesuak kanal digitaletara lekualdatzerakoan. Ohikoenak hauexek dira: herritarrengandik espero denari buruzko informazio argirik eta zehatzik eza, hau da, zertan parte hartzea nahi den eta nola parte hartzea nahi den argi eta garbi zedarritzea falta da; informazioa aurkeztu ahala prozesuari buruzko informazioa, baita hori baloratzeko moduaren gaineko azalpena ere; informazioa itzultzea, jaso diren ekarpenak zehaztuz eta nola baloratu diren eta erabakiak hartzeko prozesuan nola gaineratu diren azalduz, baita parte hartze prozesuaren zein herritarren parte hartzeari zabaldutako jarduera, ekimen, politika eta abarren gauzatzearen ebaluazioa ere.
40. Euskal herri-administrazioak herritarren parte hartzea sustatze aldera aurrera pausuak ematen hasi dira, hainbat heldutasun mailekin, administrazio mailaren arabera (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak...), datu publikoen irekieraren, eskatzeko eskubidea gauzatzeko bide elektronikoen eskuragarritasunaren, weben irisgarritasunaren eta abarren bidez.
41. Dena den, gabezi garrantzitsua antzeman da: ez dago herritarrek euskal herri-administrazioetan izan dezaketen parte hartzea arautzen duen testuinguru arauemaile zehatzik, eremu publikoan Internet bidezko herritarren parte hartzea barne hartzen duena.