10. Eskuratze-eten digitala
IKTen eskuratze-etena aztertzen hasi baino lehen, txosten berezi hau zein ikuspegitik jorratu den azaldu behar da labur-labur.
Eskuratze-eten digitala deskribatzeko modurik onenetakoa beharbada IKTak eskuratzeari buruz ari garenean zer esan nahi dugun azaltzea da. Teknologiari ematen dizkion erabilera desberdinen bidez teknologia berrasmatzeko gaitasuna deskubritzen duen banakako, enpresa eta abarren ahalduntze digitalari buruz ari garenean esaten dugu IKTak eskuratzen ari garela. Erabilera horiek maiz ez dira teknologia horren programazioan edo diseinuan xedatutakoak. Ondorioz, teknologiaren garapena hobetzeaz gain, erabiltzaileei erabilera hobea lortzeko aukera ematen die. Filosofia hori plataforma teknologiko batzuen negozio eta garapenaren ereduan sartu da (smartphonen kasuan, esaterako). Hala, erabiltzaileak dira aplikazio berriak diseinatu ditzaketenak, gailuetan funtzionaltasun berriak sartzeko eta horren negozioa egin ahal izateko edo doan partekatu ahal izateko beste erabiltzaile-erkidego batzuekin. Eskuratzeak ez du nahitaez esan nahi zerbitzuak garatzeko gaitasuna: termino horren barruan sartzen da erabiltzaileek modu eta tresnak identifikatzeko eta erabiltzen dituzten teknologien errendimendua eta funtzionaltasuna hobetzeko duten gaitasuna ere.
Castellsek adierazi zuen bezala:
“…erakundeek, enpresek eta jendeak orokorrean edozein teknologia eraldatzen dute, berau eskuratuz, aldatuz eta harekin esperimentatuz –Interneten kasuan gertatzen da hori bereziki, komunikaziorako teknologia baita–”.
Castells, M (2003): La Galaxia Internet.
Mondadori. Bartzelona.
Txosten honetako ikuspegiak eskuratze-eten digitalari ematen dion definizioan ezarritakoaren arabera, eskuratze-etenaren sorreran era isolatuan edo elkartuan esku har dezaketen faktore hauek islatzen dira:
(65. irudia)
Eskuratze-eten digitala
10.1. IKTen erabileraren pertzepzioa Euskadiko biztanlerian
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestan honakoa galdetu zen, txosten berezi honen esparruan: “Zure bizitzako zein alderdi hobetu dira neurri handiagoan Interneten eta IKTen erabilerari esker?” Inkesta egin zuten biztanleen % 35,5ek (bat-bateko erantzuna) dio bere gizarte-harremanak eta senide eta lagunekin komunikatzeko erraztasunak hobetu direla eta pertsona gehiago ezagutzen dituztela IKTei esker.
% 31,8ren esanetan, Internet eta IKTak erabiltzeari esker informazio gehiago eskuratu dezake, bai arintasunaren ikuspegitik, bai eskuratzen duen informazioaren erraztasun eta kopuruaren ikuspegitik.
Bestalde, % 15,1ek dio IKTen erabilerak bere lan-egoera hobetzen lagundu diola, hau da, zereginak sinpletzen, komunikazioa hobetzen eta abar lagundu diola.
Inkesta egin duten pertsonen % 6,2k dio hobetu egin dela beren prestakuntza-maila eta lagundu egin diela ikasketetan, alderdi horietan nabaritu dutelarik teknologien erabileraren onurarik handiena.
Bestetik, inkestako datuak aztertuz gero, datu benetan bitxia ikus dezakegu:
Euskadin Internet erabiltzen duten biztanleen % 13,5ek uste du Internet edo IKTak erabiltzeak ez diola hobekuntza zehatzik eragin beren bizitzako alderdi batean ere.
Ondorioz, biztanle batzuen ustez, Internet eta bestelako teknologiak erabiltzen dituzten arren, ez dute hobekuntzarik ikusten beren bizitzako eremu desberdinetan (profesionala, pertsonala eta abar). Kapitulu honen sarreran adierazi den bezala, teknologien eta gure bizitzako alderdiren baten hobekuntza edo erabilgarritasun zuzen batekin harremanik ez badago, eskuratze-etena eragin daiteke.
10.1.1. IKTen generoa eta erabilera-pertzepzioa
Generoaren aldagaia eta IKTen erabileraren pertzepzioa gurutzatuz gero irteten den emaitza aztertzen badugu, gizon gehiagok esaten dute IKTek informazioa eskuratzen lagundu diela (% 65,4, emakumeek erregistratutako % 28,2ren aldean) eta biztanleriaren bat-bateko erantzunak batu dituzten gainerako alderdi edo eremuetan, emakumeek erabileraren ondorioz eragin positiboa edo hobekuntza jaso izana aitortzen dute (gizonek baino gehiago).
Hurrengo grafikoan ikus daitekeenez, emakumeek IKTen erabileraren eragin positiboagoa antzematen dute gizonek baino honako alderdietan: gizarte-harremanak, lan-egoeraren hobekuntza, tramiteak egiteko eta ezagutza berriak eskuratzeko denbora gutxiago, prestakuntzaren eta ikasketen hobekuntzak, baita enpleguaren bilaketa ere.
Datu horiek beste adierazle batekin osatzen dira, informazio argia emanez:
Euskadiko emakumezko Internet-erabiltzaileen % 11,9k pentsatzen du Internet eta IKTak erabiltzeak ez duela bere bizitzako alderdi bat ere hobetu. Datu hori % 15,1ekoa da gizonezkoen kasuan. Ondorioz, kopuru horiek ikusita, argi dago gaur egun emakumeek gizonek baino neurri handiagoan ikusten dutela IKTen eragin positiboa.
Hori abiapuntu garrantzitsua da IKTen erabileran eta sarbidean genero-eten digitala ezabatzeko lan egiten jarraitu ahal izateko.
(66. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Interneten eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzan hobetu diren alderdien eta sexuen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
10.1.2. IKTen adina eta erabilera-pertzepzioa
Adinaren eta IKTen erabilera-pertzepzioaren arteko harremanak berresten du pertsonarik gazteenak direla IKTen erabileraren eragin handiena jasaten dutenak beren bizitzako alderdi edo eremu desberdinen hobekuntzan.
Hori horrela, grafikoan ikus daitekeen bezala, Euskadiko 16 eta 34 urte bitarteko Internet-erabiltzaileen % 7,2k soilik uste du IKTen erabilerak hobekuntza edo eragin positiboa izan duela bere bizitzako alderdiren batean eta portzentaje hori gora doa adin-tarteetan gora egin ahala, 55 urte edo gorakoen artean % 19,4ra iritsiz.
Erronka handia daukagu oraindik aurretik. Izan ere, IKTak erabiltzen dituzten 55 urte edo goragoko biztanleen % 50ek ez du lotura zuzenik ikusten horiek erabiltzearen eta beren bizitzako alderdi edo eremuen hobekuntzaren artean.
(67. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzako alderdi bat ere hobetu ez dela diotenak, adin-taldeen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Ranking honetan islatzen da biztanleriak eragin edo hobekuntza gehien zein alderditan antzeman duen, adin-taldeen arabera.
Biztanleriak IKTen erabilera-hobekuntzan antzeman dituen hiru eremu nagusien rankingean (adin-taldeen arabera) aipatzekoa da ez dela aurkitu zuzenean gizarte-ongizatearekin edo enplegua bilatzeko laguntza edo hobekuntzarekin nahiz ikasketa edota prestakuntzako laguntzarekin lotutako oinarrizko alderdirik.
Hori horrela, nabarmena da, era berean, 55 urte edo goragoko biztanleen % 11,7k diola IKTak gehien hobetu dituen alderdi nagusiak aisia eta entretenimendua izan direla. Portzentaje hau biztanleria gaztean erregistratukoa baino askoz altuagoa da: 35-54 urteko biztanleen % 1,7 eta 16-34 urte bitartekoen % 4,1.
(68. irudia)
IKTek beren bizitzan duten eraginaren rankinga
10.1.3. IKTen erabileraren pertzepzioa eta ikasketa-maila
Ikasketa-mailak eragin argia dauka IKTen erabileraren eta bizitzako alderdi edo eremu jakin batzuen hobekuntzaren arteko harremana ulertzeko moduan.
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestako datuen arabera, ikasketa-maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta biztanle gehiagok uste du IKTen erabilerak hobekuntza zuzenak ematen dizkiola bere bizitzako hainbat alderditan. Hori horrela, unibertsitate-ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen % 8k soilik dio Internet eta IKTen erabilerak bere bizitzako alderdiren bat hobetu duela, bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan portzentaje hori % 17,3koa da, eta lehen hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen artean % 18,6koa.
Interneten erabiltzaileek adinaren arabera antzeman dituzten hobekuntzak alderatuz gero, datu esanguratsu bat ikus dezakegu. Lan-egoeraren hobekuntzarekin (zereginak sinplifikatzea, komunikazioa hobetzea eta abar) eta lana bilatzeko hobekuntzekin lotutako alderdiei buruz ari gara.
(69. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzako alderdiren bat hobetu dutenak, ikasketa-mailaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Unibertsitate-ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen % 24,7k uste du Internet erabiltzeari esker bere lan-egoera hobetu egin dela. Bestalde, portzentaje hori % 10era murrizten da bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten erabiltzaileen kasuan eta % 1,3ra lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan.
Era berean, unibertsitate-ikasketak dituzten erabiltzaileen % 3,3k uste du Internet eta IKTen erabilerak lana bilatzen lagundu diela, eta bigaren hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen kasuan kopuru hori % 0,8ra jaisten da. Lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, profil hori duen eta inkesta egin duen pertsona batek ere ez du aitortu IKTen erabileraren eta lana bilatzeko hobekuntzen artean harremanik dagoenik.
Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileek gizarte-harremanak aukeratu dituzte IKTen erabilerari esker gehien hobetu diren alderdi gisa (% 48,1 eta % 32,3, hurrenez hurren), unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonek informazioa eskuratzeko hobekuntzak kokatzen dituzte hobetutako alderdi edo eremuen rankingaren buruan (% 39,1) eta gizarte-sareak daude ondoren (% 34,1). Era berean, unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonak dira Interneten eta IKTen erabileraren eragin handiagoa aitortu dutenak administrazioko tramite, kudeaketa eta erosketak egiteko orduan (% 12,7).
10.1.4. IKTen erabileraren pertzepzioa eta jarduerarekiko harremana
Internet erabiltzen duten biztanleek IKTen erabileraren gainean duten pertzepzioari buruzko lan-hipotesietako bat honakoa da: aldeak daudela lanaren edo jarduerekiko harremanaren arabera. Taula honetan ikusi ahal ditugu inkesta egin duten pertsonek (bat-bateko erantzuna) estatistikoki daturik esanguratsuenekin identifikatu dituzten alderdi edo eremu nagusietako batzuk. Horrela, alderdi horiek neurri handigoan zein profilek identifikatu dituzten (lanaren arabera) eta Interneten eta IKTen erabilerari esker hobekuntza handiagoa nortzuk antzematen duten jakin ahalko dugu.
(12. taula)
IKTen erabileraren pertzepzioa eta jarduerarekiko harremana
EREMUA50 | LANBIDEA | PORTZENTAJEA (%) |
Gizarte-harremanak, hobetu komunikatzen naiz senide eta lagunekin, jende gehiago ezagutzen dut | Ikaslea | % 66,7 |
Informaziorako sarbidea: kopuru handiagoa, errazago eta arinago | Erretiratua | % 41,3 |
Lan-egoera: zereginak sinplifikatzea, komunikazioa hobetzea, eta abar. | Norberaren konturako langilea | % 35,1 |
Tramite, kudeaketa eta erosketak egiteko denbora aurreztea | Norberaren konturako langilea | % 22 |
Ezagutza berriak hartzen ditut, nire kultura hedatzen dut | Etxeko andrea | % 24,6 |
Aisia eta entretenimendua | Erretiratua | % 15, |
Aztertu beharreko elementuak ematen dizkigun beste datu bat zera da: inkesta honen arabera, erretiratuak dira (lanbidearen arabera) IKTen erabilerak beren bizitzako alderdiren baten hobekuntzan duen eraginaren pertzepzio txikiena dutenak. Hori horrela, Internet erabiltzen duten erretiratuen % 14,7k uste du Internetek eta IKTek ez dutela beren bitzako alderdi edo eremurik hobetu. Errealitate honen bestelako kasua da Internet erabiltzen duten ikasleena: % 2,6k soilik uste du Internetek ez duela bere bizitzako alderdirik hobetu.
10.1.5. IKTen erabileraren pertzepzioa eta etorkinak
Internet erabiltzen duten etorkinen % 66,5ek uste du Internet eta IKTak erabiltzeari esker bere gizarte-harremanak hobetu ahal izan dituela (familia eta lagunekiko komunikazioa). Datu hau bereziki esanguratsua da, batez ere etorkinak ez direnekin alderatzen badugu, % 34,4k soilik uste baitu IKTek alderdi hori hobetzen lagundu diotela.
Aitzitik, horietako batek ere ez du uste Interneten erabilerak lana bilatzen edo lan-egoera hobetzen lagundu dionik.
Ezagutza berriak eskuratzea eta aisialdia eta entretenimendua hobetzea (% 12,8 eta % 9,4, hurrenez hurren) dira etorkinek IKTei esker gehien hobetu ahal izan dituzten alderdiak, etorkinak ez diren horiek baino neurri handiagoan.
Daturik esanguratsuenetako bat izan daiteke Espainian jaio diren Internet-erabiltzaileen % 14k uste duela Internetek ez diola hobekuntzarik eragin bere bizitzako alderdi edo eremu bateri ere, eta inkesta egin duten Internet-erabiltzaile etorkinen % 100ek dio beren bizitzako alderdiren bat hobetu edo lagundu diola.
10.1.6. IKTen erabileraren pertzepzioa eta ezgaitasuna
IKTek oraindik erronka handia dute aurretik, ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eta beharrizanaren moduan eta mailan.
Horrenbestez, IKTen erabilerari esker gehien hobetu diren bizitzako alderdi edo eremuak zeintzuk izan diren galdetzean, Internet erabiltzen duten eta ezgaitasunen bat duten pertsonen % 6,5ek soilik erantzun du IKTen erabilerak bere lan-egoera hobetzen lagundi diola, kopuru hori ezgaitasun aitorturik ez duten pertsonen kasuan % 15,5ekoa izanik.
Bestalde, Internet erabiltzen duten biztanleen ia % 16k dio IKTak erabiltzeari esker bere bizitzako alderdi edo eremuren bat hobetu dela.
Ezgaitasunen bat duten biztanleen artean IKTek beren bizitzan eragin positiboa izan dutela aitortzen dutenen kasuan, % 12,8k dio tramite, kudeaketa eta erosketetako erosotasuna izan dela antzemandako hobekuntza. % 16,6k, bestalde, IKTen erabilera bere prestakuntzaren hobekuntzarekin eta ikasketetako laguntzarekin lotzen du, eta % 5,8k dio Internet eta IKTen erabilerari esker askoz errazago bilatu ahal izan duela lana. Hiru alderdi edo eremu horietan, erregistratutako portzentajeak altuagoak dira ezgaitasun aitorturik ez duten biztanleen kasuan baino.
10.1.7. IKTen erabileraren pertzepzioa eta habitata
Habitataren (habitataren tamaina, biztanle-kopurua) eta IKTen erabilera-pertzepzioaren arteko harremanari buruzko azterketak islatzen duenez, ez dago alde handirik IKTen erabilerari esker biztanlerian hobetu diren alderdi edo arrazoien rankingean.
Aitzitik, estatistikako alderaketa bertikalak (alderdi edo eremu bakoitzaren azterketa, balioak habitataren tamainaren arabera alderatuta) informazio interesgarria ematen digu. Hori horrela, lan-egoera, gizarte-harreman eta lan-bilaketaren eremuetako hobekuntzak indar handiagoa dauka 10.000 biztanletik beherako habitatetan bizi diren Internet-erabiltzaileen artean (% 22,9, % % 40,2 eta % 3,9, hurrenez hurren), eta, bestalde, aisialdia edo ikasketetako laguntza bezalako alderdietako hobekuntza identifikatzen du sarriago habitat handietan bizi den biztanleriak (hiriburuak, 100.000 biztanletik gora) IKTen eragin positiboko alderdi gisa.
10.1.8. IKTen erabilera-maiztasuna, ezagutza eta erabilera-pertzepzioa
IKTen erabileraren pertzepzioa (onurak) ere Interneten erabileraren maiztasunarekin lotuta dagoela dirudi. Zenbat eta maizago erabili, orduan eta altuagoa da IKTen erabileraren pertzepzioa edo onura alderdi edo eremu desberdinetan.
Internet gutxienez hilean behin erabiltzen duen biztanleriaren % 33,2k ez du uste Interneten erabilerak bere bizitzako alderdi edo eremurik hobetu duenik. Portzentaje hori % 23,8ra murrizten da Internet astero baina ez egunero erabiltzen duten pertsonen kasuan. Internet egunero erabiltzen duten pertsonen artean % 10,4k soilik aitortzen du Internet erabiltzeak ez duela eragin positiborik izan bere bizitzako alderdi edo eremu batean ere.
Antzeko zerbait gertatzen da Interneten eta IKTen ezagutza-mailarekin. Ezagutza-maila zenbat eta altuagoa, orduan eta gehiago uste da teknologien erabilerak alderdi edo eremuren bat hobetu duela.
Kopuruei jarraiki, Internet eta IKTen gaineko oinarrizko ezagutzak dituztela dioten pertsonen % 19,5ek baieztatzen du Internetek ez duela bere bizitzako alderdi edo eremurik hobetu. Portzentaje hori % 3,2ra jaisten da IKT edo Interneten adituak omen diren erabiltzaileen kasuan.
Hurrengo grafikoan biztanleriaren balorazio eta alderdien alderaketa ikus daiteke, IKT eta Interneten gainean duten ezagutza-mailaren arabera:
(70. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker bizitzan hobetu zaizkien alderdien eta Internet eta IKTei buruzko ezagutza-mailaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
50 Taula interpretatzeko adibidea: Internet erabiltzen duten ikasleen % 66,7 da IKTak beren gizarte-harremanak gehien hobetu dituela uste duen sektorea (lanaren arabera).
10.2. Bizi-kalitatea, ongizatea eta IKTak
Aurreko atalean aztertu dugu Internet erabiltzen duten pertsonek zein mailatan lotzen duten haren erabilera IKTek beren bizitzako alderdi edo eremu batzuk hobetzeko duten ahalmenarekin.
Azterketa hori zehazteko asmoz, e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestan IKTek bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean izan dezaketen eraginarekin lotutako hainbat esaldi aipatu zaizkie inkesta egin dutenei. Erantzuna zenbakizko balio bat da, 0tik 10era bitartean: 0 ez nago bat ere ados-10 guztiz ados nago.
Taula honetan esaldirik esanguratsuenak eta horietako bakoitzean eskuratutako batez besteko balioa islatu dira.
(13. taula)
IKTen erabileraren bidez bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean hobetutako alderdiak
IKTen erabileraren bidez bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean hobetutako alderdiak | Batez besteko balioa51 |
IKTek nire bizi-kalitatea hobetu dute | 6,4 |
IKTei esker nire hiri edo lurraldeko bizitza sozial eta politikoan parte har dezaket | 5,3 |
Herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotzen lagundu dute | 6,3 |
IKTek nire osasuna hobetu dute | 2,8 |
IKTek aukera gehiago eskaintzen didate lan-merkatuan | 6,2 |
Erakundeak herritarrengana hurbiltzen lagundu dute | 6,5 |
Herritarren eskubideak hobeto defendatu eta ezagutzen laguntzen dute | 6,1 |
Eusko Jaurlaritzak ematen dituen gizarte-zerbitzuak hobetzen lagundu dute | 5,5 |
Gizarteko desberdintasunak murrizten lagundu dute | 4,4 |
Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu dute | 5,5 |
Iturria: Arartekoaren 2012ko e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkesta.
“IKTek nire bizi-kalitatea hobetu dute”.
Taulan ikus daitekeen bezala, biztanleriak batez beste 6,4 puntu eman dizkio IKTek bizi-kalitatea hobetzen lagundu dutela dioen baieztapenari. Maiztasunen banaketari erreparatuz gero, zehaztasun handiagoa lortzen dugu eta, ikus dezakegunez, Internet erabiltzen duten biztanleen % 68,5 ados edo oso ados dago esaldi horrekin.
“IKTei esker nire hiri edo lurraldeko bizitza sozial eta politikoan parte har dezaket”.
Batez besteko puntuazioa 5,3 puntukoa da. Maiztasunen banaketaren arabera, Internet erabiltzen duten biztanleen % 51,3 ados edo oso ados dago esaldi horrekin. Hau da, Internet-erabiltzaileen erdiak baino gehiagok uste du IKTek bere testuinguruko alderdi sozial eta publikoetan parte hartzeko aukerak eskaintzen dituztela. Era berean, nabarmentzekoa da biztanleriaren % 31 ez dagoela ados edo bat ere ados baieztapen horrekin.
“Herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotzen lagundu dute”.
Baieztapen horrek are gehiago sakontzen du Internet-erabiltzaileek Internetek herritarren partaidetza areagotzeko duen erabilera edo ahalmenari buruz duten pertzepzioa, nahiz eta, kasu honetan, askoz gehiago jorratzen den administrazio publikoen bidez eremu publikoan parte hartzeko aukera.
Batez besteko puntuazioa 6,3koa da (0-10 eskalan) eta, ondorioz, biztanleria ados dago baieztapen horrekin, nahiz eta erantzunaren zehaztasunak maiztasunen banaketan ikus daitezkeen: Internet erabiltzen duten pertsonen % 62,8 ados edo oso ados dago Internetek herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotu duela dioen baieztapenarekin eta ikuspegi negatiboa, aldiz, hau da, ados edo bat ere ados ez daudenena, % 14,3koa da Internet-erabiltzaileen artean.
“IKTek nire osasuna hobetu dute”.
Baieztapen horrek batez beste 2,8 puntu eskuratu zituen. Beraz, inkesta egin duen biztanleria ez dago bat ere ados baieztapenarekin. Maiztasunen banaketaren azterketa irmoa da: Internet erabiltzen duten biztanleen % 64,9 ez dago ados edo bat ere ados esaldi honekin eta ia % 19 ez da ez ados, ez kontra. Kopuru horien arabera, internautek ez omen dute oso argi ikusten IKTen erabilerak eragin positibo zuzena izan duenik euren osasun-egoeran. Berez, % 14,9k soilik adierazi du baieztapen horrekin ados edo oso ados dagoela.
“IKTek aukera gehiago eskaintzen didate lan-merkatuan”.
Esaldi horri batez beste 6,2 puntu eman dizkio Internet erabiltzen duen biztanleriak. Inkesta egin duten pertsonak ados daude IKTek (horien erabilerak, gaitasun digitalek) lan-merkatuan aukera gehiago ematen dietela dioen esaldiarekin. Hori horrela, internauten % 61,1ek baieztatzen du ados edo oso ados dagoela baieztapen horrekin eta % 18,9k aitortzen du ez dagoela ados edo bat ere ados.
“Erakundeak herritarrengana hurbiltzen lagundu dute”.
Esaldi honek oso puntuazioa altua lortu du, 6,5 hain zuzen ere. Internet erabiltzen duten pertsonen % 67,3 ados edo oso ados dago baieztapen horrekin, IKTak sartzean erakundeak modernizatu egin direlako eta horrek erakunde publikoak eta herritarrak gehiago hurbildu dituelako. Bestalde, inkesta egin duten internauten % 13,3k aitortzen du ez dagoela ados edo bat ere ados esaldi horrekin.
“Herritarren eskubideak hobeto defendatu eta ezagutzen laguntzen dute”.
Inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen ia % 60k baieztatzen du ados edo oso ados dagoela baieztapen horrekin eta % 15,1ek soilik dio ez dagoela ados edo bat ere ados. Zenbaki orokorrei erreparatuz gero, baieztapen horrek batez beste 6,1 puntu lortu ditu eta horrek agerian uzten du internautek argi daukatela informazio gehiago eskuratu eta komunikazio berrietara jotzeko aukera tresna erabilgarria izan daitekeela herritarren eskubideak hobeto ezagutzeko eta eskubideak defendatzeko formula berriak bilatu edo daudenak indartzeko.
“Eusko Jaurlaritzak ematen dituen gizarte-zerbitzuak hobetzen laguntzen dute”.
Baieztapen horrek 5,5 puntu eskuratu ditu, hau da, balorazio-eskalan “ez ados, ez kontra” egongo lirateke. Nahiz eta inkesta egin duten biztanleen % 45ek baieztatzen duen ados edo oso ados dagoela esaldi horrekin, gainerako % 55a gainontzeko kategorietan banatzen da (ez ados, bat ere ados, ez ados ez kontra, ez daki/ez du erantzun) eta pertsona ugari (% 32) daude “ez ados, ez kontra” eta “ez daki/ez du erantzun” artean. Informazio horrek nahasia eman dezakeen arren, inkesta egiten duten biztanleek esaldi horri buruzko ezagutza-falta dutela iradoki lezake.
“Gizarteko desberdintasunak murrizten lagundu dute”.
Inkesta egin duen biztanleria ez da esaldi horrekin ados agertu. 0tik 10erako eskalan 4,4 puntu dituela, datuei jarraiki biztanleriaren % 30 soilik dago ados IKTek gizarte-desberdintasunak murrizten lagundu dutela dioen baieztapenarekin. Aitzitik, % 43,2k dio ez dagoela ados edo bat ere ados baieztapen honekin, % 22k dio ez dagoela ez ados, ez kontra, eta % 4,4k ez daki edo ez du erantzun. Argi dago, beraz, bazterkeria digitaleko arriskuen pertzepzioari buruzko hurrengo atalean zehatzago aztertuko dugun bezala, biztanleria, gaur egun, ez dagoela ados IKTek gizarte-desberdintasunak murriztea lortu dutela dioen baieztapenarekin.
“Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu dute”.
5,5eko puntuazioarekin, balorazioen taularen erdian kokatzen da, hau da, “ez ados, ez kontra”. Maiztasunen banaketari buruzko azterketari erreparatuz gero, hobeto jakin dezakegu inkesta egin duten biztanleek zein neurritan uste duten IKTen erabilerak Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu duela. Hori horrela, internauten % 49,4k aitortu du baieztapen horrekin ados dagoela eta % 23,2k dio kontrakoa (ez dagoela ados edo bat ere ados).
Kasu honetan, berriz ere, erabaki sendorik gabe (ez daki/ez du erantzun, ez ados, ez kontra) dauden pertsonak asko dira (% 27,3). Baieztapen horren balorazioa ikusita, esan liteke jendeak ez dakiela IKTek zerbitzu hori zein neurritan hobetu duten. Ondoren, partaidetza-etenari buruzko azterketaren kapituluan, zehatzago jorratuko dugu ea biztanleriak zein neurritan ezagutzen dituen administrazioaren webguneak, zein neurritan erabiltzen dituen edo nola baloratzen dituen.
51 Batez besteko balorazioa, 0tik 10era: 0=ez nago bat ere ados eta 10=guztiz ados nago. Balioen interpretazioa: 0, 1 eta 2=ez nago bat ere ados, 3 eta 4=ez nago ados, 5=ez ados, ez kontra, 6 eta 7=ados, 8, 9 eta 10=oso ados.
10.3. IKT gaitasun pertsonalak eta lan-mundukoak
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 2006/962/CE gomendioak, etengabeko ikaskuntzarako gaitasun gakoei buruzkoak (2006.12.30eko 394. zenbakiko aldizkari ofiziala) IKT gaitasuna sartu zuen 8 gaitasun gakoen artean. Gaitasun gako esaten dugunean, “banakakoak pertsonalki errealizatzeko eta gizartean integratzeko nahiz herritartasun aktiborako eta enplegurako bereziki beharrezkoak direnak” ditugu mintzagai.
Esparru horretan, eta lan-eremuko gaitasun digitalen eskaria gorantz doala kontuan hartuta, Euskadiko biztanleei galdetu nahi izan diegu ea beren ustez lan-munduak egun eskatzen dituen IKT gaitasunak dituen ala ez.
Horretarako, honako baieztapena planteatu zen: “Lan-merkatuak eskatzen dituen IKT gaitasunak dauzkat”. Hala, inkesta egin zuten pertsonek 0tik 10erako puntuazioa eman zuten, norberaren kasuaren arabera, 0 ez bazeuden bat ere ados eta 10 guztiz ados bazeuden.
Esaldi honi emandako batez besteko balorazioa 6,1ekoa da, hau da, “ados dago” lan-merkatuan egun eskatzen dituen gaitasun digitalak dauzkala dioen baieztapenarekin.
Maiztasunen araberako banaketari esker, sakonago jorratu dezakegu gaia eta halaxe ikusiko dugu biztanleriaren zein portzentaje ez dagoen ados baieztapen horrekin eta zeintzuk diren bere ezaugarriak (adina, sexua, ikasketa-maila, lanbidea eta abar).
(71. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Lan-merkatuak eskatzen dituen lan-gaitasunak dauzkat” baieztapenarekin ados dauden edo ez dauden neurrian (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Biztanleriaren % 59,6k dio ados dagoela (6 eta 7 balioak) edo oso ados (8, 9 eta 10 balioak) baieztapen horrekin. Hau da, 16 urtetik gorako Euskadiko Internet-erabiltzaileen ia % 60k uste du lan-merkatuak eskatzen dizkion gaitasun digitalak dauzkala.
Bestalde, azterketa honetan kontuan hartu beharreko beste interpretazio bat egin dezakegu:
Biztanleen % 15ek aitortzen du ez dagoela ados edo bat ere ados lan-merkatuak eskatzen dituen IKT gaitasunak dauzkala dioen baieztapenarekin. Portzentaje horri zalantzati dagoen edo ez alde ez kontra dagoen biztanleriaren % 15,3 gehi diezaiokegu, ez dakien edo erantzun ez duen % 10,1ekin batera.
“Lan-merkatuak eskatzen dituen IKT gaitasunak dauzkat” baieztapenari 5etik beherako batez besteko balorazioa (0tik 10erako eskalan) ematen dioten taldeak, eta, beraz, ez daudenak ados edo bat ere ados, honako hauek dira:
Lehen ere azaldu dugun bezala, “lan-merkatuak eskatzen dituen IKT gaitasunak dauzkat” baieztapenean “ez daki/ez du erantzun” adierazi duten pertsonen portzentajea ere aztertu beharra dago. Datu horri esker jakin dezakegu zein talde edo gizarte-multzok ez dakien lan-merkatuan eskatzen diren IKT gaitasunak dauzkan edo ez dauzkan. Ezagutza-falta horren jatorria hainbat alderditan egon liteke:
Ildo horretatik, baieztapen horri emandako “ez daki/ez du erantzun” erantzunaren portzentajerik altuenak talde hauetan batzen dira (Euskadiko Internet-erabiltzaileen 16 urtetik gorako guztien gaineko %a):
(72. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Lan-merkatuak eskatzen dituen lan-gaitasunak dauzkat” baieztapenari “ez daki/ez du erantzun” erantzun diotenak (%).
Portzentajerik esanguratsuenak, 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Gaitasun digitalak aldatu egiten dira denborak aurrera egin ahala. Berez, gaur erabiltzaile aurreratu bihurtzen gaituenak, adibidez, bihar oinarrizko mailako erabiltzaile bihur gaitzake. Lan-merkatuaren baldintza berriak edo teknologia eta zerbitzu berrien agerpena dira, besteak beste, gure ezagutzen eta ezagutu beharrekoen arteko egokitzapena etengabe berrikustera garamatzatenak.
Aurreko azterketaren ildoari jarraiki, eta IKT gaitasunak lan-munduarekin lotuz, honako galdera egin genien inkesta bete zutenei: “Behar izango bazenu, lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun digitalei buruzko ezagutzak eskuratzeko gai izango al zinateke?”.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, inkesta egin duten biztanleen % 70ek erantzun du baietz.
(73. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Jakingo al zenuke non eskuratu gaur egun lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun digitalei buruzko ezagutzak?” galderaren erantzunen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Bestalde, aipatzekoa da Euskadiko Internet-erabiltzaileen % 25,7k, lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun digitalekin lotutako ezagutza berriak eskuratzeko beharrizana izango balu, ez lukeela jakingo nora jo ezagutza horiek eskuratzeko.
Bestetik, % 2,3k dio (bat-bateko erantzuna) ez duela lan-eremurako gaitasun digitalak eguneratzeko beharrizanik.
Eta nortzuk adierazi dute ez dakitela nora jo lan-eremuarekin lotutako gaitasun digitalak eguneratu behar izanez gero?
Jarraian ikusiko den rankingean agertzen da zenbat pertsonak erantzun dioten ezetz galderari (ez dakite nora jo lan-merkatuak eskatzen dituzten gaitasun digitalekin lotutako ezagutzak eguneratu behar izanez gero):
(14. taula)
Zeintzuek adierazi dute ez dakitela nora jo lan-eremuarekin lotutako gaitasun digitalak eguneratu nahi izanez gero?
Ikasle diren biztanleen % 44,7. |
Lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen % 38,3. |
Etorkinen % 36. |
Bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen % 34,7. |
Etxeko andreen % 33,5. |
Emakumeen % 29,8. |
16 eta 34 urte bitarteko biztanleen % 29. |
Nabarmena da ikasle ugarik (% 44,7) eta gazte ugarik (% 29) adierazi dutela ez luketela jakingo nora jo lan-munduko eskakizunekin lotutako gaitasun digitalak eguneratu behar izanez gero. Datu hau aipagarria da, batez ere kontuan hartzen badugu biztanleria hau dela IKTen erabilera biziena egiten duenetako bat.
Ikasketa-maila baxuak edukitzea eta etorkin, emakume edo etxeko andre izatea ere galdera honen ezezkoan eragiten duten aldagaietako batzuk dira.
10.4. Bazterkeria digitalaren arriskuen pertzepzioa
Eskuratze-eten digitalaren azterketan jorratzen diren alderdien barruan, erabilera, abantaila eta onuren pertzepzioa lantzeaz gain, Internet erabiltzen duten pertsonek egun IKTak ez erabiltzearen arrisku eta desabantailei buruz duten pertzepzioa zein den jakitea ere garrantzitsua da.
“Zure ustez, zeintzuk dira egun IKTrik ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” galderari bat-bateko erantzuna ematean, Internet erabiltzen duten biztanleen % 30ak uste du informazio-falta dela. Rankingean agertzen den bigarren desabantaila zaharkitua geratzea edo egunean ez egotea da (% 25). Internauten % 11,6k uste du Internet edo IKTak ez erabiltzearen arriskurik handiena gizartean isolatuta geratzeko aukera dela eta % 10,4k dio desabantailarik handiena erakundeetan egin beharreko tramiteetan galtzen den denbora dela.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, Internet erabiltzen duten biztanleek ez dute uste IKTen erabilera-faltak desabantaila handiak eragiten dituenik lan-prestakuntza profesional hobea edo lan-merkatura sartzeko zailtasun handiak bezalako alderdietan.
Bestalde, inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen % 11,1ek uste du IKTak ez erabiltzeak ez duela inolako desabantailarik eragiten. Hau da, Euskadin Internet eta IKTak erabiltzen dituzten biztanleen portzentaje batek uste du gaur egun ez dutela hainbeste erabilgarritasun edo balio, ez erabiltzea desabantaila bat izan dadin.
(74. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, galdera honi emandako bat-bateko erantzunaren arabera: “Zure ustez, zeintzuk dira gaur egun teknologia berriak ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Internet ez erabiltzeak ez duela desabantailarik eragiten adierazi duten pertsona horiek zeintzuk diren zehatzago aztertuz gero, txostenean zehar erabili ditugun aldagaien (adina, sexua, ikasketa-maila, habitataren tamaina eta abar) araberako profila zehaztu ahalko dugu:
(75. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, galdera honi emandako bat-bateko erantzunaren arabera: “Zure ustez, zeintzuk dira gaur egun teknologia berriak ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” “Ez dago desabantailarik” erantzunaren portzentajerik esanguratsuenak, 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, sarbide- eta erabilera-etenetan ahulenak diren gizarte-multzo eta taldeak dira IKTak erabiltzen hastean zailtasun gehien dutenak erabilera hori beren bizitzako alderdi edo eremu jakin batzuen desabantailarekin lotzeko orduan.
IKTak ez erabili edo eskuratzearen ondoriozko arriskuen pertzepzioa aztertzen jarraitzeko asmoz, honako galdera egin zaie inkesta bete duten pertsonei: “Zure ustez pertsona edo talde batzuek IKTak erabiltzeko duten ezintasuna gizartean baztertuta egoteko arrazoi izan liteke?”.
Internet erabiltzen duten biztanleen % 56,5ek uste du IKTak erabiltzeko ezintasuna gizartean baztertzeko arrazoia izan daitekeela
Galdera hori eten digitala eragiten duten aldagai nagusietako batzuekin (adina, sexua, ikasketa-maila, lanbidea, eta abar) gurutzatzean ikus dezakegunez, IKTak erabiltzeko ezintasunak gizartean baztertuta egoteko aukera gehiago eragiten duela neurri handiagoan adierazi duten Internet-erabiltzaileak honako dira: emakumeak (% 59,5), 55 urte edo goragoko pertsonak (% 59,7), unibertsitate-ikasketadun pertsonak (% 67,9), etxeko andreak (% 65), etorkinak (% 65,5), ezgaitasun aitorturen bat duten pertsonak (% 60,3) eta Euskadiko hiriburu handietan (100.000 biztanletik gora) bizi diren pertsonak (% 53,8).
Euskadiko Internet-erabiltzaileen iritzia jasotzeko orduan erabilitako hirugarren ikuspegia zera izan zen, IKTak zerbitzu publiko zehatz batean sartuz gero gizartearen artean desberdintasunak sor litezkeen galdetzea. Horretarako, herritarren eskubide bat aipatu zen zuzenean, partaidetzarako eskubidea, hain zuzen ere.
Honako galdera egin zen: “Zure ustez IKTak partaidetza-prozesuetan sartzea gizartean baztertuta geratzeko faktore berri bat bihur liteke, pertsona edo talde batzuek ez dakitelako edo ezin dituztelako erabili?” Internet erabiltzen duten biztanleen % 68,4k erantzun zuen baietz.
Hau da, Euskadin Internet erabiltzen duten biztanle askok (% 70 inguru) uste du IKTen erabilera- eta sarbide-eten digitala existitzen den artean, partaidetza-prozesuetan IKTak sartuz gero gizarte-desberdintasunak areagotu egin daitezkeela.
Erantzun honen bidez adierazitako arriskuak are zentzu gehiago hartuko luke zerbitzu jakin batzuk (kasu honetan partaidetzarekin lotutakoak) IKTen sarbide eta erabilera eskatzen duten bitartekoen bidez soilik eskainiko balira.
Eten digitala jasateko arrisku gehien duten gizarte-multzo eta talde jakin batzuen erantzuna aztertzen badugu, IKTak partaidetza-prozesuetan sartzea gizarte-bazterkeria eragiten duen faktore berri bat izan daitekeela (pertsona edo talde batzuek tresna horiek erabiltzen ez dakiten edo ezin duten artean) erantzun duten etorkin, ezgaitasunen bat duten pertsona, etxeko andre, 55 urte edo goragoko pertsona eta emakumeen portzentajea handiagoa da inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen batez bestekoa baino (% 68,4).
Grafiko honetan, galdera honi baietz erantzun dioten Internet-erabiltzaileen batez bestekoa eta gizarte-multzo eta talde batzuetan erregistratutako portzentajeak alderatu dira:
(76. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Zure ustez teknologia berriak partaidetza-prozesuetan sartzea gizartean baztertuta geratzeko faktore berri bihur liteke (...)?” galderaren erantzunen arabera. Baiezko erantzunen portzentajerik esanguratsuenak, 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
10.5. IKTen erabilera eta ezagutza-maila pertsonalari buruzko pertzepzioa
Kapitulu honen sarreran adierazi dugun bezala, IKTen eskuratze-etenaren azterketako alderdi esanguratsua da pertsonek zein neurritan uste duten IKTak erabili eta ezagutzen dituztela. Faktore horri esker, onura, arrisku, beharrizan eta abarren identifikazioarekin batera, banakoak aurrera egin ahal izango du ikuspegi teorikoaren kapituluan azaltzen genuen ahalduntze digitalaren ereduan eta IKTak eskuratu eta horiei buruz ikasten jarraitzeko beharrizana sentituko du, aukera eta abantaila berriak deskubritzen dituen neurrian.
Txosten berezi honen esparruan e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruz egindako inkestak honako galdera planteatzen die inkesta bete duten internautei: “Internet eta IKTen erabilerari dagokionez, nola baloratuko zenuke zeure burua: oinarrizko maila, maila aurreratua edo aditua?”.
Ezagutza- eta erabilera-mailaren gainean erabilitako eskala honakoa da:
Biztanleriaren % 56,8k dio erabileran eta ezagutzan oinarrizko maila duela, % 39,2k maila aurreratua duela eta % 3,9k jotzen du bere burua aditutzat.
(77. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Internet eta teknologia berrien erabilerari dagokionez, nola baloratzen duzu zeure burua: oinarrizko maila, maila aurreratua edo aditua?” (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Pertsona nagusiak (% 75,3), emakumeak (% 61,3), lehen hezkuntzako ikasketadun pertsonak (% 82,2), etxeko andreak (% 96,6), pertsona erretiratuak (% 73,5), etorkinak (% 61,6) eta ezgaitasunen bat duten pertsonak (% 64,4) dira neurri handiagoan aitortu dutenak IKTen ezagutza eta erabilerari buruzko oinarrizko maila dutela.
Aitzitik, 16 eta 34 urte bitarteko pertsonak (% 53,3), unibertsitate-ikasketadun pertsonak (% 54,9), egun ikasleak diren pertsonak (% 55) eta norberaren kontutako langileak (% 46,9) dira neurri handiagoan uste dutenak IKTen erabilera eta ezagutzei buruzko maila aurreratua dutela.
Hori horrela, galdera berriak planteatu behar ditugu jakiteko ea Euskadiko biztanleriaren egungo egoera zein den, eskuratze-etena sortzen duten faktore nagusien gainean.
Pertsonak IKTen erabilera eta ezagutzen eskalan kokatzeko gai badira, beren ezagutzetan aurrera egiten jarraitu behar duten hautemateko gai al dira? Ahalduntze digitalaren prozesuan aurrera egin nahi dute edo beharrizan hori sentitzen dute? IKT prestakuntzan inbertitu beharko balukete, jakingo al lukete nora jo? Zer nahiago dute: euren kabuz prestatzea edo gaitasun digitalei buruzko ikastaro eta tailer praktikoetara jotzea?
10.6. Gaitasun digitalak eskuratzeko moduei eta beharrizanari buruzko pertzepzioa
Inkesta egin duten biztanleei honako baieztapena 0tik 10erako eskalan baloratzeko eskatu zaie: “Etekin gehiago atera nahiko nioke teknologia berrien erabilerari”. Erantzuna 0 izango da erabiltzailea ez badago bat ere ados edo 10 guztiz ados baldin badago.
Inkesta egin duten pertsonek emandako batez besteko balioa 6,5ekoa da, hau da, eskalari jarraiki, esaldi horrekin “ados” daude. Maiztasunak aztertuz gero, internauten % 68,1ek dio ados (0tik 10erako eskalan 6 eta 7 balioak) edo oso ados (0tik 10erako eskalan 8, 9 eta 10 balioak) dagoela baieztapen horrekin eta % 15,9k adierazi du ez dagoela ez ados, ez kontra (0tik 10erako eskalan 5 balioa).
Era berean, esanguratsua da inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen % 15,4k adierazi duela ez dagoela ados edo bat ere ados esaldi honekin eta horrek zera esan nahi du, ez duela IKTen erabilerari etekin gehiago ateratzeko gogorik.
Kopuru horien arabera, inkesta egin duten biztanleen portzentaje altu batek (% 68,1) argi dauka IKTen erabilerari buruz gehiago jakin nahiko luketela eta etekin handiagoa atera nahiko liekeela. Horretarako, prestakuntza-prozesuari ekin beharko litzaioke, modu desberdinetan eta maiztasun handiagoz edo txikiagoz egin daitekeelarik.
Errealitate hau gehiago sakontzen saiatzeko asmoz, honakoa galdetu zitzaien Euskadiko internautei: “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet edo IKTak erabiltzen?” (erantzun anitzak).
Kontsulta honen bidez, Internet erabiltzen duten biztanleek beren eremu desberdinetan (pertsonala, lana, prestakuntza eta abar) egunez egun behar dituzten gaitasun digitalak ikasteko moduaren ezaugarriak zeintzuk diren jakin nahi izan da.
Kopuruei erreparatuz gero, inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen % 94,5ek aitortu du bere kabuz ikasten duela. Garrantziari jarraiki, eta bigarren postuan, % 69,2k baieztatu du senide edo lagunen bidez ikasten duela. Ondoren, % 23,9rekin, enpresaren bidez egindako ikastaroak edo ekimen publikoz antolatutako doako tailer edo ikastaroak daude (% 21,1). Inkesta egin duten pertsonen % 19,1ek dio eskolan edo institutuan egindako ikastaro edo ikasgaiak izan direla bere ikasketa-iturri eta % 16,2k baieztatu du eurek ordaindutako ikastaroen bidez ikasi dutela.
Jarraian ikus daitekeen grafikoan agertzen dira inkesta egin duten biztanleek erabilitako ikasketa-metodoaren ezaugarriak. Ikus daitekeen bezala, portzentaje garrantzitsu batek (% 59,5) modalitate mistoa (formala+informala) aukeratu du eta % 1,9k soilik hautatu du hezkuntza formal hutseko modalitatea.
Biztanleriak galdera honi emandako erantzunak aztertzean, hainbat aldagairekin (adina, sexua eta abar) gurutzatuta, zehatzago ezagut ditzakegu ikasketa-modalitatearen ezaugarriak.
(78. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet edo IKTak erabiltzen?” galdearen erantzunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Hori horrela, sexuaren arabera, gizonek gehiago jotzen duten euren kabuz ikasteko modalitatera (% 96,9) emakumeek baino (% 92,1). Bestalde, emakumeek gizonek baino gehiago jotzen dute senide edo lagunen bidezko prestakuntzara eta eurek ordaindutako ikastaroetara, grafiko honetan ikus dezakegun bezala.
(79. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet eta IKTak erabiltzen?” galderaren erantzunaren eta sexuaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Bestalde, adin-tarteen arabera ikasketa-modalitate desberdinak alderatuz gero, honako datuak antzeman ditzakegu:
(80. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet eta IKTak erabiltzen?” galderaren erantzunaren eta adinaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Inkesta egin duten unibertsitate-ikasketadun pertsona ia guztiek (% 97,8) aitortu dute euren kabuz ikasten dutela Internet eta bestelako IKTen erabilerari buruzko ezagutzak eskuratzen. Modalitate hau aukeratu dutenen portzentajea murriztu egiten da ikasketa-mailen eskalan beherantz egin ahala.
Aitzitik, lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen % 83k aitortu du lagun eta senideen bidezko ikaskuntzan oinarritutako eredua jarraitzen duela. Portzentaje hori beherantz doa pertsonek ikasketa-maila altuagoak dituzten neurrian. Antzeko zerbait gertatzen da ekimen publikoko doako tailer edo ikastaroetara jotzeko modalitatearekin. Hori horrela, lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen % 26,5ek dio modalitate hori erabiltzen duela eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen kasuan portzentajea % 18,7koa da.
Inkesta egin duten bigarren hezkuntzako ikasketadun pertsonen % 18,2k aitortzen du Internet eta bestelako IKT tresnei buruzko ezagutzak eskuratzeko ikastaroak ordaindu dituela. Ondorengo grafikoan ikus daitekeen bezala, modalitate hau ez da hedatuena lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen artean (% 7,4).
(81. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet eta IKTak erabiltzen?” galderaren erantzunaren eta ikasketen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Etorkinen % 90,8k aitortzen du bere kabuz ikasi duela edo ikasten duela IKTak erabiltzen. Talde honen % 62k dio lagun eta senideen bidezko prestakuntza izan dela IKTak eskuratzeko erabilitako modalitatea. Biztanleriaren % 13,1k soilik dio ekimen publikoko doako ikastaro edo tailerretara jo duela prestakuntza jasotako. Datu hori % 21,4koa da etorkinen kasuan.
Ezgaitasunak dituzten pertsonen kasuan, ezgaitasun aitorturik ez duten pertsonen aldean erabilitako ikasketa-modalitateak alderatuz gero, honako ondorioak ikus ditzakegu:
(82. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak “Nola ikasi duzu edo ikasten duzu Internet eta IKTak erabiltzen?” galderaren erantzunaren eta ezgaitasunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Bestalde, datuen eranskinen ikus dezakegunez, inkesta egin duten biztanleen (16 urtetik gorakoak, Internet-erabiltzaileak eta Euskadin bizi direnak) % 80,3k aukeratu du modalitate desberdinetan ikastaroak egitea Internet eta IKTekin lotutako ezagutzak eskuratzeko. Baina, zein da ikastaro horiek egiteko maiztasuna? Ikastaro horietan Internet eta IKTen hasierako gaitasunak eskuratzen dituzte eta gero ez dute prestakuntza-ekintza gehiagorik egiten?
Galdera horietako batzuei erantzuten saiatzeko, honako galdera planteatu zaio biztanleriari: “Noiz egin zenuen Internet edo teknologia berriekin lotutako azken ikastaroa?”.
Gutxienez ikastaro bat egin duten internauten % 20,7k duela 6 hilabete bat gehiago egin du. % 13,2k azken 6 eta 12 hilabeteen artean egin du eta % 12,3k dio urtebete eta 2 urte artean pasa direla Internetekin edo IKTekin lotutako ikastaro bat egin zuen azken alditik.
(83. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, gutxienez ikastaro bat egin dutenak Internet edo IKTei buruz, honako galderaren erantzunaren arabera: “Noiz egin zenuen Internetekin edo teknologia berriekin lotutako azken ikastaroa?” (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Grafikoan ikus daitekeenez, Internet edo bestelako IKT tresnei buruzko gutxienez ikastaro bat egin duten Internet-erabiltzaileen % 33,7k aitortu du duela 5 urte baino gehiago gauzatu duela. Horrez gain, inkesta egin duten pertsonen % 12,3k dio ez duela Interneti edo bestelako IKT tresnei buruzko ikastarorik egin azken 3-5 urteetan.
Datu horrek informazio berria ematen digu. Interneti edo bestelako IKT tresnei buruzko ikastaro bat egin duten Euskadiko Internet-erabiltzaileen % 53,3k egin du duela 2 urte baino gehiago eta % 46,3k egin du azken bi urteetan.
Kopuru horiei jarraiki, Internet-erabiltzaile askok egin dituzte bere garaian Interneti edo bestelako IKT tresnei buruzko ikastaroak, eta ondoren ez dute ezagutza horiek eguneratu edo osatzeko prestakuntzarik jarraitu.
Horrenbestez, Internet edo bestelako IKT tresnei buruzko azken ikastaroa duela 5 urte baino gehiago egin duten pertsonen portzentajea osatzen duten taldeak edo gizarte-multzoak zeintzuk diren aztertuz gero, 5 taldek erregistratu dituzte, era nabarmenean, portzentaje altuak adierazle honetan (Euskadiko 16 urtetik gorako Internet-erabiltzaile guztien gaineko %a, Internet edo IKTei buruzko gutxienez ikastaro bat egin dutela):