3.5. Erabilera-eten digitala
Etxebizitza batean IKT ekipamendua egoteak edo eskura izateak, adibidez, ez du bermatzen kide guztiek erabiltzen dutenik. Eta hala izango balitz, azterlanean lortutako datuek islatzen digute adina, ikasketa maila edo lan egoera bezalako faktoreen arabera motibazio eta erabilera maiztasun ezberdinak dituztela.
Eustaten 2011ko inkestaren (ESIF) datuen arabera, 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarren % 67,8k ordenagailua erabiltzen dute, % 65,3k Internet eta % 97,8k telefono mugikorra. Txosten horretan burututako bilakaera azterketek islatzen dute zifra horiek hazkunde nabarmena jaso dutela azken urteetan, baina gertakari hori ez da nahikoa erabileraren benetako eten digitala aztertzeko.
Zer pertsona daude ehuneko horien atzean? Zer nolako motibazioak dituzte IKTak erabiltzeko? Zer nolako maiztasunarekin erabiltzen dituzte? Loturarik al dago IKTen erabileraren eta ongizateari edo bizi kalitateari loturiko eremuen artean, hala nola, enplegua, osasuna, prestakuntza…?
Ikerlanak adierazi izan du adina, sexua, ikasketa maila, diru-sarrera maila edo lan egoera bezalako faktoreak, besteak beste, herritarren artean IKTen erabilera ezberdintasunen atzean dauden elementuak direla. Horrela bada, 65 eta 74 urte bitarteko euskal herritarren % 12,9k bakarrik adierazi du Internet erabiltzen duela. Sexuari dagokionez, oraindik ere ezberdintasunak daude erabileraren ehunekoen artean eta ezberdintasun horiek areagotzen dira adin-tarteetan goraka goazen heinean gizonen alde. Ildo horretan bertan, lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten pertsonen % 23,4k eta langabezian dauden pertsonen % 35,6k besterik ez dute Internet erabiltzen.
Zifra horiek gogoeta bat egitera behartzen gaituzte. Nabarmena da IKTak oso lagungarriak izan zitezkeela aipatu ditugun talde horien bizi kalitatea eta gizarteratzea hobetzeko. Hala eta guztiz ere, lortutako datuek adierazi digutenez talde horiexek dira IKTen erabileran ezberdintasun gehien erregistratu dituztenak.
Horren inguruan sakontzeko, euren arrazoien berri izan nahi izan dugu, sarerako konexioak gobernatzen dituzten “zergatien” berri hain zuzen.
(5. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarrek Internet erabiltzeko dituzten arrazoiak (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki
Azterketaren ondorioak itxaron genitzakeenak dira: informazio bilaketa, posta elektronikoa, komunikabideen kontsulta, aisialdia eta programa edo komunikabideen erabilera dira motibazioen rankingaren buruan daudenak. Taularen postu baxuagoetara joan beharra dago IKTen erabilera osasunari buruzko informazio kontsultak egiteko, lana bilatzeko, prestakuntza ekintzetan sartzeko edo prestakuntzari buruzko informazioa lortzeko erabiltzen dela ikusi ahal izateko.
Egoera hori, gainera, are gehiago areagotzen da motibazio horiek aurretik aipatu ditugun faktoreekin gurutzatzen direnean (adina, ikasketa maila, lan egoera…). Horren adierazle diren adibide batzuk: lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten pertsonen % 5,7k bakarrik aitortu du Internet enplegua bilatzeko erabiltzen duela; langabezian dauden pertsonen kasuan, lana bilatzea IKTak erabiltzeko motibazioen rankingaren zazpigarren postuan dago.
Gizarte ongizatearekin eta bizi kalitatearekin loturiko alderdiei dagokienez “Internetetik espero dudana” eta “Internetek niregatik egin dezakeena”ren arteko desadostasun horren bidez honako hipotesia sor dezakegu: IKTen erabileraren arteko ezberdintasun horien atzean, desadostasun argiak daude hainbat talderen (pertsona helduak, prestakuntza profil baxuak dituzten langabeak, landa guneetan bizi diren pertsonak…) eta sarearen benetako ahalmenaren (zerbitzuak, edukiak…) artean.
Hori dela-eta, Gomendioen kapituluan gaineratu behar izan dugu erabilera-eten digitalean dauden taldeei zuzendutako prestakuntza ekintzak, lantegi adierazleak, etab. areagotzearen premia. Horien berariazko helburua euren interesguneekin eta bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko aukerekin lotzen diren alderdietan IKTek dituzten aukerak sustatzea da (hala nola, pertsona helduen zahartze positiboa; langabean dauden herritarrei zuzendutako lan eta prestakuntza bilaketa; IKTen erabileraren areagotzea lanerako prestakuntzaren prestakuntza-diseinuetan, etab.).
Osagarri gisa, herritarren kapa ia gehienen artean ospea eta onespena lortu duten gailuen erabilera ere gomendatzen da, hala nola, telefono mugikorra, halako ekintzen ahalmena eta euren eragin maila handitze aldera.