3.1. Txosten bereziaren helburua
Zer egin nahi izan dugu?
Arartekoak esleituta dituen funtzioak giza eskubideen babesa eta bermearekin lotuta daude, administrazioen herri jarduera eta politikek pertsonen eskubideak behar bezala zaindu ditzaten saiatuz eta desberdintasuna, diskriminazioa eta bazterkeriaren aurka eraginkortasunez borrokatuz. Printzipio horiek oinarritzat hartuta, txosten berezi honen bidez, herritarrek gizartean eta eremu publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) bidez duten e-inklusioari eta parte hartzeari buruzko azterketa sakona egin nahi izan dugu.
Zergatik e-inklusioari eta e-parte hartzeari buruz?
Une honetan IKTak gure bizitzen osagarri edo zati bat izatetik horiek zeharka eta etengabe zeharkatzera igaro dira. Eskolan, lanean, administrazio eta banku erakundeekiko harremanetan, dibertitzeko eta komunikatzeko moduan... ageri dira. Horrenbesteko presentzia dute non pentsa genezake horiek ez ezagutu ezta erabiltzeak ere gure uneko gizartean bazterkeriaren faktore sortzailetzat jo zitezkeela.
Bestalde, egunerokotasunak argi uzten digu arazoak konpontzeko antzinako formulek ez dutela funtzionatzen. Mundu mailako krisiko eta gizarte ezinegoneko testuinguruak argi uzten du erronka berriak eta zaharrak daudela, jarduteko modu berriak eta herritarren parte hartzea eskatzen dituztenak. Bigarren lan-hipotesi gisa IKTek herritarren parte hartze hori erraztu eta bultzatu dezaketela bere gain hartuta, zera aztertu nahi izan dugu: zein da euskal gizartearen e-inklusio maila? Nor ari da geratzen “informazioaren gizartea” deiturikotik kanpo? Zergatik? Behar bezain heldua da, digitalki hitz egiten, euskal gizartea IKTen bidez parte hartzeko? Bide eta baliabide nahikorik al dago hori hala izateko? Benetan al dago parte hartzeko interesik? Beharrezkotzat jotzen al da eta ondorio antzemangarriak al ditu? Zerk motibatzen gaitu parte hartzera?
Zertarako honen moduko txosten berezia?
Galdera hau eta beste asko ikerketa prozesuan zehar erantzuten saiatu garenak dira. Helburua argi gehiago eskaintzea da, euskal herri administrazioei zuzendutako gomendioen katalogoa burutu ahal izateko Euskadi inklusiboago bat lortzera bideratuta eta gizartean zein eremu publikoan IKTen bidez herritarren parte hartzea sustatzeko.