1. Heziketa beharrizan berezi eta espezifikoekiko erantzunari dagokionez
28. Egoera baztertzaileak edo bazterketa sustatzen dutenak saihestea
Heziketa beharrizan bereziak eta espezifikoak dituzten ikasleak zentro jakin batzuetan biltzeak arriskua eta zailtasuna dakartza gizarte kohesionatu baten eskola sistema inklusibo bat lortzeko.
Administrazioaren erantzukizuna da dituen baliabideak erabiltzea (matrikulazio arauak adibidez) parekidea ez den edo baztertzailea izan daitekeen egoera oro saihesteko. Eta ez arrazoi pedagogikoengatik –esperientziak erakusten du ezaugarri horiek dituzten zentroetako batzuek euren ikasleei beharrizanei heziketa-erantzun egokia ematea lortzen dutela–, ezpada izaera sozialeko arrazoiengatik: zentro edo sektore jakin batzuen ghettizazioa edo estigmatizazioa saihestea eta gizarteratzea sustatzea.
Kontuan izan jatorri bereko edo antzeko egoeran dauden ikasleekiko erlazio bakar edo ia bakarrak tokiko lagunekin harremanak izateko aukerak zailtzen dituela, euren gizarteratzean aurrera egiteko funtsezkoa izanik.
Alde horretatik, Arartekoaren erakundeak berriz azpimarratzen du heziketa beharrizan berezien gaineko txostenaren 3. gomendioan iradokitako neurriak hartzeko beharra: "Heziketa beharrizan bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskoletako ghettoak saihesteko neurriak hartzea".
29. Arazo handienak dituzten zentroentzako konpentsaziozko politikak eta diskriminazio positiborako neurriak indartzea
Aurrekoaren gomendio osagarri bat da. Berorrekin egoera baztertzaileak saihestu nahi ziren; honekin, desberdintasunak konpentsatu nahi dira.
Badira konpentsaziozko irizpideen arabera ezartzen diren baliabide zehatzak edo konpentsaziozko programak: Eskolen laguntza osagarria, esku hartze espezifikoko proiektuak, eskolako laguntza-programak... Hemen neurri eta programa horiek sendotzea eskatzen da, populazio gutxietsi edo urrakorrari artapen berezia eskaintzen dieten zentro guztietara zabaltzea euren aplikazioa, betiere baliabide osagarri horiek euren heziketa beharrizanen erantzunaren hobekuntza esanguratsu batean oinarritzen badira.
30. Detekzioa hobetzea eta beharrizan bereziko egoeretan esku hartze goiztiarra erraztea
Gomendio honek zero eta hiru urte bitarteko heziketa-tartean du aplikazio-esparrua bereziki. Azken urteetan eskolaratzeko aukeren hazkundea garrantzitsua gertatu da tarte horretan, baina beti ez zaizkio aplikatzen ikasle gutxietsien egoerei lehentasuna emateko irizpideak.
Beharrizan mota horien detekzioaren hobekuntzak, bestalde, heziketa sistemaren koordinazio mekanismoak osasun-gizartearen esparruan esku hartzen duten eragile instituzionalekin (pediatria zerbitzuak, larrialdietako zerbitzuak, oinarrizko gizarte zerbitzuak…) garatzea dakar.
31. Familien eta elkartze-munduaren arteko lankidetza sustatzea
Familiekiko lankidetza funtsezkoa baldin bada hezkuntzarako edozein egoeratan, are beharrezkoagoa izaten da heziketa beharrizan berezi edo espezifikoei erantzuteko egoeretan. Horrek bateratze neurriak sustatzea eskatzen du, baita hezkuntza zentroetatik ere (adibidez, ordutegiari dagokionez), edo familien elkarteekiko lankidetza sustatzea.
32. Planen eta baliabideen ebaluazioa
Heziketa beharrizan berezi eta espezifikoen artapenean, txosten honetan adierazi den bezala, baliabide espezifiko sorta bat erantsi zaio (profesional berriak, adibidez) sistemari eta plan sorta bat onartu da.
Hemen planteatzen dena –6. gomendioaren zehaztapen gisa– da plan horiek sistematikoki ebaluatzeko beharra, lortutako emaitzak edo sistemaren eskura jarritako baliabideen eraginkortasuna, behar den neurrian berraztertu eta, ondorioz, hartzeko jarritako helburuak lortzeko egokienak eta onenak diren neurriak.
Hemen ebaluazio horiek izan behar dituzten ezaugarriak, jadanik aipatuak, azpimarratu behar ditugu: Publikoak, parte hartzaileak, sistematikoak, erabakiak hartzeko asmoei bideratuak…
33. Bereziki urrakorrak diren sektoreekin lortutako eskola-emaitzen jarraipena egitea
Txosten honen aurreko ataletan egiaztatu ahal izan den bezala, erakunde honek, egindako jarraipenetan, datuak eta informazioa bildu nahi izan ditu, jakiteko gure hezkuntza sistema zenbateraino zuzentzen edo gainditzen ari den hasieratik bereziki kaltetutako edo ahultasun bereziko egoeran dauden eskola-populazioari eragiten dioten ezberdintasunak.
Ia beti, arrakasta eskasarekin, hezkuntza arloko Administrazioak ez dituelako honelako azterketak egiten, edo, ez dituelako emaitzak argitara ematen.
Egia esan, egiteko moduaren arabera, jadanik urrakorrak diren talde edo sektoreak are gehiago estigmatizatzeko arriskua areagotu lezakete. Baina egia da ere badirela arrisku horiek aurreikusteko formula eraginkorrak eta horrela sistemaren eraginkortasunaren berri izateko ezinbesteko informazioa lortu liteke, baliabide ezberdinei buruz eta desberdintasunak konpentsatzeko gaitasun errealari buruz. Horrek erantzun ez hain eraginkorrak baztertzea edo zuzentzea ekarriko luke alde batetik, eta bestetik balio erantsi handia ematen duten eta emaitza konparatibo hobeak lortzen dituzten praktikak nabarmentzea, bultzatzea eta zabaltzea.
34. Dibertsitatea sustatzea profesionalen taldeetan ere
Aurreko gomendioetako batzuen xedea da zentroak (zentro guztiak) dibertsitate sozialaren isla zintzoa izatea, eta bere inguruan berez gertatzen diren urrakortasun bereziko egoerak behar den neurrian artatzea.
Hemen proposatzen da dibertsitatea profesionalen taldeetan sustatzea ere, orain arte gutxi aztertutako profilak dituzten pertsonen taldeetako kontratazioari, lankidetzari edo integrazioari begirako neurriak hartzea edo aplikatzeaz gain: ezgaitasunen bat duten pertsonak, adibidez (Legeak aurreikusten duen bezala eta Erakunde honen gomendio askoren gai izan dena), edo beste hizkuntza eta kulturen ezagutzak dituzten pertsonak, eta hori pauso bat gehiago litzateke multikulturaltasuna lortzeko bidean. Edozein kasutan, profilak zehaztu beharko lirateke, kontratazio formulak definitu eta enplegu publikoetarako sarbidea izan beharreko berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak gorde.
35. Hesi arkitektoniko guztiak ezabatzeko tarte zehatz bat ezartzea
Hezkuntza sistema guztiz inklusibo bat lortzeko helburuak, hemen aipatzen denak, beste neurri batzuen artean, eragozpen diren hesi guztiak ezabatzea dakar.
Hala adierazten du ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko Hitzarmena berresteko tresnaren bederatzigarren artikuluak, 2006ko abenduaren 13an New Yorken aditzera emanak:
"1. Pertsona desgaituak modu independentean bizi daitezen eta bizitzako arlo guztietan bete-betean parte har dezaten, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte pertsona desgaituei ziurtatzeko eskuragarri izatea, gainerako pertsonen baldintza berberetan, ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioak, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz nekazaritza-guneetan. Neurri horiek, eskuragarritasunerako trabak eta oztopoak identifikatu eta ezabatzea barne hartuko dutenak, aplikatuko dira, besteak beste, hurrengoei begira:
a) Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta barruko nahiz kanpoko beste instalazio batzuk, hala nola, eskolak, etxebizitzak, mediku-instalazioak eta lan egiteko lekuak; (…)"
Ikuspegi global hau bistatik galdu gabe, beste hesi batzuen existentziak edo teknologia berrien aplikazioak eskaintzen dituen aukera handiak, hemen, urte askotan egindako jarraipenarekin bat, zentro batzuetan oraindik existitzen diren oztopo arkitektonikoak kentzeko beharra eta premia azpimarratu nahi dugu, ikasleen, irakasleen eta bestelako ezintasunak dituzten langileen integrazio egokia zailtzen baitute.
"Irisgarritasun mapa" eguneratu baten existentziak oztopo guztiak kentzeko beharrezko ekintzak eta baliabideak zehaztasunez planifikatzea ahalbidetu behar du.