C) Gazte-justiziaren sistemarekiko gomendio espezifikoak
21. Esku-hartzeen jarraipena eta jarraitutasuna hobetzea
Gomendio hau 7. zenbakikoaren zehaztapena da, kasu honetan gazte-justiziaren sistemari aplikatua.
Arreta adingabe arau-hausleekiko esku-hartzearen alderdi batzuetara bideratu nahi du; gure ustez garrantzi berezia dute eta nabarmen hobetu litezke, izan emantzipaziorako aukerak, ezarritako neurria bete ondoren, izan adingabearen familiarekiko lana.
Alde batetik, kontua da adingabea familiara itzultzea edo familiarekin bizitzea baldintza hobeetan egitea, berrerortzea saihestea eta familiari laguntzea bere oinarrizko funtzioak behar bezala bete ahal izan ditzan (adibidez, areagotzen ari den gurasoen eta seme-alaben indarkeria egoeren aurrean esku hartzeko garrantzitsua da).
22. 3/2005 Legeak eta 80/2009 Dekretuak ezarritako arau-eremua bere esparru osoan aplikatzea
Ume eta Nerabeen Arreta eta Babeserako 3/2005 Legearen arabera, babeserako zentroetan gertatzen den bezala, gazte-justiziako zentroen baldintza material, funtzional eta pertsonalak barnetegi-neurriak betetzeko arau bidez ezarri behar dira (askatasuna murrizteko neurriak betetzeko hezkuntza-zentroei buruzko apirilaren 21eko 80/2009 Dekretuaren bitartez egin zen).
Arreta deitu nahi genuke araudiaren zenbait alderdiren gainean, izan bere garrantzi bereziarengatik, izan behatutako aplikazio-maila aski-ezagatik.
– Neurri judizialak betetzeko heziketa-zentroek osasun, hirigintza eta beste hainbat arlotako indarreko legediak bete behar dituzte… Erakunde honek arreta berezia eskaintzen dio irisgarritasun arloko araudia betetzeari.
– Zentro guztiek adingabe arau-hauslearen eta biktimaren arteko bitartekaritza funtzioak betetzeko programa eta pertsonal egokiak izan behar dituzte.
– Zentro guztietan atzerriko adingabeekin euren hizkuntzan komunikatzeko pertsonal edo baliabide egokiak izan behar dira posible den neurrian.
– Urtero zentro bakoitzaren funtzionamenduari buruzko txostenak eta oroitidazkiak egin behar dira.
– Sarearen zentro batean gutxienez, adimen-osasuneko arazoak edo droga-mendetasun arazo larriak dituzten adingabeentzako artapen psikoterapeutikorako unitate berezi bat egon behar da (pertsonal espezializatuarekin).
– Hezkuntza-zentro bakoitzaren informazio-materialak egin behar dira, adingabeentzat eta euren familientzat…
23. Adingabeentzako erregistro espezifikoak eta polizia-bulegoak ezartzea
Ohiko samarra da poliziaren esku hartzea delituren bat egin duten nerabeekin, bai identifikatzeko edo detektatzeko, bai lekualdatzeko.
Adingabearen erantzukizun penalari buruzko urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak dio adingabeak, poliziaren zaintzapean dauden bitartean, bulego egokian egon behar dutela, helduak atxilotzeko erabiltzen direnetatik bereizita. Arartekoaren erakundeak azken urteetan gogorarazi eta azpimarratu duenari jarraiki, egindako bisitei jarraiki, gure Erkidegoaren komisariek, oro har, ez dituzte adingabeak atxilotzeko kokagune bereziak, ezta Errege Dekretuak (uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretua) xedatutako adingabeentzako atxiloketa-erregistro liburu espezifikorik.
24. Ofiziozko abokatuen txandak eskainitako babes-zerbitzua eta formazio espezifikoa hobetzea
Justiziarekin arazoak dituzten nerabe eta gazteen parte zati batek ofiziozko txandaren abokatuek emandako defentsa izaten du, Administrazioaren eskariz kontratatu eta ordaindutako Abokatuen Elkargoaren zerbitzu publikoa izanik.
Adingabeekiko esku hartze profesionalak, argi denez, adingabekoen erantzukizun penalaren arloko espezializazio maila jakin bat eskatzen du, baita arlo honetako ezaugarri jakinen ondorioak kontuan izatea eta horren arabera jardutea ere. Izan ere, adingabekoen esku hartze judizialean, aplikatzen diren ekintza eta neurri guztiek izaera hezitzailea izan behar dute; horrek adingabea bere ekintza eta ondorioen gaineko erantzukizuna izateko lan egitea eta berori bultzatzea –ez ezestea edo diluitzea– dakar.
Gomendio honen bitartez, Abokatuen Elkargoari eta Justizia Sailari eskatzen zaie emandako zerbitzua ebaluatzea, adingabekoekin lan egiten duten ofiziozko txandaren profesionalen formazio espezifikoa erraztea, eta adingabeko bakoitzaren erantzukizunaren eta babesaren egikaritzan gerta litezkeen kontraesan posibleak jorratzea eta saihesten saiatzea.
25. Babes-zerbitzuekiko erlazioa indartzea, lehen mailako arreta zerbitzuak barne
Azken urteetan, babeserako sistemetatik etorritako neurri judizialak betetzen zituzten adingabeen proportzioa nabarmena izan da (maila orokorrean, inguru irekiko neurrien zenbateko osoaren herena eta bi heren askatasuna murrizteko neurrien kasuan: barneratzeak).
Datu hori bera hausnarketarako datua izan beha da: Zein dira horretarako arrazoiak? Baina, gainera, gazte-justiziaren sistemen eta babes-sistemen arteko erlazioak eta lankidetza zaintzeko beharra indartzen du, izan lurralde mailan (neurri judizialak dituzten nerabeetako askoren jatorri diren harrera-zentroetako erantzuleak, esku hartu behar dutenak, neurriak betetzeko zein neurrion betetze-epea amaitzeko), izan tokian-tokian (familiekiko lanean, emantzipazio programetan eta abarretan zuzenean inplikatutakoak).
26. Osasun-zerbitzuekiko lankidetza hobea lortzea
Neurri judizialak betetzen dituzten nerabeen zati handi baten soslaia eta beharrizanak kontuan hartuta, espezializatutako osasun-zerbitzuen inplikazio eta lankidetza hobea lortzea garrantzitsua da, bereziki adimen-osasuna edo drogen kontsumo arazotsua bezalako alderdiei dagokienez.
27. Botiken erabilera kontrolatzea eta, posible den heinean, saihestea
Neurri batean, gomendio hau aurrekoaren zehaztapentzat jo daiteke, eta 45. artikuluan proposatzen dugunarekin osatu beharra dago: "Adingabeen oniritzi informatua bermatzea".
Erakunde honen iritziz, instituzionalizatutako adingabeekin botikak erabiltzeak berme mota ugari izan behar ditu: preskripzio eta osasun-kontrola; hartzeen konstantzia idatzia; botikak gordetzen diren gunerako sarbide itxia; txanda aldaketetan hezitzaileen arteko beharrezko informazioaren transmisioa; familiarrei edo erreferentziazko tutoreei eman beharreko informazioa… Hori da gure aldian aldiko zentroetarako bisitetan bereziki behatzen dugun alderdietako bat, eta ez ditugu beti aurkitzen beharrezko baldintzak eta bermeak.
Bestalde, botikak ematera jotzea, batzuetan, beste baliabide edo programa alternatiboen hutsak dakar, eta horiek potentziatu behar dira: terapia alternatiboak, familia ingurukoekiko lana, etab.