3.12. Joera homosexuala (lesbianak edo gayak) edo bisexuala edo genero nortasun transexual edo transgeneroa duten adingabeak
Erakunde hau kezkatzen duen problematiketako bat gazte homosexualena (lesbianak eta gayak), transexualena eta bisexualena da (aurrerantzean lgtb). Joera afektibo eta sexualen aniztasuna nahiz nortasun transexuala eta transgeneroa ez daude behar bezala onartuta, eta oraindik ez dute normaltasun mailarik gure gizartean. Horrek eragin egiten du lgtb nerabe ugari egunero beren errealitatea onartzen ez duten egoeretan bizi behar izatea, eta beren familietan, eskolako ingurunean eta aisiakoan gutxiespen irekia ere bizi behar izaten dute.
Arartekoak hainbatetan azpimarratu du beharrezkoa dela politika publikoak martxan jartzea eta horien bitartez baldintza egokiak sortzea lgtb nerabeek behar bezain babestuak edukitzeko beren oinarrizko eskubide hauek: duintasuna, osotasun fisikoa eta morala, nortasunaren garapen askea, askatasuna eta tratu berdintasuna, eta segurtasunerako eskubidea eta etsaitasunezkoa ez den giro batean egotekoa.
Erakunde honek gaiari buruz bideratu dituen jarduerak hainbat izan dira. Besteak beste, Hausnartzeko eta herritarrek parte hartzeko V. Foroa azpimarratu nahi genuke, 2008ko irailean antolaturikoa gai honen inguruan: Nerabe eta gazte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak: trabak eta gaitzespenak beren garapen pertsonalean, harremanetan eta sozializazioan. Foro horretan esperientziak, kezkak eta profesional ezberdinen proposamenak trukatu ziren gai ezberdinen inguruan, esate baterako, nerabeek sexu aniztasunaren aurrean dituzten jarreren, lgtb nerabe eta gazteen problematikaren aurrean gurasoek duten ikuspegiaren, bullying homofobikoaren, hezkuntza sistemako heziketa afektibo eta sexualaren, eta abarren inguruan. V. Foro horretako esku-hartzeak eta emaitzak orain dela gutxi argitaratu dira.
Bestalde, 2009. urtean, Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin izeneko txosten berezia aurkeztu zen. Bertan, zaurgarritasun gehiagoko egoeran dauden transgeneroa duten pertsonen eta transexualen profil batzuk erakusten ziren. Horien artetik haurrak eta nerabeak azpimarratu ziren. Haurtzaroan eta nerabezaroan adierazle eta diagnostiko egokirik ez egoteak eta adingabe horiek tratamendu hormonal eta kirurgikoetatik kanpo uzteak zaurgarri bihurtzen ditu, izan ere, kasu gehienetan, sufrimendua murriztuko dien jarraipena edo arreta eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira. Txostenean egindako gomendioetako batzuk hezkuntzaren esparruari zuzenduta daude, eta heldu egiten diete prebentzioko berariazko neurriak garatzeari, indarkeriako edo bazterkeriako edozein egoeraren aurrean, transgeneroa duten eta transexual diren ikasleei babesa eta laguntza emateari, nahiz mekanismoak jartzeari transexualak diren eta transgeneroa duten ikasleei beren sexu psikologikoaren araberako izena eman diezaieten.
Urte horretan bertan, argitara eman zen ere Adingabekoei balioak transmititzea izeneko txosten berezia. Azterlan horretan adin ezberdineko (8 urtetik hasi eta 16 urte arte) 1.800 ikasle baino gehiagoren lagin baten jarrerak, portaerak eta aurreiritziak aztertu ziren. Azterketa hori Deustu Fundazioko ikerketa talde batek egin zuen, Javier Elzo irakaslearen zuzendaritzapean. Jorratutako gai nagusietako bat, hain zuzen ere, ikasleen jarrerena zen sexu joera ezberdinen aurrean.
Ikus ditzagun txosten horretatik eskuratutako datu batzuk. Horietan, haur eta nerabeen intolerantzia, gutxiespen eta homofobia maila zein den ikus daiteke.
DBHko ikasleen %23,2 ados dago baieztapen honekin: "Ez litzaidake batere gustatuko nire irakaslea homosexuala izatea". %19,9, bestalde, adostasunaren eta adostasun ezaren arteko jarrera zehaztugabean egongo litzateke. Ikus ditzagun beste baieztapen batzuen kasuan emandako erantzunak: "Lotsa emango lidake nire neba/ahizpa bere sexu bereko norbaitekin ezkontzeak": %29 ados dago eta %22,7k ez du jarrerarik adierazten. "Inoiz ez nintzateke pertsona homosexual baten laguna izango": ideia horrekin bat dator gazteen %14,1 eta %15,6k ez du gaitzesten. "Homosexualei ez litzaieke seme-alabak haztea onartu behar". %16,7 ados dago eta %17,3 adostasunaren eta adostasun ezaren artean. "Homosexualitatea gaixotasun bat da". %12,8k ideia horrekiko atxikipena du eta %12,6k ez du gaitzesten. "Homosexualitatea ez da normala eta amaitu egin beharko litzateke". %13,8 alde dago eta %16,7 ez dago aurka. Eta iritzi horren ondorio modura: "Homosexualen aldeko manifestazioak debekatu egin beharko lirateke" ideiarekin bat dator %20,7 eta ez du gaitzesten %22,9k.
Erantzundako galdeketetako beste galdera batzuk (hurrenez hurren, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako eta DBHko ikasleentzat hiru ezberdin egin ziren) antzeko erantzun eta datuak eskaintzen dituzte. Pertsona homosexualekiko –eta transexualekiko– gutxiespen maila oso kezkagarria da ikastetxeetako ikasleen artean. Horrek esan nahi du jarrera erasokorrak, estigmatizaziokoak edo gutxiespenekoak daudela joera homosexualeko edo nortasun transexualeko nerabe edo irakasleen aurka (eta hori hitzezko erasoak edo eraso fisikoak ez daudenean). Pertsona hauei nork ematen die babesa? Duintasunerako, osotasun fisiko eta moralerako, nortasunaren garapen librerako edo berdintasunerako oinarrizko eskubideak nola zaintzen zaizkie?
Gaiaren egoera testuinguru egokian kokatze aldera, aintzat hartu behar dugu orain hogei urte besterik ez, hain zuzen ere 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea kendu zuela buruko gaixotasunen bere zerrendatik. Gaur egun oraindik ere gutxi gora behera laurogei herrialdetan kriminalizatu egiten dute eta horietatik zazpitan heriotza zigorra dago kasu horretan. Horren muturreko adierazpenak izan ez arren, gutariko edozeinek aurki ditzake, oraindik ere, indarkeria eta sufrimendua sorrarazten dituzten egunerokotasunezko adierazpen homofoboak. Horren guztiaren ondorioz, are enfasi gehiago jarri behar da politika publiko proaktiboak eta eraginkorrak antola daitezen, horien bitartez gizarteak ahalik eta lasterren egin dezan normalizazioaren bidea eta haur eta nerabe homosexual eta transexualen oinarrizko eskubideen bermearen bidea.
* * * *
Egokia da txosten honetan jasotzea lehen aipatutako nerabe homosexual eta transexualei buruzko Foroko alderdi eta ondorio adierazgarrienak.
Bereizkeria eta ezagutza falta orokorra. Bi hitz horiek izan ziren gehien erabili zirenak Foroan, lgtb nerabe eta gazteen errealitatea deskribatzeko. Ez dute bakarrik Euskadiren edo Espainiaren egunerokoa islatzen, baizik eta, baita ere, herrialde demokratiko guztiena, neurri handiago edo txikiagoan. Horren aurrean, presazkoa da aniztasun afektibo eta sexualarekiko errespetua lantzen duten eta homofobia deuseztatuko duten programak eta baliabideak jartzea, izan ere, errespetu falta eta homofobia horiek ondorio larriak dakartza lgtb gazteen bizitzara. Beharrezkoa da, halaber, Foroan adierazi zenaren arabera, informazio eta prestakuntza gehiago edukitzea, gizarte osoak esku hartzea, zehapenak jartzea sexu joeren eta aniztasunaren gaiko pluraltasuna bermatzeko jartzen diren betebeharrak betetzen ez direnerako, eta abar. Horiek hausnartutako lan lerroetako batzuk besterik ez dira. Lehentasunezko gai bezala azpimarratu egin zen beharrezkoa zela haurtzarotik bertatik heziketa afektibo eta sexuala bultzatzea, bai ikastetxean, bai etxean. Beste era batera esatearren, lgtb pertsonak ikasgai edo arlo guztietan eta egunerokotasunaren alderdi guztietan sartu beharko lirateke, zeharka. Edonola ere, gazteei zuzendutako hezkuntza oro eskasa bihurtzen da telebista eta Internet bezalako baliabideak erabiltzen ez badira.
Suedian, legeak ikastetxeak behartzen ditu sexu eskubide eta askatasunei buruzko politika proaktiboak edukitzera, eta urtero berrikusten dira. Hori dela eta, ikastetxeak jabetzen dira zehapena jaso dezaketela eta ikasleari kalte-ordaina ordaindu diezaioketela, ikerketa bat egonez gero eta epaileek ongi jardun ez dutela erabakiz gero. Aipatutako herrialde horretan hirurogeiko hamarkadan hasi baziren ere aniztasun sexualarekiko irakaskuntza positiboa bultzatzen, egun lgtb nerabeen artean dauden erasoen kopuruak eta beren buruaz beste egiten dutenenak altuak dira oraindik. Hans Ytterberg-entzat, alegia
, joera sexualagatiko bereizkeriaren kontra jarduteko ombudsman ohiarentzat, arrazoia ikasgeletan heziketa sexuala jorratzeko duten modua da: "asko aldatzen da batetik bestera eta irakaslearen mendekoa da". Gainera, "irakasleen prestakuntza oso kaskarra da". Herrialde eskandinaviarrean jabetzen dira, Ytterberg-en arabera, egiteko asko dagoela honako helburu hau erabat bermatzen den arte: lgtb pertsonak naturaltasunez sartzen ez dituen ikasgairik ez egotea. Naturaltasuna matematiketan ere bai: "Zergatik ez eman emakumeen bikote baten adibidea eta beren etxearen maileguagatik ordaindu behar duten portzentajea kalkulatu?".
Eraso homofobikoen kasuen aurrean, Suedian ere gabeziak antzematen dira politika publikoetan. "Fokua erasoa jasan duen pertsonaren gainean jartzen da eta hura ikastetxez aldatzen, jazarlearen gainean jardun ordez". Hala eta guztiz ere, Ytterberg-ek dioenaren arabera, badirudi jokaera aldaketa bat igartzen ari dela. Ikastetxe batzuek ordaindu behar izandako kalte-ordainei emandako publizitateak eragina eduki du hainbat ikastetxetan. "Beren plan proaktiboen kalitatearen hobekuntzan eragina eduki du".
Heziketa afektibo eta sexuala, oraindik konpontzeko dagoen arazoa
Foroan, gai honi dagokionez dagoen gabezia itzela ikusi ahal izan zen. Hezkuntzaren alorrean aditu den Belen Molinuevok argi eta garbi adierazi zuen: "Sexu heziketa Espainian ezereza da, eta ez da Institutura arte hasten". Iritzi orokorraren arabera, bai ikasleek, bai irakasleek programak eta prestakuntza behar dituzte. "Irakasleak oso galduta daude" gogoratu zuen "Hitz egin dezagun Homosexualitateaz" (HdH) Programaren arduradun den Jose Enrike Brosak. Programa hori Gehitu elkarteak eskaintzen die Gipuzkoako ikastetxeei. "Homofobiagatiko bullying kasuen aurrean ez dakite norengana jo", erantsi zuen.
Foroan parte hartu zuten adituen aho bateko iritziaren arabera, programa afektibo eta sexual onak eskaintzeko beharrezkoa da zeharkakotasunaren aukerari heltzea, hau da, lgtb aldagaia ikasgai edo arlo guztietan sartzea. "Guztia harrapatu behar du; bestela, ez du ez sakontasunik, ez ibilbiderik edukiko" zioen haietako batek. Beste batentzat, gaia "ezin da irakaslearen borondate onaren mendeko izan".
Beste hezitzaile batek iritzi hau zuen: "Heziketa afektibo eta sexuala guztion eskuetan utziz gero, azkenean ez du inork jorratuko". Argi dago heziketa afektibo eta sexualak prestakuntza handia behar duela irakasleen partetik, eta irakasleak ez direla ausartzen ikuspen eta kontzientziazio programekin ikastetxeetara joaten diren lgtb elkarteetako kideen tokia hartzera. Horregatik, mendetasun egoeran dauden irakasle izaten jarraituko dute. Argi geratu zen beharrezkoa zela oraindik ere lgtb elkarteek gai honetan laguntzen jarraitzea, beren ezagutzak eta esperientziak eskainiz ikastetxeetan.
Berriro ere eskola zaharra aldatzeko ideia azpimarratu behar da, irakasleak esku harraraziz ikasleekin hitz egin dezaten eta ulermeneko eremuak lortu ditzaten. Alderdi hori funtsezkoa da EDEX Fundazioko Roberto Floresentzat –haurren arloan aditua–: "Azken batean, irakaslea da azken hitza duena". Lan nekeza bihurtzen da honakoa ikasleek burua hedabideetan dutenean eta ikastetxean gorputza besterik ez dutenean.
Premiazkoak diren jarduera batzuk
Foroan, berehala egin beharko liratekeen jarduera proposamen batzuk jarri ziren mahai gainean.
– Ekintza planen, hitzaldien, azterlanen eta baliabideen beharra, horietan lgtb aldagaia aintzat hartuta. Zehazkiago, Hezkuntza-administrazioak Berdintasun plan bat eduki beharko luke gazte homosexual eta transexualentzat eta homofobia deuseztatzeko, eta, halaber, ikastetxe guztietan planak onesten eta horien gaineko jarraipena egiten dela bultzatu beharko luke.
– Hezkuntza-administrazioak, halaber, bermatu egin beharko luke ikastetxe guztietan ipuinak eta gida didaktikoak egongo direla, horietan aniztasun sexuala eta familiakoa islatuz. Halaber, tutoretza orduetan horiek erabili beharko lirateke, berdintasun planetan xedatutakoari jarraiki.
– Ikastetxeetan irisgarritasun handiagoa egon behar da informazio afektibo eta sexuala barreiatzeko (programak, hitzaldiak...) eta gazteen eta, batez ere, lgtb-en bizitza eta pentsamendu afektibo-sexuala ezagutzea ahalbidetuko duten azterlanak egiteko.
– "Beste maskulinitate" baten eraikuntzan lan egitea. Egungo maskulinitateak maskulinitate matxista zaharraren hondarrak eta arrastoak ditu oraindik. Bertan, indarkeriaren erabilerari heltzea eta homosexualitatea, bisexualitatea edo gizonezkoen paperari jarri zaizkion ereduei zorrozki erantzuten ez dieten nortasun eta portaerak biziki gutxiestea berezko elementu dira maskulinitate hori eraikitzerakoan.
– Diru publikoa eskuratzen duten enpresei sexu joeragatiko eta genero nortasunagatiko bereizkeriaren aurka borrokatzeko programa bat eskatzea, eta diruz lagundutako taldeei bereizkeriaren aurkako jarrerari berariazko aipamena egitea eskatzea beren estatutuetan.
– Hezkuntzara zuzendutako material guztietan aniztasuna ikusgarri bihurtzea: joera sexualen eta genero nortasunen aniztasuna, sexu berdineko bikoteak nahiz guraso bakarreko familiak.
– Erreferentziako irakasleak jartzea (orientatzaileak edota tutoreak), lgtb nerabeak orientatzeko eta laguntzeko, eta aniztasun afektibo eta sexuala zaintzeko.
– Suedian arrakastatsua izan den lan metodo bat aplikatzea: lgtb nerabeen segurtasunaren babesean eta haien eskubideen zaintzan eraginen bat izan dezaketen gizarteko agente guztiak identifikatzea (irakasleak, astialdiko begiraleak edo kirol jardueretakoak, guraso elkarteak, hezkuntza-administrazioa, ikastetxeetako zuzendaritzak, gizarte zerbitzuak, irakasleen sindikatuak, ikastetxeetako enpresaburuak, lanbide heziketako zentroak, hedabideak, argitaletxeak, bideojokoen ekoizleak, fiskaltzak eta epaileak, polizia, eta abar), eta bakoitzaren erantzukizun esparrua finkatzea. Haiekin eseri eta, lgtb taldeek egindako ekarpenekin batera, garatu beharreko ekintza planak zehaztu.
– Elkarte eta erakundeek esparru egokiak ematea eta horietan egiazko informazioa eta informazio segurua eskaintzea Sarean: web orrialde batzuetan elementu homofobikoak daude, eta homosexualei eta transexualei berariaz zuzendutako horietan informazio interesgarria falta da askotan lgtb nerabeen garapenerako eta babeserako.
Transexualitatea, baztertuak baztertuen artean
Transexualitatearen gainean dagoen ezagutza falta handia azpimarratzen da, eta, ondorioz, baita haren gutxiespena ere. Foroan bat etorri ziren diagnostikoan, eta hurrengoak bezalako baieztapenak errepikatu ziren: "Gazteei gutxiespen handiagoa sorrarazten diete transexualek homosexualek baino", "Ezezagun handiak dira", "Haien inguruko guztiak morboa du", "Gutxiespena ikaragarria da"... Geletan bildutako ezagutza enpirikoak, hain zuzen ere Belen Molinuevo antropologoak eta HdH programaren arduradun den Jose Enrike Brosak emandakoa, egiaztatu egiten ditu baieztapen horiek.
Ondorio modura
Gaur egun gizartean nagusi diren arau eta balioei dagokienez, sexuaren eta afektibitatearen joera homosexualak eta bisexualak, edota identitate transexuala edo transgeneroa ez daude behar bezala onartuta, eta ez dira normaltasunaren mailara iristen. Horren harira, nerabe eta gazte lesbiana, gay, transexual eta bisexual askok haien autoestimurako, haien garapen pertsonalerako eta arazorik gabeko sozializaziorako kaltegarriak diren egoerak jasan behar izaten dituzte. Gainera, bere horretan diraute gorroto, gaitzespen eta beldurrean oinarritzen diren homosexualitatearekiko eta transexualitatearekiko ideia eta jokabideek. Horiek ahozko eta fisikoki egindako irain bihurtzen dira izaera homofobiko edo transfobikoa duten jazarpen edo bullying egoeretan. Adierazitako egoerak jazotzen ez badira ere, nerabe eta gazte lgtb askok onarpen eza erakusten duten jarrera edo ideiak jasaten dituzte, edo argi eta garbi adierazitako baztertzea ere beraien familiaren baitan, lagun edo gelakideekin, kirol ekintzetan edo aisialdiko ekintzetan.
Beharrezkoa da horrek guztiak sozializazioan nahiz garapen pertsonalean eragiten dituen ondorioei heltzea. Era berean, askatasunaren, duintasunaren, osotasun fisiko eta moralaren, berdintasunaren eta norberaren nortasuna askatasunez garatzearen oinarrizko eskubideak baliatzean horrek guztiak zein ondorio dakartzan aztertu beharko litzateke. Aldi berean, aurkeztu diren gaiekin lotura duten politika publikoak aztertu nahi dira eta jada martxan diren politikak hobetu eta berriak ekarriko dituzten proposamenak bideratu.
Aipatutako Foroan, argi geratu zen beharrezkoa zela ikerketa bultzatzea eta ikerketa horrek datu alderatuak ematea planteatutako arazoen neurriaren gainean eta prebentzio programak ebaluatzea ahalbidetzea. Programa horietan, heziketa afektibo eta sexuala zeharkako ikuspuntutik emateko dagoen beharra nabarmendu zen. Era berean, administrazioen, lgtb elkarteen, komunikabideen, eta, oro har, eragile sozial eta kultural guztien lankidetza zein garrantzitsua den azpimarratu da, eta, arreta berezia jarri da Interneten, gazte eta nerabeengandik oso gertu baitago. Pentsamoldea eta kultura aldatzeko erronka handia dugu aurrean, eta, aldaketa horren baitan, dibertsitate sexuala eguneroko arlo guztietan normaltasunez islatu beharko litzateke eta ez litzateke bazterkeriarik onartu beharko. Hori bereziki transexualekin zaindu behar da, ezezagun handiak baitira eta ezberdintasunaren aurkako borrokan ahaztutako kolektiboa izan baita.
Laburpen modura, etorkizuneko proposamen nagusi bezala definitu daitezke hurrengo biak:
1. Joera sexual ezberdineko gazteek haien duintasuna, eta osotasun fisiko nahiz morala, haien nortasuna libreki garatzeko eskubidea, askatasun eskubidea, laburbilduz, tratu berdina izateko eskubidea babestuta izan dezaten baldintzak sortzen laguntzen duten politika publikoak gaitzea behar-beharrezkoa da.
2. Beharrezkoa da indarkeria homofobikoa eta transfobikoa prebenitzeko protokoloak bultzatzea, eta arreta berezia jarri behar da irakasleen eta ikasleen trebakuntza eta heziketan.