3.8. Ikasle etorkinak
Arloaren ezaugarriak
Txosten honetako aurreko lau ataletan, biztanle eskolatuen hainbat egoera edo sektore aztertu ditugu; izan ere, biztanle horien ezaugarriak kontuan hartuta eta sektore bakoitzean izan ohi diren desberdintasun logikoak alde batera utzita, berariaz hartu behar izaten dira kontuan, haien hezkuntza-premiei dagokienez. Atal honetan, barne diferentziak are nabarmenagoak izan daitezkeen beste sektore bat planteatuko dugu, bosgarrena: eskolatutako biztanle etorkinak. Sektore hori hemen aipatzeko arrazoia soilik da hainbat zailtasun berezi izan ditzakeela hezkuntzarako eskubidea berdintasunaren eta zuzentasunaren printzipioei jarraiki baliatzeko.
Eskura ditugun datuen arabera, ikasturtez ikasturte handitzen joan da biztanleriaren sektore hori. Hala, esate baterako, 2004ko urtarrilean 8.017 ziren; 10.125 ikasle 2004-2005eko ikasturteko lehenengo hilabeteetan; 12.762 2005-2006ko ikasturtean; 16.291 2006-2007ko ikasturtean; 17.827 2007-2008ko ikasturtean; 18.737 2008-2009ko ikasturtean… Datu horiek erabiliko ditugu hemen, baina beharrezkoa dirudi lehenik horien gainean gogoeta egiteak: beti ez dago garbi zein irizpideren arabera hartzen den ikasle jakin bat etorkintzat, behintzat estatistikaren ondorioetarako –eta, beraz, kopuru horietan sartu da–, edo zergatik ez den etorkintzat hartzen nahiz eta atzerritar jatorria izan (esate baterako, portugaldar jatorriko sasoikako ikasleak, edo hemen adopzioan hartutako beste herrialde batzuetako haurrak, edo Europar Batasuneko beste herrialde batzuetatik datozenak, edo berriki espainiar nazionalitatea lortu dutenak…). Beraz, datu horiek balio erlatiboa dute, eta nabarmen alda daitezke, erabiltzen den irizpidearen arabera.
Dena dela, hemen jakin nahi duguna ez da ikasle bat etorkina edo atzerritar jatorrikoa den, baizik eta hezkuntza-premia berezirik baduen edo ez (esate baterako, gure artean irakaskuntza-tresna diren hizkuntzak ezagutzen ez dituelako, edo aurrez oso eskolatze eskasa izan duelako, edo oso desberdina den hezkuntza-sistema batetik etorri delako…), eta, batez ere, jakin nahi dugu zer neurri hartzen ari den gure sistema ikasle horrek ahalik eta eskolatze egokiena izan dezan eta zein diren lortutako emaitzak. Ikuspegi horretatik, erabakigarriak izan ohi dira adina, ama hizkuntza, jatorrizko herrialdeko hizkuntza eta antzeko beste faktore batzuk.
Nahiz eta beti, edo aspalditik, izan diren gure erkidegoan atzerritar jatorriko ikasleak izan dituzten ikastetxeak, oso azkar nabaritu da immigrazioak azken urteetan izan duen hazkundea, eta gaur egun ikastetxe askok edo ia denek dauzkate beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak, nahiz eta oso proportzio desberdinetan izan. Hain zuzen ere, gehienbat gai hauen gaineko eztabaida izan da gizartean: ikastetxearen arabera ikasleak oso modu desberdinean banatuta daudela, eskolatze batzordeek zein eginkizun edo funtzionamendu izan behar duten eta era daitezkeela gehienbat edo ia bakarrik ikasle etorkinentzat diren ikastetxeak –Europako beste herrialde batzuetan gertatu den bezala–. Arartekoak ere, txosten honetan ikusiko den bezala, arlo horiexetan esku hartu du, bai kexen bidez, bai ofiziozko jarduketen bidez.
Kasu honetan, beste defentsa-bulego batzuek ere badute kezka hori, hala nola Kataluniako Síndic de Greuges erakundeak. Hain zuzen ere, erakunde horrek txosten berezi bat egin eta argitaratu zuen duela urte batzuk (2008ko maiatzean), erkidego hartako eskola-segregazioaren inguruan. Arartekoari dagokionez, horren inguruan txosten berezirik egin ez badu ere, beka bat sustatu du (Mugarik gabeko eskola. Ikasle etorkinen irakaskuntza Araban, 2006), eta berariaz jorratu du gai hori hainbat txostenetan (hala nola bakarrik dauden adingabe atzerritarrei buruzko txostena eta sasoikako langileen egoerari buruzko txostena, aurreko ataletan laburturikoak).
Aurrekariak
Jadanik adierazi dugun bezala, azken urteetan Arartekoak arreta sistematikoa jarri du ikasle etorkinengan, ia beti urteko ofiziozko espedienteen bidez.
Lehenengo erantzunean, Hezkuntza Sailak ikasle etorkinen etengabeko gehikuntzari buruzko gogoeta batzuk egiten zituen; horrek hezkuntza-sistemarako dakartzan erronkak eta premiei hobeto erantzuteko antolaketa-neurri batzuk ezartzea: lurralde bakoitzeko arduradunak eta koordinatzaile orokor bat izendatzea; Eskolatzeko Lurralde Batzordeak; etorkizunean "ikasle etorkinen arretarako plana" prestatzea.
Orduan, gure informazio eskaera honakoen ingurukoa izan zen:
– Eskolatzeko lurralde batzordeek gure gomendioaren helburua (ikasleen banaketa orekatua bermatzea eta eskola ghettoak saihestea) lortzeko erabiltzen dituzten edo hartu dituzten irizpide, arau edo neurriak.
– Ikasleen banaketaren datu gaurkotuak (lurralde historikoen, sareen eta abarren arabera).
– Ikasle etorkinen arretarako plana zein fasetan zegoen.
Horren guztiaren berri eman genuen 2004ko gure txostenean (ikusi I. kap., 1.1.10 atala). Eskolatze datuei dagokienez, 2004ko azaroaren 19an eguneratutakoak jaso genituen.
Hurrengo urtean ere, 2005eko azaroaren 1ean eguneratutako 2005-2006 ikasturteko datuak jaso genituen gure txostenean (ikusi 2005eko txostena, V. kap., atal hau bera).
"Hezkuntza premia berezietan" edo bereziki zailak diren egoeretan zentratutako txostenaren helburuaren arabera, datu globalen xehetasunen berri izateko gure nahia adierazi genion inoiz sailari, ikasle atzerritarrak beren jatorriaren arabera (EBkoak edo EBtik kanpokoak) edo gure sisteman irakasteko erabiltzen den hizkuntzaren bat ezagutzearen edo ez ezagutzearen arabera bereizi ahal izateko. Faktore horiek, gure iritziz, zailtasun handiagoa edo txikiagoa ekar dezakete gure sisteman integratzeko edo, nahiago bada, sistema honek haien berariazko premiei erantzun ahal izateko.
Horri dagokionez, haur eskolatuen taldea nabarmen hazten ari denez eta horien eskolatze egokiak edo desegokiak gizarte ondorioak izan ditzakeenez, beharrezkotzat jotzen dugu informazio osagarria eskatzen jarraitzea, datuak hobeto baloratu ahal izateko. Horrela, hurrengo informazio eskaeretan informazio osagarria eskatu dugu honakoei buruz, adibidez:
– Zein irizpide erabiltzen diren, estatistiketarako, ikasle bat "etorkin"tzat hartzeko ala ez (adibidez, jatorri atzerritarreko baina Europar Batasuneko ikasleak, sasoikako familietako ikasleak, hemengo familiek adoptatutako jatorri atzerritarreko ikasleak, etab. bezalako sektoreen datuetan barneratuta dauden ala ez).
– Ikasle horietako zeintzuk dituzten berariazko premiak edo zein irizpide hartzen diren kontuan horiek zehazteko.
– Zein ekimen hartu diren familia etorkinek behar adina informazio izan dezaten, kasu bakoitzean eskolatzeko aukera onena zein izan daitekeen erabakitzen lagunduko diena. Eta abar.
Jarraipen sistematikoaren ardatza, beraz, gai hau eta beste hainbat izan dira, eta, horri esker, hainbat datu lortu ditugu. Datu horiek ondoko orrialdeetan erabiliko ditugu.
Eskuarki, informazio-eskaerak eta jarraipen-jarduketak hezkuntza-premiei buruzko txostenaren jarraipenaren esparruan egin ditugu, joerak zein diren ikusteko eta zer elementu hobetu behar diren ikusteko, baina baita Immigrazioari buruzko II. Euskal Planaren hezkuntzari buruzko kapitulua edo Eusko Legebiltzarrak 2007ko martxoaren 15eko osoko bilkuran gai honen inguruan onartutako legez besteko proposamena nola aplikatzen diren baloratzeko elementu gisa ere.
Bestalde, gai honen inguruan hainbat kexa izan dira, hala nola Gasteizko Ramon Bajo LHIko familiek 2008an aurkezturikoa. Horren bidez, agerian utzi dute haur etorkinek bereizkeria pairatzen dutela, baldin eta, hainbat arrazoirengatik, ikastetxe bat hautatzen badute eta ikastetxe horren osaerak galarazi egiten badie ingurune normalizatu batean sartzen edo hezten.
Funtsezko arazoak
Jadanik adierazi dugun bezala, Arartekoak funtsezko arazo hauetan jarri du arreta:
– Ikasle etorkinak zergatik dauden hain modu desberdinean banatuta, ikastetxe motaren arabera; zergatik dauden kontzentratuta, gehiegi batzuetan, erantzuteko eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten ikastetxe jakin batzuetan.
– Lurralde batzordeek zer irizpide erabili dituzten eskolatzea erregulatzeko.
– Zer erantzun eman zaien ikasle horien hezkuntza-premia bereziei, zer plangintza egin diren eta horrek nola eragiten duen eskolatze egokia eta arrakastatsua izan dezaten.
Lurraldearen, sarearen eta ereduaren araberako eskolatzeari eta horren banaketari buruzko datuak kapitulu honetako beste epigrafe batean emango ditugu. Baita laguntza eta indargarri gisa abian jarritako zenbait programa ere. Hemen, beraz, eskolatze-irizpideetan jarriko dugu arreta, polemikatik libre ez dagoen kontua.
Eta eskolatzeko lurralde batzordeek erabiltzen dituzten irizpideei dagokienez, 2007ko apirileko erantzunean Hezkuntza sailburuordearen instrukzioei lotzen zaie, epe arruntetik kanpo ikasle etorkinen eskolatzea arautzekoei. Bertan zehazten dira aipaturiko batzordeen eginkizunak eta zenbait irizpide finkatzen dira:
– Hizkuntz normalizazioko prozesuetan integratzea.
– Zentroa familiaren bizilekutik hurbil egotea.
– Funts publikoekin finantzatutako zentro guztien arteko oreka (publikoak eta itunduak).
– Zentroetan dauden baliabideen aprobetxamendua.
– Zentroan familia hizkuntza bera duten ikasleak egotea.
Irizpide horiek berrikusi edo osatu egin dira jasotako azken informazioan. Bertan adierazten denez, aipaturiko batzordeek kontuan hartuko dituzte honako irizpide hauek:
– Sare publikoaren eta sare itunduaren artean %60-%40ko oreka lortzea 2010. urterako.
– Iritsi berri diren ikasleak beren familia ingurunean eskolatzea.
– Gela bakoitzeko plaza kopurua %10 arte handitzea.
– Aurreko irizpideak errespetatuz, ahalegina egingo da %30etik gorako portzentajea duten zentroek iritsi berri diren ikasle gutxiago har ditzaten.
Hala ere, Sailak adierazi zuen ikasle etorkinen arretarako egungo programa ebaluatzen ari zela, berrikusi eta eguneratzeko xedez. Horretarako, ebaluazio batzorde bat eratu zuen, eta laster zirriborro berri bat prestatzeko ondorioak izatea espero zuen.
Hobetzeko proposamenak
Berriro ere, hezkuntza-premia bereziei buruzko txosteneko gure gomendioak aipatu behar ditugu hemen; izan ere, horietako asko hizpide dugun gaiari aplika dakizkioke, baina ez ditugu errepikatuko. Bai gogoraraziko dugu, modu berezian, horietako hirugarrena. Hain zuzen ere, hauxe proposatzen genuen: "Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskola-ghettoak saihesteko neurriak hartu".
Gomendio hori oso-osorik jasota dago gizarteak erdeinatutako biztanleei buruzko txosten honetan (ikus 3.5 atala).
Ikus daitekeenez, bertan adierazten da beharrezkoa dela hainbat neurri zuzentzaile ezartzea; horien artean, honako hauek iradokitzen dira:
– ratio jakin batzuk ezartzea;
– matrikulazioari buruzko arautegia berriz aztertzea;
– ikasle horien ikastetxe aldaketak aztertzea.
Ez da soilik etorkinen inguruko gomendioa, baizik eta hezkuntza-premia bereziak edo berariazkoak dituzten biztanle guztien ingurukoa. Nolanahi ere, nahiz eta zailtasunak izan horietakoren bat aplikatzeko, orduan jadanik berariaz adierazi genuen honako hau: "Erakunde honen ustez, gizarte kohesioa lortu ahal izateko, halako neurriak hartzean gogoan izan behar dira orain arte behar bezala kontuan hartu ez diren edo sortu berriak diren eskolatze egoerak, hala nola, gutxiengo etnikoetako edo atzerritar jatorriko ikasleak (inmigranteak)".
Halako neurrien edo era berean proposa daitezkeen beste batzuen helburua argia da: segregazioa saihestea; integrazioa eta gizarte kohesioa laguntzea.
Jarraipenak
Hemen, azken urteetan egindako jarraipenak soilik aipatuko ditugu.
Ikasle etorkinen berariazko premiak direla eta, aurreko urteetako datuak kontuan hartuta (esaterako, 17.827 eskolatu 2007an), bilakaera garrantzitsua izan denez eta, txostenaren ondoren, dagoeneko hezkuntza arloko neurriak eta konpromisoak biltzen dituzten bi inmigrazio-plan garatu direnez gero, neurri horien gaineko informazioa eskatu dugu, alor honetan egiten ari diren esku-hartze guztien ikuspegi zehatza izate aldera.
Zehazki, honako informazioa eskatu dugu.
a) Ikasleen banaketaren datu gaurkotuak lurralde historikoen, sareen eta abarren arabera.
b) Gure hizkuntzetako baten aurretiazko jakintzari eta jatorriari buruzko datu eguneratuak.
c) Lehen Hezkuntza gainditu dutenen tasak; errepikatze tasak; eskola-graduatua lortu dutenen tasak; 16 urte bete baino lehen edo DBH amaitu baino lehen ikasketak uzten dituztenen tasa.
d) Hizkuntza errefortzuko programei buruzko datuak.
e) Kulturartekotasuneko koordinatzailearen postua sartu duten ikastetxeak (ikastetxe kopurua, ikastetxe mota, banaketa irizpidea...).
f) Hiru lurralde historikoetako eskolatze batzordeetan ikasturtean aurkezturiko eskabideen kopurua eta eskolatze proposamenak, hots, eskolatu diren ikastetxeak.
Halaber, kulturen arteko dimentsioa, bereziki, Immigrazioaren II Euskal Planean jasotzen den konpromisoa da Horrez gain, ezohizko txostenaren gure gomendioetako bat honako hau zen: "Hezkuntza behar berezien aniztasunaren eta arretaren erantzun gisa, profesionalen berariazko hautapena eta prestakuntza". (Hezkuntza-premia bereziei buruzko Txosteneko 10. gomendioa). Horren ildotik, honako informazioa eskatzen dugu:
a) Irakaslegoak garatu dituen prestakuntza ekintza eta parte hartu dituen ekintza motak eta kopurua.
b) Aniztasuna ikasketen zati izan dadin egindako ekintzak: beste kulturak ezagutzea, ama hizkuntzak irakastea, erlijioak ezagutzea…
Jarraipen horien emaitza oso desberdina izan da, kontuan hartutako arloen arabera. Bereziki zaila edo urria izan da horietako hirutan:
– Eskolako emaitzei buruzko datuak.
– Lurralde batzordeen funtzionamendua.
– Dibertsitatea irakaskuntzan txertatzea.
Hala, esate baterako ikasle horien eskola-emaitzei dagokienez (gainditu dutenen tasa, errepikatu dutenen tasa, eskola-graduatua lortu dutenen tasa, eskola utzi dutenen tasa...), Sailak 2008. urteko erantzunean, honako hau adierazi zuen: hezkuntza-sistemaren "bereizgarria da era guztietako ikasleek ahalik eta inklusibitate handiena izatea sustatzen duela. Horregatik ez da jasotzen ikasle etorkinen emaitzei buruzko datu bereizirik, eragin guztietarako estatistika orokorrean jasota daudelako".
Ildo berean, Hezkuntza Sailak emandako azken erantzunean (2010eko ekainaren 30ekoan), horren inguruan ikuskatzaile orokorrak egindako idazki bat jasotzen da. Bertan, honako hau dio: "Hezkuntza Ikuskaritzak dituen eskola-emaitzak zentroek bidalitako ebaluazio-aktetatik hartutakoak dira. Akta horietan ez da agertzen ikasleen jatorria zein den; beraz, ezin da talde konkretu batzuen informazio bereizirik lortu, hala nola ikasle etorkinei buruzkorik".
Nolanahi ere, etorkizunerako aukera hori zabalik uzten du, honako hau eransten baitu:
"A este respecto, conviene señalar que el Departamento de Educación tiene intención de poner en marcha en un futuro próximo un procedimiento de matrícula online que, una vez implantado en todo el sistema educativo, puede permitir hacer un seguimiento personalizado de cada alumno o alumna y, por lo tanto, posibilitará que se pueda obtener este tipo de información relacionado con los resultados escolares".
Sailari datuak eskatzeko idazkian agerrarazi genuen bezala: "Erakunde honen iritziz, eskola inklusiboa izatea ez da eragozpena hainbat parametroren arabera banakatutako eskola-emaitzak lortzeko eta aztertzeko. Datu bereiziak lortuta, hobeto ezagutuko ditugu dauden errealitateak, eta, horren arabera, hobeto erantzun ahalko diegu ikasle guztien beharrei. Ondorioz, aurten atal honetan berriro eskatuko dugu eskola-emaitzei buruzko informazioa, garrantzi handikotzat jotzen baitugu informazio hori". Bere hartan eusten diogun irizpide bat da.
Funtsezko datuak - adierazleak
Ondoren, azken urteetan zer bilakaera izan den hautemateko bidea ematen diguten datuetako zenbait bildu ditugu:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
2006-2007 ikasturtea | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
Publikoa | 2.302 | 74,14 | 6.501 | 70,19 | 2.135 | 54,41 | 10.938 | 67,14 |
Itundua | 803 | 25,86 | 2.761 | 29,81 | 1.789 | 45,59 | 5.353 | 32,86 |
Guztira | 3.105 | 100 | 9.262 | 100 | 3.924 | 100 | 16.291 | 100 |
% | 19,05 | 56,85 | 24,1 | 100 |
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
2007-2008 ikasturtea | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
Publikoa | 2.561 | 74,84 | 6.868 | 67,06 | 2.281 | 54,8 | 11.718 | 66,73 |
Itundua | 862 | 25,16 | 3.373 | 32,94 | 1.882 | 45,2 | 6.109 | 34,27 |
Guztira | 3.423 | 100 | 10.241 | 100 | 4.163 | 100 | 17.827 | 100 |
% | 19,2 | 57,45 | 23,35 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen-espedienteak.
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
2006-2007 ikasturtea | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
A eredua | 2.120 | 68,28 | 4.877 | 52,65 | 688 | 17,53 | 7.685 | 47,17 |
B eredua | 770 | 24,8 | 2.165 | 23,38 | 1.644 | 41,9 | 4.579 | 28,11 |
D eredua | 215 | 6,92 | 2.220 | 23,97 | 1.592 | 40,57 | 4.027 | 24,72 |
Guztira | 3.105 | 100 | 9.262 | 100 | 3.924 | 100 | 16.291 | 100 |
% | 19,05 | 56,85 | 24,1 | 100 |
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
2007-2008 ikasturtea | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
A eredua | 2.096 | 61,26 | 4.799 | 46,86 | 466 | 11,18 | 7.357 | 41,26 |
B eredua | 976 | 28,51 | 2.544 | 24,84 | 1.680 | 40,35 | 5.196 | 29,14 |
D eredua | 351 | 10,22 | 2.898 | 28,3 | 2.018 | 48,47 | 5.274 | 29,58 |
Guztira | 3.423 | 100 | 10.241 | 100 | 4.163 | 100 | 17.827 | 100 |
% | 19,2 | 57,45 | 23,35 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen-espedienteak.
Datu taula horiek eta aurreko ikasturteko datuekiko konparazioak (2005-2006) (ikus 2005eko txostena, V. kap.) hainbat joera erakusten dituzte jadanik, hala nola:
– Eskolatutako ikasleen guztizko kopurua handitzea. Aurreko urteetan bezalaxe, gora egiten jarraitzen du: 17.827 iazko 16.291ren aldean eta aurreko urteko 12.762ren aldean. Ia %40ko hazkundea izan da, beraz, bi urtean.
– Zentro itunduetan eskolatutako jatorri atzerritarreko ikasleen proportzioaren handitze progresiboa (%30,5etik %34,24ra pasa da).
– B eta D ereduetako eskolatzea nabarmen handitzea eta A ereduko eskolatzea jaistea, nahiz eta oraindik ere gehienak azken horretan eskolatzen diren.
Antzeko joerak ikusten dira aurreko ikasturteko datuekin konparatuz gero (2004-2005).
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | |
Publikoa | 1.637 | 81,9 | 3.897 | 71,85 | 1.466 | 54,2 | 7.000 | 69,1 |
Itundua | 362 | 18,1 | 1.525 | 28,1 | 1.238 | 45,8 | 3.125 | 30,9 |
Guztira | 1.999 | 100 | 5.422 | 100 | 2.704 | 100 | 10.125 | 100 |
% | 19,75 | 53,55 | 26,7 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen-espedienteak.
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | |
A eredua | 1.586 | 79,3 | 3.176 | 58,6 | 511 | 18,9 | 5.273 | 52,1 |
B eredua | 329 | 16,5 | 1.250 | 23 | 1.201 | 44,4 | 2.780 | 27,4 |
D eredua | 84 | 4,2 | 996 | 18,4 | 992 | 36,7 | 2.072 | 20,5 |
Guztira | 1.999 | 100 | 5.422 | 100 | 2.704 | 100 | 10.125 | 100 |
% | 19,75 | 53,55 | 26,7 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen-espedienteak.
(Aurreko datuekin konparatzeko, ikus Arartekoaren 2003ko ohiko txostena, 84. or.).
2006-2007 ikasturteko datuei dagokienez, eta jatorria edo gure hizkuntzaren bat lehendik ezagutzea bezalako irizpideen arabera zehazturiko datuak ezagutzeko gure eskaerari erantzunez, Sailak honako taula hau helarazi zigun. Datu guztiak biltzen ez dituen arren, hainbat irakurketa egiteko balio du:
PUBLIKOA | ITUNDUA | OROTARA | |||||||||||
A | B | D | Guztira | A | B | D | Guztira | BESTERIK | A | B | D | Guztira | |
Argentina | 137 | 93 | 156 | 386 | 109 | 126 | 65 | 300 | 5 | 246 | 219 | 221 | 691 |
Bolivia | 813 | 234 | 330 | 1.377 | 173 | 258 | 105 | 536 | 1 | 986 | 492 | 435 | 1.914 |
Brasil | 219 | 95 | 137 | 451 | 77 | 103 | 41 | 221 | 7 | 296 | 198 | 178 | 679 |
Kolonbia | 822 | 323 | 334 | 1.479 | 517 | 332 | 101 | 950 | 20 | 1.339 | 655 | 435 | 2.449 |
Txina | 168 | 40 | 44 | 252 | 54 | 65 | 20 | 139 | 7 | 222 | 105 | 64 | 398 |
Ekuador | 586 | 251 | 235 | 1.072 | 218 | 350 | 80 | 648 | 9 | 804 | 601 | 315 | 1.729 |
Maroko | 567 | 200 | 441 | 1.208 | 68 | 64 | 73 | 205 | 11 | 635 | 264 | 514 | 1.424 |
Portugal | 162 | 117 | 178 | 457 | 38 | 65 | 63 | 166 | 10 | 200 | 182 | 241 | 633 |
Errumania | 355 | 193 | 306 | 854 | 90 | 117 | 124 | 331 | 6 | 445 | 310 | 430 | 1.191 |
Venezuela | 95 | 42 | 66 | 203 | 48 | 47 | 25 | 120 | – | 143 | 89 | 91 | 323 |
GUZTIRA | 3.924 | 1.588 | 2.227 | 7.739 | 1.392 | 1.527 | 697 | 3.616 | 76 | 5.316 | 3.115 | 2.924 | 11.431 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen-espedienteak.
Datu horiek, besteak beste, honako hau erakusten dute:
– Ikasturte horretan eskolatutako etorkinen %70 hamar herrialdetatik etorritakoak zirela, horietatik erdiak Latinoamerikatik, eta, beraz, aurretiaz bazekitela gaztelaniaz.
– Ikastetxe publikoetan edo itunduetan matrikulatutako ikasleen proportzioa asko aldatzen dela jatorrizko herrialdearen arabera (eta, beharbada, familien ahalmen ekonomikoaren arabera). Hala, esate baterako, Marokotik etorritakoen %85 sare publikoan matrikulatuta zeuden, bai eta errumaniarren %62 ere; proportzio txikiena argentinar jatorriko ikasleena da (%56 ikastetxe publikoetan; %43 ikastetxe itunduetan).
– Gure artean gehien diren ikasleen hamar nazionalitateak kontuan hartuta, ikastetxe publikoetan matrikulatutakoak %68 ziren, eta ikastetxe itunduetan matrikulatutakoak, berriz, %32.
– Halaber, hizkuntz ereduaren araberako banaketan hainbat desberdintasun sumatzen dira jatorriaren arabera, baina, segur aski, taulako daturik esanguratsuenak guztizkoei dagozkie: %46 dira A ereduan eskolatutakoak, %27 B ereduan eskolatutakoak, eta %26 D ereduan eskolatutakoak, hiru lurraldeak kontuan hartuta.
Ikasturte horretako ikasleen datu globalei dagokienez (ez bakarrik presentzia handiena duten 10 herrialdeetatik etorritakoena), beren jatorriaren arabera, Sailak honako datu edo kalkulu hauek eman zituen: %60 Latinoamerikakoak; %16 Afrikakoak; %20 Europar Batasunekoak eta gainerako Europakoak; %4 Asiakoak eta Ozeaniakoak. Hemen hartutako ikuspegiarekin bat etorriz, horrek esan nahi du hamar ikasle etorkinetik seik aurretiaz badakitela gaztelaniaz, eta, beraz, ezagutzen dutela gure hezkuntza-sisteman irakasteko bide gisa erabiltzen diren bi hizkuntzetatik bat. Dena dela, horrek ez du esan nahi beste hezkuntza-premia berezi batzuk ez dituztenik, eta are hizkuntza indartzeko beharrik ez dutenik hizkuntza horretan bertan.
Hain zuzen ere, ikasle etorkin etorri berrientzat izan ohi diren hizkuntza indartzeko programei buruzko datuetatik honako hauek nabarmenduko ditugu, ikasturte horri berari dagokionez:
– Hizkuntza indartzeko proiektuen deialdia, ikastetxe publikoetarako: 250 leku, 279 ikastetxetan banatuak (indargarri batzuk hainbat ikastetxek partekatzen dituzte). Aurreko urteetako datuekin alderatuta: 2006-2007 ikasturtean 180,5 leku izan ziren: 123,5 Lehen Hezkuntzan eta 57 Bigarren Hezkuntzan; aurreko ikasturtean 148 leku eta 201 ikastetxe izan ziren.
– Ikastetxe itunduetarako diru-laguntzen deialdia, 2006-2007ko ikasturtean: 122 ikastetxerentzako laguntzak, guztira 2.216,483 euro, Hau da, aurreko urtean baino %27 gehiago (106 ikastetxerentzako laguntzak, 1.735,971 euro).
Indargarri horiez gain, sailak bere erantzunean adierazi zuen beste figura bat sortu zuela (kulturartekotasun koordinatzailea, Lehen Hezkuntzan ikasle etorkinen proportzioa %30etik gorakoa den ikastetxeetan eta Bigarren Hezkuntzan %20tik gorakoa den ikastetxeetan). Neurri berri hori, 2007-2008ko ikasturtean, 31 ikastetxe publikotan eta 8 ikastetxe itundutan ezarri zen.
Halaber, adierazi zuen "Kulturartekotasunerako eta ikasle etorri berrien inklusiorako programa" berria ezarri zela, 2003-2004an egindako programaren ordez. Gainera, programa horren helburuak azpimarratu zituen (inklusioa eta eskola-arrakasta lortzea), eta eskolan duten garrantzia nabarmendu. Aldi berean, gogorarazi zuen beharrezkoa dela beste erakundeekiko lankidetzan aritzea.
Beraz, Hezkuntza Sailak jarraipen-prozesu honetan emandako datuak, ikusi dugun bezala, bi elementu hauen ingurukoak izan dira batez ere:
– Ikasle etorkinen banaketa, sarearen eta ereduaren arabera.
– Ikasle horien esku jarritako baliabideak (programak, laguntzak eta pertsonak).
Datu horiek xehekiago aztertuko ditugu, Sailak oraindik orain emandako datuei dagozkien azken ikasturteetan zer bilakaera izan duten ikusteko.
Hala, 2008-2009ko ikasturtean, maila guztiak kontuan hartuta, irakaskuntza arautuan matrikulatutako ikasle etorkinak 18.737 ziren (aurreko ikasturtean baino %5 gehiago), hau da, eskolatutako biztanle guztien %5,75. Ehuneko hori, ordea, nabarmen aldatzen da lurraldearen arabera:
– Araba: %7,65 (ikasle etorkinen ia %20 baitzeuden eskolatuta).
– Bizkaia: %6,39 (guztizkoaren ia %57 baitzeuden eskolatuta).
– Gipuzkoa: %3,96 (ikasle horien %23 baino zertxobait gehiago baitzeuden eskolatuta).
Nolanahi ere, inguruko beste lurralde batzuetan –hala nola Nafarroan eta Errioxan– baino txikiagoak dira ehuneko horiek.
Ikasle horiek, lurraldearen eta sarearen arabera, honela zeuden banatuta:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
Zentroak | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
Publikoak | 2.712 | 73,5 | 7.222 | 67,94 | 2.478 | 56,11 | 12.412 | 66,25 |
Itunduak | 979 | 26,5 | 3.408 | 32,06 | 1.938 | 43,89 | 6.324 | 33,75 |
Guztira | 3.691 | 100 | 10.630 | 100 | 4.416 | 100 | 18.737 | 100 |
% | 19,69 | 56,74 | 23,57 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/09/2008O espedientea.
Eta hauxe da horien banaketa, lurraldearen eta hizkuntz ereduaren arabera:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE | |||||
Zentroak | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % | Etorkinak | % |
A eredua | 2.243 | 60,79 | 4.453 | 41,89 | 343 | 7,76 | 7.039 | 37,57 |
B eredua | 1.109 | 30,05 | 2.828 | 26,6 | 1.749 | 39,61 | 5.686 | 30,35 |
D eredua | 339 | 9,19 | 3.349 | 31,51 | 2.324 | 52,63 | 6.012 | 32,08 |
Guztira | 3.691 | 100 | 10.630 | 100 | 4.416 | 100 | 18.737 | 100 |
% | 19,69 | 56,74 | 23,57 | 100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
Datuetan ikus daitekeenez, hemen aztergai ditugun bi arloetan (sarearen araberako ikasleen banaketa eta ereduaren araberako banaketa), lurraldeen arteko desberdintasunak nabarmenak dira. Arabak du ehunekorik handiena hala ikastetxe publikoetan nola A ereduan eskolatutako ikasleei dagokienez, eta Gipuzkoak du hala ikastetxe itunduetan nola D eredukoetan eskolatutakoen ehunekorik handiena. Bizkaiko egoera tartekoa da.
Orain arte, eskolatzearen datu globalak erabili ditugu, eta ikasturtez ikasturteko bilakaera ikusi. Hemendik aurrera, ez ditugu guztizko datuak kontuan hartuko, baizik eta matrikulazio berrien datuak. Izan ere, Hezkuntza Sailak ikasturte horren inguruan emandako datu gehienak ikasle etorkinek 2007-05-30etik 2008-05-30era bitarteko epealdian lurraldez lurralde, eta are ikastetxez ikastetxe, egin zituzten matrikulen ingurukoak dira. Urte horretan egindako matrikulazio berrien datuetan, mantendu (eta are indartu) egin dira datu globaletan sumatutako joerak, hurrengo grafikoetan ikus daitekeen bezala:
Haur Hezkuntza | Lehen Hezkuntza | DBH | DBHO | |
Publikoa | 178 | 257 | 201 | 49 |
Pribatua | 29 | 50 | 77 | 38 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
A | B | D | |
PUBLIKOA | 411 | 185 | 77 |
PRIBATUA | 103 | 80 | 7 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
Araban matrikulatutako ikasleen jatorrizko herrialdeei edo lekuei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: Kolonbia (138), Maroko (108), Ekuador (70), Errumania (62), Mendebaldeko Sahara (61), Brasil (52), Aljeria (50), Portugal (43), Paraguai (42) eta abar.
Haur Hezkuntza | Lehen Hezkuntza | DBH | DBHO | |
Publikoa | 439 | 495 | 260 | 128 |
Pribatua | 172 | 274 | 213 | 33 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
A | B | D | |
PUBLIKOA | 541 | 243 | 538 |
PRIBATUA | 255 | 285 | 152 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 2732008/09O espedientea.
Epealdi horretan Bizkaian matrikulatutako ikasleen artean, jatorri hauek nabarmentzen dira: Errumania (272), Kolonbia (223), Bolivia (154), Ekuador (135), Brasil (134), Maroko (122), Txina (96)…
Haur Hezkuntza | Lehen Hezkuntza | DBH | DBHO | |
Publikoa | 177 | 246 | 132 | 36 |
Pribatua | 49 | 162 | 129 | 26 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
A | B | D | |
PUBLIKOA | 31 | 153 | 346 |
PRIBATUA | 24 | 172 | 170 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 273/2008/09O espedientea.
Epealdi horretan Gipuzkoan matrikulatutako ikasleen artean jatorri hauek nabarmentzen dira: Errumania (121), Ekuador (83), Kolonbia (82), Maroko (74), Brasil (57)…
Ikasle horien eskolatze baldintzak hobetzeko laguntza edo indargarri espezifikoei dagokienez, ondoko datuok nabarmendu ditzakegu, oso modu laburtuan:
– Hizkuntza indartzeko programei buruzko datuak: 275 ikasle 2008-2009ko ikasturtean, beste hainbeste ikastetxe publikotan: (Lehen Hezkuntzako 187 eta Bigarren Hezkuntzako 88); eta %20ko igoera izan zen ikastetxe itunduetarako diru-laguntzetan (aurreko ikasturtean 131 ikastetxeri eman zitzaien). Datu horiek, Sailak 2008. urteko gure espedienteari emandako erantzunetik harturikoak, zertxobait aldatuta agertzen dira azken espedienteari emandako erantzunean (2010eko ekainekoa). Kasu honetan, 2008-2009ko ikasturtean hizkuntza indartzeko irakasleak zituzten ikastetxeak publikoak 272 ziren (192 Lehen Hezkuntzan eta 80 Bigarren Hezkuntzan). Eta ikasturte horretan bertan indartze orduak zituzten ikastetxe itunduei dagokienez, emandako zerrendaren arabera, 132 ziren.
– Kulturartekotasun-koordinatzailearen figura ikasle etorkinen ehunekoa %20tik gorakoa den Lehen Hezkuntzako ikastetxeetara eta %15etik gorakoa den Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara zabaltzea (49 ikastetxe publiko 2008-2009ko ikasturtean eta 7 ikastetxe itundu 2007-2008ko ikastetxean). Datu horiek ere aldatu dira Sailaren azken erantzunean. Alde batetik, ikasle etorkinak %25 baino gehiago izatea da Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzako irizpidea. Eta 2008-2009ko ikasturtean, guztira 61 ikastetxetan (50 publikoak eta 11 itunduak) izan dute figura hori.
– Kulturarteko Hezkuntza Programarekin loturiko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak (41 prestakuntza-proiektu eta 8 berrikuntza-proiektu 2007-2008ko ikasturtean).
Hezkuntza Sailak bidalitako informazio berriagoa ere aztertu ahal izan dugu, guk 2010eko ekainaren 30ean jasotakoa. Funtsean, 2009. urtean (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra) ikasle etorkinek egindako matrikulazioen ingurukoa da, eta ikastetxez ikastetxe banakatutako datuak ematen dira, guztizko datu batzuekin batera. Alabaina, eskolatze datu globalak ematen ditu, eta, beraz, laburtu egin da orain arte eman izan den saila.
Emandako datuen arabera, epealdi horretan matrikulatutako ikasle etorkinak 3.075 izan ziren, maila guztiak kontuan hartuta (Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko mailetaraino), ondoko banaketarekin bat etorriz:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | |
Publikoa | 288 | 1.108 | 677 |
Pribatua | 80 | 640 | 282 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 40/2009/09O espedientea.
Datu horiekin bat etorriz, joera orokorrari eutsi zaio (matrikulazioen %67,4 ikastetxe publikoetan egin dira), baina alde esanguratsuak sumatzen dira hala lurraldeei dagokienez (esate baterako, urte horretan Gipuzkoako ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasle etorkinen ehunekoa batez bestekotik gorakoa da eta %70,5era ere iritsi da) nola hizkuntz ereduei dagokienez (D eredua hautatu dute gehienek, bai Gipuzkoan –matrikulazioen %74– eta bai Bizkaian –%37,3 izan dira, eta A ereduan, berriz, %36,2–).
Jatorrizko herrialdeen artean gehiengo direnei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira, ordena honetan: Kolonbia (358), Maroko (289), Errumania (245), Ekuador (187), Brasil (163), Bolivia (119), Peru (104), Dominikar Errepublika (95), Txina (91), Argentina (71)… Hain zuzen, hamar herrialde horietatik datozen ikasleak epealdi horretan matrikulatutako ikasle etorkin guztien %70 dira (jatorrizko herrialdearen datua ezaguna den kasuak kontuan hartuta; izan ere, 6 kasutan ez da agertzen datu hori). Bestalde, matrikulazioen zerrendan jatorrizko 84 herrialde agertzen dira denera, eta horrek dibertsitatea zenbatekoa den erakusten digu.
Argi-itzalak erakundeen erantzunean
Ikasle etorkinen behar espezifikoak eta horiei erantzuteko modurik egokienak, besteak beste, 2007-2009ko epealdirako onartu den Immigrazioari buruzko II. Euskal Planean aztertu eta planifikatu dira. Plan horrek, Hezkuntzaren Arloan, oinarrizko lau gidalerro ezartzen ditu, eta horietako bakoitzerako proposamen bat edo hainbat egiten ditu, arlo hauen inguruan: zein erakunderi dagokion horiek aplikatzeko erantzukizuna, zein adierazle erabiliko diren gidalerro horiek zenbateraino bete diren ebaluatzeko, zenbat urtean gauzatuko diren eta noren lankidetzarekin gauzatuko diren.
Orain dela gutxi arte indarrean egon den plan bat denez, txosten hau idazten ari ginenean horren ebaluazioaren berri ez genuenez eta jarraipenik izango ote duen ere genekienez, plan horren gidalerroak eta proposamenak jaso ditugu hemen, laburbilduta, bertan idatzita agertzen diren moduan:
"1.- Hezkuntza sistema kulturarteko errealitatera egokitzeko behar diren neurriak garatzea eremu horretan.
1) Ikasle Etorkinen Arreta Programari eustea eta egokitzapenak egitea.
2) Eskolatze Batzordeei eustea eta eskolatze-araudia egokitzea.
3) Harrera Planen lanketari buruz egindako orientazioen hedapena eta orientazio horiek Ikastetxeetan zehatz daitezen sustatzea.
4) Kulturartekotasuna eta ikasle etorkinen eskolatzea EA
Eko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planaren (GARATU) ardatz handien artean hartzea: irakasleentzako ikastaroen, mintegien, lantegien eta hausnarketa-jardunaldien eskaintza.
5) Kultur Aniztasunari Erantzuteari buruz Berritzeguneetan egiten diren prestakuntza-planak iraunaraztea eta garatzea.
6) Ikasle etorkinentzako bigarren hizkuntzen irakaskuntzari buruzko mintegiak eta prestakuntza-ikastaroak antolatzea irakasleentzat.
7) Erakunde publiko eta pribatuentzako laguntza espezifikoak, honako hauei buruzko ikastaro eta mintegiak antola ditzaten: atzerritar ikasleen eskolatzea, kulturartekotasuna, aniztasunari erantzutea ikastetxeetan, etab.
8) Itunpeko ikastetxeentzako laguntza-ildoak ezartzea eta aplikatzea, eskolan berandu sartu diren ikasle etorkinentzako hizkuntza-indargarriko neurriak gara ditzaten.
9) Eskolan berandu sartu diren ikasle etorkinentzako hizkuntza-indargarriko programak iraunaraztea eta garatzea ikastetxe publikoetan.
10) Kultur aniztasunarekin zerikusia duten gai eta materialak berrikustea eta osatzea, Berritzeguneetako teknikarien bitartez.
11) Curriculumetan etorkinen jatorrizko kulturak eta hizkuntzak barnean hartzeko ekimenak aztertu eta tratatzea.
12) Ikasketa-lizentziak sortzea hezkuntzaren kulturarteko dimentsioari buruzko curriculum-materialak lantzeko.
13) Ikastetxeen hezkuntza-eskaintzan gure gizartean gehien hitz egiten diren atzerriko hizkuntzen (arabiera, txinera,etab.) ikaskuntza biltzeko formulak garatzea, eskaeraren arabera.
14) Lan-talde bat sortzea jatorrizko herrialdeetan lorturiko titulazio akademikoak baliozkotzea erraztuko duten mekanismoak bultzatzearren eta Hizkuntza Eskola Ofizialen bitartez hizkuntzen titulu ofizialak lortzeko izapideak arintzearren.
2.- Atzerritar gazteen hizkuntza integraziorako laguntza ematea, euskararen ikaskuntza bereziki kontuan hartuta.
1) Euskarari buruzko oinarrizko informazioen eskaintza eta oinarrizko euskalduntze-ikastaroak.
3.- Atzerriko ikasleen guraso, tutore eta erreferentziazko gizarte inguruneek eskola ordezkaritzako organoetan eta ikastetxeen dinamikan parte har dezaten bultzatzea.
1) Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko informazio-gida eleaniztuna egokitzea, hizkuntza gehiagotara itzultzea, eta interneten bidez hedatzea.
2) Etorkinen elkarteen eta familia etorkinen eta guraso-elkarteen arteko topaketak antolatzeari bultzada ematea, eskoletako ordezkaritza-organo gorenetan parte har dezaten eta etorkinen elkarteetako kide egin daitezen sustatzeko.
4.- Ikastetxeetan, atzerritar etorkinei euskara eta gaztelania irakats dakien sustatzea.
1) Helduen Hezkuntza Zentroetara joaten diren ikasle etorkinen artean gure kultura- eta hizkuntza-errealitateari buruzko jakintza sustatzea".
Plana aplikatzeko onartu zen epealdia amaitu baita (2007-2009), horren ebaluazioa izatea litzateke egokiena, horko 18 proposamenak zenbateraino garatu diren eta zenbaterainoko arrakasta izan duten jakiteko, aurrez ezarritako adierazleen arabera.
Esan dugun bezala, ez dakigu halako ebaluaziorik egin den edo ez, eta, hala bada, zein izan diren emaitzak edo ondorioak. Hori jakiteak bide emango liguke hemen argi-itzalak oinarri handiagoarekin baloratzeko. Eskura ditugun adierazle bakarrak aurreko epigrafeetan eman ditugun horiek izan dira, urtez urte egindako jarraipenaren emaitza.
Datuek erakusten duten bezala, ikasle etorkinak gure ikastetxeetan pixkanaka sartzearekin batera, hainbat baliabide ere txertatu dira pixkanaka, ikasle horiek eskolatze egokia izan dezaten: hizkuntza indartzeko irakasleak eta programak, figura profesional berriak zenbait ikastetxetan, prestakuntza iraunkorreko programak, laguntza eta orientazioa… Beraz, hezkuntza-sistema pixkanaka joan da errealitate "berri" hori bere gain hartzen eta erantzunak ematen; areago, esan liteke bere lehentasunen artean sartu duela. Zailagoa da jakitea eta baloratzea baliabideak nahikoak edo egokiak izan diren dauden beharretarako, horien banaketa bidezkoa izan den eta zein izan diren lortutako emaitzak edo izandako lorpenak.
Nolanahi ere, komeni da gogoraraztea etorkinen eskola-integrazioa ez dela biztanle horien gizarteratze edo inklusioaren parte bat baino. Ikuspegi horretatik, interesgarriak dira etorkinek eurek egin ohi dituzten konparaziozko balorazioak: oro har, oso modu positiboan baloratzen dute bai hezkuntza-sistema eta bai sistema horrek ematen dizkieten aukerak, gizarteratzeko beste zerbitzu eta bide batzuekin konparatuz. Horrek ez du esan nahi haien eskari edo beharrei erantzuten dienik edo erantzun hori hobetu ezin denik.
Kexen ikuspegia
Lagin gisa azken urteetan etorkinen eskolatzearen inguruan jaso ditugun kexak hartzen baditugu, bi ezaugarri nahiko komun nabarmendu ditzakegu:
1) Maiz ez dira banakoen kexak, baizik eta zentro edo elkarte bateko ordezkariek aurkezturikoak.
2) Horiek ez dituzte zalantzan jartzen eskolatze jakin baten inguruko datuak edo baldintza zehatzak, baizik eta ikasle etorkinen eskolatze baldintza orokorrak edo, zehazkiago, horiek nola aplikatzen diren eta zer ondorio dituzten ikastetxe jakin batean edo ikastetxe multzo jakin batzuetan.
Horren bi adibide esanguratsu dira 2008an Sarean eskola publikoen zuzendaritzak (481/2008/20 kexa) eta Gasteizko Ramon Bajo LHIko familia batzuek jarritako kexak (318/2008/20 kexa).
Lehenengoaren kasuan, eskolatze-irizpideak nabarmendu dituzte, eta adierazi dute horiek ondore desberdinak dituztela ikastetxe batzuetan zein besteetan, duten titulartasunaren arabera (ikastetxe publikoak edo ikastetxe pribatuak). Bigarrenaren kasuan, kezka-iturri orokor hori jasotzen da ikastetxe horren adibide konkretuan ere (Ramon Bajo ikastetxe publikoa). Hain zuzen ere, ikastetxe horretan, ikasle etorkinak dira gehienak, eta pixkanaka gero eta gehiago dira, eta horrek, praktikan, urratu eta ia ezinezko bihurtzen du gizarteratzen lagunduko dieten ingurune normalizatu batean eskolatzeko eskubidea.
Era horretako kezkak adierazi dizkiote Arartekoari ikastetxera egin dituen bisitetan eta eskola kontseiluekin edo zuzendaritza taldeekin izan dituen bileretan.
Kontu nagusi hori alde batera utzita, banako kexaren bat ere jaso dugu eskolan ikasle etorkinekin izaten den bizikidetzaren inguruan.
Nolanahi ere, komeni da nabarmentzea inkesta edo azterketa soziologikoak egitean etorkinei galdetu izan zaienean zer irizten dieten beren seme-alaben eskolatze baldintzei emaitzak oso onak izan ohi direla, batez ere gizarteratzeko beste baliabide edo aukera batzuen balorazioarekin konparatuz gero.
Adingabeen euren ikuspegia
Arartekoak, oraindik orain, Adingabekoei balioak transmititzea izeneko txosten luzea argitaratu du. Bertan, hala Lehen Hezkuntzako nola DBHko EA
Eko 1.829 ikaslek egindako balorazioaren lagin adierazgarri bat jaso eta aztertu du. Hain zuzen ere, txosten horretan sistematikoki landutako kontuetako bat da zenbateraino onartzen edo arbuiatzen duten ikasleek, etorkin diren aldetik.
Ez da erraza lerro gutxi batzuetan laburtzea hainbeste datu eta ñabardura dituen txosten hori. Baina zenbait xehetasun esanguratsu adieraz ditzakegu; Hala, esate baterako:
– Ikasle etorkin gehienek onartzen dute (oro har, %70 inguruk), baina badira mesfidantza edo arbuio zantzuak ere ehuneko esanguratsu batean; hain zuzen ere, egindako galderaren arabera, lau ikasletik bati ere eragiten dio.
– Desberdintasunak nabarmenak dira sexuaren arabera (neskek, oro har, mutilek baino onarpen handiagoa izaten dute), eta baita eskolatuta dauden hizkuntz ereduaren arabera ere.
– Onarpen-maila, oro har, handiagoa da alderdi orokor edo teorikoagoetan, eta txikiagoa kontu zehatzagoetan edo harreman pertsonalei edo eguneroko bizitzari zuzenkiago eragiten dieten arloetan.
Kontu horiek eta beste batzuk eztabaidagai izan ziren Haurren Partaidetzarako Kontseiluak eta Arartekoko Nerabezaroaren Bulegoak berriki egindako bilera batean. Kasu honetan, kontseilariek, ikasle etorkinen proportzioa oso desberdina den sei ikastetxetakoek, oso iritzi eta jarrera irekia agertu zuten, behintzat eztabaidan. Areago, planteatu zuten oso garrantzitsua dela ikastetxe edo ikasgela guztietan izatea errealitate plurala, jatorri guztietako ikasleak izatea, esperientzia-iturri eta normaltasun-bidetzat jotzen baitute.
Bestalde, aipatu dugun txostenak argi erakusten du ikasle etorkinek beren balioak dauzkatela, edo, nahiago izanez gero, alde handiak daudela hainbat baliori dagokienez, hala nola familiari, hezkuntzari, erlijioari, desberdintasuna onartzeari eta bestelakoei dagokienez.
Bilakaera
Azken urteetan zer bilakaera izan den eta hezkuntza-sistema osoan zenbaterainoko eragina izan duen modu azkarrean erakusteko, osagarritzat jotzen ditugun bi grafiko emango ditugu hemen.
Horietako batean, 1999-2000ko ikasturtetik hona eskolatutako ikasle etorkinen kopurua zenbat handitu den ikus daiteke. Azken ikasturteko datu ofizialik ezean (hedabideetan argitaratutakoen arabera, 2009-2010eko ikasturtean ikasle etorkinak 20.794 baino gehiago ziren, eta 22.103 2010-2011ko ikasturtearen hasieran), jadanik kontrastaturiko datuek erakusten dute bederatzi urte eskasean ikasle hauek ia halako bederatzi gehiago direla: 2.000 baino zertxobait gehiago izatetik 19.000 inguru izatera igaro dira (2008-2009ko ikasturtean; hau da, kontuan hartu gabe azken matrikulazioak edo azken ikasturteko datu eguneratuak.
Bigarrenak erakusten du ehuneko zenbat diren, eskolatutako biztanleen guztiak kontuan hartuta. bederatzi urtean, %1 baino gutxiago izatetik (%0,66) guztizkoaren %6 izatera igaro dira (%5,75 2008-2009ko ikasturtean).
Datu eguneratuagoekin (prentsan argitaratuak baina ofizialki jaso gabeak), hamar urtean halako hamar bihurtu den eskola populazio batez arituko ginateke, eta jadanik gure erkidegoan eskolatutako guztien %6a ere gainditu duen populazio batez (6,6).
Nolanahi ere, gogora dezagun datu hori ikastetxe guztien batez bestekoa dela eta ez daukala zerikusirik batere ikastetxe jakin batzuetan lortu den benetako ehunekoarekin. Hala, esate baterako, komunikabideetan argitaratutako azken datuen arabera, berrogeita hamar bat ikastetxek dituzte %30 ikasle etorkin baino gehiago.
Iturria: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Jarraipen-espedienteak
1 Kasu batzuetan, jasotako datua data jakin bati dagokio eta ez dator bat ikasturte amaierako datuekin. 2009-2010eko ikasturteko datuak prentsan agertutakoak dira.
Sintesi edo ondorio gisa (elementu aipagarrienak)
Gai honetan, beste hainbestetan bezala, oso zaila da jakitea zer gertatzen den gure inguruko beste herrialde batzuetan. Europako Batzordeak berak, 2008an, Liburu Berde bat egin zuen haur etorkinen eta hezkuntzaren inguruan, eta eztabaida piztu zuen estatu kideen artean, jakinik gaia oso garrantzitsua dela eta badirela errealitate horri heltzeko modu egoki antzeko batzuk. Balio beza, adibide gisa, ondoko justifikazio-paragrafo honek:
"Hala nazioarteko nola nazioko datuen arabera, Europar Batasuneko haur etorkin askok hezkuntza-desabantailak dituzte sorterriko ikaskideen aldean: eskola uzteko joera handiagoa dute, eta gutxiagok egin ohi dituzte goi mailako ikasketak. Are kezkagarriagoa da zenbait herrialdetan bigarren belaunaldiko etorkin jatorriko ikasleek lehen belaunaldikoek baino emaitza okerragoak lortzen dituztela eskolan. Horrek adierazten du gizarte-zatiketa larriagotu egin daitekeela denborarekin. Bestalde, garbi sumatzen da segregaziorako joera handiagoa dagoela egoera sozioekonomikoaren arabera; izan ere, gizartean egoera onean dauden gurasoek beren seme-alabak atera egiten dituzte ikasle etorkin ugari dauden ikastetxeetatik. Ikastetxeen arteko desberdintasunak handitzen doaz denborarekin".
Egia da haien kezka nagusiki Europar Batasuneko bertako barne mugikortasuna eta horrek dakartzan ondorioak direla. Eta, alde horretatik, funtsezko hiru kontu hauek nabarmentzen dira:
1) nola saihestu ikastetxeen segregazioa, hezkuntza arloko berdintasuna hobetzeko;
2) nola integratu ama hizkuntzen eta kultur ikuspegien dibertsitate gero eta handiagoa eta nola garatu kulturarteko trebetasunak;
3) nola egokitu irakaskuntza-gaitasunak eta nola estutu harremanak etorkinen familiekin eta komunitateekin.
Liburu Berdean adierazten den bezala, egindako azterlanetan hainbat arrazoi zehaztu dira etorkin askok gaur egun hezkuntza aldetik duten desabantaila azaltzeko. Zenbait faktore-giltzarri lotuta daude ikasle etorkinen banako egoerarekin: egoera sozioekonomiko txarra, hizkuntza, familia eta komunitatearen espektatibak. Alabaina, datuek erakusten dute hezkuntza-sistemak garrantzitsuak direla eta zenbait herrialdek beste batzuek baino hobeto lortzen dutela ikasle etorkinen eta sorterrikoen arteko aldeak murriztea; horrek erakusten du politikek nabarmen eragin dezaketela eskolako emaitzetan. Segregazioa, esate baterako, haurren motibazioari eta emaitzei eragiten dieten espiral negatibo bat da. Dibertsitateari aurre egiteko trebetasunen arabera batzeko edo bereizteko modu jakin batzuek are gehiago baldintzatu ditzakete emaitzak.
Horri dagokionez, eta beharbada interesgarriena errealitatea hobetu nahi badugu eta nahi ez dugun ondoriorik izan nahi ez badugu, Liburu Berdeak laburki aztertzen ditu ikasle etorkinek eskolan arrakasta izateko lagungarri gerta daitezkeen politikak eta planteamenduak. Hala, nabarmentzen du hezkuntzan berdintasuna lortzeari lehentasun erabatekoa ematen dioten sistemek integratzen dituztela modurik eraginkorrenean ikasle etorkinak. Eta kontu hau tratatzeko bereziki erabilgarriak diruditen neurri politikoen artean honako hauek nabarmentzen ditu: eskolaurreko irakaskuntza, hizkuntzen irakaskuntza, hezkuntza-laguntza gehigarria (hala nola tutoretzak eta eskola partikularrak), kulturarteko hezkuntza eta familiekin eta komunitateekin osaturiko elkarteak. "Ghetto" ikastetxeen segregazioa eta desagregazioa saihestea da, itxuraz, aurretiaz behar den baldintza ikasle etorkinei benetako aukera berdintasuna bermatzeko.
Gomendioak
Hemen ere, kapitulu honetako aurreko ataletan bezala (3.4 ataletik 3.7ra), errepikatu egin beharko genuke segregazio-arriskuei buruz eta eskola-ghettoak sendotzea saihesten duten eta inklusioa laguntzen duten neurriak ezartzeko beharrari buruz jadanik esandakoa.
Biztanleriaren sektore honen inguruan egin ditugun gomendio zehatzagoei edo zuzenean sektore horri aplikatzekoak diren gomendioei dagokienez, honako hauek nabarmendu beharko genituzke:
– Bereizkeriazko edo bazterkeriazko egoerak saihestea, horretarako egokiagoak diren neurriak ezarrita.
– Are gehiago indartzea politika konpentsatzaileak eta bereizkeria positiboko neurriak, zailtasun handiagoak dituzten ikastetxeetan.
– Detekzioa hobetzea eta esku-hartze goiztiarra laguntzea premia bereziko egoeretan.
– Familien eta elkarteen arteko lankidetza laguntzea.
– Sektore hau hobetzeko planak, gaur egun dauden programak eta baliabideak ebaluatzea.
– Eskolan lortzen ari diren emaitzen jarraipena egitea.
– Dibertsitatea laguntzea, ez bakarrik ikasleen artean, baizik baita ikastetxeetako profesionalen taldeetan ere.
Ikastetxe jakin batzuetan dauden ikasle etorkinen proportzioa zein handia den kontuan hartuta, bereziki beharrezkoa iruditzen zaigu aipaturiko lehenengo gomendioa aplikatzea ("Bereizkeriazko egoerak eta bazterkeria laguntzen dutenak saihestea"). Horren edukia txosten honetako 5. kapituluan jaso da (ikus 5. kapitulua, 28. gomendioa).