3.7. Sasoikako langile diren familietako ikasleak
Sektorearen ezaugarriak
Urtero, mahats-bilketa eta, neurri txikiagoan, patata-bilketa hurbiltzen direnean, Arabara pertsona asko eta familia osoak iristen dira aste batzuetan landan lan egiteko prest. Gehienak Arabako Errioxako herrietan agertzen dira eta batzuk Arabako Mendian eta Lautadan, irail-urria aldera, bilketa lanak iraun eta lana duten bitartean bertan geratzen dira, eta ondoren beste alde batzuetara alde egin edo euren jatorrizko lekuetara itzultzen dira. Hori dela-eta, pertsona horiei buruz hitz egitean, "sasoikako langileak" esan ohi zaie, hitz horren azpian talde osoa bildu nahian.
Komeni da esatea, ordea, sasoikako langileen kolektiboa, beste edozein bezala, hainbat ezaugarri daukaten pertsonek eta taldeek osatzen dutela: jatorriaren arabera, bakarrik, talde antolatuetan edo familia taldeetan etorri diren; jatorrian kontratatuak izan diren, aurreko urteetan nekazari jakin batzuentzat lan egin duten, edo probatzearren datozen; administrazio egoera legeztatuta daukaten ala ez, atzerritarren kasuan; bilketa zereginetara bakarrik joan edo beste nekazal zereginetan ere parte hartzen duten, urte osoan, eskualdean... Horien eta beste ezaugarri batzuen arabera, haien bizi baldintzen, lan aukeren eta, orokorrean, premien artean alde handiak egon daitezke.
Txosten honetan gurasoekin joan eta eskolatzeko adinean dauden adingabeen, sasoikako langile diren familien seme-alaben egoerari buruz baino ez dugu hitz egingo.
Neska-mutil talde aldakorra da sasoi bakoitzean baina, azken urteotan, 541 (2000n) eta 205 (2009an) artean izan dira; haietatik, %20 eta %60 inguru (urtearen arabera) aste batzuez aipatu inguru edo eskualdeetako ikastetxeetan eskolatu dira.
?Aurrekariak
1995az geroztik, Ararteko erakundeak Arabako sasoikako langileen egoera jarraitu du, besteak beste, nekazaritzako lanetara familia osoarekin etortzen diren sasoikako langileen seme-alaben eskolatze-baldintzak jarraitu ditu.
2002an, gai honen inguruko ezohizko txostena egin zen (Sasoikako langileen egoera Araban). Hori Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta eztabaidatu zen eta hainbat ekimenen jatorria izan zen: sasoikako langileei buruzko ez legezko proposizioa, Eusko Legebiltzarrak 2002ko abenduaren 12an onartua; sasoikako langileei buruzko mozioa, Arabako Batzar Nagusiek 2003ko urtarrilaren 20an onartua.
Txostena egiteko mota guztietako informazio iturriak erabili dira:
– ezarkuntzetarako eta bizilekuetarako bisitaldiak;
– ikastetxeetara egindako bisitaldiak;
– lana duten eta ez duten sasoikako langileei egindako elkarrizketak;
– nekazariei egindako elkarrizketak;
– laguntza programetan inplikazio zuzena duten taldeekin eta pertsonekin egindako bilerak: oinarrizko gizarte langileak, ikastetxeetako irakasle taldeak, gizarte edota hezkuntzako programak bideratzen dituzten taldeak, Ertzaintzako arduradunak...;
– toki eta lurralde mailako erakundeei egindako datu eskabideak;
– egindako programei buruzko urteroko memorien azterketa;
– eraginpeko sailetako arduradunekin egindako bilerak (Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza)...
Informazioa erabilgarritasun irizpidearen arabera aukeratu da: errealitatea hobeto ezagutzeko eta bertan hobeto jardun ahal izateko baliozkoa den informazioa. Eta, neurri handi batean, behin eta berriro aipatu ditugun lau interes guneen arabera antolatu da: 1) kontratazioak; 2) bizilekuak; 3) eskolatzea; 4) gizarteratzea. Izan ere, txostenaren oinarrizko egitura (2-5 kapituluak) eta gomendioen bilketa bera ere, neurri handian, eskema horren araberakoak dira.
Txostena argitaratu eta Legebiltzarraren ez-legezko proposamena eta Batzarren mozioa onartu ondoren, Arartekoaren jarraipenean, batetik, kanpaina bakoitzean burututako jarduera zehatzak eta, bestetik, epe ertaineko planak edo jarduerak bereizi dira. Horrela, adibidez, 2004ko txostenean, bereiz jaso ziren urte hartako kanpainari buruzko datuak (gomendio blokeetako bakoitzean; horietako bat, eskolatzean egindako hobekuntzak...) eta egindako urratsak, bereziki Plan Integralari, Erakunde arteko Mahaiari eta arauzko garapenerako zenbait proposameni dagokienez (ikusi 2004ko txostena, I. atala, 1.1.2 azpiatala).
Usu, erakunde honen jarraipena hainbat jardueratan zehaztu da:
– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuarekin bilerak egitea.
– Hasiera batean, Sasoikako Lanaren Mahaian parte hartzea, Arabako Foru Aldundiak bultzatuta, eta, ondoren, 97/2003 Dekretuaren bidez sortu zen EAEko Sasoikako Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaian.
– Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailari, Hezkuntza Sailari eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari ofiziozko espedienteak zuzentzea.
– Hainbat instalazio eta zerbitzutara in situ bisitak egitea; etab.
Erreferenteak, ia beti, gure txosteneko 17 gomendioak eta goian aipatutako bi erakunde proposamenak izan dira, Bereziki erakunde edo sail ezberdinetan egindako ofiziozko jarduerei edo informazio eskaerei dagokienez. Hortaz:
– Nekazaritza Sailari honakoei buruzko informazio eguneratua eskatu genion, esaterako, Plan Integralaren garapena, Erakunde arteko Mahaiaren funtzionamendua, sasoikako langileentzako instalazioak egokitzeko laguntza-ildoak, etab.
– Hezkuntza Sailari honakoei buruzkoa: txosteneko 13 eta 14. gomendioak betetzeko abiarazitako neurriak eta jarduerak eta adingabeen eskolatzea.
– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari ondorengoen gainekoa: sasoikako langileen bizitokiek bete behar dituzten gutxieneko betekizunak arautzen dituen dekretua, etab.
– Arabako Foru Aldundiari honakoen ingurukoa: sasoikako langileentzako instalazioak egokitzeko laguntzen deialdia, etab.
Azken urteotan, ordea, jarraipena bera adingabeen eskolatzearen gaira mugatu dugu (ikusi 2005eko txostena eta 2006ko txostena), horri helduko baitiogu hemen.
Oinarrizko arazoak
Ikusitakoaren arabera, sasoikako langileak diren familien egoera eta haien adingabekoena ere oinarrian honakoen araberakoa dira:
– Zein diren haien kontratu baldintzak.
– Zein diren haien ostatu-baldintzak.
– Egiazko zer aukera daukaten euren seme-alabak eskolatzeko.
– Zein den harrera egiten dieten herritarren gizarte sentsibilizazio edo inplikazio maila.
Lau baldintza horiei (haiek denak berariaz aztertu dira erreferentziazko txosteneko atal banatan) arazo iturria den bosgarren elementu bat erantsi behar zaie: haien premiei erantzutea dagokien administrazio, erakunde eta zerbitzuen arteko desberdintasuna, eta halako kasuetan esku hartzen duten agente guztien artean koordinazio ona lortzeko egoten diren zailtasunak.
Hemen aztertzen ari garen ikuspegitik, zehazki adingabeei buruz ari garenez, bereziki adierazitako gai edo arazoetako bi azpimarratu behar ditugu:
– Maiz bizi diren ostatu-baldintzak (furgonetak, kanpamentuak, lonjak, erdi lagatako etxebizitzak...).
– Eskualdeko ikastetxeetan eskolatzeko aukerak eta baldintzak.
Zalantzarik gabe, heldutako gai edo arazo guztiek eragiten diote adingabeen egoerari, baina bi horiek, gure aburuz, zuzenago egiten dute eta, gutxienez, haien oinarrizko eskubide biri eragiten diete: hezkuntzari eta osasunari.
Beraz, haiei helduko diegu bereziki.
Hobetzeko proposamenak
Erreferentziazko txostenak zenbait gomendio egin zituen, zegokien administrazioei zuzenduta, sakonki aztertutako kontu bakoitzari buruz:
– Erakunde eta zerbitzuen parte-hartzea eta erakundeen arteko koordinazio tresnak hobetzea.
– Kontratazio-baldintzak kontrolatu eta hobetzea.
– Ostatu-baldintzak hobetzea.
– Sasoikako langileen familiei dagokienez, hobekuntzak egitea adingabeak eskolatzeko eta horiei laguntza emateko.
– Gizartea sentsibilizatzea eta sasoikako langileak gizarteratzea.
Hemen, besterik gabe, 17 gomendioak jasoko ditugu (ikuspegi orokorra ez galtzeko), eta adingabeen eskolatzea eta arreta hobetzera zuzendutako hirurak baino ez ditugu garatuko.
– Erakundeen eta zerbitzuen inplikazioari buruzko hiru gomendioek honakoa proposatu zuten:
• Sasoikako lanaren Mahaiaren –edota antzeko tresna baten– zeregina indartu behar da, erakundeen arteko koordinazio-mekanismo gisa.
• Ukitutako administrazio guztien erakundeek hartu behar dute parte arazo honetan.
• Zerbitzu jakin batzuen erantzun-gaitasuna gehitu behar da aldi baterako behintzat, arazoa duten guneetan.
– Kontratazio-irizpideak kontrolatzeari eta hobetzeari buruz, bost gomendio egin genituen:
• Kontratazioak euren jatorrian bultzatu behar dira.
• Azpikontratazioak salatu eta ikertu behar dira.
• Kontratazio-izapideak erraztu behar dira, eta, horrekin batera, Lan Ikuskatzailetzaren esku-hartzea gehitu behar da.
• Sasoikako lan poltsen sorrera edo kudeaketa sustatu behar da.
• Araban, nekazaritzako hitzarmena negoziatu behar da.
– Ostatu-baldintzak hobetzeari buruz, adingabeen bizi eta osasun baldintzei zuzen-zuzenean eragiten dietenez, honakoa proposatu genuen:
• Sasoikako langileen ostatu-baldintzak arautu behar dira.
• Bide zehatzak antolatu edo erabili behar dira, erakundeek laguntza eman dezaten, eta, laguntza horri esker, lokalak ostatu moduan atondu edo presta daitezen.
• Aterpetxeak edo gizarte-ekipamenduak sustatu eta suspertu behar dira.
• Lokalen gaineko kontrola eta ikuskapena argitu eta garatu behar dira.
– Laugarren multzo batean, sasoikako langileen familietako adingabeentzako eskolatzean eta arretan sartu beharreko hobekuntzei buruz hitz egin genuen. Horretaz luzeago jardungo dugu:
Askotan, haurtxoak euren familiekin batera joaten dira nekazaritzako kanpainetara. Horregatik, zenbait pauso eman dira, haurtxo horiek eskolatzeko eta horiei laguntza emateko. Txosten honen 4. kapituluan xehetasunez azaldu dira pauso horiek, bai eta lortutako emaitzak eta erantzunak hobetzeko zailtasunak ere. Lehen esan legez, txosten honek bost gai jorratzen ditu, eta, ziur asko, hauxe da azken kontrol-urteotan gehien garatu dena eta ekimen gehiago bultzatu dituena. Gomendio hauetan, beraz, helburua ez da proposamen berritzaileak egitea. Haatik, helburua da hasitako jarduera-lerro batzuk azpimarratzea, eta horiek hobetzea eta ondorio handiagoak erdiestea.
Gauzak horrela, azken urteotako eskarmentua gogoan izanik, eta hezkuntzako agenteek eurek bildutako ekarriak aintzakotzat harturik, Arartekoak honako proposamen hau egiten du:
• Adingabeen eskolatze-maila handitu behar da, horretarako beharrezkoak diren bide guztiak jorratuz (3. gomendioa). Maila horiek ez dira inoiz heltzen "erroldako" adingabeen %50era. Zenbait kasutan, adingabe horiek noizean behin baino ez dira eskoletara joaten, egun batean edo gutxi batzuetan.
Eskolatze-maila handiagoa izan dadin eta adingabeak eskoletara gehiago joan daitezen, honako proposamen hau egiten da:
* Garraio-laguntzak eta eskolako jantoki-laguntzak emateari eutsi behar zaio. Modu berean, gizarte-hezkuntzako programek laguntzak jasotzeari eutsi behar diote.
* Sakon aztertu behar da talde zehatz batzuk zergatik joaten diren gehiago edo gutxiago eskoletara; horretarako, kontuan hartu behar dira faktore desberdinak, kasurako, adina, sexua, kokalekua edo jatorria. Gainera, adingabe horien egiazko eskolatzea bultzatu behar da, horretarako neurri bereziak hartuz (0-3 urte artekoentzat; 12 urtetik gorakoentzat; neskatoentzat; Portugalgo adingabeentzat…).
* Alderdi guztiak sentsibilizatu behar dira, guztiek jakin dezaten eskolatzea beharrezkoa eta nahitaezkoa dela.
* Gunean guneko zentro guztiek zuzeneko parte-hartzea izan behar dute.
* Ahal den neurrian, eta zeharka bada ere, eskolatzea bultzatu behar da jatorrian. Eta, horrekin batera, eskura dagoen informazioa eman behar zaie agintari eskudunei.
• Ikastegien hezkuntza-erantzuna hobetu behar da (14. gomendioa). Horretarako honakoa proposatu da:
* Jatorrizko ikastegiekin, harremanak bultzatu behar dira, bai eta informazioa eta dokumentazioa elkarrekin trukatu ere, baldin eta eskolatzea normalizaturik badago.
* Fitxa edo ziurtagiri pertsonalak prestatu behar dira, hurrengo urteetan ere zentroen arteko kontrola errazteko.
* Irakasleen heziketa berezia ahalbidetu behar da. Irakasleok, halaber, behar besteko aurrerapenaz izan behar dira ikastegietan, sasoikako langileak heldu aurretik ere. Gainera, irakasle horiek elkarrekin trukatu behar dituzte esperientziak eta materialak.
* Ikastegietan, proiektu, programa, jarduera eta eskola-talde bereziak antolatu behar dira, adingabeen oinarrizko beharrizanak kontuan hartuta (gizarte-abilezia, trebetasun tekniko-instrumentalak…).
* Eskoletan izandako esku-hartzeak koordinatu behar dira, horien bitartez eskolatik kanpoko gizarte- nahiz hezkuntza-programak garatzen diren neurrian. Oinarrizko helburuak iristeko orduan, elkar sendotzea bilatu behar da.
* Eskolako dinamikaren barruan, integrazioa sustatu behar da (guneak, jarduerak, taldeak), hori egin ahal den guztietan...
* Eztabaidatu behar da ea egoki ote den beste ezaugarri batzuetako irakasleak bertan izatea (portugesa dakitenak edo jatorrizko kulturetakoak direnak…).
• Gizarte-hezkuntzako programei eutsi behar zaie, eta horiek zabaldu egin behar dira (15. gomendioa). Programa horiek Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizate Sailaren diru-laguntza jaso dute, eta elkarte desberdinak arduratu dira haiek kudeatzeaz. Esperientzia hori guztiontzat ona izan da, kasuan kasuko helburuak erdiesteko eta hezkuntzako nahiz gizarteko beste zerbitzu batzuei laguntza emateko. Bide beretik, honako proposamen hau egiten da:
* Programa horiek beste gune eta udalerri batzuetara hedatu behar dira, beste horietan ere sasoikako langileak bizi direlako.
* Elkarteen eta hezitzaileen erantzukizunak argitu behar dira, beste erakunde eta profesional batzuei begira (gizarte-zerbitzuei begira, ikastegiei begira…).
* Beste erakunde batzuekin koordinazioa erraztu behar da, guztiok batera xede erkideak lortzeko.
– Azkenik, gizartea sentsibilizatzeari eta sasoikako langileak gizarteratzeari buruzko gomendioak egin ditugu:
• Gizartea sentsibilizatzeko programak eta jarduerak garatzea.
• Sasoikako langileei beren eskubide eta betebeharren edo erabil ditzaketen zerbitzuen berri ematea.
Txosteneko 17 gomendio horiek ez ezik, hemen aipatu behar da Arartekoak 1997an egin zuen gomendio orokorra, "Sasoikako langileen eta haien familien ostatu-baldintzak".
Jarraipenak
Arestian aipatu denez, Arartekoak sasoikako langileak diren herritarren egoerari jarraipena egiteko zenbait bide erabili ditu eta egoeren arabera aldatu ditu.
Adibide moduan, hemen 2007ko jarraipena laburbilduko dugu. Oso esanguratsua izan zen, urte horretan Sasoiko Lanari Arreta emateko Osoko Planaren tarteko ebaluazioa egin zelako (2004ko ekainean onartu zen plana) eta, bestalde, 2008-2011 aldirako plan berria egiteko urratsei ekin zitzaielako.
Arartekoak parte hartu zuen Sasoiko Lanari buruzko Erakundeen arteko Mahaian ezarritako dinamikaren ondorioz (agiri oso xehatuak, memoriak, proposamenak, tartean diren erakunde eta sektore guztiek parte hartu ahal izateko foroak), gai horren inguruko informazioa oso zabala izan zen.
Gainera, prestatzen diren agirietako asko (ebaluazio edo plangintzakoak), berrikusi eta onartu ondoren, agerian jarri dira eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu eta eztabaidatu ere egin dira; horregatik, ez da beharrezkoa hemen jasotzea.
Bai planek bai egindako ebaluazioek erreferentziazko gure txostenean garatutako eskemari jarraitzen diote. Lau bloke handi daude (eta, horietako bakoitzerako, helburu eta jarduteko ildo batzuk):
1) Kontratazio baldintzak hobetzea.
2) Bizitokiak hobetzea.
3) Adingabeei arreta eskaintzea.
4) Gizartea sentsibilizatzea eta langile horiek komunitatean integratzea.
Horri esker, nahikoa erraz ikus daiteke zeintzuk izan diren aurrerapenik esanguratsuenak eta zer alderdi eta hobekuntza lantzen jarraitu behar den.
Agiri horiek oso luzeak dira eta, beraz, ez ditugu hemen laburbilduko. Interesatuta dagoen edozein pertsona edo erakundek kontsulta ditzake. Nolanahi ere, hemen, jarduteko ildo nagusiak edo lortu nahi diren helburuak gogorarazi nahi genituzke eta, ondoren, zenbait elementu nabarmendu.
Lehena ondorengo koadroan laburbil daiteke:
JARDUTEKO ARLOA | HELBURU ETA EKINTZA NAGUSIAK |
1) Kontratazio baldintzak hobetzea | – Kontratazioak euren jatorrian bultzatzea. – Kontratazio izapideak erraztea. – Lan Ikuskatzailetzaren eginkizuna indartzea. – Sasoikako lan poltsen sorrera edo kudeaketa sustatzea. – Nekazaritzako hitzarmen kolektiboa negoziatzea. – Lanbideko eta lanerako heziketa bultzatzea. – Laneko arriskuen prebentzioari buruzko gida praktikoa prestatzea. |
2) Bizitokiak | – Bai banakako ustiapenetan bai bizitoki kolektiboetan sasoikako langileentzako bizitokiek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen araudia zehaztea. – Banakako ustiapenetan lokalak bizitoki gisa prestatzeko edo egokitzeko laguntza-ildoak ezartzea. – Bizitoki komunitarioen sorrera eta egokitzapena sustatzea. |
3) Sasoikako langileei lotuta dauden adingabeei eskainitako arreta | – Adingabeen eskolatze maila handitzea. • Garraiorako eta eskolako jantokirako laguntzak mantentzea. • Adingabe talde ezberdinen egungo erantzuna aztertzea eta horiek eskolatzen laguntzeko berariazko neurriak planifikatzea. • Jatorrizko ikastetxeekin informazioa trukatzeko bideen sorrera aztertzea. • Eskolatzearen inguruko gizarte-hezkuntzako eta sentsibilizazioko programak garatzen jarraitzea. – Tartean diren ikastetxeen hezkuntza-erantzuna hobetzea. • Zona bakoitzeko ikastetxe guztiek zuzenean parte har dezaten lortzea. • Jatorrian eskolatze normalizatua izanez gero, bi ikastetxeen arteko harremana eta informazio trukea bultzatzea. • Adingabeen eskola-ibilbidea biltzen duen fitxa prestatzea, beste zentroetan batzuetan eta ondorengo urteetan horren jarraipena errazagoa izan dadin. • Irakasleen berariazko prestakuntza erraztea eta esperientzien elkartrukea faboratzea. • Sasoikako langileei laguntzeko beharrezko baliabideak (bai giza baliabideak bai baliabide materialak) behar beste denbora lehenago prestatzea. • Ikastetxeko proiektuak adingabeen ezaugarrietara eta beharrizanetara egokitzea. • Eskolako esku-hartzeak gizarte-hezkuntzako programetan jasotakoekin koordinatzea. • Ahal den guztietan, adingabeak eskolako dinamikan sar daitezen faboratzea. • Beste profil bateko profesionalak izatea komenigarria ote litzatekeen aztertzea, sasoikako langileen sorterrietako hizkuntzak eta kulturak ezagutzen dituzten pertsonak barneratuta. – Gizarte-hezkuntzako programekin jarraitzea eta horiek zabaltzea. • Gizarte-hezkuntzako programak sasoikako langileak hartzen dituzten zona guztietan garatzea. • Programetan parte hartzen duten erakunde guztien eskumenak definitzea (gizarte zerbitzuak, ikastetxeak, elkarteak, etab.) eta arlo bakoitzean adierazitako jarduerak koordinatzea. |
4) Gizartea sentsibilizatzea eta langile horiek komunitatean integratzea | – Gizartea sentsibilizatzeko programak eta jarduerak garatzea. • Tartean diren kolektibo ezberdinak kontzientziatzea (bai sasoikako langileak bai nekazariak), bi taldeak eskubideak eta betebeharrak dituzten subjektu gisa onar daitezen. • Gizartea pertsona horien bizitza eta lanaren inguruko egoerekiko sentsibilizatzea. – Sasoikako langileei beren eskubide eta betebeharren edo erabil ditzaketen zerbitzuen berri ematea. • Sasoikako langileari gure inguruetan dauden zerbitzu eta baliabideen gaineko informazioa ematea. |
2006an egin zen bitarteko ebaluazioaren bidez helburu edo jarduteko ildo bakoitzerako ondorengoak zehaztu nahi dira:
– Horien gauzatze maila.
– Jarraitzearen egokitasuna edo beharra.
– Aldaketa beharrezkoa den ala ez eta nola.
– Hori gauzatzeaz nor arduratzen den.
– Egindako gastua (hori zenbatzeko modukoa denean).
Oro har, esan dezakegu helburuen betetze maila nahikoa altua dela eta, horrekin batera, beharrezkoa dela ezarritako ekintza gehienetan jartzea arreta eta horiek betetzeko lanean jarraitzea. Alderdi zehatz batzuetan, etorkizunean hobetzeko beharrak handiagoa dirudi, bereziki lehenengo bi eremuetan. Beraz, adibidez:
– Sasoikako langileen kontratuak eta lan baldintzak ikuskatzea.
– Jatorrian egiten diren kontratazioak arintzea.
– EAErako nekazaritza-hitzarmena prestatzea.
– Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak betetzeko kontrola egitea.
– Bizitokien erregistroa eta kontrola egitea.
– Bizitoki kolektibo eta ez-kolektiboak erabili eta lagatzeari buruzko araudia prestatzea.
– Bizitokiak ikuskatzea…
Une horrez gero, azken urtean Arartekoak egin duen berariazko jarraipena adingabeen eskolatzearen inguruko gaira mugatu da, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzari Sailari zuzendutako ofiziozko espedientearen bidez bai Arabako Errioxako ikastetxeetakoren batera bisita eginda.
Horrez gain, informazio iturri osagarri gisa, kexaren bat ere izapidetu da eta zenbait memoria irakurri dira; azken hauetan, informazioa aurki daiteke, esate baterako, askotan adingabeei ere eragiten dieten bizitoki baldintzei buruzkoa. Horren haritik, hainbat egoera onartezin ikusi ditugu, baina, 248/2006 Dekretua onartu den arren (horren bidez, sasoikako langileentzako bizitokien gutxieneko betekizunak erregulatzen dira), erakundeen esku-hartzea oso eskasa da (bai haiek erregistratu eta egiaztatzeari dagokionez bai ikuskapenei dagokienez, baita udalen esku-hartzeari dagokionez ere). Zenbait programaren bitartez, ordea, laguntza eskabide batzuei erantzun zaie.
Funtsezko datuak – adierazleak. Eskolaratze adierazleak
Erakunde honek urtero egindako jarraipenari esker datu nahiko fidagarriak dauzkagu bai gunean dauden sasoikako langileen familietako haurrei buruz, bai bilketa kanpainako asteetan ikastetxeetan hartutakoei buruz.
Orokorrean, azken urteotan gunean euren familiekin dauden adingabeak nabarmen gutxitu dira eta, aldi berean, gunean dauden bitartean eskolatze maila hobetzen joan da, zenbait adin tartetan behintzat (batez ere 3 eta 12 urte bitartean).
Adibidez, 2006-2007 ikasturteko eta 2009-2010 ikasturteko datuak emango ditugu, bai "erroldatutako" adingabeei buruz bai haien ostatu eta eskolatze baldintzei buruz.
Horrela, 2006ko kudeaketa txostenaren arabera, Arabako Errioxan finkatutako familia taldeetan 0 eta 16 urte arteko 203 adingabe "erroldatu" zeuden. Hori jaitsiera nabarmena da aurreko urteen aldean, eta haietako asko Portugaldik iritsi ziren. Inguruan 94 bizitoki bisitatu ziren, era guztietakoak. Erreferentziazko gure txostenean jasotako gomendioak betetzen zituzten etxebizitzetan bizi ziren adingabeen kopurua 13koa zen. Adingabe gehienak (99) lonja, borda, biltegi edo bodegetan bizi ziren. Bilarreko bi kanpalekuetan, urik gabe zeuden denda eta olanetan 15 adingabe zenbatu ziren. Beste 30 etxe zaharretan; 36 karabana edo furgonetetan…
Agurain inguruan, 3 adingabe, familia berekoak zirenak, baino ez ziren detektatu nahitaezko baldintzak betetzen ez zituen espazio batean (biltegia) bizitzen. Kanpezuko Kuadrillan, adingabeak 20 izan ziren. Guztiak Portugalgoak ziren, 7 familiatakoak ziren eta gutxieneko baldintza higienikoak betetzen ez zituzten lekuetan bizi ziren.
Hiru zona horietan, aurreko urteetako datuekin alderatuta, beheranzko joera ikus daiteke adingabeen kopuruan. Eskolatzeari helduz, baita Arabako Foru Aldundiak sustatutako gizarte-hezkuntzako programei ere, osasunean hezteko hainbat ekimen gauzatu dira: ikastetxeetan gosaltzea, eskolako jantokira joatea, dutxatzea, aho-hortzetako higienerako materialak zabaltzea, etab.
Horrela, adibidez, ondorengo koadroan, Arabako Errioxan adina edo sexua bezalako zenbait aldagairen arabera maila ezberdinetan zenbaterainoko eskolatzea lortu den ikus dezakegu:
Hezkuntza mailak | 0-3 urte | 3-6 urte (Haur H.) | 6-12 urte (Lehen H.) | 12-16 urte (DBH) | GUZTIRA | |||||
Sexua | Neskak | Mutilak | Neskak | Mutilak | Neskak | Mutilak | Neskak | Mutilak | Neskak | Mutilak |
Adingabeak guztira | 18 | 7 | 24 | 22 | 50 | 47 | 4 | 9 | 96 | 85 |
Eskolatzea | 0 | 0 | 19 | 20 | 40/41 | 39/40 | 0 | 2 | 59/60 | 61/62 |
Eskolatutako % | 0 | 0 | 79,1 | 90,9 | 82 | 85,1 | 0 | 22,2 | 61,4 | 71,7 |
Iturria: Arabako Foru Aldundiko Ongizate Foru Erakundea. Memoria, 2006ko kudeaketa txostena.
Memoriak, alderdi positibo gisa, lortutako eskolatze ehuneko altua, horren iraupena (sei hilabete baino gehixeago Guardian, Eltziegon eta Lantziegon), edo arlo jakin batzuetan sustatutako eskola-integrazioa nabarmentzen ditu.
Portugalgo adingabeei dagokienez, urte hartan, Arabako Errioxan, 87 izan ziren: haietatik, 35 eskolatu ziren; derrigorrezko eskolatze adineko eskolatu gabekoak 28 izan ziren, eta bizilekuetarako bisitetan jasotako informazioaren arabera, 59 adingabe inguru ez zeuden jatorrian eskolatuta (haietatik 34 3 eta 16 urte artekoak).
Lortutako eskolatzeari dagokionez, hona hemen gogoeta esanguratsu batzuk:
– 12 urtetik gorakoen artean oso gutxi eskolatzen dira oraindik ere. Legeari jarraiki, horiek institutuetara joan behar lukete derrigor. (Eskolara ez joateko oinarrizko arrazoiak honakoak dira: beste herri batera joan beharra, ikasketa maila urria...).
– Datu hauek aurreko urteetakoekin alderatuta, eskolatutako adingabeen proportzioa handiagoa dela ikus daiteke: urte hartan "erroldatuen" ia %60, aurreko urteko %30ekin alderatuta. Horrek eskola-absentismoa nabarmen murriztea ekarri du.
Dauzkagun azken datuak 2009ko kanpainakoak dira. Hezkuntza Sailak gure informazio eskaerari emandako erantzunetik honakoak azpimarratuko ditugu:
– Ikasle hauek kanpaina garaian Arabako Errioxako zentro hauetan eskolatu dira:
• Víctor Tapia LHI, Guardia: Irailaren 29tik urriaren 20ra, gehienez 3-10 urte arteko 13 ikasle.
• Eltziego LHI: gehienez 24 ikasle, irailaren 22tik urriaren 20ra (20 LHn eta 4 Haur H.-n).
• Ramiro de Maeztu LHI (Oion): Irailaren 28tik urriaren 9ra; gehieneko ikasle kopurua: 8 ikasle, batzuk Kripan eta Biasteritik etortzen ziren.
• Bastida LHI: lau ikasle, horietatik bik zentroan jarraitu ditu mahats-bilketa amaitu ondoren.
• HLHI Assa Ikastola, Lapuebla de Labarca: 17 ikasle (12 LHn eta 5 HHn).
• Lantziego Ikastola: irailaren 18az geroztik, gehienez 14 gabe eskolatu.
– Programarako zeuden babeseko irakasleei dagokienez, 9 zeuden (aurreko kanpainan bezala). Irakasle bat Oion eta Bastidan; bi Lantziegon, Eltziegon eta Guardian, irakasle bat kontratatu Assan.
Arabako Hezkuntza Ordezkaritzak egindako txostenak eskolatze-datuez gain balorazio nahiko zehatza dakar, zentroz zentro eta gai desberdinei buruz:
– Espazioen erabilera eta eskola-antolakuntza.
– Ikasleekin egindako prestakuntza jarduerak.
– Programarekin zerikusia izan duen irakasle bakoitzak egindako balorazioa, nahiz alderdi positibo nahiz negatiboena...
Hobetzeko proposamen batzuk ere baditu. Hemen, oso labur, elementu horietako batzuk aipatuko ditugu, geroko jarduketak bideratzeko balio dezaketelako:
– Zentro askotan lokal arazoa dago eta gela bezala liburutegia edo beste espazioren bat erabili behar izaten da, kanpaina bitartean.
– Orokorrean ez dira soilik alderdi akademikoak programatzen, baita balio zibikoen prestakuntza (pertsonak eta gauzak errespetatzea edo tolerantzia) eta garbitasun pertsonaleko ohiturak ere.
– Eskolako garraioa eta jangela erabiltzen dituzte oro har.
– Zentroko ohiko antolakuntzan integratzeko mailak asko aldatzen dira: Haur Hezkuntzakoak erabat integratzen dira normalean, etapa horretako ohiko geletan; Lehen Hezkuntzan ikasle hauekin berariazko talde bat osatzen da gehienetan, talde egonkorretatik banatuta, baina jarduera batzuk partekatzen dituzte, hasi jolastordutik eta jangelatik eta arlo batzuen zatiak elkarrekin lantzera arte.
– Irakasleek oro har lanaren balorazio positiboa egiten dute, zailtasunak ahaztu gabe, eta alderdi positibo hauek adierazten dituzte, besteak beste: irakasle taldearen arteko kooperazioa, gizarte zerbitzuekin koordinazioa, ikasleen prestutasuna, lana aberasgarria izatea sasoiko ikasleentzat eta ikasle egonkorrentzat...
– Alderdi negatibo edo hobetu daitezkeen batzuk ere adierazten dituzte, esaterako, komunikazioa indartzeko irakasleen berariazko prestakuntza hobetu, familiak hobeto ezagutu edo erlazio handiagoa izan, plazak azkarrago eman beharra sortutakoan...
Azkenik, gogoan izan behar dugu adingabeko horietako askorekin heziketako beste jarduera batzuk ere egiten direla, nahiz eta eskolakoak ez izan (aisiako jarduerak, garbitasun pertsonaleko edo elikadurako ohiturak garatu, osasun beharrei buruzko orientazioa...). Jarduera horiek Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikaren eta Gizarte Zerbitzuen Sailak bultzatutako gizarte-hezkuntzako programei esker egiten dira.
Interesgarria da datu horiek (haien iturria Eusko Jaurlaritzako Lurraldeko Hezkuntza Ordezkaritza da) Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzu Sailak 2009ko ekitaldiko sasoikako langileei buruz Ongizate Foru Erakundeak egindako azalpen Memorian ematen dituen datu batzuekin alderatzea edo osatzea. Memoria hori 2010eko martxoaren 11n bidali zioten Arartekoari.
Horrela, sasoiko biztanleriaren eta, zehazki, gunean dauden sasoikako langileen familietako adingabeen "errolda" esan ohi diogunari dagokionez, honako datuak azpimarratu behar dira:
Kuadrillak | Adingabe kop. | Familia kop. | Helduak guztira | Portugaletik iritsitakoen % | Bizileku kop. |
Biasteri-Arabako Errioxa | 201 | 66 | 1.656 | %60 | 111 |
Agurain | 0 | 0 | 51 | %0 | 5 |
Kanpezu-Arabako Mendia | 4 | 4 | 48 | %65 | 7 |
GUZTIRA | 205 | 70 | 1.755 | %60 | 123 |
Iturria: Arabako Foru Aldundia / Ongizate Foru Erakundearen Memoria. 2009 / Guk eginda.
Arabako Errioxako datuei helduz, ikasturte horretan eskualde horretan baino ez baitziren eskolatzeak gertatu, gunean erroldatutako 201 adingabeetatik 86 eskolatu ziren, hots, %43ko eskolatzea. Ehuneko hori, ordea, asko aldatzen da adinen edo hezkuntza etapen arabera, honako taulan ikusten denez:
HEZKUNTZA MAILA | ADINGABE "ERROLDATUAK" GUZTIRA | ADINGABE ESKOLATUAK | ESKOLATZE % |
Haur H. 0-6 urte | 101 | 18 | 17,82 |
Lehen H. 6-12 urte | 86 | 64 | 74,42 |
DBH 12-16 urte | 14 | 4 | 28,57 |
GUZTIRA | 201 | 86 | 42,79 |
Iturria: Arabako Foru Aldundia / Ongizate Foru Erakundearen Memoria. 2009 / Guk eginda.
Ez eskolatzeari (mahats-bilketak iraun bitartean, behintzat) eta horretarako arrazoiei dagokienez, honako datuak interesgarriak dira:
HEZKUNTZA MAILA | ADINGABEEN ERROLDA | ESKOLATU GABE | ESKOLATU GABEEN % derrigorrezko eskolatze adinean |
0-3 urte | 57 | 57 | – |
3-6 urte | 44 | 26 | – |
6-12 urte | 86 | 22 | 25,58 |
12-16 urte | 14 | 10 | 71,42 |
GUZTIRA | 201 | 115 | 32 |
Iturria: Arabako Foru Aldundia / Ongizate Foru Erakundearen Memoria. 2009 / Guk egina.
Eskolatzea bera osatzeko, gogoratu behar da Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak bultzatako gizarte eta hezkuntza programei esker, ohiturak landu eta adingabeen elikadurari, norberaren garbitasunari, jantziari edo osasunari buruzko jarduketak burutzen direla, familiak haurrak eskolatzera bultzatzeaz gain.
Erakundeen erantzunaren argi-itzalak
Onartu behar da erakundeek sasoikako langileen egoera hobetzeko egin genizkien proposamenei emandako erantzuna arretatsua eta denboran iraunkorra izan dela.
Zalantzarik gabe, horretan eragina izan dute 2002an Eusko Legebiltzarrak onartutako ez-legezko proposamenak edo 2003an Arabako Batzar Nagusiek onartutako mozioak, kasu bietan gure txostena aurkeztu eta eztabaidatu ondoren. Horri esker lankidetza tresna edo bide berriak sortu ziren (hala nola Erakundeen arteko Mahaia), zenbait Planetan helburuak eta jarduketa ildoan zehaztu ziren, baita haien aldian aldiko ebaluazioa edo balorazioa ere, berariazko aurrekontua sortu zen, legebiltzarrean kontuak ematea ezarri zen...
Horrela, esan dezakegu landutako gai guztietan aurrerapenak egon direla, guztietan maila berean gertatu ez arren.
Hemen gehien interesatzen zaizkigun gai biei dagokienez, oraindik ere mota guztietako egoerak gertatzen dira. Hala:
– Bizilekuen baldintzei dagokienez, oraindik gutxieneko osasun baldintzak betetzen ez dituzten egoera batzuk daude.
– Eta zonako eskolatzeari dagokionez, baliabideak eta programak abiarazi arren, ematen du apurtzen zaila den oztopo edo sabai bat gertatzen dela, seguruenik askotan kultura faktoreengatik edo jatorrizko eskolatzeari (edo ez eskolatzeari) lotutako kontuengatik.
Hortaz, lan asko egin da, baina asko dago hobetzeko.
Kexen ikuspuntua
Ez da erraza sasoi baterako dagoen biztanleriak, teorian bere eskubideen alde egiteko jo lezakeen zerbitzuak edo erakundeak ia ezagutu gabe, kexarik aurkeztea.
Batzuetan, ingurua bisitatzen duten Arartekoaren beraren langileek, sasoikako langileekin hitz egin eta, esaterako, egindako lan bat ordaindu ez zaiela edo ostatu-baldintzak ezagututakoan, pertsona horiek salaketa jartzera bultzatu dituzte. Erantzuna, ia beti, argia izan da: "Ez genuke ezer irabaziko, eta berriz kontratatuak izateko aukerak galduko genituzke".
Jasotako kexak, gehienetan, informalak izan dira eta gunean esku-hartzen duten beste pertsonen edo gizarte zerbitzuen bidez iritsi dira. Kexa arrazoiei dagokienez, aipatutakoak izan ohi dira: ezarkuntzak edo bizilekuak gutxieneko baldintzak ez betetzea; eskolara ez doazen zenbait adingabe; baliabide egokiak ez dauzkan ikastetxea...
Landa-lana posible izan denean, Arartekoaren langileen bisitak eurak informazio iturri garrantzitsua izan dira Arartekoarentzat, eta zenbait jarduketa ekarri dute. Ezinezko izan denean, oinarrizko gizarte zerbitzuek, gunean gizarte eta hezkuntza programak burutzen dituzten elkarteek edo Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak berak emandako argibideak eta memoriak oso erabilgarriak izan dira.
Adingabeen euren eta haien familien ikuspegia
Zonako ikastetxe batera joan eta bertan eskolatutako sasoikako langileen familietako neska-mutilekin hitz eginez gero, orokorrean, garraioari, jantokiari, eskola denbora eta jarduerari, atsedenaldiari, eskolaz kanpoko jarduerei... buruzko asetasun adierazpenak ikusi eta entzuten dira.
Ezarkuntza edo bizileku batera joan eta, eskolako ordutegian, eskolara joan ez diren haurrekin topo eginez gero, mota guztietako arrazoiak entzun dakizkieke, bai adingabeei eurei (batzuetan eskolara joan nahi lukete baina beste betebeharrak dauzkate) bai haien senideei.
Familiek eurek euren seme-alabak ez eskolatzeko eman ohi dituzten zioak edo aitzakiak honakoak izan daitezke:
– Egun gutxitan egongo dira (egonaldi laburra).
– Eskola-garraioari beldurra diote.
– Adingabe horrek beste adingabe batzuk zaindu behar ditu, haiek landan diharduten bitartean.
– Bakarrik joan eta ondo tratatua ez izatearen beldur dira.
– Heldu arduradun bat geratzen da adingabeak zaintzen (eskolatzearen ordezkapen gisa)...
Horrela, esaterako, azken urtean familiek euren seme-alabak ez eskolatzeko adierazitako zioen artean, honakoak dira ohikoenak:
– 0-3 urte bitarteko adingabeen kasuan, haur oso txikiak dira eta denbora laburrean egongo dira.
– Nagusiagoen kasuan: denbora gutxi zonan, edo haietaz arduratzen den heldu bat dago.
Bilakaera
Esan denez, urtearen eta kanpainaren baldintzen arabera, gunean dauden sasoikako langileen biztanleria eta, zehazki adingabe kopurua eta haien eskolatze premiak oso aldakorrak dira.
Honako tauletan ikus dezakegu. Bertan, azken hamar urteotan jasotako zenbait datu laburbildu dira.
URTEA | PERTSONAK GUZTIRA | ADINGABEAK | FAMILIAK TALDEAK | BATEZ BESTEKO EGONALDIA/ EGUNAK | ADINGABE ESKOLATUAK | ADINGABE ESKOLATUEN % |
2000 | 1.197 | 407 | 155 | 19 | 176 | %43 |
2001 | 1.093 | 298 | 78 Familia 5 Talde | 15 | 118 | %40 |
2002 | 1.308 | 286 | 73 Familia 17 Talde | 13 | 113 | %40 |
2003 | 1.824 | 316 | 93 Familia 38 Talde | 13 | 78 | %25 |
2004 | 2.136 | 434 | 115 Familia 42 Talde | 18 | 84 | %19 |
2005 | 2.125 | 366 | 104 Familia 61 Talde | 20 | 113 | %31 |
2006 | 1.476 | 203 | 87 Familia 49 Talde | 20 | 121 | %60 |
2007 | 1.686 | 213 | 60 Familia 77 Talde | 15 | 69 | %33 |
2008 | 1.637 | 198 | 60 Familia 72 Talde | 20 | 78 | %39 |
2009 | 1.656 | 201 | 66 Familia 47 Talde | 13 | 86 | %43 |
Iturria: Arabako Foru Aldundia. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen urteko memoriak.
URTEA | PERTSONAK GUZTIRA | ADINGABEAK | FAMILIAK TALDEAK | BATEZ BESTEKO EGONALDIA/ EGUNAK | ADINGABE ESKOLATUAK | ADINGABE ESKOLATUEN % |
2001 | 189 | 30 | 10 Familia 14 Talde | 12 | 5 | %17 |
2002 | 208 | 34 | 15 Familia 19 Talde | 11 | 5 | %15 |
2003 | 268 | 38 | 17 Familia 15 Talde | 13 | 0 | %0 |
2004 | 180 | 13 | 5 Familia 19 Talde | 7 | 0 | %0 |
2005 | 149 | 5 | 3 Familia 15 Talde | 10 | 1 | %20 |
2006 | 38 | 3 | 1 Familia 4 Talde | 14 | 1 | %33 |
2007 | 86 | 3 | 1 Familia 14 Talde | 14 | 1 | %33 |
2008 | 80 | 0 | 0 Familia 9 Talde | 10 | 0 | -- |
2009 | 51 | 0 | 0 Familia 5 Talde | 13 | 0 | -- |
Iturria: Arabako Foru Aldundia. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen urteko memoriak.
URTEA | PERTSONAK GUZTIRA | ADINGABEAK | FAMILIAK TALDEAK | BATEZ BESTEKO EGONALDIA/ EGUNAK | ADINGABE ESKOLATUAK | ADINGABE ESKOLATUEN % |
2005 | 116 | 22 | 9 Familia 13 Talde | 13 | 7 | %32 |
2006 | 115 | 20 | 7 Familia 11 Talde | 14 | 6 | %30 |
2007 | 119 | 32 | 17 Familia 9 Talde | 16 | 8 | %25 |
2008 | 103 | 11 | 8 Familia 11 Talde | 17 | 4 | %36 |
2009 | 48 | 4 | 4 Familia 5 Talde | 20 | 0 | %0 |
Iturria: Arabako Foru Aldundia. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen urteko memoriak.
Bilakaerak, datuek erakusten dutenez, alde handiak izan ditu mahats-bilketako gunea izan (Arabako Errioxa) edo tradizioz patatagintzan diharduten guneak izan.
Dagoen adingabe kopuruari eta haien eskolatzeari dagokienez, haiek baitira hemen bereziki aztertzen ari garenak, esan daiteke, eskolatze premietan jaitsiera nabarmena gertatu arren, oraindik esanguratsuak direla Arabako Errioxako eskualdean.
Dauden beste datu batzuek (hemen islatu ez badira ere) gizarte esku-hartze premia indartzen dute, batez ere jatorriak eskolatze edo ez eskolatzeari buruzkoek, adibidez, Portugaldik iritsitako biztanlerian, eta adingabeak dituzten familia askoren ostatu-baldintzei buruzkoek (gehienak gutxieneko baldintzak beti betetzen ez dituzten lonja, borda, biltegi, pabilioi edo bodegetan).
Sintesi edo ondorio gisa (elementu aipagarrienak)
Araban urteotan sasoikako langileen biztanleriaren baldintzei buruz burututako lana erakundeen arteko lankidetza eredu ona da. Arrisku handiko biztanleriaren premiei erantzuteko egindako aurrerapenak ikusten uzten du baina, aldi berean, gizarte tradizio eta sustrai handietako egoeren aurrean esku-hartzeek dituzten mugak ezagutzen ere bai.
Horrela, adibidez, adingabeen eskolatzeari dagokionez, horretarako behar diren baliabideak (garraioa, jantokia, irakasleak, gelak...) ezarri dira eta maila batean haurrak bertaratzea lortu da, baina hausten zaila den eskolatze sabai bat dago (batez ere 12 urtez gorakoen eta hiru urtez berakoen artean), eta oso zaila da zonako ikastetxeetako eskola dinamikan benetan integratzea edo ikasle horien eskolatzeak jatorrizko tokietan jarrai dezala lortzea.
Aztertutako beste gai nagusietan ere antzeko aurrerapenak eta mugak ikusten dira:
– Kontratazio baldintzetan (urtero jatorriko kontratazioak hazi dira, baina sasoikako langile batzuen eta nekazari kontratugile batzuen artean baino ez).
– Ostatu-baldintzetan (lokal batzuk euren baldintzak hobetzen doaz eta beste batzuek oraindik ez dituzte gutxieneko betekizunak betetzen).
– Gizarte sentsibilizazio eta biztanleria harreragilearen inplikazio mailan, oraindik portaeren eta konpromiso mailen artean alde oso handiak egonda.
Horrek guztiak bilketa garaian zonan dauden adingabeen bizi baldintzetan eragiten du, eta hori da atal honetan aztertu nahi izan dugun gai nagusia.
Gomendioak
Arestiko orrietan gogorarazi denez, Sasoikako langileen egoera Araban izeneko txosten berezian 17 gomendio egin genituen funtsezkotzat jotzen ziren kontu guztiak hobetu nahian: erakundeen arteko koordinazioa; kontratazio baldintzak; ostatu-baldintzak; eskolatze baldintzak; gizarteratze baldintzak. Gerora, gomendio orokor zabal eta zehatzagoa egin genuen, "Sasoikako langileen eta haien familien ostatu-baldintzak" izanekoa, (haren eduki osoa txosten honetako bertsio digitalean jaso da).
Atal honetan erakutsi nahi izan dugunez, gai guztietan egon dira aurrerapenak eta guztietan daude oraindik egiteke geratu diren kontuak edo hobetu behar direnak. Hobekuntza horiek –hala uste dugu oraindik– gure gomendioetan eta, era berean, urteotan onartutako planetan adierazitako ildo berean joan behar dute.
Hemen kontua ez da, beraz, biztanleria sektore horrentzako berariazko gomendio berriak egitea; aitzitik, errepikatu nahi dugu egindakoek gaurkotasuna dutela eta erabilgarriak direla, eta arreta berezia eman behar zaiela adingabeen bizitzan eta eskubideetan eragin zuzenagoa duten horiei, hala nola bizi diren bizilekuen baldintzei (ibilgailuak, kanpalekuak, nekazariek utzitako lokalak...) eta guneko ikastetxeetan eskolatzen diren baldintzei.
Erakundeen gogoak eta lanak urte askotan jarraitzeak baino ez dute lortuko oraindik finkatuta dauden eta arriskuan dagoen biztanleria sektore horren eskubideak kolokan jartzen dituzten portaerak gainditzea.
Jakina, biztanleria sektore horrentzat txosten honetako 5. atalean hezkuntza sistemari buruz egin ditugun gomendio asko ere aplikagarriak izan daitezke.
«Denboraldiko langileentzako eta horien familientzako bizilekuen baldintzak». 1997ko gomendio orokorra.
Azken hiru urteotan, mahatsa edo patata biltzera etortzen diren denboraldiko langileek eta horien familiakoek nolako bizi-baldintzak dituzten aztertzen aritu da Arartekoa Arabako hainbat lekutan. Arazorik larrienak sortarazten dituzten lau arlo hauek hartu ditu batez ere kontuan:
– kontratazio sistemak;
– non bizi diren;
– eskolatzea nolakoa den;
– gizartearekiko integrazio-baztertze maila.
Denboraldiko lanak egitera etortzen diren familietako seme-alaben eskolatzeari dagokionez, 1995ean gure erakundeak hainbat gestio eta zeregin burutu zituen, eta egoerak hobera egin duela ikusi dugu.
lazko (1996) txostenean ere langile horien eskubideak hobetzea helburu zuten hainbat ekimen instituzional proposatu ziren. Honako hiru arlo hauek hartu ziren oinarritzat:
1. Arauak garatzea eta legeak betearaztea.
2. Erakundeen eta agente sozialen arteko lankidetza.
3. Langileei zein eskubide eta zerbitzu dagozkien ezagutaraztea.
Azken urte honetan egindako jarraipenaren bidez (txosten honen 2. kapituluan dago jasota), landutako zenbait arlotan aurrerapenak lortu direla ikusi dugu. Gainera, hasieran aipatutako arloetako bat arreta handiz aztertu dugu: denboraldiko langileak eta horien familiak non bizitzen diren. Hori izango da, hain zuzen, aztergai honen ardatza: bizilekua.
Nekazaritzan aritzen direnen artean, egoera anitzak aurki daitezke. Hona hemen lau egoera-mota:
a) erakundeen aterpeetan ostatu hartzen duten langileak;
b) horretarako antolatutako eremu edo kanpamentuetan kanpatzen duten familiak;
c) kontratatu dituzten nekazari edo enpresek egokitutako lokaletan bizi diren langile eta familiak;
d) nora joan ez dutelako, gaua edonon eta edonola pasatzen duten langile eta familiak.
Hainbat dira, bestalde, gai horretan esku hartzen edo laguntzen duten estamentuak. Hor ditugu:
• lurralde historiko honetako erakundeen ekimenak (adibidez, Arabako Foru Aldundiarenak), hala nola, aterpeak prestatzea;
• herri-agintariek emandako laguntza, adibidez, akanpatzeko guneak baimenduz edo prestatuz;
• kontratatzaileek langileentzako lokalak egokitu eta prestatu egiten dituzte (etxebizitzetan edo ardo-enpresen lokaletan)...
Argi dago bizileku-premiak ez direla berdinak kasu guztietan (langileak bakarrik etortzen badira edo familia osoak datozenean...) eta beraz, ezinezkoa da premia guztiei erantzungo dien konponbide bakarra eskaintzea.
Denentzat balioko duten oinarrizko irizpideak finkatu behar dira. Horrela, irizpide hoirien arabera bilatuko dira konponbideak eta agente sozial bakoitzari zein erantzukizun dagokion erabakiko da. Denboraldiko langileen eskubideak errespetatu egin behar dira beti, eta horretarako, Zuzenbidearen eremu guztiak hartu behar dira kontuan. Baina zeregin horretan guztian, ezin dugu inoiz ahaztu zein den gure helburu nagusia: talde jakin baten bizilekubaldintzak aztertu eta hobetzea.
****
Konstituzioan etxebizitza egokia eta duina izateko eskubidea aitortzen da, eta 1948ko abenduaren lOean eginiko Giza Eskubideei buruzko Deklarazio Unibertsalean ere jasota dago. Eskubide hori garatzeko hainbat bide erabili dira nazioartean:
• Hitzarmenak (Langile Migratzaileen eta horien familien eskubideak babesteko Nazioarteko Hitzarmena, 1950ekoa).
• Itunak (Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei buruzko Nazioarteko Ituna, 1996koa).
• Deklarazioak eta gomendioak (Giza Asentamenduei buruzko Vancouvereko Deklarazioa, 1976koa).
• NBEk etxebizitza egokia izateko eskubideari buruz emandako ebazpenak (hainbat ebazpen: Biltzar Nagusiarenak, Ekonomi eta Gizarte Kohtseiluarenak, Giza Eskubideen Batzordearenak, Giza Asentamenduetarako Batzordearenak, Diskriminazioaren Prebentziorako eta Gutxiengoen Babeserako Azpibatzordearenak...).
Hitzarmen, itun, deklarazio eta ebazpen batzuk orokorrak dira; beste batzuk, ordea, egoera jakin batzuk hartzen dituzte kontuan edo babes gutxien duten taldeen eskubideak bermatzeaz arduratzen dira. Orain ez gara hasiko horien guztien ezaugarriak adierazten edo esku artean dugun gai honetan nolako eragina izan dezaketen ikusten. Dena den, interesgarria deritzogu honako bi puntu hauek aztertzeari, garrantzi handikoak baitira:
• etxebizitza "egokia" zer den;
• eta gobernuek eta bestelako agenteek eskubide hori nola bermatu behar duten.
Har dezagun, adibidez, NBEn gai honen inguruan azken aldian landu den dokumentuetako bat: Habitatari buruzko Programa (Helburuak eta Hatsapenak, Konpromezuak eta Mundu Osorako Jarduketa Plana), Giza Asentamenduei buruzko Nazio Batuen Konferentziarako Prestakuntza Batzordeak onartua (1996ko apirilaren 12ko A/KONF. 165/L.l).
Habitatari buruzko programan, honela deskribatzen da etxebizitza egokia zer den:
"43. Etxebizitza egokia izatea ez da aterpe hartzeko lekua izatea soilik. Honako osagai hauek ere nahitaezkoak dira: eremu pribatua; behar adina leku; eskuragarritasun fisikoa; behar besteko segurtasuna (egitura egonkor eta iraunkorrak ere barne hartzen direla); iluminazio, berokuntza eta aireztapen egokiak; ura, saneamendua eta hondakinak deusezteko zerbitzuak izango dituen oinarrizko azpiegitura, horiek ingurugiroarekin eta osasunarekin lotura estua baitute; kokagune egokia, lantokia eta oinarrizko zerbitzuak eskura izango dituena; eta horrek guztiak ez du neurriz kanpoko kosturik izan behar. Faktore horiek egokiak diren ala ez neurtzeko, interesdunarekin aztertu behar dira beti, mailaz maihkako garapena ere kontuan hartuta. Egokitasun irizpidea aldatu egiten da herrialde batetik bestera, tokian tokiko faktore kulturalen, sozialen, ekonomikoen, ingurugirokoen... araberakoa izaten baita".
Aipatu dugun programan, etxebizitza egokia arian-arian lortu ahal izateko gobernuek zein neurri hartu behar dituzten ere aipatzen da, besteak beste:
"d) Biztanleak nolako bizilekuetan bizi diren eraginkortasunez gainbegiratu eta neurtzea, non bizi ez dutenen eta egokiak ez diren etxebizitzen kopurua ere zehaztuko dela. Egoera horretan daudenekin hitz egin ondoren, etxebizitza-politika egokiak burutu eta arazo horiei aurre egiteko egitasmo eraginkorrak gauzatuko dira".
Habitatari buruzko programan "babes gutxien duten taldeei" arreta berezia eskaintzen zaie, eta talde horretakoak dira, hain zuzen, "langile migratzaileak". Honakoa aipatzen da gai horren inguruan:
"72. Babes gutxien duten taldeek ez dute berdintasunezko baldintzetan aritzerik izaten baliabide eta aukerak hrtzeko orduan. Norbait joera sozioekonomiko nagusietatik eta erabakiak hartzeko prozesuetatik kanpo eta baztertuta uzten dutenean gertatzen da hori. Talde horien egoera hobetzeko behar-beharrezkoa da hainbat arlotan sarbidea ematea: etxebizitzan, finantzaketan, azpiegituretan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan, gizarte babeserako baliabideetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan".
Aipatu ditugun erabaki edo irizpideak orokorrak dira asentamenduak edo etxebizitzak orokorrean hartzen dituzte kontuan, ez baitituzte egoera jakin batzuk aztertzen, hala nola, denboraldiko langileena.
Nazioarteko Lan Erakundeak (NLE), hainbat gomendio eta hitzarmenen bidez, irizpide jakin batzuk finkatu ditu aipatutako talde horientzat. Hona hemen zenbait adibide:
• Nekazaritzan lan egiten dutenen bizilekuari buruzko 16/1921 gomendioan honako hauek jasotzen dira:
"Nazioarteko Lan Erakundeko kide bakoitzak nekazaritzan lan egiten dutenen bizileku-baldintzak arautuko ditu -aurretik egin ez badu bederen-, legegintzaren bidea nahiz bestelakoak erabiliz. Horretarako, kasuan kasuko herrialdeko nekazaritzan eragina duten baldintza klimatologikoak nahiz bestelakoak hartuko ditu kontuan, eta aldez aurretik, kontratatzaile eta langile erakundeekin hitz egingo du, horrelako erakunderik egonez gero bederen.
Araudi hori kontratatzaileek langileentzat egokituko dituzten lokal guztietan nahitaez bete beharko da: langile bakanentzako nahiz familia osoentzako lokaletan, kontratatzaileek utzitako etxebizitza eta eraikinetan.
Araudi horrek ondorengo xedapenak hartuko ditu barne:
a) familiak, langile taldeak zein bakanak hartuko dituzten bizilekuetan berogailuak ezarriko dira, baldintza klimatologikoak direla-eta horrelakorik behar ez denean izan ezik;
b) taldeentzako lokaletan langileek ohe bana eta behar beste altzari izango dituzte, eta baita garbitasunerako leku egokia ere; bestalde, lokal desberdinak egokituko dira emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat. Familia osoentzako bizilekuak haurrak kontuan hartuta egokituko dira;
c) zalditegiak eta kortak ez dira langileen logelatzat erabiliko.
Nazioarteko Lan Erakundeko kide bakoitzak araudi horren xedapenak betearazteko behar diren neurñak hartuko ditu".
• 1962ko ekainaren 22an egindako Gizarte Politikari buruzko Hitzarmenak (oinarrizko arauak eta helburuak) honako irizpide hau ezartzen du seigarren artikuluan: «Lanaren ondorioz, langileak beren etxebizitzetatik kanpo bizi behar dutenean, lan-baldintzetan familien ohiko premiak hartuko dira kontuan». Era berean, bizilekua ordainsariaren barruan sartzen denean, agintari eskudunak bizileku egokia emango zaiela bermatuko duten neurri egokiak hartuko ditu.
• Famili erantzukizunak dituzten langileei buruzko 165/1981 gomendioak, denboraldiko langileei dagokienez, honakoa ezartzen du 21. artikuluan: langile horiek babesteko, gehienetan famili erantzukizunak izaten dituztela, lan-baldintzak behar bezala arautu eta gainbegiratu beharko lirateke. Eta artikulu horren bigarren atalean, honakoa dio gainera: denboraldiko langileen lan baldintzak, ahal den neurrian, langile iraunkorrenekin parekatu behar direla.
NLEk ere finkatuta dauzka zein diren etxebizitza egokia izateko bete behar diren gutxieneko baldintzak. (Ikusi, adibidez, langileen etxebizitzei buruzko ekainaren 7ko 115/1991 gomendioa).
Nazioarteko erakundeek, noski, irizpide eta gomendio orokorrak egiten dituzte, eta ez die egoera jakin edo zehatz batzuei bakarrik erreparatzen, horiek aldatu egiten baitira herrialde batetik bestera. Gobernuen zeregina da, hain zuzen, irizpide horiek (orokorrak) tokian tokiko egoerari (partikularrak) egokitzea, eta baita lurralde bakoitzeko administrazio aginpidedunarena ere. Hori dela-eta, helburu bera lortzeko (guri dagokigunez, denboraldiko langileen eta horien familien bizilekua) hainbat bide edo programa gauzatuko dira lurralde desberdinetan, bakoitzak bere egoera hartuko baitu kontuan.
Horrela, denboraldiko langileen eta horien familien bizilekuari dagokionez, hainbat ekimen burutu dira gure inguruan. Hona hemen zenbait adibide:
• Dirulaguntzak ematea: batzuetan nekazariek jasotzen dituzte (adibidez, nekazaritza-ustiategiak berriztatzeko laguntzak, «ustiategi horietan lan egiten dutenen bizi eta lan baldintzak hobetzeko asmoz». Horiek otsailaren 9ko 204/1996 Errege-Dekretuaren 5. art.an aurreikusten dira); beste batzuetan, berriz, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeek (adibidez, bizilekuak egokitzeko dirulaguntza, Gizarte Gaietarako Ministerioak 1994ko azaroaren 4an barne-migrazioak babesteko neurriei buruz emandako Aginduan jasota daudenak).
• Zenbait zerbitzuk baimena lortzeko, izena emateko, egiaztatzeko, ikuskatzeko... gutxieneko zein baldintza material eta funtzional bete behar dituzten finkatzea (adibidez, Andaluziako Juntako Gizarte Arazoetarako Kontseilaritzak, otsailaren 20ko 87/1996 dekretuari eta 1996ko otsailaren 29ko aginduari jarraiki, bide hori hartu du gizarte zerbitzuetarako zentroak arautzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan ere, 1997ko azaroaren 12an emandako agindua betez, Kultura Sailak bide hori hartu du beste zerbitzu mota batzuk arautzeko, hala nola, haur eta gazte taldeen egonaldietarako aterpe eta instalazioak).
• Aztergai dugun sektoreko hitzarmen kolektiboetan, kontratatzaileak denboraldiko langileei bizilekua emateko ardura eta erantzukizuna dituela sartu da, eta bizileku horiek duinak izateko bete beharreko baldintzak ere finkatu dira (adib.: Errioxako eta Jaengo hitzarmenak).
• Udalbatzei langileak eta horien familiakoak babesteko laguntza eman zaie. Hainbat zerbitzu jarri dira martxan, hala nola, denboraldiko langileen seme-alabentzako haurtzaindegiak (adibidez, Andaluziako Juntako Gizarte Gaietarako Kontseilaritzak 1992ko urtarrilaren 10ean emandako agindua).
Adibide horiek guztiak ikusi ondoren, argi geratu da denboraldiko langileen arazoak hainbat konponbide izan ditzakeela: berariazko arau edo hitzarmenak egitea edo horien egoera ere barne hartuko duten arau orokorragoak ezartzea. Bi bideak dira baliagarriak lortu nahi dugun helburua erdiesteko.
Gaur egun, ez gure Autonomia Erkidegoan, eta ezta Arabako Lurralde Historikoan ere, nekazaritzan ez dago inolako hitzarmen kolektiborik. Baina badira, ordea, arazo hori konpontzeko balio dezaketen legegintza-ekimenak edo arauak. Legebiltzarra hasi da jadanik Nekazaritzaren Garapenari buruzko Legearen aurreproiektua bideratzen. Eta ezbairik gabe, aztergai dugun arazoari eta beste batzuei aurre egiteko aukera ezin hobea da. Horretaz gain, gaur egun indarrean dauden zenbait testu arau-emaile ere oso baliagarriak dira erakundeek ustiategiak "modernizatzeko" emango diren dirulaguntzak bideratzeko. Honakoak dira, bada, aipatutako testuak: uztailaren 30eko 210/1990 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaustiategietarako laguntzei buruzkoa, eta uztailaren 8ko 168/1997 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasuna duten nekazaritza-ustiategiak arautzen dituena. Esatekoa da, azken dekretu horretako zioen adierazpenean aurrerago aipatu dugun ustiategien "modernizazioa" aipatzen dela besteak beste, eta kontzeptu horrek langileen bizi eta lan baldintzen hobekuntza ere hartzen duela barne.
Izan ere, lurralde honetako zenbait enpresa eta nekazarik dirulaguntza publikoak lortu dituzte denboraldiko langileentzako eta horien familientzako bizilekuak egokitzeko. Dena den, Araban bizilekuak zertan diren aztertu ondoren, zenbait puntu argitu beharra dagoela iruditzen zaigu. Hauexek, hain zuzen:
a) kontratatzaileak (nekazaria nahiz enpresa izan) langileen eta horien familien premien araberako bizilekua emateko erantzukizuna duela;
b) bizilekuek "duinak" izateko bete behar dituzten gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak zein diren;
c) administrazioek (udalek, Foru Aldundiak...) baldintza horiek baimendu, gainbegiratu eta zaintzeko erantzukizuna dutela.
Hori guztia kontuan hartuta, Arartekoak honakoa gomendatzen du: denboraldiko langileentzako eta horien familientzako egokitutako bizilekuek bete beharreko gutxieneko baldintzak arautzea (materialak, higienikoak eta funtzionalak). Eta araudi hori hartuko da oinarritzat dirulaguntza publikoak emateko, bizilekuak baimendu eta ikuskatzeko eta, azken finean, bizileku duinak izango dituztela bermatzeko.
«Sasoikako beharginen alojamenduetako baldintzak arautzea». 2000ko gomendio orokorra
1996tik Arartekok Legebiltzarrari urtero-urtero igortzen dizkion txostenetan islatu du zeintzuk diren Araban mahatsa eta patatak batzen dituzten sasoikakoen eta euren familien egoeraren gaineko kezka eta proposamenak (1996tik 1999ra arteko txostenen 1. kapitulua). Horrela bada, gehienbat lau izan dira jorratu izan diren gaiak:
– kontratazio sistemak;
– alojamendurako baldintzak;
– seme-alaben eskolaratzea;
– gizarte integrazioa eta bazterketa.
Hona hemen bildutako gomendio orokorra lau gai horietariko bati baino ez dagokio: sasoikako beharginei alojamendua emateko instalazioen baldintzak, alegia
.
Ez da Arartekok gai honi zuzenean heltzen dion lehenengo aldia. Horrela, 1997ko txostenean sasoikakoen eta euren familien alojamendu baldintzak arautzeko beharrizanari buruzko gomendio orokorra sartu zuen eta azken urteko txostenean ere (1999) lehentasunezko trataera eman zitzaion.
Edozein modutan ere, proposamenak gorabehera, ez da lortu egoerak ageriko hobekuntzarik izatea eta alojamenduen gaiak konpondu gabeko gaia da, hau da, zalantzen, arazoen eta kezken aldiro-aldiroko iturria.
2000. urtean barrena, Arabako sasoikako langileen arazoari aurreko egiteko hainbat erakundek sortutako mahaiaren batzarretatik batean (otsailaren 22ko bilera) planteatu zen egokia izango zela Arartekok pertsona hauen eta euren familien alojamenduari buruzko gaia, oraindik ere konpondu gabekoa, berriro ere aztertzea eta mahaikideek erreferentzia gisara erabiltzeko agiri edo proposamenen bat egitea.
Eskari horri erantzunez, Ararteko erakundeak hainbat lan bilera izan zituen gai honen inguruko eskumena duten administrazioetako zenbait arduradunekin (horietariko batzuk erakundeen arteko mahaian ez dauden Eusko Jaurlaritzako sailekin) eta, ondoren, arautzeko proposamenak jasotzen zituen txosten bat taxutu zuen; txosten hau Arabako Ongizateko Foru Diputatuari igorri zion, bera hartu behar baita mahai horren arduradun edo bultzatzailetzat, eta bestelako erakundeetara ere bidali zuen.
Hona hemen bildutako gomendio orokorrak mamiz jasotzen ditu txosten horren edukia eta 2000ko maiatzean aurkezturiko proposamenak; alta, horiei, txosten hau idazteko momentuan, ez die oraindik ere erantzun zehatzik eman erakunde eskudunetariko bakar batek ere.
Aurten arte gai honen inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzearen bitartez arazoa deskribatu eta aztertu nahi izan da, bai eta proposatu ere, zeintzuk diren egoera hori hobetzeko erakundeek abian jarri beharreko jarduerak, betiere legeriak emandako zereginen arabera eta beste erakunde batzuei dagozkien zehaztapenetan sartu barik. Edozein modutan ere, egindako txostenean zein gomendio honetan aurrerapauso bat gehiago egin eta egoera desblokeatzeko erabilgarritzat jotzen diren hainbat adibide eta proposamen ematen dira.
Gomendioa hiru zatitan egituratzen da:
1. Lehenengoa, deskribatzailea; bertan aztertutako errealitatea ez ezik bete beharreko premiak ere islatzen dira (neurri batean aurreko urteetan egindako azterlanen laburpena izan liteke).
2. Beste toki batzuetako hainbat ekimen eta proiekturen berri ematen den bigarren zatia (horiek guztiak erreferentzi modura erabil litezke).
3. Gaiari eskumenaren ikuspuntuaren aldetik oratzen zaion hirugarren zatia; era berean, egoera erregulatzeko lanabes juridikoak ere proposatzen dira (gomendioa eta proposamenak).
1. Sasoikako beharginen eta euren familien kokaleku eta alojamenduak Araban. Aintzat hartu beharreko egoerak
Sasoikakoen problematika aztertzean izan ohi den arazoetariko bat da euren errealitatearen gaineko datu orokor eta fidagarririk ez egotea. Badira hainbat gairen inguruko datu partzialak (eskolaturiko adin txikikoen inguruan, informazio bulegoetara jotzen duten edo Agurain zein Biasteriko aterpetxeak erabiltzen dituzten pertsonen inguruan, Gizarte Segurantzako alta hartu duten langileen inguruan...), baina horien bitartez oso nekeza da arloaren arazoei buruzko ikuspuntu orokorra -kuantitatiboa eta kualitatiboa- ateratzea.
Alojamendu eta kokalekuei buruzko datu zehatzei dagokienez, arazoa oso antzekoa da. Kasu jakin batzuetan, bai udal ekimenez bai Gizarte Ongizate Foru Institutuak sustatutako egitasmoen ekimenez, gai honen inguruko hainbat datu jaso eta ezagutu ahal izan dira. Horrela bada, azken kanpainetara mugatuz, esate baterako, erabiltzeko moduko zenbait datu iturri ditugu, nahiz eta lokal edo alojamenduen errolda fidagarririk existitzen ez den. Ziurtasun eta argitasun handiagoa eman nahian, hona hemen bilduko ditugu 1999ko kanpainari dagozkion datuak (horren inguruan memoria guztiak erabili ahal izan dira). 2000. urteko datuei dagokienez, hainbat sartu dira, betiere gomendio hau idazteko momentuan (2000ko abendua) horiek eskuratzeko modua zegoen ala ez kontuan hartuta. Horrenbestez, 1999ko kanpainei buruzko datu iturrietara joz, ondoko hauek guztiak aipatuko ditugu:
– Patata batzeko eremuari dagokionez, "Cáritas" erakundeak 1999an sasoiko eta nekazariekin egindako lanaren inguruan taxuturiko memoriak datu interesgarriak ematen ditu; datu horiek guztiak Arabako Lautada, Arana Haran eta Arabako Mendialdeko 36 herritan egindako 112 inkestari esker eskuratu ahal izan ziren.
– Arabako Errioxako eremuaren kasuan, oinarrizko gizarte zerbitzuen eskuhartzeak eta azken urteotan barrena Eltziegon gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko egitasmo batek ekarri dute, esate baterako, adin txikiko ugari eskolaratzea edo elikadura, osasun, higiene edo aisialdiko erabilerarekin zerikusia duten jardueretan parte hartzea ez ezik herri horretara bertaratzen diren sasoikoen eta euren familien egoerari buruzko datu orokorrak biltzea ere. Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizate Sailak diruz lagundutako egitasmo honen garapenarekin arduratzen den Hezilan heziketa taldeak urtero-urtero egindako txostenetan oso datu interesgarriak jasotzen dira etorkizunean hainbat eskuhartze bideratu ahal izateko: familien jatorria, familiaren osaketa, mahats bilketara etortzen emandako urte kopurua, eskolaratze erregistroak... Egitasmo hauek beste udalerri batzuetara (Lantziego eta Kanpezu 2000. urtean) zabaltzearen ondorioz errealitatea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.
– Gizarte Zerbitzuetako Idazkaritzak sustaturiko Arabako Errioxan egindako sasoiko lanari buruzko azterlanak eremu horretako alojamenduetako eskuragarritasun, okupazio, tipologia eta edukierari zein baldintzei buruzko ikuspuntu zabala ematen du, bai eta gai honen inguruan nekazariek eurek sentitutako zailtasunak ere. Aipatu beharra dago datu horiek guztiak inkesta bitartez jaso ahal izan direla eremu horretako ustiategietako jabeei egindako elkarrizketetan.
Mahatsa biltzeko 1999ko kanpainan, gainera, aipatzen dihardugun gaiari zuzenean eragiten dion zirkunstantzia berria izan zen: aurreko urteetan Eltziegon kanpatzeko egokitu ohi zen gunea kendu izana. Jakina denez, azken bi urteetan aplikatu den erabaki honek familia askoren kokaleku baldintzei eragin die zuzenean; izan ere, aurreko urteetan bertara jotzen eta kanpatzen ohituak egon dira. Ararteko erakundeko langileek in situ egiaztatu ahal izan zuten zeintzuk izan ziren makina bat familiari, batez ere ailegatu eta lehendabiziko momentuetan, planteatu zitzaizkion arazoak eta zalantzak.
Kanpatzeko gunea kentzeko erabakia hartu da, beste arrazoi batzuen artean, alde kontratugileek kontrataturiko pertsonei alojamendua emateko erantzukizuna hartzeko irizpideari jarraituz. Erakunde hau ere bat dator irizpide horrekin eta horrelaxe adierazi du uneoro. Arazoa, hala ere, sortzen da kontratugileek erantzukizun hau beren gain hartzen ez dutenean edo pertsonen duintasuna errespetatzen ez duten baldintzak edo eska daitezkeen gutxienekoak betetzen ez dituztenean. Bestalde, aipatu beharra dago gutxieneko horiek ez daudela ezarrita, horiek erregulatzeko arautegia edo zehazteko erabakia falta delako.
Erakunde honen aurreko txostenetan lau egoera mota bereizi dira pertsona hauei alojamendua emateko baldintzei dagokienez:
a) erakundeek bultzaturiko aterpetxeetan -eskuarki egun bat edo bitan barrenahartutako pertsonei dagokiena;
b) horretarako beren beregi ezarritako gune edo akanpalekuetan kanpatzen duten familiei dagokiena;
c) nekazariek edo enpresa kontratugileek egokitutako lokaletan alojamendua hartzen duten pertsona zein familiei dagokiena;
d) baldintza hoberik ezin topa dezaketelako, gaua ahal duten lekuan eta moduan igarotzen duten famili zein pertsonei dagokiena.
Badira bestelako desberdintasun esanguratsuak eta garrantzi handikoak. Horietariko bat da inguru horretara familiarik gabe lan egitera doazenen eta familia guztia eurekin batera eroaten dutenen artekoa. Jakina denez, beharrizanak oso desberdinak dira kasu batean eta bestean.
Hona bilduko ditugu 1999ko kanpainari batez ere dagozkion hainbat datu, betiere gorago aipatutako lau egoera horietariko bakoitzari buruz. Batzuetan memorietatik ateratako informazioak dira; beste batzuetan Arartekoren langileek 1999ko irailaren 29an eta urriaren 6an kokaleku eta lokaletara egindako bisitetatik ateratako datuak dira. Era berean, men egingo diogu 2000ko urriaren 17 eta 18an egindako bisiten ondorioz aztertu ahal izan dugun egoerari.
a) Aterpetxeak
Behin beharrezko obrak amaitu eta gero, 1998an abian jarri zen Aguraingo aterpetxe iraunkorra, Arabako Foru Aldundiak sustatua eta 31 pertsonarentzako lekua duena. Biasteriko aldi baterako aterpetxeari gagozkiola, aurreko urtean legez, udal igerilekuko lokalak prestatu dira, plaza kopuru zehatz bat kontuan hartuta (48 pertsona) eta funtzionamendurako antzeko irizpideak erabili dira (gehienez ere gau biko egonaldiak, mantenua...).
Bi zerbitzu hauek hartzen dituzten eskariak eta ematen duten zerbitzua nahiko desberdinak dira: Aguraingo zerbitzuaren kasuan, eskaria txikiagoa da (93 gizonezko lau astetan barrena eta 99an gainezka egiteko ezelako problemarik izateke), eta Biasterikoaren kasuan askoz handiagoa (192 gizonezko eta 13 emakumezko, hamaika egunetan barrena 99an). Azken kasu honi dagokionez, aterpetxeak gainezka egin zuen funtzionamenduaren lehendabiziko egunetan eta, ondorioz, pertsonei harrera egiteko lekua behin-behinean handitu behar izan zen 16 plaza gehiago eskainiz. Azken urtean egoera hori intentsitate handiagoarekin gertatu da; horrela, irekita egon den hamar egunetan barrena okupazioa %100ekoa izan da, eta, azkenik, aldez aurretik ixtea erabaki da kudeaketa arazoak egon direlako.
Argi dago aterpetxeen formulak badituena hainbat muga eta kontraesan. Era berean, elementu positiboak ere ageri dira: erakunde desberdinen arteko lankidetza, eremu horretako oinarrizko laguntza zerbitzuen eta boluntarioen inplikazioa, kolektiborik ahulenei -berbarako atzerriko etorkinei- eskainitako arreta (1999an Agurainen hartutako 93etarik 84 eta Biasterin hartutakoen %80 izan dira atzerriko etorkinak), alojamenduaz gainerako bestelako zerbitzuak eskaintzea (arropa, janaria, garbiketa, botika kutxa, informazioa...).
Alta, zerbitzu horietako memoria teknikoetan ageri diren datu eta balorazioekin bat, azken urte honetara arte adieraz zitekeen aterpetxeen bideak, bere mugak izan arren (bi eguneko gehieneko egonaldia, ordutegiak mugatuak izatea, hainbat egunetan gainezka egitea, gizarte agenteen aldetik inplikazio maila desberdina...) zerbitzu baliagarria ematen ziola oso ahula den pertsona kolektibo bati, hots, mahatsa edo patata biltzera bere kasa edo familiartekoak ez diren taldeetan doan kolektiboari, gehienbat atzerriko jatorria duten pertsonek osatua (bereziki Magrebekoak). Azken urtean Biasteriko aterpetxean sorturiko arazoek ekarri beharko dute inguru honetan eskaintzen den zerbitzuaren balorazioa eta egoera berraztertzea. Berraztertze horretan, besteak beste, kontuan hartu beharko lirateke Biasteriko aterpetxearen behin-behineko egoera eta baldintza materialak eta segurtasunezkoak, bai eta inguru horretara bertaratzen den pertsona kopuru gero eta handiagoa ere, nahiz eta alojamendurako premiak konponduta izan ez.
Zerbitzu hauetako funtzionamenduan badira sasoikakoen beharginei zuzendutako beste toki batzuetako aterpetxeen aldean bereizgarriak diren bi ezaugarri: behin-behineko harrera eskaintzen dute (kontratuak izan ez diren bitartean, ez kontratuaren epearen barruan) eta administrazioa da kostu guztiak ordaintzen dituena (AFA eta ez nekazariak). Bi ezaugarriok elkarrekin dute zerikusia eta berraztertu beharko lirateke, baldin eta aterpetxeak alojamendu iraunkorrerako formulatzat hartzen badira; izan ere, gai hori behin baino gehiagotan planteatu da irtenbide egoki modura eta gainera beste leku batzuetan badago honen inguruko esperientzia handia.
b) Kanpatze guneak
Aipatu denez, azken bi urteetan Eltziegoko ohiko kanpatze gunea kendu da. Eremu hau, gehienbat, estatutako beste leku batzuetatik zein Portugaletik etorritako ijito etniako familiek erabiltzen zuten.
Patata batzeko eremuan, gutxienik, Albainako kanpamenduari eutsi zaio aurreko urteetako antzeko baldintzetan: bi komun, elektrizitate sorgailu bat, edateko ur txorrota eta hainbat zaborrontzi. 1999an udalak komunerako lagatako ur patin bat ezarri zen, nahiz eta azken kanpainan horrelakorik egon ez den. Alta, "etxebizitzak", kasurik gehienetan, aldi baterako txabolatzat har daitezke (hamabost bat gutxi gorabehera), osagai eta material eskasez eginda daude eta ez dituzte segurtasun zein osasun arloko gutxieneko baldintzak betetzen. Orobat, esan beharra dago autobus zahar bat eta hainbat furgoneta alojamendu gisa erabiliak direla. Eremu horretako kanpatze guneei dagokienez, ez dugu zuzeneko daturik, ez baitugu bisitatu.
Eltziegoko kanpatze gunea benetako alternatiba barik kentzearen ondorioz, inguru horretan kanpatze gune berriak sortu dira, txikiagoak eta, kasuen arabera, eskasia baldintza gehiago edo gutxiago dituztenak. Horrela bada, 1999ko urriaren 6an hainbat kokaleku bisitatu ahal izan genituen:
– kanpatzeko lehengo gunearen aurrean, nekazari kontratugileak karabanak eta furgonetak aparkatzeko lagatako eremu batean (5 familia);
– Eltziegon ere mahastietara abiatzeko eta harrera leku bihurtzeko zabaldutako bide batean (6 familia);
– Baños de Ebroko baskularen ondoan (9 familia);
– nekazarien lonja edo pabilioiaren baten alboko guneetan (Biasterin, Samaniegon, Bañosen, Lapueblan, Eltziego...);
– eraikitze materialak pilatzeko hainbat eremutan (Villabuenan...).
Kanpaldi hauek azken urte honetan ere izan dira eta berriak ere sortu dira; horietariko batzuk nahiko handiak izan dira, berbarako Elvillarren bisitaturiko bat (urriaren 18an, 12 familia handi baino gutxiago ez zituena).
Oro har kanpatze eremuak nahiko familia handiek edota euren artean senideturikoek hartzen dituzte (batzuetan 40 kide baino gehiagokoak). Taldeka abiatzen dira furgoneta eta kamioietan eta, eskuarki, argi eta ur hartuneren bat eskaini ohi zaie, baina ez kasu guztietan. Gainerako zerbitzuak (komunak, dutxa, sukaldea, ur beroa, lo egiteko lekuak...) euren kontura dira. Eltziegon kanpatutako pertsonek udal igerilekuko dutxa eta bainugelak erabili ahal izan dituzte.
Erakunde honetako langileekin berba egin ahal izan duten ia guztiek uste dute euren egoera txarrera egin duela aurreko urteetakoaren aldean (zerbitzu ezagatik, herriko erdiguneko urruntasunagatik, gunetara sartzeko zailtasunagatik). Baten batek adierazi du egoera nahiko antzekoa dela: "lehen bezain txarra". Era berean, bada batzuetan aintzat hartzen ez den egoera aditzera eman zuenik: nekazari kontratugileek alojamendua eskaini zieten, baina gurago zuten, euren kamioiak eta erdi-atoiak erabilita, taldeko bizimodua egin.
Azken ohar honek ageri-agerian jartzen du behar bezalako alojamendua emateko zer-nolako zailtasunak ekartzen dituen horrelako lekuetara, lan egingo dutenez gain, kide guztiak biltzen dituzten familiak bertaratzea. Esperientziak erakusten digu errealitate honi (familian bertaratzearena) urterik urte eusten zaiola, eta, litekeena dela horrela izaten jarraitzea kultura eta merkatu arrazoiak direla eta. Hori ikusita, ez du ematen irtenbiderik egokiena ezikusiarena egitea denik, horiek guztiak existituko ez balira bezala.
c) Alojamenduak, nekazariek edo enpresa kontratugileek eskainitako lokaletan
Arartekoren 1997ko urteroko txostenean egoera modu honetara laburbiltzen zen:
"Nekazarien zein enpresa kontratugileen jabetzako lokaletan harrera egiten zaien pertsona eta familiei dagokienez, oso egoera desberdinak ikusi ahal izan dira: eredugarritzat jo diren lokalak (gaitasun handiko enpresa batzuek prestaturikoak) (...), gutxieneko bizi baldintzak betetzen ez dituzten guneak (sarritan familia arteko hainbat ustiategitan lanabesak gordetzeko erabiltzen diren lekuak), bai eta hainbat udalerritako nekazariek alojamendurako lokalak beren beregi konpondu eta berriztatzeko ekimen batzuk ere". Horrela bada, 1999an bereziki egindako kanpoko bisitaldietan ikusitakoak bide ematen du oinarri-oinarrian arestian esandakoari eutsi ahal izateko.
Urte horretako irailaren 29tik urriaren 6ra bitartean bisitatu ahal izan ziren langileei eta euren familiei alojamendua emateko hainbat udalerritan erabiltzen diren lokalak, esate baterako Arabako lautadakoak, Arabako mendialdekoak eta Arabako Errioxakoak. Alojamendu horien baldintzak apuntatu ziren horretarako berariaz egindako ohar fitxa batean.
Ikusitako oinarritzat hartuta, lokal horietako tipologiarik ohikoena honako deskripzioarekin etor daiteke bat:
– Bizitzeko prestatutako lekuari dagokionez, pabilioia independenteak edota nekazarien etxebizitzari atxikitako guneak izaten dira, sarritan lanabesak edo salgaiak bildu eta gordetzeko erabili eta data horietan sasoikakoen familiei harrera egiteko garbitu edo atontzen direnak.
– Baldintza zein zerbitzuei dagokienez, ohikoena izaten da ura eta argia izatea eta sukaldea zein komuna pabilioian bertan egotea edo leku hurbil batean. Espazioa banatu ohi da ezkontideen edo familien arabera, lurrean jarritako koltxoiek ematen duten tartea besterik ez dagoela; kasurik onenean mahai edo manpararen bat ere egon daiteke.
Lokal horietan hartutako pertsonen kopurua oso aldakorra da kasuen arabera. Egindako bisitetan era guztietako egoerak ikusi eta aztertu ahal izan dira: 14 familia eta 43 pertsona lonja horietako batean, bai eta 10 pertsonako familia bakarrak okupatutako lokalak ere.
Gai hau behar bezala baloratu ahal izateko, komeni da honakoak, bederen, gogoan izatea: egoerak oso aldakorrak izaten direla ( bai beharrizanei zein emandako irtenbideei dagokienez), alojamenduak emateko baldintza ekonomikoak zeintzuk diren ezagutzeko zailtasunak egoten direla, eta arazo handiak izaten direla enpresak edo nekazariek eskainitako objektu zein zerbitzuen eta kontratatuek eurek ekarritako ekipamenduaren artean bereizi ahal izateko.
Arabako Errioxan sasoikakoen lanari buruzko txostenean, 2000ko apirilekoa eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetarako Idazkaritzak sustatutakoa, normalean izaten diren makina bat egoerari buruzko datu esanguratsuak jasotzen dira, ikuspuntu zehatz bat ere sartuz: kontratua egiten duten nekazariena, hain zuzen ere. 298 nekazariri egindako lagin batetik hartu diren datuek errealitatera gehiago hurbiltzea ahalbideratzen dute, betiere lagin horren baliozkotasuna eta fidagarritasuna erabatekoa ez dela jakin arren. Horrela, aztertutako laginari dagokionez, ondokoa jakin ahal izan dugu, adibidez:
– Zenbatek ematen duten alojamendua (guztien %64) eta zenbatek ematen ez duten (herena baino gehiago).
– Zein alojamendu mota eskaintzen duten: etxea (%33), lonja (%35), biltegia edo pabilioia (%19)...
– Gutxieneko zein baldintza betetzen dituzten alojamendu hauek: edateko, argia, bainugela eta sukaldea (%40); gainera, ur beroa eta oheak (%30)...
– Inguru horretan zenbat plaza egongo diren gutxi gorabehera (193 inkesta positiboetan 1.688 plaza zenbatu dira eta plaza kopurua 4.000-4.500 ingurukoa izango dela pentsatzen da).
– Zeintzuk diren nekazariak sasoikako langileei alojamendua emateko dituen zailtasunak: leku egokirik ez izatea (%27); lokala berritzeko premia, mahats bilketak oso egun gutxi irauten duela eta kostua handia dela kontuan hartuta (%10); elkarbizitza arazoak eta portaeraren gaineko zalantzak (%16)...
Kasu honetan gogoan izan behar da iritzi hauek guztiak nekazariek beraiek eman dituztela eta ezin izan direla kontrastatu beste iturri batzuekin edo errealitatearen zuzeneko azterketarekin.
Aztertutako errealitateak, gutxienik, irtenbide hauek zailtzen dituzten bi elementu objektibo nabarmentzeko aukera ematen digute:
– hainbat ustiategiren tamaina, ezaugarriak eta gaitasun ekonomikoa, hau da, beharrezko baldintzak bete beharreko alojamendua jartzeko baliabide gutxi dituztenak;
– instalazio hauek urtero alojamendu modura erabiltzeko denbora tarte laburra (biltzeko kanpainak nahiko laburrak izaten dira).
Jakina denez, Arabako Errioxako ardo enpresa handi baten gaitasun ekonomikoak ez du zerikusirik patata lantzeko hektarea batzuk erabiltzen dituen nekazari arrunt baten baliabideekin. Ikusi ahal izango dugunez, alojamenduaren gaineko irtenbiderik duinenak enpresa gogorrei dagozkie edo bereziki sentsibilizaturiko nekazariei edo egokitzen den azpiegitura dutenei. Hainbat kasutan, azpiegiturak egokitzeko beharrezko obrei ekiterakoan, erakundeen laguntza ekonomikoak izan dituzte.
d) Alojamendurik gabeko pertsonak eta zerbitzurik gabeko kanpatze guneetan dauden familiak
Kanpatze guneen inguruan deskribatu eta ikusitako egoeretariko batzuk ezin hobeto sar daitezke atal honetan. Horri erantsi beharko litzaioke Biasterin zenbaitetan jazotzen den egoera, hau da, aterpetxeak ohe guztiak beteta dituen egun, edo hobeto esanda, gauetan gertatzen dena (arkupetan edo autobus geltokian lo egiten duten pertsonak...).
Egoera mota hauek maizago izaten dira kontraturik ez dagoen kasuetan: beharginak inork kontratatu ez dituenean edo kontratu batetik bestera zain egoten diren bitartean. Alabaina, sarritan geratu ere egitean da, langileek kontratua izan arren, kontratugileek alojamendurako erantzukizuna beren gain ez hartzea.
***
Deskribatutako egoera gogoan izanik, erakunde honek aurreko aldietan ere azpimarratu gura izan ditu zenbait alderdi. Horrela eta adibide gisa, honako alderdiak nabarmendu ditu: zerbitzuak hobetu ahal izateko, erakunde desberdinen eta gizarte agenteen arteko lankidetzaren beharrizana; are arazo handiagoak sor ditzakeen egoeraren hauskortasuna; harrera egiteko sareek data zehatz hauetan gainezka egiteko duten erraztasuna; ukitutako udalerrietan udal agintaritzen inplikazio maila eta irizpide desberdinak...
Onartu beharra dago eta halaxe esan behar da alderdi hauetariko batzuen gaineko erabakiak hartu direla, bai eta baliabideak jarri eta hobekuntzak lortu ere: informazioa emateko bulegoak irekitzea, sentsibilizazio kanpainetan laguntzea, profesionalen kopurua handitzea, esperientzia berriei oratu eta hasiera ematea... Guztiarekin ere, aurten ukitu nahi dugun kokaleku eta alojamenduen gai zehatz honetan ez da urrats esanguratsurik igarri.
Erakunde honen iritziz, badira bi gai deskribatutako egoeren oinarrian daudenak eta benetako zailtasun bihurtzen direnak, kokaleku eta alojamenduei buruz planteatutako arazoei aurre egin eta irtenbidea eman ahal izateko:
– kontratugileen betebeharrak (eta horien artean, alojamenduari dagozkionak) zehazten dituen eta lokal horiek bete beharreko gutxieneko baldintzak erregulatzen dituen arautegi edo erabakirik ez egotea;
– banakako baliabideak erabilita, beharrizan batzuk betetzeko zailtasun objektiboak eta nekazarien arteko lankidetza edo erantzun erkidea aurrera eroateko ekimenik ez egotea.
Lurralde honetan oraindik ere ez dago gai hauek argitu eta zehatz litzakeen nekazaritzako hitzarmenik. Oraindik ere ez dago lokalen edo laguntza zein ikuskapen baliabideen inguruan gutxieneko baldintzarik ezarriko duen arautegi zehatzik. Eta elkarren arteko arazoei irtenbidea emateko lankidetza ekimenei dagokienez, jakin dugunaren arabera, nabarmen daitekeen gauza bakarra honaxekoa izan da: UAGAk azaldutako interesa, GOAG nekazaritza konfederazioaren migrazio arloak, Kataluniaren kasuan (hainbat instalaziotara egindako bisitaldia barne), gai honen inguruan aurrera eraman dituen esperientziak ezagutu eta zabaltzeko edo Lezako Udalaren ekimena etorkizunean erabilera komuneko lokala izateko.
Horrela bada, azken urteetako errealitatea gogoan izan eta batik bat zenbait nekazarik alojamendua emateko dituzten gabeziak nahiz beste batzuek familia oso-osoei harrera egiteko dituzten zailtasun objektiboak aintzat hartuta, deigarria da nekazari batzuen arteko lankidetzarako ekimenik ez egotea, horrela arazo komunei irtenbidea emateko momentuan. Baliteke, gainera, ekipamendu berririk gabe hainbat egoera konpondu ahal izatea, gaur egun diren, baina zeregin hauetarako aprobetxatu ez diren baliabideak erabilita. Esan nahi baita, baliabide egokiak izan litezke Bernedoko "Arabako Mendialdeko Gazte Alojamendua" edo Lagrango Udalak San Bartolomeko ermitaren aldamenean egin berri duen eraikina zein bertako kanpatze gunea...
Bestalde, Arabako Errioxan gero eta ohikoagoa da pertsona horiek kontratatzea mahatsa bildu zein nekazaritzako bestelako lanak egiteko. Horrek ekarri du egonaldiak luzatzea eta, horregatik, arte garrantzizkoagoa izatea alojamendu baldintza egokiak arautu, kontrolatu eta bermatzeko beharrizana.
Hori guztia dela eta, erakunde honek funtsean berresten ditu alojamenduari buruzko gaia arautzeko beharrizanaren alde 1997an erabilitako argudio berberak; horrek legebiltzarrari izaera orokorreko gomendioa egitera bultzatu zuen "sasoikako beharginei eta euren familiei zuzendutako alojamenduek bete beharreko gutxieneko baldintzak (materialak, higienikoak eta funtzionalak) arautzeko; izan ere, arautegi hori irizpide gisara erabil daiteke diru-laguntza publikoak esleitzeko, alojamenduak baimendu eta ikuskatzeko, eta, azkenik, alojamenduotako baldintza duinak bermatzeko."
Hurrengo atalek ildo horri jarraitu nahi diote, hau da, proposamenak zehaztu eta irtenbide batzuk eskainiko dira.
2. Egoera beste autonomia erkidegoetan erregularizatzeko hainbat ekimen
Egoera eta irtenbiderako proposamenak ikuspuntu juridiko eta eskumeneko batetik aztertu baino lehenago (hori gomendio honen 3. atalean egingo da), interesgarria izan liteke, oso modu laburrean bada ere, beste erkidego batzuetan abian jarritako ekimenak; izan ere, horretara, planteaturiko problemak konpontzeko bideak jorra litezke. Jakina denez, ekimen horietariko bakoitzak erantzuten dio ezaugarri zehatzak dituen problematika bati eta gerta liteke hartzen diren irtenbideak baliagarriak edo nahikoak ez izatea bestelako testuinguruetan. Beraz, kontua ez da gure egoerari besterik gabe aplika dakiokeen irtenbide eredurik eskaintzea, ezpada beste testuinguru batzuetan baliagarriak izan diren alternatibak planteatzea, horiek, azken batean, argi izpiren bat eman diezaguketelakoan.
Nahiko hurbil dauden eta sasoikako langile kopuru esanguratsua duten guneetara mugatuz, ondorengo ekimenak eta ezaugarriak zehatz ditzakegu alojamenduen erregulazioari dagokionez:
1) Andaluzia:
• Andaluziako Juntak diruz lagundu eta udalek errentatutako alojamenduaterpetxeen sarea sortuz joan dira, bai gutxienez hainbat kanpainetarako bai hainbat gunetan (adibidez: olibaren kanpaina).
• El Egidon sortutako arazoen ondorioz, badirudi enpresa buruek langileen esku uzteko moduko alojamenduen gaiari oratu gura diotela.
• Familiaren beharrizanak betetzeko neurriei dagokienez, haurtzaindegi sarea antolatuta dago (barruko migrazioak).
• Gogora ekarri beharra dago, kasu askotan, ez dela sasoian sasoiko lan bat, ezpada urte osoko edo zati handi bateko beharra. Edozein kasutan ere, iraupen handiko kanpainak dira.
2) Katalunia:
COAGk zenbait urtetan barrena aurrera eroan duen esperientzia, funtsean, ezagutzen dugu; UAGAk ere horrekiko interesa azaldu du. Esperientzia horretarako ezaugarri azpimarragarri batzuk honako hauexek dira:
• Etorburuko kontratazioa, alojamenduen zein etxe partikularren sarea eta nekazariari zuzendutako zerbitzuen kudeaketa osoa nahasten ditu (nekazariak COAGri egiten dion ordainketaren bitartez).
• Udal batzuek alojamendu komunitarioak eraikitzea erabaki dute.
• Nekazaritzako hitzarmena dago eta alojamenduek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarrita daude.
• Familiarteko egoerak ez dira oso arruntak eta ez dira alojamenduen kasuan aurreikusten.
3) Errioxa:
• Duela urte batzuetatik hona nekazaritzako hitzarmena dute; horrek alde kontratugilearen betebeharra ezartzen ditu, betiere kontratutakoen alojamendu baldintzei dagokienez.
• Edozein modutan ere, Bañaresko kanpamenduko egoeraren modukoek kolokan jartzen dute gai horri buruzko hitzarmena betetzen den ala ez.
4) Nafarroa:
• Sasoikako langileen alojamendurako plana dago nekazaritza produktuak biltzeko kanpainak izaten direnean; egitasmo hori Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Sailak aurkeztu zion Parlamentuari, Parlamentuaren 1999ko urriaren 27ko bilkurak onetsitako mozio bati erantzuteko asmoz.
• Kontsultatutako erakundeek "behin-behinekotzat" jotzen dute plan hori.
• Etxe partikularren sarea (erabiltzen ez direnak) sortzea du helburu; horiek alokatuko litzaizkioke enplegu emaileei, sasoikako langileei alojamendua eman ahal izateko.
• Etxean sistema honetan sartuko direla bultzatzeko, PFEZaren %20ko kenketa proposatzen du, helburu honetarako lokalak erosi edo berritzeko inbertsioa egiten dutenen kasuan.
5) Aragoi:
• Aragoiko Gobernuak hainbat dekretu argitaratu ditu (horietariko azkena 2000ko martxoaren 10ean) "nekazaritza eta abeltzaintzako sasoikako beharginen alojamendurako zuzendutako eraikinak egokitzen laguntzeko".
• Dekretuaren barruan bi elementu nabarmendu behar dira:
* ematen diren diru-laguntzen maila (eraikinak egokitzerakoan egindako inbertsioaren %50eraino);
* lokalek bizigarritasunaren aldetik bete beharreko gutxieneko baldintzak zehatzmehatz adieraztea (dekretuaren eranskina).
6) Extremadura:
• Cáceresko nekazaritzako hitzarmenak beren beregi ezartzen du "nekazariak langileari eskuratu beharko diola beraren familiarentzat zein harentzat bizigarritasun baldintza duinak dituen etxebizitza bat".
• Nekazaritzako Sasoikakoen Bulegoak 2000ko azaroan Jerte haraneko gerizaren sasoikakoen alojamenduei buruz emandako datuak askotarikoak direla esan behar da:
* %50eri udalek gizarte erakundeen lankidetzarekin batera martxan jarritako aterpetxetan eta beste motatako zentroetan eman zaie alojamendua.
* %30eri bizigarritasun baldintza oso desberdinak dituzten etxeetan, garajeetan edo biltegietan eman zaie alojamendu.
* %19ri kanpaldietan eman zaie alojamendu, gehienbat Extremadurako Juntak abian jarritako kanpamenduan.
7) Kanpatze guneei dagokienez, kanpinen gaineko arautegia alde batera utzita (Eusko Jaurlaritzaren 41/1981 Dekretua), badira udal ekimenen batzuk, esate baterako Arrasate Udalarena (ez zaio lotzen sasoikakoen lanari, ezpada familia nomada batzuen asentamenduari). Beste herrialde batzuetako hainbat udalerritan abian dagoenaren ildotik doa; izan ere, auto-karabanan bidaiak egiten dituztenei kanpatze gunea uzteko modua da:
• gutxieneko zerbitzuak dituen gune bat ezartzen da (argi hartunea, ura, estolda, zola...);
• horren erabilera arautzea (pertsonen kopurua, egonaldiaren gehieneko denbora tartea...).
3. Sasoikako beharginen alojamendurako zuzendutako instalazioen baldintzak arautzea. Eskumenen eta proposamenen azterketa
Azken zati honetan, gorago aipatutako gai bat aztertzea komeni da: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde egitura politikoaren barruan nork exijitu eta arautu behar dituen nekazaritza arloko sasoikako beharginentzako instalazioen oinarrizko bizigarritasun baldintzak. Esan nahi baita, erakunde komun eta lurralde historikoen arteko harremanei dagokienez, zehaztu behar da zein den nekazaritza arloarekin eta lurralde bakoitzean bizitzeko eta kokalekua ematera zuzendutako lekuen baldintzekin zerikusia duten gaiak arautzeaz arduratzen den organoa.
Egin zitekeen arren, ez diogu gai honi lan ikuspuntutik helduko; izan ere, lan baldintzak ezartzea estatuko legegileari dagokio (oinarrizko legeria) edo, hala denean, negoziazio kolektiboaren gaia da (nekazaritzako hitzarmenak...). Beste alde batetik, adierazi behar da alojamenduen gaiari besterik ez diogula oratuko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak jasotzen duenaren arabera, autonomia erkidegoak nekazaritza (10.9.) edo etxebizitzaren (10.31.) gaineko eskumenak ditu. Horiek bide ematen dute nekazaritzako langileen aldi baterako alojamendurako zuzendutako egoitzek aurkeztu beharreko bizigarritasunaren gutxieneko baldintzak arautuak izan daitezen. Lurralde Historikoei buruzko 27/1983 Legeak ez die foru aldundiei eskumen berezirik ematen; hori dela eta, ondoriozta dezakegu gai honen gainean arautzea autonomia erkidegoko erakunde komunen zeregina dela, Eusko Jaurlaritzarena, hain zuzen, betiere arau bidezko xedapen baten bitartez.
Eskumenen banaketa hau dela eta, Eusko Jaurlaritzari eska lekioke gainerako administrazioetarako (foru aldundiak eta udalak) eta nekazaritza arlorako baliagarriak diren gutxieneko irizpideak ezartzeko, betiere sasoikako langileek alojamendu duinerako duten eskubidea babestu nahian.
Beste arlo batzuetan, esate baterako turistikoan edo gazte politikakoan, badira aldi baterako egoitza erabilera mota hauen gutxieneko zerbitzuei buruzko hainbat parametro ezartzeko erabiltzen diren arauzko lanabes batzuk.
Besteak beste, honako hauexek daude: Euskal Autonomia Erkidegoko Kanpinen Antolamenduari buruzko martxoaren 16ko 41/1981 Dekretua, Ume edo Gazte Taldeen Alojamendu edo Egonaldietarako zuzendutako Aterpetxe zein Instalazioen Antolamenduari buruzko urriaren 18ko 406/1994 Dekretua, Landa Inguruneko Alojamendu Egoitzak arautzeko maiatzaren 28ko 128/1996 Dekretua.
Nekazaritzako langileek aldi baterako egonaldiak egitera zuzendutako instalazioen problematikari heltzean, aipatu beharreko beste gai bat lurralde eta hirigintza antolamenduari dagokio.
Eragina duten lurralde eta arlokako plangintzen barruan ezarri behar izango litzateke aldi baterako ekoizpenaren eta bilketaren inguruko zereginei lotutako aldi baterako egoitza erabilera kolektiboa, batez ere Arabako Lurralde Historikoaren barruko ardogintzaren eta patataren arloetan.
Ildo honi jarraituz, idazten ari diren Jarduera Ekonomikoen Lurralde eta Arlo Plangintzak, bai eta Nekazaritzako Lurzoruari buruzkoak ere, agertuko dute zein izango den erabilera mota honek ardogintzako jarduera produktiboekin izango duen beharrezko lotura, betiere sasoikako beharginen beharrezko eta aldi baterako ekarpena.
Beste alde batetik, komenigarria izango litzateke Arabako Errioxako Lurralde Plan Partzialean (eskualde honetan Euskadiko ardogintzaren ia arlo osoa dago) eta Arabako Erdialdeko Lurralde Plan Partzialean (patataren ekoizpena bertan dago gehienbat) langileen alojamendurako aldi baterako egoitza erabilera arautzea, nagusiki bilketa zereginaren existentziari lotuz.
Nekazaritzako ustiategiak dituzten udalek aldi baterako egoitza erabilera kolektiboa jaso behar izango lukete oinarrizko antolamendurako lanabesetan, hau da, euren arau subsidiarioetan.
Horrek udalerriei ahalbideratuko lieke haziz doan edo gutxienez iraungo duen gizarte errealitate bat kontrolatzea; era berean, hirigintza politikako elementuak sar litezke udal lizentzia eta sasoikakoen egoitzara zuzendutako instalazioen existentzia zein mantentzea lotuz; horretarako, bada, Eusko Jaurlaritzako etorkizuneko dekretuak ezarriko dituen gutxieneko baldintzak hartu behar izango dira kontuan.
Eskumenen banaketa diseinu hau erreferentziatzat hartzen baldin badugu, ardogintzako eta patata ekoizpenetako sasoikako beharginen alojamenduaren problematikari oratu beharko litzaioke ondoko tresna juridikoak erabiliz:
1. Eusko Jaurlaritzaren Dekretua, Nekazaritza Sailak proposaturikoa; horrek ezarri beharko luke ardogintzako eta patatako ustiategiek (gutxienez sortu berriek eta gaur egungoak handitzeko proiektuek) sasoikakoei alojamendua emateko instalazioak izateko exijentzia, betiere ustiategi bakoitzak ekoizteko dituen beharrizan eta gaitasunaren neurriko proportzioan.
Dekretu honetan ere instalazio hauek bete beharreko gutxieneko baldintzak eta beharkizunak jaso behar izango lirateke:
– argi naturala eta aireztatze egokia;
– surik hartzen ez duen koltxoia den ohea edo litera eta armairu bat;
– dutxa, konketa eta komeneko zerbitzu higienikoak, hamar pertsonako;
– sukalde eta harraska alikatatua eta janaria prestatzeko gutxieneko
– ekipamendua;
– jantokirako gunea.
2. Arabako Foru Aldundiko Foru Dekretua, sasoikako langileentzako instalazioak egokitzeko deialdiaren gainekoa; horretarako, gorago aipatutako arautegi autonomikoak zehazten dituen gutxieneko beharkizunak bete beharko lirateke.
Dekretu honetan ezarri behar izango litzateke arlo honetan inbertitzeko edozein laguntza, diru laguntza edo zerga onurarako baldintza izango dela Eusko Jaurlaritzaren dekretuak sasoikakoen instalazioei buruz ezarritako zehaztapenak betetzea.
3. Lurraldea antolatzeko agiri estrategikoetan jaso beharko litzateke erabilera hori ezartzeko premia; izan ere, behar-beharrezko elementua da patata ustiategietarako zein ardogintzarako. Hala, ondokoak aipatu nahi ditugu eren beregi: Jarduera Ekonomikoen Arlokako Lurralde Plana (Nekazaritzako Lurzoruen Arlokako Lurralde Plana), Arabako Errioxako Lurralde Plan Partziala eta Arabako Erdialdeko Lurralde Plan Partziala.
4. Ukitutako udalerri guztietako arau subsidiarioen berrikuspenean sartu beharko litzateke nekazaritzako ustiategietara lotutako etxebizitza kolektiboaren erabilera.
Era berean, udaleko hirigintza plangintzari buruzko arau subsidiarioetan instalazio horiek bete beharreko beharkizunak eta parametroak sartu beharko lirateke; horretara, horiek bete ezean, udalak esku har lezake hirigintzako diziplinako tresnak erabiliz.