3.5. Gizarte-egoera ahuleko ikasleak
Sektorearen ezaugarriak eta aurrekariak
Aurreko atalean ezintasunen baten ondoriozko heziketa-behar bereziez jardun gara; arreta sistematikoa jaso duen gaia izan da urte askoan, eskainitako datuetan ikus daitekeen bezala. Zorionez, gure artean aspaldi egin zen horrelako beharrekiko ikasleentzako eskola barneratzailearen aldeko apustua (garai batean integratzailea esaten zitzaion haren aldeko apustua). Hori erabaki garrantzitsuetan eta horien esku jarri den baliabide bolumen nabarmenean zehaztu da. Biztanleriaren sektore hau argi bereizten da, argi identifikatzen da eta kuantifikatuta dago (eskolarako adina duten 11.000 pertsona inguru).
Baina hezkuntza-premia bereziei emandako erantzunari buruzko erreferentziazko txostenak, kontzienteki eta nahita zabaldu zuen azterketa beste sektore ez hain zehaztu batera "gizarte-egoera ahuleko biztanleriara" (gizarte-, kultura-, ekonomia- egoera ahulekoa).
Ikasle horietako asko gizarte-egoera ahuletan dauden ikastetxeetan kontzentratuta daude eta kasu guztietan hezkuntza-premia bereziren bat identifikatu ez bada ere, eskolako emaitzetan ondorio erabakigarriak izan ditzaketen ezaugarriak zituzten, eta azken batean, hezkuntzarako eskubidea erabiltzean ondorioak izan ditzake horrek.
Aipaturiko txosten hori egiteko, ezaugarri horiekiko 84 ikastetxe aukeratu ziren, gizarte-egoera ahuleko ikasle gehien zutenak baitziren, eta horietako eskola-emaitzak eta etapa edo lurralde bereko ikastetxe guztietako batez besteko emaitzak alderatu ziren; ondorioz, alde esanguratsuak ez ezik deigarriak ere lortu genituen (eskolako "arrakasta-porrot" adierazle batzuetan ehuneko 20 eta 40 puntu arteko aldeak).
Txostenaren atal honetan gure hezkuntza-sistemak gizarte-egoera ahuleko biztanleriaren sektore honi ematen dion erantzuna aztertzen saiatuko gara.
Oinarrizko arazoak
Hemen lau arazo nabarmendu nahi ditugu, garrantzitsuak direlako:
1. Gizarte bazterketa behar bezala kontuan ez hartzea
Ararteko erakundeak ikerketa lan hau hastean lortu nahi izan duen helburuetariko bat hauxe aztertzea izan da: ea gure hezkuntza sistemak zein neurritan kontuan hartzen dituen gizarte bereizkeriaren edo bazterkeriaren ondoriozko hezkuntza-premia bereziak, eta ea behar bezalako erantzunik ematen ote dien.
Eusko Jaurlaritzak 1998ko ekainaren 23an emandako 118/1998 Dekretuan berariaz jasota dago (lehenengoz jasota, gainera) hezkuntza-premia bereziak sortzen dituzten arrazoi desberdinen arteko kategoria hau («gizarte edo kultura egoera kaltetuen ondoriozkoak»); handik gutxira, 1998ko uztailaren 30eko agindua garatu zuen, eta, agindu horren bitartez, «hezkuntzaren arloko hainbat ekintza eta neurri arautzen dituena, gizarte edo kulturaren ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan diren ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun handiak dauzkaten ikasleentzat». Horrenbestez, arautegian oraintsu arte (1998) ez da kontuan hartu mugatzeko zailagoa izan daitekeen talde hori, baina horrek ere erantzun bereziak behar ditu (ez banakakoak bakarrik, baita taldekoak ere; horiek ez dute beti giza baliabide edo baliabide material berezirik eskatzen...).
Hezkuntza Saileko zerbitzuek bildutako datuek agerian jarri dutenez, talde honetako pertsonei ez zaie ematen beste mota batzuetako hezkuntza-premia bereziko taldeei ematen zaien erantzuna. Izan ere, arautegian ezarritakoa oraindik ez da behar bezala aplikatu edo ez da nahiko garatu.
Gizarte bazterketazko egoerak bereziki eskualde eta ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira; hori begi-bistakoa da. Erakunde honen iritziz, egoera horiei lehentasunezko eta konpentsaziozko laguntza eskaini behar zaie. Baina jasotako datuetan ez da halako lehentasunezko laguntzarik adierazten.
2. Eskola sareen arteko desberdintasunak, hezkuntza-premia bereziei dagokienez
Hezkuntza-premia bereziko eskolatzeari eta emaitzei (edo, hobeto, kalifikazioei) buruzko datuek agerian jartzen dutenez, errealitatea oso kezkagarria da: halako ikasleak ez daude modu orekatuan banatuta ikastetxe eta sare guztietan; halako premiak dituzten ikasleak neurri handi batean ikastetxe jakin batzuetan pilatzeko joera dago, batez ere eskualde edo hizkuntza eredu jakineko ikastetxe publikoetan; banaketa desorekatu hori halako ikasleen kalifikazioetan ere ikusten da, ikastetxe batzuetatik besteetara desberdintasun handiak baitaude; ikastetxe batzuk «ghetto» bihurtzeko arriskua dago, eta horrela ezin daiteke integraziorik lortu...
Hezkuntza-premia bereziez artatzean, proportzio eza nabarmena dago sare publikoaren eta pribatuaren artean, eta horrek lurralde, hezkuntza maila eta hizkuntz eredu guztietan dauka eragina (adibidez, 3., 6.6., 6.7., 6.9. eta 6.10. koadroak). Datuek agerian jartzen dutenez, hezkuntza-premia bereziko ikasleen integrazioa, batez ere, ikastetxe publikoetan egiten da. Eta, segurutik, proportziorik eza hori askoz ere handiagoa izango litzateke, gizarte bazterketari loturiko egoeren ondoriozko premiak jasoz gero, horietariko batzuk nahiko berriak baitira. Adibidez, atzerriko ikasleak edo gutxiengo etnikoetako ikasleak.
Dirudienez, egoera hori zuzentzeko premiazko neurriak hartu behar dira –hala esaten zen 2001eko gure txostenean–. Ikasleak hezkuntza sistema osatzen duten unitate guztietan banatzea, berez, oreka handiagokoa edo gutxiagokoa izan daiteke. Baina, gainera, ikastetxe edo ikasgela batean hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzeari loturiko ratio jakin batzuk ez gainditzea komeni dela uste dute askok, eskolako integrazioa egingarria eta guztiontzako onuragarria izan dadin.
Dekretu horretan ere arrisku hori jasotzen da: «Hezkuntza Administrazioa bereziki arduratuko da ingurune kaltetuetan dauden ikastetxeak ez daitezen ingurune berezitu bihurtu, integrazioaren eta normalizazioaren printzipioaren aurka». Beraz, hezkuntza Administrazioak hori lortzeko baliabideak jarri behar ditu, eta hala egin dadin arduratu.
Txosten honetan egindako gomendioetako batzuek horri buruzko neurriak proposatzen dituzte; horiek eragina dute matrikulazio irizpideetan eta lekualdatzeen jarraipenean (ikasle batzuek beste ikastetxe batzuetara edo beste zerbitzu batzuetara aldatzea edo «botatzea»). Hezkuntza Administrazioak, erakunde honen iritziz, neurriok hartu beharko ditu; izan ere, hezkuntza sistema (ia oso-osorik, titulartasun publikoa edo pribatua eduki arren) fondo publikoen bitartez finantzatzen da eta arau nahiz printzipio berdin-berdinen menpe dago.
3. Erantzuteko gaitasun urriko eta eskola emaitza txarreko ikastetxeak egotea
Lehen esan dugunez, sarritan, bazterkeri egoerak eta, oro har, hezkuntza-premia bereziak ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira. Txostenean, horrelako 84 ikastetxeko lagin baten eskola emaitzak (hain zuzen ere, eskola kalifikazioak) zehatz aztertzen dira, ikastetxe guztietako datuekin erkatuz (zenbait aldagai kontuan hartuta, esate baterako, lurraldea, titulartasuna edo hizkuntza ereduak). 84 ikastetxe kritiko horietan beste zenbait datu ere aztertzen dira, adibidez, hezkuntza-premia berezikotzat identifikaturiko ikasleen proportzioa edo baliabide erabilgarriak. Horrek egoerak konparatzeko eta baloratzeko aukera ematen du.
Konparazioak irakasleek erabakitako eskola kalifikazioei buruz ezartzen dira beti. Horrenbestez, ez dira proba estandar batzuetan lorturiko emaitzak konparatzen, hau da, ikastetxe guztietan irizpide berberen arabera aplikatzen diren emaitzak. Hala ere, lorturiko desberdintasunak nahiko esanguratsuak dira, erabilitako adierazle guztietan:
– gainditu dutenen tasa (kasu batzuetan, 20 puntutik gorako batez besteko aldearekin);
– egokia ez den adinaren tasak (ikasturtea berriro egitearen ondoriozko atzerapena, eta horrek ikastetxe batzuetan ikasle guztietatik %80an dauka eragina);
– ikasturtea berriro egitearen tasak (Bigarren Hezkuntzako ikasturteetan %20tik gorakoa).
Datu horiek agerian jartzen dutenez, eskola sistemak ikasleengan eragina edukitzeko duen gaitasunak ezin ditu jatorrizko desberdintasunak eta defizitak konpentsatu. Horren zergatiak, segurutik, era askotakoak dira eta ezin daitezke azaldu halako ikastetxeen baliabideak nahikoak ez direla soilik esanez. Bildutako datuen arabera, badirudi ikastetxe horiei baliabideak esleitzean (batik bat, giza baliabideak) beti ez dela egoera behar bezala kontuan hartzen, batez ere maila batzuetan.
Txostenean errealitate horrekiko lehenengo hurbilketa egiten da, aukeraturiko 84 ikastetxe «kritikori» buruzko datuen ustiapenean oinarrituz. Erakunde honen iritziz, ikerketa zehatzagoak egin behar dira, lortzen ari diren emaitzen jarraipena nahiz azterketa egin behar da eta, azkenik, konpentsazio neurriak hartu behar dira, eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.
Bestalde, aztertutako datuek eta beste azterketa batzuek argi uzten dituzte zentro batzuen eta besteen arteko aldeak, nahiz eta gizarte-ezaugarri berdintsuekiko ikasleak eduki. Hau da, zentro batzuek, antzeko biztanleriarekin eta baliabideekin lortzen dituzten emaitzak ezaugarri ia berdinekiko beste zentro batzuek lortzen dituztenak baino askoz hobeak dira (balio erantsia). Garrantzitsua da, beraz, horretan zer faktorek eragiten duten aztertzea eta praktika onak babestea eta zabaltzea.
4. Aniztasunari eta hezkuntza-premia bereziei eman beharreko laguntzaren egoera Bigarren Hezkuntzan
Txostenaren helburua ez zen hezkuntza maila edo etapa bakoitzaren egoera zehatz-mehatz aztertzea. Txosten orokorra egin nahi genuen. Hala ere, informazio iturri guztiek agerian jarri dutenaren arabera, egoera kezkagarria da eta Bigarren Hezkuntzan arazoa nabariagoa da. Euren iritziz:
– ikastetxe askok ez diote behar bezalako erantzunik ematen bertako ikasleen aniztasunari;
– hezkuntza-premia bereziei eman beharreko laguntza ez dago modu berean onartuta, eta baliabideak ere ez dira aurreko etapetakoen bestekoak;
– ikasle mota jakin bat arautu gabeko ikastetxeetara bidaltzeko joera nabaria dago;
– ikastetxearen antolakuntzak eta irakasleen ordutegiek beti ez dituzte bermatzen koordinazio pedagogikorako beharrezko diren gutxienekoak;
– bigarren hezkuntzako irakasleek heziketa hobea behar dute, aniztasunaz nola arduratu jakiteko…
Emaitzei buruzko datuek (eskola kalifikazioek, ikasturtea berriro egiteak, egokia ez den adinaren tasek) ohar horiek azpimarratzen dituzte. Ararteko erakundeari dagokion ikuspegitik begiratuta, halako arazoak oso kezkagarriak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, etapa hori derrigorrezkoa baita eta eskola biztanleria osoa jaso behar baitu.
Hobetzeko proposamenak
Oinarri hartutako txostenean, Arartekoak 21 gomendio egin zituen eta aurreko azpikapituluan gogoratu ditugu. Honakoei buruzko gomendioak izan ziren:
– Hezkuntza-sistemaren antolakuntza orokorrari eta bere lehentasunei.
– Ikastetxeen ebaluazioari eta praktika on barneratzaileak sustatzeari.
– Figura batzuk eta koordinazioa indartzeari.
– Prozedura eta baliabideetan hobekuntzak sartzeari.
– Gizarte sentsibilizazioari eta gizarte eragileak inplikatzeari.
Hemen gizarte-egoera ahulari gehien lotutako gomendio batzuk aipatuko ditugu, bereziki lehenengo bostak:
(Gomendio guztien edukia ikusteko, jo EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzuna txostenaren 9. kapitulura. 21 gomendioak oro har ikusteko, jo aurreko azpikapitulura.)
1. Bazterturiko ikasleak txikitatik hezteari lehentasuna eman
Ararteko erakundeak behin baino gehiagotan adierazi izan du Haur Hezkuntzaren lehen zikloaren (0-3 urte) ezarketa arautu behar dela (ikus, esate baterako, 1996 eta 1999ko urteroko txostenetako gomendio orokorrak). Halaber, erantzukizunak argitu eta gizarte osasun eremua deritzonaren garapena eta koordinazioa erraztu beharra ere nabarmendu du, hezkuntza-premia bereziak goiz detektatzeko eta haiei aurre egiteko. Txosten honen aurkezpenean gai horiek kezkagarriak eta hobetu beharrekoak direla adierazi da.
Erakunde honek egindako proposamenaren arabera, haur txikienak eskolatzean, erabateko lehentasuna eman behar zaie bazterturiko ikasleei buruzko irizpideei, eta ez praktikan erabiltzen diren eta aukerekin zerikusia duten beste irizpide batzuei: adibidez, eskualde jakin batean eskola eremuak edo gizarte ekimenak egoteari edo ez egoteari. Horretarako, oraingo laguntza-sarea aztertu eta gaur egungo irizpideak berriz aztertu behar dira, Haur Hezkuntza lehen aipaturiko lehentasunen arabera arautzeko eta planifikatzeko, eta, aldi berean, beharrezko koordinazio-tresnak ezartzeko, gizarte-osasunaren eremuan erantzukizuna duten gainontzeko eragileekin batera, laguntzarik onena bermatu ahal izateko.
2. Diskriminazio positiboa, baliabideak esleitzeari dagokionez, bazterturiko ikaslerik gehien duten ikastetxeen alde
Ikastetxe guztiei baliabideak esleitzean nolabaiteko homogeneotasuna mantentzearen aldeko joera historikoa ez da bidezkoa, ez zuzena; izan ere, errealitateak agerian jartzen duenez, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskualde eta ikastetxe jakin batzuetan biltzen dira eta beste batzuetan ia ez dago halako ikaslerik.
Txosten honetan bildu eta aztertu diren datuetako askok adierazten dutenez, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa ez da orekatua ikastetxeen artean, ezta hizkuntza ereduen artean ere; horrenbestez, erakunde honen iritziz, neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira: esate baterako, diskriminazio positiboa eta giza baliabideak esleitzean malgutasun handiagoa izatea (ahal den neurrian, aniztasunari erantzuna ematen dioten proiektuei loturiko baliabideak).
3. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskola-ghettoak saihesteko neurriak hartzea
Ziur asko hau izango da gomendiorik gatazkatsuena eta zorroztasun handiena eskatzen duena.
Azterturiko errealitateak agerian jartzen duenez, oraingo matrikulazio eta eskolatze irizpideen eraginez, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak edo bazterturik daudenak, neurri handi batean, ikastetxe eta eredu jakin batzuetan biltzen dira. Egia da biztanleriaren banaketa geografikoak (gizartean baztertuta dagoen biztanleria alde jakin batzuetan biltzen da) eragina duela horretan. Baina hezkuntza politikari loturiko beste faktore batzuek ere eragina dute: ikastetxeen nahiz ereduen sareak, baliabide berezien banaketak, matrikulazio irizpideek edo eskola garraiorako laguntza irizpideek...
Ikuspegi horretatik, oso kezkagarria da ikastetxe batzuen egoera (txosten honetan «kritiko» izenondoa jarri diegu, bertako ikasleen ezaugarri nagusiak kontuan hartuz), baita ikasgela eta eredu batzuen egoera ere, apurka-apurka benetako «eskola-ghetto» bihurtzen ari baitira.
Errealitate horren ondorio kaltegarriak agerikoak dira, eta normalizazio eta integrazio irizpideen aurkakoak. Beraz, premiazko neurri zuzentzaileak hartu behar dira, egoera hori saihestu eta gainditu ahal izateko. Gure gomendioak, adibide gisa, hiru balizko neurri proposatzen ditu, eztabaidagarriak izan arren:
– ikastetxe guztientzat gehieneko eta gutxieneko ratioak ezartzea, hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzeari dagokionez;
– matrikulazioari buruzko arautegia berriz aztertzea, ikasle horien banaketa orekatuagoa ahalbidetzen duten mekanismoak edo tresnak bertan sartzeko, beharrezkoa bada;
– ikasle horien ikastetxe aldaketak aztertzea, bidezkoak ez diren deribazioak edo estalitako kanporatzeak (familien nahiaren aurkakoak) detektatzeko eta administrazio neurri egokiak hartu ahal izateko...
Erakunde honen ustez, gizarte kohesioa lortu ahal izateko, halako neurriak hartzean gogoan izan behar dira orain arte behar bezala kontuan hartu ez diren edo sortu berriak diren eskolatze egoerak, hala nola, gutxiengo etnikoetako edo atzerritar jatorriko ikasleak (inmigranteak).
4. Gizartean baztertuak dauden ikasleei eman beharreko erantzunak garatzea
Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaz geroztik, gure Erkidegoko arautegiaren arabera, arreta berezia behar dute gizarte bazterketari loturiko hezkuntza-premia bereziko ikasleek. Bildutako datuek eta balorazioek agerian jartzen dutenez, talde horri dagokionez, arauan jasotako gaitasunak oraindik ez dira behar bezala garatu. Arautegi hori oraindik ere berria izateak eta beste premia batzuei loturiko erantzunek (ezgaitasunei loturiko premiak) aurretiazko garapen handiagoa izateak, segurutik, eragina izan du horretan. Erakunde honek, bestalde, arauaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea proposatzen du, eta lehentasunen artean sartzea gizarte bazterketari loturiko premiak eta erantzunak.
5. LHIKen arauketa eta arauturiko nahiz arautu gabeko irakaskuntzaren arteko artikulazioa
Jasotako balorazioen arabera, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan gero eta joera handiagoa dago halako ikasleak arautu gabeko irakaskuntzako beste ikastetxe batzuetara bideratzeko. Horrela, lekualdaketa bat egoten da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasturteetatik oraingo Lanbide Hastapenetarako Ikastegietara (LHIK). Arautegiak aurreikusi du egoera hori, eta bi baliabideen arteko harremanak estutu beharra ezartzen du.
Sistemaren antolaketaren hobariak edo egokitasuna eztabaidatzen hasi barik (balorazio hori egitea ez baitagokio erakunde honi), bildutako informazioak aztertuta, badirudi egokitzapen batzuk egin behar direla, antolaketa hori argitzeko eta egituratzeko. Esaterako, dirudienez beharrezkoa da lekualdatzeen bilakaera eta horien zergatiak aztertzea, baita ere ikasle horiek bidaltzen eta jasotzen dituzten ikastetxeen arteko lotura estuagoa ezartzea edo ardurak eta eskumenak argitzea. Lekualdatze kopurua nabarmen handitzeak agerian jarriko luke ikastetxe arruntak ez direla erantzun egokirik emateko gauza; hori kezkagarria da, eta, gainera, guztientzako bakarra den derrigorrezko hezkuntza sistema okertzen ari dela adieraziko luke.
* * * *
Bost gomendio horiek hezkuntza-sistemaren antolakuntza orokorrari eta bere lehentasunei buruzkoak dira, hezkuntza-administrazioaren eskumen zuzenei buruzkoak.
Txostenak beste 16 gomendio ere egiten ditu, mota desberdinetakoak, eta denek eragin handia dute eskuartean dugun gaian. Adibidez:
– Ikastetxeek hezkuntza-premia bereziei eskainitako laguntza ebaluatzea; barruko eta kanpoko ebaluazioa, neurri zuzentzaileak hartzeko.
– Integrazioko praktika onak onartzea eta hedatzea.
– Zuzendaritza taldeei laguntza ematea, integraziorako gidaritza gauzatzean.
– Profesionalak hautatzerakoan eta heziketa berezia ematerakoan, ikasleen aniztasuna kontuan izatea.
– Bigarren Hezkuntzako ordutegi antolaketa berriz aztertzea.
– Gizarte sentsibilizazioa eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa.
– Familia eta elkarteekiko harremanak hobetzea. Eta abar.
– Jarraipenak
Kasu honetan ere, urteetan zehar egin dugun jarraipenaren oinarrian EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzuna txostena dago eta goian aipaturiko lehenengo bost gomendioak ditu ardatz, batez ere:
– Bazterturiko ikasleak txikitatik hezteari lehentasuna ematea (1. gomendioa)
Lehentasunezko gaia da eta erakunde honek hainbat parte hartze egin du honi buruz azken urteetan. Bestalde, Legebiltzarreko ekimen batzuen xede ere izan dira. Urteetan zehar ofiziozko espedienteak egin dira Hezkuntza Sailari 0-3 urteko zikloan dituen planei eta jarduerei buruzko informazioa ateratzeko, gizarte-egoera txarrenean dauden sektoreak eskolatzeari lehentasuna emateko.
– Diskriminazio positiboa, baliabideak esleitzeari dagokionez, bazterturiko ikaslerik gehien duten ikastetxeen alde (2. gomendioa)
Gizarte-egoera txarrenean dauden ikasleentzako diskriminazio positiboari dagokionez, Sailaren erantzunak zenbat programa edo proiektutan zehazten dira, adibidez:
• Hezteko laguntzak.
• Berariazko hezkuntza esku-hartze proiektuak.
• Esku-hartzeko proiektu globalak...
Eta alor horietako bakoitzean datu batzuk ematen ziren (irakasle kopurua, proiektuak, ikasteko erkidegoak...) aurreko ikasturteetan izandako eboluzioari buruz (horri esker, 2000-2001etik azkeneko ikasturtera arteko seriea dago eta ondorengo epigrafeetan aztertuko dira datuok).
Zailagoa da horrek funtsezko alderdi batzuetan izan dezakeen eragin maila jakitea: eskolako emaitzetan, irakasle taldeen asebetetzean, ikastetxeko beharrei erantzun eraginkorra ematen dieten hezkuntza-proiektuen finkapenean, ikastetxeak bere inguruan izan dezakeen gizarte-irudiaren hobekuntzan... hori egiteko, jarraipen eta ebaluazio handiagoak behar dira.
– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskola-ghettoak saihesteko neurriak hartzea (3. gomendioa)
Gure iritziz funtsezko gomendioa da, aurrekoaren osagarria.
Nahi ez diren egoerak saihesteko gomendioak zenbait neurri zail iradokitzen ditu; batzuk polemikoak eta eztabaidagarriak dira, adibidez, ratioak ezartzea, matrikulatzeko araudia gainbegiratze edo deribazioen edo estalitako kaleratzeen jarraipena egitea...
Gai hauek oso garrantzitsuak direnez, Arartekoaren jarraipena honako alderdietan oinarritu da:
• Proposatutako neurriren bat hartu zen edo hartzea pentsatzen zen.
• Ikasle hauen banaketari buruz daturen bat ba ote zegoen ikusi zen, gure txostenean azpimarratutako egoera eta arriskuekiko aldaketa esanguratsua zekarrena (gogoan izan hango datu gehienak 1999-2000koak zirela).
• Gure 4. gomendioa jarraituaz ("Gizartean baztertuak dauden ikasleei eman beharreko erantzunak garatzea") 118/1998 Dekretuan garatzen duen ahalmenen bat garatu ote den edo garatzeko asmotan diren ikustea.
Esan beharra dago gai honi buruz gustuko erantzunik ez dugula jaso inoiz.
– LHIKen arauketa eta arauturiko nahiz arautu gabeko irakaskuntzaren arteko artikulazioari buruz (5. gomendioa)
Azken urteetan LHIKak edo beste izen bat izan arren antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxeak, egungo HLPP, izan dira baztertuak dauden edo zailtasun handienak dituzten ikasle asko artatu dituztenak. Hala ikusi izan dugu eta ikusten ari gara, adibidez, bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoera edo arrisku egoera berezietan dauden beste nerabeen egoera aztertzean.
Gure txosteneko 5. gomendioaren asmoa ez zen formula hauen baliozkotasuna edo zuzentasuna zalantzan jartzea, baizik eta ikastetxe mota desberdinen arteko harremana edo artikulazioa hobetzea eta eskolatutako biztanleriaren fluxuak ikusteko datu edo adierazle batzuk izatea. Adibidez, oso garrantzitsua da jakitea:
• Zentzu honetan zer hobekuntza jarduera egiten ari diren.
• Zer datu edo adierazle dauden adin jakin bateko biztanleriaren zer ehunekok mota bateko edo besteko ikasketak egiten ari den jakiteko, edo ikasturte batetik besterako eboluzioa ikusteko…
Lehen esan dugu, ordea, gai honetan eragina duten beste gomendio batzuk ere badirela txostenean; hala ere, bost hauek dira, gure iritziz, gizarte egoera ahuletan daudenei hezkuntza arloko erantzun hobea emateko garrantzirik handiena dutenak. Horregatik oinarritu da gure jarraipena horietan.
Oinarrizko datuak – Adierazleak. Eboluzioa
Goian esan den bezala, Hezkuntza Sailak gure informazio-eskaera sistematikoei emandako erantzunek ez dituzte gai batzuk aipatu eta beste batzuetara mugatu dira. Oro har, diskriminazio positiboko neurrietara mugatu dira eta datu kuantitatiboak eskaini dituzte abian jarritako proiektu desberdinei buruz eta horien hedapen mailari buruz.
Ikuspegi sintetikoa eskaintzeko, denbora zehar mantendu diren programa eta proiektuen eboluzioari buruzko datu batzuk bilduko ditugu eta ondoren azken bi ikasturteetako (2008-2009 eta 2009-2010) daturik eguneratuenen laburpena eskainiko dugu.
Tradizio handieneko proiektuak edo programak eta datu batzuk ditugunak hauek dira:
a) Hezteko laguntzak.
b) Berariazko hezkuntza esku-hartze proiektuak.
c) Esku-hartzeko proiektu globalak.
Gure urteroko txostenetan horietako bakoitzari buruzko datuak jaso ditugu (irakasle kopurua, proiektuak, ikasteko komunitateak…). Horietako batzuen eboluzioa ikusiko dugu:
a) Hezteko laguntza (erreferentziazko datu batzuk):
– 2000-2001 ikasturtea: Laguntzeko 65 proiektu ikastetxe publikoetan, 31,5 irakasleren lanarekin.
– 2003-2004 ikasturtea: 104 proiektu beste hainbat ikastetxetan, irakasleen 1.421 orduko erabateko lanarekin (orduetan kalkulatuta).
– 2005-2006 ikasturtea: Erabateko 68 dedikazioari dagozkien laguntza moduluak, 112 ikastetxe kontzertatutan…
b) Berariazko hezkuntza esku-hartze programak, eskola-atzerapen handia edo eskolara ez-egokitzea duten ikastetxeen eskariei erantzunez:
2005-2006 ikasturtea | 2003-2004 ikasturtea | |||
Ikastetxeak | Irakasleak | Ikastetxeak | Irakasleak | |
Araba | 8 | 11 | 11 | 16 |
Bizkaia | 53 | 54,5 | 28 | 56 |
Gipuzkoa | 28 | 24 | 33 | 25,5 |
EAE | 89 | 89,5 | 72 | 97,5 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen txostenak.
2006-2007 ikasturteaz geroztik, Sailak bi bideak bat egin zituen proiektuen deialdi bakarrean (ikastetxe publikoentzat eta pribatu kontzertatuentzat), baliabideak izendatzerakoan berdintasun handiagoa lortzeko deialdiaren arabera ezaugarri hauekiko ikasle kopuru handiena zuten ikastetxeentzako (DBH 1 eta 2an):
a) Eskola-atzerapen egoera larrian zeudenentzat, bereziki eremu instrumentaletan eta gizarte egoera ahulei lotuta.
b) Eskola ingurura egokitzen ez zirenentzat, askotan ikasteko atzerapenari lotuta.
Proiektuak baloratzeko erabilitako baremoak kontuan hartzen zuen, adibidez, eskola porrot maila (DBHn gora igo gabeko eta titulatu gabeko ikasleen %) edo egoera ahuleko ikasleen eskolatze maila.
Hauek dira ikasturte honetako eta ondorengoko deialdiaren ebazpen-datuak:
2006-2007 IKASTURTEA | 2007-2008 IKASTURTEA | ||||
IKASTETXEEN TIPOLOGIA | Izendapena duen ikastetxe kopurua | Izendatutako irakasle kopurua | Izendapena duen ikastetxe kopurua | Izendatutako irakasle kopurua | Irakasle kopuruaren goraka % |
Ikastetxe publikoak | 96 | 102 | 94 | 110 | 7,8 |
Ikastetxe pribatu kontzertatuak | 117 | 71,5 | 124 | 80 | 11,8 |
GUZTIRA | 213 | 173,5 | 218 | 190 | 9,5 |
LURRALDE BAKOITZEAN IZENDATUTAKO IRAKASLE KOPURUA | |||
LURRALDEA | ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA |
Ikastetxe publikoak | 18 | 64 | 28 |
Ikastetxe pribatu kontzertatuak | 13 | 41,5 | 25,5 |
GUZTIRA | 31 | 105,5 | 53,5 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Arartekoaren jarraipen Txostena.
c) Esku-hartzeko proiektu globalei dagokienez, ikastetxe osoak hartu behar du parte (irakasleek, familiek, gizarte inguruak...) eta "Ikaskuntza Erkidegoetan" zehazten dira, oro har.
2007-2008 ikasturtean 19 ikastetxe ari ziren Ikaskuntza Erkidegoetan parte hartzen: 1 Araban (Lehen Hezkuntzan), 14 Bizkaian (12 Lehen Hezkuntzan eta 2 Bigarrengoan) eta 4 Gipuzkoan (Lehen Hezkuntzan).
Sailak berak adierazi zuenez, ikastetxe guztiak ez dira gizarte-egoera ahulekoak, baina denetan daude gizarte desberdintasunak eta 19 ikastetxe horietatik 18 publikoak dira.
Ebaluazioak adierazitako emaitzen artean nabarmenak dira, adibidez, emaitza akademikoak hobetu, absentismoa murriztu, elkarbizitza hobetu, hezkuntza erkidegoko kide guztien asebetetzea hazi... izana. Emaitza onen arabera, Sailak 2008an emandako erantzunean adierazi zuen proiektu hau finkatzeko eta zabaltzeko plan bat egiten ari zirela, bereziki "ghetto" bihurtutako ikastetxeetan.
Gai honi buruz jasotako azken informazioa duela gutxikoa da: (2010eko otsailekoa), 38/2009/090 espedienteari erantzunez. Kasu honetan ere gizarte egoera ahuletako ikasleentzat diskriminazio positiboko ekintzak egitean zentratzen da (hau da, gure bigarren gomendioan) eta horretarako bost bide edo proiektu erabili dira. Hona hemen bide horiek laburtuta.
1) Berariazko Hezkuntza Esku-hartze proiektuak
2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei deialdi berriak egin zaizkie Berariazko Hezkuntza Esku-hartze proiektuak abian jar ditzaten edo jarrai dezaten, helburu hauekin:
a) Gizarte-egoera ahulean dauden ikasleei hezkuntza arloko erantzun egokia eta kalitatezkoa eskaini, derrigorrezko hezkuntzako helburuak ohiko eskola inguruan errazago lortu ahal izateko.
b) Eskolako egoerara egokitzen ez diren ikasleei berregokitzeko prozesuak eskaini, hezkuntza-sisteman euren beharren araberako erantzun egokia aurkitu ahal izateko.
Programa 13 edo 14 urteko ikasleentzako da berez, DBHko 1. edo 2. mailan matrikulatutakoentzako, eskola-atzerapen egoera larrian baldin badaude (bereziki arlo instrumentaletan eta gizarte-egoera ahulei lotuta) edo eskolara egokitzen ez badira, askotan ikasteko atzerapenarekin batera gertatzen da hori.
2009-2010 ikasturtean 15 urtekoak ere sartu daitezke, salbuespena eginda, adierazitako baldintza horiek betetzen badituzte eta irakasleek uste badute DBH 3ra igarotzeko moduan ez daudela, ezta Hasierako lanbide prestakuntza jasotzeko programa hasteko edo curriculum aniztasunekoa jasotzeko ere.
Deialdi bakoitzak bere baremoak izan zituen (eskola porrotaren maila / DBH 1 eta 2ko ikasleen ratioa / Proiektuaren balorazioa / ikasle bekadunen datuak, azken ikasturteko deialdian) eta zenbait zerbitzuk hartu zuen parte (eremuko Berritzegunek, Hezkuntzako ikuskaritzak...).
Deialdiak eginda, baliabideak honela esleitu ziren:
2008-2009 IKASTURTEA | 2009-2010 IKASTURTEA | |||||||
LURRALDEA | Ikastetxe kop. | Irakasle kop. | Ikastetxe kop. | Irakasle kop. | ||||
Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | |
ARABA | 13 | 19 | 18,5 | 13 | 13 | 19 | 18,5 | 13 |
GIPUZKOA | 33 | 44 | 29 | 25,5 | 33 | 44 | 29,9 | 26 |
BIZKAIA | 50 | 56 | 64 | 43 | 53 | 55 | 68 | 43 |
GUZTIRA | 96 | 119 | 111,5 | 81,5 | 99 | 118 | 116 | 82 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 38/2009/09O jarraipen Txostena.
2) Esku-hartzeko proiektu globalak
Heziketa zentro guztiak parte hartzen du (irakasleek, familiak, gizarte inguruak...) eta Ikaskuntza Erkidegoen Proiektuan zehazten da.
2008-2009 IKASTURTEA | 2009-2010 IKASTURTEA | |||||||
LURRALDEA | Ikastetxe kop. | Ikastetxe kop. | ||||||
LHI | BHI | HHI | GUZTIRA | LHI | BHI | HHI | GUZTIRA | |
ARABA | 2 | 1 | 1 | 4 | 2 | 1 | 1 | 4 |
GIPUZKOA | 6 | – | 1 | 7 | 7 | – | 1 | 8 |
BIZKAIA | 15 | 2 | – | 17 | 16 | 3 | – | 19 |
GUZTIRA | 23 | 3 | 2 | 28 | 25 | 4 | 2 | 31 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 38/2009/09O jarraipen Txostena.
Ikastetxe guztien irakasle erdi bat liberatu zen, proiektua koordinatzeko. (Gogoan izan 2007-2008 ikasturtean 19 ikastetxe baino ez zirela.)
3) Eskola Laguntza Programa (ELPR) ezartzeko proiektua
Eskola Laguntza Programa honen xedea da eskola arrakastaren indizeak hobetzea, horretarako ikasleei (batez ere inguru fisiko eta estimulu egokiak ez dituztenei) laguntza eta bitartekoak eskainita bere eskola atzerapenari aurre egiteko edo aurrea hartzeko denbora osagarria eskainita, oinarrizko eskumenen garapena hobetuta (bereziki irakurketari lotutako zereginak, materia instrumentalak, lanaren antolaketa eta ikasteko ohiturak hartzea), ikasleek norbere gaitasunei buruz dituzten espektatibak hobetuta, familien eta ikastetxearen arteko harremana hobetuta…
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei eta DBHko 1. eta 2. mailakoei zuzenduta dago eta lehentasuna dute zailtasunak dituzten ikasleek eta gizarte egoera ahularen ondorioz eskola atzerapena dutenek, lehentasun hori islatzen da proiektuen baloraziorako ezarritako baremoan.
Deialdien emaitzak taula honetan laburtu dira:
2008-2009 IKASTURTEA | 2009-2010 IKASTURTEA | |||||||
LURRALDEA | LHI | BHI | LHI | BHI | ||||
Ikastetxe kop. | Talde kop. | Ikastetxe kop. | Talde kop. | Ikastetxe kop. | Talde kop. | Ikastetxe kop. | Talde kop. | |
ARABA | 6 | 14 | 4 | 14 | 11 | 23 | 6 | 23 |
GIPUZKOA | 7 | 12 | 6 | 21 | 12 | 18 | 11 | 32 |
BIZKAIA | 12 | 37 | 15 | 50 | 27 | 66 | 25 | 84 |
GUZTIRA | 25 | 63 | 25 | 85 | 50 | 107 | 42 | 139 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 38/2009/09O jarraipen espedientea.
4) Curriculum anitzeko proiektuak
Curriculum Anitzeko Programak DBHko graduatu titulua lortzeko dira. Horretarako, talde hauetako ikasleek gutxienez 18 ordu eskaini beharko dizkiete hizkuntza-gizarteko arloei eta arlo zientifiko-teknologikoei eta ikastetxeak zehaztutako alorrak sartuko dira hor. Gainerako arloak ohiko taldeetan (gutxienez 3 arlo) edo berariazko taldeetan egingo dira.
Zenbait baldintza behar dira (adibidez, ikasturte jakin batzuk errepikatu izana edo gurasoak edo tutoreak aurrez informatu izana) eta berariazko baremoa ezartzen da.
Azkeneko deialdien emaitzak taula honetan laburtu dira:
LURRALDEA |
2008-2009 ikasturtea | 2009-2010 ikasturtea | ||||||
Ikastetxe kop. | Talde kop. | Ikastetxe kop. | Talde kop. | |||||
Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | Publikoa | Pribatua | |
ARABA | 12 | 10 | 23 | 12 | 12 | 11 | 23 | 12 |
GIPUZKOA | 30 | 25 | 44 | 26 | 30 | 23 | 42 | 24 |
BIZKAIA | 54 | 35 | 83 | 42 | 55 | 36 | 80 | 43 |
GUZTIRA | 96 | 70 | 150 | 80 | 97 | 70 | 145 | 79 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / 38/2009/09O jarraipen espedientea.
5) Eskolatzeko programa osagarriak
Programa hauek ohiko eskola testuingurutik kanpo garatzen dira. Banako programak dira (ikastetxean beste neurri batzuk agortu ondoren ezartzen direnak) eta behin-behinekoak (ikasturtea amaitzean amaitzen dira eta berriro eskatu behar dira, ondorengo ikasturtean jarraitu nahi izanez gero).
16 urte baino gutxiago eta 14 baino gehiagoko ikasleentzat dira, eskolara egokitzeko arazo larriak dituztenentzat eta ikastetxe bertako arretarako beste neurri batzuk nahikoa izan ez dituztenentzat. Kasu bakoitzerako jarraipen plan bat dago eta profesional eta zerbitzu desberdinek hartzen dute parte, 2002ko maiatzaren 7ko Aginduan araututakoaren arabera.
Kasu honetan ez dago programa hauen hedapenari buruzko daturik.
Erakundeen erantzunaren argi-ilunak
Aurreko epigrafeetan ikusi dugunez, jarraipenari esker zenbait datu serie ditugu gizarte-egoera ahuleko biztanleriaren hezkuntza beharrei eskainitako arretari edo erantzunari buruz.
Eskura dauden ia datu guztiak gure gomendioetan aipatutako jarduera lerro bati buruzkoak dira: Diskriminazio positiboko neurriak ezarri, baliabideak esleitzeari dagokionez, bazterturiko ikaslerik gehien duten ikastetxeen alde (bigarren gomendioa).
Zentzu honetan, datuek gero eta arreta handiagoa edo ikasturtetik ikasturtera baliabide gehiago adierazten dute.
Zailagoa da baliabide horiekin lortutako ondorioa zein den jakitea (hau da, eskolako emaitzetan izandako eragina, adibidez), nahikoa ote diren edo ez desberdintasun bidegabeak zuzentzeko edo ezaugarri horiekiko talde guztietara iristen ote diren edo ez.
Eskolatze goiztiarrari buruz ere (0-3 urte) datu ugari izan dugu zenbaitetan. Adibidez, udalerri bakoitzean Haurreskolei dagozkien unitateak nola banatuta dauden. Datu horiekin ez da erraza jakitea adin hauetarako eskola-mapa eratzeko zer irizpide erabili diren. Ez dirudi gizarte-egoera ahuleko ikasleak goiz eskolatzeari gainerako irizpideei baino lehentasun handiagoa eman zaionik.
Dena dela, baliabide hauek pixkanaka zabaldu izanaren ondorioz ia toki guztietara iritsi dira, baita gizarte egoera ahulenean bizi direnengana ere.
Gainerako gomendioei edo hobetzeko proposamenei dagokienez, Sailetik lortutako informazioa gutxi izan da edo bat ere ez. Bereziki garrantzitsua (eta zaila) iruditzen zaigu gure hirugarren gomendioa ezartzea: Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskola-ghettoak saihesteko neurriak hartzea.
Beste herrialdeetako esperientziak adierazten du gai hau oso garrantzitsua dela eta gizartean ondorio garrantzitsuak dituela. Gure artean badugu Síndic de Greuges de Catalunyak (Arartekoaren antzeko erakundeak) sustatutako azterketa bat eta Erkidego horretako ikastetxeetako eskola bazterkeria eta horrek gizarte kohesiorako izan dituen ondorioak aztertzen ditu.
Funtsezko gaia da, beraz, interes eta kokapen desberdinak gurutzatzen dira eta hezkuntza-administrazioak ez du oraindik berdintasun eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko beharrezko neurririk hartu.
Kexen ikuspegia
Ez da ohikoa gizarte-egoera ahuleko ikasleei eskainitako hezkuntza arretagatik banako kexak jasotzea.
Baina kezka, kexa edo eskariak adierazi izan dira ikastetxe jakin batzuetako profesional edo parte hartzeko organo zehatz batzuen aldetik, baita zuzendaritza talde, elkarte edo gizarte zerbitzuen aldetik ere.
"Kezka, kexa edo eskaria" aipatzen dugu askotan gauzak zuzenean planteatzen baitira, bileretan edo baliabide jakin batzuetara egiten diren ikustaldietan, baita idatziz ere (adibidez, 2008an SAREAN ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak hala aurkeztu zuen kexa); baina ez dira banako kasuei buruz izaten, baizik eta oinarrizko elementuak edo hezkuntza sistemako baldintzatzaileak jartzen dituzte zalantzan, bereziki ikasleak matrikulatzeko eta banatzeko irizpideekin zerikusia dutenak, desberdintasun egoera horietan orekatzeko gutxi balio dutela uste duten baliabideen izendapena... Gai horiek guztiek sistemaren orekan eragina dute, gizarteko desberdintasunak eraldatzeko gaitasunean dute eragina.
Noizik eta behin ikastetxeren baten kexa izaten da programa jakin baten ezarpenari buruzko (2009ko kexa, ELPR programako finantzazio murrizketengatik heziketetan desabantaila egoeran dauden DBHko ikasle asko eskolatzen duten institutuak babesteko eta indartzeko).
Elementurik azpimarragarrienak eta gomendioak
Aurreko orrietan adierazi denez, urte hauetan neurriak eta programak ezarri dira desberdintasunak orekatzeko eta 0-3 urte arteko eskolatze goiztiarrean aurrera egin da nabarmen. Hemen eskainitako datuek ere nolabaiteko diskriminazio positiboa adierazten dute, programa jakin batzuk burutzen dituzten edo gizarte egoera bereziki ahuletan dauden ikasleak artatzen dituzten ikastetxeetan.
Gure iritziz oraindik ez da gainditu segregazioa saihesteko neurri eraginkorrak hartzea, eskolako ghettoak sortzeko arriskua gainditzea, gure Erkidegoko ikastetxeetan gizarte egoera ahulen egon eta heziketa behar berezi edo berariazkoak dituzten ikasleak orekatuago banatzea.
Gure Erkidegoko errealitate honi buruz berariazko ikerketa falta da (Katalunian Síndic de Greugesek egindakoaren tankerakoa), baina eskura dauden datuek adierazten dute duela hamar urte azpimarratutako arazoak (gizarte egoera ahula behar adina aintzat ez hartzea; ikasle hauek artatzeko ikastetxe eta eskola sareen arteko alde handiak; erantzuteko gaitasun gutxiko ikastetxeak eta eskola emaitza ez egokiak…) mantendu egin direla eta litekeena da horietakoren bat areagotu ere egin izana. Horrek gizarte kohesiorako izan ditzakeen ondorio larriekin.
Kontua da eskolako segregazio egoerak eta arriskuak ez finkatzea –kasu bakoitzerako neurririk egokienak erabilita–; ikastetxeen artean desberdintasun txikiagoak egon daitezen lortzea; denetan ikasleen aniztasuna egotea… Horrek neurri administratiboak ez ezik, gizarteak aniztasuna beste begi batzuekin ikustea ere esan nahi du, zerbait positiboa eta aberatsa dela ikustea.
Sektore honetarako hobekuntzarako proposamen aplikagarriei dagokienez, txosten honetako 5. kapituluan egindako gomendioetatik honakoak nabarmenduko genituzke hemen:
– Diskriminazio egoerak edo bazterkeria mesedetzen dutenak saihestu, horretarako neurririk egokienak hartuta (28. gomendioa).
– Zailtasunik handieneko ikastetxeentzako konpentsazio politikak eta diskriminazio positiboko neurriak areagotu (29. gomendioa).
– Behar bereziko egoerak hobeto hauteman eta parte hartze goiztiarra mesedetu (30. gomendioa).
– Familiekin eta elkarte munduarekin lankidetza sustatu (31. gomendioa).
– Planak, egungo programak, sektore hau hobetzeko baliabideak ebaluatu (32. gomendioa).
– Lortzen ari diren eskola emaitzen jarraipena egin (33. gomendioa).
– Aniztasuna sustatu, ez soilik ikasleena, baita ikastetxeetako profesional taldeena ere (34. gomendioa).