3.4. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak
Sektorearen ezaugarriak
Azken hamarkadetan aldaketa itzela gertatu da gure hezkuntza sisteman "hezkuntza berezia" izenez ezagutzen zen horretan. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak ohiko ikastetxeetan txertatzearen (barnean hartzearen) eta hezkuntza-erantzunak normaltzearen alde egitea orokorra izan da. Izan ere, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen %90 baino gehiago ikastetxe arruntetan daude eskolatuta, baina ikastetxe guztiek ez dituzte holako ezaugarriak dauzkaten ikasleak hartzen, eta are gutxiago antzeko proportzioan. Horrek arauak, kontzeptuak, antolakuntza aldarazi ditu, baliabideak birbanarazi ditu, langile mota berriak sorrarazi ditu, etab.
Gogoratu edo definitu behar da zelan ulertzen dira "hezkuntza premia bereziak" edo gure hezkuntza sistemak zer premia jotzen den halakotzat. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak honakoa xedatzen zuen:
"Dekretu honen eraginetarako hezkuntza-premia bereziak izango dituzte eskolatze-aldi osoan edo epealdi batean hainbat lagungarri eta arreta berezi behar dituzten ikasleek, urritasun fisikoak, psikikoak edo sentimenekoak dituztelako, portaeran desoreka larriak adierazten dituztelako, edo gizarte edo kultura-egoera kaltetua dutelako; hezkuntza-premia bereziak izango dituzte, halaber, adimen-gaitasun handiko ikasleek, horiek ere arreta bereziak behar dituzte eta".
Definizio hori izango da gure erreferentzia esparrua bai azpi-kapitulu honetan bai hurrengoetan. Hemen, atal honetan, zehazki minusbaliotasunen bati (izan fisikoa, psikikoa edo sentimenekoa, sailkapen hedatuenaren arabera) lotutako edo handik eratorritako hezkuntza premia berezietara mugatuko gara.
Dekretuak berak adierazten du hezkuntza sistemak berariaz erantzun behar dien hezkuntza premia berezien tipologia; honakoetatik eratorritako premiak:
– Buru-urritasuna edo garapenaren nahaste orokorra.
– Gorreria eta antzumen-urritasuna.
– Ikusmen-urritasuna.
– Mugimenezko ezgaitasuna eta garun-paralisia.
– Gaitasun handiagoa edo aparteko adimena.
– Gizarte edo kultura egoera kaltetua.
– Eskola-moldagabezia larria.
– Ospitalizazioa eta gaixotasun luzeak.
– Ikaskuntza-maila motelak eta ikaskuntzako oztopo garrantzitsuak.
Ondorengo epigrafeetan emango ditugun datuetan ikusiko denez, ikasle kopuru handia da (11.000 inguru azken ikasturteetan), eta hezkuntza sistemak 3.000 inguru langile espezializatu darabiltza haien premietarako.
Aurrekariak
Erakunde honek EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzunari buruz egindako ezohizko txostena argitaratu eta Legebiltzarrean eztabaidatu zen 2001ean.
Urte hartako ohizko txostenean, laburpena egin zen eta bereziki kezkagarriak ziren 10 gaiak eta egindako 21 gomendioak azpimarratu ziren. Ondoren, 2002ko ekainean, bilera egin genuen Hezkuntza sailburuarekin eta Saileko arduradun gorenekin eta, bertan, besteak beste, txostenarekin erlazionatutako kontuak eta bertan jasotako gomendioen jarraipena egiteko beharra aztertu ziren. Horretarako, erakunde honek, ofizioz, Hezkuntza sailburuarengana jo zuen hasierako informazioa, nolabait orokorragoa, izateko. Informazio hori, azkenean, 2003ko martxoan jaso zen, dokumentu luze batean. Bai agiri hori bai eskatutako informazio osagarria, baita Sailaren beste erantzuna ere, urte hartako txostenean laburbildu ziren (ikusi 2003ko txostena, 1.1.10 azpiatala).
Une horretatik aurrera, urtez urte, jarraipen sistematikoa egin da, gai edo adierazle batzuei erreparatuz (ikusi 2004 eta 2009 bitarteko Urteko txostenak).
Arazo nagusiak
Eskubideak bermatzeko ikuspegi batetik (Ararteko erakundeari dagokion ikuspegia), hemen, txostenean agertzen diren alderdi oso kezkagarriak eta, gure iritziz, lehentasunezko arreta behar duen alderdiak azpimarratu nahi ditugu.
1. Arautegiaren eta eskola praktikaren arteko jauzia
Gure Erkidegoan ezarri beharreko arautegiak eskola muinbakarra eta integratzailea proposatzen du. Hau da, ikasle aniztasunari erantzun egokia emateko gauza diren erakundeak, eta hezkuntza-premia bereziko ikasleen hezkuntza integrazioa lortzeko ahalmena duten erakundeak. Hezkuntza-premia bereziak sor ditzakeen egoera sorta zabala jasotzen du, eta premia horiek aldi batekoak edo eskola bizitza osokoak izan daitezke. Era berean, irizpideak, prozedurak, baliabide materialak, profesionalak, laguntza zerbitzuak eta abar ere ezartzen ditu. Aurrerapauso handiak eta lorpen ikusgarriak egin badira ere, azterturiko errealitateak agerian jartzen duenez, beti ez dira lortzen integrazioa eta normalizazioa (printzipio horiek dira hezkuntza-premia bereziei eman beharreko erantzunaren euskarriak). Horretan eragina duten faktoreak asko dira eta txostenean adierazita daude:
– Hezkuntza sistema nahasian eta konplexuan gidaritza gauzatzeko zailtasuna; sistema horretan ehunka ikastetxe eta milaka ikasgela nahiz gizarte eragile daude.
– Eskainitako erantzun desberdina, irakasleen eta baliabide tekniko nahiz material berezien bitartez; batzuetan ez da hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa lortzen, aniztasunaz arduratzeari dagokionez.
– Bereizketaren aldeko joera historikoa (eta gizarte pentsaera).
– Hezkuntza-premia bereziko pertsonak ikastetxe jakin batzuetan gehiegi pilatzea, horrek integrazioa ekidin baitezake.
2. Laguntzari dagokionez, lurralde batetik bestera dagoen desberdintasuna
Txosten honetan jasotako datuek agerian jartzen dutenez, lurralde batetik bestera desberdintasun handiak daude, hezkuntza-premia bereziek jasotzen duten laguntzari dagokionez:
– hezkuntza-premia bereziko jasotzailetzat hartzen diren ikasleen proportzioan;
– premia mota baten edo beste baten arabera sailkaturiko hezkuntza-premia bereziko ikasleen proportzioan;
– giza baliabideak esleitzean...
Desberdintasun horietariko batzuk historiak azaltzen ditu (adibidez, lurraldeetan hezkuntza bereziari loturiko zerbitzuen, ikastetxeen eta elkarteen ibilbidea). Beste batzuk, berriz, premia jakin bat hezkuntza-premia berezitzat eta laguntza bereziko helburutzat katalogatzeko orduan egon daitezkeen iritzi desberdinek eragin ditzakete, mota batekotzat zein bestekotzat sailkatzeko orduan. Kasuren batean, baliabideen artean ikusitako desberdintasunak, halaber, datuen iturri desberdinen arteko antzeko irizpiderik ez egotearen ondoriozkoak izan daitezke, datu horiek kuantifikatzeko orduan.
Hala eta guztiz ere, desberdintasun batzuk nekez ulertzeko modukoak dira. Batik bat, esku-hartze tasei dagokienez ikusten direnak: Araban hezkuntza-premia bereziko pertsonatzat %2,6 har daitezke, Bizkaian %1,6 eta Gipuzkoan %2,1, eta ez dago hori justifika dezakeen daturik (ez biztanleriari buruzko daturik eta ez datu sozioekonomikorik). Ikastetxeen autonomiak ere ez du halako desberdintasunak azaltzeko aukerarik ematen. Desberdintasunok, batez ere, premiok detektatzeko gaitasun handiagoari edo txikiagoari egotzi behar zaizkio, baita premiei eman beharreko erantzunean eta horren ondoriozko baliabide banaketan zuzentasun handiagoa bilatzen duen irizpide komunik ez egoteari ere.
3. Ez da erraza hezkuntza komunitate osoa hezkuntza-premia bereziei eman beharreko erantzunean inplikatzea
Hezkuntza-premia bereziez arduratzeko, sarri askotan, ikastetxe arruntetan baliabide bereziak sartu behar dira. Izan ere, azken urteotan baliabide eta irudi profesional berriak sortu eta hezkuntza sisteman sartu dira, bai laguntza zerbitzuetan, bai ikastetxeetan euretan, bai baliabide ibiltaritzat: itsuentzako baliabideen irakasleak; eskualdeko profesional anitzeko taldeak; kontsultako irakasleak, orientazioko irakasleak, lanak ikasteko irakasleak, pedagogia terapeutikokoak, logopedak, laguntzaileak, fisioterapeutak...
Txostenean jasotako balorazioek zalantzan jartzen dute profesional horietariko batzuk eskola dinamikara behar bezala sartu ote diren; aldi berean, agerian jartzen dute hezkuntza sistemako kide guztiek nekez hartzen dutela beren eginkizuntzat (eta ez langile berezien edo espezializatuen eginkizuntzat soilik) hezkuntza-premia bereziei laguntza emateko ardura. Horri buruz jasotako datuen, balorazioen eta proposamenen artean, honako hauek aipa daitezke:
– zenbait eragilek (adibidez, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak edo hezkuntza ikuskaritzak) prozesu horiek gidatzearen garrantzia;
– batzuetan, giza baliabideak behar bezala ez erabiltzea, eurenak ez diren lanetan;
– zerbitzuen artean koordinaziorik ez egotea edo hezkuntza-premia bereziko pertsona berberekin lan egiten duten profesionalen artean koordinazio-arazoak izatea...;
– zenbait eragilek (adibidez, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak edo hezkuntza ikuskaritzak) prozesu horiek gidatzearen garrantzia.
4. Hezkuntza-premia berezien prebentzioan eta laguntzan dauden hutsuneak
Oso garrantzitsua da (profesionalak horretan ados daude) hezkuntza-premia bereziak antzematea, aurkitzea, diagnostikatzea eta horiek dituzten haurrei lehenbailehen laguntzea. Inork ez du zalantzan jartzen goiz antzematea eta laguntzea oso garrantzitsua dela. Gure Erkidegoko arautegiak berak ere lehentasun hori eta gizarte-osasun eremua deritzonaren barruko komunikazio premia jasotzen ditu: «Hezkuntzako Administrazioa saiatuko da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ahalik eta azkarren, txiki-txikitatik, antzematen, baloratzen eta ikasle horiei arreta eskaintzen. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko zerbitzu arduradunen bitartez harremanetan jarri beharko du foru aldundietako Gizarte Ongizateko eta Osasun Saileko zerbitzu arduradunekin.» (Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuko 4.2. artikulua).
Batzuetan, garaiz baina txarto egindako diagnostiko batek arazoak sor ditzake. Hala eta guztiz ere, gehienetan, antolaturiko laguntza edo baliabide bereziak lortzeko bide bakarra izaten da. Txosten honetako I. eranskinetan ageri diren bizitzaren kontakizunak irakurriz gero, elkarrizketaturiko pertsonek eurek emandako testigantzan, argi eta garbi ikusten da diagnostikoak eta horren ondoriozko laguntzak euren bizitzan eta eskolatze prozesuan izan duen garrantzia.
Ikasleak apurka-apurka eta gero eta gazteagoak direlarik ikastetxeetan eskolatzea, beste alde batetik, aukera irizpideen ondoriozkoa izan da, lehentasun objektiboko irizpideen ondoriozkoa baino gehiago. Atzemate eta arreta goiztiarraren premia dela-eta egoera hori berraztertu behar da.
5. Zerbitzuen arteko koordinazioa eta hezkuntza sistemaren eta familien nahiz elkarteen arteko harremanak
Zerbitzuen eta profesionalen arteko koordinazioa eta familiaren edo legezko ordezkarien inplikazioa (seme-alaben edo ordezkatuen hezkuntza prozesua) erantzunaren kalitatean eragin handia duten faktoreak dira. Hori baliozkoa da kasu guztietarako, baina garrantzi berezia hartzen du hezkuntza-premia bereziko ikasleei dagokienez. Txostenean horri buruzko gabeziak jaso dira, bai sektoreko profesionalen ikuspegitik, bai familien eta famili elkarteen ikuspegitik. Era berean, balorazio onak jasotzen dira, familiek azken urteotan izandako parte-hartzean lorturiko aurrerakuntzei buruz.
6. Praktika onen balorazioa eta trukea
Aurkezpen honetan adierazitakoaren arabera, txostena egitean erabili den ikuspegi metodologikoa kalitatean oinarritzen da. Atal honetan elementu kaltegarriak, kezkagarriak edo nabarmen hobetzeko modukoak azpimarratu ditugu. Eta hori, berriz, orokorrean egiten ari gara. Alabaina, ez da ahaztu behar Euskadiko hezkuntza sistema ehunka ikastetxek eta milaka ikasgelak nahiz profesionalek osatzen dutela.
Eta, jakina, praktika txarrak dauden bezala, praktika onak eta jarraitu beharreko ereduak ere badaude, adierazitako edozein alderditan: integrazioa, aniztasunari emandako erantzuna, koordinazioa, hezkuntza komunitatearen inplikazioa, premia handiena dutenei lehentasunezko laguntza ematea, antolaketa eraginkorra eta baliabideen ustiapena... Txosten honetan, beronen ezaugarriak eta helburua kontuan hartuz, behar beste garatu ez diren eta hobetu daitezkeen faktoreak azpimarratu nahi izan ditugu. Baina beti ez du zertan horrela izan.
Gure sisteman kritikarik gehien jaso duen ezaugarrietariko bat, hain zuzen ere, praktika onak behar beste ez baloratzea edo ez hedatzea izan da: kasu honetan, esate baterako, eskola antolaketako adibide onak, hezkuntza-premia bereziei aurre egiteko. Praktika onak edo txarrak sarritan ez dauka kanpoko ondoriorik (ez onik eta ez txarrik) berori gauzatzen dutenentzat. Horrek, gutxienez, bi ondore kaltegarri ditu: batetik, ez dio mesederik egiten profesional edo erakunde eraginkorren motibazioari edo ahaleginari; bestetik, ez du erraztasunik ematen, beste batzuek horietatik ikas dezaten.
Hobetzeko proposamenak (lehenagoko gomendioak)
Oinarri hartu dugun txostenean, Arartekoak zenbait alderdiri buruzko 21 gomendio egin zituen:
– Hezkuntza sistemaren antolakuntza orokorrari eta haren lehentasunei buruz.
– Ikastetxeen ebaluazioari eta integrazio praktika onei buruz.
– Irudi profesional batzuk eta koordinazioa indartzeari buruz.
– Prozedura eta baliabideetan hobekuntzak sartzeari buruz.
– Gizarte sentsibilizazioari eta gizarte agenteen inplikazioari buruz.
Hemen 21 gomendioak aipatu baino ez dugu egingo (ikuspegi orokorra gogoratzeko eta bistatik ez galtzeko) baina kapitulu honetarako mugatutako hezkuntza premiei zuzenean lotutako batzuk baino ez ditugu laburki azaldu edo garatuko: minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentimenekoei lotutakoak. Hemen aipatu baino egingo ez diren beste gomendioak hurrengo azpiataletan azalduko dira.
Gomendio guztien eduki osoa ikusteko, ikusi EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzuna txosteneko 9. kapitulua.
– Lehenengo multzoan, hezkuntza sistemaren antolaketa orokorrari eta horren lehentasunei buruzko bost gomendio egin ditugu. Honakoa proposatu dugu:
• Bazterturiko ikasleak txikitatik hezteari lehentasuna eman.
• Diskriminazio positiboa, baliabideak esleitzeari dagokionez, bazterturiko ikaslerik gehien duten ikastetxeen alde.
• Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko eta eskola-ghettoak saihesteko neurriak hartzea.
• Gizartean baztertuak dauden ikasleei eman beharreko erantzunak garatzea.
• LHIKen arauketa eta arauturiko nahiz arautu gabeko irakaskuntzaren arteko artikulazioa.
– Bigarren multzoan ikastetxeen ebaluazioari eta integrazio praktika onei buruzko hiru gomendio egin ditugu. Honakoa proposatu dugu:
• Ikastetxeek hezkuntza-premia bereziei eskainitako laguntza ebaluatzea.
• Integrazioko praktika onak onartzea eta hedatzea.
• Ikasgela arrunteko esku-hartzeak eta lankidetzako dinamikak sustatzea, esaterako, ikasgela arruntean zenbait profesionalek aldi berean jardutea (ikasgela barruko, eta ez kanpoko, laguntza eta esku-hartzea) edo ikasleen arteko lankidetza dinamikak erabiltzea.
– Hirugarren multzoan irudi profesional batzuk indartzeko, eta koordinazioa hobetzeko bost gomendio egin ditugu:
• Zuzendaritza taldeei laguntza ematea, integraziorako gidaritza gauzatzean.
• Profesionalen hautaketa eta heziketa bereziari dagokionez, ikasleen aniztasunari eman beharreko erantzunak kontuan hartzea hezkuntza-premia bereziez arduratzean, batez ere zuzendaritza taldeetan eta DBHko irakasleen artean, minusbaliotasuna duten langileak sartuz…
• Irudi profesional «berriak» eskolako dinamikan gehiago integratzea (aholkulariak, orientaziokok, logopedak, fisioterapeutak, lanen ikaskuntzako irakasleak, laguntzaileak...).
• Zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, hezkuntza zerbitzuen artean (zerbitzu zentralizatuak, aldekoak eta ikastetxekoak) ez ezik, gizarte zerbitzuekin edo osasun zerbitzuekin ere bai.
• Bigarren Hezkuntzako ordutegi antolaketa berriz aztertzea.
– Laugarren multzoan prozedurak eta baliabideak hobetzeko sei gomendio egin ditugu:
• Hezkuntza-premia bereziak hobeto detektatzea eta baloratzea, bai eskolatu aurretik (goiz detekta eta erantzutea) bai eskolatze prozesua bitartean.
• Irizpideak bateratzea hezkuntza-premia berezien identifikazioan eta erregistroan; hori lagungarria izango da hezkuntza-premia bereziei egiten zaien arretaren jarraipen fidagarriagoa egiteko, hezkuntza sistemak berak adierazitako datuen arabera.
• Jarduera protokoloak eta isilpekotasun bermeak ezarri dagokien profesional guztientzat.
• Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako trantsizioa zaintzea, unerik kritikoenetariko bat delako, bertan zailagoa baita hezkuntza-premia bereziei arreta egiten jarraituko dela bermatzea, batez ere etapa aldaketarekin batera ikastetxe aldaketa ere egiten denean, aurrekoarekin antolaketa mailako loturarik ez duen ikastetxe batera.
• Ikastetxeetan arkitektura-oztopoak ezabatzea, ezinbestekoa baita zenbait ezgaitasun dauzkaten ikasleak integratzeko.
• Teknologia berriak ustiatzea, batzuetan, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei laguntzeko baliabide bikainak eskaintzen dituztelako; gainera, tresna egokituak eta ikaskuntza «aberastuak» eskaintzen dituzte, premia bereziak dituzten ikasleentzat.
– Txosteneko azken gomendio biek honakoak hobetu nahi dituzte:
• Gizarte sentsibilizazioa eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa.
• Familia eta elkarteekiko harremanak, oso baliagarriak baitira laguntzeko, bitartekaritzarako, eskariak bideratzeko, egokituriko erantzunak bilatzen laguntzeko...
Jarraipenak
Gai honetan egindako jarraipena, funtsean, EAEko hezkuntza premia bereziei emandako erantzuna deritzon txosten berezitik abiatu da; txosten hori Legebiltzarrean aurkeztu eta eztabaidatu zen, 2001ean. Une horretatik aurrera, jarduketa asko egin ditugu, bai Hezkuntza Saileko arduradunekiko bilkurak, bai ofiziozko espedienteak. Ordutik 2009ra arte lorturiko emaitza, bestalde, aurreko urteetako txostenetan adierazi da.
Gure lehen jarraipen jardueretan txosteneko 21 gomendioen gaineko informazio zehatza eskatu eta jaso genuen arren, azken urteotan baliagarriagoa iruditu zaigu gomendio haietako batzuk baino ez hartzea ardatz nagusi, eta, horregatik, aurreko informazioaren arabera esanguratsuenak eta modu objektiboan aztertzeko modukoak iruditu zaizkigun proposamen eta datu zehatzak bakarrik aztertuko ditugu.
Batzuetan, jarraipen orokorra egin nahi izan da; beste zenbaitetan, berriz, gomendio batzuetara mugatu gara, horien garrantzia edo hobetzeko premia kontuan hartuta. 2007an bereizi egin genituen informazio eskabideak: bat orokorragoa, beste bat arkitektura oztopoei buruzkoa eta hirugarren bat, azkenik, hezkuntza- nahiz terapia-unitateei buruzkoa. Horri dagokionez, erantzun partziala lortu genuen.
Bestalde, erreferentzia-txostena eta gero, plan sorta onartu da, eta behar horiei erantzuna emateko hainbat konpromiso hartu dira. Funtsean "Hezkuntza" atalari, immigrazio planen barne dagoena eta ijitoen parte-hartzea eta integrazioari buruz ari gara. Argiago izateko eta jarraipen hobea izateko, aurten, sei atal desberdindu ditugu, eta horietako bakoitzari espediente zehatza eman zaio:
1) Ezgaitasunen bati loturiko hezkuntza-premia bereziei erantzutea.
2) Etorkinen populazio jakin batzuen berariazko premiei erantzutea.
3) Ijitoen populazio jakin batzuen berariazko premiei erantzutea.
4) Gizartean gutxiagotutako populazio jakin batzuen berariazko premiei erantzutea.
5) Traba arkitektonikoak kentzea.
6) Eguneko zentroak edo terapia- eta hezkuntza-unitateak.
Ikusten denez, txosten honetan ere adierazitako egoerak bereizi eta euren izaera ematen diegu, haietako bakoitzari berariazko azpiatala emanez. Orain honetan, zehazki lehen sektoreari buruz jardun dugu: minusbaliotasunen bati lotutako hezkuntza-premia bereziei buruz. Eta bertan traba arkitektonikoak kentzeari buruzko informazioa sartu dugu.
Ezintasunen bati lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, Hezkuntza Sailari urteroko datu eguneratuak eskatzen dizkiogu (eskolatze-data lurraldeka, sareak, etapak...) egoki deritzon termino edo banakatze mailan, beti ere aurreko urteetako datuekin alderatzeko aukera eduki ahal izateko. Horri esker, hurrengo paragrafoan ikusiko denez, bilakaera ikustea ahalbidetzen duten zenbait datu lortu dira.
Zenbait urtez, kasu honetan arrakasta handirik gabe, sisteman zenbait irudi edo profil profesional sartzeari ere egin diogu jarraipena.
Gogorarazi behar dugu erreferentziazko txostenean irakasleen aniztasuna bultzatzeari, kultura gutxituetako pertsonak edo ezgaitasunen bat dutenak sartzeari buruzko gomendio bat egin genuela (10. gomendioa, 1. atala). Gai horri dagokionez, beste txosten berezi baten harira (Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn), bere garaian zenbait datu eskatu genituen ofiziozko berariazko espediente baten bidez. 2004an sailetik jasotako erantzunean, deigarria egiten zen eginkizun eta maila profesionaletan lanean diharduten pertsona minusbaliatuen benetako kopuruari daturik ez egotea. Hori dela eta, administrazio horretatik eta beste batzuetatik jasotako erantzunen arabera, Arartekoak proposamen zehatz batzuk egin zituen:
– Egungo plaza erreserbatuen kupoa %10era iritsi arte igotzea.
– Haren aplikazioa kontratazio mota orori hedatzea, batez ere behin-behineko lanari, ordezkapen zerrenda edo poltsen kudeaketarako jarraibideetan berariaz sartuz.
– Haien banaketa ordenatua lortzea, talde eta kategorien arabera, sustapen neurri hori ahalik eta minusbaliatu gehieni zabaldu ahal izateko.
– Ezgaitasuna duten pertsonek lan publikoak errazago lortzearen aldeko neurriak agortzea, plazen erreserbatik harago, egokitzapen posibleei benetako edukia emanez.
Funtsean, 2002ko urteko txostenean sartutako gomendio orokor batean ("Gordetako kuota: pertsona ezgaituak EAEko enplegu publikora heltzeko sustapen neurria" –ikusi 2002ko Txostena, VI. kapitulua–) proposatu ziren iradokizun berberak dira, baina orain uste dugu komeni dela haren edukia gehiago zehaztea, EAEko lan merkatu arruntean pertsona ezgaituak sartzeko plana delakoan onartutako proposamenen arabera.
Horrekin batera, administrazioei agertu genien komenigarria zela langile ezgaituei buruzko datuen jarraipena eta tratamendua egiteko sistema ezartzea, azken finean, proposatutako ekimenak benetan noraino betetzen diren ezagutu ahal izateko (ikusi 2004ko Txostena, I. kap., 1.1.13. atala). Ondorengo urteetan hari buruzko argibideak eskatu ditugu.
Jasotako erantzunen arabera, ez dirudi gomendatutakoaren ildotik aurrerapen edo aldaketa esanguratsurik gertatu denik, Lan Eskaintza Publiko batzuetan izan ezik (adibidez, Hezkuntza Laguntzako Espezialistetarako). Ez aipatu lau proposamenei dagokienez, ez langile ezgaituei buruzko datuak eskuragarri egoteari dagokionez, ez sisteman alderdi hauetan gero eta aniztasun handiagoa duten ikasleen jatorrizko hizkuntzak edo kulturak ezagutzen dituzten pertsonak sartzeari dagokionez, giza baliabide berriak sartuz edo sistemako profesionalak prestatuz.
Honako hiru gaiei ere jarraipen sistematikoa egin zaie:
1) Beste erakundeekin koordinatzea terapia- eta hezkuntza-unitateak abiarazteko.
2) Isilpekotasun bermearen hobekuntza datuen tratamenduan.
3) Oztopo arkitektonikoen ezabaketa.
Lehenengoa txosten honek haur eta gazteen osasun mentalari buruz daukan azpiatalean landuko da. Beste biak, hemen laburbilduko ditugu:
– Hezkuntza-premia bereziak erregistratzeari (15. gomendioa), eta jarduteko protokoloei eta isilpekotasun bermeei (16. gomendioa) dagokienez, jarraipenen bidez ezagutu nahi izan da zer berme tresna ari ziren ezartzen isilpekotasunari buruzko legezko betekizunak betetzeko.
Horri buruz jasotako azken informazioa 2007ko apirilekoa da, eta bertan adierazi zen ezin izan zela aplikazio informatikoaren esperimentazio fasea amaitu, isilpekotasunari eragiten zioten arazoei antzeman zitzaiela, aplikazioa berriz diseinatzen ari zirela, proba aldi bat ekingo zitzaiola...
– Bukatzeko, ikastetxeetan oztopoak ezabatzeari buruzko datuak laburbilduko ditugu (erreferentziazko txosteneko 18 eta 19. gomendioak).
Arartekoak, gai horri dagokionez egindako jarduketa gehienen bidez, eskuragarri dagoen informazioa aldian-aldian eguneratu nahi izan du, batez ere gure erkidegoko ikastetxe guztietako benetako irisgarritasunaren "egoera mapa" egiteari dagokionez (hots, gure 18. gomendioaren aplikazioari dagokionez, Sailak berak formalki onartu baitzuen hura betetzea), eta ikastetxe guztietan erabateko irisgarritasuna lortzeko aurreikuspenei dagokienez.
Gai horiek lantzeko, besteak beste, bilera monografikoa egin zen 2006ko otsailaren 1ean. Bilera hartan, sailaren arduradunek mapa urte hartan bukatzeko asmoa agertu zuten. Horregatik, ondorengo informazio eskaeretan, honako argibideak eskatu ditugu:
1) Azken ekitaldietako aurrekontuetan oztopo arkitektonikoak ezabatzeko sartutako eta egikaritutako zenbatekoak eta, egindako obren ondorioz, oztopoak ezabatutako ikastetxe.
2) Gure erkidegoko ikastetxe guztietan irisgarritasunaren egiazko "egoera mapa" benetan zegoenetz eta, hala izanez gero, zein ziren haien oinarrizko datuak: oztopodun eta oztoporik gabeko ikastetxe kopurua eta proportzioa, etapen arabera, lurraldeen arabera, etab.
3) Zer egutegi zeukan sailak ikastetxe guztietan erabateko irisgarritasuna lortzeko.
Zentzu horretan, sailak emandako erantzunetan ikastetxeen eta aurrekontu ekitaldietan haiei bideratutako kontusailen zerrenda bi, eta ikastetxeen eta "hurrengo urteetarako" aurreikusitako kontusailen zerrenda bat baino ez zituen ematen bakoitzean.
Aurrekari horiek kontuan izanda, 2009an jarraipen espediente gehiago zuzendu genizkion sailari, ildo beretik baina informazio zehatzagoa eskatuz. Jarduketa horien ondorioz, Hezkuntza Sailaren erantzun bi jaso dira:
– Lehenengoa, 2009ko maiatzaren 7an jasoa, orduko Administrazio eta Zerbitzuen saliburuordeak igorri zuen.
– Bigarrena, 2010eko urtarrilaren 12an jasoa, saileko egungo Baliabide Materialen Zuzendaritzak prestatu.
Txosten oso xehakatuak dira eta, adibidez, ikastetxez ikastetxe egindako edo aurreikusitako obrei buruzko datuak jaso ditu. Hemen haren edukia aipatu baino ezin dugu egin.
Hola, lehenengo erantzuna 2008an, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien artean sinatutako "Ekonomia eta enplegua bizkortzeko inbertsio publikoaren dinamizazioa" izenez sinatutako erakundeen arteko hitzarmenaren esparruan, "Ikastetxe publikoetako azpiegiturak hobetzeko 2008-2012 plan berezia" delakoari buruzkoa. Plan horrek ikastetxeetan ia 350 inbertsio obrak (mota guztietako obrak, oztopoak ezabatzekoak ez ezik) egitea eta guztira 700 milioi euro gastatzea aurreikusten zuen. Jasotako txostena planaren bigarren bertsioa da, 2009ko lehenengo hiruhilekoan eguneratua. Ikastetxez ikastetxeko aurreikuspen ekonomikoei eta haiek premietara egokitzeko egin beharreko obrei dagokienez, hasieran planifikatutako aldiari buruzko (2008-2012) datuak ez ezik, 2015 artekoak ere jaso ditu, uste baita ezinezkoa izango dela behar diren obra guztiak hasieran aurreikusitako aldian egitea.
Jakina denez, egun haietan (2009ko maiatzean) gobernu aldaketa egon zen. Arartekoak 2009ko azaroaren 2an Hezkuntza Sailari zuzendutako ofiziozko espediente berriaren helburua, beraz, sailaren arduradun berrien datuak eta aurreikuspenak jasotzea zen.
Baliabide Materialen Zuzendaritzak egindako txosten zabala funtsean erantsitako 6 agiritan dago zehaztuta:
– I. Eranskina, mugikortasun mugatua edo bestelako ezgaitasunak izanda, ikastetxeetan euren jarduerak egiteko berariazko baliabideak (gurpil-aulkiak, gurpil-aulkiei egokitutako mahaiak eta erretiluak, esku-oheak, gorputz ariketetarako materiala, material didaktiko berezia, eskorgak, komuneko aulki etzangarriak, arbel interaktiboak, etab.) behar dituzten ikasleek erabiltzeko material berezia. Eranskin hori 2008 (409.478,59 €) eta 2009. (369.106,4 €) urteetakoa da.
– II. Eranskina:
• dauden ikastetxeetan irisgarritasunari buruzko araudira egokitzeko obra handiei buruzkoa, eraikinetan sartzeko aldapak eginez, ate handiagoak jarriz, igogailuak eraikiz, mugikortasun mugatuko erabiltzaileentzako komunak eraldatuz, etab. (2008 eta 2009. urteak);
• proiektuetan irisgarritasunari buruzko araudia jasotzen duten ikastetxe eraiki berriei eta dauden eraikinak handitzeari buruzkoa (2008 eta 009. urteak).
– III. Eranskina, ikastetxe itunduetan oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obrak egiteko diru-laguntzei buruzkoa. (2008an emandako diru-laguntzak. 2009ko eskaerak –ebazteko prozesuan garai hartan.)
– IV, V eta VI. Eranskinak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2002-2009 urteetako irisgarritasun mapak, ikastetxez ikastetxeko eta urtez urteko obra aurreikuspenekin.
Agiri horiek guztiak, lurralde historiko bakoitzeko irisgarritasun mapak barne, tresna erabilgarriak dira eta geroko jarraipenetan ere erabili ahalko dira, irisgarritasun osoa lortu arte.
Funtsezko datuak – adierazleak
– Seguruenik, aztertzen ari garen gaian adierazlerik oinarrizkoena une jakin batean (adibidez ikasturte jakin batean) "hezkuntza-premia bereziak dituen ikasle"tzat jotzen diren adingabe eskolatuen kopurua da.
Hola, laburbilduta, ezgaitasunari, aparteko talentuari eta berariazko hezkuntza laguntza premiei lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, azken hiru ikasturteei dagozkien honako taulak eman ditzakegu:
HONAKOAK DITUZTEN IKASLEAK | Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | % |
Ikusteko urritasuna | 39 | 65 | 56 | 160 | 1,5 |
Entzuteko urritasuna | 57 | 154 | 79 | 290 | 2,8 |
Adimen urritasuna | 413 | 696 | 460 | 1.568 | 15 |
Mugitzeko urritasuna | 80 | 197 | 161 | 438 | 4,2 |
Autismoa / GNO | 69 | 463 | 182 | 714 | 6,8 |
Hainbat urritasun | 101 | 549 | 198 | 848 | 8,1 |
Emozio arazo larriak | 198 | 784 | 751 | 1.733 | 16,5 |
Aparteko talentu intelektuala | 10 | 32 | 13 | 55 | 0,5 |
HPB ez iraunkorrak | 815 | 2.069 | 1.778 | 4.622 | 44,5 |
Ikasleak guztira | 1.782 | 5.009 | 3.678 | 10.469 | 100% |
Lurraldeko %a | %17 | %47,9 | %35,1 | %100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
HONAKOAK DITUZTEN IKASLEAK | Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | % |
Ikusteko urritasuna | 41 | 70 | 64 | 175 | 1,6 |
Entzuteko urritasuna | 59 | 154 | 96 | 309 | 2,9 |
Adimen urritasuna | 439 | 770 | 512 | 1.721 | 15,9 |
Mugitzeko urritasuna | 84 | 207 | 186 | 477 | 4,4 |
Autismoa / GNO / AEN | 79 | 524 | 191 | 794 | 7,3 |
Hainbat urritasun | 106 | 543 | 202 | 851 | 7,9 |
Emozio arazo larriak | 197 | 824 | 734 | 1.755 | 16,2 |
Aparteko talentu intelektuala | 9 | 35 | 16 | 60 | 0,6 |
HPB ez iraunkorrak | 808 | 2.193 | 1.665 | 4.666 | 43,2 |
Ikasleak guztira | 1.822 | 5.320 | 3.666 | 10.808 | %100 |
Lurraldeko %a | %16,9 | %49,2 | %33,9 | %100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
HONAKOAK DITUZTEN IKASLEAK | Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | % |
Ikusteko urritasuna | 60 | 150 | 69 | 279 | %2,42 |
Entzuteko urritasuna | 80 | 175 | 111 | 366 | %3,18 |
Adimen urritasuna | 676 | 1.137 | 824 | 2.637 | %22,88 |
Mugitzeko urritasuna | 95 | 281 | 195 | 571 | %4,95 |
Autismoa / GNO | 78 | 527 | 218 | 823 | %7,14 |
Hainbat urritasun | 63 | 116 | 70 | 249 | %2,16 |
Emozio arazo larriak | 248 | 840 | 918 | 2.006 | %17,40 |
Aparteko talentu intelektuala | 19 | 56 | 28 | 103 | %0,89 |
HPB ez iraunkorrak | 814 | 2.213 | 1.466 | 4.493 | %38,98 |
Ikasleak guztira | 2.133 | 5.495 | 3.899 | 11.527 | %100 |
Lurraldeko %a | %18,50 | %47,67 | %33,82 | %100 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
Horrek, orokorrean, etengabeko hazkundeak erakusten ditu azken urteotan; aurreko urteetako joera berari jarraituz (aurreko ikasturteetako datuak ikusteko, ikusi Arartekoaren urteko txostenak). Azken ikasturte bietan, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen hazkundea mila baino apur bat gehiagokoa (1.058) izan da; hots, %10ekoa.
Lurraldeen, sareen, etapen edo hezkuntza mailen araberako banaketari dagokionez, honakoa izan da:
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | |||||
Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | |
Haur eta Lehen H. | 669 | 399 | 1.989 | 1.007 | 1.399 | 922 | 6.385 | |
DBH | 273 | 224 | 851 | 601 | 538 | 526 | 3.013 | |
Derrigor. ond. H. | 21 | 8 | 31 | 15 | 31 | 16 | 122 | |
GUZTIRA | 963 | 631 | 2.871 | 1.623 | 1.968 | 1.464 | 9.520 | |
GUZTIRA | 1.594 | 4.494 | 3.432 | 9.520 | ||||
Gela egonkorrak | 143 | 45 | 199 | 316 | 91 | 155 | 433 | 516 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | |||||
Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | |
Haur eta Lehen H. | 719 | 417 | 2.101 | 1.102 | 1.386 | 904 | 6.621 | |
DBH | 261 | 251 | 915 | 612 | 557 | 538 | 3.134 | |
Derrigor. ond. H. | 19 | 14 | 31 | 20 | 30 | 18 | 132 | |
Gela egonkorrak | 119 | 30 | 232 | 307 | 79 | 154 | 921 | |
GUZTIRA | 1.110 | 712 | 3.279 | 2.041 | 2.052 | 1.614 | 10.808 | |
GUZTIRA | 1.822 | 5.320 | 3.666 | 10.808 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
Araba | Bizkaia | Gipuzkoa | GUZTIRA | |||||
Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | Pub. | Prib. | |
Haur eta Lehen H. | 923 | 426 | 2.160 | 1.210 | 1.454 | 1.007 | 7.180 | |
DBH | 324 | 250 | 899 | 577 | 584 | 517 | 3.151 | |
Derrigor. ond. H. | 29 | 12 | 23 | 19 | 144 | 51 | 278 | |
Gela egonkorrak | 130 | 39 | 245 | 382 | 0 | 142 | 918 | |
GUZTIRA | 1.406 | 727 | 3.327 | 2.168 | 2.182 | 1.717 | 11.527 | |
GUZTIRA | 2.133 | 5.495 | 3.899 | 11.527 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
Datu horiek aldaketa txikiak erakusten dituzte ikasturte batetik bestera, era ikasle horien sareen araberako banaketari dagokionez, proportzioa, ia etengabea, seiko laukoa da: %60 sare publikoan eta %40 sare pribatuan, azken ikasturteko datuen arabera.
Arestian emandako datuek (Arartekoaren urteko txostenetan emandako aurreko ikasturteetakoek legez) bidea ematen dute zenbait irakurketa egiteko. Hemen bakarra egingo dugu, lurraldeen araberako banaketari lotua bera.
Gogoratuko denez, erreferentziazko txostenean azpimarratu genuen lurraldeen arteko aldeak arazo nagusietako bat zirela, berdintasunaren aurkakoa. Nekez zuritu zitekeen hezkuntza-premia bereziak dituen ikasletzat jotzen direnak Araban ikasle guztien %2,6 izatea, Bizkaian %1,6 eta Gipuzkoan %2,1. Datu edo proportzio horiek 1999-2000 ikasturtekoak ziren.
Datu eguneratuei esker balora dezakegu ea egoerak dirauen ala zuzendu den eta zein neurritan.
Hola, 2009-2010 ikasturtean, datu eguneratuak honakoak ziren:
• Araban, hezkuntza-premia bereziak dituzten 2.133 ikasle, lurraldean eskolatutako 49.613 ikasleetatik (aintzat hartutako mailetan: unibertsitatez kanpoko guztiak, HHE izan ezik), %4,3, alegia
.
• Bizkaian, 5.495 eskolatutako 169.319etatik, %3,2, alegia
.
• Gipuzkoan, 3.899 114.691etatik, hots, %3,4.
Hortaz, hamar urte geroago, lurraldeen arteko aldeek badiraute, batez ere, alde batetik Arabaren, eta bestetik Bizkaia eta Gipuzkoaren artean. Halaber, interesgarria da ikustea azken hamar urteotan hezkuntza-premia berezien subjektutzat jotako ikasleen proportzioa nabarmen hazi dela hiru lurraldeetan. Egun, EAE osorako, 1.000 ikasle eskolatutik 34 (%3,45) hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasle sailkatzen dira.
– Beste adierazle garrantzitsu bat ikasle horiez arduratzen diren profesionalen kopurua da.
Laguntzako langileei dagokienez, emandako azken datuak (2008-2009 ikasturtekoak) honakoak dira:
HPB duten ikasleentzako langileak | Nº |
Irakasle aholkularia | 343 |
Irakasle orientatzailea | 246 |
Hezkuntza-premia berezitarako aholkularitzak | 95 |
Fisioterapeutak | 32 |
Okupazio-terapeutak | 8 |
PT irakasleak (Lehen hezkuntza) | 772 |
PT irakasleak (Bigarren hezkuntza) | 388 |
PT irakasleak (Helduen Hezkuntza Iraunkorra) | 18 |
PT irakasleak (zereginen ikaskuntzarako gelak) | 48 |
Tailerreko maisu-maistrak | 46 |
Ikusteko urritasuneko irakasle adituak | 51 |
Braille transkribatzaileak | 7 |
Etxeko, ospitaleko eta terapia-hezkuntzako esparruetako irakasleak | 59 |
Gorreria duten ikasleak eskolatzeko koordinatzaileak | 3 |
Entzuteko urritasuneko irakasle adituak | 233 |
Zeinu-mintzairaren interpretatzaileak | 8 |
Hezkuntza laguntzako langile adituak | 685 |
GUZTIRA | 3.042 |
Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Arartekoaren jarraipen espedienterako erantzuna.
Kasu horretan ere, aurreko ikasturteei buruzko datu asko daukagu (aurreko urteetako Arartekoaren ohiko txostenetan ikus daitezke), baina urteen arabera zenbait profesional tauletan integratzeak edo ez integratzeak, ez du fidagarri egiten konparaketa.
Edonola ere, eta sartzeko irizpide baliagarritzat arestiko taulan erabilitakoa onartzen badugu, arreta eta laguntza zereginetan diharduten hiru mila profesional baino gehiago dira, gutxi gorabehera, aztertutako maila edo etapetako irakasle guztien %10.
– Urteotan, bilakaera ikusten laguntzen duten beste adierazle kuantitatibo batzuk ere izan ditugu. Adibidez: ikastetxe pribatuetan hezkuntza bereziko gelako ituntzeko erabilitako aurrekontua; irakasleen prestakuntza iraunkorreko programan eskainitako ikastaro kopurua; prestakuntza eta berrikuntza proiektuen kopurua...
Orokorrean, haietan guztietan, ikasturtez ikasturte hezkuntza-premia bereziei erantzuteko baliabideei eutsi edo handitu egin dira.
Erreferentzia gisa, hemen 2008/2009 ikasturteari dagozkion datuak baino ez ditugu islatuko:
• Itunduta:
– 34.537.094,30 euro hezkuntza bereziko 546 unitate ituntzeko;
– 9.298.791,86 euro 195 ikastetxe itunduri laguntzako 486 aditu kontratatzeko.
• Hezkuntza-premia bereziei lotutako prestakuntza ikastaroak: 48 ikasturte eskaini dira 2008/2009 Garatu programan.
• Ikastetxeetako prestakuntza eta berrikuntza proiektuak: hezkuntza-premia berezien programari lotutako 40 proiektu eta aniztasun programari lotutako 85.
Erakundeen erantzunaren argi-ilunak
Zalantzarik gabe, hezkuntza sistema integratzailea, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei era egoki eta normalizatuan erantzuteko gai dena, eratzea funtsezko apustuetako bat izan da gure erkidegoan, eta zenbait hamarkadaz eutsi zaio.
Horrek pentsaera, lege eta antolakuntza aldaketa handiak eskatu ditu, baita premiei erantzuteko gaitasuna hobetzeko giza baliabide eta baliabide tekniko asko erabiltzea ere. Ikastetxe bereziak edo hezkuntza bereziko aula itxiak egun ia salbuespen dira eta oso egoera larri eta zail batzuetarako baino ez dira erabiltzen.
Integratze osoa, ordea, xede bat da oraindik, nahi bat, lortzeko zaila. Oraindik hura zailtzen duten oztopoak daude: gizarte eta kultura oztopoak, luzaroan eutsitako sistema bereizlearen ondorioz iraun dutenak; oztopo arkitektoniko eta teknologikoak, ikastetxe guztietan orokorrean gainditzen ez direnak; antolakuntza oztopoak eskola sistemaren baitan, eskolatzea eta ikasleen taldekatzea berdintasun, integrazio, oreka... handi edo txikiagokoak izateari eragiten dietenak.
Egindako jarraipenaren arabera asko dago oraindik hobetzeko funtsezko alderdi oso zehatz batzuei dagokienez: Esate baterako:
– Oztopo arkitektonikoak erabat ezabatzeari edo ikasten laguntzeko baliabide teknologiko gero eta ahaltsuagoak sartzeari dagokionez.
– Sisteman ezgaitasuna duten profesionalak sartzeari dagokionez.
– Hezkuntza-premia bereziei goiz antzemate eta erantzuteari dagokienez, haiek eskolatze egokirako funtsezkoak izanda.
– Zenbait egoera edo ezaugarri hezkuntza-premia berezitzat jotzeari dagokionez.
– Datuen tratamenduko isilpekotasun bermeei dagokienez. Etab.
Kexen ikuspegia
Erreferentzia edo adibide Arartekoak azken urte biotan jasotako kexak hartuz gero, ikusten da zuzenean hezkuntza-premia berezientzako arretari buruzkoak askotxo direla: gutxienez 6 kexa hezkuntzari buruzko 111tik 2008an; 6 kexa 76tik 2009an; eta beste batzuk zerbitzu osagarriei buruz.
Kexatzeko arrazoiei dagokienez, legeak premia horiei erantzuteko aurreikusten diren baliabide ia guztiekin dute zerikusia. Baliabide horiek multzo handi bitan bereiz daitezke:
1) Irisgarritasun neurriak eta beharrezko laguntza teknikoak edo langile laguntzaileak.
2) Curriculumak egokitzeko aukera esanguratsuak.
Jasotako kexa gehienak lehenengo multzoari buruzkoak dira. Eta, haien artean, kexarako honako zioak bereiz ditzakegu:
– Ikastetxe batzuetako irisgarritasun faltagatik edo dauden oztopoengatik: izan lehenengo eskolatzearen unean (batez ere Haurreskolak Partzuergoaren mendeko ikastetxeei eragin die), izan familiaren lekualdatzeagatik edo etapa aldatzeagatik egindako ikastetxe aldaketa dela-eta.
Orokorrean, holako kexak ondo konpondu dira, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lanak aurreratuz.
– Eginkizun batzuetarako (logopediak, fisioterapia...) laguntza edo langile espezializatu faltagatik.
Batzuetan, laguntza faltari buruzko kexak "derrigorrezko" jotzen ez diren jarduera edo denbora batzuei (adibidez, ikastetxeak uda bitartean eskainitako haurtzaindegi zerbitzuaz arduratzeko), edo eskolatze egoera batetik beste batera igarotzeari (adibidez, etxeko banakako arretatik Lanbide Heziketako ikastetxe batean eskolatzera...) buruzkoak izan dira.
– Zentzu horretan, seguruenik, kexarik errepikatu eta garrantzitsuena laguntzako espezialistak ordezteko zailtasunei buruzkoa izan da.
Gai hori, Arartekoaren aurreko kexetan ez ezik (ikusi, esaterako 2008ko Txostenean Hezkuntza arloa), sindikatuen negoziazioetan eta legebiltzarreko eztabaidetan ere agertu da.
– Azkenik, baliabide faltari edo daudenak hezkuntza-premia berezietarako desegokiak izateari buruzko beste kexa batzuk, zerbitzu egokituen premiari –esaterako, garraioa– buruzkoak izan dira.
Curriculum egokitzapen esanguratsuei buruzko kexei dagokienez, haien esanahia gogoratu behar da: ezohiko neurria da eta haren bidez –egoera batzuen aurrean eta ezarritako prozedura baten bidez– curriculumeko derrigorrezko elementuetan aldaketa handiak sartzen dira, arlo bateko edo batzuetako, zikloko edo etapako... helburuen zati handi bat egokituz edo kenduz.
Holako kexak aurkezten dituztenek uste izan ohi dute euren seme-alabak eskubidea behar lukeela onartzen ez zaion curriculum egokitzapen esanguratsu baterako.
Horri lotuta, hemen aipa dezakegu, adibide gisa, DISLEBI, Bizkaiko dislexiaren elkartearen kexa, hezkuntza administrazioak ikasteko zailtasun hori duten ikasleen premiei erantzun handiagoa eman dezan eskatuz: bai hari antzemateari eta tratamendua emateari dagokienez, bai esku-hartze irizpideei edo irakasleen prestakuntzari dagokienez.
Adingabeen ikuspegia
Gai honi dagokionez ez daukagu datu bilketa sistematikorik jakiteko hezkuntza-premia bereziak dituzten adingabeek eurek zer deritzoten euren eskola egoerari.
Badauzkagu, ordea, balorazio batzuk, zeharkakoagoak agian, baina argi apur bat eman diezaguketenak. Esate baterako:
– Dagoeneko helduak diren eta hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonen balorazioak –edo zenbait adingaberen kasuan haien familiek egindakoak–, zeinetan ikuspegi horretatik euren historia aztertzen baitute (ikusi erreferentziazko txosteneko I. Eranskinean jasotako bizi historiak).
– Kexen eta ezgaitasun honek edo hark eragindako senide elkarteen ordezkariekin izandako bileretan bildutako balorazioak.
Orokorrean, esan dezakegu, hezkuntza sistemari dagokionez, balorazioak nahiko onak izaten direla, batez ere beste aukera batzuekin, esaterako lan munduan sartzearekin, alderatzen dutenean.
Eskaerak, arestiko atalean ikusi denez, honakoak aipatu ohi dituzte: baliabide eskasia (esaterako, laguntzaileak edo logopedak), eskolaz kanpoko ordutegi, esparru edo jardueretan (hala nola txango edo kanpamenduetan) parte hartzeko mugak, haien ustez "hezkuntza premia berezitzat" jo behar liratekeen zenbait arazo (adibidez, dislexia) halakotzat ez jotzea...
Arartekoaren txosten berri batek, bestalde, argia ematen digu gelako kideek ezgaitasunen bat duten ikasleak onartzeko edo arbuiatzeko mailari buruzko funtsezko gaiari buruz.
Zentzu horretan, Adingabekoei balioak transmititzea txostenak erakusten duenez, aztertutako "desberdintasun" guztien artean (jatorriari, etniari, sexu joerari... lotutakoak) ezgaitasunagatiko desberdintasuna onartuena da –edo, nahiago bada, gutxien arbuiatzen dena–, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek galdetegiei emandako erantzun orokorren arabera, behintzat.
Horrek ez du esan nahi alderen bat ez dagoenik edo onarpena erabatekoa denik.
Laburpen edo ondorio gisa. Gomendioak eta hobetzeko proposamenak
Hezkuntza-premia bereziei erantzuteko burututako jarraipen eta esku-hartzeen arabera, pozik egon behar dugu gure hezkuntza sistemak halako premiak, batez ere, atal honetan aztertu dugunez, ezgaitasunen batetik eratorritakoak edo haiei lotutakoak dituzten ikasleak eskolan integratzearen alde irmo egin duelako.
Orokorrean balorazio ona egin arren, hobekuntza esanguratsuak sartzea, edo aplikatzen jarraitzea, beharrezkoa den jarduketa ildo batzuk aipatu behar dira: Besteak beste, eta hemen islatutakoaren arabera, honakoak azpimarratuko ditugu:
– Ikastetxeetan oztopo arkitektonikoak betiko ezabatzea.
– Sisteman ezgaitasunen bat duten langileak sartzea, gutxienez legeak xedatutakoaren arabera edo agindutako mailan.
– Hezkuntza-premia bereziei hobeto antzematea eta erantzutea, batez ere lehenengo urteetan (0-3 urte).
– Baliabide eta laguntzen banaketan berdintasun handiagoa lortzea.
– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei buruzko datuen isilpekotasuna bermatzen duten protokoloak, programak edo tresnak ezartzea.
– Edozein bereizkeria mota saihestea.
– Familiekiko eta elkarteekiko lankidetza hobetzea.
– Planak eta baliabideak ebaluatzea.
– Eskola emaitzen jarraipena egitea...
Sektoreari aplika dakizkiokeen gomendio horiek eta beste batzuk txosten honetako 5. kapituluan garatuko dira.