2.1. Haurren eta nerabeen eskubideak
Kapitulu honen xedea da haurrei eta nerabeei dagozkien eskubideak eta arauen eta eskumenen markoa tratatzea; haurrei eta nerabeei eragiten dieten legerik garrantzitsuenak eta horien ongizatean eskumena eta erantzukizuna duten administrazioak tratatzea.
Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Ondoren hartu dira eskubideak dituzten pertsona bezala, nahiz eta nazioarteko eskubide humanitarioak giza-eskubideak aitortzearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin paraleloan gertatu. Haurrek eta nerabeek ezaugarri garrantzitsu bat dute, gainera: garatzen ari diren pertsonak dira, erabateko autonomiarik lortu ez dutenak; ondorioz, pertsona helduek, botere publikoek eta gizarteak oro har betebeharrak dituzte.
Haurren eta nerabeen beharrei eta egoerari arreta gehiago jartzearen ondorioz, horien ongizaterako aurrekontu publikoak hazi egin dira, jarduera planak bezalako tresnak egin dira, behatokiak jarri dira abian eta euren egoeran eragina duten neurri mota ugari daude.
Txosten hau haurren sektore bati buruzkoa da,arrisku egoera berezietan daudenei buruzkoa. Eragina duen araudia oro har haurrei eta nerabeei buruzkoa da, araudi honek haurren zailtasunak ere aurreikusten baititu eta egoera hori gainditzeko betebeharrak ezartzen ditu.
Aurrez aipatu beharra dago eremu honetan oso deigarria dela zer alde dagoen ezarri beharreko arauzko aurreikuspenen eta behar baino jarduera gutxiagoren edo abian jarritako neurrien irismen txikiagoaren artean. Hala erakusten du egoerarik txarrenean dauden haurrak azpimarratzen dituen txosten honek.
Espainiako Konstituzioak (EK) hau dio 39.4 artikuluan: "Umeek nazioarteko itunetan ezarritako babesa izango dute, itunok haien eskubideak zaintzen dituzten neurrian".
Nazioarteko araudirik garrantzitsuena 1989ko Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena da (HEH). Espainiako ordenamendu juridikoan adingabeen eskubideak arautzen dituen legea Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa (ABJLO) da, Kode Zibila eta Judiziamendu Zibilari buruzko Legea partzialki aldatu dituena. EAEn adingabeen eskubideak eta herri administrazioen betebeharrak arautzen dituen Legea Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea da (HNZBL).
Azpimarratu beharra dago Nazioarteko Hitzarmenak garrantzi handia izan zuela haurren eskubideetan, haurrei buruzko ezinbesteko aurrerapena eta erreferentzia izan baitzen.
Adingabekoen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak 3. artikuluan ezartzen du: "Adingabeek Konstituzioak eta Espainiak parte hartzen duen Nazioarteko Tratatuek aitortutako eskubideak izango dituzte, bereziki Nazio Batuen Haurren Eskubideen Konbentzioak eta ordenamendu juridikoan bermatutako gainerako eskubideek aitortutakoak, jaiotza, nazionalitatea, arraza, sexua, ezintasuna edo gaixotasuna, erlijioa, hizkuntza, kultura, iritzia edo familiako, gizarteko edo arlo pertsonaleko edozein gorabeheragatik bereizketarik egin gabe. Lege hau, bere garapen arauak eta adingabeei buruzko gainerako lege xedapenak Espainiak parte hartzen duen Nazioarteko Tratatuen arabera interpretatuko dira, 1989ko azaroaren 20ko Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren arabera".
Auzitegi Konstituzionala zentzu honetan aritu zen askotan aipatzen den epai batean, argi adierazten baitu HEHk gure ordenamendu juridikoan zer toki duen; maiatzaren 29ko 141/2000 epaia, 5 Oinarri Juridikoa: "Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena, Haurren Eskubideen Europako Karta eta urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa dira adingabeen estatutu juridikoa osatzen dutenak lurralde nazionalean, EKaren 39. artikuluan xedatutakoa garatuaz eta, bereziki 4. atala garatuaz. Ondorio hauetarako, adingabearen estatutua ordena publikoko araua da, zalantzarik gabe, eta botere publiko guztiek nahitaez kontuan izan beharrekoa".
Adingabeen eskubideen garrantzia Auzitegi Konstituzionaleko hainbat epaitan adierazi da. Epai hauek adierazten dute adingabeak beraien funtsezko eskubideen erabateko titularrak direla eta horiek betetzea ez dago soilik horien zaintza dutenen esku, baizik eta haurraren heldutasunaren arabera modulatu behar da eta legediak ekiteko gaitasuna graduatzen duen egoera desberdinen arabera (Kode Zibileko 162.1, 322 eta 323 artikuluak edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 30. artikulua).
Era berean, epaiek erreferentzia egiten diete gatazkak baldin badaude zalantzan egon ahal izan eta haztatu beharreko eskubide eta askatasunei, adingabeen interes gorena beti gogoan izanda. Erreferentzia egiten diete, halaber, gurasoek edo tutoreek adingabearen interesen arabera erabili beharreko ahalei ere, eta ez beste interesen zerbitzura erabiltzeari, nahiz eta oso legezkoak eta errespetagarriak izan. Haurraren interesaren atzetik jarri behar dira gainerako guztiak[1].
[1] EKE ekainaren 14ko 215/1994, urriaren 3ko 260/1994, martxoaren 17ko 60/1995 eta uztailaren 15eko 134/1999 eta GEEEE, 1993ko ekainaren 23koa, Hoffmann kasua.