3. Egitura oso zehatza
Egitura, alde batetik, kapitulu eta azpi-kapituluen aurkibidean islatu da eta, bestetik, 3. kapituluko "gai" edo biztanleria sektore bakoitzean aintzat hartutako atal edo multzoetan. Hortaz:
1) Ikus daitekeenez, txosteneko kapituluen aurkibidean, sarrera honen ondoren honakoak eskaintzen dira:
– Adingabeen ezaugarriei buruzko lehenengo kapitulua eta, haren barruan, txosten honetan "arrisku egoera berezietan dauden adingabeak" deitu duguna edo ahultasun bereziko egoerak.
– Bigarren kapituluan –beren-beregi laburra–, oinarrian baino ez bada ere, adingabeentzako arreta burutzen den esparru juridikoa eta eskumenekoa aurkeztu dugu.
– Hirugarren kapitulua –askogatik zabalena–, esan dugunez, txostenaren gorputza da, eta bertan bere esparrua eman zaio arestian aipatutako 13 egoera edo sektore bakoitzari.
– Laugarren kapituluan, diagnostiko edo balorazio orokorragoa egin nahi izan da, errepikatzen eta aztertutako sektore guzti edo askorentzako arreta baldintzatzen duten arazo "komun" batzuk azpimarratuz.
– 5. kapituluan Arartekoaren gomendioak bildu dira. Aurrerago egingo ditugu iruzkin batzuk hari buruz.
– Azken kapitulua (6. kap.: Informazio iturriak) txosteneko zati substantiboaren osagarritzat hartu behar da.
2) Eta 3. kapituluan landutako 13 atal de gai horietako bakoitzaren barne egiturari dagokionez, hark, aldaketa txiki batzuekin, honako oinarrizko eskemari jarraitzen dio ia kasu guztietan:
– Sektorearen ezaugarriak. (Lehenengo hurbilketa landutako gai edo sektorera)
– Aurrekariak. (Lehenagoko urratsak edo jarduketak)
– Oinarrizko arazoak. (Arartekoaren ikuspegitik)
– Hobetzeko proposamenak. (Lehendik egindako gomendioak)
– Arartekoaren jarraipenak.
– Funtsezko datuak - adierazleak.
– Erakundeen erantzunaren argi-ilunak.
– Kexen ikuspegia. (Joerak, adibide esanguratsuren bat)
– Adingabeen euren ikuspegia.
– Bilakaera. Elementurik aipagarrienak (laburpen edo ondorio gisa).
– Gomendio berriak.
Ez dira epigrafe guztiak kasu guztietan erabili. Batzuetan, batzuk batu edo baten bat alde batera utzi da, baina oinarrizko eskemari eutsi zaio eta informazioa egituratzeko balio du. Azpi-kapitulu bitan (Arau-hausleak eta, batez ere, Laguntasunik gabeko atzerritar adingabeak), haien ezaugarri bereziak direla eta, lege esparrua laburtzeko berariazko atala egin da.