1. 2010. Urtean aurkeztutako txosten bereziak
1.1. Txosten berezia: EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan
Apirilaren 19an eskuratu zitzaion Eusko Legebiltzarreko lehendakariari nerabeen droga kontsumoaren arloan EAEko erakundeek egiten duten jardunari buruzko txosten berezia. Gero, 2010eko ekainaren 23an, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari aurkeztu zitzaion.1
Txostenaren gaia:
Txosten honek Eusko Legebiltzarraren eskaerari erantzuten dio, eta gizartean eztabaidatzen den eta kezka sortzen duen gai bati heltzen dio: nerabeen eta drogen arteko harremana, askotan arazoak sortzen dituena.
Arartekoaren txostenak datu horiek erabiltzen ditu eta, nagusiki, egoera horien aurrean erakundeek ematen dituzten erantzunak aztertzen ditu; emaitzak zein diren, eragileek emaitza horri buruz duten iritzia zein den, sendotu edo hobetu beharreko jarduera ildoak zein diren...
Kontsumoari buruzko datuak irmoak dira: EAEko ikasleen artean, % 28k erretzen du, nahiz eta erretzaileen ehuneko handienak (% 7,5) egunean zigarro 1etik 5 zigarrora bitarte erretzen dituela esaten duen. Gazteen % 40,5ek alkohola 40 aldiz edo gehiagotan probatu du bere bizitzan zehar. Azken urtebetean, % 24,8k maiztasun berarekin kontsumitzen jarraitu izan du, eta % 3,4k egunero hartzen du, azken hilabetean alkohola 40 aldiz edo gehiagotan edan duelako. Bizitzan zehar % 44,5ek probatu du haxixa; azken urtebetean, % 35,5ek, eta azken hilabetean, % 26k. Erretzeko ohitura duten pertsonen artean (azken hilabetean), % 8,2 cannabisaren arriskuko kontsumitzailetzat hartzeko modukoak dira. Legez kontrako drogen artean, kokainak du bigarren postua, eta gero anfetaminak daude.
Hala ere, ikasle gehienek noizbait drogak probatzen dituzten arren (batez ere tabakoa, alkohola eta cannabisa), egia da gehienek ez dutela drogak aldizka kontsumitzen jarraitzen denbora aurrera joan ahala. Hortaz, garrantzitsua da desberdintzea noizean behin kontsumitzea, maiz kontsumitzea, arrisku larriarekin kontsumitzea, mendekotasuna. Zorionez, nerabe askok ez du drogarik kontsumitzen edo noizean behin kontsumitzen du, askotan garapen prozesuari lotuta, esperimentatzeko edo taldean sartzeko, kide berdina izanik. Honek ez du esan nahi etorkizunean droga-mendekotasuna duen pertsona izango denik.
Txostenak berezko izaera duten bi zati nagusi ditu: lehenengoa datuei buruzkoa; eta bigarrena iritziei buruzkoa, bertan jaso eta aztertu baititugu iritziak.
Iritzien zatiari dagokionez, 5.3 kapitulu edo atalarentzat arreta berezia eskatu nahi dugu: kapitulu horretan nerabeen beren hitza islatu dugu. Hor nerabeek hainbat eta hainbat konturen gainean duten iritzia bildu dugu: zer da haientzat prebentzioa; nor da haien ustez toxikomanoa, zergatik kontsumitzen dute; drogak lortzea erraza zaien; adinak edo sexuak kontsumoan duen eragina; nola sailkatzen dituzte drogak "haiek", nola baloratzen dute eragile sozialen esku-hartzea (polizia, eskola, familia, hedabideak…). Gai honetan eta haiek tartean hartzen dituzten guztietan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu adingabeen iritzia jasotzea: haien iritzia zuzenean ezagutzea.
Nolanahi ere, eta logikoa denez gero, beste gizarte eragile batzuen iritziak ere bildu ditugu (5. eta 6. kap.); besteak beste: familiak, irakasleak eta adingabeekin lotutako beste gizarte instantzia batzuk ere.
Oso garrantzitsutzat jotzen da nerabeek drogak kontsumitzeko duten jarrera aztertzea, ez isolatutako fenomeno gisa, gure gizarteko testuinguruan baizik.
Ondorioak eta gomendioak:
Txosten honek argi zuten du gutxienez bi arlok hobetzeko premia handia dutela:
1) Arlo honetan lanean diharduten instantzia guztien lankidetza.
2) Prebentzio selektiboaren garapen handiagoa, arrisku edo zaurgarritasun egoera berezietan dauden nerabeen sektore berezientzat zuzendua.
Arartekoaren lehenengo gomendioek, hain zuzen ere, bi gai horiek dituzte helburu (1etik 5erako gomendioak, erakundeen koordinazioa eta lidergoari buruzkoak; 6tik 11rako gomendioak, prebentzio selektiboari buruzko jardueren gainekoak, bereziki zaurgarriak diren pertsonei zuzenduak).
Gainerako 21 gomendioek aintzat hartuko diren hiru eremuak (eskola, familia eta aisia) hobetzeko proposamenak dituzte. Era berean, pertzepzio sozialean eta nerabeen beren parte hartzeari buruzkoa ere badaude (9. kapitulua). (Ikusi Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenaren 5.1. atala).
1 Agerraldiaren testu osoa eskura daiteke Arartekoaren web orrialdean.
1.2. Txosten berezia: euskal autonomia erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera
Ekainaren 22an eman zitzaion Eusko Legebiltzarreko lehendakariari Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko txosten berezia. Gero, 2010eko urriaren 1ean, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari aurkeztu zitzaion.2
Txostenaren gaia:
Oinarrizko gizarte zerbitzuak, jakina denez, herritarrei ematen zaien gizarte-arreta antolatzeko bektorea dira. Horrela, ukaezina da gizartean zerbitzu horiek jasotzeko eskaera dagoela, EAEko gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbide gisa; era berean, ukaezina da herritarrek oso iritzi ona dutela zerbitzu horien eginkizunaz eta erabilgarritasunaz.
Txosten hau lantzen hasi zenean, Arartekoak hiru helburu zituen: zerbitzu horiek gaur egun nola dauden ikustea, ikuspegi gehientsuenak aztertuz, baita zerbitzuon oraingo eta geroko ahalmena ere; 1999n lehenbiziko txostena egin zenetik gaur arte izan duen bilakaera aztertzea, eta, aldi berean, txosten hartan Arartekoak egindako gomendioak zenbateraino bete diren baloratzea; eta, azkenik, hainbat ondorio eta gomendio proposatzea, hobetu ahal izateko eta beren eginkizuna egoki beteko dutela bermatzeko, orain dauden edonolako eskakizunen arabera.
Txostena lehentasunezko hiru aztergairen inguruan eratu da:
- Oinarrizko gizarte zerbitzuetan giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzea. Giza baliabideei dagokienez, plantillak hornitzea, bertako langileen lan-baldintzak, segurtasun-baldintzak eta laneko osasuna, lan-zama eta trebakuntza; eta baliabide materialei dagokienez, zerbitzuen irisgarritasuna, hornitura materialak eta informazio teknologien erabilera.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak artatzea: erabiltzaileen eskubideak bermatzearekin eta jasotako zerbitzuarekin pozik egotearekin lotutako alderdiak, baita gizartean parte hartzeko sistemak eta presako prozedurak ere.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuetan gizarte ekintza burutzea, zerbitzu horiek sistemarako sarbide gisa jarduteko duten ahalmena aztertuz, kasuak kudeatzea eta zerbitzu espezializatuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, besteak beste.
Txostenaren ondorioetan, oinarrizko gizarte zerbitzuen argazki oso eta konplexua egin da. Ondorio horiek benetako egoera islatzen dute, bi zertzelada hauei esker:
- Oinarrizko 216 unitateren iritziak jaso dira, hau da, Euskal Herriko unitate guztietatik %82,4renak.
- Informazioa eman digute unitate horietako arduradunek, bertan lanean diharduten profesionalek, zerbitzu horien erabiltzaileek, udal arduradunek, lankidetzan aritzen diren eragileek, zuzenean parte hartzen duten adituek eta eragileek eta, oro har, herritarrek.
Ondorioak eta gomendioak:
Unitateei berei eta administrazio eskudunei laguntzeko tresna moduan, txostenaren bukaeran hainbat gomendio egin dira, zortzi arlotan egituratuta: gomendio orokorrak; kontzeptu, zuzenbide eta antolakuntzari buruzko gomendioak; zonakatzearen gaineko gomendioak; zerbitzuak jasotzeko prozedurei buruzkoak; langileen ingurukoak; banakako eta familiako esku-hartzeari buruzkoak; erabiltzaileen eskubideen eta zerbitzuen kalitatea neurtzearen gainekoak; eta, azkenik, oinarrizko gizarte zerbitzuak komunitatean parte hartzeari buruzko gomendioak eta bigarren mailako arreta-sarearekin koordinatzeari buruzkoak.
Gomendio orokorretako batzuk azpimarratu behar dira, argiro hobetu daitezkeen arlo bezala:
1. Izaera finalista duen finantzaketa ezarri behar da, udalentzat nahikoa eta egonkorra izango dena, oinarrizko gizarte zerbitzuak giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko.
2. Gizarte zerbitzuetako profesionalen adierazleak edo ratio egokiak zehaztu behar dira, kontuan hartuz gizarte-laneko langileak, administrazioko langileak eta gizarte-heziketakoak.
3. Baloratzeko eta diagnostikatzeko tresna komunak erabili behar dira, eta gizarte-fitxaren eta arreta pertsonalizaturako planaren eredu homogeneoak.
4. Ustiaketa komuna egiteko tresna informatikoak zehaztu beharra dago. Tresna horiek zerbitzu mota eta unitate ezberdinei elkarrekin jarduten utzi behar diete; eta zerbitzuen eta herritarren arteko elkarrekintza ere ahalbidetu behar dute.
5. Zerbitzuen arteko koordinazioa biziagotu behar da, baita zerbitzuen eta bigarren mailako arreta-sarearen artekoa ere.
6. Herritarrek eta komunitateak parte hartzeko bideak bultzatu behar dira.
Txostenean barrena funtsezko bi ideia nabarmentzen dira, eta txostena iruzkintzeko eta laburtzeko balio dute:
- Funtzionatzen duen baliabidea da, eta Euskadin dauden oinarrizko gizarte zerbitzuen 262 unitateek lehen mailako sare sendoa osatzen dute. Sare horrek eginkizun garrantzitsua eta behar-beharrezkoa betetzen du, gizarte zerbitzuak egiten dituelako eta zerbitzuez hornitzen duelako. Gainera, zerbitzuok erabiltzen dituzten pertsonek ontzat jotzen dituzte.
- Jakina, hainbat behar eta akats ere badira. Horiek oinarrizko gizarte zerbitzuetan eragiten dute, zenbait mailatan, eta lehenbailehen konpondu behar dituzte Euskadiko hiru erakundeek, era koordinatuan lan eginez. Horrela saihestuko da gizarte-eskaeren ondorioz oinarrizko gizarte zerbitzuek gainezka egitea.
2 Agerraldiaren testu osoa eskura daiteke Arartekoaren web orrialdean