IV. Atala. Gomendio orokorrak eta inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana
Herritarrek beren eskubideak urratu direlakoan edo indarreko legea bete ez delakoan administrazio publikoen aurka aurkezten dituzten kexen gainean ebaztea da Arartekoaren oinarrizko eginkizunetako bat.
Banakako kexa horien ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da planteatzen diren kasu konkretuak argitzeko. Nolanahi ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2010. urtean, sei gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek gure webgunean aurki daitezke (www.ararteko.net).
Urteko txosten honetan, horietako bakoitzaren laburpen txiki bat argitaratu da. Beraz, oso-osorik ikusi nahi dituenak webgunera jo dezake.
Halaber, txosten bat egin eta argitaratu da atxiloketa inkomunikatuaren eremuko berme-sistemari buruz, eta hobetzeko proposamenak ere egin dira. Txosten horrek, nahiz eta ez dituen gomendio orokorren ezaugarri guztiak, baditu gomendioen xedearekin bat datozen zenbait ezaugarri, hala nola pertsona ugariri eragin diezaiokeela. Arrazoi horrexegatik sartu da kapitulu honetan.
1. Gurasoen erantzukizun partekatua banandutako bikoteetan: botere publikoen eginkizuna
I. Aurrekariak
Gizartearen aldaketek legeetan aldaketak eskatzen dituzte. Genero berdintasuna edo adingabekoen babesa bezalako arloetako aurrerapenek aurreko hori agerian jartzen dute. Aurrerapen horien bitartez, gizartean aurrera egiten ari da seme-alabak bi bikotekideek zaindu behar dituztelako ideia.
Hala ere, azken urteotan, gizon eta emakume askok Arartekora jo dute eta kexu agertu dira aurrerapen horiek gure legeriarekin tupust egiten dutelako, bada gure legerian, gurasoen artean adostasunik ez dagoenean, zaintza partekatua oraindik ere salbuespen gisa hartzen da. Salatu dutenez, horren ondorioz, praktikan nahikoa izaten da gurasoetako batek seme-alaben zaintza partekatzeari uko egitea, epailea aukera hori ezestera ia behartuta egoteko, beste argudiaketarik behar izan gabe eta seme-alaben zaintzan biak beti maila berean parte hartu izan arren. Horregatik, eskatzen dute erakunde honek, ahal duen neurrian, legeria aldatzen lagun dezala, gurasoen artean adostasunik lortzen ez denean, seme-alaben zaintza eta babeste partekatua judizialki ezartzeko aukera ezohikoa izan ez dadin, gure inguru sozial eta kulturaleko herrialdeetan egiten den bezala.
Gure azken ohiko bi txostenetan arazo horren inguruan gogoeta egiteko aukera izan genuen. Arazo hori bideratzeko, egia esan, gure eskumenen barne dauden organoen eskura ez dauden legearen inguruko neurriak hartu behar dira. Hala eta guztiz ere, arazoaren ondorioek Defentsa Bulego honen eginkizunaren funtsezko zati bat den eskubideak bermatzearengan zuzenean eragiten du. Horrez gain, erakunde honek kontrolatzen dituen administrazioaren erabaki mota guztiak baldintzapean jartzen ditu. Beraz, jendaurrean adierazi nahi izan dugu gogoeta hau, gomendio orokor gisa, botere publiko eskudunek eta gizarteak oro har uler dezaten erakunde honek zergatik jotzen duen beharrezkotzat legea aldatzea. Lege aldaketa horrek, batez ere adingabeen interesak errespetatuz, erraztu egin beharko luke banandutako bikoteen kasuan bi gurasoek seme-alaben zaintzan erantzukizun partekatua izatea.
II. Oinarriak
II.1. Gurasoen erantzukizun partekatu gehiago eskatzeko arrazoia eta ingurua-barrak
Debate hori gizarteko hausnarketa zabalago baten barruan sartuta dago. Hausnarketa horretan, eskubideen defentsa-erakundea garenez, bi betebehar ditugu: bata, genero ikuspegia aintzat hartuz, arlo guztietan eredu sexistak gainditzen laguntzea; bestea, berriz, Haurren Eskubideen Europako Gutunean adierazitako xedapenak betetzen laguntzea. Honela dio Gutunak: "Haur orok du bere gurasoez gozatzeko eskubidea. Aitak eta amak, biek dute erantzukizuna seme-alaben garapenari eta heziketari begira…"; "Izatez edo legez banandu, dibortziatu edo ezkontza baliogabetuz gero, seme-alabek bi gurasoekin harreman zuzena eta etengabea izateko eskubidea dute eta bi gurasoek betebehar berberak dituzte".
a) Lehen gaiari dagokionez, oraindik asko aurreratu behar badugu ere, begi-bistakoa da azken hamarkadetan emakumeak, eremu publikoan, iraganean beren senarren baimenarekin soilik eskuratzen zituzten espazio publikoak lortzen ari direla. Hala ere, gizonen artean nagusitzen diren erreferente sinbolikoek eta bizitza-esperientziak ez dute adierazten praktikan gizonek neurri berean bete dutenik tradizioz emakumeari eman zaion etxeko eremua. Aitzitik, pentsarazten dute, emakumeak etxetik kanpo lan egin ala ez, familia askotan, seme-alabak eta mendetasuna duten pertsonak zaintzea batik bat amaren arduratzat jotzen dela oraindik ere, eta aitarengandik mantenua lortzea espero dela, beste ezeren gainetik.
Pentsamolde horrek herrestan darama, esan dugunez, gero eta indar gutxiago duen familia-ikuskera jakin baten zama. Hala ere, jasotzen ditugun kexek erakusten digute pentsamolde hori oraindik ere oso oztopo garrantzitsua dela benetako berdintasuna lortzeko. Alde batetik, generoaren arabera, gizon eta emakumeen lan-hautabideak baldintzatzen jarraitzen duelako, izan ere, lan-hautabideak familiarekin bateragarri egiteko ardura bortizkiago jartzen du emakumeen gain. Horrek azaltzen du, beste arrazoi batzuen artean, gizonek bezalako gaitasun eta prestakuntza badituzte ere, emakumeek oso ordezkari gutxi dituztela dedikazio eta erantzukizun handiko lanpostuetan eta, beraz, lansari apalagoak dituztela, eragin gutxiago eta, azken batean, botere gutxiago. Baina bada beste arrazoi bat ere: bikotea hausten denean, operadore juridikoek generoarekin lotzen dituzten eginkizunak eta espektatibak bat datoz, neurri batean, pentsamolde horrekin: pentsamolde horretan badute lekua bai etxeko lanez arduratzen ez den gizonak, bai "etxean laguntzen duenak" ere, ez ordea berdintasun osoz etxeko ardurak bere gain hartuko dituen gizonak; era berean, salbuespenak salbuespen, pentsamolde horretan ez da ulertzen aita bananduak seme-alabekin noizbehinka erlazionatu eta, kasurik onenean, haien behar materialak asetzeko ordaintzea ez den beste eginkizunik izan dezakeenik.
Eskema horretan, arrunta da bere betebeharra saihesten ahalegintzen den aitaren irudia, argi ikus daiteke arau zibil nahiz penalean. Aldiz, gurasoen erantzukizun partekatua baliatu nahi duen aita bananduaren irudia nekez dator bat dauden kategoriekin. Ikuspegi horretatik, guraso bananduaren eskaera hori kasu bakar batean egongo da susmotik libre: bi aldeek seme-alaben zaintza partekatua hitzartu dutenean, hau da, amaren onespena duenean. Bestela, guraso bananduaren eskaera seme-alaben ongizatearen kontura bere beharrak asetzeko ahalegina balitz bezala ikusten da, edo, are gehiago, bere erantzukizun ekonomikoak ekiditeko ahalegina bezala. Logika hori agertzen da amari lehentasunez eta berari soilik seme-alaben zaintza emateko epaileen jardueran, nahiz eta txosten psikosozialen arabera, bi gurasoak, bata zein bestea, egokiak diren zaintza bere gain hartzeko. Akordioak hitzartzeko orduan, logika horrek ezinbestean baldintzatzen du amen eta aiten berdintasuna, eta nekez uler daiteke gizonen eta emakumeen lehengo eta oraingo desberdintasunak gainditzen laguntzeko diskriminazio positibo gisa. Bi arrazoirengatik ulertzen dugu horrela:
• azken batean, ideologia patriarkal baten mendeko pentsamoldea delako. Ideologia horrek pertsonei, generoaren arabera, desberdintasun horiek sendotzen lagundu zuten eginkizun eta gizarte-espektatibak berberak ematen dizkie. Horrela, emakumeak diskriminatzen ditu arlo publikoan sartzeko bidean eta, aldi berean, gurasoak banantzen badira, "natural" tzat jotzen du –hortaz, normalean adingabearen interesarekin lotzen den zerbait bezala− emakumeak arduratzea, beraiek soilik, seme-alaben zaintzaz. Beraz, benetako berdintasuna lortzeko bide egokian ote gaude? Bidezkoa da geure buruari galdera hori egitea.
• Izan ere, banandu ostean, bikote bat, haien seme-alaben zaintza modu berdintsuan banatzeko, ez bada akordio batera heltzen, horrek ez du esan nahi elkarrekin bizi ziren bitartean horrelako akordiorik ez zela existitu. Modu berean, ez du adierazten une horretatik aurrera bikotekideek umeak zaintzeko asmorik edo ahalmenik ez dutela. Asmo eta ahalmen hori kasuz kasu baloratu beharko litzateke, beste ezer baino lehen adingabeen ongizateari arreta jarriz, hurrengo atalean aipatuko dugun bezala. Beste modu batean ulertzea aurreiritzi bat onartzea da. Batzuetan aurreiritzi hori emakumeen aldekoa da. Gure ustez, edozein desberdintasun faktore bezala, pertsona guztiei kalte egiteaz gain, bistakoa den gizartearen errealitate bat alde batera uzten da: erantzukizunak partekatzen dituen familia eredu bat, gehiengoaren barruan dagoen edo ez aintzat hartu gabe, gero eta ohikoagoa dena, batez ere, genero berdintasunaren aldetik harkorrenak diren sektoreen artean. Bestalde, iritsi zaizkigun kasuen artean, emakumeek osatutako bikoteak ere badira. Horiek, bere garaian, guraso-ardura elkarrekin bereganatu zuten, emakumeetako baten intseminazio artifizialaren bitartez. Banandu ostean, ordea, aipatu berri dugun aurreiritzi horren ondorioz, epaitegiak ikuspegi biologizista hartu zuen eta, bi amen arteko akordiorik ezean, guraso-zaintza gauzatzea eragotzi zion bien alaba bere sabelean eraman ez zuen eta hartaz erditu ez zen amari, nahiz eta, umea jaio zenetik une oro hura zaintzeaz arduratu zen.
b) Aipatutako bigarren alderdiari dagokionez, ikusi dugunez, seme-alaben zaintzak bikoteko bi kideen ardura izan behar duelako ideia gizartean aurrera egiten ari den neurrian, banantzearen ondoren seme-alaben jagoletza eta zaintza elkarrekin banatzea ere aukera egokitzat jotzen ari da pixkanaka, eta zuzenbidean ez dago ezer hori hala izatea oztopatuko duenik, betiere aukera horrek –adingabeei begira hartzen den beste edozein neurrik bezalaxe− adingabeen lehentasunezko interesari kalterik egiten ez badio.
Gure epaile eta fiskalek, zentzuz jokatuz, interes hori adingabeen egonkortasunarekin identifikatzeko joera dute, eta egonkortasun hori guztiz bateragarria da, hasiera batean, bikotea banandu ondoren haurren zaintza bi gurasoek gauzatzen jarraitzearekin, betiere arrazoizko sistema baten bidez gauzatzen bada. Gure aburuz, testuinguru horretan egonkortasuna kontzeptu geografikotzat hartzen ez bada, baizik eta irizpide psiko-afektiboen arabera definitzen bada, egonkortasun hori adingabearen eguneroko bizitza zuzentzen duten espaziozko eta denborazko erreferentzien sendotasunean oinarrituko da, eta adingabeak, banantzea gertatu arren, aitak nahiz amak bera maitatzen eta zaintzen jarraitzen dutela sentitzean.
Horregatik, gure ustez, irizpide horiek bete ahal izatearen argitan baloratu beharko dira, aurreiritzirik gabe eta objektibotasunez, kasu bakoitzean azal daitezkeen baldintza material eta emozionalak bi gurasoek seme-alabak zaintzeaz elkarrekin ardura daitezen, leku desberdinetan bizi izanda ere, zaintzeko denborak banatuz (ez du zertan izan bakoitzak denboraren %50) edo zaintzak berekin dakartzan egitekoak modu bideragarrian banatuz. Horren baitan egongo da hautatzen den sistemaren arrazoizkotasuna, baita horrek denboran barrena izan beharko dituen aldaketak ere, adingabearen bilakaeraren arabera.
II.2. Legezko egoera eta hobetzeko aukerak
Haatik, legegintza arloan, bide horretan aurrera egiteko ahaleginak gorabehera, esaterako, uztailaren 8ko 15/2005 Legearen bitartez Kode Zibilean egindako aldaketak, oro har, seme-alaben zaintza ez dago bi gurasoei ematerik bietako batek partekatu nahi ez duenean. Horixe dio Kode Zibilak 92. artikuluan. Egia da arau horren 8. paragrafoan aintzat hartzen dela adingabea judizialki bi gurasoen zaintzapean geratzeko aukera, alderdietako batek horren kontrako jarrera badu ere. Baina salbuespen gisa egiten da hori, eta bakarrik honako kasu honetan: Fiskaltzaren aldeko txostena edukita, adingabearen interesa babesteko modu bakarra dela uste izaten denean. Horrexegatik erabiltzen dute hain gutxi aukera hori gure epaitegiek.
Izan ere, epaile batek hainbat hautabideetatik bat aukeratu behar duenean, gai honetan zein beste edozeinetan, bere erabakia oinarritzeko ia inoiz ez du adierazten horixe dela, eta ez besterik, lehentasunez babestu nahi den interesa egoki babesteko hautabide bakarra. Aldiz, epaileak, aukeran dituen hautabideetatik, interes hori −ustez behintzat− ongien babes dezakeen hautabidea identifikatzen du, inguruabarrak kontuan hartuta.
Arau horrek, aitzitik, kasu askotan galarazi egiten dio epaileari zaintza partekatuaren alde egitea, hautabiderik onena iruditzen bazaio ere. Izan ere, zaintza partekatuaren alde egin ahal izateko, adierazi beharko du, fiskalaren onespenarekin −hori ez da beste inongo arlotan gertatzen−, ez dagoela zaintza partekatuaz bestelako konponbiderik adingabearen interesa behar bezala babesteko. Alabaina, esklusibotasunezko irizpide hori nekez dator bat neurri hori hartzeko funtsezkoa den betekizun honekin: txosten psikosozialen arabera, aitak nahiz amak seme-alabak zaintzeko guztiz gaituta egon behar dute, haurrak bere kargura geratzen badira. Egiaz, aztertu ditugun espedienteetatik gehienetan ikusten denez, guraso batek zaintza partekatua eskatzen duenean beste gurasoaren iritziaren kontra, eskaera oinarritzeko adierazten du horixe dela bere seme edo alabaren interesa babesteko biderik egokiena, baina ez du adierazten, nahitaez, adingabeak gaizki zainduta egongo liratekeenik zaintzeko ardura zaintza partekaturik nahi ez duen beste gurasoari soilik emango balitzaio. Hala ere, Kode Zibilaren 92. artikuluan orain ezarrita dagoenaren arabera, guraso baten ukapenak lehentasuna izango du beste edozein gogoetaren aldean, zenbait faktore batera gertatzen ez badira behintzat. Azaldu dugunez, kasu hori egiaz oso gutxitan gertatzen da eta, gainera, teorian ere nekez uler daiteke: alegia, ez epaileak bakarrik, baizik eta baita fiskalak ere, aita nahiz ama beren seme-alabak zaintzeko gai direla uste izatea, baina, aldi berean, haurren zaintza bietako bati soilik emanez gero, haurren interesari kalte egingo litzaiokeela uste izatea.
Lehenago azaldu dugun testuinguruan, hori guztia, neurria salbuespen moduan xedatuta egotearekin batera, berdintasuna lortzeko traba garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta eragin kaltegarria duela adin txikikoen eskubideen eraginkortasunean, gorago aipatu dugunez. Arazo hori gainditu nahi bada, jakina, ez dago zertan seme-alabez arduratzera behartu hori egin nahi ez duen gurasoa, baina bietako batek zaintza partekatua eskatu eta besteak zaintza berak bakarrik baliatu nahi duenean, azken horrek ez luke bere borondatea inposatzeko ahalmenik izan beharko epaileari −oroz gain adingabeen interesa errespetatuz− gurasoen erantzukizun partekatuaren ildotik agian egokiagoak irudituko zaizkion beste konponbide batzuen kalterako.
Badakigu azaldutako arazoei aurre egiteko pentsamoldea aldatu behar dela, hori denborarekin gauzatuko dela eta, har daitezkeen legegintza-neurriez harago, gizarte osoari dagokiola. Hala eta guztiz ere, botere publikoen betebeharra da hori eragozten duten oztopoak kentzea, eta horrexegatik eskatzen dizugu, idazki honen bitartez, jardun dezazula.
III. Gomendioa
Botere publikoek, nork bere eskumenen neurrian, beharrezkoak diren lege-aldaketak eska ditzatela, banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago.
2. Zaborraren tasa kobratzea, nahiz eta Gipuzkoako zenbait udalerritan zerbitzua modu eraginkorrean eman ez
I. Aurrekariak
Jakina denez, edozein tasa ordainarazteko, subjektu pasiboari benetan eta modu eraginkorrean egin behar zaio zerbitzua. Hau da, kobratzeko, ez da nahikoa udalerrian zerbitzu hori existitzea eta eskaintzea. Horrez gain, zerbitzua ordaintzea eskatzen zaion subjektu pasiboari zerbitzu hori egin behar zaio, berari bereziki eragiten edo mesede egiten dion moduan.
Arazo hori hainbat udalerritako nekazaritza ingurutan gertatu da. Hirigunetik urrun dauden eremu horietan bizi diren pertsonek nabarmentzen dute bertan ez daukatela edukiontzirik, ezta euren etxebizitzetatik gertuko zabor bilketa punturik ere, baina halakoak jartzea nahi dutela.
Ohikoa izaten da tasa hori arautzen duten udal ordenantzek tarifa murrizturen bat ezartzea, bilketa punturaino dagoen distantziaren arabera. Horrela, nahiko ohikoa izaten da zaborra biltzeko puntua etxebizitzetatik 150 metrora baino urrunago dagoenean tarifa murriztua ezartzea, hau da, tarifa orokorrari gutxi gorabehera %60ko murrizketa egitea. Hala ere, oso ordenantza gutxik zehazten dute behin distantzia jakin bat gaindituta −hala nola, 500 metro edo 400 metro−, tasa ordaintzetik salbuesten dela. Gure iritziz, ezin dira parekatu bizilekutik 150 m pasatxora zabor-bilketa zerbitzua dagoen eremuan bizi den herritarraren egoera eta bilketa-gunerik hurbilena bizilekutik kilometro bat baino gehiagora dagoen eremuan bizi denaren egoera.
II. Oinarriak
Tasa hori arautzen duten ordenantzetan zera ezarrita dago: "Udal administrazioak zerbitzua benetan eskaini edo jarduera burutzea da egintza ezargarria...". Baita honako hau ere: "tasa zerbitzua edo jarduera burutzen denean sortzen da".
Zerbitzua benetan egiteari buruz, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia, behin eta berriz adierazten baitu udalerrian zerbitzua izate hutsa ez dela nahikoa pertsona bat tasa baten subjektu pasibo bihurtzeko. Izan ere, ezinbestekoa da, gainera, zerbitzua modu jakin batean ematea, pertsona hori zerbitzuak bereziki eragindako pertsonatzat har dadin, egiazko onura dakarkiolako edo interesdunak udalaren jarduera eragin duelako.
Zerbitzu horrek, era berean, nahitaez jaso beharreko zerbitzua izatea du bereizgarri, hau da, zerbitzua erabiltzailearen esku jarri ondoren, erabiltzaileak zerbitzu hori finantzatzen lagundu beharra dauka, tasa bat ordainduz, zerbitzua erabili nahiz ez erabili. Hala ere, herritarrek nahitaez zerbitzua jaso beharrak, kontrapuntu gisa, administrazioari betebehar bat ezartzen dio: zerbitzua benetan eta modu eraginkorrean jarri behar du eskuragarri auzokideentzat. Udalerrian ondasun higiezin baten titular izate hutsak ez die sortzen auzokideei hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua mantentzen laguntzeko obligaziorik. Herritarrari tasa ordain dezan eskatu ahal izateko, ordainketa erreklamatzen duen administrazioak ahalegina egin beharra dauka ondasun higiezin horiek kokatuta dauden eremu zehatzean zerbitzu hori egitearekin lotutako elementuak jartzeko: edukiontziak, zaborrak biltzeko guneak...
III. Gomendioak
III.1. Ziurtasun handiagoa emate aldera, komenigarria izango litzateke udal ordenantzek euren testuetan distantzia zehatz eta zentzuzkoa zehaztea. Distantzia horretatik aurrera, eremu horretan kokatuta dauden higiezinek ez dute zaborraren tasa ordaindu beharko.
III.2. Nekazaritzako ingurunetan zabor bilketaren zerbitzua behar bezala egiten ez den bitartean, tokiko erakundeek tasa horren erroldetatik kanpo utzi beharko lituzkete eremu horietan kokatuta dauden higiezinak, higiezinen eta bilketa puntuen arteko distantzia oso handia baldin bada.
3. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna jaietan
I. Aurrekariak
10 urte baino gehiago igaro dira, behin eta berriz eta ia etengabe, emakumeek tokiko jai ekintzetan duten parte hartzeari buruzko kexak jasotzen ari ginenetik, haiek denak Euskadiko zenbait herritan oso errotuta dauden tradizioen adierazpenei buruzkoak. Salaketarik nabarmenenak emakumeek Irun eta Hondarribiko alardeetako parte hartzean behar duten berdintasunari buruzkoak izan dira, baina ez bakarrak. Erakunde honen aurrean beste kexa batzuk ere aurkeztu dira, tokiko beste jai ekintza edo tradizio batzuetan ere, era batera edo bestera, emakumeak ekintza guztietatik, batzuetatik edo haien antolakuntzatik at uzten zituztelako. Hala gertatzen da Ugaoko indaba janean, Donostiako danborradan, Laudioko Erroke Deunaren Kofradiaren afarian. Kasu batzuetan, tokiko herri-aginteek behar bezala bideratu dute arazoa, beste batzuetan gure esku-hartzeak lagundu du berdintasun oinarriari lotutako irtenbidea bideratzen, eta beste batzuetan, tamalez, emakumeen esklusioak bertan dirau, orokorrean, erakunde pribatuen babespean. Izan ere, halako erakundeek, eginkizun para-publikoak betez, konstituzioak agindutako berdintasunari muzin egin nahi diote, tradizioaren osotasunaren itxurazko babesean.
Orain arte, kexa horiek direla-eta, gure aburuz kasu horietako bakoitzak dakarren zuzenbide eta gizarte irismenari dagokionez, zenbaitetan gure iritzia gomendio, adierazpen eta ebazpenen bidez eman badugu ere, uste dugu guztien azpian ezkutatzen den arazo komunari era bateratuan heltzeko garaia dela, Euskadiko jai guztiak emakume eta gizonen arteko berdintasunezko gizartearen isla izatea lortu behar delakoan, hura izanda demokrazia batean gizarte eredu posible bakarra.
II. Oinarriak
II.1. Tradizioa eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna: Emakumeak ikusezin historian. Jaia taldeko nortasunaren eta gizarte antolamenduaren adierazpena
Emakumeek jai jardueretan berdintasunez parte hartzeari uko egiten diotenek, orokorrean, tradizioa errespetatzea darabilte argudio gizonezkoen nagusitasunaren egoerari eusteko, emakume eta gizonei eginkizun estereotipatuak emanez, izan jai adierazpenean bertan, izan antolakuntza irizpideetan.
Ez dago zalantzarik jaiak uneko talde sentipenaren adierazpen argia direla eta izan direla garai guztietan, garaiz garaiko gizarte antolamendu eta egituraren beraren ezaugarriak islatuz maiz. Zentzu horretan, zama sinboliko handia duten gertaerak dira, eta eurek ere jokabide eredu berriak elikatzen dituzte. Hortaz, ez da onargarria jaiak herri-aginteek onartutako adierazpen sexistaren azken lubakia izatea.
Beste alde batetik, gogorarazi behar dugu tradizioak –jai ospakizuna eragin zuten gertaera historikoak zein ere diren–, demokraziaren euskarri, eraikitzen ari garen berdintasunezko errealitateari egokitzeko premia gorria.
II.2. Pertsonen eskubideak eta gehiengoak. Gizarte sentsibilizazioa benetako eta egiazko berdintasuna lortzeko funtsezko eginkizun publikoa
Emakumeek jai jardueretan parte hartzeko gatazka deitutakoaren aurrean, orokorrean, aurkako jarrera biren aurrean irtenbide zuzena zein den erabakitzeko gizartearen gehiengoaren iritzia galdetzea komeni dela proposatu da.
Jokatzeko modu horren perbertsioaz ohartarazi nahi dugu. Erakunde honentzat, askotan adierazi dugunez, argi dago emakumeak jai jardueretako parte hartzetik at uzteak, Konstituzioko 14. artikuluan emandako berdintasun oinarria urratzen duela eta, ondorioz, ezin dela gehiengoen bidez epaitu jokabide horren ontasuna. Edozein sistema demokratikotan, oinarrizko eskubideak gehiengoen jokotik kanpo geratzen dira. Oinarri hori "eskubideak ez dira bozkatzen" arauan barne hartzen da eta emakumeek jaietan berdintasunez parte hartzearen aurkako erabakiari zilegitasuna emateko ahalegin oro galarazten du, hura gehiengo handitan oinarritu arren.
II.3. Antolakuntza pribatua jai eremuaren azpian dagoen erantzukizun publikoa estaltzeko
Erakunde honen aurrean emakumeek jai jardueretan daukaten parte hartzeari buruz egin diren kexa guztietan beste gai bat agertu da: gertakari horien antolakuntzaren titulartasun publiko edo pribatuari buruzko eztabaida. Oro har, tokiko jaien antolakuntzan, gehiago edo gutxiago, udaleko auzoko norbanako taldeek laguntzen dute, baina finantzazioaren eta zenbait baliabide materialak (eta giza baliabideak) jartzearen ardura, kasu gehienetan, azken batean, udalarena izan arren.
Baina, antolatzen diren jai jardueretan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko kontua batez ere herri-aginteei dagokiela kontuan izanda, leku askotan jai gertakari horien antolakuntza pribatua aldarrikatu da, eta kasu batzuetan lehenagoko antolakuntzaren egoera aldatu da jai antolakuntza osoa talde pribatuetara eskualdatzeko. Jaien titulartasuna eskualdatzeko mugimenduaren xede bakarra gertakari hori berdintasun oinarriaren aginpidetik ateratzea izan da, horrela jaiek emakumeen berdintasunezko parte hartzerik gabe jarraitu ahal izateko.
Horren gainean, konbentzituta gaude gizarte demokratiko batean historia eta gizarte esanahi garrantzitsua duten jaiak ezin direla esku pribatuetan utzi; aitzitik, funtsean herritar guztien ondarea izan behar dute, are gehiago herriko auzoko guztiek beretzat jo eta dagokien udal edo herriaren nortasun ezaugarritzat baloratzen duten jaiak direnean. Holako kasuetan, titulartasun publikoak baino ezin du bermatu kultura ondare komun hori gordetzea, haren antolakuntzaren kudeaketa erakunde edo talde partikularretara pasarazi arren. Hori dela-eta, gure ustez komeni da tresna arautzaile bat abiarazteko aukerari buruz hausnartzen hastea edo, beharrezkoa balitz, gure herrietako jai ondarerik garrantzitsuenaren titulartasun publikoa bermatuko duen lege ekimena sustatzea, Euskadiko tokiko jaiak herritar guztien kultura ondare ukiezin izendatuz, eta horrela gure zuzenbide ordenamenduko funtsezko oinarriei eta funtsezko eskubideen aginpideari lotuko zaizkiela ziurtatuz.
II.4. Herri-aginteek jaietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko duten betebeharra
Zein ere den herri administrazioek euskal herrietako jai gertakariak antolatzeko eta eratzeko duten parte hartze maila, zalantzarik gabe, Konstituzioko 9.2 artikuluak benetako eta egiazko berdintasuna galarazten duten oztopoak kenarazten dizkie herri-aginte guztiei. Manu horren aginduaren xedea Konstituzioko 14. artikuluak formalki aldarrikatutako berdintasun materiala lortzea da, eta horrela gizarte Estatuak egiazko eta benetako berdintasunezko gizartea lortzeko aktiboki engaiatzeko daukan eginkizuna ematen du –horrela Estatu liberalaren eredua gaindituz, hark pertsonen arteko berdintasun formala baino ez baitu aldarrikatzen–.
Betebehar horiek izugarri argitu dira lege hauen ondorioz: Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
Lege horiek betebehar zehatzak dauzkate herri administrazioek arlo guztietan –kultura eta jai arloan ere bai– emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko ekintza positiboei hel diezaieten eta, zentzu horretan tresna garrantzitsua dira herri-aginteek benetako eta egiazko berdintasuna galarazten duten oztopoak kentzeko duten betebeharra ezartzeko.
II.5. Ondorioa
Tokiko herri aginteek, gainontzeko euskal administrazioek bezala, euren eskumenen esparruan, ezin diete bizkarra eman gizartearen ezinbesteko aurrerapenari, aldaketari eta gizarteak bizi duen eta zuzenbideak bultzatu nahi duen aldaketa sakonari. Hori dela-eta, ezin dute lagundu, laguntza esplizitu edo inplizituaren, anbiguotasunaren edo inhibizioaren bidez, herritartasun kontzeptu herrena sendotzen, emakume eta gizonentzako berdintasunezko jairik ez dagoen Euskadiko tokietan, kontzeptu horrek ezin baitu tokirik izan gure sistema demokratikoan eta, tamalez, kontzeptu hori gure gizartearentzat gorrotagarriak diren jokabideak elikatzen duen oinarri ideologikoa baita. Aitzitik, oso garrantzitsua da herri erakundeak, zein bere eskuduntza eremuan, aktiboki eta erabakitasunez, itzulingururik eta zehaztugabetasunik gabe, Euskadi osoan emakume eta gizonentzako berdintasunezko jaiak sustatzen engaiatzea.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak honako gomendio hauek egiten ditu:
III. Gomendioak
Euskal udalei:
• Euren udaletan ez baimentzea eta ez onartzea emakumeak berdintasunean aritzea baztertzen duen jai jarduerarik ospatzea.
• Zuzenean edo zeharka, ez finantzatzea, laguntzea edo bultzatzea emakume eta gizonentzako berdintasunezko jai ekintzak burutzeko jarduerak dauzkan talde edo elkarterik.
• Jai arloan desberdintasuneko egoeren aurrean inhibitu beharrean, euren jaietan emakumeen eta gizonen berdintasun osoa lortzea bilatzen duten ekintza positiboak sustatzea.
• Batez ere jaietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde aktiboki lan egiten duten pertsonak, taldeak edo elkarteak bultzatzea eta laguntzea.
• Euren udaletako jaietan bereizkeria, emakume eta gizonen partaidetza desorekatua edo estereotipo sexisten sendotzea jazartzea, holako jarrerei antzemanez gero, emakumeen eta gizonen berdintasuna ziurtatzera berariaz bideratutako jai politikak eratuz.
• Jai jarduera guztien antolamenduaren azpian dagoen erantzukizun publikoaren estalkia altxa dezatela, titulartasun publikoari, oinarrizko eskubideen bermeari dagokionez, haien antolamenduan datxezkion betebeharrak bere eginez, horrela jaiak herritar guztien kultura ondarea direla ere bermatuz.
• Euskadiko Autonomia Erkidegoko tokiko jairik garrantzitsuenak titulartasun publikoko ondare komun gisa gordetzea eta, horrela, gure sistema demokratikoaren araberakoak ez diren xede partikularrak dauzkaten taldeek haietaz jabetzeko aukera saihestea bermatzeko, behar diren zuzenbide tresnak sortzeko aukera azter dezala –herritar guztien kultura ondare ukiezina izendatuz–.
Euskal lurralde historikoetako foru aldundiei:
• Euren eskura dauden tresna guztiak erabiliz, euren lurraldeko udal guztiei erabakitasunez lagun diezaietela, jaietan emakumeen eta gizonen berdintasun osoa lortzera bideratutako jenero ikuspegiko jai politikak susta ditzaten.
Euskal herri administrazio guztiei, euren eskuduntza esparruan:
• Emakumeen historia berreskuratzeko eta tradizioak emakumeek iraganetik euren ekarpena egin dieten gizarte errealitate berriari egokitu dakiokeen ideia bizitik hedatzeko aktiboki lan egin dezaten.
• Jaietan emakumeek pairatzen dituzten bereizkeria egoerei antzemateko bitartekoak jar ditzatela, holako jarrerak publikoki salatuz, baita holako egoerek arduradun publikoen laguntza aktibo edo pasiboagatik jaso dezaketen euskarria ere.
• Gizarte sentsibilizazioko kanpainak sustatzea, eta hezkuntza arloan, berdintasunari, tradizioei eta emakumeek jaietan behar duten berdintasunezko partaidetzari buruzkoak ere bai, emakumeak baztertzen dituzten tradizioen edo jaien herri babeseko gizarte egoerak itzularazteko xedez.
4. Familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzea
I. Aurrekariak
Azken bi urteotan batez ere gay eta lesbianen elkarteek egindako zenbait kexa eta salaketa jaso ditugu. Haien bidez jakinarazi dizkigute sexu bereko bikoteek, batez ere seme-alabak dauzkatenek aurre egin behar izaten dieten zailtasun edo oztopo formalak, euskal administrazioak ez direlako formalki behar beste edo ondo egokitu familia eredu berria, hots, sexu bereko gurasoek eta euren seme-alabek osatutakoa, eratzea eta juridikoki onartzea ahalbidetu duten zuzenbide aldaketetara. Holako familiak izendatzeko familia homoparental hitza sortu da.
Berez, familia horiek osatzen dituztenek eskubideak erabili ahal izatea eragozten ez duten oztopo materialak ez badira ere, oztopo formal hutsak baitira –gizarte eta zuzenbide errealitate berrira egokitu ez diren ereduetan oinarritutako inprimakiak betetzeari dagozkionak, esaterako–, beharrezkoa da administrazio inertziak bukaraztea eta bikotea edo familia homoparentala osatu duten homosexualei arrazoirik gabeko zailtasunak sortzen dizkioten egoera guztiak berrikustea.
Bi emakumek osatutako bikote ezkonduek beste arazo bat ere izaten dutela antzeman dugu, eta gomendio horretan aipatu genuen: lagundutako ugalketa egiten denean, ama biologikoaren emaztearen alde seme-alabatasuna legez erabakitzea, Erregistro Zibilean semearen edo alabaren izena emateko unean.
II. Oinarriak
II.1. Bikote homosexualen eratzea eta seme-alabatasuna juridikoki onartzeko lege esparru berria
Bi legek sakonki aldatu dute bikote homosexualen araubide juridikoa, eta sexu bereko bikoteen seme-alabatasunari babes juridikoa eman diote. Alde batetik, ezkontzako eskubideari dagokionez Kode Zibila aldatzen duen uztailaren 1eko 13/2005 Legea, zein 2005eko uztailaren 3an jarri baitzen indarrean. Lege horrek ezkontza sexu bereko edo desberdineko pertsonak burutzea baimentzen du, eskubide eta betebehar oso eta berberak emanez zein ere den haren osaketa.
Legeak Kode Zibileko ezkontzari buruzko edo hura aipatzen duten artikuluen terminologia aldaketa ere egin du, baita hura osatzen dutenen sexuari buruzko berariazko aipamenak egiten dituzten Kode horretako arau batzuk ere. Zehazki, senar eta emaztearen ordez ezkontideak edo ezkonlagunak aipatzen dira, eta haren esanahi juridikoa beste batekin ezkondutako pertsona izango da, biak sexu bereko edo desberdinekoak izan.
Ezkontza zibilaren estatu erreforma hori indarrean sartu baino bi urte lehenago, Euskadin funtsezko aldaketa gertatu zen bikote homosexualak juridikoki onartzeko, Eusko Legebiltzarrak izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea eman baitzuen. Lege horrek, hala erregistratutako bikote homosexualei estatutu juridikoa aitortu ez ezik, 8. artikuluan sexu bereko bi pertsonak osatutako bikoteek batera adoptatzea baimendu zuen, sexu banako bi pertsonak osatutako bikoteen eta ezkontzaren bidez elkartutako bikoteen eskubide eta betebehar berberak emanez. Era berean, bikotekide baten seme-alaba adoptatu edo biologikoa beste bikotekideak ere adopta zezakeela onartu zuen. Horrela, gure Autonomia Erkidegoan bikote homosexualen seme-alabatasunaren onarpen juridikoa estreinatu zen.
II.2. Inertzia administratibo formalen iraupena eta administrazioaren funtzionamendua zenbait arlotan egokitu beharra
Arestian esan dugunez, jasotako kexa eta salaketen bidez egiaztatu dugu arlo askotan bikote homosexualek eta familia homoparentalek formalki onartuak izan beharra beren-beregi betearazi behar dutela, eta horrek inola ere zuritzerik ez dagoen tentsio, zalantza eta, kasu batzuetan, erabateko babesgabetasuneko egoerak sor ditzakeela. Horren ondorioak baztertzaileak ere izan daitezke.
Batez ere, administrazioko inprimakiak eta bestelako agiriak errealitate horri egokitu ezean datza, aitak eta amak osatutako familiak baino ez baitituzte jasotzen.
Hori dela-eta, seme-alabak dauzkaten familien buru diren sexu bereko pertsonek inprimakiak edo eskabideak aita edo ama agertuz bete behar dituzte euren nortasuna familia egitura horrekin bat etorri ez arren. Horrek seme-alabei ere eragiten die, inprimakietan euren seme-alabatasuna daukaten pertsonak errealitatearekin bat ez datorren gezurrezko moduan aipatu behar dituztenean. Bestalde, kasu batzuetan egokitzapenik eza bikoteei eurei dagokie, ezkontidea, gizon edo emakumea, aipatu behar denean, adibidez, pertsona nagusientzako egoitzak bezalako zerbitzu edo prestazio batzuk lortzeko.
Jaso ditugun salaketak batez ere euskal klinika eta ospitaletan seme-alabak jaiotzerakoan bete beharreko inprimakiei; hezkuntzarako edo beste gauza batzuetarako diru-laguntzak eskatzeko inprimakiei; laguntza eskabideei, esaterako, eskola garraiorako hobariei; eskola, ikastetxe edo hezkuntza zentroetarako, jantokietarako, haurtzaindegietarako, jolas-zentroetarako, kiroldegietarako, udalekuetarako, hizkuntza eskoletarako... izan emateei dagozkie. Esan bezala, kasu batzuetan bikoteek prestazio edo zentro batzuk eskuratu ahal izateko bikotekide biak sexu berekoak izateko aukera jasotzen ez duten inprimakiak bete behar dira.
Gure aburuz, aipatu ditugun bi lege horiek onartu zirenetik, hurrenez hurren, 5 eta 7 urte baino gehiago igaro diren honetan, ezinbestekoa da zuribiderik ez daukaten inertzia horiek behin betiko bukaraztea.
II.3. Ama lesbianen seme-alabatasuna erregistroan erregistratzeko arazoa
Beste kontu bat da bi emakumek osatutako bikoteko ama ez biologikoaren seme-alabatasuna erregistroan erregistratzeari dagokiona.
Izan ere, ezkondutako emakumezkoen bikoteek arazoak dauzkate haietako batek lagundutako ernalkuntzaren bidez seme-alaba sortu eta besteak, seme-alaba Erregistro Zibilean erregistratuz, bere seme-alaba biologikoa ez izan arren, haren amatasuna finkatu nahi duenean. Halako kasuetan, lagundutako ernalkuntzako teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen 7. artikuluak zailtasuna dakar interpretatzeko orduan, idazketa iluna baita. Horren ondorioz, erregistroan ez dira modu bateratuan jokatzen ari, eta, zenbait kasutan, jokaera horiek bereizkeriazkoak izan daitezke bi emakumek osaturiko bikote ezkondu horientzat, senar-emazte heterosexualekin alderatuta. Izan ere, seme-alabatasuna legez erabakitzeko orduan, ama biologikoaren emazteari gehitutako baldintzak ezartzen zaizkio, ez ordea ama biologikoaren senarrari.
Ezkontzeko eskubideari dagokionez Kode Zibila aldatzen duen 13/2005 Legeak egindako ezkontza zibilaren erreformaren bidez, eskubidea sexu bereko pertsonei zabalduz, eskubideei dagokienez ezkontza heterosexualak eta homosexualak parekatu egin dira eta, beraz, sexu bereko bikoteek ezin dute bereizkeriarik pairatu.
Hemen agertutako sakoneko arazoa, zalantzarik gabe, estatu eskuduntza dela (legedia zibilari buruzko Konstituzioaren 149.1.8 artikulua) eta, ondorioz, gure jarduera esparrua gainditzen duela uste badugu ere, gure iritziz komenigarria da orain Euskadin lagundutako ernalkuntzak burutzen dituzten osasun zentro, ospitale edo klinika guztiei helaraztea komeni dela teknika horien pean jartzen diren emakumeen ezkontideei jakinaraztea erditzea baino lehenago Erregistro Zibilera jo behar dutela, teknika horien bidez ezkontideetako batengandik jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna ezkontide bien alde erregistratu nahi badute.
Era berean, egokia iruditu zaigu Espainiako Herriaren Defendatzaileari antzemandako arazoaren berri ematea, erakunde horrek erregistroen jardunbideen argitzea eta konstituzioko berdintasun oinarriarekin guztiz bat datorren lege interpretazioa lortzeko jarduketei ekiteko aukera azter dezan.
II.4. Ondorioak
Beraz, bi dira gomendio honetan agerian utzi nahi izan ditugun arazoak:
- prestazio eta zerbitzu askoren funtzionamenduan dirauten oztopo formala; oztopook honela agertzen dira: prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko behar diren inprimaki eta agirietan ez zaio formalki jaramonik egiten bikote eta ezkontza homosexualek eta familia homoparentalek juridikoki onartuta daukaten errealitateari.
- emakumeen ezkontzek daukaten egoera anbiguoa, ezkontza horien baitan lagundutako ernalkuntzako tekniken bidez jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna emakume bien alde ezartzeari dagokionez.
Lehenengo kontuari dagokionez, gure ustez euskal herri administrazio guztiek berraztertu behar dute maila guztietako funtzionamendua eta inertzia formal horiek araztu, zuribiderik ez edukitzeaz gain, eskubideak urra ditzaketelako. Bestalde, giltzarria da, administrazioen jarduketei eurei dagokienez jokatu ez ezik, administrazioak zenbait zerbitzu publiko kudeatzen dituzten edo jarduteko administrazioaren baimena behar duten erakundeetara ere jotzea, euren jardunbideak ere azaldutako bikote homosexualen eta familia homoparentalen errealitatera egokitzeko eskatzeko.
Bigarren kontuari dagokionez, sakoneko arazoa estatu erakundeek konpondu behar badute ere, gure ustez, lege egoera eta erregistro zibilen jardunbidea argitzen ez den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak familia horien egoera hobetzen lagun dezake, lagundutako ernalkuntzako teknikak burutzen diren klinika eta zentroei jakinaraziz behar bezala argitu behar dutela zer lege egoera berezian dauden emakume ezkontideak biek espero duten seme-alabarekiko ama biologikoaren bikotekidearen amatasuna ezartzeko garaian.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak honako gomendio hauek egiten ditu:
III. Gomendioak
Euskal herri-administrazio guztiei:
• Mota guztietako prestazioak edo zerbitzuak lortzeko, izatezko bikote eta ezkontza homosexualei eta seme-alabak dauzkaten familia homoparentalei eragiten dien eskabide, inprimaki edo agiri oro araz eta formalki egokitu dezatela, bikote, ezkontza edo familia horien errealitate pertsonala berdintasunean erabat jasotzen duen bidea sartuz.
• Jardunbide hori bere eskumeneko zerbitzuak edo prestazioak kudeatzen dituen edo jarduteko baimena eman dion zentro edo erakunde orori eska diezaiola, arestian aipatu pertsonei eragin diezaiokeen heinean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiari:
• Lagundutako ernalkuntzako teknikak burutzen dituzten klinika, ospitale eta osasun zentro guztietara jo dezala, eta jakinarazi diezaiela komeni dela ezkontzan elkartutako lesbiana bikote guztiei jakinaraztea, elkarrekin seme-alaba izateko mota horretako prozesua burutzen ari badira, jaiotzeko unean adopzio prozesura jo barik amatasuna ezartzeko, erditu aurretik ama biologikoaren emakume ezkontideak dagokion Erregistro Zibilean agertu behar duela Erregistro Zibileko epaile arduradunaren aurrean jaioko denaren seme-alabatasuna onartzeko asmoa formalki adierazteko.
5. Familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa bideratzea lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaerak
I. Aurrekariak
Ararteko erakundeak UPV/EHUren lankidetzarekin antolatzen dituen udako ikastaroen esparruan 2010. urte honetan egindako jardunaldiak, "Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko bidean" izenekoak, bateratze neurriak aplikatzean erakundeak antzemandako arazoen gaineko gogoeta egiteko eta horiek aintzat hartzeko aukera eskaini digu.
Antzemandako eta kexa moduan bideratutako arazoetatik asko langile publikoek sustatu dituzte, lan harremanak bateratzearekin loturiko eskubideak eskatzeko. Izan ere, euren ustez, eskubide horiek ez dira behar bezainbeste errespetatzen eta oraindik eztabaidagarria izaten ari da haien irismena.
Gomendio honen bidez, norbere kargura dauden mendeko senideak zaintzeko bateratze horrek duen garrantzia islatzen duten egoerak sakondu nahi ditugu. Halakoetan, langile publikoak ez daude ados euren lanaldia murrizteko edota aldatzeko aukerei dagokienez.
Izan ere, emakume askok, eta zenbaitetan baita gizonek ere, (hala ere, heltzen zaizkigun kexak emakumeenak dira batez ere) euren kargura dituzten senideak (batez ere seme-alaba adingabeak) zaintzeko lanaldia murrizteko eskaerarekin batera, txanda aldatzeko edo lanaldia banatzeko eskaera egiten dute, lana eta euren kargura dagoen senidearen zaintza bateratzeko helburua hobe lortu ahal izateko. Beste batzuetan, lanaldia edo lan egutegia aldatzea ere proposatzen dute lanaldia murrizteko eskaerarekin lotu gabe.
Gure eskuetara heltzen diren egoeretan, dagozkien herri administrazioek eskaera horiek ukatzen dituzte, euren ustez bateratzeko eskubideak lanaldia legeak ezarritako baldintzen arabera murrizteko eskubidea bakarrik dakarrelako berekin, eta kontrakoa egitekotan, desoreka handiak sortuko lirateke eragindako zerbitzuetan. Horren ondorioz, zerbitzu horietako beste langileek kalteak pairatu litzakete edo zerbitzuek erabiltzaileekiko duten bideragarritasuna edo kalitatea eta eraginkortasuna zalantzan jar litezke. Hala da, bereziki, beste pertsonen arreta eta zaintzarekin loturiko lanpostuei dagokienez, hala nola, osasun zerbitzuak, zaintzarako zerbitzuak edo adinekoen arretara bideratutakoak. Lanpostu horietan emakumeak nagusitzen dira eta lanaldiak, zerbitzuaren beharrak direla-eta, lanaldi irregularrak izaten dira, hainbat txandatakoak, baita gauekoak ere, askotan aldaketen bidez antolatuak.
II. Oinarriak
Aplikatu beharreko arau esparrua
Emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak zeharkako eragina dauka hainbat lege eta arautan, eta aldaketa nabarmenak dakartza erregimen juridiko-laboralean nahiz funtzio publikoaren erregimenean Espainian.
Egiaz, lege horrek arreta berezia jartzen du lan harremanen eremuko desberdintasuna zuzentzen, izan ere, bateratzeko eskubidea lan publikoaren eremuan antzera zabaldu nahi diren ezarpenen bidez onartzen du. Gauzak horrela, egon diren aldaketek oinarrizko edukiko araudietan eragina izan dute, besteak beste, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina eta Funtzio Publikoa Birmoldatzeko Neurrien Legea, gaur egun Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren xedapenek ordezkatu dutena.
Estatuko ordenamenduak eratzen duen legezko errealitate hori gure eremu autonomikoko ekimen propioekin batera gertatzen da eta horiei estaldura ematen die, hala nola, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Eusko Legebiltzarreko otsailaren 18ko 4/2005 Legeari; horrek ere familia, lana eta norbere bizitza bateratzeko neurriak jorratzen ditu.
Funtzio publikoaren eremuan ezar daitezkeen berezko bateratze neurriei dagokienez, une honetan indarrean dagoen Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen behin-behineko aldaketa egiteke dago oraindik ere. Aldaketa horiek legea Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuko ezarpen berrietara egokitzeko bideratuko lirateke, eta halako neurrietan aurrera egiteko aukera ezin hobea litzateke.
Jurisprudentzia
Erakunde judizialak gai horien inguruan hitz egiten hasi dira, baina planteamendu horiek hasiberriak direnez, oraindik ez dago administrazioarekiko auzien jurisdikzioan inolako doktrina judizialik, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoa (eta gure esparru autonomikoan, zehazki, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren martxoaren 2ko 4/2005 Legea) oinarri hartuta, kasu hauetan konponbide egokia zein den argitzeko.
Bestalde, zorrozki lan eremuari dagokionez, lan-arloko epaitegiek hainbat epai eman dituzte eta euren artean irizpide ezberdinak adierazi izan dituzte.
Ikustoki aldakor honetan eman zen urtarrilaren 15eko Konstituzio Auzitegiko 3/2007 epai garrantzitsua. Bertan, Auzitegi Gorenak lan-arloko ebazpen judizialen aurka langile batek jarritako babes-errekurtsoa onartu zuen. Kexagileak, alaba adingabearen zaintza eta bere lana bateratzeko, lanaldia murrizteko eskubidea oinarri harturik, lanaldi hori aldatzeko asmoa adierazi zuen. Kasu honetan, Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren 14. artikuluaren zapalketan oinarritzen du bere erabakia, emakumeen zeharkako diskriminazioa dagoela argudiatuz, izan ere, horiek dira seme-alaben zaintzaz gehien bat arduratzen direnak, bateratze eskubideak bereziki haiek eskatzen baitituzte. Hori dela-eta, Auzitegi Gorenaren ustez, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan xedatutakoaren dimentsio konstituzionala baloratu behar izan zen, eta ez aurka egindako epaiaren antzera, legezkotasun gogoeta hutsetara mugatuta, araua hitzez hitz jarraituz, murrizketa "ohiko lanaldiaren barnean" egingo dela dionean, eta lege xedapen horrek duen dimentsio eta garrantzio konstituzionalaren balorazio oro alde batera utzita, sexuagatiko diskriminazio ezari dagokionez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan emana, bai eta haurtzaroa eta familia babesteko aginduari dagokionez, Espainiako Konstituzioko 39. artikuluan adierazita.
Hala eta guztiz ere, konstituzio erabaki hori bideratuta, Auzitegi Gorenaren beste erabaki batzuk gertatu dira doktrina bateratuz; izan ere, langileek, lanaldi murrizketa eskatu gabe ordutegi edo txanda aldaketa bakarrik eskatzen dutenean, kontuan hartu beharreko jurisprudentzia-ildoa bideratu ere egin dute. Doktrina horren arabera, 2008ko ekainaren 18ko epaiaren bosgarren oinarri juridikoan laburbiltzen dena (RJ 2008, 4230). Auzitegi Gorenak, txanda aldaketarako eskaera bat, lanaldi murrizketarako eskaerarekin loturik ez badago, familia eta lana bateratzeko aukerak hobetzeko balioko lukeela badakiela onartzen duen arren, kategorikoa da esaten duenean, hori onartuko balu, konstituzioaren 117. artikuluaren babesean ebazpenean ezarri beharreko legezkotasun printzipioa ukatuko lukeela.
III. Ondorioak
Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzearen aldeko politika publikoak aztertzeko erabili dugun udako ikastaroaren esparruan egindako gogoetei esker aurreratu dugu, erakunde honen ustez, Konstituzio Auzitegiak emandako epaia (urtarrilaren 15eko 3/2007 epaia) bateratze kontuei aurre egiteko erreferente bat dela. Kontu horiek funtzio publikoaren eremuan sortzen dira, gutxienez eta bereziki, familia bateratzea dela-eta lanaldi murrizketei lotuta, lanaldia egokitzeko eta antolatzeko eskaerei dagokienez.
Aipatu dugu Konstituzio Epaitegiak haren erabakian Langileen Estutuari buruzko Legearen 37. artikuluak ezartzen duenaren dimentsio konstituzionala aipatzen zuen arren, berariaz honako hau ere adierazi zuela "orokorrean (a) langileen lana eta familia bateratzea errazten duten neurri guztiena". Beraz, gure ikuspuntuaren arabera, inguruabar horrek behartzen gaitu hauxe gogoratzera: modu paraleloan eta helburu berarekin, hau da, bateratzea erraztea, funtzio publikoko kasu horietan aplikatu daitekeen legerian jasotzen diren ebazpenak.
Ondorioz, izapidetu ditugun kasuetan beti ulertu izan dugu eragindako herri administrazioei eskatu ahal zaiena dela euren langileen nahi mota horri ezezkoa eman aurretik behar bezala eta zehaztasunez arrazoiak eman ditzaten -zerbitzuaren konfigurazioari buruzko orokortze eta abstrakzio soilik ez-. Arrazoi horiek interesdunak eskatutako lanaldi erregimenaren aldaketa zehatza errazten duen zerbitzuaren berrantolatzea saihesten dute. Zentzu horretan mantentzen dugu ezezkoa ematen duen erabaki horrek, edozein kasutan ere, justifikazio nahikoa, objektiboa eta zentzuzkoa izan behar duela eta bateratze eskaera hori planteatu den termino zehatzei egokituz zerbitzua berrantolatzeko ezintasuna justifikatu behar duela.
Aurretik aipatu dugu, aplikaziorako arau esparrua aztertu dugunean, gure erkidegoaren eremuan Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean aldaketak egiteke daudela oraindik. Gure ustez, aldaketa hori oso aukera ona izan daiteke Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren garapenean ditugun konfigurazio aukerak agortzeko. Estatutu horrek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ikuspuntu eraginkorra lortzeko beharrezkoak diren kontziliazio eskakizunak barne hartzen ditu.
Ararteko erakunde honetatik, zentzu horretan, araudiaren aldaketa edo egokitzapena sustatzera animatu nahi dugu. Izan ere, horren garrantzitsua den ekimen batek familia eta lana bateratzera zuzenduta dauden neurri mota horiei estaldura juridiko nahikoa emango lieke eta beharrezkoak ez diren interpretazioari buruzko zalantzak saihestuko lituzke.
Bestalde, legegintzako ekimen horrek Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako martxoaren 2ko 4/2005 Legeak ezarritakoa babesten eta osatzen du. Lege horren helburua hauxe da: herri administrazioko langileen lan baldintzak erregulatzen dituzten arauek lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak barne hartzea. Neurri horiek emakumeen zein gizonen lana, familia eta norberaren bizitza bateratzera zuzenduta daude.
Edonola ere, aipatu beharra dugu euskal herri administrazioek ez dutela bateratze neurri horien dimentsio konstituzionala sustatzeko duten konpromisoa soilik legegintzako ekimen edo proposamen horretara mugatu behar. Une honetan, lan baldintzak arautzen dituzten akordioen testuetan gaineratu diren zenbait ezarpen garrantzitsu tartean daude. Izan ere, akordio horiek ezin dira eduki barik geratu.
Hain zuzen ere, erakunde honen aburuz, lan baldintzen akordioaren eta arauketaren esparru hori benetan aproposa da bateratze neurriak gauzatzearen alderdirik eztabaidagarrienak eta zailenak jorratzeko, hala nola, esku artean ditugun lanaldi murrizketa edota aldaketa. Zentzu horretan, negoziazio esparru horrek, zehatzagoa den aldetik, antolatzeko hautabide berriak ikertzeko aukera emango luke, bai eta eragindako zerbitzuaren ondoriozko beharrak dituzten langileen eskubideak argitzeko eta integratzeko aukera ere. Horrela, langile guztien lan baldintzak errespetatzen direla bermatuko litzateke eta gaur egun gure administrazioen jardunean dagoen desadostasun maila jaitsiko litzateke.
Dena den, jakin badakigu kontu honen ondorioz desadostasun eta kexa berriak etengabe sortuko direla. Aipatu dugun moduan, horrek ezin ditu euskal herri administrazioak atzera bota eta esparru publikoan lan egiten duten langileei familiak eta lanak sortzen dizkieten beharren bateratze maila altuagoak eskaintzeko ahaleginarekin jarraitu behar dute. Nolanahi ere, erakunde gisa, aurrerantzean ere administrazio horiei justifikazio nahikoa, objektiboa eta arrazoizkoa eskatzen jarraituko dugu, bateratze-eskaerak egiten diren modu zehatzean zergatik ezin diren onartu jakiteko.
IV. Gomendioak
IV.1. Funtzio publikoaren gaur egungo araudia aldatzeko edota egokitzeko ekimena sustatu dadila, familia eta lana bateratzeko neurriei babes juridiko nahikoa eskaintzen dien araudia lortzeko. Neurri horiek lanaldiaren murrizketaren eta egokitzearen edo aldatzearen ingurukoak dira.
IV.2. Neurri horien gauzatzea erraztu ahal duten ekimen guztiak sustatu daitezen langile publikoen lan baldintzei buruzko negoziazio eta akordioen esparruetan.
IV.3. Bitartean eta edozein kasutan ere, interpretazioari dagokionez sortu daitezkeen zalantzak Konstituzio Auzitegiaren doktrinarekin bat eginez ebatz daitezen. Izan ere, hori izan da familia eta lana bateratzearen aldeko neurrien dimentsio konstituzionala.
IV.4. Modu berean, edonola ere, bateratzea dela-eta lanaldiaren egokitzapen eskaerei ezezkoa eman aurretik, nahikoak diren arrazoiak eman daitezen, antolatzeko zailtasunak modu objektiboan eta zentzuzkoan azalduz eta eskaera horiek planteatu diren terminoetan onartzeko ezintasuna argituz eta justifikatuz.
6. Gardentasuna eta agiri publikoak eskuratzeko eskubidea. Bereziki, ingurumen informazioa eskuratzea
I. Aurrekariak
Herritar talde ugari ari dira eskatzen informazioa gardenagoa izatea eta gizarte osoan zabaltzea, eta, horren ondorioz, eztabaida pizten ari da gobernuek agiri eta artxibo publikoen gainean duten kontrolaren inguruan eta kontrol horren iluntasun eta ezkutukeria murrizteko beharraren inguruan. Zabalkunde horren arrazoia da gure garaiarekin hobeki datorren modu batean interpretatzen direla hala adierazpen eskubidea eta informaziorako eskubidea nola pertsonek administrazioetan dagoen informazioa eskuratzeko duten eskubidea. Halaber, teknologia berriak eta horiek unibertsal bihurtu izana benetako iraultza ekartzen ari dira jakintza iturriak eskuratzeko, hautatzeko, aztertzeko eta zabaltzeko aukerei dagokienez. Aldaketa prozesu horien etsenplu bat azken urteetan gizarte zibilean sortutako plataformetan hautematen dugu (http://www.proacceso.org/, http://www.access-info.org/). Izan ere, plataforma horien bidez, modu aktiboan aldarrikatu da herritarrek jakiteko gogoa dutela, eta zalantzan jarri dira informazioa atxikitzeko murrizketa bidegabeak.
Erakunde ofizialek daukaten informazioa eskuratzeko eta zabaltzeko eskubidearen tradizio juridikoa herrialde anglosaxoietako informaziorako eskubideari buruzko legeetan dago. Aurrekaria Suedian sortu zen, XVIII. mendean. Joan den mendean, Ameriketako estatu gehienek arlo horri buruzko arauak onetsi dituzte. Hala, Amerikako Estatu Batuetako 1966ko Informaziorako Askatasunari buruzko Legea aipatu behar dugu.
Aldiz, latindar tradizioko beste antolamendu juridiko batzuk uzkurragoak izan dira datu publikoen inguruko planteamendu ireki bat egiteko orduan, eta halako datuak eskuratzeko bidea itxi diete administrazio oztopoen jakitun beren beregi hala eskatu izan duten subjektu kualifikatuei. Administrazio publikoen ezkutukeria horren jatorria administrazio burokratikoaren hemeretzigarren mendeko eredua da.
Alabaina, garaiak (eta Zuzenbidea) aldatu egiten dira. Administrazio egiturek gizarte eskaera berrietara egokitu behar dute, hau da, gobernuak irekiagoa izan behar du, tarte ilunak ezabatuta, parte hartzeko eta herritarrekiko harremanetan garden izateko printzipio demokratikoekin bat etorriz.
Kontuan izan behar da informazio hori eskuratzeko eskubidea bermatzea administrazio on bat izateko eskubidearen ondoriozko eskakizuna dela. Aldi berean, informazio publikoa herritarren ondarearen parte da, eta eskubide politikoen zerbitzura egon behar du, hala nola gai publikoetan parte hartzeko eskubidearen zerbitzura.
Azken batean, printzipio horien alde egiten duen demokrazia aktiboa hurbilagoa da herritarrentzat, parte hartzeko prozesuak laguntzen ditu, bide ematen du kontrol politiko eta instituzional handiagoa izateko eta saihestu egiten du zerbitzu publikoen eraginkortasunik eza, ustelkeria eta halako izurriak.
Bestalde, administrazio publikoek informazioa eskuratzeko eskubidea modu pasiboan baliatzeko bitartekoak jarri baino zerbait gehiago egin behar dute. Administrazioko artxibo eta erregistroetan dagoen informazioaren zabalkunde aktiboa beren eskumeneko funtzio publiko gisa antolatu behar dute gobernuek, publizitate eta gardentasun printzipioak oinarritzat hartuta.
Agiri publikoak eskuratzeko eta zabaltzeko eskubide horiek izan behar dute abiapuntua herritarrekiko harremanetan. Hori hala izanik ere, kasu balioztatu batzuetan egin liteke printzipio horren salbuespena, segurtasun nazionala, pertsonen intimitatearen eta jabetza intelektualaren babesa nahiz delituen prebentzioa eta ikerketa oinarritzat hartuta.
Informazioaren teknologia berriek eta ezagutzak bide ematen dute administrazioen arteko eta herritarrekiko harremanen efizientzia eta eraginkortasuna hobetzeko. Administrazio elektronikoa izatea baliagarria da informazioa era erraz eta soilean eskuratuko dela bermatzeko; gainera, horri esker, datu publikoak zabaltzeko zerbitzu publiko aktiboaren kalitatean eragin daiteke.
Gomendio honen helburua da garden izateko eta informazio publikoa eskuratzeko aipaturiko printzipioak betetzeari buruzko gogoeta helaraztea euskal administrazio publikoei, batez ere ingurumen informazioari dagokionez. Nahiz eta garai berri hauetan gobernua irekia den, pertsonek eta erakundeek arlo honetan beren eskubideak baliatzeko dituzten arazoak etengabeak direla ikusten dugu eskubideen defentsa erakundeetan.
Hori dela eta, gure antolamenduan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea nola dagoen araututa aztertuko dugu, gai horri buruzko esparru juridiko berri bati dagozkion ikuspegi berriak barne hartuta. Halaber, eskubide hori baliatzearen inguruan egindako jardunik esanguratsuenak erantsiko ditugu, Arartekoaren azken txostenetan jasotakoak denak. Azkenik, gomendio honen helburu nagusia da alderdi horiei buruzko balorazio orokor bat egitea ingurumen informazioaren kasu konkreturako.
II. Gomendioak
• Garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak –Estatuko oinarrizko legedia abiapuntutzat hartuta– lege bat proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoan informazio publikoaren gardentasuna eta eskuratzeko modua arautzeko. Lege horrek erregistro eta artxibo publikoak modu irekian eskuratu ahal izatea bermatu behar du.
Azken urteotan euskal administrazio publikoak erregistro eta dokumentu publikoak modu irekian eskuratu ahal izateko egiten ari diren ahaleginak bide eman behar dio esparru juridiko propio bati. Arau horretan, euskal administrazio publikoen betebeharrak ezarri beharko dira informazio publiko erabilgarri oro banatu eta zabalduko duen zerbitzu publiko bat sortzeko, betiere hirugarrenen beste eskubide batzuek edo ordena publikoak ekarritako murrizketak baizik ez badira. Halaber, pertsonek espediente eta erregistro guztiak eskuratzeko duten eskubidea arautu beharko du, gomendio honetan sartu diren eta Tromsøko agiri publikoak eskuratzeari buruzko Europaren Kontseiluaren Hitzarmenetik datozen printzipioekin bat etorriz.
• Eusko Jaurlaritzak Aarhusko Hitzarmenak, 2003/4/EE Zuzentarauak eta uztailaren 18ko 27/2006 Legeak dakartzan eskakizunetara egokitu behar du Ingurumenari buruzko maiatzaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra. Halaber, legeak barne hartu behar ditu informazio publikoa eskuratzeko eta garden izateko lehen aipaturiko printzipioak.
• Udal ordenantzak. Euskal Autonomia Erkidegoko udalek informazioa, batez ere ingurumenari buruzkoa, eskuratzeko eta zabaltzeko ordenantzak onartzea sustatu beharko dute. Horretarako, hala Eusko Jaurlaritzak nola foru aldundiek eta Eudel euskal udalerrien elkarteak beharrezko laguntza teknikoa emateko eta gisa horretako ordenantzak idazteko lana sustatuko dute.
• Euskal administrazio publikoek behar beste baliabide izan behar dituzte legedi horren ondoriozko betebeharrak betetzeko. Bereziki, tokiko administrazioek ahalegina egin behar dute informazio zerbitzu bat edo arduradun bat ezartzeko, aurkeztutako eskabideei dagokien izapidea egiteko. Baldin eta ez badute baliabide propiorik, beharrezko zerbitzuak kontratatu beharko dituzte funtzio publiko hori betetzeko.
• Eusko Jaurlaritzaren ingurumenerako informazio eta gardentasun zerbitzuak –dagozkion foru eta udal zerbitzuekin koordinatuta– bermatu behar du Internet bidez zabalduko duela, modu eguneratuan, 27/2006 Legeko 7. artikuluan jasotako informazio guztia.
Webgune horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren egoerari buruzko informazio publiko guztia jasoko da, eguneratuta, izan propioa edo beste administrazio batzuetatik hartua, erraz ulertzeko moduko formatu batean, airearen, uraren eta lurzoruaren kalitateari erreferentzia eginda.
Bereziki, udalekin eta foru aldundiekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzak informazio osatua izan beharko du autonomia erkidegoan ingurumen kontrolaren pean dauden jarduera guztien inguruan. Informazio horren barruan sartuko da jarduera sailkatuen lizentzia edo jakinarazpena, eta, hala badagokio, ingurumen baimen integratua eta/edo ingurumen eraginari buruzko adierazpena. Halaber, informazio hau izango du jarduera bakoitzaren inguruan: ingurumenari dakarkion kutsadura, ezarritako neurri zuzentzaileak eta atmosferara igortzeko baimenei buruzko informazioa, jabari publiko hidraulikora edo itsas-lehortarrera egindako isuriak, kutsadura akustikoa eta hondakinen sorkuntza eta tratamendua.
Halaber, ingurumen baimenik gabe edo baimena izapidetzen ari dela martxan dauden jardueren berri emango da.
• Ingurumen informazioa modu unibertsal, azkar, erraz eta doakoan eskuratu behar da. Pertsona guztiek balia dezakete eskubide hori, arrazoia justifikatu gabe, modu errazean, hilabetetik gorakoa ez den epe baten barruan. Teknologia berriak erabilita, euskal administrazio publikoek epe hori 15 egun baliodunetara murrizteko aukera balioetsiko dute. Betebehar hori modu sistematikoan betetzen ez bada, diziplina ondoreak ekarri ahalko ditu izapideak atzeratzearen erantzulearentzat. Halaber, informazioa doan eskuratuko da; dena dela, hori ez da eragozpen izango kopiak eskatzen badira tasa bat kobratu ahal izateko. Euskal administrazio publikoek hobariak ezarri behar dituzte prozeduretan publiko interesdun gisa agertzen diren elkarteentzat. Halaber, tasa ordaintzetik salbuetsi beharko litzateke, baldin eta kopia gutxi batzuk eman badira edo informazioa bide telematikoetatik bidali bada.
7. Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak (testu osoa web orrian)
Arartekoak hainbat kexa jaso ditu eta oraindik ere jasotzen ditu inkomunikazio araubidea ezarri zitzaien atxilotuei ustez tratu txarrak emateaz eta haiek torturatzeaz. Horiek denak deusezta zitezela eskatu genuen torturaz eta tratu txarrez 2004ko abenduan egin genuen Adierazpenean.
Sei urte igaro eta gero, sakon aztertu nahi izan dugu horien bilakaera, eta, horretarako, oinarrizko hiru erreferentzia hartu ditugu abiapuntu: prebenitzeko eta giza eskubideak babesteko nazioarteko erakundeek denbora horretan Espainiari egin dizkioten oharrak; azken urteotan atxiloaldi inkomunikatuen lagin esanguratsuak aztertu dituzten ikerketa enpirikoetan ateratako ondorioak; eta, bukatzeko, Konstituzio Auzitegiak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak azken urteotan gai horren gainean emandako epaiak.
Guztiak batera aztertuta, erakunde honek egiaztatu du hobetzeko tartea dagoela berme-sistemaren funtsezko alderdi hauetan: inkomunikatutako atxilotuaren eskubideak epaileak kontrolatzea, abokatuaren laguntza, auzitegiko medikuak txostenak egitea edo arrazoi horregatik egiten diren salaketak ikertzea. Horiek denak aztertzeko asmoz, Arartekoak txosten zehatz bat egin du eta, txostenaren bukaeran, berariazko zenbait neurri proposatu ditu, gardentasunaren bitartez, berme-sistemaren prebentziozko eraginkortasuna gehitzeko. Hona hemen gure proposamenaren funtsezko alderdien laburpen bat:
I. Atxiloketa bideoan grabatzea
Antolatutako delinkuentzia modu jakin batzuen ikerkuntzan zuhurtziaz jokatu beharra da Konstituzio jurisprudentziak inkomunikazioa justifikatzeko adierazten duena. Horrek, ordea, ez du esan nahi ahalik eta gardentasun handiena egon behar ez denik atxilotutako pertsonaren eta hura zaintzen duten agenteen arteko elkarrekintzan. Hori dela eta, neurri hau prebentzioko nazioarteko erakunde guztiek defendatzen dute. Haien gomendioetatik eta Defendatzaile honek egindako beste batzuetatik, eraginkortasuna lortzeko hurrengo baldintzak atera daitezke:
• Sistematikoa izan behar du, eta poliziaren egoitzako eta atxiloketako toki guztiak harrapatu.
• Irudiak ez ezik, grabazio horiek soinua ere grabatu behar dute.
• Atxiloketa gertatzen den unetik bertatik, agenteen eta atxilotuaren arteko elkarrekintza toki guztia hartu behar du grabazioak, atxilotua kontra badago salbu bere intimitatea zaintzeko arrazoiak direla eta.
• Abokatu defentsariak eta giza eskubideak bermatzeko erakundeek grabaketak ikusteko aukera izan behar dute, eta grabaketak instantzia independenteek gorde behar dituzte, sor litezkeen erantzukizunak preskribatzeko epea amaitu arte.
II. Abokatuaren laguntza
Tratu txarrak prebenitze aldera, Tortura Prebenitzeko Europako Kontseiluaren Batzordeak (TPB) uste du atxilotuarentzat abokatuaren laguntza eskubidearen benetako eraginkortasuna dela oraindik gure lege sisteman lortu ez den itxaropena. Haren irizpideei jarraiki, eraginkortasun horretarako beharrezkoa da atxilotutako pertsonak "pueda comunicarse privadamente con un abogado desde el primer momento del periodo de custodia, entendiéndose que, en el caso de detención incomunicada, el letrado le será designado de oficio en su nombre". Abokatua askatasunez izendatu ahal izatea edo ez alde batera utzita, ofiziozko abokatuak bere bezeroarekin komunikatzeko aukerarik ere ez edukitzea da TPBa zera ulertzera daramana: "en tales circunstancias resulta difícil hablar de un derecho efectivo a la asistencia letrada; el abogado de oficio puede describirse mejor como observador".
Horregatik proposatzen dugu inkomunikatutako atxilotuak atxilotzen duten unetik beretik edukitzea ofizioz izendatutako abokatua izateko aukera, eta atxilotuari galdeketarik ez egitea bere abokatua aurrean ez bada.
III. Auzitegi medikuen azterketak
Osasun azterketa berebiziko garrantzia duen neurria da torturak eta tratu txarrak prebenitzeko, batez ere haren bitartez egiten duelako epaileak, funtsean, atxilotuaren eskubideen gaineko kontrola eta tutoretza. Atxilotuari aukera ematen dio horrek medikuaren lekukotzaren ebaluazio profesionala edukitzeko, eta zaintzaz arduratzen diren agenteei ere berme bat ematen die horrek salaketa faltsuen aurrean. Aitzitik, eragin horietarako eraginkorra izateko, berariaz landu behar da xede horrekin, eta prebentzioko nazioarteko erakundeek garatutako kalitate estandar batzuetara egokitu.
Beharrezkoa da egoera honetaz jabetzea eta horren ondotik jarduerak martxan jartzea. Horretan lagun dezake, gure ustez, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen ekarpenak, eta erakunde horren jarduera erreferentziatzat hartu dugu arlo honetan proposamen hauek egiteko:
• Derrigorrez bete beharreko protokolo bat egon dadila.
o Haren edukia eta egitura bat etorri beharko litzateke azaldutako nazioarteko estandarrekin.
o Bermatu egin beharko litzateke errekonozimenduak nahiz horiei dagozkien txostenak hari egokitzen zaizkiola, ikuskapen profesional kualifikatuaren bitartez.
o Istanbulgo Protokoloan bildutako jarraibide eta praktikak ezartzeko bidean aurrerantz egitea, auzitegi medikuek beren estandarrei jarraiki lan egin dezaten tortura jasan dutela alegatzen duten pertsonak baloratzeko, torturaren legezko ikerkuntzarako, hura dokumentatzeko eta agintariei topatutakoa jakinarazteko.
• Aintzat hartzea lehen begiratu batean lesio fisiko objektiboak ez egoteak ez duela esan nahi tortura edo tratu txarrik egon ez denik, markak edo lesioak egotea alegatu den tortura egiazkoa dela frogatzen duen alderdi gisa interpretatu beharko ez litzatekeen modu berean.
o Alegatzen den tratu txar mota gorabehera, behar diren proba osagarriak eskatzea.
o Aintzat hartu behar da tortura psikologikoa antzemateko zailtasunak ez duela murrizten horrek eragiten duen kaltea, ezta horiek denboran duten luzapena ere, konstituzio jurisprudentziak azpimarratzen duela ikusi bezala. Hain zuzen ere, Istanbulgo Protokoloaren sei kapitulu handietako bat tortura egon dela erakusten duten aztarna psikologikoei zuzenduta dago.
• Jarraibide zehatzak eman daitezela gai honetan auzitegi medikuaren errekonozimenduak betetzen duen funtzioari buruz, gorago azaldu den zentzuan.
• Prestakuntza espezializatuko planak eta truke programak egon daitezela lan honetaz arduratzen diren sendagileentzat; horrela, ezagutza eguneratuak edukiko dituzte torturak diagnostikatzeko, bai fisikoak, bai psikologikoak, eta horien ondorioak baloratzeko.
• Auzitegi medikuek atxilotutako pertsonaren osotasuna zaintzeko ardura duen agintari judizialaren ordezkari gisa jarduten duten heinean, haiei egokitu beharko litzaieke erabakitzea xede horretarako egin behar diren errekonozimenduak edo probak zein toki eta unetan egingo diren, Epaileak finkatzen duen aldizkakotasunarekin, betiere. Zentzu horretan, eta atxilotuari egiten zaion lehen osasun errekonozimendua poliziaren bulegoetara eraman aurretik egin dadin, beharrezkoa da hori agintzen duen Epaitegiaren erregua behar besteko aurrerapenarekin iristea –eta hori ez da beti gertatzen, egiaztatu ahal izan dugunaren arabera–.
• Agintari judizialaren eta auzitegiko profesionalaren arteko jarduera horretan eraginkorra dela egiaztatu den formula bat haien artean harreman bide irekiak eta joriak egotearena da, kasu zehatzetan zalantzak ebaztearen alde egiteko eta, halaber, poliziaren aldetik edozein jarduera desegoki egon dela erakusten duen susmoa dagoenean berehala informatzeko, agiri honetan adierazitako baldintzetan eta harremanetan jartzeko ohiko bidea faxa izatea saihestuz.
• Halaber, gomendagarria da auzitegi medikuen taldean lehen osasun azterketan parte hartu duen auzitegi mediku bat eta beste profesional berri bat egotea, eta horrela behin eta berriro jardutea, eta azterketak Auzitegiko Medikuntzako Erakundeen bulegoetan egitea.
• Osasun azterketaren konfidentzialtasuna bermatzea; horrela, hura ez dute zaintzaren ardura duten agenteek ikusi edota entzungo, osasunaren alorreko langileek beren beregi horrelakorik eskatzen ez badute behintzat.
• Aukera ematea atxilotuak berak izendatutako mediku batek aztertzeko, auzitegi medikuaren azterketa eskuratzeaz gain eta haren aurrean. Horrekin, osasun kontrola eta zaintzaren multzoa zabaltzeaz gain, poliziaren jarduna nahiz auzitegi profesionalarena berarena zalantzan jartzea saihestuko litzateke.
IV. Familia jakinaren gainean jartzea
Atxilotuak eskubidea du berak aukeratutako hirugarren pertsona bati atxiloketa jakinarazteko eta hori da TPBrentzat oinarrizko hiru bermeetako bat, abokatuaren laguntzarekin eta osasun azterketarekin batera. Gomendio horren ildo beretik, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak inkomunikazio araubidean atxilotutako pertsonen familiei telefono bidezko arreta emateko zerbitzu bat du, atxiloketa egiteko arrazoiari eta hura egin den tokiari buruz, atxilotuaren osasun egoerari buruz eta, hala badagokio, behar izan ditzakeen sendagaiak iritsarazteko dauden bideei buruz –sendagilearen aginduaren ondotik– informazioa emateko. Edonola ere, uste dugu horri buruz ematen den informazioak jaso egin behar duela ere pertsona atxiloturik zein tokitan duten. Halaber, komenigarritzat jotzen dugu zerbitzu hori emateko erabiltzen diren deiak grabatzea; horrela, behar hori atenditzeko duen eraginkortasuna egiaztatu ahalko da.
V. Poliziaren jardunak
Atxilotutako pertsonaren eta hura zaintzen duten agenteen arteko elkarrekintzan gardentasuna egoteko nahitaezkoa da, azkenik, atentzioa erakartzea atxiloketak iraun bitartean poliziak burutzen dituen jarduera batzuekin zerikusia duten alderdi batzuetara. Horren bitartez, jarduera horiek nazioarteko gomendioetara eta arlo honetako jurisprudentziako irizpideetara egokitzen direla ziurtatu nahi da:
• Atxiloketa erregistratzeko liburuan une bakoitzean erregistratzea atxilotuarekin gauzatzen diren eginbide guztiak, atxilotzen den unetik bertatik.
– Bertan sartuko lirateke bai poliziaren bulegoetatik kanpo egiten diren joan-etorriak –errekonozimenduak, osasun azterketa, eta abar–, bai bulegoetan bertan egiten direnak.
– Zehaztu egin beharko lirateke bai jarduera bakoitzaren arrazoia ("eginbideak egin" motako deskripzio orokorrak saihestuz), bai hura gertatzen den unea eta tokia. Horrela, posible izango da bertan jasotako deskripzioa eta poliziaren zaintza jasotzen duen ikus-entzunezko grabazioa alderatzea.
• Agenteak identifikatzea: egon daitezkeen abusuak ikertzeko eraginkortasunak eskatu egiten du atxilotuarekin une bakoitzean harremana eduki duten agenteak identifikatzeko aukera edukitzea. Horretarako, gomendagarria da honakoa:
– Zaintzak iraun bitartean, jarduera bakoitzaren erregistroan identifikatuko duen zenbakia edo erreferentzia daraman uniformea jantzita edukitzea, eta hori aldagarria izan ahal izatea eta bere identifikazio profesionalarekin bat datorrena ez izatea, haren segurtasuna zaintze aldera.
– Atxiloketa erregistratzeko liburuan atxilotuarekin egiten den eginbide bakoitza adierazten denean, identifikazio zenbaki edo erreferentzia hori jasota azaltzea bertan parte hartzen duten agente guztiei dagokienez, eta ez bakarrik zaintzaren kasuan kasuko txandaren arduradunari dagokionez.
– Aitorpena hartzen denean, hura esku hartzen duten agenteen identifikazioarekin hastea. Horrela, atxilotuari esleitutako abokatuak egiaztatu egin ahalko du, haien segurtasuna zaintzeko egokientzat jotako bidea erabilita, horri buruz aktan islatu diren datuen zorroztasuna.
• Atxilotua burua estalita ez edukitzea, burua beherantz edukitzera ez behartzea, ezta jarrera behartuetan ere.
• Atxilotuari gauez atsedena hartzea ahalbidetzea, etendurarik gabe, eta egunean zehar erregulartasunez ematen zaizkion otorduak edukiz haietako bakoitzari dagokion ordutegi egokian.
VI. Jendeak ezagutzeko protokoloak
Uste dugu komenigarria dela berme izaera duten neurriak eta mekanismoak Protokolo edo Erabakietan bilduta geratzea, haien ezarpenaren gaineko jarraipena egitea posible izan dadin. Halaber, garrantzitsua da Protokolo eta Erabaki horiek jendaurrean jartzea; helburua haien edukia ezaguna izatea da, bai atxilotuen, haien abokatuen eta senideen partetik, bai gizarte osoaren partetik.