III. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
I. Aurrekariak
Ezintasunen bat duten pertsonek beti izan dute leku nabarmena gure erakundean; izan ere, talde horrek oztopo handiak ditu bere eskubideak baliatzeko. Erakunde honek urte hauetan egin dituen jarduketa ugarietan, hauxe izan da lehenengo helburua: gizartea sentikorrago egitea talde horrek dituen benetako beharren inguruan, bene-benetakoa izan dadin bereizkeriarik ez jasateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea.
Beharrezkoa da onartzea pertsona horiek eskubideen benetako subjektu direla eta gainerako herritarrek dituzten aukera berberak dituztela. Desberdintasuna errespetatzen bada eta desberdintasun hori aniztasunaren eta giza izaeraren parte gisa onartzen bada lortuko da pertsona horiek bene-benetan gizarteratzea. Horregatik da denon lana, gizartearena oro har eta botere publikoena bereziki, gehiago lortu nahi izatea eta pentsamoldeak eta paradigmak aldatzearen alde egitea gure hiriak diseinatzeko orduan, gizarte-baliabideak antolatzeko orduan, aisialdia eta kirola eratzeko orduan, gure harreman pertsonalak irudikatzeko eta gauzatzeko orduan. Gizakiaren funtzionaltasun askotarikoek izan behar dute aldaketa horren gidari, errespetua eta gure gaitasun ugariekiko begirunea oinarri direla.
Premisa horretatik abiatuz, gure gizartean arlo horretan gertatzen ari diren aurrerapen handiak sustatzen laguntzeko asmoz heltzen dio Arartekoak bere ardurapeko lan horri, oraindik egiteko asko dagoela jakinik. Gure lanaren lagin garrantzitsu bat kapitulu hau irakurrita ikus daiteke. Izan ere, modu bateratuan saiatu gara biltzen erakunde honek ekitaldi honetan egin duen jarduera, hala aurkeztutako banakako kexak izapidetzean lortu duen emaitzari dagokionez nola erakunde honek proposatu dituen eta botere publikoen jarduketa-esparru guztiei eragiten dieten jarduketei dagokienez.
II. Araudi-testuingurua
2009. urteko ekitaldian, atal honetan nabarmendu genuen Espainiako Estatuan 2008ko maiatzaren 3an indarrean sartu zela NBEk 2006ko abenduaren 13an onetsitako Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa. Hala, adierazi genuen Konbentzioak aldaketa handia ekarri zuela ezgaitasuna tratatzeko moduari dagokionez; izan ere, gainditu egin zen errehabilitazio-eredua, gizarte-ereduaren premisetan inspiratuta. Itunak, formalki, oinarrizko eskubideen eremura aldatzen ditu ezintasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko politikak. Horregatik, beharrezkoa da jarduketa publiko guztietan zeharka heltzea talde horri eragiten dioten eskubideei.
Nahiz eta Konbentzioa indarrean sartu zenetik gure ordenamendu juridikoaren parte den, beharrezkoa da hainbat doikuntza eta aldaketa egitea ezintasunen bat duten pertsonei eragiten dieten arau batzuetan, aplikatzeko orduan kontraesanik ez izateko eta Konbentzioak jasotzen dituen eskubideak benetan bermatu ahal izateko.
Horri dagokionez, esan dezakegu txosten hau idazten amaitu genuenean Diputatuen Kontseiluan izapidetzen ari zirela Ezintasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren inguruko araudia ezartzeko lege-proiektua.
Aurrez ikusi diren arau-egokitzapenak hainbat dira. Batetik, zenbait aldaketa egin dira aukera-berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta ezintasunen bat daukaten pertsonen irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legean; alde horretatik, nabarmendu behar da Konbentzioan ezintasunen bat duten pertsonen inguruan egin den legezko definizioaren arabera doitu dela. Bestetik, osasunaren arloan, pertsonek osasun-administrazioekiko harremanetan bereizkeriarik ez pairatzeko kausa gisa gehitu da ezgaitasuna. Azkenik, enpleguaren arloan, lan-eskaintza publikoan dauden lanpostu hutsak gordetzeko kupoa gehitzea aurreikusi du, bai eta pizgarriak ematea ere, lan-merkatu arruntean ezintasunen bat duten pertsonen kontratazioa sustatzeko.
Espero dugu arau hori legegintzaldi honetan onartzea; izan ere, lorpen handia litzateke, baldin eta Konbentzioa inspiratu duen sistema egoki jasotzen bada gure ordenamendu juridikoan.
Bestalde, adierazi behar dugu Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian ezintasunen bat duten pertsonen parte hartzerako eta bizi-kalitaterako Plana (2010-2013) onetsi duela. Horren helburua da ezintasunen bat duten pertsonak eta haien familiak laguntzen eta sustatzen dituzten pertsonen, erakundeen eta entitateen jarduketa hobetzea.
Azkenik, adierazi behar dugu Diputatuen Kontseiluaren osoko bilkurak mozio bat onetsi duela, aho batez, eta, horren bidez, Estatuko Gobernuari eskatu diotela aurkez dezala, sei hilabeteko epean, proposamen bat Kode Zibila eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea (aurrerantzean JHL) aldatzeko, bizilagunen erkidegoetan etxebizitzen eta gune partekatuen irisgarritasuna bermatzeko. Ekimen horren helburua da Kode Zibileko 569, 585 eta 1936. artikuluak erreformatzea, zortasunei eragiten baitiete eta arkitektura-oztopoak kentzea zaildu baitezakete. Halaber, JHL aldatu asmo da; izan ere, gaur egun galarazi egiten du oztopoak kentzeko obrak egitea, mugatu egiten baitu erkidegoa ordaintzera behartuta dagoen gehieneko gastua; zehazki, gastu arrunten hiru hilabeteri dagokion zenbatekoa da muga hori. Halaber, eskatu diote alda dezala bizilagunen erkidegoetan berriztapenak onartzeko gehiengoen adostasuna izateko beharra.
III. Jarduera-plana
Erakunde honek ezintasunen bat duten pertsonen elkarteekin egin dituen bilerak etengabeak izan dira ekitaldi honetan, bai planteatutako kexak izapidetzearen ondorioz, bai haien lankidetza eskatu dugulako proposatutako ezohiko txostenak egiteko, bai elkarteek eurek eskatu dutelako.
Alde horretatik, Ezintasunen bat duten Arabako Elkarteen Plataformarekin egindako bilera nabarmendu behar dugu. Plataforma hori honako elkarte hauek osatzen dute:
- Araba Down, down sindromea duten pertsonak erabat gizarteratzeko.
- Arabako Gorrak, Arabako gorren elkartea.
- Arazoak, Arabako autismo eta beste garapen-nahaste orokor batzuen elkartea.
- Aresbi, arantza bifidoa dutenen Arabako elkartea.
- Aspace, Arabako elbarritasun zerebralaren eta antzeko gaitzen elkartea.
- Aspasor, Arabako gorren familien eta lagunen elkartea.
- Atece, hartutako kalte zerebralaren Arabako elkartea.
- Eginaren Eginez, gutxitasun fisikoa duten pertsonen Arabako elkartea.
- Ezgaitasun Taldea.
- Itxaropena, ikusmen-urritasuna duten pertsonen Arabako elkartea.
Topaketa horretan, oro har talde horri eragiten dioten gaiez hitz egin genuen, baina aipaturiko plataformak bi kontu hauen inguruan sakondu nahi izan zuen batez ere: ezintasunen bat duten pertsonek lan publikoa eskuratu ahal izateaz eta ezgaitasun psikikoa duten pertsonek babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izateaz. Hala, Arartekoak konpromisoa hartu zuen 2003. urtean aurkeztu zuen ezohiko txostenaren jarraipena egiteko. Hain zuzen ere, txosten hori ezintasunen bat duten pertsonen laneratzeari buruzkoa zen, eta, zehazki, lan-eskaintza publikoetan ezintasunen bat duten pertsonen sarbidea bermatzeko ezarritako erreserba-kuotak zenbateraino betetzen ziren aztertzen zen. Aipaturiko ezohiko txosten horretan, ahalegina egin zen xeheki aztertzeko zenbateraino aplikatu ziren lana sustatzeko neurriak gure erkidegoan, eta beste testuinguru batzuetako neurriekin konparatu ziren. Halaber, ezintasunen bat duten pertsonen lanaren kalitatea aztertu zen, bai eta kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen ezaugarriak ere, lan-munduan sartzea errazten edo zailtzen duten faktoreak zein diren aztertzeko. Hori guztia oinarritzat hartuta, beharrezko neurriak proposatu ziren, azken batean taldearen bizi-kalitate hobe bat bermatzeko.
Bestalde, Euskal Gorrak elkartearekin egin genuen bilera aipatu behar dugu. Elkarte hori EAEko pertsona gor helduen 6 elkartek osatzen dute:
– Bizkaian, APSBB (Bilboko eta Bizkaiko pertsona gorren elkartea) eta ASB (Basauriko pertsona gorren elkartea) daude.
– Gipuzkoan, ASG-GGE (Gipuzkoako pertsona gorren elkartea) eta Gainditzen (Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkartea).
– Araban, Arabako Gorrak elkartea dago (Arabako pertsona gorren elkartea).
Taldeak arazo hauek planteatu zituen: gaur egun oraindik komunikatzeko oztopo handiak aurkitzen dituztela gizarteko eremu gehienetan. Alde horretatik, beste hainbat konturen artean, adierazi ziguten zeinu-mintzairako interpreterik ez dagoela lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetan, komunikatzeko oztopoak dituztela osasun arloan eta EITB euskal erakunde publikoak ez duela betetzen irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea. Kontu horietako gehienak dagozkien administrazioekin jorratu ditu erakunde honek ekitaldi honetan, eta horren emaitzak hurrengo atalean azalduko ditugu.
Bestalde, aipatu behar dugu elkartearekin konpromiso bat hartu dugula, Arartekoko instalazioak entzumen-urritasuna duten pertsonen beharretara egokitzeko. Horretarako, jendeari arreta emateko gure bulegoetako komunikaziorako eskuragarritasuna optimizatzen saiatuko gara, begizta batzuk instalatuta eta bulego horietako arduradunei oinarrizko jarraibide batzuk emanda, entzumen-urritasuna duten pertsonei ematen dieten arreta hobetzeko.
Halaber, erakunde honek dei egin zien Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako ezgaitasun fisikoa duten pertsonen elkarteetako arduradunei, jasotzen ari ziren kexa ugarien edukia aztertzeko. Hain zuzen ere, kexa horietan salatzen zen 2010eko urtarrilaren 1ean Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren azken aldaketa sartu zela indarrean, ezgaitasunaren ziozko salbuespenari eragiten ziona. Horren berri labur eta zehatz emango dugu hurrengo atalean. Bilerara erakunde hauetako ordezkariak etorri ziren: FEKOOR (gutxitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazioa)), ELKARTU (gutxitasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazioa) eta EGINAREN EGINEZ (gutxitasun fisikoa duten pertsonen Arabako elkartea), eta modu zehatzean azaldu ahal izan zuten zergatik ez zeuden ados zerga horretan sartutako aldaketarekin.
Azkenik, eskerrak eman behar dizkiegu aipaturiko elkarte horiei, bai eta EDEKA elbarrituen ordezkarien euskal koordinatzaileari eta ONCE fundazioari ere, EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruzko ezohiko txostena egiteko lankidetzan jardun dutelako eta parte hartu dutelako. Horien ekarpena erabakigarria izan da gaur egungo egoeraren diagnostiko zehatza egiteko. Egindako landa-lanari esker eskuratutako datuetatik, bai eta dagozkion eragileek eta administrazioek emandako informaziotik ere, esan dezakegu, laburpen gisa, honako hau izan dela berriki argitaratutako txosten horretan lortutako azken emaitza:
Irisgarritasun unibertsalak berekin dakar hiriguneak, eraikinak, garraio-sistemak, komunikazioa eta zerbitzuak irisgarriak izatea; horiek oinarrizko elementuak dira pertsonen berdintasuna eta haien eskubideekiko errespetua bermatzeko. Garraio-sistemen irisgarritasun unibertsalari esker, herritar guztiek modu aktiboan parte har dezakete, aukera berberekin, gizarte- eta ekonomia-bizitzan.
Aldi berean, irisgarritasun unibertsalak berekin dakar denontzako diseinuaren estrategia. Horretarako, beharrezkoa da onartzeak gizarte osoak egokitu behar duela bere kideen aniztasunera. Horregatik, ezintasunen bat duten pertsonek mugitzeko gaitasun erabatekoa izateko moduan bideratu behar da estrategia hori; horretarako, beharrezkoa da garraio-zerbitzu unibertsal bat ematea, pertsona guztiei beren kasa eta berdintasun-baldintzetan moldatzeko modua emango diena.
EAEn, irisgarritasunaren arloko esparru juridikoa irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ekarria da. Legeak zehaztutako esku-hartze esparruetan aplikatzekoak diren baldintza teknikoak lege hori garatzen duten bi dekretuetan ezarri dira: apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, hiriguneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onetsi dituena, eta uztailaren 10eko 126/2001 Dekretua, garraiobideen irisgarritasun-baldintzei buruzko arauak onetsi dituena.
Legea indarrean sartu zenetik, asko aurreratu da garraiobideetan irisgarritasun-baldintza teknikoak ezartzeari dagokionez. Nolanahi ere, txosten honetan egindako diagnostikoak bide ematen du ondorioztatzeko gaur egun oso nabarmenak direla garraiobideen erabilera unibertsala baldintzatzen duten gabeziak.
Horri dagokionez, esan dezakegu EAEko tren-garraioa ia-ia iritsiezina dela. Lortutako datuak eztabaidaezinak dira: Irisgarritasun fisikoari dagokionez, oinezkoentzat diren azpiegituretako inguruneen %78 iritsiezinak dira; halaxe dira geltokien %78 ere; eta kasuen %83etan ez da bermatzen kaletik nasara oinezkoentzako bidea izango denik.
Azken urteetan esku-hartze ugari egin dira, eta gaur egun ere jarduketa asko ari dira egiten, baina tren-sistemak oraindik ere irisgarritasun-gabezia estruktural handiak ditu. Beraz, oraindik inbertsio asko egin behar da zerbitzu horien erabilera unibertsala bermatzeko.
Errepide bidezko sistemen irisgarritasunari dagokionez, esan daiteke autobus-terminal nagusien egoera ez dela oso ona, ez eta autonomia erkidego osoko geltokiena ere. Halaber, oraindik ez da lortu erabateko irisgarritasuna hiriarteko eta ibilbide luzeko autobusetan. Ondore horietarako, erabakigarria izango da errepide bidezko bidaiarientzako linea erregularren emakida berritu ahala –luze gabe egitea aurreikusten da– eragileei ezarriko zaizkien baldintza teknikoak betetzea.
Komunikazioan irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak ezartzea konpondu gabeko kontua da autonomia erkidegoko garraio-sistema osoan, bai eta irisgarritasun fisikoaren ikuspuntutik emaitza hobea duten sistemetan ere, hala nola metroan eta tranbian. Garraio-sistemetan informazioa eta komunikazioa eskuratzea bermatzen duten elementurik ez izateak galarazi egiten du ikusmen eta entzumen urrituek garraio publikoa beren kasa erabili ahal izatea.
Azkenik, nabarmendu behar dugu beharrezkoa dela tokiko administrazioek oinezkoentzako ibilbideak eta garraio-azpiegituretarako sarbideak egokitzea, ziurrak eta irisgarriak izan daitezen.
Kontuan izan behar da oso garrantzitsua dela joan-etorrien kate osoan bermatzea irisgarritasuna, jatorritik helmugara, zenbat etapa egin diren eta zer garraio-modu erabili den alde batera utzita.
IV. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan arloz arlo azaldu ditugun kexen bidez, ikuspegi orokor bat eman nahi dugu aurkeztutako kexen banaketaren inguruan –kasu gehienetan, ezintasunen bat duten pertsonek edo haien familiakoek aurkeztu dituzte–, garbi gera dadin zeharkakoak direla gure iritzipean jarri diren auziak, eta, ikus daitekeen bezala, erakunde honetako lan-arlo gehienak hartzen dituztela. Gainera, modu horretan, are nabarmenago gertatzen da ezintasunen bat edo irisgarritasun-arazoren bat duten pertsonek gaur egun oraindik era guztietako oztopoak aurkitzen dituztela, hau da, hirigintzakoak eta arkitekturakoak, sozialak, kulturalak eta kolektiboak.
Hirigintza-jarduketen inguruko kexak nabarmendu dira gehien, gizarte-zerbitzuen inguruko kexekin batera, gainerako arloetan aurkeztutako kexekin konparatuz gero.
IV.1. Hirigintzako irisgarritasuna
Ingurune fisikoa edo hirigunea irisgarriak ez direla eta, oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek erreklamazioak jartzen dituzte erakunde honetan.
Adibide gisa, hizpidera ekarri nahi dugu Bizkaiko elkarte batek Bilboko Mazarredo kalean egiten ari ziren urbanizazio-obrak zirela-eta aurkeztutako kexa. Kexaren idazkian jakinarazi zutenez, hasieran obra horren bidez igogailu bat jartzeko asmoa zuten, Mazarredo kalea Abandoibarra inguruarekin komunikatzeko, eta, modu horretara, irisgarritasunari buruzko araudian jasotako aurreikuspenak betetzeko. Alabaina, babes-hesiak kendu zituztenean, ikusi zuten ez zutela igogailurik ipini. Hala, harremanetan jarri ziren obrako arduradunekin (BILBAO RIA 2000), eta baieztatu ahal izan zuten ez zutela instalatu jartzekoa zuten igogailua, nahikotzat jo zutelako Mazarredo kalean Izozaki pasabidearen parean dagoen igogailua.
Elkarte horrek salatu egin zuen BILBAO RIA 2000 sozietatearen jarduketa; izan ere, elkartearen ustez, irisgarritasuna hobetzeko obra horietan igogailua kentzeak nabarmen urratzen du araudia, eta mugatu egiten du hirigunearen erabilera, mugitzeko arazo gehien duten pertsonentzat mugatu ere. Halaber, argudiatu zuten Izozaki pasabidean, 500 bat metrotara, igogailua izatea ez dela arrazoia irisgarritasunari buruzko araudia ez betetzeko, areago kontuan hartuta gertuago Mazarredoko eta Guggenheimeko eskailerak daudela (190 eta 250 metrotara hurrenez hurren), eta horregatik ez dietela utzi eskailerak egiteari alde horretan egin diren urbanizazio-obra berrietan.
Arartekoa aspaldi ari da erreklamatzen administrazio publikoei, eta bereziki udalei, analisi sakon bat egin dezatela irtenbide teknikoak instalatzeko hautabideen inguruan, hiriguneen irisgarritasun-arazoak konpontzeko. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela herritar guztiek baldintza berberetan erabil ditzaketen instalazioak lehenestea, ezintasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko printzipioak betetzeko.
Asmo horrekin jo genuen Bilboko Udalera, eta, azkenean, erabaki zuten hasieran onetsitako urbanizazio-prozesuan aurreikusita zegoen igogailua ipintzea.
Bestalde, aipatzekoak dira mugikortasun urrituko pertsonek erabilera publikoko eraikinetara, hala nola udal bulegoetara, gizarte-etxeetara, osasun-zentroetara, ikastetxeetara eta gizarte-zerbitzuetara joateko dituzten zailtasunak direla-eta jaso ditugun salaketak.
2010. urtean, udal titulartasuneko eraikin bat inauguratu da, Bilboko Alondegia. Bertan, jarduera fisikorako gune ugari daude, bai eta aisialdirako beste zenbait zerbitzu ere, hala nola zine-aretoak, erakustaretoak, tabernak eta jatetxeak. Alabaina, ezin eztabaidatuzkoa bada ere eraikuntza berriko eraikin horrek indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia bete behar duela, Gutxitasun Fisikoa duten Bizkaiko Pertsonen Elkarteak erakunde honetara jo zuen, eraikin horretako aparkalekuan arkitektura-oztopoak daudela salatzeko.
Horri dagokionez, adierazi zuten eraikineko lurpeko parkingean badaudela mugikortasun urrituko pertsonentzat gordetako aparkalekuak, igogailuetara sartzeko ateen ondoan kokatuak eta ondo seinaleztatuak. Nolanahi ere, bide publikora irteteko solairuan, garaje horrek dituen hiru sarbideetatik bitan, eskailerak daude igogailua gelditzen den lekuaren eta kalearen artean, eta irteera horiek (Iparragirre kalera eta Urkixo Zumarkalea kalera ematen dute) iritsiezinak dira. Elkarteak adierazi zuen, egindako ikuskapen-bisitan egiaztatu zutenez, hasiera batean ez dirudiela eragozpenik dagoenik 0 kotan igogailuak instalatzeko.
Erakunde honek egindako lehen eskaerari emandako erantzunean, Bilboko Udalak argudiatu zuen Urkixo Zumarkalea eta Iparragirre kaleetara joateko igogailuak ez direla kalearen sestrara iristen eraikina ondare historiko eta artistikoko elementu gisa babestuta dagoelako; ondorioz, bere hartan utzi behar dira jatorrizko eraikineko fatxadak eta lehenengo horma-arteak, eta horien forjaketek irteera baten sestrarekin baizik ez dute egiten bat.
Kontuan hartuta irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20 /1997 Legeko 3.1 c) artikuluak behartu egiten duela Euskal Autonomia Erkidegoko ondare historiko-artistikoa lege horrek ezarritako irisgarritasun-irizpideetara pixkanaka egokitzera eta Urkixo Zumarkalean kokatutako igogailua bat datorrela hango zapaldarekin, berriro ere tokiko erakunde horretara jo genuen, eta eskatu genien azter zezatela zein neurri ezar daitezkeen eraikineko aparkalekuko bi irteeretan sumatutako irisgarritasun-arazoak konpontzeko.
Azken eskaera horri erantzunez, Bilboko Udalak jakinarazi zigun igogailuak instalatu dituen merkataritzako sozietateak proiektu bat aurkeztu duela, eta proiektu horretan Urkixo zumarkalera ematen duen igogailua egokitzea aurreikusi dela, kalearen sestrara iritsi ahal izateko. Egokitzapen hori ez bada bideragarria, eskailera horiek gainditzeko plataforma jasotzaileak instalatzea planteatuko da.
Bestalde, nabarmendu nahi dugu ezintasunen bat duten pertsonen aisialdiari ere eragiten diola denontzako diseinua kontzeptuaren esanahiak, eta maiz ikusten ditugula printzipio hori ez betetzen ez duten adibide garbiak denbora-pasako instalazio ugaritan. Zine-areto berriak Irisgarritasuna Sustatzeko Legean ezarritakoa betez diseinatzen dira, eta, aurrez ezarritako kanonei jarraituz, aretoetako lehen ilara gurpil-aulkian dabiltzan pertsonentzat gordetzen da, eserleku guztiak kenduta. Begien bistakoa da hori eginda arauan ezarritakoa betetzen dela; izan ere, gisa horretako esparruetan hainbat leku gordetzera behartzen du legeak. Alabaina, harago jo behar dugu, eta kontu horren inguruko gogoeta egin, era honetara: ezintasunen bat duten pertsonek zergatik ez duten eskubiderik, baldintza berberetan, aretoan non jarri erabakitzeko, edo zergatik ezin diren aretora lagunekin joan edo egon.
Gauza bera gertatzen da futbol-zelaietan eta saskibaloiko estadioetan, eta abar. Berriki, ama batek gure erakundean salatu du bere 11 urteko semea –gurpil-aulkian dabil eta oso gogoko ditu futbola eta saskibaloia– eskuarki joaten dela estadioetara eta ezin dela bere lagunekin eseri; izan ere, gurpil-aulkian dabiltzanak berariaz haientzat egokitutako guneetan jartzera behartzen dituzte.
Irisgarritasun unibertsalaren eta denontzako diseinuaren printzipioen arabera, inguruneak erantzun egin behar die aniztasunari eta herritar guztien beharrizanei, eta ez da soilik talde jakin batzuen behar berezietara egokitu behar.
Atxiloketa-zentroen irisgarritasuna
Beste urte batez, erakunde honetako ordezkari batzuek bisitatutako komisarietako gela orokor batzuen irisgarritasunaz jardun behar dugu. Bisita horiek "Kalabozoak. Ertzaintzaren eta udalen atxiloketa egoitzak" ezohiko txostenean egindako gomendioak zenbateraino bete diren ikusteko egiten ari garen jarduketen esparruan egin ditugu.
Ekitaldi honetan bisitatutako atxiloketa-egoitzetan –Sestaoko Udaltzaingoa eta Donostiako eta Arkauteko Ertzaintza– ikusi ahal izan dugu hala komunak nola ziegak behar bezala egokituta daudela. Beharrezkoa da zehaztea Sestaoko Udaltzaingoaren komisarian jendeari arreta emateko mahaia ez dela irisgarria mugikortasun urrituko pertsonentzat.
Bestalde, egiaztatu ahal izan dugu ikuskatutako egoitza guztietan dagoela aukera zeinu-mintzairako interprete bat izateko. Nolanahi ere, komisaria horiek ez dute beharrezko komunikazio-sistemarik ikusmen-urritasuna duten pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko.
Eskakizun txikiko egoitzen irisgarritasuna
Azkenik, gizarte-baliabideei dagokienez, erakunde honetako kideek eskakizun txikiko egoitzak irisgarriak diren ikusteko egindako ikuskapenetan atzemandako hainbat kontu aipatu nahi ditugu. Hala, honako hau adieraz dezakegu:
- Hontza egoitza, Bilboko San Antongo zubian kokaturikoa: Ekipamenduaren irisgarritasunari buruz, adierazi behar dugu eraikinaren sarrera irisgarria dela baina logelak eta komunak ez daudela egokituta. Ohatzeak dauden geletara sartzeko, eskailerak daude, eta eraikineko igogailua ezin dute erabili zerbitzuaren erabiltzaileek, karga-jasogailua delako. Halaber, eraikinak gabezia nabarmenak ditu ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemei dagokienez.
- Onartu eguneko zentroa, Bilboko Errekalde kalean kokatutakoa: Egoitzako sarrera ez da irisgarria, eta ez dago aurreikusita logela eta komunak egokitzea ere. Gainera, ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Gasteizko Betoño egoitza-zentroa: Baliabide horrek ez ditu betetzen oinarrizko irisgarritasun-baldintzak. Eraikineko sarrera irisgarria da, baina logelak eta komunak ez daude egokituta eta ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Loiolaetxea elkartea, Donostian kokatua, Ategorrietako Galtzada Zaharra kalean: Ez ditu betetzen irisgarritasun-baldintzak. Eraikineko sarrera ez da irisgarria. Eraikineko garajean badu sarrera irisgarri bat. Egoitzak hiru solairu ditu, eta ez dauka igogailurik. Logelak eta komunak ez daude egokituta eta ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Neguko Aterpea egoitza, Donostiako Zorroagan kokatua: Ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako irisgarritasun-baldintzak betetzen ditu, baina ez entzumen eta ikusmen urriko pertsonentzat beharrezkoak diren irisgarritasun-baldintzak.
- RAIS egoitza (Lan-munduan eta gizartean txertatzen laguntzeko sarea), Donostiako San Bartolome kalean kokatua: Eraikina 2008. urtean berriztatu zuten, irisgarritasunari buruzko arauan ezarritako baldintzekin bat etorriz, eta, beraz, ez dago arkitektura-oztoporik instalazioan. Alabaina, ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
IV.2. Hezkuntza
Atal honi dagokionez, oraindik ere kexak jasotzen ditugu, eta horiek agerian uzten dute komeni dela zehaztea noraino heltzen den hezkuntza-administrazioaren erantzukizuna ikasleek hezkuntza-premia bereziak dituztenean eta premia horiei erantzuteko fisioterapeuten eta halako profesionalen laguntza behar denean.
Jakina denez, hezkuntza-sisteman "Curriculumerako sarbide-egokitzapenak" izenekoan kokatzen da laguntza espezializatua, hau da, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta normalerako pentsatua dago, eta premia horiek direla-eta hezkuntza-curriculumean sartzeko zailtasunak direnean ematen da. Era horretara, curriculumean sartzeko hezkuntza-premia horiei egoki erantzungo zaiela ziurtatzeko helburua beteta, hezkuntza-eremutik kanpo geratzen da ikasleek izan ditzaketen bestelako premietarako laguntza. Hala gertatzen da, esate baterako, osasun-arloko premiekin; izan ere, prestazio hori ematen da, baldin eta errehabilitazioa prozesu patologiko batekin zuzenean lotuta badago eta patologia hori osasun-sistema publikoan tratatzen ari badira.
Baina, esan dugun bezala, badirudi familiek ez dutela beti informazio argi eta zehatza horri dagokionez.
Zoritxarrez, zeinu-mintzairako interpreteen beharrarekin loturiko kexak ere izan dira. Baliabide hori, kexa moduan planteatutako kasuetan, ezinbestekoa zen lanbide-heziketako hezkuntza-zikloetako irakaskuntzetan erabat sartu ahal izatea bermatzeko.
Hezkuntza-arduradunen erreakzio onari esker, ondo konpondu ahal izan dira planteatutako kasuak, baina uste dugu ezin onartuzkoa dela gisa honetako premiak urtez urte errepikatzea eta gutxieneko bat aurreikusita ez egotea.
IV.3. Funtzio publikoa
Atal honi dagokionez, bereziki nabarmendu nahi dugu kupoak edo plaza-erreserbak ezar litezkeela ezintasunen bat duten pertsonen alde. Horri dagokionez, azpimarratu behar dugu halako kupoak ezartzeko beharrezkoa dela beti estaldura juridikoa izatea, eta aplikazio zehatza egin behar dela horrek berekin dakartzan aukeretan, hala helmuga hautatzeko fasean lehentasunak ezartzeari dagokionez nola lanpostuak eta ingurunea bertan lan egin behar duten pertsonen premietara egokitzeari dagokionez.
IV.4. Ogasuna
Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, onura horien aplikazioa ezin da egon interpretazio formalisten baitan; aitzitik, une oro interpretazio finalistak aldeztu behar dira, ezgaitasuna duten pertsonei onura horiek baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
Hala, esate baterako, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arauek, BEZaren tasa erabat txikituak jasotzen dituzte, %4koak. Tasa horiek, besteak beste, ezintasunen bat duten pertsonek erosten dituzten ibilgailuei aplikatzen zaizkie. Nolanahi ere, onura hori lortzeko eskuratzaileak eskaera bat aurkeztu behar du, eta Administrazioak aurrez onartu egin behar dio.
Betekizun formal hori oinarritzat hartuta, Gipuzkoako Foru Ogasunak ezetsi egin zuen %55eko ezgaitasuna zuen emakume baten eskaria. Emakume horrek gidatzeko behar zituen egokitzapen tekniko guztiak zituen ibilgailu bat erosi zuen. Erreklamatzaileak BEZaren tasa erabat txikitua (%4) aplikatzeko eskabidea aurkeztu zuen, ibilgailua jadanik matrikulatuta zeukala.
Alabaina, autoa matrikulatu zuen egunean, kaltetuak betetzen zituen BEZaren tasa erabat txikitua aplikatzeko betekizun oinarrizko edo konfiguratzaile guztiak; izan ere, %55eko ezgaitasuna onartua zitzaion, eta ibilgailua haren ohiko garraiorako zen. Horregatik, Foru Ogasun horri eskatu genion berrikus zezala aplikatutako irizpidea.
Administrazioak aurrez onura onartzea betekizun formal bat da, eta ezinbesteko baldintza da murrizketa onartzeko, baina horrek ez du galarazten zerga ordaindu eta ibilgailua matrikulatu ostean aurkeztea eskaera, betiere ez bada preskribatu bidegabeki ordaindutako sarrera erreklamatzeko eskubidea.
Azkenik, Foru Ogasunak onartu zuen kexa, eta kaltetuari bidegabeki ordaindutako zenbatekoa itzuli zion.
Tokiko zergen esparruan, adierazi behar da ibilgailuen zergapetzea dela oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek sustatzen dituzten kexa askoren arrazoia. Hala, 2010. urtean ezintasunen bat duten pertsonen elkarte nagusiek eta mugikortasun urritua duten banako askok adierazi digute ez daudela inola ere ados Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari (TMIZ) eragin dion ezgaitasunaren ziozko salbuespena murriztu izanarekin.
Zerga horri egindako azken aldaketan, 2009. urtean egin eta 2010eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen hartan, hiru lurralde historikoetan mugatu zen salbuespen hori, eta, horren arabera, betekizun hauek bete behar dira:
• Ibilgailuak betiere 14 zaldi baino gutxiagoko potentzia fiskala izatea. Hainbat ibilgailu izanez gero, eskaera eta salbuespena soilik horietako batentzat izango da.
• Autoa ezintasunen bat duen pertsona baten izenean matrikulatuta egotea eta haren erabilera esklusiborako izatea. Nolanahi ere, gidaria ezgaitasuna duen pertsona hori bera izan daiteke edo ez.
• Ezintasunen bat duten pertsona horiek mugikortasun urrituko gabezia-egoeran izatea, baldin eta onartutako elbarritasun-maila %65etik beherakoa bada. Elbarritasun-maila %65ekoa edo handiagoa bada, ez da galdatuko mugikortasunik eza egiaztatzea.
Beren beregi erabili zen arrazoia, behintzat Gipuzkoako Lurralde Historikoko abenduaren 23ko 4/2009 Foru Arauaren kasuan, honako hau izan zen: artikulu hori berridatzi egin zela, aplikazioa neurtzeko asmoz, soil-soilik automobilei eta ezgaitasun larriagoa edo mugikortasun-arazo larriagoak zituzten pertsonentzat aplikagarri izateko moduan.
Alabaina, kaltetuek kexa helarazi ziguten, salbuespena nolakoa zen kontuan hartuta mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonak ere ez direlako onuradun gertatzen ari.
Talde hori ez zegoen ados egindako aldaketarekin, arrazoi hauengatik:
Lehenik eta behin, ezintasunen bat duten pertsonen sustapenaren alde lan egiten duten elkarteei ez zitzaielako jakinarazi salbuespenaren irismena aldatu asmo zela, eta ez zitzaielako jakinarazi nola ezarri asmo zen ere. Horren ondorioz, ezin izan zuten parte hartu eta beren iritzi kualifikatua eman, ezintasunen bat duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuek bete behar dituzten ezaugarriei dagokienez.
Halaber, harridura adierazi zuten, salbuespena ez dutelako mugatu lurralde erkidean egindako arau-aldaketa baten ondorioz.
Bigarrenik, gutxiegi iritzi zioten salbuespena lortu ahal izateko foru arauak ezarritako 14 zaldi fiskalen mugari.
Mugitzeko arazo larriak dituzten edo gurpil-aulkian dabiltzan pertsona batzuek ibilgailua erosi eta kasu askotan egokitu ere egin behar izan zuten gurpil-aulkiarekin edo behar dituzten lagungarri teknikoekin sartu ahal izateko eta gidatu ahal izateko. Ibilgailu horiek leku asko izan behar dute barruan, eta sabai garaiak izan behar dituzte. Horretarako, ibilgailuen tipologia bat hautatu behar dute: ibilgailu misto moldagarriak, furgoi edo furgoneta txikiak, monobolumenak eta abar. Eta horien potentzia fiskala foru arau guztietan gehieneko muga gisa ezarritako 14 zaldi horietatik gorakoa da.
Horren aurreko arauak, 2009ko abenduaren 31ra arte indarrean egon zenak, ez zuen mugarik ezartzen ibilgailuaren potentzia fiskalari dagokionez. Azken erreforma horren aurreko idazkuntzan ere, 2003. urtearen amaierara arte indarrean egon zen hartan, 2010. urterako ezarritakoak baino onuragarriagoak ezarri ziren potentzia fiskalaren mugak. Izan ere, %65eko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuek 17 zaldi fiskaletik beherako potentzia izan zezaketen.
Aurretiazko egoera hori kontuan hartuta, ezintasunen bat duten pertsonek azken urteotan beren garraio-premietara eta unean-unean indarrean egon den salbuespen horren gaineko araudira egokitzen diren ibilgailuak eskuratu dituzte, salbuespen hori bere hartan utziko zutelakoan.
Azkenean, planteatu dute ezintasunen bat duten pertsonen mugikortasun-eskariak baloratzeko orduan, kontuan hartu behar dela mugikortasun urriko kideren bat duten familietan ohikoena ez dela familiak hainbat ibilgailu izatea, bat ezgaitasuna duen pertsonaren erabilera esklusiborako eta gainerakoak familiako beste kideen mugikortasun-beharretarako. Aitzitik, ibilgailu bakar bat izatea da normalena, eta horrekin erantzutea familia-unitateko kide guztien garraio-beharrei. Horregatik, proposatu zuten halako familien garraio-beharra familia ugarien mugitzeko beharra tratatzen den moduan jorratzea.
Hiru foru aldundiek aldeztu zuten salbuespen hori taxutzeko erabateko eskumena zutela. Alabaina, salbuespen horren irismena berrikustea erabaki zuten; izan ere, mugitzeko arazo gehien dutenek, gurpil-aulkian dabiltzan pertsonek, ezin dute beti salbuespen hori lortu, nahiz eta batez ere talde horri lagundu nahi izan zaion arautze berriarekin.
2011ko urtarrilaren 1ean, arau hauek sartu dira indarrean: Bizkaian, abenduaren 22ko 4/2010 Foru Araua, 2011rako zergen arloko neurriak onartu dituena; Araban, abenduaren 20ko 15/2010 Foru Araua, 2011. urterako zergen arloko neurriei buruzkoa; eta Gipuzkoan, abenduaren 20ko 3/2010 Foru Araua, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua aldatzen duena. Horietan kontuan hartu dira mugitzeko gurpil-aulkia behar duten ezgaituek ibilgailu egokituak erosteko dituzten zailtasunak, eta, ondorioz, ibilgailu horiei ez die eragingo 14 zaldi-potentzia fiskalaren mugak.
Hala, doikuntza hori egin ostean, TMIZren salbuespena lortzeko muga hauek jarri dira:
"e) Mugitzeko eragozpenak dituzten pertsonentzako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Araudi Orokorreko II. eranskineko A letran adierazitakoak, baldin eta desgaitasuna duen pertsona baten izenean matrikulatuta badaude.
Halaber, salbuetsita daude ezindu baten izenean matrikulatutako 14 zerga zalditik beherako ibilgailuak, ezinduak erabiltzeko baizik ez direnak. Salbuespen hau inguruabar horiek hala irauten duten artean aplikatuko da, eta aplikatu ere urrituek eurek gidatzen dituzten ibilgailuei zein haiek garraiatzeko erabiltzen direnei aplikatuko zaie.
Aurreko bi paragrafoetan ezarritako salbuespenak ezin dira aplikatu batera, hots, onuradun bati ez zaio bat baizik aplikatuko, ibilgailu bat baino gehiago eduki arren.
Idatz-zati honetan xedatutakoaren ondoriotarako, hauexek hartuko dira desgaitasuna duten pertsonatzat:
a’) %33 eta %65 bitarteko desgaitasun-gradua onartuta dutela mugitzeko gaitasuna murriztuta daukaten pertsonak; halakotzat joko dira minusbaliotasun gradua aintzatetsi, adierazi eta kalifikatzeari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren III. eranskineko baremoko A, B edo C letretan adierazitako egoeretako batean daudenak eta baremo horretako D, E, F, G edo H letran 7 puntu edo gehiago dituztenak.
b’) %65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak.
Aurreko a’) eta b’) letretan sartuta dauden pertsonen artean, 1971/1999 Errege Dekretuko III. eranskin gisa agertzen den baremoan A letrako mugitu ezintasunaren egoeran daudenei, ez zaie aplikatuko 14 zerga zaldien muga, baldin eta ibilgailua gurpil-aulkiekin erabiltzeko egokituta badago".
Nolanahi ere, aipatu behar da Gipuzkoako eta Arabako araudiek beste kasu bat gehitu diotela salbuespen horri: guraso-ahalaren, tutoretzaren edo kuradoretzaren zioz beren kargura %65eko edo gehiagoko elbarritasuna duen pertsonaren bat dutela egiaztatzen duten titularren ibilgailuak.
IV.5. Herrizaingoa
Atal honetan, ezgaitasun-txartelaren titular diren mugikortasun urriko pertsona batzuek aurkeztutako kexak aipatu behar ditugu. Hain zuzen ere, salatu dute zailtasunak izaten dituztela ibilgailua aparkatzeko, bai haientzat gordetako aparkalekuak aski ez direlako, bai hainbat erabiltzailek bidegabeki erabiltzen dituztelako leku horiek, eta are aparkatzeko txartela
k ere.
IV.6. Osasuna
Arlo honetan, alboko esklerosi amiotrofikoa zuen erabiltzaile batek aurkeztutako kexa aipatu behar dugu. Kexa horretan, adierazi zuen beharrezkoa zela prestazioen katalogoan agertzen ez zen finantzaketa-eredu bat izatea.
Ikuspegi juridikotik, zuzena zen prestazioa ukatu izana, haren eskabidea ezetsi zuen epaiak berretsi zuen bezala. Hori kontuan hartuta, Arartekoak pentsatu zuen beste ikuspegi batetik, ezintasunen bat edo gaixotasun kronikoren bat duten pertsonentzako laguntza sustatzearen ikuspegitik, botere publikoek kontuan izan behar dutela pertsona horien egoera; izan ere, haien prozesuak bereziak direnez eta zenbaitetan prozesu horiek gutxiago nagusitzen direnez, ez zaie beti erantzuten haien beharrei. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari helarazi genion pertsona horrek planteatu zigun arazoa, kontuan har zezan, Prestazio, Aseguramendu eta Finantzaketa Batzordean parte hartzen duen administrazio gisa. Batzorde horretan ordezkatuta daude autonomia erkidegoak.
Entzumen-urritasuna duten pertsonek osasun-laguntza jasotzeko osasun-zentroek duten irisgarritasunari dagokionez, Administrazioak jakinarazi zigun 2009an lan-talde bat eratu zela, arazo hori urriaren 23ko 27/2007 Legeak ezartzen dituen premisekin aztertzeko; hain zuzen ere, lege horrek espainierazko zeinu-mintzairak aintzatesten ditu, eta arautu egiten ditu gorren, entzuteko ezgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza bitartekoak, Espainiako zeinu-mintzairak aitortzen dituen eta entzuteko ezgaitasuna duten, eta gor-mutuak diren pertsona gorren ahozko komunikaziorako bitartekoak. Espero zuten luze gabe egin ahal izatea horren inguruko proposamenak. Horren inguruko erantzunik lortu ez genuenez, 2010. urteko irailean ostera jo genuen Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailera, egindako jarduketen gaineko behar beste informazio lortzeko asmoz. Txosten hau idazten amaitu genuenean horren gaineko erantzuna jaso gabe geunden oraindik.
IV.7. Gizarte zerbitzuak
Arlo honetan, pertsona batek ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako foru titulartasuneko gizarte-baliabide bati esker jasotako laguntzaren inguruan izapidetu genuen kexa aipatu behar dugu. Erakunde honek informazioa eskatu zion foru sailari, eta sail horrek bere erantzunean zalantzan jarri zuen kasu hori ikuskatzeko eskumena ote zuen.
Sail horrek alegatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak aldundiei ematen diela gizarte-egoitza eta -zerbitzuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena, betiere Euskal Autonomia Erkidegoak betekizun material, funtzional eta pertsonalei dagokienez arautu baditu, eta eskumen horren barruan ez direla sartzen araututa ez dauden beste zerbitzuak, hala nola ezintasunen bat duten pertsonentzako egoitzak.
Erakunde honetan ez gatoz bat horrekin, eta hala adierazi genuen gure bigarren idazkian, aurrerago aipatuko ditugun argudioekin. Alabaina, Aldundiak bere hartan eutsi dio bere jarrerari.
Egia da Euskal Autonomia Erkidegoak ez daukala hori araututa eta ondo legoke Eusko Jaurlaritzak halako araudi bat onartzea (Arartekoak berariaz eskatuko du). Alabaina, uste dugu horrek ez duela galarazi behar erakundearen jarduna, hau da, egiaztatzea betetzen direla zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideak, bai eta zerbitzua emateko ezarritako printzipioak, helburuak eta baldintzak ere. Alderdi horiek denak jasota daude Foru Sailaren aginduan, haren mendeko erakunde bati ematen dion zerbitzua kudeatzeari buruzkoan. Gainera, erakunde horretako egitura organikoari buruzko araudiak dagokion foru sailaren titularraren esku uzten du erakundearen jardueraren zuzendaritza estrategikoa, ebaluazioa eta emaitzen kontrola. Halaber, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeak foru organoei ematen die ikuskatzeko eskumena (41. artikulua). Hori guztia adierazi genion Foru Sailari. Espedientea izapidetzen ari dira.
Ezgaitasun-maila onartzearen inguruko beste kasu batzuk ere izan ditugu. Horietako bat ez zegoen ados onartu zioten mailarekin. Foru aldundiek, ezgaitasun-maila baloratzeko, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua aplikatzen dute, ezgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta sailkatzeko prozedura finkatzen baitu. Arau horretan, halako balorazioetan aplikatzen den baremo edo tresna teknikoa ezartzen da. Beraz, legez ezarritako neurketa-tresna bat modu objektiboan aplikatzearen ondorio da emaitza. Horregatik, erakunde honen eskumenetik kanpo dagoen kontu tekniko-mediko bat da.
Bestalde, aipatu behar dugu ofiziozko jarduketa bat hasi dugula %65eko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonei eragiten dien arazo baten inguruan, zehazki diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazio ekonomikoaren inguruan.
Arartekoak proposamen bat egin dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluari dagokionez. Proposamen horretan, honako hau kontuan hartzeko eskatzen da: pentsioduntzat hartu ahal izatea %65eko edo gehiagoko ezgaitasun-maila duen 18 urtetik gorako seme edo alaba baten ardura duten pertsona kausatzaileak. Ezgaitasun-maila handia (%65etik gorakoa) duten pertsonen hainbat kexa jaso ditugu. Pertsona horiek beren familiarekin bizi dira, eta aitak jasotzen du errenta. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren "pentsio-osagarria" eskatu zuten, baina ukatu egin zieten, pentsio publiko baten titular ez izateagatik. Argudio hori bat dator aipaturiko legearekin.
Gaur egun, manu horrek salbuespenezko bizikidetza-unitatetzat hartzen ditu "zahartzaro, baliaezintasun edo alarguntasuneko ordaindutakoaren araberakoak diren edo horren araberakoak ez diren pentsioen onuradunak, baita haien ezkontidea edo haiekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batutako pertsona eta ekonomikoki haien mende dauden pertsonak ere". Seme edo alabaren baten ardura dutenentzako laguntza Gizarte Segurantzak ematen badu ere, ez da pentsiotzat hartzen. Alabaina, Sailaren 2008ko abenduaren 30eko zirkularraren arabera –1/2009 zirkularrean aipatzen da–, Sailak uste du besteak beste honako hauek osatzen dutela bizikidetza-unitatea: "%65etik gorako baliaezintasun-maila duen 23 urtetik gorako seme edo alaba baten ardura izateagatiko prestazioa jasotzen duten pertsonak, baldin eta ezgaitasuna duen pertsona bada prestazioaren titularra". Beraz, bi baldintza ezarri dira: prestazioaren titularra izatea eta 23 urte baino gehiago izatea.
Titulartasunari dagokionez, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrak 182.2 artikuluan honako hau ezartzen du: "Epaiketa baten bidez desgaitutzat jo ez diren 18 urtetik gorako seme-alabak, jarduteko gaitasuna izaten jarraitzen dutenak, euren gurasoei arrazoi horregatik legozkiekeen laguntzen onuradun dira". Horrekin bat etorriz, pertsona horiek prestazioaren titulartasuna eska dezakete. Adinari dagokionez, uste dugu aplikagarri izan daitekeela Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 16.d) artikulua. Horren arabera, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea 18 urtetik aurrera izango da (esaten baterako, kotizatzen ez duen baliaezintasunagatiko pentsioaren hartzaileen kasuan).
Arazoa sortzen da legez ezgaituta daudela-eta pentsioaren titular izan ezin diren pertsonekin. Kasu horretan, uste dugu pentsioaren titular den gurasoa ezgaitasuna duen semearen edo alabaren ordezkaritzan dela hala, eta semea edo alaba dela prestazioaren azken kausatzailea eta hartzailea. Horregatik, titular izatean ematen den tratu bera eman beharko litzateke kasu honetan. Kontrakoa legezko ezgaitasun-egoera dela-eta bereizkeriaz jardutea litzateke. Gainera, uste dugu prestazio hori, ondore hauetarako, kotizatzen ez duen baliaezintasunagatiko pentsioaren antzekoa dela. Beraz, ez litzateke beste tratu bat eman behar. Oraindik ez daukagu Sailaren erantzunik.
Bestalde, adierazi nahi dugu adinekoei buruzko gaiak aztertzen diren atalean erakunde honetan ofizioz hasitako jarduera baten berri ematen dela. Jarduera hark Arabako Foru Aldundiaren baiezko erantzuna jaso zuen, hau da, familia barruan mendeko pertsonak zaintzeko laguntzan ezartzen zen kenketa ez egitea familia berean pertsona batek baino gehiagok prestazio hori jasotzen duenean.
Azkenik, atal honetan beharrezkoa da jakinarazi ziguten kontu hau aipatzea: joan den ekainetik aurrera, ONCE Espainiako Itsuen Elkarteak, ikusteko arazo larriak dituzten pertsonak "mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko" programak zuzentzeaz eta betearazteaz arduratzen denak, soil-soilik erakunde horretako kideei ematen die zerbitzu hori.
ONCEko kide izateko, baldintza hauek bete behar dira:
• Espainiako nazionalitatea izatea;
• bi begietan ikusmen-baldintza hauetako bat behintzat izatea: 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna izatea (Weckerren eskalako 1/10) zuzenketa optiko onenarekin edo 10 graduko edo gutxiagoko ikus-eremu murriztuan.
Beraz, neurri horrek "mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko" programatik kanpo uzten ditu etorkinak eta erakunde horrek ezarritako baremoetatik beherako ikusmen-urritasuna duten pertsona guztiak.
Horren ondorioz, ofiziozko espediente bat ireki dugu –gaur egun izapidetzen ari gara–, administrazioek estatuko erakundearen laguntza falta hori arintzeko zer neurri ezarri dituzten jakiteko asmoz.
IV.8. Etxebizitza
Halaber, ekitaldi honetan, ezintasunen bat duten hainbat pertsonaren kexak jaso ditugu, babes publikoko etxebizitzen esleipendun suertatu badira ere ikusi dutelako beren etxebizitzak ez daudela egokituta irisgarritasunari buruzko araudiak ezarritako eran. Aurten, merezi du aipatzea babespeko etxebizitza baten esleipendunak salatutako kasu bat. Etxebizitza eman ziotenetik sei hilabete igaro zirelarik, artean ezin zuen erabat gozatu bere etxebizitza, ez baitzen instalatu jabekideen erkidego osoarentzako igogailua. Arartekoak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarekin hainbat kudeaketa egin ostean, igogailua martxan jarri zen, eta konponduta geratu zen kexaren sustatzaileak salatutako gabezia larri hori.
Bestalde, ikusi dugu ugaritu egin direla kontsultak eta kexak mugikortasun urritu iraunkorra duten pertsonentzako etxebizitza egokituen kupoan sartu ahal izateko ezintasunen bat duten pertsonek aurkeztu beharreko agiriei dagokienez. Hain zuzen ere, agiri horiek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan aurkeztu behar dituzte. Halako kasuetan, gure lana erregistro horretan izena emateko eskabidearen izapidetze-egoera egiaztatzea izan da, eta, beharrezkoa izan denean, adieraztea zer agiri aurkeztu behar diren eskatzaileei etxebizitza babestua lehentasunez eskuratzeko mekanismo horretan sartzeko modua emango dien ezgaitasun-mota egiaztatzeko.
V. Ondorioak
V.1. Ezintasunen bat duten Pertsonen Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa indarrean sartu denetik, horko arauak bete beharrekoak dira. Alabaina, segurtasun juridikoko arrazoiengatik eta kontraesanik ez izateko, beharrezkoa da konbentzio horrek biltzen dituen eta gure ordenamendu juridikoa osatzen duten lege-xedapenei eragiten dieten gaiak doitzea. Nolanahi ere, erakunde honen lanak konbentzio hori betetzen dela zaintzea izan behar du. Horretarako, botere publikoek zuzentzen dituzten jarduketak kontrolatuko ditu, eta, hala badagokio, egoki iritzitako proposamenak egingo ditu, beharrezko aldaketak eragiteko eta gure zuzenbide positiboan benetan ezartzeko.
V.2. Ingurune fisikoaren edo hirigunearen eta eraikinen irisgarritasuna dela eta, oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek erreklamazioak jartzen dituzte erakunde honetan. Urtero ari gara erreklamatzen administrazio publikoei, eta bereziki udalei, analisi sakon bat egin dezatela irtenbide teknikoak instalatzeko hautabideen inguruan, hiriguneen irisgarritasun-arazoak konpontzeko. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela herritar guztiek baldintza berberetan erabil ditzaketen instalazioei ematea lehentasuna, ezintasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko printzipioak betetzeko.
Asko aurreratu bada ere, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala da ezintasunen bat duten pertsonen aldarrikapen nagusietako bat, eta erronka handi bat, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako eragileek aurre egin beharrekoa. Hori guztia egiaztatu ahal izan dugu erakunde honek EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruz egin duen txosten-diagnostikoan.
V.3. Baldintza berberetan emango den hezkuntza eta prestakuntza da sistemaren beste oinarrizko zutabeetako bat ezintasunen bat duten pertsonak erabat eta aktiboki gizartera daitezen. Nolanahi ere, hezkuntza-errealitateak asko falta du helburu hori lortzeko; hala egiaztatu dugu, esate baterako, lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetako irakaskuntzetan zeinu-mintzairako interpreterik ez dagoela-eta gorrek aurkeztutako erreklamazioetan.
V.4. Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, gaur-gaurkoz dauden onuren aplikazioa kasu askotan interpretazio formalisten baitan dago. Horri dagokionez, uste dugu une oro interpretazio finalistak aldeztu behar direla, ezgaitasuna duten pertsonei onura horietaz baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
V.5. Gure erkidegoko gizarte-politikan ikusten da azken urteotan asko aurreratu dela, baina, hala ere, ezintasunen bat duten pertsonek oraindik ere oztopo handiak izaten dituzte laguntzak eta prestazioak eskuratzeko. Egiaztatu ahal izan dugu arauetan jasotzen ez diren egoerak sortzen direla, gizarte-baliabideak falta direla taldearen behar espezifikoei egoki erantzuteko edo lehendik dauden baliabideak egokitu gabe daudela.
V.6. Azkenik, adierazi nahi dugu oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko daudela komunikazioaren irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak. Hala egiaztatu ahal izan dugu garraio publikoko sistemaren irisgarritasunari buruzko azterlanean. Hain zuzen ere, hor ikusten da ez dagoela baliabiderik bat ere komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Halaber, egiaztatu ahal izan dugu ez dagoela informazioa eta komunikazioa errazteko baliabide teknikorik eraikin publikoetako arreta-guneak dauden lekuetan, hezkuntza, osasun eta gizarte baliabideetarako sarreretan. Horregatik, uste dugu erabakigarria dela botere publikoen jarduketen bidez irisgarritasun-baldintzak ezartzea komunikazioan, ikusmen- eta entzumen-urritasuna dutenen bereizkeriarik ez jasateko eskubidea bene-benetakoa izango dela ziurtatzeko eta pertsona horiek gainerakoek dituzten aukera berberez gozatu ahal izateko.