5.2. 13/2008 Legea, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa
2008ko amaieran, Eusko Legebiltzarrak Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea onartu zuen, familiaren eta haren kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuta dagoen familia-politika integral baterako testuingurua eta oinarriak ezartzeko helburuarekin. Lege horrek orientazio integral bat lortu nahi du bai zuzentzen zaien familia motetan bai jasotzen dituen neurrietan.
Alde batetik, legeak familia moten bilakaeraren berri eman du eta lehen ahalegin bat egin du familia-eredu berriei legitimitatea emateko eta eredu tradizionalagoen tratu bera jasoko dutela bermatzeko. Halaber, eta gizarte zerbitzuen legearen parean, arreta berezia jarri du ahultasun bereziko egoeretan dauden familietan (kategorizazio horren barruan guraso bakarreko familiak, genero-indarkeriaren biktimenak eta familia ugariak daude); beraz, horiek lege-esparruaren barruan araututa, definituta eta onartuta geratu dira.
Beste aldetik, gurasoek seme-alaba adingabeen zaintza eta mantenua bermatzeko daukaten eginkizuna onartu du eta adierazi du seme-alabak dituen pertsona orok unitate ekonomiko independente gisa horiek artatzeko baliabide ekonomiko eta zerbitzu nahikoak eduki behar dituela, hirugarrenen laguntzara jo behar izan gabe. Horrekin bat eginez, aurreko kapituluetan aipatu denez eta hainbat egilek adierazi dutenez, legez garatu beharreko neurri batzuk antolatu dira familiei beraien eginkizunak ahalik eta baldintza hoberenetan gauzatzen laguntzeko.
Azkenik, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeari emandako garrantzia azpimarratu nahi dugu (isla espezifikoa edukiko du neurri zehatzen garapenean, hurrengo kapituluan ikusiko denez). Gizonek etxeko lanetan eta seme-alaben zaintzan eta hezkuntzan erantzukizuna partekatzeko ekintza positiboak sustatu nahi dira eta enpresak eta bereziki enpresaburuen elkarteak eta erakunde sindikalak tartean sartu nahi dira, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko neurriak aplika ditzaten; horretarako, neurri horiek enpresarentzat eta gizartearentzat dakartzaten abantailei buruz kontzientziatu behar dira.