3. EAEko familia-ereduen bilakaerarako zenbait arrazoi
Ikusi dugu familia-antolaketak aldaketak eta bilakaerak izaten dituela. Hala ere, zeintzuk dira familia-ereduen bilakaera horretarako arrazoiak? zergatik murrizten da haien tamaina?, eta, zehazkiago, zein da EAE gero eta zaharragoa izateko arrazoia? Eta batez ere, txosten honek aztertzen duenari bereziki lotuta dagoenez, zer erantzukizun daukate politika publikoek, erantzukizunen bat badaukate?
Familia-erakundean aldatutako zenbait ezaugarrik egiturazko barne-aldaketekin daukate zerikusia, eta eskuarki familiei laguntzeko politika publikoetatik kanpo daude. Dena den, familiari lotutako beste ezaugarri batzuei politika publikoen bidez hel dakieke, familiako kideei haien bizi-garapenaren hainbat alderditan laguntzeko jardun daitekeelako.
Txosten honen helburua dela-eta, azken horiek baino ez dira analizatuko. Hala ere, testuinguruagatik garrantzitsua da barne-izaera daukaten bilakaeraren ezaugarri nagusi batzuk laburki aipatzea; izan ere, aurreko kapituluan adierazi denez, haien arrazoia ez da familia-erakundearen krisi bat, baizik eta bakarrik “familia-harremanen barne-logikaren eraldaketa bat” (Pérez Díaz et al., 2000).
3.1. Familiei laguntzeko politiketan eraginik ez daukaten barne-izaerako aldaketak
Aurreko kapituluan jaso denez, familiaren azken helburuan aldaketak egon dira: gaur egun, zoriontasuna erdiestera zuzentzen da gehiago, zoriontasuna baita “familia-proiektuen azken helburua, bizirik irauteko modu baten bilaketaren kalterako” (Alberdi, 1999). Hortaz, familiari eusten zioten balio tradizionalak ordeztu egin dira eta beste termino batzuetara bideratu dira, hala nola “zoriontasuna”, “bikotea” eta “maitasuna”; aurreko garaietan garrantzitsuagoak zirenak, esaterako “batasun egonkorra”, “ezkontza” edo “ugalketa”, alde batera utzi dira. Horren ondorioz, barne-aldaketak eta familiaren eginkizunen aldaketak egon dira. Barne-aldaketa horiek, logikoki, familiek politika publikoen arloan eskatzen dituzten laguntzan ondorioak dituzte, politika horiek barne-antolaketako errealitate berrietara eta familiaren helburu eta premia desberdin batzuetara moldatu behar baitira.
Bizikidetzaren gizarte-onespenaren eredua. Ezkontzaren zeregina
González Blascok (2006) aipatu duen moduan, norberaren familia bat osatzeak pertsona ororen bizi-helburu nagusietariko bat izaten jarraitzen du. Dena den, ezkontzaren bidezko eta bereziki ezkontza erlijiosoaren bidezko gizarte-onespena orain ez da funtsezkoa gizarte-onarpenerako.
(7. grafikoa) . EAEko ezkontza-tasaren bilakaera. 2004-2010
Iturria:
guk eginikoa, EUSTATen datuak (2012b) oinarri hartuta.
Eztabaidatutako elementu bat den arren, zenbait egile, adibidez Miret (2006), Martínez Pastor (2009) edo Esping-Andersen (2013) ezkontzaren krisi batez ari dira. Miretek, esate baterako, honakoa baieztatu du: “laurogeiko hamarkadan, ezkontzaren krisia egon bazegoen, eta horrela dirau: gero eta bikote gutxiago ezkontzen dira, eta gero eta beranduago egiten dute”1. Ezkontza familia osatzeko lehen urratsa zen, baina orain zeregin lausoago bat du eta gizartean daukan pisua txikitzen ari da: EAEko ezkontza-tasa (ezkontza zibilari eta elizazko ezkontzari dagokienez) jaitsi egin da, 2004an 1.000 biztanleko 4,8koa baitzen, eta 2010ean, aldiz, 3,8koa2.
Ezkontza-tasaren beherakada hori, ezkontzeko adinaren hazkundearekin eta dibortzioen, banantzeen eta deuseztasunen gorakadarekin batera, familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planak azpimarratu dituen ezaugarrietariko bat da; planak gure gizartearen sekularpen-prozesuarekin lotu du.
Ostera, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kasuan, ezkontzak ematen duen gizarte-erregularizazioari buruzko interes altua antzeman da, EAEn %30 baino gehiago igo baita3 2007 eta 2011 bitartean. Datu gutxi dauzkagunez eta ibilbide laburrekoak direnez, ez dugu analisi sakonik egingo, baina horrek gizarte-onarpen eta -erregulazio gehiago behar dela adieraz lezake.
Ezkondu gabe elkarrekin bizitzea. Izatezko bikoteak eta arautu gabeko batasunak
Autore batzuek, esate baterako Flaquerrek (1991), Meilek (2003) edo Elzok (2008), adierazi dute elkarrekin bizitzea askotan ezkontzaren aurreko urrats bat dela eta hausten ez bada ezkontzaren bidez “ofizialdu” egiten dela. Hala ere, arestian erakutsi ditugun datuek ezkontzaren krisi bat iradokitzen dute, bikoteak epe luzean ordenatzen dituen elementua izateari uzten ari baitzaio eta izatezko bikoteek eta arautu gabeko bikoteek euren burua etorkizunerako proiektutzat jotzen baitute.
Hain zuzen ere, autore berriago batzuek (Esping-Andersen, 2013) aditzera eman dutenez, elkarbizitza “aukera funtzional egonkor” bihurtzen ari da estatuan. Izatezko bikoteen kasu zehatzean, esan daiteke haien pisua hazi egin dela eta 2006an EAEn guztira 42.000 bikote zeudela, hau da, bikoteen %8 zirela, nahiz eta duela 20 urte guztien %1 baino ez izan4.
Hori familiei eta bereziki haurrei laguntzeko politika publikoen diseinuari zeharka eragiten dion funtsezko elementu bat da. Izan ere, mota horretako bikoteak egonkorrak badira eta gainerako bikoteenaren antzeko jaiotza-tasa bat badaukate –eta bi baldintza horiek, Esping-Andersenek (2013) nabarmendu duenez, betetzen ari dira–, ezkontzatik kanpo jaiotako haurren kopurua pixkanaka handituko da (eta ezkontzak gaur egun mota jakin batzuetako eskubideen bermatzailea izaten jarraitzen du).
Bestalde, ezkontzatik kanpoko haurren kopuruaren hazkunde horri dagokionez, Euskadiko familia-ereduak Europako beste errealitate batzuekin arinen homogeneizatu diren norabideetako bat da. Gainera, oso azkar gertatu da, zeren eta herrialde askotan izatezko batasunak nabarmen igo baitira eta ezkontzatik kanpoko haurrak hazi baitira. Izan ere, 2008tik EB27an haurren heren bat baino gehiago ezkontzatik kanpo jaiotzen dira, eta herrialde batzuetan, Frantzian kasu, ezkontzatik kanpo barruan baino haur gehiago (%50,5) jaiotzen dira5. Estatuari dagokionez, 1995etik hirukoiztu egin dira, hau da, %11tik %31ra igaro dira6.
Autonomia, indibidualizazioa eta barne-negoziazioaren hazkundea
Flaquerrek (1995), Alberdik (1997), Del Campok (1999), Meilek (2004) edo Elzok (2008), azken urteotan, norberaren autonomiaren hazkundea, horren indibidualizazioa eta kideen negoziatzeko ahalmena nabarmendu dituzte familia-ereduaren barne-aldaketei lotutako funtsezko ezaugarri gisa, bereziki emakumeen kasuan (oraindik desberdintasun-egoeran egon arren). Hori familiaren postmodernizazioa delakoaren esparruan sartzen da.
Familiaren barne-antolaketan aldaketak eragiten dituzten elementu nagusietako bat kide bakoitzaren autonomia gero eta handiagoa da; izan ere, familiak unitate gisa helburu komunak dituen arren, ez da bateraezina banakako proiektuekiko (lanekoak eta pertsonalak) errespetu handiago batekin.
Era berean, azpimarragarria da emakumeen negoziatzeko ahalmena handitu egin dela. Horrek familia-unitatea antolatzeko jarraibideak aldatzen ditu, eta pixkanaka zereginen eta erantzukizunen barne-banaketa adostasun handiago bat oinarri hartuta egiten da. Nolanahi ere, negoziazioa oraindik ez da orekatua, zeren eta, geroago erakutsiko denez, negoziaketa hori gizonaren mesedetara desitxuratzen duten gizarte– eta ekonomia-faktore batzuk daude. Elementu horiek direla-eta, oso garrantzitsua da lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko laguntza-politiken bidezko jardun publikoa, orekaren alde egiteko.
1El País (2006-05-24).
5Martínez-Ahedo, M. (2008).
3.2. Kanpo-izaerako aldaketak. Politika publikoen bidez hel dakiekeen faktoreak
Lehen azpimarratu ditugun barne-izaerako faktoreek ez bezala, kanpo-izaerako faktoreek gure gizarte-ereduaren gizarte– eta ekonomia-karakterizazio espezifiko bati erantzuten diote eta familiei laguntzeko politika publikoen bidez erabat hel dakieke.
Halaber, faktore horiek EAEko biztanleriaren zahartzearen zati garrantzitsu bat azaltzen dute eta, logikoki, familiei arreta emateko ereduaren iraunkortasunean eragin handia daukate.
Azterketa honen esparruan politika publikoen bidez hel dakiekeen faktore nagusietako bi identifikatu ditugu (beste azterketa batzuek ere egin duten moduan1): berezko familia-nukleoak osatzeko atzeratzea eta lanbidea, familia-bizitza eta norberaren bizitza bateratzea. Jarraian laburki analizatuko ditugu.
EAE emantzipatzean eta, beraz, familia bat osatzeko aukeran gehien atzeratzen diren Europako eskualdeetariko bat da
Europako hegoaldeko ongizate-estatuen ezaugarri nagusietako bat da emantzipatzeko batez besteko adina Europan baino berantiarragoa dela, Buchmannek eta Kriesik (2011) agerian jarri duten bezala. Hain zuzen ere, Espainian batez besteko adina 30 urtekoa da (Portugalekoaren eta Italiakoaren antzekoa), baina beste herrialde batzuetan, hala nola Frantzian, Alemanian, Holandan edo Erresuma Batuan, 25 urte baino baxuagoa da.
EAEko egoera are etsigarriagoa da, emantzipazio-tasa are atzeratuagoak baititu: 34 urte beherako gazteen %30 eta %40 bitartean baino ez dute euren bizi-proiektua hasi (beste eskualde batzuetan ia %50 da, eta Espainiako batez bestekoak %40 gainditzen du)2.
Emantzipatzeko adinaren atzerapen horren ondorioz, jaiotzarako sarbidea ia-ia emantzipaziorako sarbidearekin parekatuta dago, besteak beste aipatu ditugun batez besteko adinak direla-eta. Hala ere, egia da 40 urtetik gorako amatasuna bikoiztu dela3. Gainera, EAEko batez bestekoa (32 urte) estatukoa (30 urte) baino berantiarra da. Autore batzuek (Livi-Bacci, 2001) “atzerapenaren sindromea” ere deitzen diote egitate horri.
Egoera hori azaltzeko analisi-faktoreen artean, honakoak nabarmendu daitezke:
Lan-merkatuan sartzea atzeratzen duen prestakuntza-maila altua. Requenak (2001) ikertu duen moduan, Espainiako prestakuntza-aldiek 25 urte baino gehiago eduki arte irauten dute, eta ez da ohikoa ikasi bitartean gurasoen etxetik kanpo bizitzea (Suedian, Alemanian, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan ez bezala).
Hori are nabarmenagoa da unibertsitate-ikasketak egiten dituzten gazteen kasuan. Izan ere, mugigarritasun geografikoak kultura-osagaiak ez ezik ekonomia-osagaiak ere baditu: seme edo alaba batek kanpoan ikasteak oso kostu altua ekartzen dio familia-unitateari, eta, aurrerago ikusiko dugunez, ez dago familiei laguntzeko politika egokirik esparru horretan, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala. Era berean, ikasketen iraupena luzeagoa da, eta batzuetan graduondokoez osatzen da lan-merkatuan sartzen saiatu baino lehen.
Lan-merkatuaren ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna. Egile nazional eta nazioarteko egile batzuek azpimarratu dutenez, estatuko lan-merkatua duala da4: alde batetik, antzinatasun handieneko kontratu mugagabeetarako babes-maila altuak daude, eta, bestetik, lan-merkatuan sartzen diren gazteentzako ezegonkortasun altuko egoera bat dago, emakumeei hein handiagoan eragiten diena5.
Beraz, lan-merkatura berandu sartzeaz gain ezegonkortasun-egoeran egiten bada, emaitza da gazte gehienek ez daukatela bizi-proiektu independente bat hasi ahal izateko erabateko autonomia finantzariorik; hala, independizatzeko gaitasuna duten 30 urteko beherakoen tasak minimoak dira.
Etxebizitza eskuratzeko garestitasuna eta zailtasuna, jabetzan nahiz alokairuan. Azkenik, berezko familia-nukleoen osaketa atzeratzen duen hirugarren faktorea etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da, Europako herrialde gutxirekin kidetasuna daukana6. Estatuan (eta EAE ez da salbuespen bat, adibide nabarmenetariko bat baizik), etxebizitzaren prezioak Europako soldata-ehuneko handienetariko bat biltzen du, eta familia-zorpetze maila altu bat sortzen du7.
Erosteko joera berezia egoteaz gain (estatuko eta Mediterraneoko estatuetako ereduan ohikoa den bezala), alokairua aukera zaila da eta batzuetan hileko kostua etxebizitza bat jabetzan hartzean baino altuagoa da: ia-ia sarrera gordinen %30 ematen da horretarako8, hileko 920 € inguru9 Euskadiko kasuan.
Adierazitako hiru faktoreek familien baliabide ekonomikoak murrizten dituzte eta eragin indartsua daukate seme-alabak (eta zenbat) eduki ala ez edukitzeko erabakian eta, hortaz, Euskadiko biztanleriaren piramidean. Alderdi hori Arartekoaren (2013) txostenetan ere nabarmendu da. Bertan esan denez, “Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak oztopo handia direnean, bereziki pertsona gazteentzat, bizitza independentea izateko baliabide nahikorik ez izateagatik, estalitako estutasun-mota batez ari gara eta familia berriak sortzeko zailtasunarekin eta seme-alabak izateko etorkizuneko proiektuen atzerapenarekin lotuta dago”.
EAEko familiek muturreko zailtasunak dituzte lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko
Hauxe da beharbada jaiotza-tasaren murrizketa azaltzeko gako garrantzitsuenetatik bigarrena: lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko zailtasunak daude, zeren eta gure gizartean bizitzaren hiru alderdi horiek bateragarri egiteko dauden gatazken ondorioz familiak asko atzeratu egiten baitira eta aipatutako hiru zailtasunak gainditu ahal izan arte beraien ondorengotza murrizten baitute.
Bateratzeko zailtasun horien atzean familiako lanen banaketa desberdinari lotutako faktoreak daude, baita ordu-baliagarritasunari, lan-malgutasunari eta antzeko balioei lehentasuna ematen dien lan-merkatu bati lotutakoak, horrela bizitzaren hiru alderdiak bateratzea zaila izaten baita, batez ere laguntzeko neurri publikoak behar bezain eraginkorrak ez badira.
“Bateratzeko planak ezarri eta betetzen dituzten enpresak sustatu behar dira, lan-merkatuaren konfigurazioak ez baitu benetan bateratzeko biderik ematen”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
“Jaiotza-tasa handitzeko helburua lortzeko aukerak hobetuko lituzketen bateratzeko neurri batzuk, enpresetan hartu beharrekoak, ordu-malgutasuna handitzea edo enpresetan haurtzaindegiak jartzea lirateke”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Emakumeak ez dira esparru publikoan sartzen ari gizonak esparru pribatuan sartzen ari diren baldintza beretan. Horren ondorioz, emakumeek haurrak eta bestelako mendeko pertsonak zaintzen duen familiako euskarri nagusia izaten jarraitzen dute, eta lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak ere egoten dira.
(8. grafikoa) . Lanpetuta dauden biztanleek etxeko lanetan batez beste ematen dituzten orduak
Iturria: EUSTAT (2010b).
Aurreko grafikoan ikus daitekeenez, haurrak hazteari eta mendeko pertsonak zaintzeari buruzko lanek emakumeen esku diraute, nahiz eta gizonek, pixkanaka, gero eta denbora gehiago eman horretan10. Dena den, jarrera erabateko desberdintasunekoa da, zeren eta gizonek egunean hiru ordu baino gutxiago ematen baitituzte adingabeak zaintzen, eta emakumeek, aldiz, ia bost. Mendeko pertsonak zaintzeari dagokionez, diferentzia hori areagotu egiten da, gizonek egunean ia bi ordu ematen dituztelako jarduera horretan, eta emakumeek, ordea, bikoitza.
Zer dago datu horien azpian? Zergatik bateratzea ez da familiako gaitzat jotzen eta oraindik ere nagusiki emakumeei lotuta dago, haiek baitira gehienetan etxeko lanetako eta ugalketako zereginez arduratzen direnak?
Lehen adierazi digunez, barne-negoziazioaren hazkundearen, emakumeen ahalduntzearen eta gizonak pixkanaka erantzunkide bihurtzearen ondorioz, etxeko lanen banaketa gero eta bidezkoagoa da, baina eginkizun hori gehienetan emakumeek gain hartzen jarraitzen dute.
Alde batetik, kultura-paradigma daukagu: erabaki horietan eragiten, ekoizpena gizonezkoen rolekin eta ugalketa emakumezkoen rolekin lotzen dituen sistema baten ondorioa da, eta, bertan, bateratzea emakumearekin eta amatasunarekin lotuta dago (Emakumearen Erakundea, 2008).
Zehazki eta 2009ko datuen arabera11, EAEn seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako diru-laguntzen 45.000 eskaera baino gehiago erregistratu ziren, eta 10 eskaeretatik 9 emakumeenak ziren. Irudikari kolektibo horri dagokionez, argi dago sentsibilizazio-politika publikoek jarduteko eta eraldatzeko ahalmena daukatela.
Hala ere, beste aldetik, oraindik sorrarazi zuten baldintzapen industrialetan ainguratuta dagoen ekonomia– eta lan-sistema bat dago; gaur egungo gizarte-egituratik urrun geratu da, eta, bertan, presentismoak, eskuragarri egoteak edo ekoizpen-egituraren barruan ugalketa-balioa ez sartzeak agintzen jarraitzen dute: “emakumeok gizonek gizonen helburuak betetzeko sortu dituzten enpresa-egituretan sartu gara” (Merodio eta Muriel, 2012), eta horrek ondorioztarazten digu “ugalkortasuna sustatzen duen ezein faktore ez dela ap
roposa Espainiako kasuan” (Esping-Andersen, 2013).
Hain zuzen, lan-berdintasun handiagoa duten herrialdeetan ere, azterketek erakutsi dute sarritan horren arrazoia ez dela sektore pribatua berdintasunezkoagoa izatea, sektore publikoaren pisu espezifikoa baizik12. Adibidez, ugalkortasuna altuagoa izaten da sektore publiko handiagoak dituzten herrialdeetan (Bernhardt, 1993); gurasoek maizago eskatzen dute esparru publikoan jaiotzagatiko baimenak partekatzeko, eta, horrez gain, seme-alaben kopurua handitu nahi duten familietan, emakumeek “ekonomia gogorreko ingurunetan” –enpresa pribatua– dauzkaten lanpostuak utzi eta “ekonomia biguneko ingurunetara” –administrazio eta enpresa publikoa– joan ohi dira13.
EAEn lan esparruan bateratzeko neurriei garrantzirik ez emateari buruzko erreferentzia-elementu on bat eta urratu behar dugun bidearen erakusgarri on bat hauxe da: enpresetan mota horretako oso elementu gutxi eskaintzen zaizkie langileei. Izan ere, esate baterako, haurtzaindegiak eskaintzen diren gizarte-prestazioetako azken lekura baztertuta daude (biztanleriaren %4,5 dago beteta).
(9. grafikoa) . EAEko soldatako biztanleria, enpresaren ardurapeko gizarte-prestazioen arabera
Iturria: EUSTAT (2010b).
Gaur egungo lan-merkatuaren eta gizartearen arteko distantziaren beste adierazgarri bat EAEn dagoen soldata-arraila da: arauek etxeko eta zaintzako lan gehienak emakumeei ezartzen dizkietenez, emakumeek beraien lan-karreraren zati bati uko egin behar diote, eta, horren ondorioz, EBn emakumeen eta gizonen artean dauden soldata-diferentziak %17koak dira14. Hortaz, gaur egun oraindik ap
urtzeko zaila den kristalezko sabai batera heltzen ari gara. Soldata-arrail horrek orobat ekartzen du ugalketa-balioak saritzen ez dituen lan-egoeraren eta bateratzea sustatzeko guztiz eraginkorrak ez diren neurri publikoen egoeraren ondorioz emakumeak izatea oraindik lanaldi-murrizketak edo eszedentziak hautatzen dituztenak (lehen ikusi dugunez); izan ere, etxeko diru-sarrerak batzen badira, emaitza ekonomikoa onuragarriagoa da familiarentzat gizonak mantentzen badu ekoizpen-eskuragarritasuna ukitu gabe.
Eta zein da politika publikoek esparru horretan daukaten eginkizuna? Lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko ahalmenak ez dira hobetuko zuzenean laguntzeko izaera publikoko politiken bidez soilik, zeren eta eskumen-eremu hori gainditzen baitu eta Merodiok eta Murielek (2012) azpimarratu dutenez “barne-kudeaketa,
–zuzendaritza eta –antolaketako ereduen” aldaketa batekin zerikusia daukan espazio batean sartzen baita. Beraz, gizarte-aldaketaren alde egiten duten sentsibilizazio-neurri indartsuak ere izango dira beharrezkoak, bereziki EAEko enpresa-sarea ETEetan oinarrituta dagoelako.
Nolanahi ere, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Europako Batzordearen ibilbide-orrian15 islatuta
dagoenez, harreman zuzena dago lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko eskaintzen diren erraztasunen eta emakumeak lan-munduan eraginkortasunez eta berdintasunez sartzearen artean, baita haurren pobrezia-tasaren murrizketarekin16 eta jaiotza-tasaren gorakadarekin ere17. Izan ere, emakumeen langabezia-tasa txikiagoa daukaten eta bateratzeko politikak garatuagoak dauzkaten herrialdeak ugalkortasun-tasa handienak dituzten herrialdeak dira.
Gainera, frogek iradokitzen dutenez –De Villotak (2009) eta Esping-Andersenek eta Palierrek (2010) jaso duten moduan–, bateratzeko neurri eraginkorrak hartuz gero baino ez da handituko eta hobetuko emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza; ondorioz, horrela sortuko da aberastasun handiago bat eta, horrez gain, lan-sarea indartuko da, zerga-bilketa handituko da eta azkenik ugalkortasuna hobetuko da (Esping-Andersen, 2013).
Hortaz, bateratzeko laguntza-politika indartsu batek –diru-laguntzen zein azpiegitura-laguntzen bidez– erronka horri aurre egitea ahalbidetuko luke eta eragin argi bat edukiko luke bai jaiotza-tasaren bai enpresen produktibitatearen hobekuntzan. Izan ere, 25 eta 49 urte bitartean dauzkaten 6 milioi emakume europarrek baieztatu dute beraien familia-erantzukizunen ondorioz ezin dutela lan egin edo denbora partzialean baino ezin dutela egin18.
Hori modu argian frogatu da De Villotak (2009) emakumeek Europako hainbat herrialdetan bateratzeko daukaten gaitasunari eta jarduera-tasari buruz egindako analisiaren bidez. Hurrengo grafikoan antzematen denez, bateratzen laguntzeko neurrien arloan ausartagoak diren politika publikoak dituzten herrialdeek uzten dute emakumeek jarduera-tasa handiagoak edukitzea.
(10. grafikoa) . Jarduera-tasaren eta bateratze-indizearen arteko korrelazioa
Iturria: De Villota (2009).
Danimarkak, Suediak edo Finlandiak emaitza onenak dituzte, baina Espainiak, Italiak eta Irlandak –esparru horretan ap
ustu ahulak egiten baitituzte, txosten honen V. kapituluan ikusiko dugunez– emaitza txarrenak dauzkate. Egoera horrek harreman zuzena dauka oso desberdinduta dauden biztanleriaren piramideekin: Europako iparraldeko herrialdeek Mediterraneoko herrialdeek baino jaiotza-tasa altuagoak dauzkate (orobat bosgarren kapituluan ikusiko den moduan).
3EIN Estatistika Urtekaria (2012).
4Cooley, F. (2010).
8Público.es (2013-01-26).
10 Denbora-aurrekontuei buruzko galdeketako 2008ko (EUSTAT, 2008c) eta 2010eko (EUSTAT, 2010b) datuen erkaketa oso argia da alderdi horri dagokionez.
14EMAKUNDE (2012).
15Europako Batzordea (2006).
16COFACE (2009).
17IESE (2003).