7.4. Menpekotasunari eta autonomia pertsonalaren sustapenari buruzko araudiaren EAEko aplikazioarekin lotutako datu estatistikoen analisia
Menpekotasunaren arretaren eta autonomia pertsonalaren sustapenaren arloan, oso zaila da analisi kuantitatibo fidagarria egitea, ez baitago datuak jaso eta ustiatzeko irizpide bateraturik darabilen informazio-sistema integratu zorrotzik. Horrenbestez, desberdintasunak egoten dira iturri desberdinetatik lortzen ditugun datuen artean. Hori guztia dela eta, gure azterlanaren ondorioei buruzko atal honetan, iturri bat baino gehiagorekin alderatu ondoren koherenteagotzat jo ditugun datuak aipatuko ditugu nagusiki.
7.4.1. Menpekotasun-egoeran dagoen pertsona
Estatu-mailan, onuradunen %67 (alegia, menpekotasuna onartuta duten eta, dauzkaten eskubideen arabera prestazioren bat jasotzen dutenak[89]) emakumezkoak dira. Onuradunen multzo horren %76k 65 urte baino gehiago dituzte.
EAEren kasuan, menpekotasun onartua duten pertsonen profila analizatzea erabaki dugu; izan ere, AMALen ma
ilaketaren aplikazioa edo prestazioak jasotzen dituzten ala ez kontuan hartu gabe, jorratzen ari garen esparru honetako politika publikoek pertsona horiengana zuzenduta egon behar dute. Hortaz, 2007ko urtarrilaren 1a eta 2010eko uztailaren 1a bitartean, beren menpekotasun-egoera onartua izan dadila lortzen duten pertsonen %63,74, EAEn, emakumezkoak dira. Lurraldeei dagokienez, baloreak batez besteko horren ingurukoak dira; baina, menpeko biztanlerian, emakumezkoen kopurua Bizkaian eta Gipuzkoan altuagoa da Araban baino.
Adinari dagokionez, menpekotasun-egoera bizitzako fase guztietan gerta daitekeela ikusten da. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da menpekotasun-egoera gisa onartzen diren kasuen %80 65 urte baino gehiagoko pertsonak direla eta 80tik gorakoak kasuen %50 eta 60 bitartekoak direla.
Adina eta sexua aldi berean hartzen baditugu kontuan, 65 urtetik beherako pertsonen artean menpekotasun-egoera onartua dutenen kasuan, gizonezkoen kopurua pixka bat altuagoa da; aitzitik, adin horretatik aurrerakoen artean, menpekotasunaren fenomenoen eragina nabarmen handiagoa da emakumezkoen artean.
Mailaketari dagokionez, emakumeek menpekotasun-maila larriagoa izaten dute, neurri batean. Menpekotasun-maila handiko pertsonen artean, 80 urtetik gorakoena da presentzia handiena duen taldea. Adin-taldeei dagokienez, berriz, 18 urte baino gutxiagokoen eta, bereziki, 3 urte baino gutxiagokoen artean menpekotasun-maila handia dutenen ehunekoa batez bestekoa baino askoz altuagoa da.
[89] Prestazioei buruz hitz egiten dugunean, prestazio ekonomikoei nahiz zerbitzuei buruz ari gara, AMALen bezala.
7.4.2. Menpekotasun-egoeran daudela onartzea eskatzen duten pertsonak
Legea indarrean sartu zenetik (2007ko urtarrilaren 1a) 2010eko uztailaren 1era EAEko 98.673 biztanlek eskatu zuten beren menpekotasun-egoera onar zedila, hau da, EAEko biztanleria osoaren %4,54k. 1.000 bizkaitarreko 39 inguruk eskatu zuten; 1.000 arabarreko 49k eta 1.000 gipuzkoarreko 53k. 93.395 pertsona baloratu dira guztira, eta horietako 77.352k (%82,82k) menpekotasun-egoeran daudela onar dadila lortu dute (hots, Estatuko Administrazio Orokorrak 2007ko ma
iatzean egin zuen estimazioan EAEren kasurako kalkulatutakoa baino 22.808 pertsona gehiagok). Hortaz, EAEn baloratuak izan diren pertsonen %17,18k ez du lortu menpekotasun-egoeran daudela onar dadila. Irizpen negatiboen tasarik altuena Bizkaian egon da. Menpekotasun-egoera onartu zaien pertsonen tasa honakoa da, lurraldeka: 1.000 biztanleko 43,77 Gipuzkoan, 41,64 Araban eta 28,97 Bizkaian.
Gure azterlanak barne hartzen dituen 3 urteetako bilakaerari dagokionez, EAEn menpekotasun-egoeran daudela onartzea eskatu zuten pertsonen ehunekoa, biztanleria osoarekin alderatutakoa, pixkanaka gutxitzen joan zen: 2007an %1,45, 2008an %1,37 eta 2009an %1,12. Lurraldeka, Bizkaian indizeak egonkor ma
ntendu ziren hiru urteetan; Araban beherakadarik garrantzitsuena 2008an egon zen, eta Gipuzkoan, berriz, 2009an.
Foru administrazioek menpekotasun-egoerakotzat jo dituzten pertsonen %43,74 menpekotasun-maila handiko pertsonak dira (III. Gradukoa); %31,22 II. Gradukotzat (menpekotasun larria) eta %25,04 I. Gradukotzat (menpekotasun arina) jo dira. Lurraldeka, Bizkaia da I. Graduko balorazio-indizerik altuena duena; Gipuzkoak, berriz, III. Graduko balorazio-indizerik altuena dauka.
7.4.3. Menpekotasun-egoeran daudela onartzea eskatzen dutenen espedienteak
EAEn menpekotasun-egoeran daudela onartzeko eskaerak (berrikuspen-espedienteak barne) Estatuko kopuru osoaren %5,65 dira[90]. Menpekotasun-egoeran daudela onartzeko eskaeren espedienteen kopuru osotik %92,40k baloratutako pertsonaren menpekotasun-mailaren irizpena (irizpenen %83,93) edo autonomotzat jotzen duen irizpena jaso du (gainerako %16,07a) Beraz, gure erkidegoa, Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta, zazpigarrena da irizpena dagoeneko emanda duten eskabideen ehunekoari dagokionez. EAEren barruan, Gipuzkoan eskaera-espedienteen bolumena handiagoa da, eta hori, neurri handi batean, egin diren balorazioen berrikuspenaren ehunekoa ere altuagoa delako gertatu da.
7.4.4. Arreta: menpekotasun-egoeran dauden eta zerbitzuak eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonak
Prestazioa jasotzeko eskubidea duten pertsonen tasa (II. Gradua edo III. Gradua dutenak), EAEko 1.000 biztanleko 19,62koa da. Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban antzeko tasa dute, Bizkaian, berriz, askoz baxuagoa da.
Euskal herritarren %1,59k jasotzen du AMALen aurrez ikusten den prestazioetakoren bat.
Prestazioa jasotzeko eskubidea duten pertsona guztien artetik, %19,01 arretaren zain daude; hau da, ez zaie eskubidez dagozkien prestazioetako bat ere esleitu, eta kezkagarria da. Estatuko hamaika autonomia erkidegotan, arretaren zain dauden pertsonen ehunekoa EAEn erregistratutakoa baino are altuagoa da. Gure erkidegoan, onuradun bakoitzeko prestazioen ratioa 1,15ekoa da, Estatuko zortzigarrena, baina Estatuko batez bestekoaren azpitik (1,18), hala ere.
EAEn prestazioak jasotzeko eskubidea izan arren eta beren eskubidea balioetsi den arren prestaziorik jasotzen ez duen %19,01 horri dagokionez, lurraldeen araberako banaketa honakoa da: Gipuzkoan %15,52 erregistratu da, Bizkaian %19,94 eta Araban %24,71. Ikusten den bezala, eskubidea izan arren itxaron zerrendan dauden pertsonen ehunekoa altuagoa da Araban, baina lurralde horretan dago onuradun bakoitzeko prestazioen ratiorik altuena: 1,35 (Estatu-mailan Errioxak soilik gainditzen du); Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, 1,17koa eta 1,05ekoa da, hurrenez hurren.
EAEn menpeko biztanleriak eskatzen dituen zerbitzuei dagokienez, egoitza-arreta eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua gailentzen dira. Gehien eskatzen duten prestazio ekonomikoa, alde handiarekin gainera, familiaren barruan zaintzeko prestazio ekonomikoa da.
Menpekotasun-egoeran dauden pertsonek izaten duten prestazio-motari dagokionez, argi ikusten da familiaren barruan zaintzeko prestazio ekonomikoa nagusitzen dela (%41,90), eta, ondorioz, argi dago AMALek prestazio ekonomikoak ezohikotzat jotzeko eta zerbitzuei lehentasuna emateko helburua zuen arren, ez dela betetzen ari. Bigarren tokian egoitza-arreta dago (%20,72), eta ondoren etxez etxeko laguntza-zerbitzua (%11,88), eguneko zentroa (%11,15) eta telelaguntza. Zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoak (Bizkaian ez da esleitu, ezta behin ere, aztergai ditugun hiru ekitaldietan) eta laguntza pertsonalak (ia-ia kasuen %100ean esleitu dira Gipuzkoan) askoz garrantzi txikiagoa dute (%2,38 eta %2,32, hurrenez hurren).
7.4.4.1. Zerbitzuak
Menpekotasun-egoeran dauden[91] eta telelaguntza-zerbitzua jasotzen duten pertsonen tasa, 1.000 biztanleko, urtero hazten da gure erkidegoan. Telelaguntza-zerbitzuaren onuradunen %72 baino gehiago emakumezkoak dira. Zerbitzua jasotzen duten pertsonen %70 inguru 80 urtetik gorakoak dira. 65 urte baino gutxiagoko pertsonak, berriz, ez dira zerbitzu horren onuradun guztien %6 baino gehiago.
2007an eta 2008an etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren estaldura-tasa nabarmen igo zen; halere, 2009an, beherakada bat egon zen, eta kezkagarritzat jo daiteke kontuan hartzekoa baita herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten zerbitzu bat dela. Zerbitzu honen onuradunen profila eta telelaguntzaren erabiltzaileena antzekoa da, baina azken horiek pixka bat zaharragoak direla eta emakumeen kopurua apur bat altuagoa dela esan daiteke.
65 urte baino gehiagoko menpekoen artean eguneko zentroaren zerbitzua erabiltzen duten pertsona gehienak emakumezkoak dira (%70 baino gehiago). Nolanahi ere, 65 urtetik beherakoen artean, gehiengoa gizonezkoak direla ikusi dugu (%58 inguru). Hala ere, 65 urtetik beherakoen artean, gehiengoa gizonezkoak direla ikusi dugu (%58 inguru).
Egoitzako arretan ere gizonezkoak dira nagusi 65 urtetik beherakoen artean. Zerbitzu horretan, onuradunen batez besteko adina altuagoa da eguneko zentroko onuradunena baino. Egoitzako arreta-zerbitzua jasotzen dutenen %63 baino gehiago emakumezkoak dira.
AMALen zerbitzuen katalogoan barne hartzen den gaueko zentroa ez dago ma
rtxan une honetan EAEn, baina egia da iraganean esperientzia batzuk egon zirela. Ez dirudi zerbitzu horren inguruan dagoen eskaerak ezaugarri horiek dauzkan baliabideak sortzera animatzen duenik.
Zerbitzuen estaldura zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da 65 urtetik gorako emakumeen proportzioa onuradunen artean.
Eguneko zentroetan eta egoitzetan eskuragarri dauden plazei dagokienez, itxaronzerrendak daude oraindik −egoitzetan neurri handiagoan− eta horrek adierazten du baliabideak ez direla nahikoa; bereziki, menpekotasun-egoeran dauden eta 65 urte baino gutxiago dauzkaten herritarrei dagokienez.
7.4.4.2. Prestazioak
AMALek barne hartzen dituen hiru sari ekonomikoak modu desberdinetan ezarri dira gure autonomia erkidegoan.
2007an bakarrik hasi zen esleitzen, Arabako lurralde historikoan. Gipuzkoako lurralde historikoan, berriz, 2008an jarri zen ma
rtxan, eta Bizkaian ez zuten 2010eko ekaina arte arautu. Oro har, 65 urtetik gorako pertsonei eman zaie, kasuen %98 baino gehiago dira, eta emakumezkoak %66tik gora dira.
Adierazi bezala, familiaren barruan zaintzeko prestazio ekonomikoek eragin handia izan dute gure autonomia erkidegoan; AMALek aurreikusitako prestazio eta zerbitzuen multzoaren barruan estaldura-tasarik handiena lortu dute. Prestazio horren esleipena, gainera, areagotu egin da urtez urte. Lurraldeka, Arabak tasa altuagoak lortu ditu. Jasotzen dutenen %60-65 bitartean emakumezkoak dira, baina 65 urte baino gutxiagokoen artean, gizonezkoak gailentzen dira.
Araban erregistratutako kasu puntual batean izan ezik, laguntza pertsonalerako prestazioa Gipuzkoako lurraldean soilik eman da. Prestazioa jasotzen duten gehienak emakumezkoak eta adineko pertsona direla ikusirik, esan daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiak gainerako lurraldeek baino interpretazio zabalagoa egiten duela AMALen 19. artikuluari dagokionez −baita autonomia erkidegoek baino zabalagoa ere−. Hori dela eta, prestazioa lan-merkatuan edo hezkuntza-sisteman dauden eta menpekotasun handia duten pertsonei ez ezik, ma
ila hori duten eta "eguneroko oinarrizko zereginak gauzatzeko bizitza autonomoagoa" erraztea (AMALek jasotzen duen bezala) behar duten eta baldintzak betetzen ez dituztelako FIZPE eskuratu ezingo luketen pertsonei ere esleitzea posible da.
[91] Analizatzen den biztanleria beti da menpekoa, nolanahi ere, zerbitzuren baten onuradunari erreferentzia egiten diogunean, foru administrazioak onartuta menpekotasun-egoeran dauden pertsonei buruz ari gara soil-soilik.