2. Bere arrisku eta mugekin
– Batzuetan, ahultasun handiko egoera bat sakonki ikertu dugunean, Arartekoaren lanaren funtsa ia ezezagunak ziren informazioak eta datuak bildu eta ikusaraztea izan da (adibidez, sasoiko langileei buruzko txostena edo laguntasunik gabeko atzerritar adingabeei buruzkoa, ordura arte errealitate horiek erdi ezkutuan baitzeuden).
Kasu honetan, aldiz, egoera, nolabait, kontrakoa da: eskura daitekeen informazioa hainbeste da, ezen txostenaren arrisku nagusia, hain zuzen ere, datu oihanean galtzea baita, gure ikuspegitik behintzat funtsezkotzat jotzen ditugun zuhaitz-arazoei erreparatu edo azpimarratu gabe.
Hori dela-eta, kasu honetan arestiko txosten monografikoei dagozkien zabalera, sakontasuna eta zehaztasuna alde batera uztea hobetsi dugu, argitasun eta xehetasun handiagoa eta, agian, hedatzeko balio handiagoa ere lortze aldera.
– Antzeko zerbait esan daiteke erabilitako iturriei buruz.
Funtsean, erakundeak berak dauzkan iturrietara mugatu gara: Arartekoaren beraren azterlanak eta txostenak, ofiziozko espedienteak, informazio eta jarraipen eskaerak, kexa espedienteak, zentro eta baliabideetarako bisitak, bilerak zerbitzuen arduradunekin, elkarrizketak eta eztabaida taldeak adingabeekin, bilerak elkarte eta gizarte eragileekin, lan tailerrak beste defentsa erakunde batzuekin...
Jakina, beste txosten, azterlan edo datu iturri batzuk ere hartu ditugu aintzat, batez ere administrazio arduradunek argitaratutako lanak (planak, memoriak, ebaluazioak...) edo ikerketa esparrua EAE edo bertako lurraldeetakoren bat izan dutenak, baina gehiago izan dira geure datuekin alderatzeko edo osatzeko elementuak lehen mailako iturriak baino.
Horregatik, informazio iturriei buruzko 6. kapituluan benetan erabilitako, aipatutako edo interes berezitzat jotako iturri idatziak baino ez ditugu sartu.