I. Aurrekariak
Krisi ekonomikoaren ondorioz, langabeziak gora egin du atzerritarren artean; izan ere, etorkinen lanpostuak eraikuntza eta antzeko sektore ekonomikoekin lotuta daude, baita aldi baterako kontratuekin eta etorkinak
lan egin ohi duten sektore eta kontratu-modalitateekin ere. Krisiak gehiago eragin die gizonei eta herritar talde zaurgarrienei, adibidez, gazte atzerritarrei eta gure artean denbora gutxi daramaten pertsonei.
Krisi egoerak herrialde askori eragiten die, bai aberatsei, bai txiroei. Herrialde txiroetan, krisiaz gain, hondamendi naturalak eta gerra-gatazkak ere izaten dituzte eta horrek migrazioak eragiten ditu. Herrialde horien Estatu mugakideek migrazio-fluxuak kontrolatzeko ezartzen dituzten politiken ondorioz mugak ixten dira, eta horrek irismen handi eta larriko krisi humanitarioak eragiten ditu.
2010ean EAEn etorkinak
139.229 izan dira guztira; horietako 71.952 gizonezkoak dira eta 67.277 emakumezkoak, herritarren %6,4 dira osotara. 2010eko datuak. Iturria: Immigrazioaren Euskal Behatokia, Ikuspegi. Atzerritarren kopuruak eskasa izaten jarraitzen du beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuarekin alderatuta. Atzerritarrak Espainian 4.791.23 dira guztira, alegia, biztanle guztien %12,1 (Madrilen %16), Lan eta Immigrazio Ministerioaren Urtekariak jasotzen duenaren arabera.
Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen arabera, EAEko migrazio saldoa azken urteotan positiboa izan da, eta datuek azken urtean egoiliar etorkin berrien %43 beste autonomia erkidego batzuetatik etorriak direla azpimarratzen dute.
Estatuko Fiskaltza Orokorraren 2009ko memorian adierazten da urte horretan 5.099 pertsona kanporatu direla, alegia, 2008an baino gutxiago; izan ere, urte horretan 6.281 pertsona kanporatu zituzten.
Administrazio egoera irregularrean dauden pertsonak Estatuan 1.000.000 inguru direla (EAEn 35.000 inguru) kalkula daiteke, udal errolden zifrak eta baliozko bizileku-txartela edo erregistroko ziurtagiria daukaten atzerritarren datuak kontuan hartuz gero. Pertsona horiek lan eta egoitza baimena lortuko dute 3 edo 4 urteko epean. Baztertzea larriago bihurtzea ekiditeko, garrantzitsua da gizarte ekintzako programetan sar daitezela beren migrazio proiektuaren hasieratik.
"Atzerriko immigrazioaren inguruko jarrerak eta pertzepzioak. 2010eko ekaina" Ikuspegi Barometroaren konklusio batzuk oso kezkagarriak dira; izan ere, datuek azken urteotan euskal herritarren jarrera gogortu dela adierazten dute, alegia, "kritikoagoa dela eta atzerritarrekin apur bat estuagoa".
Barometro honek planteatzen du euskal herritarrek etorkinen inguruko estereotipo faltsu eta aurreiritzi jakin batzuk izaten jarraitzen dutela, aurreko urteetan bezalatsu. Estereotipo eta aurreiritzi horiek, dirudienez, autonomoak dira zati batean benetako gertakizunekin alderatuta. Bereziki kezkagarria da herritarrek etorkinen eta segurtasunaren arteko harremanari buruz duten iritzia. Euskal herritarrek aurreko urteetan baino onginahi gutxiagorekin epaitzen dute immigrazioaren funtzionalitate ekonomikoa eta eragin negatiboen ehunekoak areagotu dira. "Atzerritarren etorrerak sortzen dituen kezka eta errezelo gehienak euskal gizartearen ongizate-mailari eusteko gaitasunarekin daude loturik".
II. Arloa kopurutan
Jaso ditugun kexak, nagusiki, lotuta daude atzerritarrek zerbitzuak eta prestazio publikoak eskuratzeko dauzkaten zailtasunekin. Eta, horren harira, azpimarratzekoa da aurten zailtasun horiek areagotu egin direla. Horrez gain, aurkeztutako kexak etorkinek beren eskubideak baliatzearekin ere lotuta daude, adibidez, dokumentazioa eskuratu eta mantentzearekin edo dagozkien egitateak erregistro zibiletan eta Zentralean inskribatzearekin. Immigranteek aurkezten dituzten kexa guztiak ez dira esparru honetan soilik islatzen, beste esparru batzuetan ere aurki baitaitezke, adibidez, Herrizaingoan, Etxebizitzan, Osasun arloan...
Lan arloko politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegora transferitu direnez, aukera ona izan daiteke etorkinen sektorea laneratzeko, egungo krisiaren eragina nabarmen jasaten ari dira eta. Hizkuntza ofizialak ikastea, gaitasunak hobetzea eta laneko orientazioa, besteak beste, indartu behar diren politika publikoak dira, eta are garrantzitsuagoa da pairatzen ari garen egungo krisi egoeran. Arartekoak, ondorioz, adi aztertuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzura sartzeko baldintzak; izan ere, ez dituzte egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonak baztertu behar, hala nola atzerritarrak. Immigranteek zerbitzu publikoak bertako pertsonen baldintza berberetan eta inolako diskriminaziorik gabe eskuratzea funtsezko baldintza da etorkinak
integratu ahal izateko.
Arartekoa asko kezkatzen du etorkinen inguruko iritzi publikoak. Azterlanen emaitzen arabera, etorkinen eragin ekonomiko eta kulturalen inguruko "sinesmenek" eragin nabarmena dute herritarrek immigrazioari eta abian jarri beharko liratekeen immigrazio politikei buruz duten iritzian, hau da, horiek immigranteak herrialdera sartu eta geratzearen inguruko politikek zorrotzagoak ala arinagoak izan beharko luketen pentsarazten diete.
Immigrazioari eta migrazio politikari buruzko eztabaida publikoa komunikabideek ematen duten informazioak baldintzatzen du, baita egiaztatutako datuetan oinarritzen ez diren sinesmen kolektibo jakin batzuek ere. Migrazioaren eragin ekonomiko, sozial eta kulturalen inguruko txosten zorrotzak lantzea, analisietan gehiago sakontzea eta datuak publikoki ezagutzera ematea, agian, lagungarri izan liteke analisi serioetan oinarrituta ez dauden sinesmenak eta gaizki-ulertuak desagerrarazteko.
Beharrezkoa izango litzateke kontseilu bat edo bestelako ikus-entzunezko organo bat egotea, edo, bestela, kode deontologikoak, aholkularitza batzordeak eta/edo araudi bat egotea ikus-entzunezkoaren arlorako eta pertsona guztien eskubideak eta askatasunak errespetatzen laguntzeko eta immigranteen jatorri nazionala edo etniaren ondoriozko estigmatizazioa ekiditeko.
Beharrezkoa da bizikidetza eta errespetua sustatzeko diskurtso berriak lantzea, baita desberdintasunak balioesteko eta arrazismo eta xenofobiatik urrundutako herri bat eraikitzeko, adibidez, honako ekimenak proposatutakoari jarraiki: "Living Together: Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Herritar Europarrak", dekalogoa eta azken txostena, konparaziozkoa eta barne-hartzailea, Proiektua [JLS/FRC/036).
III. Arauketa testuingurua eta politika publikoak
Epigrafe honetan, atzerritarrei eta immigrazio politikei eragiten dieten arau arloko nobedade batzuk jaso ditugu.
Apirilaren 5ean indarrean sartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EE) 810/2009 Erregelamendua, 2009ko uztailaren 13koa, bisatuei buruzko Kode komunitario bat ezartzen duena (bisatuen Kodea). Erregelamendu horrek Estatu kideetako lurraldeetatik ibiltzeko eta egonaldi laburretarako bisatuak jaulkitzeko prozedurak eta baldintzak ezartzen ditu. Horrez gain, Estatu kideen lurraldeetan dauden aireportuetako nazioarteko zirkulazio eremuetatik igarotzeko aireportuetarako iraganbideko bisatu bat edukitzera behartuta dauden herrialdeak zerrendatzen ditu, eta bisatu horiek jaulkitzeko prozedurak eta baldintzak zein diren ere ezartzen du.
2010eko abenduan Europako Parlamentuak ezezkoa eman dio baimen bakarraren zuzentarau proposamenari. Askatasun Zibilen, Justiziaren eta Barne-arazoen Batzorde parlamentarioak proposamena onartu egin zuen, eta Parlamentuak eta Justizia eta Barne Kontseiluak elkarrekin hartutako erabaki bidez onetsi behar zen. Zuzentarau horrek prozedura bakarra ezartzen zuen lan- eta egoitza-baimena emateko, eta zuzenbide esparru bera ere ezartzen zuen, immigranteei dagokienez. Esparru horretatik kanpo uzten zituen, besteak beste, aldi baterako langileak, lekualdatuak, hirugarren herrialdeetako enpresek lekualdatutako langileak eta kontratu bidez zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetakoak. Beraz, langile horiek eskubide gutxiago izango zituzten; izan ere, ez lirateke arautuko zuzentarau horrek ezartzen dituen eskubideen arabera, lege-testu espezifikoen edo beren jatorriko herrialdeetako laneko legeen arabera baizik, eta horien gehiengoak ez dauzka Europar Batasunean dauden berme berak. Horrez gain, pentsioak kobratzeko tokiari buruzko mugak ezartzeko aukera ere aurrez ikusten zuen, baita beste familia-prestazio eta onura sozial batzuei dagokienez ere. Horrenbestez, aurrez ikusten zen araudiak ez zituen langile etorkinen eskubideak langile immigrante guztien eta haien familien eskubideen babesari buruzko Nazio Batuen 1990eko Hitzarmenean bezala jasotzen, ezta Europako Kontseiluaren 1977ko Langile immigranteei buruzko Hitzarmenean bezala ere, lana, gizarte segurantza eta etxebizitzarekin lotutako baldintzei dagokienez.
Kode Penalari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoaren nobedadeen artean, aipatzekoa da gai hauei buruzko arauak jaso direla: askatasuna kentzeko zigorra, egoera irregularrean dauden herritar atzerritarren kasuan, herrialdetik kanporatzeko zigorrarekin ordezkatzea; gizakien salerosketa delituari buruzko titulu espezifiko bat sortzea; herritar atzerritarren eskubideen kontrako delituen aldaketa eta langileen immigrazio klandestinoaren delitua kentzea.
Nobedade garrantzitsua da gizakien salerosketa delitu independente gisa tratatzea eta delitu hori legez kanpoko trafikoa edo pertsonen immigrazio klandestinotik bereizitako delitu gisa tratatzea. Bereizketa hori atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta askatasunei eta etorkinen gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa erreformatzen duen 2/2009 Lege Organikoak jada onartu zuen; izan ere, migrazio politika arautzen duten printzipioetako batean printzipio berri bat sartu zuen: gizakien salerosketaren jazarpena (2 bis art., 2. h idatz-zatia)], hain zuzen. Legeak gizakien salerosketaren biktimak babesteko erregimen bat barne hartzen du, Varsoviano Hitzarmeneko 10. artikuluan biktimak identifikatzeko sistemari buruz jasotzen dena aplikatzen du eta aipatutako Hitzarmenak eta 2004/81/EE Zuzentarauak aurrez ikusten duten hausnarketa epea barne hartzen du. Emakumeen salerosketaren biktimek 30 eguneko hausnarketa-epea daukate agintaritzei lagundu nahi dieten erabakitzeko. Laguntzea onartzen badute eta salaketa jartzen badute, egoitza baimena lortuko dutela aurrez ikusten da.
Beste instrumentu batzuk, adibidez, Gizakien Salerosketaren Kontrako Plan Integrala, Berdintasun Ministerioarena, oso garrantzitsuak dira biktimak osoki babestea posible izan dadin. Biktimen berreskurapen psikologikoari eta haien babes integralari (askotan, babesak haien inguru familiarra ere barne hartu beharko luke) lehentasuna eman behar zaie, hartara, delitu horien ikerketa hobetzen lagunduko litzateke eta.
Kartzela-zigorra arindu eta isun bihurtzea edo komunitatearen mesederako lanen bidez ordezkatzea ere aurrez ikusten du ikus-entzunezko materialaren salmenta, "top manta" delakoa, txikizkakoa denean edo mozkin ekonomikoa txikia denean. Bigarren Xedapen Iragankorrean berrikuspen erregimena ezartzen da. Erregimenak ez du epaiak berrikustea aurreikusten zigorra betetzea etenda dagoenean, etetea atzera botatzen denean berrikusteari kalterik egin gabe eta etendako zigorra betetzeari ekin baino lehen. Zigorra jaso duen pertsona baldintzapeko askatasun aldian badago edo zigorra gauzatu bada edo etenda badago ere ez, nahiz eta epaiaren beste adierazpen batzuk gauzatzeke egon, baita guztiz gauzatu direnak ere. Aurreikuspen horren ondorioz, dagoeneko kondenatuak izan diren eta zigor-aurrekariak dauzkaten atzerritarrek zailtasunak dauzkate beren egoera administratiboa erregularizatzeko, horretarako beharrezkoa delako sustraitzeagatiko egoitza-baimena eskatzea. Beste alde batetik, BOEn argitaratu eta hilabete batzuetara indarrean sartu denez, prozesu bat martxan zeukaten pertsonek eragozpen ugari izan dituzte, izan ere, zigor arloko lege mesedegarrien atzeraeragin printzipioa alegatu behar izan dute (EKren 9.3 art. eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 15.1. art.).
Atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta askatasunei eta etorkinen gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa erreformatzen duen 2/2009 Lege Organikoak hori garatuko zuen erregelamendua 6 hilabeteko epean onestea aurreikusten zuen. Aipatutako epea aspaldi igaro zen arren, erregelamendua ez da onetsi oraindik, eta, ondorioz, 2393/2004 EDak, abenduaren 30ekoak, onetsi zuen erregelamenduak indarrean jarraitzen du. Asiloa eta babes subsidiarioari buruzko Legearen erregelamendua ere ez da onartu.
Aurten, garrantzitsua da aipatzea Auzitegi Gorenaren 2010eko ekainaren 1eko Epaia, Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Itunaren parte diren beste Estatu batzuetako herritarrak Espainiara sartu, askatasunez ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren atal batzuk baliogabetzen dituena.
Epai horrek aldaketa bat eragin du pertsona askori aplikatzen zaien araubide juridikoan. Adibidez, espainiar herritarren arbasoei edo haien ezkontide edo bikotekide erregistratuari aplikatzen zaie, baita Batasuneko herritar gisa erregistratutako izatezko bikotekideari ere. Epai horrek, gainera, 21 urtetik gorako ondorengoek eta arbasoek lan egiteko eskubidea dutela ere onartu du, babes komunitariopean dagoen pertsona izateari kalterik egin gabe. Besteak beste, epai horrek honako alderdi hauei ere eragiten die: erregimen komunitarioa aplikatzen zaion pertsona bat Espainiatik kanporatzea erabakitzen denean boluntarioki irteteko epea emateko betebeharra; erregimen komunitarioak barne hartzen ez dituen senideak herrialdera sartu eta bertan bizi ahal izatea erraztea, herritar komunitarioarekin duten ahaidetasun-maila mugatu gabe, eta herritar komunitarioa hilez gero haren senidea bertan bizitzeko mugak.
Lan eta Immigrazio Ministerioak DGI/SGRJ/03/2010 instrukzioa xedatu du Auzitegi Gorenaren 2010eko ekainaren 1eko epaiaren aplikazioari buruz.
Instrukzioak jorratzen dituen gaietako bat aztertuko dugu, atzerritarren inguruko araubide komunitarioa herritar komunitario gisa erregistratutako izatezko bikotekideari aplikatzeari buruzkoa, hain zuzen. Instrukzio horrek baliogabetu egiten du DGI/SGRJ/03/2007 Instrukzioa. Arartekoak ofiziozko egintza bat gauzatu zuen instrukzio horri buruz (2007ko urteko txostena, II. kapitulua, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboak, etorkinak
). Epai horretatik aurrera, instrukzioan azaltzen den bezala, komunitateetan eta udaletan dauden bikote egonkorren erregistroak baliozkoak dira 240/2007 Errege Dekretuan aurrez ikusten diren ondorioetarako, epaiaren ostean indarrean sartu zen idazketan 2.b artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen direlako.
Honakoa beste araudi aipagarri bat da: Idazkariordetzaren 2010eko urriaren 14ko Ebazpena, Errefuxiatuentzako Arreta Zentroen Zerbitzu-karta onesten duena.
Immigrazioaren fenomenoari heltzen dioten politika publikoak oso garrantzitsuak dira gaur egungo eta etorkizuneko egoera zehazten dutelako eta haien bizitzaren eta hartzen dituen gizartearekiko dauzkaten harremanen funtsezko alderdiak arautzen dituztelako. Politika horiek Europar Batasunak eta Estatuak, autonomia erkidegoek eta udalek hartzen dituzte, alegia, etorkinak
bizi diren tokietako agintaritzek. Ondoren, aurten hartu diren erabaki batzuk aipatuko ditugu.
Europar Batasuna
Batzordeak immigrazioa eta asiloari buruzko urteko txostena egin du. Bertan, estatu kideen lehentasunak ezartzen dira immigrazio legala eta integrazioari, immigrazio irregularrari, mugen babesari, asiloari eta jatorri eta iraganbideko herrialdeekiko lankidetzari buruz, Brusela, 6.5.2010COM (2010)214 azkena.
Batzordearen zorro berri bat sortzea aurrez ikusten da: justizia, oinarrizko eskubideak eta herritartasuna, eta eskumenak izango lituzke honako arlo hauetan: justizia zibila eta legegintza kontsumitzaileei buruz, baita oinarrizko eskubideei eta diskriminazioaren kontrako politikei dagokienez ere.
Aurten Zaragozako Deklarazioa onetsi da. Deklarazio horrek integrazio politikek eta kultura aniztasunak Europako garapen ekonomiko eta sozialerako daukaten garrantzia aintzatesten du. Deklarazio hori Zaragozan 2010eko apirilaren 15 eta 16an integrazioari buruz egin zen Ministerio Konferentzia europarraren esparruan onartu da. Deklarazioak onartzen du integrazio politikak oso tresna erabilgarriak direla diskriminazioaren kontra borrokatzeko.
Proposamenen artean, aipatzekoa da adierazle batzuk ezarri direla. Adierazleek integrazio politikaren esparru erabakigarrietan joera garrantzitsuak neurtu eta alderatzeko ematen duten aukera oso positiboa iruditzen zaigu. Adierazlearen zeregina da egoeraren ikuspegi orokor bat eskaintzea eta egoera aztertzeko aukera ematea, hau da, zer gertatzen ari den eta garrantzitsua den erakustea.
Horrez gain, aipatzekoa da Batzordeak Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eta Eskualdeetako Lantaldeari jakinarazi diela herritar europarrentzako askatasun, segurtasun eta justizia espazio bat eta Stockholmeko programa bat martxan jartzeko ekintza plan bat garatzen ari direla.
Dokumentuak Europako eta beste herrialde batzuetako herritarrek Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutunean onartzen diren oinarrizko eskubideak izango dituztela ziurtatzeko eta askatasun, segurtasun eta justizia espazioa gauzatzea ziurtatzeko lehentasunak ezartzen dira, eta horretarako, kooperaziorako beharrezkoak diren instrumentuak garatzen dira, honako hauek besteak beste: FRONTEX (Kanpoko mugetako kooperazio operatiboaren kudeaketarako Agentzia Europarra), Europol (Poliziaren Bulego Europarra), Eurojust (Kooperazio judizialaren batasuna), OLAF (Iruzurraren kontrako Bulego Europarra), SIS II eta VIS. Schengen-go bigarren belaunaldiko Informazio Sistema.
Horrez gain, haien jatorri diren herrialdeekin edo immigranteen iraganbide diren herrialdeekin lankidetzan aritzearen garrantziari ere erreferentzia egiten die. Jakinarazpenak bereziki aipatzen ditu asilorako eskubidea eta ez itzultzearen printzipioa. Horren harira, asilo europarraren sistema eratzea prozeduran babes-tasa berberak ezarri eta uniformeki tratatzeko eta elkar balioesteko garrantzitsua dela onartzen du. Horrez gain, aipatzekoa da Oinarrizko Eskubideen Agentzia Europarraren Txostena. Txostena 2010eko irailaren 13 eta 14an egin zen ministerio-konferentzian aurkeztu zen.
Estatua
Aurten oso polemikoa izan da Barne Ministerioaren urtarrilaren 25eko 1/2010 Zirkularra, Estatutik kanporatzea eragin dezaketen zehapen espedienteen tramitazioari buruzkoa. Zirkular horretan, identifikaziorako atxiloketei eta kanporatzeko lehentasunezko prozedurei egiten zaie erreferentzia.
Barne Ministerioak Herriaren Defentsariari argitu dio informazioa eskatu zuela eta aldez aurretiko oharrak bidali zituela (herriaren defentsariaren idazkia), 2/2009 Lege Organikoak ez duela barne hartzen atzerritartasun unitateen edo herritarren segurtasunerako unitateen bide publikoko jardunean inolako aldaketarik eragingo duen nobedaderik, eta, horren ondorioz, aplikagarriak diren lege aurreikuspenen arabera lan egiten jarraituko dutela, alegia, honako hauen arabera: Prozedura Kriminalaren Legea, Herritarren Segurtasun eta Babeserako Lege Organikoa eta Atzerritarren Eskubide eta Betebeharrei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Organikoa. Horrez gain, haren erantzunaren arabera, Zirkularrak, "en ningún caso implica, ni lleva implícito, que la actividad policial se dirija al establecimiento de controles de identificación de manera sistemática o rutinaria, ni menos aun que se encamine hacia un colectivo concreto, como pueden serlo el de ciudadanos extranjeros en situación irregular. Es conocido, por lógica, que esta actividad preventiva policial es cambiante, y se elabora, planifica y ejecuta por las Fuerzas y cuerpos de Seguridad en función de las necesidades que se van planteando y previos análisis de inteligencia e información".
Nobedade gisa, aipatzekoa da 2010eko abenduaren 1ean hauteskunde-erroldan izena emateko epea ireki zela Europar Batasuneko, Norvegiako, Txileko, Kolonbiako, Ekuadorreko, Zeelanda Berriko, Paraguaiko eta Peruko herritarrentzat. Botoa eman ahal izatea herritarren oso eskubide garrantzitsua da.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakume atzerritarrei dagokienez, azpimarratzekoa da biktima eta erasotzaile atzerritarren kopuruak oso altua izaten jarraitzen duela.
Garrantzitsua da azpimarratzea egoera irregularrean dauden emakume etorkinek salaketa bat jartzen badute, beren egoera administratibo irregularra agerian uzten dutela Segurtasun Gorputz eta Indarren aurrean.
Genero-indarkeriaren kontrako abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak genero-indarkeriaren biktima diren edo izan diren emakumeei eskubide batzuk bermatzen dizkie, «haien jatorria edo erlijioa zeinahi izanda ere, eta haien egoera edo bestelako ezaugarri pertsonal edo sozialak kontuan hartu gabe» (17. art.).
Etorkinen artean Genero-indarkeriaren Arreta eta Prebentziorako Planak (2009-2012), Berdintasun Ministerioarenak, legearen aurreikuspen hori betetzeko helburua du, besteak beste. Aurten, SOS Racismo erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin elkarlanean, Emakume etorkinak
genero-indarkeriaren aurrean ahalduntzeko gida landu du.
Emakume atzerritarren kasuan, genero-indarkeriak ezaugarri bereziak dauzka; izan ere, egoera zaurgarriagoan daude, eta, ondorioz, konponbide bereziak behar dira. Beharrezkoa da informazio egokia eskuragarri egotea (eta interpretazio zerbitzuak). Horrez gain, kontuan hartu behar da, batetik, gizonarekiko eta beren familiarekiko nahiz hurbileko komunitatearekiko duten menpekotasuna, eta bestetik, komunitate horrek, batzuetan, ez diela babesik ematen. Emakumeen berdintasunari eta segurtasunari buruzko txosten honen atalean azaltzen dugun bezala, beharrezkoa da haien egoeraren ezaugarriei, babesaren ikuspuntuan oinarrituz, arreta egokiarekin heltzea.
Bukatzeko, diskriminazioaren kontrako borrokaren arloan, diskriminazioaren biktimei laguntzeko zerbitzu Sare bat martxan jarri da Berdintasunezko tratua eta Jatorriko Arraza edo Etniaren ondoriozko diskriminaziorik eza sustatzeko Kontseiluak, Berdintasun Ministerioaren barrukoak, beste erakunde batzuekin elkarlanean bultzatuta.
Euskal Herria
Euskal Herrian Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana.
Aurten, nobedaderik garrantzitsuena atzerritarren arreta juridiko sozialerako zerbitzua, HELDU, kendu egin dela da. Erakunde honek ofiziozko espediente bati ekin dio gai horren inguruan, beherago aipatuko dugun bezala. Eusko Jaurlaritzak deribazio sistema berri bat ezartzea aurrez ikusten du. Erakunde berriak aurrez ikusten du atzerritartasunaren txandako abokatu bati bidaltzea, hori Etorkinentzako koordinazio eta Arreta Unitateek (UCAI) eta Biltzen zerbitzuak eskaera aztertu ondoren egingo da. Zerbitzu berriak laguntza espezializatua behar duten zenbait aholkularitza aurrez ikusten ditu.
Eusko Jaurlaritzak doako laguntza juridikoari buruzko Dekretu berri bat landuko duela iragarri du. Dekretua oso-oso garrantzitsua da ofizioko txanda eta txanda espezializatuak arautuko dituelako eta horiek neurri handi batean eragiten dietelako atzerritarrei, adibidez, genero-indarkeria, adingabeena eta atzerritartasunarena.
Aurten, Bilboko Udalak Tokiko Immigrazio Kontseilua eratzea onartu du. Kontseilu hori kontsulta eta parte-hartze organo bat da, immigrazio arloan lan egiten duten elkarte eta erakundeak barne hartzen ditu, baita Udalaren sailak ere.
Iaz aipatu genuen bezala, 2/2009 Lege berriak Autonomia Erkidegoei zenbait funtzio egozten zien; besteak beste, espainiar nazionalitatea emateko espedienteko integrazio soziala egiaztatzeko txostenak prestatzea, beren baimenak berritzeko eskaeretan edo iraupen luzeko egoitzarako eskaeretan adingabeak eskolatuta daudela ziurtatzen duten txostenak, edo egoitza baimentzeko edo baimena berritzeko prozeduretan ordena publikoari eragiteari buruzkoak; baita etorkinak
integratzeko ahalegina ziurtatzeari buruzkoak ere, aldi baterako egoitzarako baimena berritzerakoan beste baldintza batzuen gabezia konpentsatzeko osagarri gisa. 2010ean ez da aurrerapauso garrantzitsurik eman arlo honetan.
Bukatzeko,dibertsitateari dagokionez, Arartekoak honako gomendio orokor bat egin zuen honako gai honi buruz: "Hilerrien zerbitzu publikoak erlijio-sinesmen desberdinetara egokitzea, eta, bereziki, komunitate musulmanera egokitzea".
2010ean ez dugu baloratu zentzu horretan aurrerapenik egon denik, iaz Derioko (Bizkaia) hilerriarekin lotuta aipatutakoa izan ezik.
Elkarteek otoitz egiteko lokalen lizentziak lortzeko zailtasunak helarazi dizkigute. Ekipamendu horiek normalean ez dira plangintza orokorrean aurrez ikusten, eta, ondorioz, baliteke udal baimena ez lortzea.
Lisboako Ituna indarrean sartu zenetik, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideei buruzko Gutunak Europar Batasunaren Itunaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Itunaren balio bera dauka. Gutunak Legearen aurreko berdintasuna ezartzen du (20. art.), baita diskriminaziorik eza (21. art.) eta kultura, erlijio eta hizkuntza dibertsitatea ere (22. art.).
Sinbolo erlijiosoen tratamenduak Europan oso gai polemikoa izaten jarraitzen du. Eztabaida konplexua da eskubide asko daudelako tartean: erlijio-, ideologia- eta iritzi-askatasunerako eskubidea, bizitza pribaturako eskubidea, segurtasunerako eskubidea, mugimendu-askatasunerako eskubidea... eta debekuak gizartean eta horiek erabiltzen dituzten emakumeengan dauzkan ondorio praktikoei buruzko oharrak.
Aurten eztabaida burka eta niqab-a debekatzeari buruzkoa izan da nagusiki. Frantziak 2010ean belo integralaren kontrako Legea onetsi du, eta udal batzuek, Lleida, Bartzelona eta Tarragonako udalek, adibidez, belo integrala debekatzen duten mozioak onartu dituzte.
IV. Jarduera-plana
Atal honetan, Arartekoak atzerritarren eskubideak defendatzeko egin dituen jarduerarik garrantzitsuenak jaso ditugu.
Arartekoa Herri Administrazioetako ordezkariekin bildu da etorkinek dituzten arazoekin lotuta dauzkan kezkak helarazteko, esparru horretan lan egiten duten elkarteekin ere bildu da, eta, horiek ere, etorkinek dauzkaten arazoak eta zailtasunak helarazi dizkie. Aurten, Arartekoa behin baino gehiagotan batzartu da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin eta jaso dituen kexa batzuen edukia helarazi dio, adibidez, prestazio sozialak eskuratzeko baldintzei buruzkoak, eta, bereziki, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko, eta Heldu zerbitzua kendu delako eta martxan jarri den eredu berriagatik. Herriaren Defentsariaren Bulegoarekin ere bildu da, eta etorkinek dauzkaten arazoen berri eman genien:
Arazo horiek ondorengoak dira:
- aurrekari penalak ofizioz baliogabetzearekin lotutakoak;
- Bilboko ertzaintzaren egoitzaren egokitasuna, arreta eskaintzen duten pertsonen eta tramitatzen dituzten espedienteen kopuruari dagokionez;
- Komunitatearen mesederako lanak egiteko zigorrak betetzean dauden atzerapenak;
- irizpide desberdinak daude gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzen artean, sustraitze eskaerarekin lotuta, kanporatzeko ebazpen bat dagoenean;
- egoitza-baimena ematea lortzeko baliabide ekonomikoen eskuragarritasunari buruzko balorazioan baremo ekonomiko argirik ez egotea, ezta irizpide argirik ere, interesdunek, baztertzearen kontra borrokatzeko organoetatik prestazioak jasotzen dituztela-eta, baliabide ekonomikoak dauzkatela egiaztatzen dutenean;
- baimenak berritzea ukatzea behar beste kotizazio daukatela frogatu ezin denean (egun kotizatu faltagatik edo lanaldi murriztuengatik), eta baimena aurreko prestazioen onuradun izateagatik eskuratzen deneko inkongruentzia;
- jatorriko herrialdeko beharrezko dokumentuen inguruko informazioaren garrantzia, agiriak iraungitzea eta beharrezkoak ez diren kostuak jasan behar izatea ekiditeko;
- aparteko arrazoien ondoriozko egoitza-baimena Madrilen ebazteak eragiten dituen eragozpenak;
- seme-alaba batzuei familia bateratzeko baimena ematea eta beste batzuei ez ematearen arazoa, erabiltzen diren iraunkortasun ekonomikoko baremoen ondorioz, ez baita kontuan hartzen familia bereko kideak banantzearen kaltea.
Immigrazioaren arloan lan egiten duten elkarteekin egindako bilerei dagokienez, azpimarratzekoa da etorkinen egoerak txarrera egin duela eta hori kezkagarria dela. Elkarteek immigranteek jasaten dituzten zailtasun eta arazo askoren berri eman ziguten. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren politiken inguruko zalantzak eta ziurgabetasunak, Heldu itxi izana, Lanbide martxan jarri izana, bizikidetza unitateak bira soilik mugatu izana etxebizitza baten prestazio ekonomikoen hartzaile gisa. Diru-laguntzak murriztu izana elkarteetan eragiten ari zen ondorioak ere planteatu zituzten, baita laneko prestakuntza ikastaroetako eta hizkuntza ofizialen ikaskuntzaren mugak ere, ez baitago behar beste toki, eta Gasteizen bereziki, oso itxaron zerrenda luzeak eta prestakuntza hutsuneak daude.
Beste alde batetik, oso kritiko agertu ziren poliziaren jardunarekin eta poliziaren identifikazio-praktikekin, atxiloaldi luzeagoekin, atxiloketetan botatzen dituzten irainekin, konnotazio arrazista eta homofoboak dauzkaten adierazpenekin...
Era berean, kezkaturik agertu ziren etorkinak
auzo eta ikastetxe jakin batzuetan pilatzen ari direlako, kohesio sozialeko ondorioengatik, atzerritarrekiko harremanen gaineko eraginengatik eta gizarte eta laneko sustapena lortzeko dauzkaten aukerengatik.
Horrez gain, elkarteak oso kritiko agertu ziren atzerritarrek kalean bizirauteko egiten dituzten gauzei ematen zaien erantzunengatik, adibidez, CDak eta DVDak eta beste objektu batzuk saltzea, sexu-zerbitzuak trukatzea, etab. jarduera horiek zigorrak jasotzen dituztelako ordena publikoaren ikuspuntutik, etorkin horien zaurgarritasun egoera kontuan hartu gabe.
Talderik zaurgarrienen egoera ere azpimarratu dute, alegia, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, tutoretzagabetutako gazteak, etxerik gabeko atzerritarrak eta espetxeratutakoak edo preso ohiak. Pertsona horiek arreta sozial egokia eskatzen dute, ez ordena publikoko edo zehapen neurriak bakarrik.
Horrez gain, oso kritikoak izan ziren arduradun publikoek eta komunikabideek etorkinei buruz plazaratu dituzten diskurtsoekin, baita epaile batzuen jarrerarekin ere.
Helarazi zituzten arazoen laburpena Arartekoaren web gunean kontsulta daiteke, etorkinen atalean.
Aurten ofiziozko zenbait jarduera izapidetu ditugu atzerritarrei buruz, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak etorkinentzako arreta juridiko-sozialerako zerbitzua, HELDU, desagerrarazi izanari buruz, nazionalitatearen eskaerarekin lotuta eta/edo egoitza baimen iraunkorrarekin lotuta, jatorri sahararreko pertsonei dagokienez, Autonomia Erkidegoen arteko koordinazio beharrei buruz eta adingabe atzerritarrekin lotutako prozeduren zenbait gabeziari buruz.
1. Heldu zerbitzua kendu izana:
Heldu programa 2002an jarri zen martxan. Prestazio hori Immigrazioari buruzko I. Euskal Planean (2003-2005) eta II. Euskal Planean aurrez ikusita zegoen. Heldu programa kendu egin da, baina ez da immigrazio plan berri bat onartu. Arartekoak 2010eko urriaren 1ean ebazpen bat eman zuen. Horren bidez, etorkinei arreta juridiko-soziala eskaintzeko Heldu programa kentzearen inguruan izan dugun esku-hartzea amaitu genuen. Bertan, erabakia egungo testuinguruan aztertu zen, eta, bereziki, EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemarekin lotuta.
Zerbitzuaren hartzaile nagusiak egoitza baimenik ez daukaten eta gure udalerrietakoren batean bizi diren etorkinak
ziren. Baita babesik gabe dauden adingabeak, 18 eta 23 urteko gazte tutoretzagabetuak edo nolabaiteko neurriren bat dutenak eta Eusko Jaurlaritzaren gazteen justiziapean berreziketako zaintzapean daudenak ere; tratu txarren biktima diren emakume etorkinak
eta haien familia unitatea..., oso kolektibo zaurgarriak dira eta hainbat zerbitzu publikoren arreta jasotzen dute (oinarriko gizarte zerbitzuak, adingabeen babeserako zerbitzuak, gazteen arloko justizia, genero-indarkeriaren biktimentzako arreta...).
Egungo Gizarte Zerbitzuen Legeak atzerritarrak ez ditu baztertzen, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioak jasotzetik. Pertsona horiek arreta juridiko espezializatua behar dute beren egoera administratiboa normalizatu ahal izateko, horrek eragina dauka beren eskubideez baliatu ahal izateari dagokionez, eta horrek justifikatu egiten du atzerritarrei soilik arreta eskaintzeko laguntza juridikoko prestazio tekniko bat martxan jartzea. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari adierazi genion, besteak beste, atzerritarrentzako arreta juridikoaren prestazioa, Heldu programa delakoa, bestelako modelo berririk martxan jarri gabe kentzeak ezinegona eragin duela erabiltzaileen artean nahiz etorkinei arreta eskaintzen dieten eragile sozial eta publikoen artean, eta ez zela positiboa. Halaber, beharrezkoa zen arreta maila kaltetzea ekiditea eta nola edo hala indartu behar dira martxan jarri diren behin-behineko neurriak. Horrez gain, aipatzekoa da prestatzen ari den eredu berrian ere prestazio hori mantendu behar dela; izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarrizko helburu horiek erdiestera bideratuta dago, baita zaurgarritasun eta babesgabetasun maila oso altua daukaten pertsonen arretara ere.
Eredu berriaren diseinuarekin lotuta aurrerapausoak eman diren arren, oraindik goizegi da horien irismenaren balorazio bat egiteko. Arartekoak egoera irregularrean dauden etorkinentzako arreta juridikoaren gabezia eta/edo urritasunarekin lotutako kexak jasotzen jarraitzen du; hori dela eta, 2011n eredu berriaren jarraipena egingo dugu.
2. Sahararrek espainiar nazionalitatea eskatzea
Herriaren Defentsariarenera jo dugu Saharako pertsonen egoerarekin lotuta. Pertsona horiek Gasteizko Erregistro Zibilera joan ziren espainiar nazionalitatea eskatzeko. Dirudienez, Gasteizko Erregistro Zibilak presuntzio balio soilarekin espainiar nazionalitatearen adierazpen batzuk onartu zituen lehenago ere. Gero, horien ebazpena atzeratu egin zen eta, azkenean, tramitera ez onartzea erabaki da, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko otsailaren 27ko ebazpenaren ondorioz.
Herriaren Defentsaria nazionalitate espainiarra eskatzen duten sahararren egoerari erantzuteko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea egokia den ala ez erabakitzeko eskumena daukan erakundea da, hori dela eta, Justizia Ministerioak (eta Auzitegiek) gauzatzen dituen eta erakunde honen ustez berdintasunezkoa ez den tratua eragiten duten jarduera batzuen inguruan daukan iritzia agertu du Arartekoak, Mendebaldeko Saharatik etorritako pertsonek nazionalitate espainiarra eskuratzeari dagokionez.
2258/1976 Errege Dekretuak, abuztuaren 10ekoak, sahararrek espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukerari buruzkoak, ez zituen Sahara espainiar lurraldea izan zen ala ez argitu nazionalitate espainiarra lortzera begira, eta ez zuen adierazten hango herritarrak espainiarrak diren ala ez. Araudi hori lurraldearen egoeraren eta sahararren etorkizunaren inguruan ziurgabetasun handia zegoen une gatazkatsu batean xedatu zen. Murriztailea izan zen bere aplikazio esparruagatik eta izan zuen epe laburragatik, eta, ondorioz, Espainian bizi ez ziren sahararrek ezin izan zioten araudiari heldu. Ikuspuntu konstituzionaletik ere, haren baliozkotasuna zalantzan jar daiteke.
Gobernuaren Ordezkariordetza batzuetan, egoitza baimen iraunkorra eman da abenduaren 30eko 2393/2004 Errege Dekretuaren 72.3 d) artikulua aplikatuz. Beste kasu batzuetan, ostera, inskripzio zedula bat eta egoitza baimen bat eman zaie. Kexa espediente batean adierazten denaren arabera, pertsona bati jatorrian espainiarra izateagatik egoitza baimen iraunkorra eman zitzaion eta gero, Gasteizko Erregistro Zibilean, espainiar nazionalitatea lortzea ukatu zioten. Hau da, Barne Ministerioarentzat jatorrian espainiarra izan zen, Justizia Ministerioarentzat, ordea, ez da espainiarra.
Auzitegi gorenak askotariko erantzunak eman ditu, planteatutako eskaeraren arabera, hau da, batzuetan, nazionalitatea ukatu da, beste batzuetan, jaiotzaren ziurtapena eman da, beste batzuetan, nazionalitatea berreskuratzea erabaki da, eta beste batzuetan, aberrigabetasun estatutua ukatu da. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ere askotariko erabakiak xedatu ditu.
Nazionalitatearen aitorpenak presuntzio hutseko balioa izatea bizilekuari dagokion Erregistro Zibileko Arduradunak erabakitzen du (Erregistro Zibilen Legeko 96.2. art. eta Erregistro Zibilaren Erregelamenduko 335. eta 338. art.), eta, ondorioz, saharar askok espedientea onartzen zuten Erregistro Zibiletara jo dute. Deklarazio horien inguruan errekurtsoak aurkeztu dira eta baliogabetzat jo dira (horren adibide da, besteak beste, Kordobako Erregistro Zibila). Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak instrukzio bat xedatu zuen 2007ko martxoaren 28an udal Erregistro Zibilen eskumenei buruz eta espainiar nazionalitatea presuntzio balio soilarekin aitortzearen inguruko gainerako arauei buruz, alegia, ustezko hauetan aplikatzen direnei buruz. Haren justifikazioan azaltzen denaren arabera, "espainiar nazionalitatea presuntzio balio soilarekin aitortzea lortzeari buruz Erregistro Zibil batzuen arduradunek izapidetu dituzten erregistro-espedienteen onespen irregular edo desegokia gauzatzen dutela ikusi da".
Marokok lurraldea okupatu zuen, baina ez zaio erantzun lurralde horretan jaio ziren eta beste nazionalitaterik ez daukaten pertsona horien egoerari, izan ere, ez dira ezta marokoarrak ere, eta nazionalitate sahararra ez da nazioartean baliozkotzat jotzen. 2258/1976 Dekretuaren aurreikuspen eta arauketa urriak eta sahararrak Kode Zibileko 22.1. artikuluan (herrialde iberoamerikarretako, Andorrako, Filipinetako, Ekuatore Gineako eta Portugaleko pertsonen edo sefardien nazionalitateei buruzkoan) jasotakoaren arabera ez aintzatesteak hainbat erantzun desberdin eragiten dituzte. Gure ustez, erantzun horiek urratu egiten dute segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioa, eta, ondorioz, espedientearen helburua herritar horiek espainiar lurraldean jaio ziren ala ez argitzea zen. Horrenbestez, Kode Zibileko 18. artikuluan (naziokotasuna edukitzea) edo 22 2 a) artikuluan (urtebetez bizi izatea) xedatutakoaren arabera eskuratuko litzateke espainiar nazionalitatea, eta horixe gertatzen da, hain zuzen ere, espainiar nazionalitateari buruz emaitza horrekin izapidetu diren espediente batzuetan. Bestela, beharrezkoa izango litzateke beste xedapen batzuk ematea aplikatu beharreko araudia eta, batez ere, aplikazio esparru pertsonala argitzeko. Gure ustez, saharar batzuei nazionalitatea ematen eta ukatzen dieten ebazpenen arteko irizpide aldaketan ez dago desberdintasun objektibo, arrazoizko eta proportzionalik. Gainera, ohiturazko Nazioarteko Zuzenbideak aberrigabezia ekiditea beharrezkoa dela ezartzen du. Horrez gain, gai eztabaidagarria den arren, oro har, aberrigabezia kasuetan, Estatuak herritartasuna ematera behartuta daude. Gai horiei buruzko nazioarteko hitzarmen biak honakoak dira: Aberrigabeen Baldintzen Murrizketari buruzko 1961eko Konbentzioa, eta Nazionalitatearen gaiari buruzko Europako Konbentzioa. Bi itun horiek aberrigabezia ekiditeko arau espezifikoak ezartzen dituzte. Espainiak ez du hitzarmen horietako bat ere sinatu, baina, halere, erakunde honen ustez, ez da aberrigabezia aitortu behar (sahararrek espresuki eskatzen badute izan ezik), eta ez da nazionalitate espainiarra arrazoi horren ondorioz ukatzea justifikatu behar. Nazionalitate espainiarra eskatzen duten sahararrak ez dira aberrigabetzat jotzen, espainiartzat baizik, eta, ondorioz, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko 15. artikulua aplikatu behar da, baita nazioarteko zuzenbidea ere, alegia, Estatuek aberrigabezia egoerak ekiditeko betebeharra dutela ezartzen duena.
Erakunde honen ustez, gai honek eztabaidetatik bereizirik egon behar du, hau da, ez da kontuan hartu behar garai batean sahararrek gainerako espainiarren tratamendu bera izan zuten ala ez, edo Espainiak azkenean bete egin behar izan dituela Nazio Batuen ebazpenak, Espainia 1975ean kolonia egitatea onartzera behartu zutenak. Espainia, gaur egun, Zuzenbide Estatu demokratiko bat da, eta, ondorioz, berdintasunaren eta justiziaren baloreak araubide juridikoko goi-balore gisa aplikatzen dira, Espainiako Konstituzioaren 1. artikuluaren arabera.
3. Bakarrik dauden adingabe etorkinak
Arartekoak 2006tik ofiziozko espediente bat irekirik dauka Herriaren Defentsariaren aurrean Autonomia Erkidegoen arteko koordinaziorako zailtasunekin eta dokumentazio eta aberriratze prozesuaren epeei eragiten dieten gai batzuk argitzeko beharrarekin lotuta. Herriaren Defentsariak erantzun digunaren arabera, Atzerritartasun eta Mugen Komisaria Nagusiak jakinarazi dio Bakarrik dauden Adingabe Etorkinen Erregistroan jaso diren datuen fidagarritasuna eta kalitatea aztertzen ari direla, abenduaren 30eko 2393/2004 Errege Dekretuaren 111 artikuluan araututakoaren arabera. Era berean, Bakarrik dauden Adingabe Etorkinen Erregistroari dagokionez, Adextra aplikazioaren azpi-fitxategian atalak aldatu eta berriak sartzeko lan egiten ari dira. Horrez gain, 2010ean Herriaren Defentsariak jakinarazi digu Etorkinen Integraziorako Zuzendaritza Nagusiak informazioa bidali diola bakarrik dauden adingabe etorkinak
aberriratzeko prozedura garatzeko protokoloa prestatzeko lanei buruz.
Horrez gain, aurten ofiziozko beste espediente bat hasi dugu, eta Herriaren Defentsariari helarazi diogu, Gipuzkoako fiskaltzak adingabe etorkinen adina zehaztean jarraitzen duen prozedurari buruz. Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean gai hau xehetasun gehiagorekin jorratu genuen.
Bukatzeko, Arartekoak etorkinen eta haien eskubideen egoerari erreferentzia egiten dieten konferentzia eta ekitaldietan parte hartu du. Besteak beste, IIOaren "Gizarte politikak, diskriminazioa eta immigrazioa" Europako Konferentzian eta Asanblada Orokorrean parte hartu zuen, baita lehen mailako arretari buruzko XVII. Jardunaldietan ere. Horrez gain, komunikabideetan artikulu bat argitaratu du errefuxiatuaren nazioarteko eguna dela eta.
V. Batasunetik kanpoko etorkinek egoitza- eta lan-baimena lortzeko prozesuan dauzkaten zailtasunekin lotuta jaso ditugun kexak
Kasu horietan, kexak Herriaren Defentsariari bidali dizkiogu, horixe baita Estatuaren Administrazio Orokorraren egoera kontrolatzeko eskumena daukan erakundea. Hala ere, jaso ditugun kexa batzuk aipagarriak dira dela horien kopuruagatik, dela duten garrantziagatik nahiz interesgarritzat jotzen dugun kudeaketa- edo orientazio-lana gauzatu dugulako.
Jaso ditugun kexen artean, aipatzekoak dira Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzarekin lotutakoak. Egoera irregularrean egonik, horren ondorioz kanporatze-zehapena jaso duten eta errekurtso judiziala aurkeztu duten atzerritarren kexak jaso ditugu. Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak kanporatze-zehapena ez du ezeztatu bide judizialean dagoelako, eta, ondorioz, pertsona horiek ezin izan dute sustraitzeagatiko egoitza- eta lan-baimena eskatu. Iazko txostenean, atal honetan, Estatuko Idazkaritzaren eta Immigrazio Arloaren iritzia jaso genuen Herriaren Defentsariak tramitatutako espedientean. Herriaren Defentsariak jakinarazi du espedientea irekita daukala oraindik; izan ere, Gobernuko Ordezkariordetzen artean oraindik ere desadostasunak daudela egiaztatu da berriro ere.
Jaso ditugun beste kexa batzuek diotenaren arabera, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak gazte tutoretzagabetuei egoitza ukatu egiten die laneko kontraturik edo kontratazio-konpromisorik aurkezten ez dutenean. Gazte horiek Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean egon dira eta, Gasteizko Udalaren eskutik, hezkuntza arloko laguntzak eta bestelako laguntzak barne hartzen dituen emantzipatzeko programa batean daude. Exijentzia hori Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan ez da aplikatzen, eta, ondorioz, Ordezkariordetzari azaldu genion jokabide horrek pertsona horiek, hain gazteak izanik (19 urte), administrazio egoera irregularrean egoteagatik desberdintasun eta zaurgarritasun egoeran uzten dituela, eta kontuan hartzekoa dela babes erakunde baten tutoretzapean egon direla eta gizarteratu eta laneratzeko prestakuntza programetan parte hartu dutela eta parte hartzen jarraitzen dutela.
Beste kexa batzuetan, aldiz, gurasoak edo gurasoek, egoitza-baimena izanik, zaintzapeko adingabeen egoitza-baimena eskatzen zuten kasuetan, behar besteko baliabide ekonomikoak ziurtatzeko exijentzia aipatzen zen.
Horrez gain, pertsona batek egindako kontsulta baten arabera, behin baino gehiagotan ukatu diote egoitza-baimena Schengen sistema informatikoan sartzeko debekua markatuta zuela eta. Bere datuak ezeztatzeko eskubideak erabiltzeko, Barne Ministerioaren Estatuko Idazkaritzaren menpeko Sirene España bulegora jo behar zuela jakinarazi genion. Datuen titularrak eskubide horiek kasuan kasuko erakundearen fitxategiko arduradunari idazki bat bidaliz erabili ditzake. Ezeztapen edo zuzentze eskubideak erabiltzea guztiz pertsonala da, eta, ondorioz, datuen titularrak zuzenean jo behar du kasuan kasuko erakundera, bere eskaera bidali eta jaso dela ziurtatzen duen edozein agiri erabili ahalko du, eta horrez gain, pasaportea edo dokumentazio pertsonalaren kopia aurkeztu behar da. Eskariari jaramon egiten ez baldin badiote, Datuak Babesteko Bulegora jo dezake.
Gai horri buruzko beste kexa batean, pertsona batek Arartekoari informazioa eskatu zion Administrazioari polizia nazionalak kanporatze-zehapen bat gauzatu izanagatik erantzukizunak eskatzeko aukerari buruz. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle bat zen eta Gasteizen bizi zen bere familiarekin. Arazoa zen bere familia administrazio egoera erregularrean zegoen arren, berak ez zeukala egoitza-baimenik, eta, ondorioz, araudiak aurrez ikusten duenaren arabera, kanporatze-zehapena jaso dezake. Administrazioaren funtzionamendua arrunta izan zen, hau da, araudia zorrozki aplikatu zen. Hori dela eta, sustraiturik dagoen badago ere eta egoera irregularrean egon arren kanporatu ez diren pertsona asko daudela ulertzen badugu ere, araudiak horixe aurrez ikusten duela jakinarazi genion.
Horrez gain, Arartekoaren ebazpenaren xede izan zen epai bat aipatu nahi dugu: Arartekoaren ebazpena, 2007ko apirilaren 23koa.
Arartekoak arreta deitu zuen sustraitzeagatiko egoitza-baimenaren eskaeretan erabiltzen ari zen txosten sozialeko ereduaren inguruan, izan ere, Gobernuaren Ordezkariordetzak egoitza-baimenaren eskaera ez onartzea eragin zezakeen. Gure ustez, txosten sozialeko eredua ez zetorren bat araudian aipatzen zen edukiarekin, ezta Immigrazioaren Zuzendaritza Nagusiaren instrukzioekin ere, eta, horrez gain, haren edukia ez zetorren bat herritarraren eskaerarekin. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2010eko otsailaren 25eko epaian, errekurtsogileak sustraitzeagatiko egoitza-baimena eskuratzeko eskubidea dauka (Gobernu Ordezkariordetzak ukatu zion), nahiz eta Udalak txosten sozialean ez duen jaso laneko kontratu bat aurkeztetik salbuesten duen gomendioa, eta gomendio ezkutu eta inplizitu bat dagoela uler daitekeela adierazten du.
Foru Aldundiek, adingabe etorkinen tutore gisa, egoitza-baimenaren eskaera aurkeztean atzeratzen direla azaltzen duten kexak jaso ditugu. Gogoratu beharra dago 2/2009 Legeko 35.7 artikuluak adierazten duela ondorio guztietarako erregulartzat joko dela Espainian Herri Administrazio baten tutoretzapean edo, epaitegiaren ebazpen bidez, beste edozein erakunderen tutoretzapean dauden adingabeen egoitza. Horrez gain, tutoretza duen organismoak eskatuta, eta bere familiarekin itzultzea edo jatorriko herrialdera bueltatzea ezinezkoa dela ziurtatuta geratu ondoren, adingabeari egoitza-baimena eman behar zaio, eta horren eraginek atzera egingo dute adingabeen babeserako zerbitzuen zaintzapean jarri den unera arte.
Auzitegiek (eta horren harira, garrantzitsua da aipatzea Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren 2010eko irailaren 24ko epaia) eta adingabeen arloko eta atzerritartasuneko fiskalek (adingabeen arloko eta atzerritartasuneko fiskalen topaketaren ondorioak, Madril, 2010eko apirilaren 20a) interpretatzen dute ez dela bederatzi hilabeteko epea agortu behar egoitza-baimenaren eskaera aurkezteko.
Horrez gain, aurreko araudiaren interpretazioa eta aplikazioari buruzko kexak eta kontsultak jaso ditugu. Azpimarragarria da Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak egoitza-baimena adingabeen babeserako zerbitzuen zaintzapean jarri den unerako eraginekin ematen duela.
Aurten, Arabako Lurralde Historikoan, etorkin adingabeek beren kabuz eskatu dute egoitza-baimena, eta Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak ez zuen eskaera onartu, izan ere, ez zuen barne hartu tutoretza bereganatzeko agindua. 2/2009 Legeko 35.7 artikuluak aurrez ikusten du egoitza-baimena tutoretza daukan organismoak eskatuta eman dadila. Epea igarotzen uzten bada eta eskaera aurkezten ez bada, adingabeak eskaera bere kabuz aurkez dezake, izan ere, Administrazioaren aurrean jarduteko legitimazioa dauka, baita auzibidera jotzeko ere, bere interesak defendatzeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 30. artikulua eta Konstituzio Auzitegiaren 183/2008 eta 184/2008 epaiak, 2008ko abenduaren 22koa). Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak, azkenean ere, egoitza-baimena eman die adingabe atzerritarrei eta aparteko baldintzen ondoriozko egoitza-baimena eman die tutoretzagabetutako adindunei. Kasu guztietan, tutoretza bereganatzearen ziurtagiria aurkeztu behar izan zuten, eta aplikatu behar bazen, erakunde babesleak proposatutako integrazio programetako parte-hartzeari buruzko txostenarekin lotutako gomendioa ere bai. Egoitzatik joan ziren eta adin nagusitasunera iristean erakunde babesle baten zaintzapean ez zeuden gazteek, ordea, ez zuten egoitza-baimena lortu, egonaldiaren ziurtagiria baino ezin izan baitzuen aurkeztu.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren 2010eko txostenean arazo hori aipatzen dugu, lurralde historiko horretan egoera babesgabean dauden haurrekin lotuta jaso ditugun kexei dagokienez. Atal honetan, haien dokumentazio prozesuari soilik eragiten dieten ekintzak aipatu ditugu eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenera jo dugu Arartekoak 2010ean egin dituen esku-hartzeei eta kexei buruzko analisi orokor bat egiteko.
VI. Kolektibo horrekin lotuta izapidetu ditugun kexak
VI.1. Udal errolda lortzeko zailtasunak
Udal errolda lortzea atzerritarrek daukaten eskubide bat da, beren egoera administratiboa irregularra den ala ez kontuan hartu gabe. Aurten kexa bat baino ez dugu jaso. Kexa aurkeztu duen pertsonak pasaportea zeukan, baita Batasuneko biztanle baten senide txartela ere, baina zailtasunak izan zituen erroldan izena emateko. Arazorik garrantzitsuena izan da ez diotela utzi izena ematen bizilekuak ez dituelako bizitzeko egokia izateko baldintzak betetzen, eta aipatzekoa da ere etxebizitzan bizi ez diren eta erroldan inskribatuta dauden pertsonak dauden kasuak, izan ere, kasu horietan beharrezkoa izaten da ofiziozko baja espediente bat hastea eta prozesua luzatu egiten da.
Atzerritarrek udalerriko erroldan izena ematea tramitatzeko dauzkaten arazoak bizileku egokia lortzeko zailtasunekin daude loturik nagusiki.
VI.2. Prestazio sozialak eta zerbitzu publikoak eskuratzeko zailtasunak
VI.2.1. Etxebizitza eskatzen duten pertsonen erregistroan bajan ematea
Elkarte batek gure esku-hartzea eskatu zuen bikote bat Etxebizitza eskatzen duten pertsonen Erregistroan Bajan ematearekin lotuta. Bikoteko kideetako bat etxeko langile gisa lan egiten zuen emakume immigrante bat da. Kexa sustatu duen elkarteak salatzen du bajaren ebazpena, behar beste diru-sarrera ez ziurtatzeagatik xedatu zena, bidegabea dela; izan ere, etxeko langileari ez zitzaion inola ere exijitu bere diru-sarrerak legearen arabera exijitzen diren prozedura-bermeekin ziurtatzeko.
Lehenengo informazio eskaera aurkeztu zuenetik, erakunde erreklamaziogileak aurkeztu zituen argudioak zuzenbidean oinarriturik zeudela ondorioztatu genuen eta horixe azaldu genion Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, alegia, salatutako egintza eta haren oinarriak tratu berdintasunaren printzipioaren kontrakoak izan litezkeela eta zeharkako diskriminazio kasu bat izan litekeela, agian; izan ere, etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonek etxebizitza babestu bat eskuratzeko oztopoak eragiten ditu, eta kontuan hartzekoa baita ogibide horretan lan egiten duten pertsona gehienak emakume etorkinak
direla.
Hainbat gestio eta lankidetza eskaera egin ondoren, aipatutako sailak baja ebazpena berrikustea eta bikotea Etxebizitza eskatzen duten pertsonen Erregistroan etxebizitza babestua eskatzen duen bikote gisa mantentzea erabaki zuten.
VI.2.2. Etorkinei Bizikidetza Independenteko Unitate Ekonomikoa (BIUE) osatzen duten adin nagusiko kide guztiek jatorriko herrialdean dauzkaten ondasunen ziurtagiria aurkezteko exijentzia
Behin baino gehiagotan jaso ditugu arrazoi horrekin lotutako kexak, eta dokumentu ugari aurkeztu ondoren konpondu dira arazoak. Kasu batzuetan, ostera, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa ukatu egin da etorkinak
etxebizitza bat daukala ziurtatzen duen dokumentu bat aurkeztu duelako. Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera jo du exijentzia berri hori nola interpretatu behar den galdetzeko; izan ere, 2009ko urteko txostenean adierazi genuen bezala, baldintza hori berria zen eta Bizkaian bakarrik ari zen aplikatzen.
Betekizun horrek eragiten duen arazoa da pertsona horiek askotariko egoeretan egoten direla eta hori bermeekin ziurtatzea zaila izaten dela. Dauden aukeren artean, aipatzekoak dira pertsona errefuxiatuak edo babes subsidiarioko neurrien xede direnak, edo tutoretzagabetutako gazteen kasuan edo pertsonak denbora luzea daramanean bere herrialdetik kanpo edo harekin ez daukanean inolako loturarik, eta horren ondorioz zailtasun asko dituenean lortzeko.
Herrialde horiek, askotan, ez dute izaten administrazio egitura finko bat, eta, ondorioz, zaila izaten da jaulkitako ziurtagiria gure araudiaren ondorioetarako egokia den ala ez baloratzea. Nolanahi ere, interesdunek, dokumentua baliozkoa izan dadin, dokumentua legezkotu eta itzuli behar izaten dute. Horrek oso kostu altuak eragiten ditu, interesdunek beren gain hartu ezin dituzten kostuak, alegia; eta are larriagoa da baliabide ekonomikorik ez edukitzearen ondorioz baztertuta dauden pertsonen kasuan. Bestalde, exijentzia horrek euskal herritarrei ere eragin beharko lieke, beste herrialde batzuetan ondasunak izan ditzakete eta, eta ez da erraza izaten horien berri izatea (esate baterako, Hendaian eraikinak eskuratzea).
Ondorioz, Administrazioari jakinarazi genion "baldintza hori exijitzeak eragiten dituen zailtasun eta arazo gehigarriak desberdintasun egoerak ekiditeko neurtu beharko liratekeela, baita pertsona horiei zama neurrigabea ekiditeko ere, ez baitu balio baliabide ekonomiko falta ziurtatzeko. Ez da kontuan hartzen Batasunetik kanpoko pertsonen immigrazioa, kasu gehienetan, arrazoi ekonomikoekin lotuta dagoela, alegia, beren jatorriko herrialdeetan lortu ezin dituzten aurrerapenak, soldata hobea edo lan egitea lortzeko aukera bat izan nahi duten pertsonak dira. Azterlanek ez dute islatzen etorkinek beren jatorriko herrialdeetan baliabide ekonomikoak dauzkatenik".
VI.2.3. Bizikidetza unitatea osatzen dela ziurtatzeko exijentzia
Herrialdean bizi ez den gurasoa edo ezkontidearen egoera ziurtatzeko zailtasunekin lotutako kexak jaso ditugu. Eusko Jaurlaritzari adierazi diogu garrantzitsua dela kasuan kasuko egoera desberdinak kontuan hartzea dokumentu bat exijitzeak ez dezan galarazi baldintzak materialki betetzen dituen pertsonak prestazioak lortu ahal izatea.
Aurten, interesdunekin harremanetan jarraitzen ez duten pertsonen (beste gurasoa, ezkontide ohia...) laguntza behar dutela-eta lortzen oso zaila den dokumenturen bat aurkeztu ez izanagatik prestazioak edo bekak tramitera onartu ez zaizkien etorkinen kexen kopurua areagotu egin da. Dokumentu bat exijitzeak baldintzak betetzen dituzten pertsonek prestazioak eskuratzea oztopa dezake, eta, ondorioz, egoera analizatu behar da, baita eskaera baztertzeko arrazoiak ere, zeharkako diskriminazio egoera batean bagaude ere.
VI.2.4. Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta Eskaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ondoriozko prestazioak lortzeko, aldez aurretiko epe batean zehar bizileku erregularra ziurtatzeko exijentzia.
Jaso ditugun zenbait kexatan, pertsona atzerritarrei ukatu egin zaie menpekotasun deklarazioaren eskaera bost urtez administrazio egoera irregularrean egon izanaren baldintza ez dutelako ziurtatu eta, Legearen arabera, baldintza hori derrigorrezkoa delako.
Iaz jaso genuen kexa baten berri eman genuen. Bertan adierazten zenaren arabera, pertsona bati familia barruko zaintzarako prestazio ekonomikoa ukatu zioten. Bost urte baino gutxiagoko ume espainiar bat zeukan ama atzerritar bat zen eta ezin zuen ziurtatu bost urtez administrazio egoera erregularrean egon izana, eta horregatik ukatu zioten prestazioa. Amak nazionalitate espainiarra lortu zuen, baina ez zioten prestazioa eman, bost urtez benetan hemen bizi izan dela ziurtatu zuen arren. Gipuzkoako Foru Aldundiak mantendu egin zuen aldez aurretik 5 urtez administrazio egoera erregularrean egon izana ziurtatzeko exijentzia, eta ez zieten gure oharrei jaramonik egin, ez adingabe nazional bat zela azaltzen zutenei, ez ama ere nazionala zela adierazten zutenei.
VI.3. Diskriminazioa jasatearekin lotutako salaketak
Aurten zenbait kexa jaso ditugu oinarrizko gizarte zerbitzuek jaso duten tratuarekin lotuta, haien ustez, tratu desegokia izan baita. Kasu batean, Orioko Udaleko gizarte langile batek adierazi zuen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzako Osagarriaren prestazioak eskatzeko tramitazioa atzeratu izanaren arrazoia zela ez zuela udalerriz aldatu behar, hobe zela esku-hartze soziala pertsona bizi zen aurreko udalerrian egoten jarraitu izana. Kexa itxi egin zen 2010eko irailean Udalak informazioa helarazi zionean eta prestazioak izapidetzeko asmoa zeukala adierazi zuenean. Urtearen bukaeran gaia berriro ireki behar izan dugu informazioa jaso dugulako eta, azkenean, eskaerak ez zirelako izapidetu. Espedientea berriro ireki dugu eta Udalari berriz eskatu diogu informazioa, presazko izaerarekin, prestazioen eskaeren tramitazio egoerari buruz. Gaia larria dela uste dugu, Arartekoan jasota dauden aurrekariak ikusirik.
Kexa bat bidali dugu Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lokal batean diskriminaziozko esku-hartze batekin lotuta egin duen esku-hartzeari buruz, ez baitu erantzun, eskaera bidali zaion arren.
Horrez gain, Metro Bilbao erakundearen segurtasun langileen ustezko gehiegikeriazko jokabide batekin lotuta. Espedientea prozedura iraungi delako itxi zen arren, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Zuzendaritzari informazio eskaera bat helarazi zion herritarrek segurtasun kameren edukia ikusi ahal izatearekin lotuta, eta Arartekoak Garraioen Zuzendaritzari jakinarazi zion kezkatuta dagoela ez dagoelako kamera horien bitartez eskuratutako informazioa erabiltzeko prozedura argi eta komun bat. Kasu horietan espedientea irekitzen duenak irudiak ikusten dituela erantzun ziguten, baita herritarrak, hala eskatzen badu, bideoak elkarrekin ikus ditzaketela ere.
VII. Kolektibo horri eragiten dioten eta Txosten honen beste kapitulu batzuetan jasotzen diren beste esku-hartze batzuk
Atzerritarrek erakunde honen lan-arlo bat baino gehiagoren inguruko kexak aurkeztu dizkigute. Atal honetan, etorkina izatea baldintza garrantzitsu gisa barne hartzen duten kexa batzuk azpimarratu ditugu.
Zentzu horretan, herrizaingo arloan azaltzen dugu zein izan den Arartekoaren esku-hartzea San Frantziskoko eremuan (Bilbon) jatorri atzerritarreko pertsonak tartean izanik poliziak gauzatu dituen ekintza batzuen inguruan, baita ofiziozko ekintza baten inguruan gauzatu duena ere. Kasu horretan, gaia Herriaren Defentsariari helarazi diogu, izan ere, etorkinen atxiloketak askotan luzatzen direla egiaztatu dugu. Arlo horren txostenean kexa asko jaso dira, urtero bezala, poliziaren ustezko neurrigabekeriei buruz, etorkinekin lotuta, eta poliziaren esku-hartzea baldintza horrekin lotuta dagoela azaldu ohi dute, eta egoera horiek antzeman eta ekiditeko eman ditugun gomendioetan aipatu ditugun prebentzio eta kontroleko mekanismoak ez direla betetzen ari adierazten da. Halaber, San Frantzisko auzoan (Bilbon), polizia nazionalak, udaltzaingoarekin elkarlanean, martxan jarri zuten mekanismo batean atzerritarrak identifikatzeko egintza bati erreferentzia egiten dion kexa bat tramitatzen hasi da.
Etxebizitza arloan kexek etxebizitza bat eskuratzea zaila dela-eta etxebizitza beharrari, beharraren ziurtapenari eta esleipen prozedurari egiten diete erreferentzia. Beste kexa batzuk, ostera, babes publikoko etxebizitzen alokairuari eta Hutsik dauden Etxebizitzen Programako (Bizigune) etxebizitzekin daude loturik.
Osasun arloan ofiziozko esku-hartze bati ekin diogu ospitaleen kostuaren fakturazioaren berri emateko beharrarekin lotuta.
VIII. Ondorioak
Ondoren, arlo honetako gaiak azpimarratu ditugu, zehazki, interesgarriak direlako 2011n jarraipen berezia egitea eskatzen dutenak.
1. 2010ean euskal immigrazio politikari eragiten dioten erabaki garrantzitsuak hartu dira, alegia, HELDU zerbitzua kendu da, eta ez da immigrazioari buruzko euskal plan berri bat onartu. Horrez gain, aurreko urteetan baino kexa gehiago jaso dira prestazioak ukatu eta bertan behera utzi izanari buruz, hala nola, diru-sarrerak bermatzeko errentari edo gizarte-larrialdietarako laguntzei buruz, eta, ez da ahaztu behar laguntza horiek arrisku egoeran edo gizartetik baztertuta dauden pertsonei ematen zaizkiela.
2. Aurten, aurreko urteetan bezala, Arartekoa kezkatzen duten kexa ugari jaso dira Herrizaingo Sailean. Kexa horiek poliziaren jardunari buruzkoak dira, atzerritarrekin daude loturik eta pertsona horiek jaso duten tratua haien jatorriarekin lotzen dute.
3. Azterlan zorrotzetan oinarrituta ez dagoen diskurtso sozial bat zabaldu da herritarren artean, alegia, immigrazioa delinkuentziarekin lotzen da eta zerbitzu publikoak eta prestazioak gehiegikeriaz eta iruzur gisa erabiltzen dutela esan ohi da. Diskurtso hori oso kezkagarria da instituzioek eta Herri Administrazioek immigrazioari eta integrazioari buruz prestatzen dituzten politika publikoei eragin ahal dielako, baita bizikidetzari eta gizarte kohesioari ere.
4. Atzerritarren garapena eta integrazioa zailtzen dituen elementu bat diskriminazioaren kontra borrokatzeko baliabide eraginkorrik ez dagoela da. Atzerritarrek jasaten dituzten diskriminazio eta behar ez bezalako tratuzko egoerak antzeman eta ziurtatzeko zailtasun ugari daude, eta, ondorioz, zigorrik gabe geratzen dira. Europar Batasunak diskriminazioaren kontrako hainbat instrumentu garatu ditu, diskriminazioa desagerraraztea ezinbestekotzat jotzen baitu Europaren garapenerako eta oinarrizko eskubideen gutuna benetan bete dadin. Kontseiluak diskriminazioaren biktimei laguntzeko zerbitzuen sarea martxan jarri du tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzeko.
5. Atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta betebeharrei eta haien gizarteratzeari buruzko legea aplikatzeko arautegia ez da onartu oraindik, ezta Asilo eta Babes Subsidiariorako Legea aplikatzekoa ere. EAEn ez da onetsi Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana ere. Tresna horiek oso garrantzitsuak dira atzerritarrek beren eskubideak erabili ahal izateari eragiten diotelako.
6. EAEn egoera administratibo irregularrean dauden etorkinak
daude. Politika publikoek arreta berbera eskaini behar diete eskubide bat delako eta, horrez gain, integrazio politiketan aplikatzen den printzipio bat da. Hori dela eta, laneko gaitasunarekin eta beharrezkoa den babes sozialarekin lotuta, lanbide nahiz antzeko beste zerbitzu batzuk erabili ahal izateko baldintzak eta bermeak ezarri beharko lirateke. Pertsona horiek duintasunez bizi behar dute gure artean.
Garrantzitsua da gogoratzea –eta erakunde honek askotan gogorarazi duen gai bat da– egoera administratibo irregularrean egon arren, immigranteen ehuneko txiki batek soilik jasotzen duela azkenean benetan gauzatzen den kanporatze-zigorra. Errealitatearen eta immigrazio politiken arteko desdoikuntza hori pertsonen eskubideetan nahiz bizitzan ondorio larriak dituen baldintza bat da. Pertsonei arreta berdintasunez ematea zuzenbide humanitarioaren exijentzia bat da eta neurri egokia da egoera irregularrean dauden atzerritarrek 3 edo 4 urte igaro ondoren egoitza-baimena eskura dezaketela.
7. Politika publikoek atzerritarren behar eta egoeretara egokitu behar dute eta, besteak beste, honako alderdi hauek hartu behar dituzte kontuan: adina, generoa eta pertsona horien zaurgarritasun egoera, adibidez, adingabe edo gazteen kasuan, edo genero-indarkeriaren biktimen kasuan, edo jatorriko herrialdean jazarpena pairatu denean, edo gizakien salerosketaren biktima direnean, etab. Zehapen neurriak aplikatzen badira, behar bezala egokitu behar da giza eskubideak babestu eta errespetatzeko betebeharrekin eta nazioarteko konpromisoekin.