II. Atala. Euskal Herriko administrazio publikoen jarduera ikuskatzea
EAEko herritarren eskubideak babesteko ardura esleitu diote Arartekoari, EAEko herri-administrazioen irregulartasunen, akatsen, gehiegikeriaren eta jardun okerraren aurrean jardun dezan. Horretarako, oinarrizko bi lanabes erabiltzen ditu:
- herritarrek egiten dituzten kexa-espedienteak ebaztea. Kexa jartzeko, aurrez ezarritako bide hauek erabil daitezke: Arartekoaren hiru bulegoetako batera joan, postaz baliatu, edo internetez, Arartekoaren web orriaren bidez (kexa guztien artean, %37,39 jarri dira horrela).
- ofiziozko jardunen bitartez (halakoetan, Arartekoak jarrera proaktiboa hartzen du), ofiziozkoa, jardun administratibo batek funtsezko eskubideren bat kaltetu dezakeela hautematen badugu, eta indarrean dagoen legeria urratu dezakeela iruditzen bazaigu.
2010. urtean 1.859 kexa jaso ditugu, hau da, iaz jasotako kopuruaren antzekoa –zertxobait txikiagoa– eta aurreko urteetakoa baino dezente handiagoa. Orobat, ofiziozko 58 espediente hasi ditugu.
Hurrengo kapituluan jardun guztiak taldekatu ditugu, Arartekoaren bulegoa antolatzeko dauden 16 arloen arabera. Arlo bakoitzean jardunik adierazgarrienak aztertuko ditugu, eta arlo horietako kexa garrantzitsuenetan sakonduko dugu. Era berean, 2009 urtean egon diren lege aldaketak aipatuko ditugu.
Joan den urtean herrizaingo arloak bildu ditu kexa gehienak, eta, jarraian, hezkuntza arloak.
Aurten, berrikuntza moduan, arloko jarduera-plana aipatzen da. Plan horrek proiekzio ezberdina du gaikako arlo batzuetan eta besteetan. Lana planifikatzeko eta homogeneoagoa egiteko tresna berria da, aurten arlo guztietan ezarri duguna. Era berean, arlo bakoitzaren bukaeran, ondorioen atala agertzen da. Horri esker, begiratu azkar batean, 2010. urtean gaikako arlo bakoitzean kontua nola dagoen ikus daiteke.
Merezi du Arartekoaren lan-mekanika aipatzea, bai Estatuko Herriaren Defendatzaileari bidalitako kexei dagokienez, bai onartzen ez diren kexei dagokienez, izan ere, horietan denetan izapide laburtua egiten da, baita bideragarritasunezko eta eskumenezko azterketa ere. Horregatik, bideratzen ez diren kexetan ere dedikazio hori egiazta daiteke. Kasu askotan, horren osagarri, kexagileari aholku ematen zaio jarduteko modurik egokienaz, edo konponbide zehatzak bilatzen dira azaldutako arazo zehatzetarako −hori da Arartekoarentzat garrantzitsuena−, egin daitekeen edo egin nahi den izapidea edozein izanda ere, edo eragindako administrazioari luzatutako gomendioa alde batera utzita. Alegia, administrazio-prozeduraren aurretik, benetako konponbideak lortzea lehenesten dugu eta nolabaiteko bitartekaritza informala egiten dugu. Bitartekotza horrek oso emaitza onak izaten ditu eta kexagileak gogobetetzen ditu.
1. Hizkuntz eskubideak eta kultura
I.?Arloa kopurutan
Arloan guztira 25 kexa-espediente ireki dira 2010. urtean, Arartekoak urtean izapidetzeko onartu dituen espediente guztien %1,91 direnak. Hona hemen haien sailkapena, gaiaren arabera:
− Herritarren hizkuntz eskubideak Justiziako Administrazioarekiko harremanetan 10
− Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 5
− Beste alderdi batzuk 4
− Kultur, industri eta arte ondarearen babesa 3
− Kirol jarduerak 1
− Herritarren eskubideak 1
− Herritarren hizkuntz eskubideak euskal administrazioekiko harremanetan 1
Urtean zehar izapidetutako kexei dagokienez, txosten hau egiten amaitzean egoera hau da:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 24 | 9 | 11 | 7 | 0 | 4 | 4 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 15 | 4 | 11 | 3 | 8 | 0 | 0 |
II.?Jasotako kexak, gizarte eta araugintza testuinguruan
II.1. Herritarrek botere publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubideari dagokionez, jasotako kexarik gehienen sorburua da ez dagoela langile euskaldun nahikorik Justiziaren Administrazioan, osasun zerbitzuetan, udaltzaingoetan eta Ertzaintzan. Gure erakunde honetaraino iritsi diren kasuen analisitik bi ezaugarri ondorioztatzen dira, botere publikoen hiru jarduketa eremu hauek konpartitzen dituztenak. Ezaugarri hauen berri eman nahi genuke, gure ustez ederki azaltzen baitute, beste faktore batzuekin batera, zergatik datzan eremu hauetan herritarren asetasun eza hizkuntz eskubideei dagokienez. Eta gainera, neurri honetan, azaltzen dute une honetara arte martxan jarritako politikek, haien emaitzak ikusita, zergatik ez duten eragotzi arazoa kronikoa izatea:
• Batetik, epaileek, poliziek eta osasun langileek egin behar dituzten lanekin zerikusia duten gizarte eta kultur arrazoiengatik, herritarrekiko harremana definitzerakoan, beste eremu batzuetan baino handiagoa da "botere" paradigmak "zerbitzu" paradigmaren gainetik daukan garrantzi erlatiboa. Jaso ditugun kexek erakusten dute zein neurritan den ezaugarri hori zailtasun erantsia funtzio hauek egiten dituzten langileen elebakartasunerako joera gainditzeko. Batzuetan langile hauek erabiltzaileari jokabide ezkorra izatea edo beren lan profesionala auzitan jarri nahia egozten diote, baldin eta erabiltzaileak langileak ezagutzen ez duen edo ondo ez dakien hizkuntza bat erabili nahi badu, hizkuntza komuna erabiltzeko aukera izanik. Horrek guztiak dakartzan arrisku eta eragozpenen ondorioz, erabiltzaile euskaldunak amore eman ohi du. Halere, euskaldunarentzat gaztelania ez da hizkuntza ezezaguna. Gainera, hizkuntz erregistro formal eta espezializatuetan (harreman mota honetan erabiltzen direnetan adibidez), formazioagatik dela edo ohituragatik dela, gaztelania euskara baino ohikoagoa da. Eremu honetan, beraz, euskararen erabilerak hizkuntz nortasuna azpimarratzea du helburu, komunikatzeko beharrizana edo eraginkortasun arrazoiak bainoago.
• Bestalde, herritarrek honelako zerbitzuetara jotzen dutenean oinarrizko arazoei erantzuteko egiten dute (bizia, osasuna, askatasuna, segurtasuna). Horregatik, eraginkortasunari lehentasuna ematen diote. Horri gehitu behar diogu bi alderdi interes kontrajarriekin aurrez aurre daudenean gaztelaniaz diharduena eragozpen horietatik salbu egongo dela. Horrela ulertuko dugu erabiltzaileak zergatik, kasu askotan, bere hizkuntzan hitz egiteko aukera baztertzen duen, eta zergatik uzten duen euskararen erabilera eskubide eta interes hain larriak jokoan ez daudenerako. Horregatik, Justizia arloan eta Barne arloan, alderdietako batek euskaraz jarduten duen prozeduren kopurua ez da aldatu. Prozedura horietatik asko hizkuntz eskubideen ingurukoak dira hain zuzen ere.
II.2. Azpimarratu behar dugu arrazoi horrengatik Arartekoarengana jo duten pertsonetako batek ere ez duela esan bere hizkuntzan arreta jasotzea modu absolutuan ukatu zaionik, salbu eta Bake Epaitegietan (erregistro zibilen ordezkari gisa jokatzen dutenak) jaiotzak euskaraz inskribatzeko ezintasunari dagokionez. Haien kexen funtsa da, zehazkiago, eskubide hori eskaini zaien baldintzen ondorioz eskubidea teorikoagoa dela praktikoa baino.
Adibidez, erreklamazio egile bati beste herri batera joateko aukera eskaini zitzaion, bere bizilekuari dagokion ospitaletik 50 kilometrora dagoena, behar zuen osasun laguntza euskaraz jaso ahal izateko. Beste herritar batzuek arreta momentuan bertan jasotzeko aukera galdu zuten, itzultzaile edo interpretari batengana jo behar izan zelako edo hura libre egon arte itxaron behar izan zuten denboragatik (edo biengatik). Batzuk kexatu ziren euskaraz zerbitzua emateko gai den norbait agertu arte luzaro itxaron behar izan zutelako. Bilboko Epaitegi Dekanoak, gai honetaz bidali genion erreklamazio bati buruz, esan zuen eskubidea ez dela benetan gauzatzen baldin eta horretarako honelako baldintzak bete behar badira, adibidez, deklarazioa egiteko zenbait ordu itxaron behar izatea, itzultzailea libre egon arte.
II.3. Kulturaren eta kirolen atalean aztertu ditugun kasuetako batzuk, IV. puntuan azaldutako kexetako bigarrenak azaltzen duenez, "nimby" efektuaren (not in my back yard) adibide dira: hau da, komunitate bat (auzoak, bizilagunak) bere inguruetan erabilera sozialeko baliabide bat ipintzearen aurka dagoenean. Aipatutako kasuan erabilera kirola edo aisialdia zen, baina beste batzuetan zerbitzu asistentzialak izaten dira.
Arazoa, beraz, gure ustez ez da bizilagunak aurka egotea, baizik eta administrazioak, instalazioa baimentzen duen legearen babespean, gatazka hau ordena publikoko arazo hutsa dela ulertzea eta ezer ez egitearen ondorioz gatazka gaiztotzen uztea. Erronka arazoari gardentasunez eta modu parte hartzailean aurre egiteko bideak sortzea da. Horrek, dena den, ez dio galarazten administrazioari, oposizioaren arrazoiak aztertu ondoren, baliabideari hasiera batean emandako kokapenaren erabilgarritasun sozialaren aldeko jarrerari tinko eustea, eta beharrezkoa bada bide judizialera jotzea. Gure esperientziak erakusten digu, horrela, herritarrek kasu egiten zaiela sentitzen eta jakiten dutela, eta jarduerak herritarrei ekarri ahal dizkien kalteen irudi faltsua (eta askotan, manipulatua) barnera dezatela galarazten dela. Positiboa da bizikidetza normaltzeko, kasurik gehienetan bizikidetza ez baita zertan kaltetu behar.
II.4. Azkenik, jaso ditugun kexetako batzuek zenbait foru edo udal erabaki auzitan jarri dituzte. Erabaki horiek oso gai ezberdinei buruzkoak ziren (antzerkirako diru-laguntzak, kultur ondarearen kudeaketa, jardueretarako edo bidaietarako plazak zozketatzea, eta abar), baina guztiak administrazioak bere funtzioak betetzeko behar dituen ahalmenen ingurukoak ziren.
Erakunde honen esku parte hartzeak bi helburu ditu honelako kasuetan, eta biak izan ditugu kontuan esku hartzerakoan:
• Batetik, zuzenbidearekin bat datorrela egiaztatzea. Hau da, administrazioaren egintza oro legeak ematen eta mugatzen dion boterearen gauzapena bada, erreklamazio egileak aldarrikatzen dituen eskubideak antolamenduak babesten dituen edo ez (eta, horrenbestez, administrazioari eskatzen den eran jarduteko betebeharra sortzen dioten edo ez) erabaki behar da.
Halaxe egin genuen espediente batean. Espedientearen sustatzaileek, kontsulta gisa, erakunde honi galdetu zioten Zumarragako Udalak hartutako erabaki bat zuzenbidearekin bat datorren edo ez. Erabakia interpretazioko eta bisitariak hartzeko zentro baten proiektu bati buruzkoa da, kultur eta paisai balio berezia dituen eremu batean. Haien ustez, udalaren erabakiak aukeratu zuen esku hartze eredua oso ezberdina zen hartara deitu zen ideia-lehiaketaren epaian azaldu zenetik, parte hartze prozesu luze baten bidez lortutako adostasunaren adierazpen izan zena. Egiaztatu genuenez, prozesu horren bidez, ingurumeneko, sozioekonomiako eta kultur ondarearen babeseko gogoetak azaltzeko bidea eman zen, aukera bakoitzaren alde edo kontra egiteko. Horren guztiaren inguruan adostasuna lortu zen, baina behin betiko proiektuaren inguruan berriro ere ezadostasunak azaleratu ziren.
Adostasun horien balio politikoa begi bistakoa da, ez bakarrik emaitzaren inguruan ematen den gizarte kohesioari dagokionez, baita ere, oso bereziki, hori lortzeko bide ematen duen parte hartze prozesuaren berezko balioagatik, herritartasunaren kontzeptu heldua eta arduratsua bultzatzen baitu. Zentzu horretan, erakunde ofizialek eta herritarren ekimenek adostasun hori lortzeko egin zuten ahalegina laudatu beharrean geunden. Era berean, adostasuna desagertzea tamalgarria dela esan genuen. Horren erakusgarri da erakunde honetara ekarri den auzia. Halere, udal erabakia legezko gehiengoen bidez hartu zenez gero, egindako kontsultari erantzun genion udaleko osoko bilkurak legeak ematen dizkion ahalmenak erabiliz jardun zuela, jarduketa horiek beste maila batzuetan sor ditzaketen iritziak gorabehera, eremu juridikotik at daudenez gure esku hartzetik at ere daudenak.
• Aurreko irizpidea gorabehera, gure lana jardunbide egokia sustatzea da, herritarrek zerbitzu publikoak berdintasunez erabili ahal izateko. Horretarako, kasua aztertzen dugu eta beharrezkotzat ikusten ditugun zuzenketak gomendatzen edo ekimenak proposatzen ditugu.
Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren aurrean esku hartu genuen, erakunde horrek antolatu zituen udako jardueretan umeak onartzeko irizpideek sortutako kexak direla-eta. Gai honek familia asko kezkatzen ditu, urterik urte beren seme-alabek jarduera hauetan parte hartzeko eskaerak aurkezten dituztelako eta, plaza nahikorik ez dagoelako, beren eskaerak onartzen ez dituztelako.
Familia horiek ez zuten auzitan jarri plazen zozketa garbia zenik, baina Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zioten, berdintasun printzipioa errespetatuz, aurreko urteetan plaza eskatu duten baina eskuratu ez duten umeei lehentasuna emateko, adinekoen bidaiekin egiten den bezala. Azaldu zuten aipatutako sailari hala eskatu ziotenean aldundiak ez zuela zehaztu inguruabar hori kontuan izaten den. Aitzitik, erantzunak aditzera eman zuen sistemak lehenesten zuela zozketa irabazten zuten familiek ume bat baino gehiago bidali ahal izatea, atseden egun batzuk edukitzeko. Erakunde honek ulertu zuen jarduerak umeek gozatzeko direnez gero haien guztien eskubidea dela gailendu behar dena, eta berdintasunez aplikatu behar dela. Irizpide hori kontuan izanik, uste dugu, jarduera horietarako plazak ematean, notario aurrean zozketa egitearen bermeaz gain, aurretik plaza eskatu duten eta zozketa egokitu ez zaien umeek lehentasuna izan behar dutela. Hala azaldu genion foru aldundiari. Erantzun zigun irizpide hori erabiltzea erabaki zuela, eta lanean ari zela hurrengo udatik aurrera aurreko urteetan plaza eskatu bai baina lortu ez zuten pertsonei lehentasuna emateko.
III.?Jarduera-plana
Arartekoaren jarduna arlo honetan arautu duen planaren markoan, antolatutako gizarte zibilarekiko lankidetzari eman diogun garrantzia azpimarratu beharra dago.
Urte osoan bi erakunderekin egin dugun lana nabarmendu nahi dugu, duen zeharkako garrantziagatik:
• EAEko Berdintasun Agenteen Elkargo Profesionala. Batez ere bi gai jorratzeko bildu gara haiekin: emakumeek egiten duten kirola eta emakumeen presentzia herri jaietan.
• Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Haiekin batera aritu gara lanean, herritarrek administrazioekin euskaraz aritzeko dituzten zailtasunen ondorioz jaso dituzten kexak aztertzeko, eta eskubide hori benetan gauzatu ahal izateko sortu behar diren politika aktiboen diagnostiko orokorra egiteko.
IV.?Kexarik aipagarrienak
IV.1. Umeen identifikazioa eskola kiroleko programetan
2009/2010 ikasturterako Bizkaiko Eskola Kiroleko Programako araudian, azaltzen denez, kirolariek izena emateko eskaerarekin batera NANa aurkeztu behar dute, besteak beste. Arartekoak kexa bat jaso zuen 14 urtetik beherakoei arau hori aplikatzeari dagokionez, ez baitute NANa edukitzeko betebeharrik.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak azaldu zigunez, NAN exijitzeko arrazoia da beharrezkoa dela lehiaketetako baldintzak betetzen direla egiaztatzea. Horregatik, ezinbestekoa da parte hartzaileen nortasuna argazkien bidez frogatzea. Hori ez litzateke posible izango adingabekoen familiek horretarako proposatu zituzten beste dokumentu batzuen bidez egitea (adibidez jaiotza ziurtagiriaren bidez). Bestalde, eskolako fitxetan behar bezala jaso behar dira zenbait datu. Adibidez, adingabekoa zein udalerritan bizi den, klubaren udalerriko biztanle kopuruaren arabera eskatzen diren betekizunetako batzuekin zerikusia duelako horrek.
Erantzun hau aztertu ondoren, Arartekoak 2010eko martxoaren 23ko ebazpena eman zuen. Aldundiari jakinarazi genion 14 urtetik gorakoentzat NANa nahitaezkoa ez izatea bateragarria izan daitekeela aipatutako foru araudiarekin, baldin eta pertsona beste bitarteko batzuk erabiliz ezin bada identifikatu bakarrik eskatzen bada. Bitarteko horiek zeintzuk diren ezin dugu jakin aldez aurretik, baina adingabeko askok beste agiri batzuk edukitzen dituzte, adibidez, ikastetxeko txartela, garraiokoa, kirol patronatukoa eta abar. Halaxe interpretatu da jurisprudentzian, hain zuzen ere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko 1/1992 Lege Organikoaren terminoetan nortasuna frogatzeari dagokionez. NANan ageri diren beste datu batzuei dagokienez, adibidez bizilekua, esan behar dugu beste bitarteko batzuetan frogatzen dela, modu eguneratuagoan, adibidez, errolda agiriaren bidez.
Iradokizun honetaz egin duen balorazioan, foru aldundiak adierazi du NANaren bidezko identifikazioa ez zela eskatzen Bizkaiko eskola kiroleko programetan parte hartzeko, baizik eta E ligetan, errendimendukoak edota murriztuak direlako. Liga hauetan lehiakortasuna handiagoa da eskola kiroleko gainerako programetan baino, eta lehiaketa ezarritako printzipioekin bat etorriz egiten dela bermatu behar da. Nolanahi ere, kexa sorrarazi zuen kasu zehatzari dagokionez, foru aldundiak adingabearen parte hartzea onartu zuen behin-behinean eta NANa izapidetu ahal izateko epea luzatu zion.
IV.2. Bilboko parkean saskibaloiko saskiak kentzea, epailearen aginduz
Bilboko Doña Casilda Parkeko saskibaloiko jokalekuen kontura ere kexak egin ziren Arartekoan. Espazio hau asko erabiltzen dute herritarrek, ez bakarrik kirola egiteko, baita aisialdirako espazio familiar gisa. Jokaleku hauen berezitasuna da jatorri etniko oso ezberdinetako pertsonek beren topalekua eratu zutela hemen, kirolaren inguruan.
Kirola egitea, ordea, bateragarria izan behar da inguruko etxebizitzetan bizi diren pertsonen eskubideekin, bai ordutegiei dagokienez, bai sortzen diren zaratei dagokienez. Bizilagunek horiek, hain zuzen ere, bide judizialera jo zuten, udalak jokalekuak beste leku batera eraman zitzan. Epaitegiak udalari agindu zion saskiak ken zitzala, inork erabili ezin izateko, instalazio horiek Ingurumena Babesteko Udal Ordenantzak, baimendutakoa baino zarata gehiago egiten ez dutela bermatzeko neurriak hartzen ziren bitartean. Bizilagunek epaia errekurritu zuten Justiziako Auzitegi Nagusiaren aurrean, jokalekuak lekuz aldatzeko eskatzen.
Beraz, kasu hau auzitegietan dagoenez, erakunde honek ezin du sakoneko eztabaidan parte hartu. Hala eta guztiz ere, erabaki genuen kexa honen ondorioz Arartekoak jarraipen bat egin beharko lukeela, epaileak ezarritako kautelazko neurriak betetzeko udalak nola jokatzen zuen jakiteko. Izan ere, jokamolde horren arabera aseko ziren kontuan hartu beharreko interesak: inguruko bizilagunenak, pairatzen zituzten eragozpenak neurri horiei esker galarazi behar baitziren, instalazioak lekuz aldatzeko eskaeraren inguruan emango zen ebazpena gorabehera. Erabiltzaileek, berriz, aldi batez ezin izango zuten jokalekua erabili. Neurri horiek hartzeak kendutako saskiak berriro jartzea ekarriko luke, Auzitegi Nagusiak sakoneko auziaz ebazpena eman arte.
Hala jakinarazi genion Bilboko Udalari. Bertako Lan, Gazteria eta Kirol Arloak plan bat aurkeztu zuen, zenbait neurrirekin. Neurri horietako batzuk oholak, zoruak eta sareak egiteko material berriei buruzkoak eta enpresa independente batek zarata neurtzeari buruzkoak ziren. Beste neurri batzuk baimendutako ordutegitik kanpo instalazioak erabiltzea galarazteko eta materiala egoera txarrean egotearen ondorioz sortzen ziren zaratak ekiditeko mantenimendu egokia egiteko ziren.
Erakunde honek erantzun zuen proposatutako neurriak zentzuzkoak iruditzen zitzaizkiola. Bizilagunak, ordea, neurrien aurka zeuden. Epaitegiak auto bat eman zuen, plana onesteko, eta saskiak behin-behinean berriro jartzeko baimena eman zuen. Horrela, material berriekin instalazioen erabilera eta udal ordenantzek zaratari eta ingurumenari buruz xedatutakoa bateragarriak ziren ikusi nahi zuen. Txosten hau amaitzeko egunean auziaz behin betiko iritzia eman gabe zeuden auzitegiak, baina Arartekoak balorazio positiboa egin zuen udalak prozesuan zehar erakutsi zuen borondateari buruz, batetik bizilagunen eskubideak eta bestetik espazioa mantentzea bateragarri egin nahi izan dituelako, ulertzen baitu leku hori baliagarria dela kirola egiteko, balio soziala izateko eta kultura ezberdinen arteko topaleku izateko.
V.?Ondorioak
V.1. Arlo honetan izapidetu diren kexetako gehienak, aurten ere, herritarrek administrazioarekin bi hizkuntza ofizialetako batean harremana izateko eskubidea gauzatzeko dituzten eragozpenei izan dira. Arazo hau betidanik gertatu den hiru eremuetan izan da aurten ere nabarien: Justiziaren Administrazioan, Barne Arloan eta Osasunean.
Administrazioak gertatutakoa azaltzeko eman dizkigun erantzunak ere ez dira askorik aldatu: oraindik ere azaltzen digute eskubide hau modu mailakatuan aplikatu behar dela. Horregatik, eskubide hau gauzatzea, praktikan, langile elebidunak egotearen mende dago, eta beti ez daude langile elebidunak. Planteamendua zentzuzkoa izan liteke, baldin eta "modu mailakatuan aplikatzea" ez bada gauzak denboran zehar berez aldatuko direla pentsatzea. Gauzak aldatzeko, esku hartu behar da, esku hartze horrek ematen den zerbitzua praktikan hobetzen duen ebaluatu behar da, eta hala ez bada zuzendu egin behar da. Hogeita hamar urtez bi hizkuntzak ofizialak izan ondoren botere publikoek ez badute lortu eskubide hori jarduketa eremu guztietan bermatzea, gutxienez denbora horrek aldaketa galarazten duten oztopoak identifikatzeko balio behar izan du. Oztopo horiek, hain zuzen ere, langileak euskalduntzeko bitarteko material eta ekonomikoekin bakarrik dute zerikusia. Gainera, aurrerapena erreala izan dadin maila guztietan behar den borondatea ere hor dago, arduradun politikoekin hasita, baina zerbitzu publikoetako langileak eta herritarrak ahaztu gabe. Batez ere aipatu ditugun hiru eremuetan, zeintzuetan, emaitzak ikusita, oztopoak gainditzea bereziki zaila izango den:
V.2. Arartekoak arlo honetan egin behar duen lanaren helburua, berez, ez da euskararen erabilera areagotzea herritarren eta botere publikoen arteko harremanetan. Aitzitik, hizkuntza bataren edo bestearen aldeko aukera ahal den neurrian librea izatea lortu behar da. Horrek esan nahi du hizkuntza horietako bat aukeratzeagatik ezin dela sortu kostu edo eragozpen handiegirik. Kostu eta eragozpen horiek handiegiak noiz diren baloratzeko, maximalismoak alboratu behar dira eta kasuz kasu aztertu, eskubide hori zein une eta tokitan gauzatu nahi den kontuan izanik. Baina beharrezkoa da batzuetan ahazten omen den faktore bat aintzat hartzea: herritarrentzat euskal administrazioekiko harremanetan euskara erabiltzeak dakarren kostua ezin da baloratu, ondorio hauetarako, botere publikoek itzulpen edo interpretaritza zerbitzuak eskaintzen dizkieten beste hizkuntzak bezala. Izan ere, azken horien kasuan interpretaritza zerbitzua erabiltzailearen gabezia bat konpentsatzeko da, hau da, bi hizkuntza ofizialak ez jakitea. Euskarazko interpretazioa eta itzulpengintza zerbitzuak, ordea, ez dira erabiltzailearen gabezia konpentsatzeko, administrazioarena baizik, administrazioan lan egiten duten pertsonen hizkuntz gabeziek herritarrek administrazioan bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aritzeko duten eskubidea gauzatzeko aukerak baldintzatzen dituztenean. Horregatik, beharrezkoa izango litzateke zerbitzu jakin bat eman behar duen funtzionarioak hizkuntza horietako bat ez badaki nolabait konpentsatzea, zerbitzu eta txanda bakoitzean langile elebidun kopuru nahikoa jarriz. Hori ezinezkoa den artean, plan bat egin beharko litzateke, zerbitzua hobetzeko ebaluatu ahal diren helburuak finkatuz, batez ere gabezia gehien dituzten eremuetan.
V.3. Jaso ditugun kexetako askok erakusten dute, paradoxa ematen badu ere, administrazio zerbitzuak informatizatzeak administrazioarekiko harremana euskaraz izan nahi duten pertsonentzat sortzen dituen arazoak. Jardueretan izena ematerakoan, ordainketak egiterakoan edo prestazioak eskatzerakoan, herritarrek aurkeztu behar dituzten idazkiak, eskuz egiten direnean, euskaraz izapidetzea erraza da: txantiloiak eta galdetegiak bi hizkuntzetan egitearekin eta administrariek euskaraz jakitearekin (eta euskaraz ez badakite, itzulpengintza zerbitzu arina edukitzearekin) nahikoa da. Baina gaur egun kasu askotan eskabideak aplikazio informatikoen bidez aurkeztu eta izapidetu behar dira, zerbitzua arinagoa eta gardenagoa izan dadin. Arazoa sortzen da aplikazio horien euskarazko bertsioa erabilgarri ez dagoenean, behar bezala funtzionatzen ez duenean, edo hutsuneak edo okerrak dauzkanean; horrelakoak gertatzen direnean, erabiltzaileek gaztelaniazkora jotzen dute. Kasurik larrienetan, Justizia arloan azaldu dugunez, disfuntzioa haratago doa: legeak aitortzen dituen eskubideak, adibidez seme-alabak erregistro zibilean euskaraz inskribatzea, gauzatzea galarazten da.
Arazoaz jabetu eta aurrea hartu behar zaio. Izan ere, askotan eskubide hau gauzatzea ez du legeak oztopatzen, baizik eta administrazioak lege hori betetzen dela bermatzeko eduki behar dituen tresnak, txantiloiak eta aplikazio informatikoak ez egokitzeak. Informatizazioa ezinbesteko baliabidea da lan hori errazteko eta zentzuzkoa da pentsatzea hori abian jartzeko denbora behar dela, baina ezin dugu ahaztu txantiloi eta aplikazio horiek eskuratzea erabat helburu instrumentala dela; benetako helburua herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzea da. Beraz, ez da zilegi tresna hori, herritarrei zerbitzu hobea ematea bermatu beharrean, herritarren eskubideak gauzatzerakoan eragozpena izatea.
2. Hezkuntza
I.?Arloa kopurutan
2010ean 122 kexa jaso dira hezkuntza arloan. Alegia, erakundeak urte osoan zehar tramitatu dituen kexen %9,30.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 85
− UPV/EHU 18
− Tokiko administrazioa 9
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako gai hauei buruzkoak izan dira:
− Bekak eta bestelako laguntzak 21
− Haur hezkuntza 17
− Ikasleen onarpena 15
− Unibertsitateko irakaskuntza 13
− Beste alderdi batzuk 10
− Hezkuntza-premia bereziak 9
− Eskola-jantokia 6
− Eskubideak eta betebeharrak 6
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 5
− Lanbide heziketa 5
− Hezkuntzako plangintza/programazioa 3
− Ikastetxeak – antolaketa 3
− Irakaskuntza artistikoak 3
− Ikastetxeak – instalazioak 2
− Derrigorrezko bigarren hezkuntza 1
− Eskola-garraioa 1
− Hizkuntzen irakaskuntza 1
− Ikastetxeak – itunak 1
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen tramitazio prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da 2010ean jaso diren kexa guztiak, 2009an tramitatzeke geratu zirenak baino gehiago izanik, txosten hau idatzi den unean ondorengo egoera honetan daudela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 112 | 35 | 67 | 8 | 59 | 10 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 36 | 2 | 31 | 8 | 23 | 3 |
Datu horiek ikusirik, erakundearen jarduera osoarekin alderatuta, hezkuntza arloaren garrantzi erlatiboa areagotzen ari dela esan daiteke. Aurkeztu diren kexen kopuruak nabarmen egin du gora, bereziki, ondorengo azpi-arlo hauen kasuan: ikasleen onarpena, haur hezkuntza eta bekak eta bestelako laguntzak. Berriro ere, aurkeztu diren kexa gehienak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lotutakoak izan dira. Hori dela eta, eta batzuetan gertakizun puntualak egoten diren arren (atzerapenak informazioaren bidalketan, etab.), Saileko arduradunek erakundeari kexa giza aztertzen ditugun gaiak behar bezala tramitatzeko eskaintzen duten laguntza azpimarratu nahiko genuke.
II. Jarduera-plana
2010-2014 aldirako programaren xedeetako bat Haur eta Nerabeentzako Bulegoa eratzea da. Hori dela eta, ekintza plan bat lantzea egokia ote den baloratu dugu eta, funtsean, Bulego horretarako prestatu denari gehitu zaio. Horrenbestez, beharrezkoak ez diren errepikapenak ekiditeko, Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Bulegoak landu duen txosten espezifikoa irakurtzea gomendatzen dugu, izan ere, txosten horretan xehetasunekin azaltzen dira 2010ean gauzatu diren eta hezkuntzaren arloarekin lotutako alderdiak barne hartzen dituzten jarduerarik garrantzitsuenak. Horien guztien artean, azpimarratzekoak dira lehenago egin diren ezohiko txostenen jarraipenak, dagoeneko ohikoak direnak, esate baterako, EAEko hezkuntza-premia berezien erantzuna, ikastetxeetako bizikidetza eta gatazkak eta adingabeei baloreak transmititzea. Bukatzeko, arrisku egoera berezietan dauden adingabeei buruz txosten berezi bat prestatzeko gauzatzen ari diren lanak ere azpimarratzekoak dira.
III. Kexarik aipagarrienak
III.1. Hezkuntzako plangintza edo programazioa
2010ean hezkuntzako plangintzaren arloa bereziki gatazkatsua izan da. Kasualitatez –eta hori azpimarratzekoa da, izan ere, hezkuntzako programazioaren inguruan hartu diren erabakiekiko desadostasunak dira eta Erkidegoko beste eremu batzuetara ere inolako arazorik gabe lekualda daitezkeela esan genezake–, mahaigaineratu diren kexa guztiak Gipuzkoako lurralde historikoari dagozkio, baina hezkuntza maila edo etapa desberdinei buruzkoak izan dira.
Larraul eta Zubieta herrien kasuan, erakunde honen esku-hartzea eskatu duten pertsonek eskatzen zutena zen hezkuntzaren arloko Administrazioak hezkuntza arloko eskaintza ez zezala mugatu haur hezkuntzaren etapara soilik, edo bestela esanda, herri horietan bizi diren neska-mutilak lehen hezkuntzako ikasketak hurbileko beste herri batzuetan egitera behartuta ez egotea eskatzen zuten. Hartara, eskola txikiak delako ereduaren alde agertzen ziren.
Beasain eta Hernanin erakunde honetara jo duten pertsonek, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatu duen planteamenduaren inguruko desadostasuna agertzen zuten, zehazki, ikastetxeak bateratu eta bigarren hezkuntzako hezkuntza eskaintza osoa bateratzea proposatu du.
Gailentzekoa da kexa horiek guztiak tramitatzeko xeheki aztertu behar izan dugula 21/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.
Dekretu horrek unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarearen antolamendua eta planifikazioa administrazioko hainbat erakundetara bidaltzen du ikastetxeen egoerak eta ibilbideak benetako premien arabera diseinatu, doitu, egokitu eta moldatzeko. Dekretu horretan antolamendu eta plangintza lan hori guztia zuzendu eta gidatu behar duen oinarrizko printzipio bat azpimarratzen da, alegia, hezkuntza-eragile guztien parte-hartzea, plangintza demokratikoa eta herritarren hezkuntza-premiei begira egokia izango dena mamitzeko. Gogoan izan behar dugu Konstituzioan xedatzen denaren arabera herritarren parte-hartzearen printzipio demokratikoa gure sistema juridikoaren funtsezko printzipio edo baloreetako bat dela (9.2 artikulua); hartara, printzipio hori hezkuntzaren arlora ere zabaldu da, agindu konstituzional gisa, honakoa ezarri baita: "Botere publikoek hezkuntzarako guztien eskubidea garantizatzen dute, irakaskuntzako programaketa orokor baten bitartez, dagozkien sail guztien egiazko parte hartzeaz eta ikastetxeak sortuz" (EK-ko 27.5 artikulua).
Hain zuzen ere, irizpideei buruzko dekretu horretan, bategitea, integrazioa, atxikipena eta antzeko beste aldaketa edo egokitzapen batzuen eragina jasan dezaketen ikastetxeetarako aurrez ikusten diren entzunaldi tramiteez haraindi (2.4 artikulua), Jarraipenerako lurralde-batzordeak sortzea planteatzen du, eta horiei egozten die Eskola Maparen egungo egoera urtero aztertu eta berrikusteko eginkizuna; bestalde, organo horiek, gure ustez, hezkuntza komunitatea osatzen duten kideen benetako parte-hartzerako balio behar du.
Kasu horietan guztietan, erakunde honen parte-hartzea legebiltzarrean aurrera eraman diren hainbat ekimenekiko (legezkoak ez diren proposamenak) paraleloa izan da eta gai horien inguruko irizpenak eman dituzte. Azpimarratzekoa da Arartekoak ekimen horien ondoriozko legebiltzarraren mandatuei ezin izan diela entzungor egin eta ezin izan dituela saihestu, alegia, mandatu horiek kontuan hartu ditu kasuan kasuko irizpenak emateko.
III.2. Haur hezkuntza
Plangintzarekin lotutako alderdiekin jarraituz, baina haur hezkuntzako lehenengo zikloan eskaintzen diren plazak zehatzago aztertzeko, azpimarratzekoak dira aurten Barakaldon, Bizkaian, bi urteko neska-mutilak eskolatzeko eskaera guztiei erantzuteko egon diren zailtasunak.
Erakunde gisa, gure jardunari heltzean, gogoan izan dugu hezkuntza maila edo etapa horretan dagoen konpromisoa pixkanaka areagotzen ari den eskolatze eskaintza dela bakarrik. Hala eta guztiz ere, gailentzekoa da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak azkar erantzun duela eta plaza gehiago eskaintzeko lan egin duela, baina eraikinen ahalmen fisikoak ezindu du ikasleak onartu ez dituzten ikastetxeetan plaza kopuru gehigarri hori eskaini ahal izatea.
Ahaleginak egin diren arren, gaur egun, zoritxarrez, plaza defizit orokor bat dago (14 plazakoa, gutxi gorabehera), baina haur hezkuntzako bigarren ziklotik aurrerako ikasleak onartzen dituzten bi zentro itundu daude, eta horrek maila horretatik aurrera eskaintza behar bestekoa izatea lortzen laguntzen du, hartara, maila horretatik aurrera ikastetxe plaza bana ziurtatu eta bermatzen da.
2010ean zentro itunduetan ere plaza kopurua ez dela behar bestekoa ikusi da eta, azkenean, aparteko kasu gisa, hasieran aurrez ikusitako ratioak gainditzen utzi zaie. Horixe gertatu da, esate baterako, Gernika-Lumoko HLBHIP San Fidel Ikastolan.
Gai honen harrira, azpimarratzekoa da aintzakotzat hartu behar dela hasierako maila horietan irakaskuntzako plazen eskaintza garrantzitsua dela, kontrakoa dirudien arren, izan ere, 2 urteko neska-mutilek, behin eskolatu ondoren, beren familiek aukeratzen duten ikastetxean geratzea ziurtatuta dute. Hori dela eta, adibidez, familiako eta laneko betebeharrak bateratzea lortu dutela-eta semea edo alaba beranduago eskolatzea erabaki duten gurasoak kezkatuta daude hezkuntza arloko Administrazioak Gasteizko Ikasbidea Ikastolan 2 urteko umeentzako ikasgela martxan jartzea baimendu duelako –ohiko harrera prozesua bukatu ondoren–, izan ere, horrek etorkizunean eskolan sartu ahal izateko aukerak kentzen dizkie beranduago eskolatzen diren neska-mutilei.
Era berean, azpimarratzekoa da beste kasu batzuetan, jasotako kexak hezkuntzaren arloko zerbitzuen antolamenduari buruzkoak izan direla (hezkuntzako ibilbideak, eraginpeko esparruak, etab.), ez baita beti egia izaten hurbilen dagoena dela... Horixe gertatu da aurten, adibidez, Mendoza izeneko herrian, Araban, izan ere, Gasteizko Udalaren barruan dago, baina hala ere, hezkuntzarekin lotutako alderdietarako, Langraiz Okako eremuaren barruan dagoela ulertzen da. Kexa hori tramitatzeko prozesuan, hezkuntzako Administrazioa ulerkor agertu da erreklamazioa egin duen familiak azpimarratzen zituen eragozpenen aurrean, eta, ondorioz, etorkizunean eskola mapa berrikusiko dela espero dugu.
III.3. Hezkuntza-premia bereziak
Hezkuntza-premia bereziei buruzko atal honi dagokionez, kexak jasotzen jarraitzen dugu, eta, ondorioz, komenigarria da zehaztea ikasleek fisioterapia zaintza edo antzeko profesionalen arreta behar dutenean Administrazioak hezkuntza-premia berezi jakin batzuk eskaintzearekin lotuta daukan erantzukizuna noraino iristen den.
Jakina da hezkuntza sisteman arreta berezia "Curriculumera sartzeko egokitzapenak" direlakoen barruan sartzen dela, alegia, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak behar bezala eta normaltasunez eskolatzeko pentsatuta daude, baina ikasleak premia berezi horien ondorioz hezkuntzako curriculumera sartzeko eragozpenak izan ditzakeenerako soilik. Horrenbestez, curriculumera sartzeko hezkuntza-premia horiei behar bezala erantzuten zaiela bermatzeko xedea erdietsi bada, hezkuntza esparrutik kanpo geratzen da ikasle horiek izan ditzaketen bestelako behar batzuei ere erantzuteko arreta. Osasunaren arloko beharrekin, adibidez, horixe geratzen da horien eskaintza errehabilitazioa osasun sistema publikoan tratatua izaten ari den prozesu patologiko batekin zuzenean lotuta egotearen araberakoa denean.
Halere, esan bezala, antza denez, familiek ez daukate beti horren inguruko informazio argi eta zehatzik.
Zoritxarrez, zeinuen hizkuntzako interpreteen beharrarekin lotutako kexak egon dira. Kasu horretan, baliabide hori kexa gisa planteatu diren kasuetan ezinbestekoa da lanbide heziketako prestakuntza zikloetako irakaskuntzara guztiz sartu ahal izatea bermatzeko.
Hezkuntza arloko arduradunen erantzuna positiboa izan da, eta, horri esker, planteatu diren kasuei behar bezala erantzun ahal izan zaie, baina gure ustez, ez da egokia urtero-urtero behar horiek egongo direla jakin eta gutxieneko aurreikuspenik ere ez egotea.
Horrez gain, aipatzekoa da arreta gabezia hiperaktibitatearekin nahastea (AGHN) daukan adingabe baten gurasoek eskatuta gauzatu den ekintza. Kexa aurkeztu zen unean, umea haur hezkuntzan zegoen eskolaturik, Sail honen menpe dagoen ikastetxe batean. Guraso horiek erakunde honetara jo zuten kezkaturik zeudelako hezkuntzako Administrazioa haien alabaren eskolatze-baldintzen inguruan egiten ari zen jarraipenagatik.
Gai honekin lotuta egin den esku-hartzea jasota geratu da Arartekoaren 2010eko azaroaren 4ko ebazpenean. Horren bidez, amaitutzat jotzen da hezkuntza-premia bereziak dituen adingabe bat eskolatzeko prozesuaren jarraipenari buruzko jarduera. Gure ustez, horren antzeko kexek lagungarriak izan behar dute premia bereziak dauzkaten adingabeei emandako hezkuntza erantzunaren jarraipen egokia eta ebaluazio aproposa eta familiekiko lankidetza handiagoa bermatzen dituen hezkuntza zerbitzuen arteko koordinazio handiago bat bultzatzea lortzeko jardunbide egokiak zehazteko ahaleginak areagotzeko.
Bukatzeko, proposamen berri bat aipatu nahiko genuke. Proposamena Euskadiko Haur Goiztiarren Erakundeak (APREVAS) egin du eta, zehazki, behar baino goizago jaio diren neska-mutilen eskolatze erritmoa egokitzeko beharrei buruzkoa da, hau da, eskolatzeko prozesuan kasuan kasuko ernaldia ere kontuan hartu beharko litzatekeela planteatzen du.
III.4. Ikastetxeak
Loiuko Zabaloetxe Goikoa HBIP ikastetxeko guraso-elkarteak (GE) erakunde honen bitartekaritza eskatu du hezkuntzako Administrazioaren isiltasuna ikusirik, izan ere, ikastetxe horren kudeaketarekin lotutako zenbait alderdi argitzeko helburuarekin eskaera bat bidali baitzuten.
Kasu honetan ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, hezkuntza-ikuskapenaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Zuzendaritzari kontrol ekonomiko eta finantzarioko txosten bat egin dezala eskatzeko asmoa duela agertu du.
Bestalde, ohi bezala, Irungo Eguzkitza LHI ikastetxea berritu eta egokitzeko obren egoeraren inguruko interesa agertu dugu.
Hezkuntza Sailak nahiz Irungo Udalak erakunde honi azaldu diote eraikin berri bat eraikitzeko gauzatzen ari diren tramiteak zein diren. Baina, hala eta guztiz ere, obrak behar bezala bukatu bitartean, ez da argitu ikasleak behar bezala eskolatzen ari ote diren.
Garrantzitsua da aipatzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Ertzaintzak gauzatu dituen esku-hartzeen ondorioz agertu dugun kezka dela eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin gauzatu den jarduera.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailarekin jarduera protokolo bat zehaztu behar dela agertu dugu, poliziaren esku-hartze horiek eragina izan dezaketelako ikastetxeen funtzionamenduan eta ikastetxeari bere ikasleekin lotuta egotz dakiokeen erantzukizunean, eragina duelako une horretan ikastetxean ikasketa jardunaldia gauzatzen ari diren ikasleengan (Herrizaingo arloa ere ikusi).
Azkenik, gure ustez, egokia da aipatzea Haurreskolak Partzuergoaren menpeko haur eskolen egutegiari buruz jaso ditugun kexak.
Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua 208 egunekoa da ikasturteko. Egutegia urtero onesten du haur-eskolaren jarraipen batzordeak, eta bertan, familien ordezkari bat egoten da. Eskola-egutegi hori familia guztiei ematen zaie ikasturtearen hasieran, eta, bertan, haur-eskolek umeak zein egunetan hartuko dituzten eta oporraldiak zein izango diren islatzen da.
Egia da haurrentzako arreta zerbitzua hezkuntzako antolamendu eredu batean oinarrituz osatu dela, eta horrexegatik da mugatua zuzeneko arreta eskaintzen den egunen kopurua. Hala ere, familien eskaera hazten joan ahala, etorkizunean egokitzapenak egiten joango dira antolamendu aukerek ahalbidetzen duten neurrian, eta familia askok izaten dituzten bateratze zailtasunei erantzuteko ahaleginak egingo dira.
III.5. Garraioa eta jantokia
Berriro ere, erakunde honetatik zalantzan jarri ditugu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren erabaki batzuk, zehazki, eskola-garraio eta jantoki zerbitzu osagarriak eskuratzeko aukera ukatzen zuten erabakiak ziren, eta erakunde horri gogorarazi diogu eremuen banaketa udalerrien arabera eta, egokia denean, kontzeju edo administrazio batzarren arabera egiten dela, etxalde bakoitzaren xehetasunak kontuan hartu gabe.
Erakunde gisa, badakigu garraio eta jantoki zerbitzuak behar bezala planifikatzeko ezinbestekoa dela irizpide objektibo batzuk kontuan hartzea eta, horiek orokorrean aplikatuz, arbitrariotzat jo daitezkeen tratamenduak ekiditea. Hala ere, familiaren etxebizitza toki jakin batean egotearekin lotutako irizpide formalaren aplikazio automatikoa salbuesteko aukera dagoen galdetu dugu (antza denez, horixe egiten baita dagoeneko osasunaren aroan), hau da, horren ordez, beste irizpide batzuk aplika litezke. Horiek ere irizpide objektiboak izango lirateke, baina inguruko pertsonen eskolatzea errazteko helburua erdiesteko egokiagoak izatea ahalbidetuko lukete, esate baterako, distantzia kilometrikoa kontuan hartuz, eta are gehiago Administrazioak dagoeneko badauzkanean erantzun bat ematea ahalbidetzen duten ibilbideak.
Kasu horretan, Administrazioak ez du jarrera harkorra agertu proposamen horren aurrean, eta lortu nahi dugun helburua ona dela onartzen duen arren, irizpide orokorrak aplikatuz herritarrek prestazio osagarri horiek berdintasunez eskuratu ahal izatea eta pare-pareko egoeretan desberdintasunik ez egotea bermatzen duela adierazi du. Gu, ordea, ez gaude Administrazioak azaldu duen horrekin ados, izan ere, gure proposamenaren helburua ez da, inola ere, irizpide orokor batentzako salbuespena planteatu eta egoera pertsonal bat lehenestea. Guk proposatzen dugun gauza bakarra da tratu bereizia eskaintzea –hori bai–, baina beste irizpide objektibo batzuk kontuan hartuz (distantzia kilometrikoa, hain zuzen), ustezko arbitrariotasunen inguruko susmoak ekiditeko.
Beste alde batetik, eta familia batek planteatu duen kexa baten ondorioz, erakunde hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak mugikortasun murriztua izateagatik gurpil-aulkiak erabili behar dituzten eta autobusa beren kabuz erabili ezin duten ikasleentzako garraio egokituarekin lotutako premiei nola erantzuten dien zehazten saiatzen ari da.
Gai horren inguruan egin dugun jarraipenean, aintzakotzat hartu dugu te-1/2010 Zirkularra, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Kudeaketa ekonomikoko zuzendariarena, haur hezkuntzan (2. zikloa), lehen hezkuntzan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan eskola garraioa erabili ahal izateko irizpide orokorren aplikazioari buruzkoa. Gure ustez, Zirkular horren bidez, Administrazioak hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak barne hartu eta integratzearen alde dagoela dirudi, izan ere, ahal den neurrian, ikasle horiek eskola-garraioko linea antolatuak erabili ahal izatea errazteko ahaleginak egiten ditu. Erakunde honek helburu hori erdietsiko dela espero du. Hala eta guztiz ere, planteamendu hori praktikara nola eramaten den ikusteko jarraipena egiteko asmoa dugu.
Eskola-jantokiei dagokienez, azpimarratzekoa da Eusko Legebiltzarrak ekimen bat izapidetu duela, eta horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eskatzen diola osasunarekin, erlijioarekin eta bestelako arrazoi batzuekin lotuta azalera daitezkeen egoera desberdinei erantzuteko eskola-menu zabal bat eskaintzeko.
Hori dela eta, eskatutakoa egingo dutela uste dugu eta horixe jakinarazi diegu kexak aurkeztu dituzten familiei, hau da, menu bereizi edo egokituen eskaerei erantzuteko eta kontuan hartzeko ez direla zailtasun bereziak egongo. Are gehiago, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak 2010-2011 ikasturtetik aurrera zuzenean kudeatzen diren ikastetxeetako jantokien funtzionamenduaren inguruko jarraibideak jasotzen dituen zirkularraren bidez egiaztatu ahal izan dugu dagoeneko ohikoa dela kasuan kasuko ikastetxearen ordezkaritza-organo gorenak aldez aurretik onesten dituen menu bereiziak lantzea (adibidez, txerririk ez haragirik ez dieta delakoa), baita elikagaiei alergia izatearen ondorioz menu edo dieta bereziak lantzea ere, etab. mediku ofizial espezialistak gomendatzen duenean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere zerbitzuak eskaintzeko kontratatutako enpresen eta haien menpeko langileriaren artean dagoen –eta aurreko urteetan ere aipatu den– laneko gatazkaren ondoriozko kexak jasotzen jarraitu dugu, baina, dirudienez, gatazka horren irtenbidea bideraturik omen dago.
Halaber, beste kexa hauek aipatu egingo ditugu soilik: zerbitzuaren eta bere laguntzen erregimenaren zenbatekoarekiko desadostasunekin lotutakoak, baita erabiltzailetzat hartua izateko baldintzekin eta eskuragarri dauden plazen kopurua baino eskaera gehiago dagoenerako lehentasunak zehazteko irizpideekin lotutakoak. Lehenago ere aipatu dugun Legebiltzarreko ekimenak zerbitzu horren kudeaketari buruzko azterketa proposamen orokor bat ere barne hartzen du.
III.6. Bekak eta laguntzak
Batzuetan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak desadostasuna agertu du bekak eta bestelako laguntzekin lotutako gaietan erakunde honek izan duen esku-hartzeagatik, tramitatutako kexekin bat datozen baliabide administratiboak ebazteke daudenean.
Hala ere, azpimarratzekoa da jarduera horiek eraginkorrak direla ikusi dela, izan ere, akats posibleak zuzentzea ahalbidetzen du, horren adibide da, esaterako, insteresdun batekin gertatu dena, zehazki, haren nortasun agiri nazionala bere nazionalitate espainiarra frogatzeko nahikoa zela ulertu behar zen (1.2 artikulua 1553/2005 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, nortasun agiri nazionalaren eta haren sinadura elektronikoko ziurtagirien jaulkipena arautzen duena).
Nolanahi ere, atal honetan aurkezten dira baldintza ekonomikoak eta/edo akademikoak ez betetzeagatik laguntza ez emateko ebazpenekiko desadostasunaren ondoriozko kexak. Kexa horiek, ukapena zalantzan jarri beharrean, emaitzaren ondoriozko kexa bat helarazten dute, beren interesen kontrako emaitza izan delako, hain zuzen, eta justizia irizpideei ematen diete garrantzia, ez legezkotasunari berari.
III.7. Bizikidetza
Zoritxarrez, aurten ere ikastetxeetako bizikidetza gatazkak hainbat kexaren iturri izan dira.
Gure esku-hartzeetan, landutako jarduera protokoloen aplikazio normalizatua, etab. egiaztatu ahal izan ditugu. Hala eta guztiz ere, jarrera "burokratikoetara" jotzea ekiditeko egokitasuna azpimarratu nahi dugu, baita, aitzitik, etorkizuneko jardueretan hobekuntzak lortzeko jardunbide egokien bilaketa eta ezarpena ere, eta, aldi berean, familiekiko lankidetza eta adostasuna estutzen saiatzeko funtsezkotzat hartzen dugu.
III.8. Unibertsitateko irakaskuntza
Aurten zenbait kexa jaso ditugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitateko Masterrera sartzeko baldintzekin lotuta.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) jakinarazi digunaren arabera, masterra eskaini den lehenengo ikasturte honetan, EHUn ez da beharrezko gaitasunak menperatzen direla egiaztatzeko probarik prestatu eta masterrera sartzeko ezinbesteko baldintza izan da aurrez ikusitako titulazioetarikoren bat edukitzea.
Hala eta guztiz ere, datozen ikasturteetan Unibertsitateak ez duela ziurtapen proba horiek antolatzeko inolako eragozpenik izango uste dugu, eta horrela, titulatu guztiek Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitateko Master horretara sartzeko aukera berberak izango dituzte. Are gehiago, jaso ditugun kexak ikusirik, gure asmoa da EHUren aurrean gai honen inguruko jarraipena egitea.
Horrez gain, 2010ean Unibertsitateak esperientzia ikasgeletara sartzeko adinarekin lotutako baldintza ezartzeaz gain, lan egoera aktiboan ez egoteko baldintza ezartzeko arrazoiak zein diren jakin nahi izan dugu.
Horri dagokionez, Ikasketen Antolamendurako errektoreordeak adierazi digu Esperientziaren Ikasgelak eratu eta martxan jartzeko proposamenak, 1999an landu zenak, Unibertsitateak eskaintzen dituen kultura eta prestakuntza jardueren hutsune bat betetzeko helburua zeukala. Erretiraturik egoteagatik edo bizitza osoa beren familia zaintzen igaro duten emakumeak izateagatik denbora libre asko duten pertsonei goi-mailako hezkuntza helaraztea zen ikastaroaren xedea. Azken finean, lanean ez dauden eta denbora guztia libre duten eta, beren esperientziaren ekarpena eginez, eskoletara erregulartasunez joateko, hainbat urteko programa bat burutzeko eta, beren interes intelektuala kontuan hartuz, bizitzan zehar ikasten jarraitzeko prest dauden adineko pertsonen behar sozial bati erantzutera bideratuta dagoen eredu bat da.
Hartara, esperientzia ikasgela horiek nola eratu nahi izan diren azaltzeaz gain, lan egoera aktiboan ez egoteko baldintza ezartzeko arrazoiak azaltzen dituen argudio bat eskaini du, prestakuntza jarduera hori presentziala baita.
IV. Ondorioak
Erakundearen jarduera osoarekin alderatuta, hezkuntza arloaren garrantzi erlatiboa areagotzen ari dela esan daiteke. Batzuetan arreta gehiago eskatzen duten alderdi jakin batzuei buruz jaso ditugun kexak nabarmen areagotu dira, eta horixe azpimarratzen saiatuko gara ondorengo lerroetan.
Arloaren jarduera-diseinuari heltzean, aintzakotzat hartu da Haur eta Nerabeentzako Bulegoa eratu dela eta, horrenbestez, arloaren ikuspegi osoa eduki nahi izanez gero, komenigarria da Bulegoak egin duen txosten espezifikoa irakurtzea, lehenagoko txosten berezien jarraipenari buruz adierazitakoa batik bat (EAEko hezkuntza-premia berezien inguruko erantzuna, ikastetxeetako bizikidetza eta gatazkak eta adingabeei baloreak transmititzea), baita arrisku egoera berezietan dauden adingabeez laster egingo den txosten berezi bat prestatzeko lanei buruz azaldutakoa ere.
Azalpen hori eman ondoren, 2010ean hezkuntzaren arloan gauzatu diren jarduerei buruz mintzatzeari helduko diogu berriz. Horien emaitza gisa, Arartekoaren erakunde honek hezkuntzaren Administrazioa hezkuntzaren arloko eragile guztiek herritarren benetako hezkuntza-premietarako egokia den plangintza demokratikoan parte hartzea ziurtatzen saiatzeko konpromiso berezia bere gain hartzera animatu nahi du.
Horri dagokionez, gure ustez, garrantzitsua da Jarraipenerako lurralde-batzordeen lanaren alde lan egitea. 21/2009 Dekretuak, otsailaren 3koak, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituenak batzorde horien esku uzten du eskola maparen egoera urtero berrikusteko lana.
Plangintza eta programazio lan hori bereziki beharrezkoa da 0tik 2 urtera bitarteko lehenengo tartean, eta gailentzekoa da toki erakundeak ere oso garrantzitsuak direla tarte horretan. Gure ustez, lehenengo tarte horretan 2 urtetik beherako neska-mutilentzako behar besteko hezkuntza eskaintza ziurtatu behar da, beren familiek aukeratzen dituzten ikastetxeetan eskolatzeko prozesuaren jarraitutasuna normala izatea ahalbidetzeko. Hori dela eta, erne egoten jarraituko dugu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari haurren eskola maparen diagnostiko osatua egiteko eta 0-2 tartean toki erakundeekin adostutako plan orokor bat lantzeko eskatzen dion ekimen parlamentarioari dagokionez.
Hezkuntza Administrazioak eskola mapa etengabe berrikusteko lan horrek eskaintzen duen aukera ere aintzakotzat hartu behar du zerbitzu osagarriak etengabe egokitzeko, esate baterako, eskola-garraioa.
Hezkuntza-premia berezien erantzunaren arloan, erakunde honen ustez, hezkuntzako zerbitzuen artean koordinazio handiagoa lortzera bideratutako jardunbide onak ezartzeko lan egiten jarraitu behar da. Koordinazio handiagoa lortuz gero, zalantzarik gabe, hobekuntzak lortuko dira hezkuntza-premia bereziak dauzkaten adingabeei ematen zaien erantzunaren jarraipen eta ebaluazioan, eta, horrez gain, gehiago egingo da lan haien familiekin batera.
Modu puntualagoan, beharrezkoa da hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak behar bezala aurreikustea; adibidez, zeinuen hizkuntzako interpreteekin lotutako beharrei dagokienez.
Era berean, hezkuntza Administrazioak mugikortasun murriztua izateagatik gurpil-aulkiak erabili behar dituzten ikasleak integratzeko praktika bultzatu behar du, eta horrez gain, ikasle horiek, ahal den neurrian, eskola-garraioko linea antolatuak erabiltzea ahalbidetzeko lan egin behar du. Jardunbide on horrek arrakasta izango duela espero dugu eta jarraipen on bat egiten ahaleginduko gara.
Bestalde, ikastetxeak berritu eta egokitzeko obrei heltzen zaienean, Arartekoak berriz esan nahi du berrikuntza lanak egiten diren bitartean ikasleei ahalik eta eskolatze baldintzarik onenak eskaintzeko modua bilatu behar dela.
Gure ustez, garrantzitsua da azpimarratzea, proposamen gisa, haur eskolen egungo egutegia luzatzeko aukera analizatu eta baloratzea komeni dela familien bateratze-premiei erantzuten saiatzeko.
Bestalde, berriz esan behar dugu komenigarria dela Herrizaingo Sailarekin batera jarduera protokolo bat zehaztea unibertsitatetik kanpoko irakaskuntza zentroetan Ertzaintzak esku hartzea beharrezkotzat jotzen denerako.
Zerbitzu osagarriei dagokienez, eta eskola-garraioaren kasuan batik bat, gure ustez, hezkuntza Administrazioak ez du baztertu behar zerbitzua lortzea ahalbidetzen duten irizpideen aplikazio malguago bat, baina ez arbitrarioa, egiten saiatzeko aukera, horren bidez ikasleei arreta hobea eskaintzea lor baldin badaiteke, baina, jakina, eskola maparen berrikuspenaren bidez zerbitzuaren antolamendu aukerak hobetzen saiatzeko ahaleginei kalterik egin gabe.
Jantoki-zerbitzua hobetzeko lanean jarraitu behar da. Horretarako, beharrezkoa da egungo baldintzen analisia abiapuntutzat hartzea, eta, besteak beste, menuen dibertsitate handiagoa lortzeko ahaleginak egin behar dira, bereziki, osasuna eta/edo erlijioarekin lotutako arrazoiengatik.
Beste alde batetik, azpimarratzekoa da beken eta ikasketarako laguntzen inguruko kexen tramitazioa kudeaketa akats posibleak konpontzeko aukera gisa ikusi behar dela, eta horregatik ez dela baztertu behar horien premiazko tramitazioa.
Unibertsitate arloan, titulatu guztiek Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterrera sartzeko aukera berberak izateak kezkatzen gaitu. EHUn alderdi horren jarraipena egiteko asmoa dugu.
Bukatzeko, atal hau amaitu baino lehen nahi eta nahi ez aipatu behar dugu, berriro ere, Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Bulegoak egin duen txosten espezifikoa, batik bat hezkuntza-premia berezien erantzunarekin, ikastetxeetako bizikidetza eta gatazkekin eta adingabeei baloreak transmititzearekin lotutako alderdiei dagokienez. Eta horrez gain, esan beharra dago ikastetxeetako bizikidetzarekin lotutako gaiei heltzen zaienean burokratizazioa saihestu behar dela eta jardunbide onen ezarpenean sakondu behar dela, eta, horren harira, azpimarratzekoa da familiekin batera gehiago lan egitea ezinbestekoa dela.
3. Ogasuna
I. Arloa kopurutan
Aurten, Ogasunaren arloan 90 kexa jaso ditugu guztira, alegia, erakunde honek urte osoan zehar tramitatu dituen kexen %6,86. Kexa horiek honako administrazio hauei buruzkoak izan dira:
− Tokiko administrazioa 47
− Foru administrazioa 24
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 5
− UPV/EHU 2
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako gai edo azpi‑arlo hauei buruzkoak izan dira:
− Udal zergak 27
− Foru zergak 19
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 18
− Tasak 13
− Prezio publikoak 10
− Beste alderdi batzuk 3
Arlo honetako kexen informazio estatistikoa, ekitaldia itxi den unean, honakoa da.
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 78 | 33 | 39 | 7 | 23 | 9 | 6 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 57 | 23 | 27 | 5 | 20 | 2 | 7 |
Arlo horretako jarduera estatistikoki baloratzerakoan, kontuan hartu behar da 2010ean aurreko urteetan aurkeztu den kexa kopuru aipagarria tramitatzen bukatu dela. Horri dagokionez, azpimarratzekoa da batzuetan gure lanaren eraginkortasuna baldintzatuta egoten dela kasuan kasuko administrazioen lankidetzan atzerapenak egoten direlako.
II. Lege-berrikuntzak
Zergen arloko araudia oso arlo dinamikoa da, alegia, urtero egokitzapenak eta aldaketak barne hartzen ditu eta horrek eragin zuzena izaten du kasuan kasuko indarraldian igortzen diren zergen, tasen eta zerga berezien likidazioan. Araudiak foru mailan nahiz tokiko esparruan eguneratzen dira.
Foru araudian egon diren aldaketei dagokienez, azpimarratzekoa da Arabako Lurralde Historikoan 14/2009 Foru Araua, abenduaren 17koa, 2010eko aurrekontua gauzatzeari buruzkoa, onetsi zela. Bizkaian, berriz, 3/2009 Foru Araua, abenduaren 23koa, Bizkaiko Lurralde Historikoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, onartu zen, eta Gipuzkoan 4/2009 Foru Araua, abenduaren 23koa, Zenbait zergatan aldaketa jakin batzuk sartzen dituena.
Azken Lurralde Historiko horren kasuan, azpimarratzekoa da 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera baliogabeturik geratu zela Ondarearen gaineko Zerga arautzen duen Foru Araua.
Azkenik, aipatzekoa da 2010eko uztailaren 1ean indarrean sartu zela BEZaren aldaketa. 26/2009 Legeak, abenduaren 23koak, Estatuaren 2010erako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak araudi berriak eskuratu edo eskainitako ondasun edo zerbitzuaren beharraren garrantziaren arabera aplikatzen diren 3 BEZ tasak mantentzea onetsi zuen. Erreforma horren ondoren, tasa orokorra %16koa izatetik %18koa izatera igaro da, tasa murriztua puntu bat igo da, alegia, %7tik %8ra, eta super‑murriztua aldaketarik gabe mantentzen da, hau da, %4koa izaten jarraitzen du.
III. Jarduera-plana
Arlo honetan gauzatu ohi dugun jarduera herritarrek bidaltzen dizkiguten banakako kexak aztertzean datza batik bat.
Edozein kasutan ere, aipatzekoa da 2010aren hasieran hiru lurralde historikoetan indarrean sartu zela ezgaitasunen ondorioz Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ) ordaintzetik salbuetsirik egotea xedatzen duen aldaketa. Foru arau berriak salbuespenaren esparrua modu murriztaileagoan zedarritzen zuen. Araudiaren aldaketa horren ondorioz, bilera bat egin genuen Autonomia Erkidegoan lan egiten duten pertsona ezgaituen elkarterik garrantzitsuenekin, eta bilera hartan, aldaketa horren irismena eta ondorioak aztertu genituen.
Azken urteotan zerbitzuak udalerriaren gunetik haratago zerbitzuak eskaintzearen ondoriozko tasak pixkanaka kobratzen hasi direla ikusi dugu. Kobrantza hori guztiz zuzena da zerbitzua benetan eskaintzen baldin bada, eta arlo horretan bizi diren herritarrek oso positiboki baloratzen dute. Zerbitzuaren eskaintzaren errealitatea lausotzen denean sortzen da arazoa, alegia, zerbitzua benetan eta egiatan eskaintzen dela eta subjektu pasiboari onurak ekartzen dizkiola esan ezin denean.
Arazo horren ondorioz, erakunde honek gomendio orokor bat eman du. Gomendioa txosten honetan jaso dugu eta haren izenburua honakoa da: Zaborraren tasa kobratzea, nahiz eta Gipuzkoako zenbait udalerritan zerbitzua modu eraginkorrean eman ez.
IV. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan 2010ean gauzatu dugun jarduera jaso dugu. Horretarako, Ogasunaren arloan egin dugun lanaren egitura osatzen duten azpi‑arlo materialen aurkezpen labur bat egingo dugu eta landu ditugun kexa edo alderdirik garrantzitsuenak azpimarratuko ditugu.
IV.1. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Zergen arloko administrazioen erantzuna azkar ez lortzeak etengabe ikusten dugun eta herritarrek beren kexetan aipatzen diguten arazoetako bat izaten jarraitzen du. Batzuetan, ebazpen baten atzerapenak zergen arloko zor bat betearazpidez kobratzeko aldian sartzea eragiten du, zergapekoa aurkeztu duen errekurtsoaren ebazpenaren zain dagoelako.
Era berean, subjektu pasiboaren datuak eguneratuta ez egoteak, baita hark arretaz jardun duenean eta administrazioari jakinarazi dionean ere, ondoren konpontzeko oso zailak diren arazoak eragiten ditu, baita arazoaren jatorria argitzen denean ere, izan ere, zergen arloko prozedurak aurrera jarraitzea eragozteko, interesduna errekurtsoak jartzera behartuta egoten da, baita erreklamatzen zaion zorraren zenbatekoa ordaintzera eta bere datuen berri emateko betebeharra behar bezala bete zuela ziurtatzeko frogagiriak lortzera ere.
IV. 2. Foru zergak
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ)
Zerga hau da, hain zuzen ere, herritarrek erakunde honetan aurkezten dituzten erreklamazio gehienak eragiten dituena. Hala ere, aipatzekoa da azken urteotan herritarrek errentaren arloan helarazten diguten kexen kopuruak behera egin duela pixka bat.
Kexak mota asmotakoak dira eta zergaren aplikazioaren oso alderdi desberdinei buruzkoak. Batzuetan foru ogasunen jarduerei buruzkoak izaten dira, legezkotasun zorrotzaren ikuspuntutik zalantzan jarri ezin ditugun alderdien ingurukoak, hain zuzen, errentari buruzko araudia betetzen dutelako. Hala eta guztiz ere, kexa horiek bi gauzaren adierazgarri dira: batetik, agerian uzten dute herritarrek ez dutela behar beste informazio, eta bestetik, zergaren konplexutasunaren isla dira.
Horri dagokionez, uneoro aintzakotzat hartu behar da foru ogasunek osatu eta bidaltzen dituzten aitorpen‑proposamenak gero eta gehiago diren arren, errenta aitorpenak osatzen dituzten zerbitzuen errekurtsoa badago ere... zerga hori autolikidazio erregimenean likidatzen jarraitzen dela. Hau da, zerbitzu horiek erabili arren, zergapekoa da aitorlea, eta horrenbestez, prozesu horretan egon litezkeen akats edo irregulartasunen ondorioak zergapekoaren kargura dira, uneoro bere kontura jardun izan balu bezala.
Esate baterako, aipatzekoak dira foru ogasunek PFEZaren arloan gauzatu duten jarduera zalantzan jartzen zuten kexetan azaleratu diren alderdi batzuk:
- Zerga ordaintzeko aukeraz baliatzeko aldi murritza.
- Etxebizitza bat, zergapekoaren ohiko etxebizitza ez denean, eskualdatzean lortutako onurak ondare‑irabazi gisa zenbatzea.
- Frantzian lortutako laneko errendimenduen zerga‑ordainketa.
- Zergak helburu erlijiosoetara bideratzearekiko desadostasuna.
- Ohiko etxebizitzan inbertitzearen ondoriozko kenkaria aplikatzeko baldintzak.
- Konpentsazio‑pentsioen ordainketaren ondoriozko murrizketarako baldintzak.
- Ezkontideak banantzen diren kasuetan ondorengoen ondoriozko kenkariaren %50aren aplikazioa guraso biek familia‑zametarako ekarpena egiten dutenean.
Nolanahi ere, gure ustez, gailentzekoak dira zenbait garraiolari‑elkartek bidali dizkiguten kexak. Kexa horietan adierazten zuten ez daudela ados Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailak eta Bizkaikoak PFEZean (926/2010, 928/2010 eta 1276/2010) beren jarduera ekonomikoaren errendimenduak modulukako zenbatespen objektiboaren bidez kalkulatzea erabaki zuten garraio enpresen artean sustatu duten ikuskapen‑kanpainarekin. Enpresa horiek diotenez, zergen arloko araudiak garraiolariei garatzen duten jarduera ekonomikoaren errendimendua zeinu, indize edo moduluen arabera zenbatespen objektiboko araubidea aplikatuz kalkulatzeko aukera ematen die, arauak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztenean. Hala eta guztiz ere, zerga errentaren araubidearen arabera likidatu zuten arren, foru ogasun bi horiek errepide bidez salgaiak garraiatzen dituzten enpresa batzuei likidazio osagarriak bidaltzen ari dira, jardueraren benetako errendimendua modulu bidezko zenbatespen objektiboaren bidez zehaztutakoa baino altuagoa dela egiaztatzen dutenean.
- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)
BEZaren arloko legeria bereziki korapilatsua da. Ezgaitasunak dauzkaten pertsonen ohiko garraiobide izateko ibilgailuak eskuratzeko aplikatzen den BEZ tasa %4koa da. Baina pertsona horiek sarritan ez dakite hori horrela denik, eta, batzuetan, hori horrela dela dakiten arren, ez dakite nola funtzionatzen duen eta, ondorioz, batzuetan, tasa arrunta ordaintzen dute eta ondoren Foru Ogasunari eskatzen diote BEZaren %4ko tasaren murrizketa aplikatzeko.
Arazoa Gipuzkoan planteatu zen. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen eskaera onartu, BEZaren tasa super-murriztuaren aplikazioa erregutu beharrekoa baita eta beharrezkoa baita aldez aurretik Administrazioaren onarpena lortzea (724/2009).
Gure ustez, ezgaitasunen bat daukan pertsona baten ohiko garraiobide gisa erabiltzeko ibilgailu batean BEZaren tasa murriztua aplikatzeko eskubidea aldez aurretik onartzea ez da baldintza substantibotzat hartu behar. Hori dela eta, Foru Ogasun honi aplikatutako irizpidea berrikusteko eskatu genion.
Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia arautzen duen legeriak nahiz BEZaren legeriak ezgaitasunak dauzkaten pertsonentzako onura onartuak aplikatzeko, kasuan kasuko elementua eskuratzen duen pertsonaren eskubideak aldez aurretik onartua izan behar duela ezartzen dute baldintza gisa, modu berdintsuan.
Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziari dagokionez, azken urteotan onuraren onarpena murrizketa aplikatzeko aldez aurretiko baldintzaren aldeko ildo jurisprudentziala finkatu egin dela, baina horrek ez duela murrizketa zerga ordaindu eta ibilgailua matrikulatu ondoren eskatu ahal izatea eragozten azaldu genuen.
Jurisprudentziako joera horren arabera, zergen arloko hobariak aplikatzeko eskubidea izateko erabakigarria da ibilgailua matrikulatzen den unean baldintza substantiboak betetzea (alegia, ezgaitasunaren ziurtapena eta ibilgailuaren xedea). Halaber, interesdunak Zerga Administrazioaren aurrean onarpena eskatzea nahi eta nahi ezkoa dela azpimarratzen da. Baina, hala eta guztiz ere, ez dauka garrantzirik eskaera ibilgailua matrikulatu baino lehen ala ondoren aurkeztu den, baldin eta behar ez bezala ordaindutako zenbatekoa itzultzeko eskubidea iraungi ez bada.
Bere erantzunean, Zeharkako Zergen Kudeaketa Zerbitzuko buruak esan zigun ados zegoela gure argudioekin eta, ondorioz, jaulkitako zergak aplikatzeko ekintzak atzera botako zituztela, ondoren BEZaren murrizketa emango zela, eta, bukatzeko, ordaindutako gehiegizko zenbatekoa itzuliko zitzaiola interesdunari.
IV.3. Tokiko zergak
Udalek nahitaez exijitu behar dituzte honako zerga hauek: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga; bestalde, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga eta Herri edo Hiri Lurren Balio Igoeraren gaineko Zerga ezarri eta exijitzea hautazkoa da, eta hori, tokiko ogasunen arloko legeria eta kasuan kasuko zerga arloko ordenantzak betez egin behar dute. Azpimarratzekoa da gutxi direla aukera horretaz baliatzen ez diren udalerriak.
2010ean tramitatu diren kexetan zerga horiekin lotutako alderdi garrantzitsuak eta formalak ere aztertu dira. Zehazki, familia ugarien kideentzat aurrez ikusitako hobariak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan sortzapena baino lehen aplikatzeko urtero eskatzeko beharra aztertu dugu, baita zergan monumentutzat hartzen diren ondasunen kasurako jasotzen den hobaria erreguzkoa dela ere.
Herri edo Hiri Lurren Balio Igoeraren gaineko Zergaren subjektu pasiboa, etxebizitza baten kostubidezko transmisioaren kasuan, ondasuna transmititzen duen pertsona da. Kontratu bat sinatzean onartutako itun edo konpromisoak horiek sinatzen dituzten aldeentzat soilik dira lotesleak, baina ez administrazioarentzat, hura kontratu‑harreman horretatik kanpo dagoen hirugarren bat baita eta administrazioaren jardunak zergen arloan indarrean dagoen araudiaren araberakoa izan behar du. Hori dela eta, administrazioak zerga arauak zergapeko gisa zergaren subjektu pasibo bezala definitzen duenari igorri behar dio.
Bukatzeko, aipatzekoa da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergak ezgaitasunak dauzkaten pertsonentzat barne hartzen duen salbuespenaren irismenaren murrizketak herritarren aldetik erantzun zabala jaso duela eta erakunde honetan kexa ugari jaso ditugula gai honen inguruan.
Foru aldundiek, ezgaitasunak dauzkaten pertsonen kolektiboak egin dituen eskaerei jarraiki, zerga hori 2011n arautuko duten foru arauetan salbuespenaren irismena zabaltzea proposatu dute, gurpil‑aulkiak erabiltzen dituzten pertsonei ez aplikatzeko ezarritako zerga arloko potentzia muga, orokorrean, 14 zaldi fiskalekoa dena, eta horrela, salbuespenaren onura izan dezaten.
Aipatzekoa da 2010eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen salbuespen horren mugapenaz baliatzea nahi zen kolektiboak, hain zuzen ere, ezin zuela salbuespena lortu, pertsona horien ibilgailuek, normalean, zerga arautzen duten foru arauek ezartzen zuten potentzia fiskala gainditzen dutelako.
IV.4. Tasak
Tasak dira tokiko erakundeek subjektu pasiboei buruzko, horiei eragiten dien edo onurak ekartzen dizkien zerbitzuak eskaintzearen edo derrigorrez jaso beharreko udal jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko diru-sarreren iturria. Halaber, jabari publikoko ondasunen erabilpen pribatiboa edo aprobetxamendu bereziaren ondoriozko kontraprestazioak ere tasa izaera du.
Hori dela eta, tasen bereizgarrietako bat da pertsona administratuentzako borondatez eskatu edo hartzen ez diren zerbitzu edo jarduerei eragiten dietela. Zerbitzua erabiltzaileen eskura jarri ondoren, zerbitzua mantentzen laguntzeko betebeharra sortzen da, baita zerbitzua erabiltzen ez bada ere (adibidez, zaborren tasa ordaintzea higiezin bat hutsik dagoenean). Hori dela eta, oso garrantzitsua da herritarrentzat zerbitzua herritarren esku hartzea eta herritarrei zerbitzua benetan erabili ahal izateko moduan aurkeztea.
Zerbitzua benetan eta eraginkortasunez eskaini den ala ez izan da, aurten ere, kexa kopuru garrantzitsu batean aztertu den gairik garrantzitsuena. Gai horren harira, azpimarratzekoa da Elgetako Udalera helarazitako gomendioa, zabor-bilketa zerbitzua eskaintzen ez den eremuan zabor-tasa kobratzeari buruzkoa.
Era berean, aipatzekoa da Sestaoko Udalera bidalitako gomendioa. Horren bidez, Sestaoko Udalari gomendatzen zaio ofizioz baliogabetu dezala ibilgailuak bide publikotik kentzearen ondoriozko tasa gisa igorritako likidazioa; izan ere, ez da egiaztatu ordainarazpena justifikatzen duen zergapeko egitaterik egon zenik.
Bukatzeko, udalerri batzuetan erroldatuek eta ez-erroldatuek zergen arloko ordenantzetan tratamendu desberdina jasaten dutela ohartarazi zaio erakunde honi, gaia azter dezan. Tratu desberdina ematea ez dator bat berdintasun printzipioarekin, eta, antza denez, ez dago jokabide hori justifikatzen duen arrazoirik: ez-erroldatuek ahalmen ekonomiko altuagoa izatea, tokiko erakundearentzat zerbitzua eskaintzeko kostua areagotzea, etab.
IV.5. Prezio publikoak
Herri administrazioek herritarrei, haiek eskatuta, eskaintzen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko jasotzen duten kontraprestazio ekonomikoak prezio publikoko izaera juridikoa dauka.
2010ean aurkeztu diren kexak prezio publikoak tokiko esparruan kobratzearekin lotutako arazoei buruzkoak izan dira nagusiki. Halere, kexa batzuetan Euskal Eutonomia Erkidegoak, eta bereziki, Euskal Herriko Unibertsitateak prezio publikoak ordainaraztearekin lotutako disfuntzioak aipatzen ziren.
Azpimarratzekoa da ordaindu beharreko tarifaren zenbatekoarekin lotutako kexa kopurua altua dela. Batzuetan, ezarritako zenbatekoa zalantzan jartzen da zuzenean, beste batzuetan, tarifa areagotu izana eragin duten arrazoien azalpena eskatzen da, eta beste batzuetan, adineko pertsonen aldeko udal zerbitzuen eskaintzan prezio publiko sozialak sustatzea komeni dela aldarrikatzen da.
V. Ondorioak
Aurten izapidetu diren kexak arrazoizko epe baten barruan ari direla ebazten esan daiteke. Hala eta guztiz ere, aurten ere aipatu behar dugu administrazio batzuen kolaborazioan atzerapenak egon direla, batzuek ez baitute behar bezala erantzuten eta atzeratu egiten dute herritarren erreklamazioak tramitatzeko aldia.
Zergen arloko araudiaren konplexutasunak sustatzen du pertsonek aitorpenak osatzeko zerbitzuak erabiltzea, araudia ezezaguna zaielako neurri handi edo txiki batean.
Hala ere, zerbitzu horiek erabiltzeak ez du aldatzen zergapekoaren izaera, hau da, hura da aitorlea, eta ondorioz, erantzukizuna ez da zergapekoarengandik zerga benetan likidatu eta aitortu duen organora aldatzen. Horrenbestez, egon litezkeen akats edo irregulartasun posibleen ondorioak zergapekoei dagozkie, horiek beren kabuz jokatu izan balute bezala.
Izapidetutako kexa askotan nabarmendu den beste alderdi bat administrazioaren isiltasuna da. Behin eta berriz ikusten den arazo bat den arren, erakunde honek berriro errepikatu behar du zergapeko guztiek dutela beren errekurtso eta erreklamazioen inguruko berariazko erantzun arrazoitua kasuan kasuko ebazpen‑epearen barruan jasotzeko eskubidea.
Zergen arloko likidazioen eraginak berauek jakinarazten direnetik sartzen dira indarrean, eta, ondorioz, ordainketa epean boluntarioki ordaindu behar dira. Horrek esan nahi du errekurtso bat aurkeztu izanak ez duela, berez, aginduaren eragina eten edo geldiarazten; izan ere, likidazioak edo ordainagiriak ez datozela interesdunen eskubideekin bat frogatu bitartean, ordaindu egin behar dira. Herritarrek ez dakite ordaindu eta errekurtsoa jarri behar dutela, eta ondorioz, norbaiti, zor batekiko errekurtso bat aurkeztu ondoren, eta errekurtsoaren inguruko ebazpenik jaso ez duelarik, betearazpen bidez zorra eta haren interesak, gainordainak eta kostuak erreklamatzen dizkiotenean, erabat harriturik geratzen da. Kasu horietan, errekurtsoaren ebazpenean arduraz jardun ez izana administrazioarentzat soilik da onuragarria, alegia, dagokion epearen barruan ebatzi behar duen arren ebazpena garaiz eman ez duen administrazioarentzat.
Zergen arloko jakinarazpenen esparruko arau orokorra da jakinarazpenak espresuki, pertsonalki eta banan‑banan egin behar direla, baina Tributuen Lege Orokorreko 102.3. artikuluan xedatzen denak printzipio horretarako salbuespen garrantzitsu bat barne hartzen du, ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zergekin lotuta. Kasu horietan, hau da, funtsean tokiko tributazioarekin lotuta dauden kasuetan, udalek errolda, matrikula edo erregistroan altaren lehenengo likidazioa zuzenean eta pertsonalki jakinarazteko betebehar legala daukate soilik; hau da, gainerako likidazioak kolektiboki egin ditzake horri buruzko ediktua argitaratuz. Oro har, aurreikuspen hori ezezagun samarra da, eta horrexegatik ordaintzen dira ezintasunez ordainagiri batzuk betearazpen bidez.
Ordainketak helbideratzea herritarren aukera bat da, eta ondorioz, gure ustez jardunbide on bat da tokiko erakunde batzuek egiten dutena, alegia, ordainagiriak oroigarri gisa bidaltzen dituzte edo zergapekoen egutegiaren inguruko jakinarazpenak bidaltzen dituzte.
Zergen erroldetako datuak eguneraturik ez egoteak, horren arrazoiak udalari berari egotz dakizkiokeenean, ezinegon eta nahasmen egoerak eragiten ditu. Kasu horiek erreklamaziogilearen alde ebatzi ohi diren arren, ebazpen hori iritsi bitartean, interesdunak bere gain hartu behar ditu, konplikazio gehiago izatea ekiditeko, betearazpen bidez exijitzen zaion ordainagiriari dagokion aldian, zergapean dagoen ondasuna eskualdatu zuelako eta behar bezala jakinarazi zuelako, bera jada ez zela zergaren subjektu pasibo frogatzeko gorabeherak, zamak eta gastuak. Gorabehera horiek geroago konpontzea zaila izaten da, ez baita erraza izaten administrazio bidean ondare‑erantzukizunarekin lotutako erreklamazioak aurrera egitea.
Bukatzeko, zalantzan jarri behar dugu zergapetzen duen udalerrian erroldaturik egotean bakarrik oinarrituta dauden tasa eta prezio publikoen ordainketan tarifa desberdinak ezartzearen inguruko orokortzea.
4. Herrizaingoa
I.?Arloa kopurutan
2010ean, Herrizaingoaren arloan 166 kexa jaso ditu Arartekoak, alegia, epe horretan tramitatu diren kexen %12,65. Kexen banaketa, kasuan kasuko herri-administrazioari eta ukitu diren arloei dagokienez, honako hau izan da:
Administrazioak:
− Tokiko administrazioa 115
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 47
− Foru administrazioa 1
Gaika:
− Trafikoa 122
− Herritarren eskubideak 17
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 14
− Herritarren segurtasuna 7
− Atxiloketa-zentroak 3
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 2
− Beste alderdi batzuk 1
Horrez gain, atxiloketa-zentroei buruzko 3 espediente tramitatu ditugu ofizioz.
Txostena itxi den unean, kexen egoera, beren tramitazioari dagokionez, honakoa zen:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Eratorritako ez-onarpena | |
2010ean hasitakoak | 163 | 55 | 98 | 17 | 69 | 12 | 10 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 118 | 6 | 104 | 36 | 68 | 0 | 8 |
2009an baino kexa gehiago jaso ditugu. Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila eta Bilboko Udalari buruzkoak izan dira nagusiki. Horrez gain, Gasteizko Udalari buruz jardun dute neurri garrantzitsu batean, baina kexa gehienak ibilgailuak alokatzen dituen enpresa beraren ingurukoak izan dira, eta Udalak ere beste hainbeste zigor ezarri dizkio trafikoko araudia hausteagatik.
Aipatutako datuek ez dituzte barne hartzen ebatzi ezin izan ditugunak, hau da, Estatuko Herriaren Defendatzailearen eskumen-esparrutik kanpokoak izateagatik edo ukapenerako ustezko legaletakoren baten barrukoak izateagatik gaian esku hartu ezin izan dugunean. Talde honetan planteatu diren gaiak honakoak izan dira, behinik behin: trafikoaren zigor-araubidea, gidabaimena eskuratzea, Nortasun Agiri Nazionala eskatzeko aldez aurretiko hitzordu sistemaren funtzionamendua eta funtzionario polizialen kode deontologikoa.
Era berean, aurreko urteetako 118 kexa-espedientetako esku-hartzea burutu dugu.
II. Araudi mailako testuingurua
Aurten indarrean sartu da 18/2009 Legea, azaroaren 23koa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan aldaketa garrantzitsuak sartu dituena. Aldaketa horietako batzuek, esate baterako, prozedura laburtu berriak, esparru horretan gauzatzen dugun esku-hartzeari ere eragingo diote ziurrenik.
Lege horren garapen gisa, Barne Ministerioaren 3022/2010 Agindua, azaroaren 23koa, Trafikoko Zehapenen Ediktu Ohola arautzen duena onetsi da. Ediktu Ohola formatu digitalekoa da eta Estatuko Trafikoaren Buruzagitza Zentralaren egoitza elektronikoan argitaratzen da. Bide horren bidezko ediktu-jakinarazpenak azaroaren 25etik aurrera ordezkatu egin du udaletako ediktu-oholetan eta kasuan kasuko aldizkari ofizialetan egiten zen jakinarazpena.
Arloarekin lotutako beste arau batzuk onartu dira, baina horiek aipatzea ohar honen xedetik kanpo dago, agiri honen helburua arloko legegintzako nobedade nagusiak aipatzea baita.
III. Jarduera-plana
III.1. Ikuskapen bisitak
Aurten Ertzaintzak Arkauten (Iradier Basea) eta Donostian dauzkan atxiloketa-zentroak bisitatu ditugu, baita Sestaoko Udaltzaingoaren egoitza ere, modu zuzenagoan ezagutzeko gaur egun zentro horietako ziegen egoera zein den eta zein diren atxiloketekin lotutako praktikak. Arkauteren kasuan, gure jarduera, nagusiki, Ertzaintzaren Dibisio Antiterrorista eta Informatibo berriaren menpeko zentrora mugatu zen.
Zentro horietako instalazioak, oro har, egokiak dira beren edukiarentzat, baina aurreko bisitetan ere ikusi diren arazo batzuk daude oraindik. Gainera, Arkauteko zentroak oraindik ez dauka adingabeak zaintzeko egoitza berezirik. Udaltzaingoaren kasuan ere gauza bera gertatzen da. Donostiako zentroak badauka egoitza berezi bat, argi naturalik gabeko gela bat da, pertsona adin nagusiko pertsonentzako gelen ezaugarri berberak dauzka, baina handiagoa da, eta litekeena da gelak pertsona adindunak zaintzeko erabiltzen dituzten egoitzekiko banantze-printzipioak behar bezala ez betetzea (urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoko 17.3 artikulua).
Hiru zentroek bideograbazio sistema bat daukate. Dirudienez, Ertzaintzan sistema 2006ko ohiko txostenean (I. kapitulua, 7.1 idatz-zatia) aztertutako ereduaren araberakoa da funtsean. Donostiako sistema, aldiz, ez dator bat eredu horrekin, izan ere, kamerek ez dute pertsona atxilotuek egin behar duten ibilbide osoa barne hartzen, ezta deklarazioa hartzeko erabili ohi den gela ere. Udaltzaingoaren zentroa ere ez dator guztiz bat urriaren 6ko 81/1999 Gomendioan azaldu genuenarekin. Bertan, gure ustez, mekanismo horrek eraginkorra izateko izan beharko lituzkeen ezaugarriak zehaztu genituen (1999ko txosten arrunta, II. kapitulua, 7.2.A idatz-zatia)).
Arkauteko zentroak ezin izan genituen ikusi ondorengo ebazpen honi dagozkion grabazioak: Arartekoaren ebazpena, 2010eko ekainaren 15ekoa. Horren bidez, bukatu du bere jarduera Ertzaintzak inkomunikazio-erregimenean egondako atxilotuei ustez emandako tratu txarrengatik bideratutako kexan, eta kexa tramitatzen aritu ginenean ere ezin izan genuen grabazioa ikusi, baina beste arrazoi batzuen ondorioz. Gure solaskideek esan zigutenaren arabera, grabazioak suntsitu egin ziren Herrizaingo Sailak instrukzio batean ezartzen duen gutxieneko epea, 3 hilabetekoa dena, igaro bezain laster. Informazio hori ez dator bat pertsona berberek beste batzuetan eman digutenarekin; izan ere, instrukzio bera aplikatuz, grabazioen kopiak denbora-mugarik gabe biltegiratzen direla azaldu baitigute. Are gehiago, iaz Erandioko atxiloketa-zentrora egindako bisitan, 8 hilabete lehenago egin zen atxiloketa inkomunikatu baten grabazioa ikusi genuen, eta kasu horretan ez ziren betetzen instrukzioan gutxieneko epea luzatzeko aurrez ikusten diren baldintzak.
Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu aipatutako kexa tramitatzen aritu ginenean grabazioak ikustea eragotzi izana, alegia, artean suntsitu gabe zeudenean, eta materiala gorde ala suntsitu erabakitzerakoan, polizia arduradunek, aipatutako instrukzioak onartzen dituen interpretazio guztien artean, irudiak ezabatzeko aukera ematen zuena aukeratu izana –gutxieneko epea baino ez duena ezartzen–, ez baitzuten kontuan hartu aipatutako kexa tramitatzen ari ginela, grabazioen edukia ikusteko interesa behin baino gehiagotan eta esplizituki agertu baikenuen, eta, gainera, atxiloketa horien ondoriozko prozedura penalek martxan jarraitzen baitute –horien tramitazioan oinarritu zen, hain zuzen ere, aipatutako sailak kexa tramitatzen ari ginen bitartean material hori eskuratzeko aukera ez emateko hartu zuen erabakia–.
Egin genuen bisitan jakinarazi zigutenaren arabera, grabazioak ez zitzaizkion ezta auzitegiari ere helarazi, eta auzitegia atxilotu batzuek ustezko tratu txarrengatik jarri zituzten salaketak tramitatzen ari zen. Dirudienez, salaketak aurkeztu zituztenerako iraganda zegoen grabazioak gordetzeko gutxieneko epea, 3 hilabetekoa, alegia, eta grabatutako materiala suntsitua izan zen. Hori ere kezkagarria iruditzen zaigu.
Gure ustez, kasu honetan, kontuan hartuz aipatutako epaitegiak eta erakunde honek ezin izan dituztela grabazioak ikusi aipatutako instrukzioaren xedapenen interpretazio murriztaileagatik, urtero-urtero egiten dugun gomendioak zentzu osoa hartzen du, hau da, grabatutako materiala grabatutako ekintzen ondoriozko erantzukizun administratibo eta penal posibleen gehienezko preskripzio epean zehar gorde dadila bermatzen duen eta giza eskubideak bermatzen dituzten erakundeen esku-hartzea (Arartekoarena, adibidez) kontuan hartzen duen epe bat ezar dadila gomendatzen dugu. Beharrezkoa da, gainera, grabatutako materiala aipatutako esparruetan esku-hartzea burutu bitartean gordetzea bermatzea. Ez baldin bada horrela egiten, mekanismoak ez du balioko haren eraketa eragin zuen helburua betetzeko.
Ertzaintzaren bi zentroek oraindik ez daukate adingabeentzako atxiloketa-erregistroko liburu berezi bat (uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuko 3.5 artikulua). Udaltzaingoaren zentroak, ordea, badauka.
Arkauteko zentrora bisita egitera joan ginen arte, Ertzaintzaren Dibisio Antiterrorista eta Informatiboak 2010ean egindako atxiloketa guztiak atxiloketa inkomunikatuak izan ziren, baina Herrizaingo Sailak geroago esan zigun dibisio horrek geroago egin zituen beste atxiloketa batzuetan ez zuela inkomunikazioa aplikatu. Horietako biren erregistroak eta dokumentazioa berrikusi genituen –eta gure solaskideek esan zigutenaren arabera, une hartan, bi horien grabazioak baino ez zeuden gordeta–. Oro har, gauzatutako jarduerak ongi dokumentatuta zeuden. Hala eta guztiz ere, zuzendu beharko liratekeen disfuntzio batzuk antzeman genituen. Esate baterako, erregistro desberdinak ez zetozen bat orduei eta gauzatutako ekintzei dagokienez jasota zegoenean. Era berean, atxilotutako pertsonekin egindako jarduera batzuei dagokienez, ez zen jasota utzi zein aretotan gauzatu ziren, ezta jarduera horietan esku hartu zuten agente guztiak nor ziren ere, eta eginbide jakin batzuk orokorrean soilik islatu ziren, alegia, kasu bakoitzean zein eginbide gauzatu zen zehaztu gabe. Grabazioak ikusi genituenean ere inkongruenteak ziruditen ekintza batzuk ikusi genituen; are gehiago, ez zetozen bat ezarritako irizpide orokorrekin, adibidez, deklarazio-aretoan janaria ematea, grabazio kamerak dauden tokian, eta eskubideen berri emateko eginbidea elikagaiak emateko den aretoan gauzatzea, hau da, kamerarik ez dagoen toki batean. Era berean, atxilotutako pertsonak geletatik eguneroko otorduetarako atera ziren orduak eta egoera hori eman zen aldien kopurua ez zetorren bat elikaduraren inguruko ohiko jarraibideekin. Eman zizkiguten azalpenek, ordea, ez zuten justifikatzen zergatik jardun zen horrela.
Aipatutako egiaztapenen ondorioz, Herrizaingo Sailera jo genuen, disfuntzio horiek ekiditeko neurriak har ditzan.
Ertzaintzaren bi zentroetan kontsultatu genituen eskubideen informazioari buruzko aktetan oraindik ere ez da islatzen atxilotutako pertsonari egozten zaizkion ekintzen berri eman zaion ala ez (Prozedura Kriminalaren Legeko 520. art.).
Sestaoko Udaltzaingoaren erregistroak ere kontsultatu genituen. Atxiloketaren liburuak betetzerakoan egindako akats batzuk antzeman genituen, eta haien edukian hutsune batzuk ere ikusi genituen. Hori dela eta, hobekuntzak proposatu ditugu eta udaltzaingo horri lan horretan arreta gehiago jar dezala eskatu diogu. Udaltzaingoaren egoitzan gorputz-erregistoa egiten duten agenteak ez direla atxiloketa egin duten agenteak izaten jakinarazi ziguten arren, atxiloketetan ez zela irizpide hori aplikatu egiaztatu genuen, eta, ondorioz, alderdi hori azpimarratu behar izan dugu. Era berean, udaltzaingo horri gogorarazi behar izan diogu beharrezkoa dela erregistroa nola egin den jasota uztea, baita erregistroa modu batean edo bestean gauzatu izanaren arrazoiak jasota utzi behar direla ere; izan ere, alderdi horiek ez daude dokumentaturik.
III.2. Txosten berezien jarraipena
III.2.1. Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak (1991)
Atxiloketa-zentroetara egindako bisitak ere txosten honen jarraipen funtzioarekin daude lotuta. Hori dela eta, puntu honen inguruan egiten dugun balorazioa aurreko III.1 epigrafean jaso duguna da.
III.2.2. Bilboko San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako eskuhartzea (1998ko Txosten arrunta, I.1 kapitulua, 1.6. idatz-zatia)
Txosten horretan polizia esparrurako jaso diren gomendio espezifikoak arlo horretan jasotzen ditugun kexak aztertzeko parametroetako bat dira, hori dela eta, zeharkako bide horren bitartez, horien jarraipena egin dezakegu.
Alderdi honen inguruko interesa agertu dugunean polizia arduradunek eman dizkiguten erantzunak ikusirik, gomendio horiek ez direla osotasunean betetzen uste dugu, baita, askotan, horien alderdietako batzuk martxan jartzeko beharrezkoak diren instrumentuak ez direla ezta artikulatu ere egin. Egoera hori aurten egiaztatu dugu, adibidez, indarraren erabilpenaren kontrolari buruzko gomendioei, hasieran auzibidean falta gisa kalifikatu diren legezko kontrako ekintza penalen ondoriozko atxiloketei eta lekukoen presentzia onartzeari dagokionez.
III.3. Gomendio orokorren jarraipena
Poliziaren ustezko gehiegikeriei buruz izapidetu ditugun kexek ondorengo gomendio orokorraren jarraipena egiteko aukera eman digute: "Polizia gorputzek agenteek gauza ditzaketen ekintza irregularren aurreko kontrol-instrumentuak ezarri behar dituzte" (2003ko txosten arrunta, VI.2. kapitulua).
Horiek betetzearekin lotuta ikusi ditugun arazoak behin eta berriro agertzen dira. Aurreko urteetan bezala, egiten ari den ikerketaren edukiarekin daude lotuta nagusiki, eta, sarritan, kasuarekin lotutako agenteen bertsioa jasotzera mugatzen jarraitzen du. Era berean, agenteen testigantzan oinarrituz ikerketa baztertzen jarraitzen da, baita poliziaren jardunaren ondorioz auzi penal bat tramitatzen ari denean ere. Azken hori, adibidez, 2010eko ekainaren 15eko ebazpenean aztertu genituen atxiloketa inkomunikatuei buruzko kexan gertatu da, hau da, III.1. epigrafean aipatu dugun kexan.
III.4. Txosten berriak
Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme-sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak egin ditugu . Horren laburpena IV. kapituluan kontsulta daiteke eta testu osoa webgunean dago eskuragarri.
III.5. Ofiziozko jarduerak
Atzerritik etorritako pertsonen atxiloketak, askotan, etorkinak ez diren pertsonen antzeko beste atxiloketa batzuek baino askoz gehiago irauten dute batez beste. Dirudienez, ustezko gehienetan, Polizia Nazionalak pertsona atxilotuaren nortasuna egiaztatzeko hartzen duen denboraren ondorioz gertatzen da hori, eta, horren ondorioz, gaia Arartekoaren aurrean planteatzea erabaki dugu, haren eskumen-esparrukoa baita.
1/1992 Lege Organikoa, otsailaren 21ekoa, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzkoa, aldatzea sustatzeko aukera planteatu diogu, esparru horretan pertsona adingabeei ezarritako zehapen ekonomikoak heziketa eta prebentzio izaerako beste zehapen batzuekin ordezkatzeko aukera azter dezan; izan ere, gai hori ere haren eskumen esparrukoa da, eta kexa batean gauzatu dugun esku-hartzeagatik planteatu zaigu. Erakunde horrek arazoa Barne Ministerioari helarazi dio, eta Barne Ministerioak proposamena baloratzeko konpromisoa hartu du.
IV. Kexarik aipagarrienak
IV.1. Poliziaren ekintza bat ikusten ari ziren emakume biren atxiloketa
Bilbon Udaltzaingoak desobedientzia larriko ustezko delitu baten ondorioz lagun batekin batera atxilotu zuen emakume batek kexa bat aurkeztu zigun; izan ere, bi emakumeak atxilotu zituzten agenteek gehiegikeriaz jokatu zutela uste du. Gertakariak bi emakumeak polizia etorkin baten kasuan gauzatzen ari zen ekintza bat ikustera gelditu zirenean gertatu ziren. Erreklamaziogileak adierazitakoaren arabera, agenteek, emakumea han zegoela ikusi zutenean, joateko agindu zioten. Orduan, emakumeek erantzun zieten bide publikoan egoteko eta agenteen esku-hartzea ikusteko eskubidea zutela. Orduan, agenteek nortasun agiriak eskatu zizkieten eta atxiloketa bat oztopatzen ari zirela esan zieten. Era berean, agenteei azaldu nahi izan zieten beren egoera zein zen kontuan hartuz –hau da, urrun, isilik eta eskuak poltsikoetan sartuta zeuzkatelarik–, ezin zitzaiela jokabide hori egotzi, eta identifikazio eskaerak ez zeukala justifikaziorik uste zutela, begiratzen baino ez zirelako ari. Agenteek, azkenean, bi emakumeak atxilotu egin zituzten desobedientzia larriagatik eta bilurrak ipini eta poliziaren egoitzara eraman zituzten. Han, gorputz-erregistroa egin zieten, identifikatu egin zituzten eta egokiak ziren oharrak egin zituzten, eta ondoren, ziega banatan sartu zituzten aske utzi zituzten arte.
Interesdunaren arabera, atxiloketaren ondorioz egin zen atestatuan ez zen jaso benetan gertatu zena. Bere hitzetan, ez zuten oztopatu edo eragotzi poliziaren jarduna, dokumentu hartan adierazten den bezala; aitzitik, urrun geratu ziren zer gertatzen zen ikusteko, isilik eta inolako mugimendurik egin gabe. Era berean, behin eta berriro eskatu zuten arren, ez zietela letradu baten laguntza eskaini eta beren familiei ez zietela atxiloketaren berri eman ere azaldu zuen.
Bi emakumeek auzibide penalean salatu zituzten gertakariak, atxiloketaren ondorioz gaian esku hartzen ari zen auzibidean, hain zuzen. Hori dela eta, gure jarduna nagusiki prebentzio esparruan kokatu behar izan genuen, eta gure gomendioak bete diren egiaztatu dugu. Plano horretan, Udalari eskatu genion kexa iker zedila, honako gomendio honi jarraiki: "Polizia gorputzek agenteek gauza ditzaketen ekintza irregularren aurreko kontrol-instrumentuak ezarri behar dituzte" (2003ko txosten arrunta, VI.2. kapitulua), baita txosten honetan jasotako gomendio batzuk bete diren ala ez jakinaraz diezagula ere: "Bilboko San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako eskuhartzea" (1998ko Txosten arrunta, I.1 kapitulua, 1.6. idatz-zatia), kasu honetan aplikatzen dela ulertzen baikenuen.
Udalak adierazi zigun polizia arduradunek gertakizunak ikertu zituztela eta ez zutela antzeman inolako gehiegikeriarik agenteen jardunean, eta, adierazi zigutenaren arabera, gaiaz arduratzen den instrukzioko epaitegiak eman zuen epaiak ere horixe berretsi zuen. Udalaren informazioa ikusirik, gure ustez, ordea, ikerketa ez da aipatutako gomendio orokorraren araberakoa izan; izan ere, egin zuten gauza bakarra agenteek gertatutakoari buruz emandako lekukotza jaso eta aztertzea izan zen, eta ez zen justifikatu bestelako ikerketa-jarduerak egitea ezinezkoa zenik. Halaber, polizia arduradunek ez zutela poliziaren ekintza ondorengo txostenean proposatzen genuen ikuspuntutik aztertu ulertu genuen: "Bilboko San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako eskuhartzea" (1998ko Txosten arrunta, I.1 kapitulua, 1.6. idatz-zatia), auzibide penalean hasiera-hasieratik falta gisa kalifikatzen diren legez kontrako ekintza penalen ondoriozko atxiloketak ekiditeko; eta agenteek horrela baloratu izan balute, ez zuten atxiloketa gauzatuko. Hori dela eta, Udalari gomendioak errepikatu behar izan genizkion. Horrez gain, berriro adierazi genion beharrezkoa dela prebentzio eta kontrolerako mekanismoak artikulatzea atestatuen edukia bat etor dadin atestatuak egitea eragin duten gertakariekin; izan ere, eman zigun informazioa ikusirik, oraindik ez dauzkala instrumentu horiek ondorioztatu genuen.
Bestalde, udalaren informazioak ez zion atxilotutako emakumeen eskubideen gaiari heldu, eta horixe planteatzen zen kexan. Puntu horretako informazio faltaren ondorioz, Udalak ez zuela bidali genion eskaera behar bezala bete ondorioztatu genuen, eta, horrez gain, poliziaren jarduna ikuspuntu horretatik azter zezala eta, egokia izanez gero, egoera hori berriz gerta ez dadila ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu genion.
IV.2. Ertzaintzaren jarduna ikastetxe baten kanpoko aldean
Unibertsitatetik kanpokoa eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunekoa den ikastetxe baten zuzendariak kexa bat aurkeztu zigun, Klaustroa eta Ordezkaritza Organo Gorenaren izenean. Kexa horretan bere ezinegona adierazten zuen Ertzaintzak ikastetxeko ikasleak banan-banan identifikatu eta grabatu zituelako eskolako kanpoko aldean atsedenaldian zeudenean, eta azpimarratzekoa da gehienak adingabeak direla. Bere ustez, agenteek ez zuten kontuan hartu ikastetxeko ikasleak zirela eta atsedenaldian zeudela, hau da, ez zirela ustezko kontzentrazio bateko kideak. Gainera, toki hartan egoteagatik soilik poliziaren esku-hartzea eragin zuten gertakariekin lotuta egon zitezkeela pentsa baliteke bezala jardun zuten. Bestalde, interesdunak kexan adierazten zuenaren arabera, agenteak ez ziren ikastetxeko arduradunengana joan, ez zituzten entzun zuzendaritza-taldeko kide batzuen eta irakasleen azalpenak ikastetxeko ikasleak zirela, atsedenaldian zeudela eta horren ondorioz beren erantzukizunpean zeudela azaltzen saiatu zirenean. Horrez gain, poliziaren jardunak eskolaren jarduera arruntari eragin ziola azaldu zigun; izan ere, gertakariak eskolako jarduera eten egin zuen; eta, horrez gain, kezkatuta agertu zen grabatutako materiala gorde ote zuten.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak onartu egin zuen agenteek ez zutela behar bezala jokatu ikasleak grabatu zituztenean, eta grabazioak suntsitu egin zituela esan zigun, baita hori berriz gertatzea ekiditeko neurriak hartzea beharrezkoa dela ikusi duela ere. Hala eta guztiz ere, poliziak, gainerako guztiari dagokionez, behar bezala jardun zuela uste zuen. Eman zigun informazioarekin, hala ere, ez zela hori gertatu ulertu genuen; izan ere, informazio horren arabera, agenteek aurkitu zuten jende taldea zentrotik kanpokoa izan balitz bezala eta han egoteagatik soilik polizia han egotea eragin zuten gertakariekin lotuta egongo balira bezala jokatu zutela zirudien. Horrez gain, polizia arduradunek, poliziaren jardunari buruz gauzatu zuten ikerketan eta egin zuten balorazioan, ez zituztela ikastetxeko arduradunek gazteak gertakizunen tokian egoteko arrazoiak azaltzeko aipatu zituzten alderdiak kontuan hartu zirudien.
Gure ustez, bi alderdi horiek garrantzitsuak ziren legearen ikuspuntutik, oso loturik baitaude poliziaren jardunarekin kexa eragin zuten alderdiei dagokienez (Segurtasun Indar eta Gorputzei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoko 11. art. eta Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoko 20. art.). Hori dela eta, Herrizaingo Sailak poliziaren jarduna kasuaren ezaugarri bereziak kontuan hartuz aztertu behar zuela ulertu genuen.
Plano orokorrean, gure ustez, kexa horrek berriro azaleratu du komenigarria dela –2003ko eta 2004 txostenetako II.7. kapituluan aipatu genituen beste kexa batzuei buruz adierazi genuen bezala– agenteek kasu horietan bete behar duten jarduera protokoloa zehaztea, baita ikastetxeetako arduradunekin harremanetan jartzeko bideak ere, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak esku hartu beharko luke bere eskumenei erantzuteko. IKTen eta datuen babesaren arloan, kapitulu honetan bertan, kexa horri buruzko erreferentzia barne hartu da.
V. Ondorioak
V.1. Arlo honetan 2009an baino kexa gehiago egon dira, baita aurreko urteetan baino gehiago ere. Aurten ere, kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila eta Bilboko Udala izan dira.
Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Arartekoarekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Berriro ere, azpimarratzekoa da Bilboko Udalak zein azkar erantzuten dien gure eskakizunei eta zein harkor agertzen den trafikoaren arloan batik bat helarazten dizkiogun oharren aurrean.
Hala eta guztiz ere, zailtasun batzuk izan ditugu gure zereginak behar bezala gauzatzeko. Planteatzen ditugun gaien inguruko erantzunik eza eta erantzuteko hartutako denbora izan dira, nagusiki, izan ditugun arazoak. Hartara, adibidez, Donostiako Udalak 15 hilabete baino gehiago hartu ditu 2008an ofizioz hasi genuen jarduera baten ondorioz bidali genion eskaera bati erantzuteko, eta, horrez gain, ez die erantzun mahaigaineratu genizkion alderdi batzuei. Herrizaingo Sailak ere ez digu eman 2010eko ekainaren 15eko ebazpenean aipatzen ziren atxiloketa inkomunikatuei buruzko kexan eskatu genion informazio guztia.
V.2. Kexen zati garrantzitsu bat Trafikoaren arloarekin lotuta dago, zehazki, zehapen araubidearekin. Aurreko urteetakoen antzeko gaiak planteatu dira, esate baterako, jakinarazpenak, proba, gidariaren identifikazioa, Zuzenean (Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Zerbitzua) zerbitzuak tramitazio arazo jakin batzuei emandako erantzunari eta partidu egunetan San Mames (Bilbo) estadioaren inguruetan aparkatzea debekatzen duten seinale batzuen egokitasunari buruzkoak izan dira.
V.3. Poliziak ustez gehiegikeriaz jokatu izanagatik salatu diren kexa gehienak poliziaren egoitzatik kanpo gauzatutako esku-hartzeei buruzkoak izan dira. Horietako asko, berriro ere, etorkinekin lotutakoak izan dira eta poliziaren jarduna alderdi horrekin lotu dute. Bilbori dagokionez, azken kexa ia-ia guztiak San Frantziskoko inguruan gauzatu diren ekintzekin egon dira loturik.
Talde honetako kexek berriz azaleratu dituzte erakunde honek behin eta berriro azpimarratu dituen arazoak, hala nola: ikerketa falta edo behar beste ez ikertu izana, indarraren erabilpenaren kontrola, lehenengo kalifikazio judizialetik faltatzat jotzen diren jokabideen ondoriozko atxilotzeak, pertsona interesdunek agenteekiko desobedientziagatiko salaketa baten formulazioa pertsona horiek poliziaren jarduera zalantzan jarri dietela pentsatzen dutela, atestatu eta salaketen edukia ez datorrela bat errealitatearekin eta lekukoen presentzia.
Berriro ere azaleratu dute horrelako egoerak detektatzeko eta berriz gertatzea ekiditeko eta agenteak ordenamendu juridikoak atestatu edo salaketa bat egiteko ematen dien ahalmenaz gehiegi baliatzea prebenitu eta kontrolatzeko eman ditugun gomendioetan aipatu ditugun prebentzio eta kontrolerako mekanismoak ez direla betetzen ari.
V.4. Prozedura judizial baten tramitazioak ez du galarazten ez administrazio esparruan kexa baten xede den polizia jarduna ikertzea, ezta bete beharreko parametroak behar bezala bete diren egiaztatzea ere. Horrez gain, erakunde honi ez dio galarazten prebentzio planoan esku hartzea. Salatutako gertakarien inguruko ikerketa ezin da mugatu, besterik gabe, ontzat ematera kasuan kasuko agenteek ematen duten bertsioa, edo gertatutakoaren inguruan ematen duten azalpena jasotzea, horrek kexa zuzenean baztertzea esan nahiko luke eta.
V.5. Inkomunikazio erregimeneko atxiloketek berriro eragin dituzte kexak. Horren inguruko irizpena eman dugu 2010eko ekainaren 15eko ebazpenean. Horrez gain, esparru horretan bermeen sistemari buruzko azterlan bat ere egin dugu.
Era berean, atxiloketa ez inkomunikatuekin lotutako kexak aurkeztu dira. Horiek honako alderdi hauei buruzkoak izan dira besteak beste: horien iraupena, batzuetan atxilotua atzerritarra izateagatik, letratuaren laguntza izateko eskubidea eta atxiloketa jakinarazteko eskubidea urratu izana, eta gorputz-erregistroa egitean guztiz biluztu izana.
V.6. Herrizaingo Sailak grabatzen diren jardunen ondorioz eragin litezkeen ustezko erantzukizun administratibo eta penalen gehienezko preskripzio epean atxiloketen grabazioak gordetzea bermatzeko epe bat ezarri behar du, eta horrek kontuan hartu behar du giza eskubideak bermatzen dituzten erakundeen esku-hartzea, hala nola Arartekoarena. Horrez gain, beharrezkoa da grabatutako materiala esparru horietan esku-hartzea burutu bitartean gordetzea bermatzea.
Era berean, pertsona atxilotuei elikagaiak non eman behar zaizkien eta eginbide posibleak non gauzatu behar diren argitzeko irizpide orokorrak ezarri behar ditu, baita otorduen ordutegia eta kopurua ere. Irizpide horiek ez betetzea behar bezala justifikatu behar da.
V.7. Atxiloketa-zentroek egoitza espezifikoak eduki behar dituzte adingabeentzat eta atxiloketaren erregistroko liburu berezia izan behar dute haientzat.
V.8. Atxiloketarekin lotutako erregistroek eta gainerako dokumentuek fideltasun eta zehaztasun osoz islatu behar dute jarduera nola gauzatu den. Arreta handiz bete behar dira, eta horien edukian desadostasunak ez egotea ziurtatu behar da. Eskubideen informazioari buruzko aktetan jasota geratu behar da pertsona atxilotuari leporatzen zaizkion gertakizunak zein diren jakinarazi zaiola.
V.9. Komenigarria da unibertsitatetik kanpoko ikastetxeetarako poliziaren esku-hartzeei buruzko jarduera protokolo bat zehaztea, eta, bertan, ustezko horietan bete behar diren jarraibideak zehaztea, baita kasuan kasuko ekintza esku hartzen duten agenteen harreman-bideak ere.
5. Juztizia
I. Arloa kopurutan
Justizia arloak 36 kexa-espediente berri ireki ditu 2010. urtean, Arartekoak urtean zehar onartutako izapide guztien %2,74, hain zuzen. Segidan gaikako sailkapena azaltzen da:
− Justizia administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua 14
− Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak 6
− Doako laguntza juridikoa 5
− Beste alderdi batzuk 5
− Herritarren eskubideak 3
− Notarioen eta erregistratzaileen elkargoak 1
− Beste lanbide elkargo batzuk 1
− Erregistro zibila eta jabetza erregistroa 1
Urtean zehar izapidetutako kexei dagokienez, txosten honen itxieran, hau da egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Konpondutako jarduera okerra | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez onartzea |
58 | 21 | 31 | 5 | 26 | 6 |
Horiekin batera, onartu ezin izan diren 252 erreklamazioen kontu eman behar dugu, izan partikularren arteko gatazkak eragiteagatik, izan konpetentzien eragozpenarengatik. Horietariko batzuk Estatu zentralaren organo administratiboen ekintzen aurkako kexak dira, eta Legeari jarraiki, zuzenean helarazi dizkiogu Herriaren Defentsariari. Baina gehienek auzitegien erabakiak auzitan jartzen zituzten, eta horren aurrean ez gureak ez beste erakundek ezin dute jardun, epaileen eta auzitegien independentzia bermatzeko euren funtzioen jardunean: jurisdikzioari dagozkionean, auzitegi gorenean errekurtso bat egitea beste erremediorik ez dago; gobernuaren arloari lotutakoak Justizia Auzitegi Gorenaren Gobernu Aretoari, Fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren Ikuskaritza Zerbitzuari helarazi behar zaizkie.
II. Jasotako kexak, euren testuinguru sozial eta araugilean
II.1. Epaile eta fiskalekin lankidetzan egindako kudeaketak
Azaldutako irizpideak aplikatzean, ebazpen judizialen gai izan edo prozesuan egon litezkeen gai horiek guztiak baztertu behar izan ditugu, gehienak Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren aurkako kexa gisa adierazita baitzetozen. Horietako kexa askok, hala ere, erabiltzaileen informaziorik edo babesik eza erakusten zuten; horien aurrean, Arartekoak bere jarduera-eremua ahalik eta gehien doitu behar zuela pentsatu du, baita, formalki, izapideetarako gai izatea lortu ezin izan denean.
Horretarako, egoera horiek kontu handiz aztertu ondoren, eta erreklamazioa egindako pertsonen lege-ordezkaritzarekin koordinatuta beti ere, kexok sorrarazi dituzten faktoreak identifikatzen saiatu gara, epaitegietako kudeaketa informalen bitartez arintzeko asmoz. Ezin izango genuen horrelako ekintzarik egin lankidetzarik izan ez bagenu, eta hala aitortu beharra dago, bai epailetza, bai idazkaritza eta pertsonalari, baita Justizia Administrazioari laguntza ematen dieten talde profesional eta zerbitzu guztiei ere. Halako kudeaketak eragin dituzten kexak honela sailka litezke:
• Izapideetan gertatutako atzerapenez kexu direnak, edo identifikatu ditugun hobetu daitezkeen alderdi edo disfuntzioez, bai emandako informazioan, bai espediente judizial batean interesatutako pertsonei eskainitako arretan. Kontzeptu horretan sartu zen, era berean, Arabako Emakumeen Biltzarra, larritzat jotzeagatik nabarmendu nahi dugun gai batekin jo baitzuten Arartekoarengana. Euskadin familiarik ez zuen emakume baten desagerpena salatu zuten; hilda zegoela susmatzen zuten, azken aldiz Gasteizko udal harrera-etxe batetik irteten ikusi ondoren, han elkartzen baitzen seme-alabekin, genero indarkeriaren biktima izanik. Ikerketa judizial eta poliziala zabalik izan arren, aipatutako erakundeak bere bilaketari ekitea eskatzen zuen; bere kokapena denbora luzean ez jakiteak eragindako kezka soziala helarazi ziguten, baita emakume hura udal aterpetxean hartu zutela, baliabide espezializatu batean ostatu eman beharrean. Laguntza berezitua emanez gero, agian ez zatekeen desagertuko. Gure esku-hartzea ikuspegi bitatik abiatu zen:
1. kudeaketak egin ikerketen nondik norakoekiko interesa azalduz, eta jakindako guztiaren berri eman erreklamazioa egindakoei. Arabako Fiskaltzaren lankidetza izan dugu horretarako, baita Herrizaingo Sailarena ere, eta bereziko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarena.
2. emakumeari lojamendu eta laguntza soziala eskaintzean, udal zerbitzu sozialen jarduera nolakoa izan zen aztertu dugu. Ikerketari esker jakin genuen hasieran genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide espezializatuetan eman ziotela ostatu, baina bitan abandonatu zituela bere herrialdera itzultzeko. Azken aldiz itzuli zenean, Udal Harrera-etxean lojamendua egokitzat emateko motibo hauek erabili ziren: eguneko 24 orduetan gainbegiratuta egon beharra zuen, senarra hurbil ez zekion, jakin baitzen aurreko aldietan emakumeak senarrari esana ziola non zegoen bere bizileku zen harrera-pisua. Ebatzi genuen ez genuela jardunbide ez-zuzenik antzematen Vitoria-Gasteiz Udalaren partetik eta positibotzat jo genituen erakundeak emakume hari laguntzeko egindako ahaleginak. Botere publikoei, edozein kasutan, eskatzen diegu baliabide posible guztiak jar ditzatela ikerketaren eskura, txosten honen itxieraren datan oraindik zabalik dagoena.
• Bigarrenik aipatuko genituzke Epaitegiari zirkunstantzia pertsonalak helarazi nahi izan dizkieten erreklamazio-egileenak; motibo ugari tarteko, ez ziren kontuan hartu nahiz eta garrantzitsuak izan ezarri zizkieten neurri edo zigorren gauzapenari dagokionez: Funtsean, birgizarteratze sozial eta laboralari dagozkion prozesuak, atzerritarrak adinez beherakoak izatea zigorrak jasotzeko edo adimen-osasun gaitz larriak.
• Azkenik, aipatu beharra dago ebazpen judizialei dagozkien erreklamazioak. Haien egileek, funtsean, bi arazo nagusi zituzten:
o Alde batetik ondareari dagozkionak: erantzukizun zibiletik eratorritako kalte-ordainen kobrantzak, euren ebazpenengatik ordain-saria eman beharra perituei, edo fidantzen itzulerak.
o Beste alde batik legearen bitartez banaketa eta dibortzio prozeduretan seme-alabei dagozkien adostutako neurriak ez betetzeari dagozkionak ageri dira. Gaia bereziki larria iruditzen zaigu, bai kaltetutako eskubideen zentralitatearengatik, baina adinez beherakoengan dituen ondorioengatik; hori dela eta, kasu horiekiko interesa adierazi dugu Fiskaltzaren aurrean.
Eskerrak eman behar dizkiegu fiskalei sekulako eraginkortasun eta bizkortasunez jardun baitute Arartekoarekin lankidetzan, ez soilik esparru honetan, ezpada komunak zaizkigun guztietan, eta egin dituzten kudeaketa guztien berri emateko deferentzia izan dutelako. Erakunde bien arteko komunikazioan eta lankidetzan sakondu nahi dugu, uste baitugu horrek mesede egingo diola bion lanari, bakoitzak bere eskumenen arloan, eskubideen bermearen esparruan elkarrekin ari baikara lanean.
II.2. Bulego judizial eta fiskal berriaren ezarpena
Eragile juridiko ugariren kasuan Arartekoaren aurrean kexa gai diren kasuak desblokeatzeko aurkitu dugun borondatetik harago, horiek aipatzen dituzten disfuntzioek, neurri handi batean, epaitegien euren egiturarekin lotutako arazoekin zerikusia dute. Antolaketa eredu horrek epaile edo epaimahai bakoitza bulego jakin baten buru egiten du, bulego horretan, epaiak egiteaz eta epaitua betearazteaz gain, ezartzen zaizkion kasuak izapidetzeko zerbitzuak bideratu eta koordinatzen ditu.
Fiskaltzen kasuan, funtsean, hau da arazoa: Fiskaltza bakoitzaren ordezkaritza gorenari, Fiskalburuari, hain zuzen ere, legez ezartzen zaizkion funtsezko funtzioekin zerikusi gutxi duen funtzio kopuru handi bat ezartzen zaizkio. Funtzio horiek antolaketari eta giza baliabideei dagozkie, ez soilik plantilla fiskalari dagokionez, ezpada bulego fiskal osoari, Fiskalburuari zeregin horietan laguntzeko unitaterik sortu gabe.
XIX. mendean pentsatutako egiturak dira, Justizia Administrazioari egungoekin zerikusirik ez duten erronkak planteatzen zizkioten gizarte eta une historikoetan, eta aukerak eurak ere ez ziren berdinak. Egia da Justiziaren zerbitzu publikoak aurre egin behar diela exijentzia berriei, bai kasuen zenbait konplexutasun eta kopuruari dagokionez, bai izapideen eraginkortasun, gertutasun eta gardentasunari dagokionez, baina ezin da ahaztu gure Epaitegi, Auzitegi eta Fiskaltzek gaur egun eskura dituzten teknologia eta kudeaketa sistemek aukera ematen dietela baliabide horietatik, izan giza baliabideak, izan materialak, egitura hori diseinatu zenean lortzea zaila izango litzatekeen errendimendua lortzeko.
Errendimendu hori lortzeko bulego judizial eta fiskalaren eredu berria garatu da eta bere ezarpena une honetan Justizia Administrazioak duen erronkarik handienetarikoa da. Botere Judizialaren Lege Organikoa delakoaren erreformatik sortua, 2003an kudeatua, bere helburua da Epaileak, Magistratuak eta Fiskaltzak liberatzea, bakoitzaren jurisdikzioari zuzenki lotzen ez zaizkion zereginik egin ez dezaten. Horretarako, Justizia Administrazioaren zerbitzuetako pertsonala gainerako lanen eta bulego komunen inguruan antolatzen du eta zerbitzua eskaintzen dio modu malguan hainbat epaitegi eta unitate funtzionali, eta era probetxugarriagoan baliatzen dituzte teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak.
Martxan jartzeak bi arau osagarri abiatzea ekarri du: 13/2009 Legea, azaroaren 3koa, Bulego judizial berria ezartzeko prozesu-legearen erreformaren gainekoa, eta 1/2009 Lege Organikoa, azaroaren 3koa, Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, aldatzen duena. Prozesu-legearen aldaketa 2010eko maiatzean indarrean sartu arren, bere ezarpena, zeinaren bidez Idazkari Judizialak bulego judizialaren antolaketaren erantzukizuna hartzen duen, eta bulegoaren antolaketa osatzen duten unitate ezberdinen kudeaketa protokolizatu eta komunerako sistemak eransten diren, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko Sailak aurreikusi du garakorra izatea, iaz Getxoko eta Amurrioko epaitegietan martxan jarritako esperientzia pilotuen bitartez, Bilbon 2013an osatu eta amaitu arte.
II.3. Arauak aldatzeko ekimenak
Kopuru bereziki handia osatu dute, aurten ere, Arartekoarengana kexak azaltzera etorri diren pertsonak, bikote edo senar-emazte egoeraren hausturetan seme-alaba komunen zainketari buruz epaitegiek hartu dituzten erabakiak direla eta. Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren ondorioz erakunde honen aurrean kexa gehien eragiten duen gaia da hain zuzen.
Gaia gaur egun arautzen duten neurrien arabera, nahikoa da bikotearen parte diren bi pertsonetako batek ukatzea biek ala biek seme-alaben gaineko erantzukizun bera izatea, aparteko kasuetan salbu, banaketak adinez txikikoentzat bere gurasoetako batekiko komunikazioa erabat eteteko; kasu gehienetan aita izaten da komunikazioa galtzen duen guraso hori. Erreklamazioak egindako pertsonek eskatzen zuten erakunde honek bidea erraztu zezala, bere aukeren barruan, gurasoen erantzukizun partekatuaren arloan izandako aurrerapauso sozialek zegokien isla izan dezaten epaitegietan ere. Eta horretarako gure jardueren ardatz izan behar duten bi helburu aipatzen zituzten: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea eta adinez txikikoen interes lehenetsia babestea.
Azken hiru urteetan Legebiltzarrean behin eta berriz azaldu dugu, bi erreferentzia horiek kontuan hartuta, gai honen inguruan gure auzitegiek darabilten praktikaren inguruko hausnarketa. Eta ondorioztatu dugunez, jasotako kexek arrazoizko konponbide bat aurkituko lukete baldin eta gurasoetako bateko seme-alaben zaintza partekatzea eskatzean eta besteak esklusibitatean nahi badu eskubide hori, epaileak aplika baleza gurasoen arteko erantzukizunaren formula egokiena, kasu bakoitzaren ezaugarriak ikusita, beti ere adinez txikikoen interesak kontuan hartuta. Une honetan, halere, Kode Zibilak uztailaren 8ko 15/2005 Legeak eragindako aldaketak izanik ere, aukera hori ez da soilik apartekotzat jotzen, ezpada arautzen duten terminoek azaltzen dutela zergatik aplikatzen den horren gutxi.
Gure azken ohiko txostenean, 2010. urterako bi konpromiso hartu genituen: alde batetik, gogoeta hori helaraztea Estatuko Herriaren Defentsariari, Gorte Nagusien aurrean egoera aurkez dezan eta iradoki diezaien, eskumendun organo legegile gisa, beharreko lege aldaketa; beste alde batetik, gaian legeak egiteko eskumenik ez badu ere, Legez besteko proposamen bat abiatzeko aukera azter dezan eskatzea Eusko Jaurlaritzari -horrela egin zuten, urtearen beste une batzuetan, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusiek- edo, bestela, legea garatzeko ekimena eraman dezala Gorte Nagusietara.
Maiatzean Estatuko gure homologoarengana jo genuen aipatutako helburuarekin betetzeko asmoz, eta erantzun zigun une hartan ez zitzaiola beharrezkoa iruditzen aldaketa hura egitea. Era berean, Euskal Ganberako taldeei gai honen inguruko irizpen bat bidali genien, nahiz eta une hartan ez zuen oihartzunik izan eztabaida parlamentarioan. Arartekoari kexak azaltzen segitzen zuten pertsonei dagokienez, nahiz eta erantzun behar izan diegun gure konpetentzien esparruan dauden organoen eskura ez dauden legezko neurriak beharko liratekeela gai hau lantzeko, egia esan, euren ondorioek zuzenean eragina dute eskubideetan, eta horien bermea babeserako erakunde honen misioaren funtsezko parte bat da. Era berean, bere kontrol funtzioak betetzen dituen erakunde honen erabaki administratibo ugari baldintzatzen ditu. Hori guztia dela eta, Arartekoak erabaki zuen gure hausnarketa gomendio orokor gisa plazaratu behar genuela, eskumena duten botere publikoek zein gizarteak uler dezaten zergatik erakunde honek ezinbestekotzat jotzen duen lege-aldaketa, adinez txikikoen interesak errespetatuz, bikote bananduen seme-alaben zaintzan gurasoen arteko erantzukizunaren oztopoak gainditzea lortuz: Arartekoaren 1/2010 Gomendio orokorra, urriareArartekoaren urriaren 15ekoa. Gurasoen erantzukizun partekatua banandutako bikoteetan: botere publikoen eginkizuna. Urriaren 15eko Arartekoaren gomendio orokorra 1/2010. Banandutako bikoteetako gurasoen arteko erantzukizuna: botere publikoen zeregina
III. Jarduera-plana
Urtean zehar Arloak garatutako lana ez da soilik berraktibatu jasotako kexei erantzun gisa, antzeman ditugun hobetzeko alderdien aurrean era proaktiboan jarduteko gure aukerari kasu egin baitio ere. Horretarako ekintza ugari aurrera eraman ditugu honako planarekin:
III.1. Batzarrak elkarteekin
Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin bildu eta harremanetan izan gara, Justizia Administrazioan hizkuntza ofiziala askatasunez hautatzeko neurrien eraginkortasunaren balioespena ezagutzeko asmoz, eta bereziki Erregistro Zibilaren ordezkari gisa jarduten duten Bakerako Epaitegietan umeen jaiotzak euskaraz inskribatzeko ezintasunari dagokion kasuan.
GKE eta elkarteek bidalitako eskaerak landu ditugu era berean, bai lokalak, bai nazioartekoak, Arartekoarekin prozesu penalaren arloko Giza Eskubideen berme sistemaren birtualitatearen inguruan hitz egiteko eskaera egin baitzuten
III.2. Bilerak Erakunde eta Korporazioetako ordezkariekin
1. Espediente berezituen ebazpenerako Fiskaltzako kideekin izandako kudeaketa puntualez gain, Fiskal Goren berriarekin eta probintzietako hiru fiskalburuekin elkartu izan gara. Erakunde bien arteko koordinazioan aurrera egin nahi izan dugu biek partekatzen dituzten arloetako eskubideen defentsan, eta bereziki atzerritartasun, adinez txikiko, gutxiengo etniko eta zigor exekuzioen kasuan, baita bulego judizial berriaren ezarpeni dagokionez ere.
2. Xede berarekin, Euskadiko Justizia Auzitegi Goreneko Gobernu Aretoko presidentearekin eta kideekin bildu gara, tartean gure erkidegoko hiru Entzutegi Probintzialetako presidenteekin. Eskertu behar diegu epailetzaren eta gure erakundearen arteko lankidetza errazteko erakutsitako disponibilitatea, baita gure ebazpen eta txostenek epaile eta auzitegientzat duten balioa aintzat hartzea ere, batik bat erabakiak hartu behar dituzten errealitatean ezagutzan sakontzeko tresnak direlako.
3. Hiru lurralde historikoetako Abokatuen Elkargoetako Gobernu Batzetako dekano eta bokalekin bilera izan ditugu, bulego judizial berriaren ezarpen prozesuaz eta doako justiziaren araudiaz zituzten iritziak ezagutzeko, baita erakunde honek elkargoek Administrazio korporatibo gisa betetzen dituzten funtzioen inguruan egindako gomendioen jarraipena egiteko ere. Topaketa hauek aukera eman digute, era berean, funtzio horien inguruko kexa-espediente errepikatuenen gaiak aztertzeko. Funtsean, hiru dira: salaketa artxibatzeko ebazpenen motibazio askieza arlo deontologikoan, kudeaketa negligentea dela eta bezeroen partetik erantzukizun zibila eskatzen zaien legelariek duten diziplina erantzukizuna, eta ofiziozko txandako disfuntzioak. Azken kontzeptu horri dagokionez, argi utzi beharra dago jasotako kexa kopurua txikitu egin dela, baita elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuek kexok argitzeko eskainitako lankidetza ere, ahal izan den kasuetan, kexok argitu eta ebazteko bestekoa.
4. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko Saileko buru eta arduradunekin bilerak eta lan-saioak egin ditugu honako gaien inguruan: bulego judizial berriaren ezarpena, Justizia Administrazioaren elebitasunarekin zerikusia duten arazoak, doako justiziaren araudi berriaren proiektua, adinez beherakoen arreta juridikoa eta konpetentziak eskuratzea arlo penintentziarioan. Azken puntu horri Preso dauden pertsonen Arloan egingo diogu erreferentzia espezifikoa. Topaketa horiek aukera eman digute planteatzeko Sailak atxilotutako pertsonei eta biktimei Epaitegietan eskaintzen dien arreta ematen duten zerbitzuak potentziatzeko dagoen beharrizana, baita zigorren exekuzio eta birgizarteratzearen kasuetan; azken bi horietan egindako lana, aurten ere, oso modu baikorrean balioesten dugu.
5. Azkenik, Herrizaingo Saileko Indarkeria Matxistaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin izandako bilerak eta lan-saioak aipatu behar ditugu, bai indarrean dauden protokoloen jarraipena egiteko, bai, egoitza judizial batean egonik, kasu batzuetan eskainitako arreta berraztertzeko. Topaketetako bat Barakaldoko Udalarekin lankidetzan gertatu zen, etxeko indarkeria kasu batean gertatutakoarengatik sortutako erantzun instituzionala hobetzeko esparruak identifikatzeko asmoz, non biktimaren familiak sentitu zuen erantzun hori, intimitatea babesteko baliagarria izan beharrean, hedabideen trataera errespeturik gabea eragin zuela.
III.3. Gomendio orokorrak
Gurasoen arteko erantzukizunaz lehenago esandako Gomendio Orokorraz gain, urtean zehar jarraipen berezi eskaini diote Arlo honetan: 2004ko abenduko Arartekoaren Adierazpena Torturaren aurka
Horretarako funtsezko hiru erreferentzia erabili ditugu: Giza Eskubideen prebentzio eta babeserako erakunde internazionalen partetik ordutik igarotako urteetan Espainiari egindako oharrak; denbora tarte horretan erakunde honek egindako ikuskapen bisitetatik jasotako ondorioak eta azken urteetan inkomunikatutako atxiloketen lagin esanguratsuak aztertu dituzten ikerketa enpirikoak; eta azkenik, azken urteetan gaiaren inguruan azaldutako sententziak, Auzitegi Konstituzionalean eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian.
Jasotako datuak ikerketa honetan jaso dira: Atxiloketa inkomunikatuen arloko berme sistemaren gaineko azterketa eta hobekuntza ildoak. Txostenak islatzen ditu erakunde honek ikusi dituen hobekuntza ildo nagusiak, inkomunikatutako atxilotuaren eskubideen kontrol judizialaren kasuan, abokatuen asistentzian, txosten forentseen idazkuntzan edo motibo honengatik aurkezten diren salaketen ikerketan. Guzti-guztiak kontu handiz aztertu ditugu eta proposatu dugu neurri espezifiko sorta zehar bat, gardentasunaren bitartez, berme sistemaren eraginkortasun prebentiboa hazteko. Beren alderdi esanguratsuenak puntu hauetan laburbiltzen dira:
• Atxiloketaren ikus-entzunezko grabazioa sistematikoa izatea eta atxiloketaren leku eta dependentzia polizial guztiak har ditzala, atxilotutako pertsona garraiatzeko erabiltzen den garraioa barne. Giza eskubideen berme zein babeserako erakundeek aukera izan dezatela grabazio horiek eskuratzeko, eta kontserbatu ditzatela, ondorioz sor litezkeen erantzukizunen eraginari dagokien epean, instantzia independenteek.
• Inkomunikatutako atxilotuari egokitutako abokatua ofiziozkoa izanik ere, atxiloketaren lehen unetik izatea bezeroarengana jotzeko aukera, eta bezeroa ez dadila galdekatua izan abokatuaren babesik gabe.
• Azterketa medikoei dagokienez, euren konfidentzialtasuna bermatzea, atxilotutako pertsonak izendatutako mediku bat egotea forentsearen ondoan, eta inkomunikatutako atxilotuari eskainitako tratuaren inguruko txostenak ezinbestean bete beharreko protokolo batekin bat egin ditzatela, gainbegiratze profesional kualifikatua izan dezatela eta nazioarteko estandarrekin bat egin dezatela.
• Gure ikerketak, azkenik, polizien ekintzen protokoloekin lotutako neurri sorta bat proposatzen du, bai atxilotutako pertsonari dagokionez, bai bere familiari dagokionez.
IV. Kexarik aipagarrienak
Jarraian xeheago azalduko ditugu erreferentzia egin diogun kexa tipologia zabalaren isla adierazgarri diren bi kasu:
IV.1. Administrazioaren ordezkaritza Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean
Pertsona batek Arartekoarengana kexa batekin jo zuen haren ustez bateraezintasun egoera bat baitzegoen Osakidetzaren estatutu sozialen eta Justizia Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien prozesuetan Osasun Euskal Zerbitzuak prokuradoreak kontratatzearen artean, eta zeregin hori beti egokitzen zitzaielako profesional jakin batzuei. Gainera, salatzen zuen ez zegoela gardentasunik jarduera hartan, izendapenerako jarraitutako prozeduraren berri emateko eskaera egin zuen bakoitzean, aipatutako Erakundeak soilik erantzun zion praktika hori berez bazela, eta hautatutako prokuradoreak hautatuak zirela euren profesionaltasun eta jardunbide onari esker.
Arartekoak informazioa eskatu zion gai horri buruz Osakidetzari; erakundeak erantzun zuen kexa sorrarazitako ekintza administratiboak ez ziola kalterik eragin erreklamazio-egileari, eta horregatik ulertzen zuten ez ziotela eman behar ordurako jaso zuena baino informazio gehiago. Hori dela eta, auzitan jartzen zuen erakunde honen parte-hartzearen beharra, ageri zen interes legitimorik eza nabarmena bazen ere.
Osakidetzari jakinarazi genion ezinezkoa zitzaigula balioespen hori partekatzea, gure lankidetza eskaerak erreferentzia egiten zion informazioa ez baitzen interes legitimo partikular bat egiaztatzea edo kaltea jasatea beharrezkoa izan behar zuen Administrazioaren ekintza espezifiko baten ingurukoa. Era berean, gure asmoa ez zen erreklamazio-egileari pertsona jakin baten inguruko datu pribatuak ematea. Zerbitzu publikoen funtzionamenduan aplika daitekeen gardentasun printzipioari buruzko informazio batez ari ginen, eta bereziki bere auzietako ordezkaritza prokuradore jakin batzuen bulegoei esleitzeko praktikari buruzkoa.
Beste alde batetik, eta herritarren aurreko gardentasunaren gaitik at, erakunde honek erabaki zuen, bere ekimenez, Administrazioari gogorarazi behar zitzaiola interes orokorreko gai baten aurrean geundela. Gai horietan ekintza administratiboaren buru izan behar duten oinarrizko printzipioei erreferentzia egiten zaie: publizitatea, konkurrentzia, gardentasuna, berdintasuna eta bazterketarik eza, baita Administrazio onaren printzipioak ere. Ildo horretatik, gure irizpideak azaldu genituen: horrek guztiak ezinezkoa egiten zuen prokuradore jakin batzuen aldeko hautua jardunbide on eta aparteko profesionaltasunaren baieztapenean oinarritzea, baldin eta egiten ez bazen hori hala dela eraginkortasunez erabakitzeko adierazle objektibo eta ebaluagarrien aplikazioaren bitartez egiten.
Osakidetzak erantzun zigun eskatutakoari zor zitzaion erantzuna emanez: aurrerantzean prokuradoreak kontratatzeko erabiliko dituzten Oinarri Teknikoen Plegu berria helarazi zigun, eta gure ustez ondo biltzen zituen aipatutako printzipio guztiak.
IV.2. Erregistro Zibilaren ordezkari gisa Bake Epaitegiak herritarrei emandako informazioa
Erakunde honengana jo zuen herritar batek adieraziz bere Udaleko idazkariak emandako informazio okerrak eragin zion kalte moral eta ekonomikoa, bere udalerriko Bake Epaitegira Erregistro Zibilaren delegazio gisa jo zuenean atzerriko pertsona batekin ezkontzeko beharrezko dokumentazioa tramitatzeko asmoz. Bake Epailearen erantzunetik ondoriozta zitekeen, hain zuzen, hasieran emandako informazioa ez zela zuzena. Akatsaren oinarria zen udal Idazkariak Erregistroren lankide gisa jarduten zuela eta ez zuela espediente horri aplika zekizkiokeen Espainiako legeen berri.
Besterik da Bake Epaitegiak, kontuan hartuta eskura zituen giza baliabide eta baliabide materialak, horren erantzule kontsideratu ahal izatea, ezta eragin zitzakeen kalteena ere. Edozein kasutan, erakunde honentzako garrantzitsuena zen erreklamazioaren egileak, Justizia Administrazioaren erabiltzaile gisa, eskubidea zuela behar bezalako informazioa jasotzeko erakunde horretatik, eta informazio hori dokumentazioa izapidetu behar zuen organoaren partetik, Bake Epaitegitik hain zuzen, jasotzeko eskubidea ere bazuen. Erregistro Zibilari azaldu genion, baita Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko Sailari ere, lehentasunezkoa iruditzen zitzaigula neurriak hartzea horrelako disfuntziorik gerta ez zedin berriz, bai pertsonalaren formazioaren arloan, bai espedienteak osatzeko beharrezkoa den dokumentazioaz jakiteko material informatiboen eguneraketaren edizioan. Beharrezkoa da irizpide argia izatea, era berean, boluntarismoak gaindituta, Bake Epaitegi batean sor litekeen edozein zalantza dagokien Erregistro Zibilarekiko berehalako komunikabideen bitartez konpondua izan dadin, erabiltzaileari izapide bera Epaitegiaren aurrean errepikatzeko beharra saihestuz.
Ildo horretatik erantzun zuen Erregistroak, esanez gaiaren inguruko argibideak helarazi zizkiela bere esparru judizialaren baitako 42 Erregistroei, baita gaiaren araudien inguruko informazioa ere. Sailak, bere aldetik, adierazi zigun, azaldutako balioespenekin bat egiten zutela eta formazio ikastaroei begira kontuan hartuko zituztela bake epaileentzat antolatzen dituztenean. Era berean, azaldu zuten gai organo judizialekin izaten dituzten aldian aldiko bileretan landuko dutela, baliabide pertsonal, material eta antolakuntzari dagozkionetan konponbideak emateko asmoz.
V. Ondorioak
V.1. Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren aurkako kexak nagusi dira oraindik arlo honetan, bai izapideen gai direnei dagokienez, bai ezetsi ondoren, goian azaldutako kudeaketa informaletako bat eragin dutenen kasuan. Gure zeregina, kasu horietan, eta edozein kasutan, ez da soilik gertatutako disfuntzioen erantzukizuna eskatzeko lehentasunezko aukera bermatzea. Gure esperientzian, herritarrei arlo horretan eskaintzen diegun zerbitzu honen eraginkortasuna karrera judizial eta fiskalak osatzen dituzten pertsonekin lor ditzakegun elkarrizketa eta lankidetza mailetan datza, batik bat kexa horiek konpontzeko gaitasuna izan dezagun, eta ildo horretatik jarraitu behar dugu gure lehentasunak adierazten.
V.2. Bulego judizial eta fiskal berria gure epaitegi eta fiskaltzen egiturei malgutasuna emateko diseinatuta dago, eskura dituzten baliabideen erabilera arrazionalagoa egiteko beharra baitute, teknologia berriek eskaintze dituzten aukerak hobeto aprobetxatuz. Erronka da baliabide horiek guztiak herritarrei eskainitako zerbitzuaren hobekuntzan kokatzea, bizkortasun, hurbiltasun, gardentasun eta ebazpenen kalitateari dagokienez. Bere ezarpena, edozein kasutan, prozesu konplexua da, eta bere materializazioak eragile juridiko inplikatu guztiekin lan egitea dakar. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ahalegin handia egiten dihardu zentzu horretan, eta erakunde honek jarraipena egin dio, baita balorazio positiboa egin ere. Ez da posiblea izan, halere, ezarpenarentzat egindako aurreikuspenak betetzea, honek erabateko dependentzia baitio aurrekontuaren gaitasunari eta onartzeke dagoen Estatuko arau batekiko intzidentzia konpontzeari. Intzidentziari hori konpontzeke dago oraindik txosten honen itxiera garaian, nahiz eta aurreikusita dagoen 2011ko lehen hiruhilekoan ixtea.
V.3. Justizia zerbitzuaren hobekuntza, hala ere, ez datza soilik baliabideen kudeaketan eskala ekonomiak lortzean. Beharrezkoa da aprobetxatzea, besteak beste, bitartekaritza eta erreparazio justiziak biktimen atsegin-maila hobe baterako eta auzi askoren oinarrian dauden gatazken konponbide integralago baterako eskaintzen dituzten potentzialitateak. Horregatik uste dugu Justizia eta Administrazio Publikoko Sailaren apustuak, zentzu horretan, Bilbon antolatutako nazioarteko konferentzian islatuak, aurrera jarraitu behar duela.
V.4. Urtean zehar asko izan dira espediente judizialetatik hartutako datu edo zirkunstantzia pertsonalak komunikabideei filtratzeagatik salatutako disfuntzioen kasuak. Datu horien zabalkundeak, gure ustez, bereziki adinez txikikoen kasuetan, intimitaterako eskubidea urratzen zuen. Beharrezkoa da kontu handiz jardutea filtrazio horiek saihesteko, eta hedabideei dei egitea erantzukizun eta arduraz joka dezaten interes publikokoak izan daitezkeen kasu judizializatuen berri ematerakoan.
V.5. Urte honetan gora egin dute seme-alaben jaiotza Bake Epaitegietan euskaraz inskribatzeko ezintasunarengatik egindako kexak. Nahiz kontziente izan bat datozen konpetentziak dituzten administrazio ezberdinek proiektu berean parte hartzean sorrarazten diren zailtasunez, gogoratu behar dugu iazko txostenean jasotako analisia eta kritika, arlo honetan agerikoa baita Justizia Administrazioaren erabiltzaileen eskubideak urratzen direla. Administrazioaren birtualitatea Inforeg-4 aplikazio informatikoa Bake Epaitegietan etorkizunean ezartzeko asmoak baldintzatzen du. Posiblea izan dadin, 2010eko urriaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoen Sailak hitzarmen bat egin du Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioari atxikita dagoen Red.es Enpresa Entitate Publikoarekin, eta guk hori era positiboan balioesten dugu. Halere, ezin da ahaztu 2008 urtarrilean jadanik hitzarmen bat egin zela parte bien artean eta helburu bererako, eta, beraz, botere publikoek eskubide hori indarrean jartzeko azken hiru urteetan egin duten lanak ez du balantze positiborik, ez arlo araugilean, ez materialean. Bestalde, ezin ahatz dezakegu hitzarmen batek ez duela egoera berez desblokeatuko, baldin eta hitzarmen horretan xedatutako neurriak garatzeko aurrekontu gaitasunik ez baldin badago, iraganean gertatu izan den bezala, edo parteetako baten lankidetzak huts egingo baldin balu. Gainera, ez da nahikoa sinatzen duten parteen inplikazioa; beharrezkoa da Udalek era parte hartzea, martxan jartzeko oztopo izan ez daitezen Gobernuaren eta udal sarearen arteko bateraezintasunak eragindako arazoak. Erakunde honek kudeaketa egiten ditu EUDEL sarearen aurrean, izatez aipatutako aplikazioaren ezarpenean hasieran aurreikusitako plan pilotuan atzerapenak izan baitziren motibo honengatik txosten hau ixteko garaian. Azkenik, eta hala den bitartean, Administrazioari proposatzen diogu beste bide batzuk aztertu ditzala (esparruko buruei bideratzea, eskuz egitea inskripzioa) legea ez betetzeari aurre egin diezaion, izan ere, zenbat eta gehiago luzatu prozesua, gero eta justifikagaitzagoa da herritarrei azaltzea arazoaren oinarria izan daitekeela administrazioen eta sistemen arteko informatizazio eta interkonexio falta.
V.6. Inkomunikazio egoeran atxilotutako pertsonen berme sistema hobetzeko proposatu ditugun neurriei dagokienez, erakunde honek honako ekintzak burutuko ditu: Euskal Poliziak egindako ezarpenaren jarraipena egingo du eta jurisdikzioaren esparruan duen harrera aztertuko dugu, neurrietako askoren eraginkortasuna xede talde diren epaileek beharrezkotzat jotzean baitatza, azken batean, beraiek baimentzen baitituzte pertsonen inkomunikazioak eta, beraz, beraiek baloratu behar dute eskubide horien bermea.
V.7. Familiarekin Elkartzeko Guneen funtzionamenduari dagozkion kexak maila esanguratsuan jaitsi dira urte honetan, eta hori Eusko Jaurlaritzak abian jarritako erregulazio eta berrantolaketaren eraginari egozten diogu, baita era positiboan baloratu ere gure aurreko txostenean. Halere, esku hartu izan behar dugu horietaz baliatzeko itxaron-zerrenden existentziak eragindako zenbait arazo puntualetan. Azaldutako kasuak modu arrakastatsuan konpondu baziren ere, aukera eman ziguten gure irizpideak azaltzeko: judizialki adostutako neurrietan guraso eta seme-alaben arteko komunikazio neurriak betetzea eragozten duten atzerapenak eragingo balitu horrelako baliabide baten saturazioak, berau kudeatzen duen Administrazioak berehala jakinarazi beharko dio Epaitegiari, Epaitegiak horren berri izan dezan eta beharrezkoak diren mekanismoak martxan jarri ditzan.
6. Ingurumena
I.?Arloa kopurutan
Ingurumen arloak barne hartzen ditu lurzoruari, urari, aireari, florari eta faunari eragiten dieten kutsadura kategorien ziozko eraginen erreklamazioak. Guztira 74 erreklamazio jaso ditugu. Aurten, eta hala egingo da hemendik aurrera ere, beste modu batera banatu dira txosteneko atalak eta azpiatalak, erreklamazio bakoitzean salatutako ingurumen-eraginari buruzko irizpide material bati jarraituz.
Eragindako administrazioen arabera, modu honetara bil ditzakegu kexak:
− Tokiko administrazioa 66
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 17
− Foru administrazioa 6
Azpiarloen arabera, honela sailkatzen dira:
− Kutsadura akustikoa 38
− Bizitegi-lurzoruko jarduera sailkatuak 14
− Ingurumenaren gaineko informazioa eta parte-hartzea 5
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 4
− Lurzoruaren eta uraren kutsadura 4
− Ingurumen kontrola 3
− Kutsadura elektromagnetikoa 3
− Hondakinak eta isuriak 1
− Ingurumenaren gaineko beste eragin batzuk 1
− Naturgune babestuak. Flora eta faunaren babesa. 1
Arlo honetako kexen izapideen egoerari eta emaitzari dagokienez:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 89 | 65 | 23 | 8 | 10 | 5 | 1 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 123 | 56 | 63 | 44 | 19 | 0 | 4 |
Arlo honetako kexa gehienak, oraindik ere, hiriguneetako kutsadura akustikoak ekarritako arazoen ingurukoak dira. Aurkeztutako beste kexa batzuk ingurumen gaiei buruzko informazioa eskuratzearekin eta lurzoru kutsatuak leheneratzearekin loturikoak izan dira. Oraindik izapidetzen ari diren kexei dagokienez, adierazi behar dugu denbora gehiegi igarotzen dela jarduera sailkatuen zaratarekin eta eragozpenekin loturiko kexak kudeatzeko. Arrazoiak dira zenbait administrazio asko atzeratzen direla informazioa bidaltzeko edo erakunde honekin lankidetzan aritzeko, eta salatutako arazoak errepikatu egiten direla.
II. Lege-berrikuntzak
Eusko Legebiltzarrean, ingurumen arloko legediari dagokionez, berrikuntza bakarra Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen martxoaren 11ko 1/2010 Legea izan da. Lege horrek klausula garrantzitsu bat dakar naturguneak meatze-ustiategi berrietatik babesteko.
Proiektuen ingurumen-ebaluazioari dagokionez, bi arau aipatu behar dira Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan. Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako martxoaren 24ko 6/2010 Legeak, proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina aldatzekoak, administrazio baimena ez baizik eta adierazpen erantzulea eskatzen den kasuetan ingurumen-ebaluazioa egiteko prozeduraren zenbait alderdi argitzen ditu. Bestalde, martxoaren 26ko 367/2010 Errege dekretua onetsi da. Horren bidez, ingurumen-arloko hainbat araudi aldatu dira, lege hauetara egokitzeko: 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzkoa; eta 25/2009 Legea, abenduaren 22koa, zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzko Legera egokitzeko hainbat lege aldatzen dituena. Xedapen honek natura-ingurunea, urak, kostaldeak, ingurumen industriala eta halako eremuak gehitzen dizkio zerbitzuen liberalizazioari buruzko araudiari.
Beste arlo batzuetan aipatu dugun bezala, funtsezkoa da ingurumen-arloko araudi bat onestea Euskal Autonomia Erkidegoan, barne merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko. Beharrezkoa da araubide juridiko propio bat izatea, zuzentarauan eta estatuko legedian ezarritakoarekin bat etorriz, administrazio baimena behar duten edo aurretiaz jakinarazi behar diren jarduera eta instalazio gogaikarri edo kutsatzaileak arautzeko. Halako legerik ez dagoenez, ziurgabetasun juridikoa sortzen ari da hala euskal administrazioen artean nola banakoen artean, eta hori berehala konpondu behar da.
Bada Legebiltzarrean izapidetzeko dagoen lege aurreproiektu bat. Horren bidez, Zuzentaraura egokitzeko asmoz, hainbat lege aldatuko dira, hala nola Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea. Aldaketa horretan, eranskinean datorren zerrendaren arabera lizentzia behar duten edo jakinarazi beharrekoak diren jarduera sailkatuen araubide bat ezartzen da.
Halaber, Ekonomia Iraunkorraren Lege-proiektuaren aurreikuspenak aipatuko ditugu. Lege horrek –Gorte Nagusietan izapidetzeko prozesuan dago– ingurumen-iraunkortasunari buruzko kapitulu bat dakar, eta, bertan, hainbat neurri ezartzen dira energia aurrezteko eta kontsumo eraginkorra sustatzeko, bai eta iturri berriztagarrien erabilera sustatzeko ere, klima-aldaketan eragiten duten berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuarekin. Halaber, garraioari buruzko neurri espezifikoak ezartzen ditu, ingurumen-eraginkortasuna areagotzeko. Atal horietako bat mugikortasun iraunkorrari buruzkoa da.
Beste erreferentzia garrantzitsu bat uztailaren 9ko 903/2010 Dekretua da, uholde-arriskuak ebaluatu eta kudeatzeari buruzkoa.
III. Jarduera-plana
2010. urtean, herritarrekin lankidetzan aritzeko eta haiekin komunikatzeko esparru egonkor bat garatzea izan da ingurumen-arloaren helburuetako bat. Horretarako, ahalegina egin da hemengo ingurumen-elkarteekin harremanak indartzeko, elkarte horiekin harreman iraunkorra izateko asmoz, eta, era horretan, haien jardueren berri izan eta haiekin lankidetzan aritzeko esparru egonkor bat sortzeko asmoz. Lankidetza-esparru edo bilera-foro hori, batez ere Ingurumena 2.0 proiektuaren barruan gune birtual bat sortuta garatuko da. Arloaren beste helburu estrategiko bat ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzeari buruzko proposamenak aztertzea eta egitea izan da.
Bilerak elkarteekin
2010. urtean, hainbat bilera egin ditugu elkarte ekologista hauekin: Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Txipio Bai, Berdeak, Mutriku Natur Taldea, Plataforma Errigoiri-Arrieta Garbi.
Bileren helburua hauxe izan da batez ere: gobernuz kanpoko erakundeei hainbat jarduketa-proposamen helaraztea ingurumenaren inguruan; batez ere, ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko eskubidea baliatzearen inguruan. Halaber, gizarte-foroaren proposamen bat helarazi dugu, teknologia berriak erabilita.
Bilerak administrazioekin eta zerbitzuekin
Bilera bat egin dugu Uraren Euskal Agentziarekin, Errigoitiko errepide bat baimenik gabeko egokitu dela-eta jarritako kexa-erreklamazio baten inguruan.
Halaber, beste bilera bat egin dugu Erandioko Udalarekin, ostalaritzako jarduerek eragiten dituzten kutsadura akustikoko arazoei buruz hitz egiteko.
Gomendio orokorrak
Txosten honetako IV. kapituluan, Arartekoaren abenduaren 30eko 6/2010 gomendio orokorraren laburpena erantsi dugu. Gardentasunari eta agiri publikoak eskuratzeari buruzkoa da gomendio hori. Bereziki, ingurumen informazioa eskuratzeari buruzkoa.
Webgunearen, intranetaren eta gizarte-sareetako foroen kudeaketa
Proposamen nagusia da ingurumenari buruzko Ingurumena 2.0 foroa sortzea. Hainbat elkarterekin egindako bileretan, herritarrek ingurumen-informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko duten eskubideen gaineko foro bat sortzeko ideia azaldu dugu.
Foro horretan informazioa eskuratzeko eskubide horren esparruari buruzko gogoeta egitea proposatzen dugu. Horretarako, interesgarria da jakitea elkarteek zer arazo izaten dituzten eskubide hori baliatzeko. Informazio edo sarrera horiek guztiak herritarren foroan txertatuko dira, eta foro hori gure webgunean egongo da ostatatuta.
Webguneari dagokionez, asmoa da atal espezifiko bat izatea ingurumen-arloaren inguruan. Orri horretan, gizarte-foroaren emaitzaren berri emango da, batez ere ingurumenarekin loturiko eskubideen katalogoaren berri (eskubidearen edukia, aplikatzekoa den legedia, administraziora jotzeko inprimakiak, informazioa ukatuz gero sortzen diren arazoak). Beste menu batzuek barne hartuko dituzte Arartekoak beste arlo batzuen inguruan egiten dituen jarduketa nagusiak (kutsadura akustikoa, atmosferikoa, lurzoruarena edo urarena, elektromagnetikoa eta beste kutsadura batzuk).
Ofiziozko jarduerak
• Zenbat elkarte ekologistarekin egindako bilerak eta aurkeztutako hainbat kexa kontuan hartuta, jarraipen bat egitea planteatu da Euskal Autonomia Erkidegoko Lur Kutsatuen 2007-2011ko Planean jasotako zenbait alderdiren inguruan. Arrazoi horregatik, gai horren inguruko ofiziozko kexa bat ireki dugu. Helburua da alderdi garrantzitsuenak aztertzea, hala badagokio horien gaineko ebazpenak egiteko.
• Ofiziozko jarduketa bat hasi dugu, "Eraikinen energia eraginkortasun handiagorantz" izeneko eraikuntza iraunkorrari buruzko Arartekoaren 2005. urteko gomendio orokorraren jarraipena egiteko.
• Ofiziozko beste jarduketa batzuk ere egin ditugu, prentsan zaratarekin eta kutsadura akustikoarekin loturiko arazoei buruz argitaratu diren albisteen ondorioz. Esate baterako, Donostiako Atotxa auzoan gogaikarri gisa sailkatutako jarduera baten ondorioz egin dugun ofiziozko jarduketa.
Iritzi artikuluak
Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Munduko Egunaren harira, Arartekoak biodibertsitateari buruzko iritzi artikulu bat idatzi zuen: "Biodibertsitatea, bizi-iturria".
IV. Kexarik aipagarrienak
2010. urtean, Arartekoak arlo honetan egin dituen jarduketa nagusiak banakoek eta elkarteek aurkeztutako kexen izapideak izan dira. Batez ere, erreklamazioen zioa izan da hainbat udalek ez dutela ezertxo ere egin tabernek, jatetxeek, supermerkatuek, elkarte gastronomikoek, gazteen lokalek eta arrandegiek sortzen dituzten zarata, eragozpen eta usainekin loturiko arazoak konpontzeko. Halaber, planteatu da zenbait jarduera industrialek, hala nola Galdakaoko Bridgestone Hispania fabrikak, zarata sortzen dutela. Zaratekin loturiko beste eragozpen batzuk honako hauek eragin dituzte: N-635 errepidean gauez egin diren obrek, Arrigorrian; Ibarrekolandan (Bilbo) egoitza bat egiteko egin diren eraispen- eta eraikuntza-lanek; eta Erriberabeitian (Araba) aurreikusitako hondakin uren araztegiak.
Lurzoruaren kutsadurari dagokionez, hainbat kexa jaso ditugu, Barakaldoko bi gunetan lurzorua kutsatu edo eraldatu dela eta. Salaketa bat hondakin-urak isurtzeagatik jarri dute. Itxuraz, Santa Marina ospitaletik zetozen ur horiek (Bilbo).
Aurkeztutako beste kexa batzuk ingurumen-informazioa eskuratzeko eta ingurumenaren gaineko erabakietan parte hartzeko arazoei buruzkoak izan dira.
Auzo-plataforma batek, erreklamazio batean, gure iritzia eskatu du Errigoitiko (Bizkaia) industrialde bat garatzearen inguruan; izan ere, biomasa-planta bati bide emango dion erabilera industrial bat ezarri asmo da, eta horrek kalte egin diezaioke ingurumenari.
IV. 1. Ingurumenaren gaineko informazioa eta parte-hartzea
Atal honen barruan sartzen dira administrazioek ingurumen-informazioa eskuratzeko eta ingurumenarekin loturiko erabakietan parte hartzeko eskubideei dagokienez gaizki funtzionatu dutela-eta jarritako erreklamazioak.
Aurten, hainbat erreklamazio jaso ditugu ingurumen-informazioari buruzko eskabideei erantzun ez zaiela eta. Administrazio-batzorde baten kasua izan da hori; hain zuzen ere, salatu du, zazpi hilabete baino gehiago igaro badira ere, ez duela jaso Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Uraren Euskal Agentziari eskatutako ingurumen-informazioaren erantzunik. Eskabide horien gaineko egiazko erantzuna lortzeko, Arartekoak bi gomendio bidali ditu, eta horien bidez administrazio horiei eskatu die erantzun dezatela hilabeteko epean, informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezartzen duen moduan.
Beste auzi bat Erriberabeitiko Udaleko bizilagun batek planteatu digu. Izan ere, Manzanosen, Erriberabeitian, bere jabetzaren ondoko lurzatian hondakin-urak arazteko estazio bat egiteko proposamena dago. Erreklamatzaileak Udalari eskatu zion adieraz ziezaiola gisa honetako instalazioek zenbateko tartea utzi behar duten gutxienez jendea bizi den guneekin, zarataren eta usainaren ondorioz eragozpenik ez izateko. Eskabideari erantzuten zion hirigintza-txostenean, jarduera gogaikarriei zein lege-esparru aplikatzen zaien baizik ez zen adierazi: Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra. Alabaina, Udalak ez zuen informaziorik eman izapidetzen ari zen araztegiaren proiektuaren inguruan, nahiz eta administrazio horrek parte hartu zuen Uraren Euskal Agentziaren proiektua jendaurrean ikusgai jartzeko izapidean. Informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen duen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezartzen duenez, ematen den informazioak zehatza izan behar du, eta administrazioak ez badu eskatutako informazio hori, administrazio eskudunarengana jo beharko da. Horregatik, erakunde honek uste du Erriberabeitiko Udalak informatu egin behar zuela erreklamatzailea araztegiaren inguruan zegoen proiektuaz, eta izapidearen ardura zuen administraziora bidali behar zuela, hau da, Uraren Euskal Agentziara, zegozkion ondoreetarako. Halaber, Udalak, proiektuaren jakitun zen aldetik, araztegia kokatu asmo duten lurzatiaren hirigintza-ezaugarriei buruzko informazioa eman behar zion erreklamatzaileari, eta lagundu egin behar zion estazioa instalatzeko jarraitu behar diren ingurumen-izapide zehatzei buruzko informazioa bilatzen (jarduera sailkatuen lizentzia lortzea, jakinaraztea, eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktua ebaluatzea).
Parte-hartze publikoari dagokionez, gizarte-erakunde eta elkarte batzuek kexa bat aurkeztu digute, Errenteriako Udalak ez dietelako erantzun udalerrian ingurumenari buruzko aholku-batzorde bat sortzeko proposamenari. Aurkeztutako eskabideari erantzunez, Udalak adierazi du ingurumenari buruzko aholku-batzordea sortzea Udalak Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planean hartutako konpromiso irmo bat dela. Udalak adierazi du organo hori sortzea oso konplexua dela teknikoki; izan ere, kanpoko aholkularitza behar da ekimen hori martxan jartzeko. Alabaina, gaur egungo egoera ekonomikoa zein den ikusita, alegatu du ez duela bitartekorik zerbitzu hori kanpoan kontratatzeko. Erantzun hori ikusita, Udal horrek aurreikusitako izapideak egiteari utzi gabe, hainbat ohar egin genizkion Udalari. Hala, aztergai dugun kasuan, parte hartzeko kontsulta organo bat sortzeko erabakia gehiengoz hartu behar du erabakiak hartzeko udal organo eskudunak; izan ere, ez dago legezko betebeharrik halakorik sortzeko. Beste herri batzuetan, ingurumenaren arloko kontsulta-erakundeak sortzea tresna positiboa izan da herritarrei parte hartzeko bide emateko eta Agenda 21a ezartzearen ondoriozko lanen jarraipena egiteko. Gaur egungo abagune ekonomikoak ziurgabetasuna sortzen duela eta, Udalak beste aukera batzuk balora litzake helburu hori lehenbailehen lortzeko, beste kudeaketa-formula batzuk bilatuta. Hala, Udalak kontuan har lezake aholku-batzorde hori udal zerbitzuen bitartez abiarazteko aukera. Horretarako, antzeko ekimenak martxan jarri dituzten inguruko beste udalerri batzuen esperientzia balia lezake. Halaber, Udalak balia litzake aurretiaz beste udal organoak sortzeko egin dituen lanak, hala nola Errenteriako Hirigintzako Aholku Batzordea sortzeko egindakoak.
IV. 2. Ingurumen-kontrola
Atal hau proiektuek eta jarduerek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko jarraitutako prozedura administratiboetako disfuntzioen ingurukoa da. Prozedura horren barruan sartzen dira ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, ingurumen-baimen integratua eta jarduera sailkatuen lizentziak edo jarduera jakinaraziak.
Auzo-plataforma batek gure iritzia eskatu du Errigoitiko (Bizkaia) industrialde bat garatzearen inguruan; izan ere, biomasa-planta bati bide emango dion erabilera industrial bat ezarri asmo da, eta horrek kalte egin diezaioke ingurumenari. Sektore horren garapena onetsi zuen plan partzialak ez zuen barne hartzen erabilera industrial hori egiteko aukera eta ez zen egin ingurumenaren gaineko ebaluazio-prozedurarik. Gaur egun, izapidetzen ari dira proiektuak ingurumenean izango duen eraginaren ebaluazioa. Halaber, zalantza sortu da sektore horretarako aurkeztutako urbanizazio-proiektuak ingurumenean izango duen inpaktuaren inguruan, bai eta Errigoitiko Udalak sektoreko konexioa hobetuko duen bide bat egiteko sustatutako beste obrek izango duten inpaktuaren inguruan ere. Azken auzi horren barruan, planteatu da administrazio hidraulikoaren baimenik ez zegoela zortasunaren eremuan obrak egiteko eta Uraren Euskal Agentziak obrak gerarazteko agindua eman behar zuela. Berrurbanizazio-proiektuaren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak proiektu horrek ingurumenean izango duen inpaktuari buruzko azterlana egingo du. Bidea egokitzeko obrei dagokienez, azkenean Udalak jadanik hasitako obren gertatzezko baimena eskatu du. Hori ez da eragozpen izan zehatzeko espedientea abiarazteko eta administrazio hidraulikoari dagokion gerarazte-agindua betetzeko.
IV. 3. Kutsadura akustikoa
Atal honetan sartutako beste hainbat erreklamaziotan, zaratak eragindako arazoak izan dira kexatzeko arrazoi nagusia. Halaber, hiri-lurzoruko, lurzoru industrialeko eta lurzoru urbanizaezineko jarduera sailkatu batzuen inguruko erreklamazioak bildu dira. Bestalde, administrazioak egindako zenbait obrak edo azpiegiturak atera duten zarataren ziozko erreklamazioak ere sartu dira.
Atal honetan, salaketa ugarienak bizitegi-lurzoruetan kokatutako jarduerek, jarduera sailkatu izenekoek, modu irregularrean funtzionatzearen ondorioz eragiten dituzten zarataren, usainen eta kearen ziozko eragozpenekin loturiko kexak izan dira. Erreklamazio horiek jartzeko arrazoia izan da Udalak ez duela ezer egin salaketa horien inguruan, nahiz eta administrazio-eskuesleak etengabe kontrolatzeko galdatzen duen. Horrek esan nahi du administrazioak une oro duela sortzen diren arazoak konpontzeko neurri zuzentzaileak ezartzeko ahala; horrez gainera, neurri horiek berraztertzeko eta eguneratzeko ahala du, baldin eta eraginkorrak ez badira behar bezalako funtzionamendua bermatzeko.
Espedienteak izapidetzeari dagokionez, gure autonomia erkidegoan oraindik ere udal askok gutxiesten dituzte jarduera sailkatuak eta, bereziki, ostalaritzako establezimenduak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eginkizunak. Maiz, ez zaie behar besteko arretarik jartzen, eta ez da erabiltzen horiek egoki kudeatzeko beste bitarteko material eta pertsonal.
Auzi espezifiko bat banakoek elkarri eragiten dizkieten zarata eta eragozpenak dira. Halako gatazkak konpontzeko bidea banakoen artekoa da. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak bere jardun-esparruaren barruan hartzen du auzoen arteko harremanetan sortutako kutsadura akustikoa ere, baldin eta udal ordenantzekin eta tokiko erabilerekin bat etorriz onartzen diren mugak gainditzen badituzte. Horretarako, tokiko administrazioek, zaratari buruzko ordenantzen bitartez, arau-haustetzat har dezakete auzoek sortzen duten zarata, baldin eta, tokiko erabilerekin bat etorriz, onartzen diren mugak gainditzen badira. Auzi horren ingurukoa da Arartekoaren 2010eko azaroaren 12ko ebazpena. Horren bidez, etxebizitza partikular batek ateratzen zuen zarata kontrolatzeko egindako esku-hartzearen ondorioz Trapagarango Udalaren kontra aurkeztutako erreklamazioa amaitu da.
IV. 4. Lurzoruaren eta uraren kutsadura
Atal honetan, hala jabari publiko hidraulikoan nola itsas-lurtarrean uren eta kostaldeen ingurumen-kalitateari eragiten dioten isurien ziozko kexak bildu dira. Halaber, lurzoruaren kutsadura biologiko eta kimikoak ingurumenari egindako kalteak sartu dira.
Bestalde, atal honetan jaso behar ditugu plataforma ekologista batek Barakaldoko udal barrutiko Ansio-Ibarreta sektorearen inguruan aurkeztutako erreklamazioak ere. Hain zuzen ere, plataforma horrek adierazi du sektore horretako hainbat lurzatitan lurzorua kutsatuta dagoela eta urbanizatzeko asmoa dutela, bizitegitarako erabilerarako. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak salaketa bat aurkeztu du, eta, horren ondorioz, lurzoruak zer kalitate duen adierazteko espediente bat abiarazi da. Lurzati horiek lurzoru eraldatutzat jota amaitu da espedientea, baina hori bateragarria da aurreikusitako bizitegitarako erabilerarekin. Hori horrela, hainbat kontrol-neurri ezarri dira, hondeaketa gehigarririk egiten bada ere, eta lurpeko eraginen jarraipena ere egingo da. Nolanahi ere, elkarteak adierazi du kezkatuta dagoela. Izan ere, lurzati horietako eremu batzuetan lurzorua eraldatuta dago eta hiri-lurzorurako B ebaluazioko adierazleetatik gorako balioak dituzte, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak ematen duen definizioarekin bat etorriz.
Ingurumen Sailak uste du, hondeaketa-jardueren jarraipen- eta kontrol-neurrietan lortutako emaitzekin bat etorriz, agerian geratu dela kokagunea deskutsatu dela, eta egiaztatu dela geratu den lurzoruaren kalitatea bateragarria dela aurreikusitako bizitegitarako erabilerarekin. Halaber, ingurumen-organoak beharrezkotzat jo du eremu horren azterlan historiko xehatu bat egitea. Izan ere, lurzoruen inbentarioan sartu gabeko eremu horretan hainbat arazo daude lurzoruaren kalitateari dagokionez, eta ez dago kutsadurarekin loturiko aurrekari ezagunik. Azterlan horren emaitzek bide emango dute, hala badagokio, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan ditzaketen lurzoruen inbentarioa eguneratzeko prozedura abiarazteko.
IV. 5. Kutsadura elektromagnetikoa
Atal honetan, telefonia mugikorreko eta telebistako antenek eta instalazioek, energia elektrikoa banatzeko sareek eta Internetera WIFI bidez konektatzeko sistemak sortzen dituzten uhin elektromagnetikoen igorpenari buruzko kexak sartu dira.
Azken urte hauetan, erakundeak arlo honen inguruan egin izan diren azterlanen jarraipena egin du batez ere. Alde horretatik, badirudi gaur arte ez dagoela inolako frogarik esateko kausa-efektu harremana dagoela telefonia mugikorreko antenek sortzen dituzten uhin elektromagnetikoen eta biztanleriaren artean gaixotasun larriak agertu izanaren artean. Halaber, kontuan hartu ditugu gisa honetako instalazioak arautzen dituzten udal ordenantzen kontra Estatuko Administrazioak egindako salaketen inguruan hartutako erabaki judizialak.
Horri dagokionez, komeni da Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia finkatu bat aipatzea (2009ko azaroaren 17ko epaia, 15 de junio de 2010eko ekainaren 15eko epaia eta 2010eko urriaren 5eko epaia). Horren arabera, "uhin elektromagnetikoen ziozko arrisku hori ezin da itxitzat hartu ikuspuntu zientifiko hertsi batetik", eta, beraz, Auzitegi Gorenak ezartzen du eska daitezkeela, komunikazioen gaineko ordenantzen bitartez, babes-neurri gehigarriak, bai estatuko araudian, hau da, irailaren 26ko 1066/2001 Errege Dekretuan esposizio elektromagnetikoetarako ezarritako mugak murriztuta, bai gune sentikor jakin batzuetarako (ikastetxeak, ospitaleak, parkeak eta lorategi publikoak) babes-distantziak ezarrita.
Auzi honen inguruan arretaz jardutea komeni da, ikerketa eta aurrerapen zientifikoek ekar dezaketenaren zain, eta hala jokatuta onetsi du Eusko Legebiltzarrak telefonia mugikorreko azpiegiturak ezartzeko legez besteko 37/2009 proposamena. Orobat, ikastetxe publikoetan eremu elektromagnetikoak neurtzeari buruzko 2010eko otsailaren 4ko mozioa onetsi da. Horren bidez, beste hainbat konturen artean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eskatzen zaio neur ditzala wifi teknologia erabiltzen duten Eskola 2.0 proiektuko ikasgeletako eremu elektromagnetikoak.
V. Ondorioak
• 2010. urtean, herritarrekin lankidetzan aritzeko eta haiekin komunikatzeko esparru egonkor bat garatzea izan da ingurumen-arloaren helburuetako bat. Horretarako, ahalegina egin da hemengo ingurumen-elkarteekin harremanak indartzeko, elkarte horiekin harreman iraunkorra izateko asmoz, eta, era horretan, haien jardueren berri izan eta haiekin lankidetzan aritzeko esparru egonkor bat sortzeko asmoz. Lankidetza-esparru edo bilera-foro hori, batez ere Ingurumena 2.0 proiektuaren barruan gune birtual bat sortuta garatuko da.
• Ingurumen-arloaren beste helburu estrategikoetako bat da ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzearen inguruko proposamenak aztertzea eta prestatzea. Testuinguru horretan, gomendio orokor bat egin da gardentasunari eta administrazio publikoen eskura dagoen eta ingurumenerako garrantzi berezia duen informazioa eskuratzeko eskubideari buruz. Txosten honetako IV. kapituluan, gomendio horren laburpen bat gehitu dugu.
• 2010. urtean, Arartekoak arlo honetan egin dituen jarduketa nagusiak banakoek eta elkarteek aurkeztutako kexen izapideak izan dira.
• Batez ere, erreklamazioen zioa izan da hainbat udalek ez dutela ezertxo ere egin tabernek, jatetxeek, supermerkatuek, elkarte gastronomikoek, gazteen lokalek eta arrandegiek sortzen dituzten zarata, eragozpen eta usainekin loturiko arazoak konpontzeko. Horrez gain, jarduera industrialek ateratzen duten zarataren arazoa planteatu da.
• Lurzoruaren kutsadurari dagokionez, hainbat kexa jaso ditugu, Barakaldoko bi gunetan lurzorua kutsatu edo eraldatu dela eta. Erakunde hau ofiziozko ikerketa bat izapidetzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoko Lur Kutsatuen 2007-2011ko Planaren jarraipena egiteko.
• Ingurumen-informazioa eskuratzeko arazoen inguruko kexei dagokienez, berriro ere nabarmendu behar dugu administrazioek bereziki arduratsuak izan behar dutela eskuratutako informazioa emateko, eta, hala badagokio, administrazio-bulegoetan dagoen informazioa zabaltzeko.
• Bestalde, oraindik alternatiba guztiak irekita daudelarik ingurumen-gaietan parte hartzea funtsezko elementua da erabaki on bat hartuko dela bermatzeko. Administrazioek beharrezko bitartekoak jarri behar dituzte erabakiak hartzeko prozesuetan eztabaida, parte-hartzea eta errespetua izan daitezen.
• Telefonia mugikorreko eta wifi sareetako antenak instalatzearen ondoriozko kutsadura elektromagnetikoari dagokionez, komeni da arretaz jarraitzea eremu elektromagnetikoek osasunean duten inpaktuaren inguruko ikerketen eboluzioa. Nolanahi ere, administrazioek esku hartu beharko dute instalazioak legezkoak direla kontrolatzeko, indarreko araudiarekin eta arlo hau arautzen duten udal ordenantzekin bat etorriz.
• Premiazkoa da 3/1998 Legea aldatzea, Eusko Jaurlaritzak administrazio-baimena behar duten edo aurretiaz jakinarazi behar diren jarduera eta instalazio gogaikarri edo kutsatzaileak arautu ditzan. Halako legerik ez dagoenez, zerbitzuak liberalizatzeari buruzko zuzentarauak eta estatuko legediak ezarritakoarekin bat etorriz, ziurgabetasun juridikoa sortzen ari da euskal administrazioen eta banakoen artean, eta hori lehenbailehen konpondu beharra dago.
7. Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak
I.?Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 44 kexa jaso dira guztira. Kexa horiek honako administrazio hauei buruzkoak izan dira:
− Tokiko administrazioa 22
− Foru administrazioa 13
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 12
Azpi-arloen banaketari dagokionez, kexen sailkapena ondorengoa da:
− Herri lanak eta azpiegiturak 15
− Garraioak 10
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 6
− Obrak egitea 6
− Beste alderdi batzuk 5
− Herritarren eskubideak 1
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 1
Arlo honetako kexen informazio estatistikoa, ekitaldia itxi den unean, honakoa da.
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 47 | 11 | 35 | 14 | 19 | 2 | 1 |
Aurreko urteetan hasitakoak* | 108 | 20 | 79 | 41 | 38 | 0 | 9 |
* Zifra orokorrei dagokienez, aurten arloak berrantolatu direnez eta, zehazki, Herri Lan eta Zerbitzuen arloa bi arlotan banandu denez, eta horren ondorioz epigrafe honekin bat ez datorren arloa sortu dela kontuan hartuz (hau da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoa, Ondasunak eta Zerbitzuak arloa eratu da), ezin da aurreko ekitaldiko eta ekitaldi honetako kexen bilakaerari buruzko konparazioa egin. Baina edozein kasutan ere, azpimarratzekoa da arlo hau banantzean, zerbitzu publikoei dagozkien kexen kopuru osoa nabarmen murriztu dela.
Jaso ditugun kexa gehienen tramitazio egoera arrazoizkoa da, izan ere, gure jarduna jaso ditugun kexa guztien ehuneko hirurogeita hamabostean burutu dugu, gutxi gorabehera, eta tramitazio fase desberdinetan bukatzeke geratu direnei dagokienez, laugarren hiruhilekoko kexak dira, baita aurreko hiruhilekoetako gutxi batzuk ere, alegia, arrazoi desberdinen ondorioz ebatzi gabe daudenak.
II. Jarduera-plana
Gure ohiko jardunaren funtsezko zati baten jatorria herritarrek aurkeztu dituzten banakako kexak dira. Hartara, jaso ditugun kexen tramitazioak hartu du arlo honetan gauzatu dugun lanaren zatirik handiena, eta gomendio edo iradokizun bat tramitatzea eragin duten espedienteak izan dira, beheragoko atalean zehaztuko dugun bezala.
Bestalde, kexa horietatik abiatuz, Arartekoaren erakundearen jarduera planak espedienteak ofizioz hastea aurrez ikusten du kexa horiek banakako ustezkotik haratago irits daitezkeen arazoak azaltzen dituztenean. Aurten, ofizioz espediente bakar bat hasi dugu azpiegitura proiektu baten inguruko publizitateari eta herritarren informazioari buruz, espedientea tramitatzen ari da, eta hori dela eta, une honetan ezin dugu jarduera horri buruzko azken balorazio bat egin.
III. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan, tramitatu ditugun kexen laburpen bat egingo dugu, kasuan kasuko azpi-arlo materialetan multzokatuta, ondorengo epigrafe hauen arabera.
III.1. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Administrazio publikoak bere zeregin legalak bete behar ditu espediente bat ezarritako prozedura administratiboaren arabera tramitatzeko, hau da, kasuan kasuko lege araudia aplikatu behar du, derrigorrezko tramite bat ere ahaztu gabe. Hala eta guztiz ere, batzuetan, prozedura formalki betetzeak, Legeak ezartzen dituen baliabideen eraginkortasun eta efikazia printzipioak kontuan hartu gabe, ondorio bidegabeak eragin ditzake, baita kalte antijuridiko nabarmenak ere, administrazioak bere jardunean behar besteko arreta ez izatearen eragina jasaten duten pertsonentzat.
Hausnarketa horren adibide gisa, Arartekoaren ebazpena, 2010eko otsailaren 17koa, izapidetu dugu, eta horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari iradokitzen zaio nahitaezko iragarkiak jartzeko irizpideak ezar ditzala, ordainketa egin behar duena hirugarren onuraduna denean. Jaso genuen kexak planteatzen zuen Sailak, desjabetzearen arloko iragarkiak sartzeko eskaeretan, iragarkiaren neurriari buruzko irizpideak zehaztu behar zituela, horien fakturak murritzagoak izan daitezen eta desjabetzearen onuradunentzat gutxieneko kostua eragiteko. Erreklamaziogilearen kasuan, iragarkietako batek orrialde osoa hartu zuen, eta beste batek, berriz, orrialde erdi. Testuaren edukiak ez zituen neurri horiek justifikatzen (hiru lursaili buruzkoa zen soilik). Kasuan kasuko sailak kasuan kasuko egunkarietan sartu beharreko iragarkiak ahal bezain merkeak izatea lortzeko ustezko guztietarako irizpideak orokorrean ezartzeko iradokizuna onartua izan zen.
III.2. Herritarren eskubideak
Herri administrazioek gauzatzea aurrez ikusitako plan eta proiektuei buruzko informazio eskaera herritarrek planteatzen diguten etengabeko gai bat da aurten ere. Herri lanen proiektuek eta azpiegiturek, zalantzarik gabe, eragin nabarmena dute herritarrengan. Oro har, proiektu horiek onuragarriak dira gehiengoarentzat etorkizunera begira, zerbitzuen erabiltzaile potentzial gisa, baina pertsona batzuek beren ondare edo eskubideetan zuzenean jasan behar dute plan edo proiektuen kaltea, eta ezinbestekoa da kalte horiek kontuan hartzea tramitazio publikoa egin behar denean eta proiektu jakin bat onetsi behar denean.
Kasuan kasuko proiektuarekin lotura zuzenagoa daukaten pertsona horiei eskaintzen zaien informazioaren kalitatea, erraztasuna eta xehetasunak lehenetsi behar dira eta, ahal den neurrian, informazioak pertsonalizatua izan behar du. Herri administrazioek proiektu batek interesdunaren etxeari eragingo dion ala ez jakiteko, edo gauzatu behar den obrak interesdunaren jarduera industrialerako sarrera zein neurritan baldintzatuko duen edo bere familiak ahalegin handiak eginez mantendu duen lurra desjabetuko dioten jakiteko kezkatuta dauden pertsonengana hurbiltzeko ahalegina egin behar dute.
Hartara, kasu batean, jabe batek esan zigunaren arabera, bazekien zer ari zen gertatzen eta espedientearen onespenari buruzko jakinarazpen ofizialak jaso zituen, baina, hala ere, ez zioten eman informazio zehatzik bere lurra zehazki zein neurritan okupatuko zen eta sarbidea nola konpondu zen jakiteko, eta horrek guztiak ziurgabetasun handia eragin zion.
III.3. Nahitaezko desjabetzea
Ekitaldi honetan ez dugu jaso nahitaezko desjabetzearekin lotutako inolako kexarik, funtzionamendua eta prozedurari buruzko epigrafean prentsako iragarkiei buruz aipatu dugun erreklamazioaz gain.
Edozein kasutan ere, hemen aipatuko ditugunak aurreko ekitaldikoak diren baina aurten burutu ditugun espediente batzuk izango dira. Horietan guztietan bereizgarri nagusia espedientearen ebazpenetan egon den atzerapen ikaragarria izan da, izan ere, batzuk duela hamar urte baino gehiago ere planteatu ziren, eta atzerapen horiek ez zuten inolako azalpen edo justifikaziorik.
Administrazioaren aurrean egindako eskaerak arrazoizko epe baten barruan ez ebaztea orokorrean salagarria baldin bada, desjabetzeko prozeduretako arreta falta eta atzerapenak are larriagoak dira, desjabetzen diren ondasunen okupazioa gehienetan premiazko okupazio sistemaren bidez egiten delako. Hartara, sistema horren bidez, administrazio eskudunak lehenbizi beharrezkoa den lurra okupatzen du, eta ondoren, balioespen espedientea tramitatzen du bi aldeak ez direnean ados jartzen balorazioari buruz.
Horrenbestez, oso larria da administrazioa ondasun desjabetua hainbat urtez erabiltzen aritu ondoren ere edo, nolanahi ere, ondasuna eskuragarri izan ostean ere, balioespen espedientea ebatzi gabe egotea. Gainera, duela gutxira arte, justizia auzitegietara jotzeak ez zituen balorazioari buruzko alderdiak behin betiko ebazten, izan ere, ebazpenak zehazten zuena administrazio desjabetzaileak balioespen espedientea tramitatzeko mandatua zen. Egoera hori hobetu egin zen Lurzorua eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin, izan ere, 185.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, prezio-orria formulatu denetik bi hilabete igarotzen badira eta ez baldin bada inolako ebazpenen berri eman, horren eragina jasaten duten pertsonak lurralde-desjabetzeko epaimahaira zuzendu ahalko dira balioespena behin betiko zehazteko. Hartara, bide bat irekitzen da administrazio desjabetzailearen jarduera falta ikusirik, horren eragina jasaten duten pertsonek ondasun desjabetuaren balorazioa lortzeko eta, desadostasun kasuan, bide judizialari ekiteko bide administratiboan zehaztutako prezio zehatz batekin.
III.4. Herri lanak eta azpiegiturak
Atal honetan aurten jaso ditugun kexak, alde batetik, azpiegiturak gauzatzean eragin diren kalteei buruzkoak izan dira (AHTaren lanen ondoriozko lur-jausiak, gaueko zaratak eta dardarak Donostiako trenaren lanengatik, sarbideak ixtea foru errepideetako trazadura berrien ondorioz, etab.). Beste kexa multzo bat errepideen eta landako bideen azpiegiturak hobetzeari eta/edo bide horien egoera eskasari buruzkoa izan da.
Adibidez, guraso elkarte batek kexa bat aurkeztu zuen ikastetxe pribatu baten sarrera desegoki eta arriskutsuagatik. Kexan aipatzen ziren bideak foru administraziokoak nahiz toki administraziokoak ziren. Foru administrazioak erantzun zuen hobekuntza lan jakin batzuk egiten ari zirela foru errepidean eragina izan zezakeen arloan. Bestalde, udalak adierazi zuen laguntzeko prest zegoela, baina erabakia haren eragina jasango zuen hezkuntza komunitateak hartu behar zuela ulertzen zuen. Hori guztia dela eta, elkarte interesdunari adierazi genion batzuetan, eta iraganean bereziki, eraikinak eraikitzeko baimenak eman izan direla kasuan kasu aurrez ikusitako erabileraren intentsitatea edo funtzioaren arabera egin beharreko urbanizazio obrak edo bide-sistema orokorren trazadurarekin lotzeko egokitzapen obrak egiteko eskatu gabe, baina horren ondorioa da ikastetxeko ekipamenduko sarbideak, kasu honetan lurzoru urbanizaezinean zeudenak, arras eskasak direla.
Azpiegitura desegoki horien arazoak konpontzeko, nahitaezkoa da adostasun batera iristen saiatzea eta lankidetza bilatzea, Hirigintza eta Lurzoruari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 6. artikuluan aipatzen den gizarte-itunaren printzipioaren arabera. Plangintza nahiz kudeaketa urbanistikoaren arloko hirigintza-araudiak eta legezko beste tresna batzuek (diru-laguntzak edo ekarpen bereziak, adibidez) arazo horiei aurre egiteko irtenbideak martxan jartzea ahalbidetzen duten hainbat teknika aurrez ikusten dituzte, irismen eta inplikazio maila desberdinekin, esparru publikoari nahiz pribatuari dagokienez, jardueraren titular eta/edo onuradunen kasurako, kasuan kasu hautatutako aukeraren arabera.
Errepideen arloan, azpimarratzekoak dira Donostiatik Gasteizera joateko norabideen seinaleztapenari buruz jaso ditugun kexak. Interesdunek beren kexetan ziotenaren arabera, Gasteizera joateko, N-1 errepidea hartzeko aukera aipatu beharrean, seinaleztapenak AP-1 autopista berria eta AP-8 autopistari soilik egiten die erreferentzia, biak dira bidesaridunak, eta interesdunen ustez, egoera hori gehiegizkoa da eta irabazi asmoa agerikoa dela iruditzen zaie. Gipuzkoako Foru Aldundiak, alegia, Lurralde Historiko horretako errepideen seinaleztapenaren eskumena duen administrazioak, orientatzeko seinaleztapena prestatzeko erabiltzen diren oinarri metodologikoak azaldu zizkigun. Antza denez, seinaleztapena argitasun, soiltasun eta uniformetasun printzipioen arabera lantzen da, horretarako egin diren arau teknikoen arabera, bidegurutzeetan zein helmuga aipatu behar diren zehazteko. Salatu den kasu horretan, zehazki, Sailaren azalpenen arabera, aipatutako irizpide eta arauak aplikatuz gero, Donostia eta Gasteizen arteko bidea AP-8 eta AP-1 autopistetatik egiten dela ondorioztatzen da; gainera, hori da, hain zuzen ere, biderik laburrena, eta horrez gain, azpimarratzekoa da bidegurutzean aipatzen diren helmugetako bat N-1 Tolosa dela.
Landa bideei dagokienez, bideen egoera kaskarraren eta udalen ekintza faltaren inguruko kexak aurkeztu dira. Gaia korapilatsua da, izan ere, landa eremuko udalerririk handienek kilometro asko zaindu behar dituzte, baina baliabide mugatuak dituzte horretarako. Beste txosten batzuetan ere azaldu dugun bezala, garrantzitsua da udalek esparru horretan epe luzerako politika bat ezartzea, esku-hartze edo sustapen eremuak zehaztea diru-laguntzen bidez (adibidez: publikoak ala pribatuak diren kontuan hartuz); bideen erabilera intentsitatea, garatzen den jarduera ekonomikoa (nekazaritzako jarduera profesionalak) edo egokitzat jotzen diren beste irizpide batzuk aintzakotzat hartuz zein bidetan inbertitzea lehenesten den definitzea, eta kasuan kasurako egokia den publizitatea egitea interesdun guztiek horren berri izan dezaten.
Informazio eta gardentasun politika hori erabilgarria izango litzateke bide horiek erabiltzen dituzten herritarrek hobeto uler dezaten zergatik onesten diren proiektu batzuk eta beste batzuk ez; izan ere, hori positiboa izango bailitzateke komunikazio faltak eragiten duen mesfidantza ezeztatzeko. Gai hauetan izan dugun esku-hartzearen helburua izan da toki administrazioek beren inbertsio politikak zehazteko autonomia osoa duten arren, beren ahalmen diskrezionala nola erabiltzen duten behar beste arrazoitu behar dutela azpimarratzea. Are gehiago, udalaren esku-hartzea diru-laguntzen bidez gauzatzen denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ondorengo printzipio hauek derrigorrez bete behar direla zehazten du:
a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibitatea, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
b) Eraginkortasuna, Administrazio egilesleak ezarritako helburuak betetzean.
c) Eraginkortasuna, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzerakoan.
III.5. Herri administrazioen ondarea
Aurten burutu dugu pertsona bati foru errepide batean eragindako kalteen gastuak egotzi nahi zizkiotelako aurkeztutako kexa baten inguruko esku-hartzea. Hain zuzen ere, Arartekoaren 2010eko maiatzaren 26ko ebazpenari buruz ari gara mintzatzen. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailari gomendatzen zaio eraginik gabe utz dezala kalte-ordainengatiko ebazpena, betearazteko agindu bat bete ez izanagatik.
Administrazio ekintza baten betearazte subsidiarioa aplikatu ahal izateko, xedatutako agindu edo mandatu bat bete ez denean, aldez aurretik ohartarazpen bat egin behar da, nahi eta nahi ez, administrazio ekintzaren betebeharpekoak boluntarioki bete dezan agintzen zaiona, eta horretarako, zentzuzko epea eman behar zaio, agindua betetzeko nahikoa izan beharko duena. Horrez gain, agindua bete ezean, nahitaez betearaziko dela ohartarazi behar zaio. Nahitaezko betearazpenaren legezko baldintza da egindako errekerimendua betetzearen aurreko "benetako erresistentzia" agertzea, eta baldintza hori betetzeak dakar errekerimendua egin ote zen eta erresistentzia egon ote den aztertzea.
Betearazpen aginduak ezin du orokorra izan; aitzitik, baliozkoa eta eraginkorra izan dadin ezinbestekoa da jabeak gauzatu behar dituen obrak zehaztea. Horrenbestez, zehaztasunak eman ezean, Administrazioaren errekerimendua zuzenbidearen kontrakoa dela ulertzen da. Laburbilduz, xeheki, zehazki eta behar bezala adierazi behar da zein diren gauzatu behar diren obrak. Kasu honetan, interesdunari ez zioten eman agintzen zitzaiona zer zen jakiteko adina zehaztasun eta, horrez gain, ez zitzaion eman agintzen zitzaiona betetzeko bestekoa zen zentzuzko eperik. Horrenbestez, igorritako likidazioa ez dela zuzena izan ondorioztatu dugu. Hartara, igorritako likidazioa eraginik gabe uzteko gomendatu zuen erakunde honek, eta foru sail interesdunak gomendioa onartu zuen.
III.6. Garraioak
Herritarrak beren ibilgailu partikularra ohiko garraiobide gisa ez erabiltzeko konbentzitzeko, herri administrazioek derrigorrez hartu behar dituzte garraio publikoko zerbitzu egokia eta erabiltzaileen beharren araberakoa eskaintzeko neurriak, erabiltzaileek ibilbideei, ordutegien luzapenari, segurtasuna eta erosotasunari eta abarri buruz eskatzen dituzten baldintzak kontuan hartuz.
Halaber, dirudienez, egun konkurrenteak diren garraio zerbitzuak zerbitzu osagarri bihurtzeko eskatzen dute hiritarrek, eta horretarako, ezinbestekoa da operadore desberdinen artean koordinazio handiagoa lortzea, dauden garraiobideak lotu ahal izateko eta zerbitzuak bikoiztea ekiditeko. Horrela, eskuragarri dauden baliabideak eraginkortasunez eta modu ezin hobean erabiltzea lor daiteke, eta horrez gain, energia aurreztea eta ingurumenaren gaineko kaltea murriztea lortzen da.
Hori ere helburuetako bat dela kontuan hartuz, Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana onartu du, eta horren bidez, hiriko garraiobide-lineen eredua sakonean berrantolatu da. Erabiltzaileek ezarri diren ibilbide berrietako batzuen inguruko erreklamazioak aurkeztu dituzte. Horri dagokionez, azpimarratzekoa da interesdunek beren etxetik kasuan kasu hartu beharreko garraiobidera iristeko tartea nabarmen areagotu dela adierazi dutela, baita ibilbideen iraupena areagotu egin dela garraiobide-aldaketak egin behar dituztelako eta horien maiztasunak ez daudelako koordinaturik. Horri dagokionez, gailentzekoa da urtebete igaro dela ibilbide berriak ezarri zirenetik eta antzeman diren disfuntzioak kontuan hartuz antolaketa berriz egokitzen ari dela.
Bestalde, aipatzekoa da udal garraio zerbitzuak ezarritako garraiobide berrietarako, tranbiarako, adibidez, tarifa sistemetan aurrez ikusten zituen hobarien (ikasle-txartela eta txartel soziala) aplikazio faltarekin lotutako erreklamazioak jaso direla. Horri dagokionez, esan beharra dago Gasteizen hiriko garraio zerbitzu publikoa eskaintzen duen enpresa TUVISA udal sozietate anonimoa dela, eta tranbia, berriz, Eusko Tranek kudeatzen duela. Eusko Tran Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailera atxikita dagoen enpresa bat da.
Bestalde, erakunde honetan hainbat salaketa jaso ditugu beste gai baten inguruan, izan ere, Mugikortasunaren Plan hori martxan jarri zenetik, Gasteizko garraio publikoko konpainiak bikien aulkitxoak hiriko autobusetan sartzea debekatzea erabaki zuen. Horri dagokionez, azpimarratzekoa da TUVISA enpresak txosten luze bat helarazi zigula. Txosten horretan, autobusen barruko azelerazio eta balaztadek eragiten dituzten segurtasun arazoei buruzko ohar batzuk jaso ziren, baita umeek hiriko garraiobide publikoetan nola bidaiatu behar duten araututa ez egoteari buruzkoak ere.
Hala eta guztiz ere, Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak al datu egin zuen Bidaiarentzako Hiri Garraio Kolektiboaren Zerbitzua emateko Araudiko 81. artikulua, eta horrela, bikien aulkitxoak hiriko garraiobideetan sartzea baimendu zuen, baina ondorengoa ohartaraziz:
"Haur kotxea daramaten helduei ondokoa ohartarazten zaie: -Ez dago homologatutako gailurik autobusetan tolestu gabeko kotxeetan doazen haurrek segurtasunez bidaia dezaten. -Gerta daiteke haurrei eusteko aulkietan dauden uhalek ECe44/o4 araudia, zeinek arautzen baititu haurrei eusteko sistemak, ez betetzea. -Sabelean eta hiru puntutan lotzen diren uhalak ez dira gomendagarriak segurtasun neurri gisa ibilgailuetan bidaiatzen duten haurrentzat. -Bikientzako aulkiek beste arrisku bat ere badute, hain zuzen ere pisuen banaketa ez orekatua, zeinek erortzea eta irauli egitea errazagoa izan dadin ahalbidetzen baitu larrialdiko galgatzea, talka edo indar zentrifugoaren eragina badago".
Horren harira, TUVISA enpresak jakinarazi zigun 2009ko hirugarren hiruhilekotik aurrera merkatuan autobusetarako umeentzako aulkitxo bereziak eskuragarri jarri direla, baina, dirudienez, ezin dira orain arteko autobusetan muntatu, horretarako beharrezkoa delako autobusek ez daukaten euskarri bat izatea. Hala ere, TUVISA enpresaren Administrazio Kontseiluak erabaki zuen etorkizunean ibilgailuak eskuratzen direnean ibilgailu bakoitzean umeentzako bi aulkitxo izateko zuzkidura barne har dadila.
Bestalde, azpimarratzekoa da familia ugariei hobariak aplikatzearen inguruan gaur egun kexa jakin batzuk aurkezten jarraitzen dela. Hartara, adibidez, Galdakaoko familia batek herri horretan izan zuen arazo bat aipa genezake. Zehazki, hobaria 40/2003 Legeak, Familia Ugarien Babesari buruzkoak, zehazten duenaren arabera, Galdakaotik Bilbora joateko behar duten txartel konbinatua, urtekoa, erabiltzeko aplikatzeko arazoak izan zituen. Eusko Tren erakundeak azaldu duenaren arabera, arazoa zen txartelak banatzen dituzten makinak kasuan kasuko murrizketarako egokitu behar direla. Makinak egokitu egin ziren eta lehen eskuratutako bonuetan murrizketari zegokiona itzuli zitzaien.
Bukatzeko, gogoan izan behar dugu arazo horiek guztiek eragin berezia dutela minusbaliotasunak dauzkaten pertsonengan, izan ere, pertsona horiek, gaur egun ere, gainerako herritarrek baino garraio egokituko eskaintza murritzagoa daukate. Ekitaldi honetan landu diren gai zehatzak minusbaliotasunak dauzkaten pertsonen arlo espezifikoan aztertuko dira.
Edozein kasutan ere, bukatzeko, aipatzekoa da ezinbestekoa dela banakako arazo horiez haraindi joatea eta garraio azpiegituren analisi globala egitea, eta ondorioz, garraio publikoaren erabilerraztasunari buruzko txosten berezi bat egitea erabaki dela. Dokumentu honen helburua da egoeraren benetako irudi bat izatea lortzea, eta horrela, gizarteari eta erakunde eskudunei irudi hori helaraztea, antzemandako defizitak gainditzea ahalbidetzen duten erabaki estrategikoak hartu ahal izateko. (ikus txosten honetako V.2 kapitulua).
IV. Ondorioak
Jaso diren kexa gehienak azpiegitura handiak egikaritzeko proiektuen ondoriozkoak dira, adibidez, AHT eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren menpe dagoen Eusko Tranbide Sarearen (ETS) eskumeneko trenbide sarearen banaketaren ingurukoak. Oro har, kexak honako arrazoi hauen ondorioz planteatu dira: obrek etorkizunean eragin negatiboak ditzaketelako beraientzat, edo kasuan kasuko proiektua egikaritzeko lanek, behin-behinean, kalte jakin batzuk eragiten dizkietelako beren eguneroko bizitzan.
Lehenago ere askotan esan dugun bezala, proiektu handi horien eraginak jasaten dituzten pertsonek arazoak izaten dituzte arrazoizko informazioa eman ahal dien eta dituzten zalantzak argitu ahal dizkieten solaskideak aurkitzeko. Lan horien eragina zuzenean jasaten duten interesdunen ezinegona zati handi batean konponduko litzateke erreferentziazko arduradun bat izango balute eta arduradun horrek, behar besteko prestakuntza teknikoa eta proiektuaren gaineko ezagutza izanik, interesdunen zalantzak argituko balitu. Proiektu horien eragin zuzena jasaten dutenen kolektiboaz gain, kontuan hartzekoak dira ere auzokideen interesak defendatzen dituzten kolektiboen ordezkariak. Batzuentzat zein besteentzat, administrazio eskudunek, bide formal hutsez haraindi, bide eraginkorrak aurrez ikusi beharko lituzkete azpiegituren proiektuen tramitazioa eta informazioaren esparruan.
Horrez gain, behin baino gehiagotan jaso ditugu toki esparruan urbanizazioak egikaritzeko proiektuekin lotutako erreklamazioak, baita foru eskumeneko errepideekin edo landako bideen mantentze-lan eta hobekuntzarekin lotutakoak ere. Azken alderdi horri dagokionez, herritarrek sarrien planteatzen dituzten gaiak landako bide batzuetan inbertsioak noiz egingo diren edo zergatik egin diren edo ez diren egin jakiteko galderak aurkeztu ondoren erantzuna edo zehazpena jaso ez izanarekin lotuta daude. Administrazioek behar beste justifikatu behar dute beren inbertsio politika, baita epe ertainerako aurreikuspenei dagokienez ere, arbitrariotasuna eta diskriminazio-tratuarekin lotutako gaitzespenak ekiditeko.
Bukatzeko, azpimarratzekoa da herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutela garraio publikoen koordinazio eta funtzionamendua hobea izan dadila garraio publikoa ibilgailu pribatua ez erabiltzeko aukera eraginkorra izan dadin, eta zerbitzuak hobetzeko ezinbestekoa da kasuan kasuko administrazio guztiek elkarrekin lan egiteko ahalegin handiak egitea. Arlo horretan aurrerapausoak eman direla ikusi da, esaterako, txartel bakarraren aldeko neurriak hartu dira Bizkaian, Gipuzkoan edozein garraiobidetan erabiltzeko ordainketa-txartel bateratuak lortu dira, Eusko Tran eta TUVISAren txartelen interoperatibitatea Gasteizen, baina hala eta guztiz ere, oraindik bide luzea egin beharko da garraiobideak erabiltzaileen aldarrikapenetara egokitzeko.
8. Jarduera ekonomikoaren antolamendua
I.?Arloa kopurutan
2010ean 30 kexa jaso dira arlo honetan, alegia, erakundeak urte osoan zehar tramitatu dituen kexen %2,29.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 14
− Foru administrazioa 5
− Tokiko administrazioa 3
Azpi-arloak, berriz, honakoak izan dira:
− Merkataritza, turismoa eta kontsumoa 10
− Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak 7
− Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria 7
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 5
− Beste alderdi batzuk 1
Txosten hau ixteko orduan, arlo honetako estatistika datuak honako hauek dira:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | |
2010ean hasitakoak | 22 | 10 | 12 | 3 | 9 |
II.?Kexarik aipagarrienak
II.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Atal honetan aurtengo ekitaldian azpimarragarriak izan dira industria arloan gauzatu ditugun esku-hartzeak. Horri dagokionez, aipatzekoa da herritar batek 2009ko irailean aurkeztu zigun kexa bat. Zehazki, 2009an ibilgailu bat erosi zuen Euskadi 2000 Plana 2009 planera atxikita zegoen kontzesionario batean, baina ezinezkoa izan zaio planean aurrez ikusten diren laguntzak eskuratzea, aurrekontu faltagatik. Ezin izan zituen 2009an ibilgailuak erosteko aurrez ikusitako diru-laguntzak eskuratu, eta, horrez gain, aurtengo ekitaldirako aurrez ikusitakoak ere ezin zituen eskuratu, diru-laguntzak 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutako ibilgailuentzat bakarrik ematen direlako.
Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailean erreklamazio bat aurkeztu zuen bere kexa hori azaltzeko, eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren erantzuna jaso zuen. Erantzun hartan, diru-laguntzen programa guztiek indarraldi zehatz bat eta aurrekontu bat esleituta dauzkatela azaldu zioten, baita horien guztien eskuragarritasuna aurreko baldintzetako bat gertatzen zenean bukatzen dela ere, eta horixe da, hain zuzen ere, kasu honetan gertatu dena.
Hala eta guztiz ere, kexa aurkeztu zuen interesdunaren ustez, ekitaldi honetarako aurrez ikusitako diru-laguntzek atzeraeragina izan beharko lukete, hau da, ibilgailua iaz erosi zuten eta aurrekontu faltaren ondorioz diru-laguntzarik eskuratu ezin izan zuten pertsona guztiei ere eman beharko litzaizkieke.
Interesdunaren kexa irakurri ondoren, Baltzuaren webgunera jo genuen, eta han, informazio-ohar bat ikusi genuen. Ohar hartan, salmenta-agenteei espresuki ohartarazten zitzaien salmenta eragiketak eskaerari eutsiz eta ibilgailuen entrega eta matrikulazioa atzeratuz egin zitezkeela, hots, bai 2010ekoak, bai 2009an kupoa agortu zelako gauzatzeke geratu zirenak, 2009an matrikulatutakoak nahiz 2010ean oraindik entregatu eta matrikulatzeke daudenak.
Sozietateko langileekin harremanetan jarri ginenean, ohar horren bidez ibilgailuak erosteko diru-laguntzetarako eskaerak egiteko epea ireki zela azaldu ziguten. Deialdi berriak 2009an matrikulatu ziren eta beren garaian aurrez ikusitako diru-laguntzak eskuratu ezin izan zituzten ibilgailuak barne hartzen zituen. Kexaren interesdunari horren berri eman genion, eta, aldi berean, bere salmenta-agentearekin harremanetan jartzeko esan genion, bere eskaeraren egoera zein zen egiazta zezan.
Mezu elektroniko baten bidez, bere eskaera tramitatuta zegoela eta diru-laguntzak jasotzen hasiak zirela erantzun zigun; hortaz, denbora kontua zen eskatutako guztiak jasotzea.
Beste alde batetik, aipatzekoa da beste zenbait kexatan adierazitakoaren arabera, aplikatzen den araudian ezarritako baldintza guztiak bete arren, enpresak eratzeko eskatutako laguntzak ukatu zitzaizkiela interesdun batzuei. Eskaerak 328/2003 Dekretuan, abenduaren 23koan, jasotakoaren arabera formulatu ziren. Bertan, pertsona langabetuek eratutako enpresak sortzen laguntzera bideratutako laguntzak arautzen dira.
Hala ere, erakunde honek egindako analisian, xedapen horren 41.3. artikuluak honakoa ezartzen duela egiaztatu genuen:
"Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera eman beharreko laguntza guztien bolumena ez da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan urtero ezarritako kopurua edo berori gaurkotuta ondorioztatzen den kopurua baino handiagoa izango, indarrean dauden legeetan aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera. Ez da egongo, horrenbestez, beste laguntza batzuk ematerik behin zenbateko hori agortu ondoren, eta horrela eskatzen direnak ukatu egingo dira. Hala egokituz gero, bi egoeren berri emango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez".
Egiaztatu genuenaren arabera, abenduaren 23ko 328/2003 Dekretu horretako IV. Kapituluan aurrez ikusten diren diru-laguntzak emateko 2010erako funtsak 2010eko martxoaren 18an agortu ziren. Hartara, Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordearen 2010eko maiatzaren 5eko ebazpenaren bidez, aurrekontuan jasotako zenbatekoari eman zitzaiola egiaztatu genuen. Ebazpena 2010eko maiatzaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 94 zenbakian argitaratu zen.
II.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Aurreko urteetan bezala, atal honekin lotuta jaso ditugun kexa gehienak enpresa pribatuen jardunari buruzkoak izan dira; baina erakunde honek ezin du arlo horretan esku hartu, Euskal Administrazio Publikorik ez delako tartean egon. Telefonia enpresen jardunak dira Arartekoan 2010ean erabiltzaileek aurkeztu dituzten kexen jatorri nagusia, eta, horien barruan, telefono mugikorreko zerbitzuekin lotutakoak gailendu dira, esparru hori izan baita kexa gehien eragin dituena.
Oro har, kexak aurkeztu dituzten interesdunei jakinarazi diegu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritza direla kexa horiek izapidetzeaz arduratzen direnak. Horrez gain, planteatzen ziguten gai zehatzari buruzko informazio interesgarria ere helarazi diegu.
Esparru honetan gure esku-hartzea eragin duten kexak, ohi bezala, pertsona interesdunek aurkeztu dituzte ez daudelako ados erakunde honek, administrazioko arau-hausteren bat egon denik ez duenean egiaztatu, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailaren Kontsumo Zuzendaritzaren aurrean kontsumoaren arloan sustatzen diren erreklamazioak artxibatzearekin.
Erakunde honek behin baino gehiagotan azpimarratu du, batetik, beharrezkoa dela ahalegin handiago bat egitea, eta, horrela, herritarrei azaldu ahal izatea kontsumitzaile eta erabiltzaileek planteatzen dituzten erreklamazioekin aurrera jarraitzea ezinezkoa dela erabakitzeko arrazoiak zein izan diren, eta bestetik, egoitza administratiboetan jasotzen diren erreklamazioen kopurua oso altua izateak ezin duela oztopatu erreklamazioa artxibatzea eragin duten arrazoiak zehaztea.
Behin, kexa artxibatu zela jakinarazi ere egin ez zenez, interesdunak informazioa eskatu zuen administrazio erantzukizunak exijitu ahal ziren jakiteko; izan ere, bere ustez oso tramitazio eskasa gauzatu baitzen.
Kexa sustatu duen pertsonak emandako datuen harira jakinarazi genion ondare erantzukizunagatiko balizko erreklamazio batera bidera litekeela, agian, baldin eta interesdunak uste bazuen jarduera administratiboak jasan behar ez dituen kalteak eragin zizkiola. Ondare erantzukizuna hemen dago araututa: Herri Administrazioen Prozeduren Araudia, ondare erantzukizunaren arlokoa, martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuak onetsia.
II.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
Sarritan, Autonomia Erkidego honetako herritarrek erakunde ekonomiko eta finantzarioekin dituzten harremanetan izaten dituzten arazoak helarazten dizkigute.
Zehazki, hori ez da Arartekoaren esku-hartzearen barruko esparru bat; izan ere, finantza- eta kreditu-erakundeen jardunaren kontrola ez baitago otsailaren 27ko 3/1985 Legeak, Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duenak, erakundeari ematen dizkion eskumenen barruan: hala eta guztiz ere, pertsona horiek orientatzen saiatzen gara, hau da, beren erreklamazioak eta kexak organo eskudunei aurkezteko informazioa ematen diegu.
Bankuek barneko erreklamazio-zerbitzu bat daukate. Zerbitzu horren goiko maila Banco de Españaren Erreklamazio Zerbitzua da, eta horrek gainbegiratzen ditu erabiltzaileek bankuen funtzionamenduarekin lotuta aurkezten dituzten kexak. Zerbitzu horri dagokio gehiegikeriazko ekintzarik egon ez dadila eta bankuen arloan indarrean dagoen legeria uneoro bete dadila ziurtatzea.
Hala ere, aintzat hartu behar da Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak BGAEei buruzko fiskalizaziorekin lotutako gaitasun batzuk onartuta dauzkala. Ebazpen horiek, EAEko organo batetik datozen neurrian, Arartekoak analiza ditzakeen alderdiak dira.
Krisi ekonomiko eta finantzarioko egungo egoera herritarrek planteatzen dizkiguten kontsulten edukian islatu da. Herritarrak kezkatuta daude banku batek une horretara arte dohainik eskaintzen zuen zerbitzuren bat emateagatik komisioa kobratu edo komisioak areagotu ditzaketela uste dutelako. Horrez gain, adineko pertsonei beren inbertsio-ezaugarriekin bat ez datozen produktu finantzarioak saltzen dizkietela-eta haserreturik agertu dira, baita une honetan pentsio plan bat ezin erreskatatu izateagatik ere. Hala eta guztiz ere, erakunde honetara jo duten pertsonek mahaigaineratu duten arazorik larriena etxebizitzarekin dago loturik. Hau da, beren etxebizitza erosteko ordainketari aurre egiteko finantzaketa lortzeko aurkitzen dituzten zailtasun handiengatik (askotan gaindiezinak ere direnak), hipoteka kredituen kuotak ordaintzea ezinezkoa zaiela-eta oso egoera zaurgarrian geratzen direlako eta beren etxebizitza ordainean ematea eragiten duten akordioetara iritsi behar direlako aurkeztu dituzte kexak.
III.?Ondorioak
Oro har, azpimarratzekoa da arlo honetan landu diren kexak gutxi direla; baina, guztien artean, kontsumoaren arlokoak dira azpimarragarrienak, eta gure jarduera esparrutik kanpo egoteagatik baztertuak izaten dira. Funtsezkotzat jo ditzakegun zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonek planteatzen dituzten salaketak dira, alegia, gasa, elektrizitatea nahiz telefonia zerbitzuen hornikuntzarekin lotutakoak, besteak beste. Zerbitzu horiek gure eskumenetatik kanpo dauden enpresa pribatuek eskaintzen dituzte; izan ere, gure Autonomia Erkidegoko Administrazio publiko bat ere ez dago tartean.
Horren harira, azpimarratzekoa da kasu gehienetan interesdunei planteatzen duten gaiaren arloko araudi esparruaren berri eman geniela eta beren eskubideak defendatzeko zein erakundetara jo behar duten azaldu geniela.
Horrez gain, Sarritan, Autonomia Erkidego honetako herritarrek erakunde ekonomiko eta finantzarioekin dituzten harremanetan izaten dituzten arazoak helarazten dizkigute.
Zehazki, hori ez da Arartekoaren esku-hartzearen barruko esparru bat; izan ere, finantza- eta kreditu-erakundeen jardunaren kontrola ez baitago otsailaren 27ko 3/1985 Legeak, Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duenak, erakundeari ematen dizkion eskumenen barruan: hala eta guztiz ere, pertsona horiek orientatzen saiatzen gara, hau da, beren erreklamazioak eta kexak organo eskudunei aurkezteko informazioa ematen diegu.
Egungo krisi egoeran, herritarrek mahaigaineratu duten arazorik larriena etxebizitzarekin dago loturik. Hau da, beren etxebizitza erosteko ordainketari aurre egiteko finantzaketa lortzeko aurkitzen dituzten zailtasun handiengatik (askotan gaindiezinak ere direnak), hipoteka kredituen kuotak ordaintzea ezinezkoa zaiela-eta oso egoera zaurgarrian geratzen direlako eta beren etxebizitza ordainean ematea eragiten duten akordioetara iritsi behar direlako aurkeztu dituzte kexak.
9. Herri-administrazioen zerbitzuko langileak
I.?Arloa kopurutan
Arartekoaren erakundeak 106 kexa jaso ditu herri-administrazioaren zerbitzurako langileen arlo horretan. Kopuru hori 2010. urtean izapidetutako kexa guztien %8,08 da.
Kexa horiek honako administrazioei eragin diete:
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 58
− Tokiko administrazioa 20
− Foru administrazioa 8
− UPV/EHU 5
Haien edukiari dagokionez, kexak honako azpi-arloei egon dira lotuta:
− Funtzio publikoan sartzeko hautaketa prozedurak 22
− Ordezkapenak 21
− Beste alderdi batzuk 16
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 8
− Lizentziak eta baimenak 8
− Diziplina araubidea 6
− Lanpostuak betetzea 5
− Herritarren eskubideak 4
− Lansariak 4
− Hizkuntz normalizazioa 3
− Prestakuntza 2
− Lanpostuen balorazioa 2
− Laneko jazarpena 1
− Barne sustapena 1
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 1
− Lanpostuen zerrenda 1
− Administrazio egoerak 1
Aurten kudeatutako kexen izapidetzearen xehetasunei dagokienez, azpimarratu behar da, 2010ean jasotako kexa guztietatik –2009an bukatzeke geratu zirenak baino gehiago–, txosten hau idazterakoan, haien egoera honakoa dela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 91 | 51 | 29 | 10 | 19 | 11 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 62 | 19 | 33 | 8 | 25 | 10 |
Datu horiek guztiak ikusita, adierazi behar dugu, aurreko ekitaldian izapidetu zirenen aldean, jasotako kexen kopurua murriztu egin dela. Egoera horren zioa, hein batean, honakoa da: aurreko urtean, ingurumen zientzietan lizentziatuek irakasleen ordezkapenei buruzko kexa asko agertu zituzten. Hori kontuan izanda ere, jasotako kexen kopurua murriztu egin da aurreko ekitaldien aldean.
Orokorrean, kexek ukitutako administrazioak harkor agertu dira eta erakunde honi behar zuen laguntza eman diote. Hala ere, oztopotzat baino ezin har daitezkeen jarrerak ere bizi izan ditugu. Hala jokatu du Derioko Udalak. Udal horren laguntza falta etengabea dela-eta, ezin izan ditugu argitu udal langile batek izatez burutzen ari omen den eginkizunei buruzko balizko aldeak. Langile horrek lehenago ere jo zuen erakunde honetara kexu beste lanpostu batera atxiki zutela-eta. Hola, udal administrazio horrek argibideak emateko betebeharrari uko egiteak txosten hori argudioetan oinarrituta ebaztea galarazi digu.
II. Jarduera-plana
Erakundearen antolakuntzari eta arloen egiturari buruz onartutako erreformaren arabera, herri-administrazioen zerbitzurako langileen arloa arlo materialak izenekoen baitakoa da.
Halako arloetan jarduera gehienak jasotako kexek dakartzate. Horregatik erabaki dugu jarduketa planetan datozen adierazleak xehetasunez aipatzea. 2010. urte honetan erantzuna eman zaien unean uneko jarduketak baino ez ditugu nabarmenduko.
Haien artean, lehenbizi, familia eta lan premiak kontziliatzeko neurri gisa lanaldia murriztu edota egokitzeko eskabideei buruzko gomendio orokorra aipatuko dugu. Hura txosten honetako IV kapituluan dator eta haren irakurketari lotuko gatzaizkio.
Gomendio hori 2010. urte honetan, UPV/EHUren lankidetzaz antolatzen ditugun udako ikastaroen esparruan, burututako jardunaldian egindako hausnarketako batzuen emaitza da eta honako izenburua dauka: "Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko bidean".
Bestalde, aipatzekoa da enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunen eta zerbitzuen transferentzia onartuen esparruan giza baliabideak eskualdatzeari dagokionez erabaki dugun jarraipen lana. Hura jasotzen duen dekretua honakoa da: 289/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (azaroaren 16ko EHAA) (akatsen zuzenketa abenduaren 3an argitaratu da).
Halaber, espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten irakasleei eta erlijioko irakasleei dagokienez jarraipen lan berbera egiteko asmoa daukagu.
III. Kexarik aipagarrienak
III.1. Hautapena
2010ea, zenbait hautapen prozesuren antolakuntza irizpide batzuez arduratu behar izan dugu.
Hola, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak 2008an egindako lan eskaintza publikoari dagozkion zenbait hautapen prozesuk aukera eman digute hautagai batzuek azterketaren eguna atzeratzeko edo hura egiteko lekua aldatzeko egindako eskaerei eman beharreko trataera aztertzeko. Hautagai horien ustez euren egoerak ez die aukerarik ematen iragarritako denboran eta tokian azterketara aurkezteko. Hautagaiok gertaeren unean haurdun zeuden eta, aurreikusten zenez, Osakidetzak hautapen prozesu haietako oposizioko azterketarako ezarri zuen dataren inguruan erdituko ziren.
Gure azterketaren ondorioak hemen jaso dira: Arartekoaren ebazpena, 2010eko urtarrilaren 26koa. Horren bidez, amaitutzat ematen da hautagaiek oposizioko azterketa beste egun edota leku batean egiteko, deitutako azterketara joatea galarazten dien kausa justifikatua dela-eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari egindako kexen azterketa.
Irakaskuntzan, ordea, erakunde honetara jo duen pertsonak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bigarren hezkuntzako irakasle taldean sartzeko iragarri zuen hautapen prozesuan parte hartu zuen eta, halaber, interesa izan zuen hizkuntza eskola ofizialen ingeleseko C1 gaitasun mailaren ziurtagiria ateratzeko azterketa libreetarako deialdian. Pertsona horrek hautapen prozeduraren aurkezpen ekitaldira joatek betebeharra dispentsatzeko aukera eskatu zuen, ingeleseko azterketa egiteko eguna eta hautapen prozesuaren aurkezpen eta argibide ekitaldiaren eguna bat zetozelako.
Erakunde honek badaki zer garrantzitsua den lehiaketa prozedurak behar bezala arautzea eta horregatik ulertzen dugu hezkuntza administrazioak badaezpadako neurriak, hala nola hautapen prozesuaren aurkezpen ekitaldia derrigorrezkoa izatea, jarri izana. Hala ere, gure harridura adierazi behar izan dugu aurkezpen horretara ez bertaratzeak ekar ditzakeen ondorio hain larriengatik, oinarriek eurek prozesutik kanpo geratzeko aukera xedatzen baitute. Horregatik, hain zuzen ere, gure aburuz, auzitegiei zuhurtasun eta zorroztasun handia eskatu behar zaie behin-behineko salbuespenak onartzeko aukera baloratzerakoan, ondo ulertuta, hots, lan hori erabakitzeko duten tartean sartzen bada ere, ebazpenak ondo oinarritutako eta arrazoitutako jarreraren emaitza izan behar dela, aztertutako kasuan azkenean gertatu zen bezalaxe.
Epigrafe honetan Ertzaintzaren oinarrizko eskalan agente kategorian sartzeko hautapen prozeduratik kanpo utzi ziren interesdun batzuek bultzatutako kexa ere aipatu nahi dugu. Interesdun horiek tratu iraingarri eta laidogarria pairatu zuten polizia eskolan Ertzaintzan sartzeko prestakuntza ikastaroa egiten zuten bitartean eta zero puntu eman zitzaien soziograma izeneko proban; azken inguruabar horrek eragin zuen praktika fase hori gainditu ez izana.
Administrazioarekiko auzietako auzitegian interesdun horiei buruz emandako ebazpenek ez digute biderik eman taldeko pertsonen arteko harreman arloaren balorazioaren baliozkotasuna zalantzan jartzeko, parte hartu zuten magistratuek adierazi baitute ez dela frogatu soziograma izeneko proba sorreratik akastuta zegoenik. Hala eta guztiz ere, gure ustez, interesdun biek izandako emaitzak hain harrigarriak izanda (zero puntu), gomendagarria da Sailak aztertzea egokia denetz proba mota horri eustea edo, gutxienez, egiten den baldintzak eta, beharbada, arlo horri, polizia lana burutzeko baloratzen eta garrantzitsutzat jotzen diren gainontzeko jarreren edo nortasunari buruzko eragileen aldean, eman behar zaion pisu erlatiboa.
Bestalde, eta zigor-arloko auzitegian edo jurisdikzioan frogatutako gertaeren errealitate eztabaidaezinetatik abiatuta, erakunde honen ustez, ezinbestekoa da Sailak bere egitea holako gertaerak, ahal den neurrian, berriz ez errepikatzea bermatu ahal izateko zuhurtzia edo neurri guztiak hartu beharra, kontuan hartuta, hain zuzen ere, gertaeren testuinguru zehatza, hots: polizia eskolan praktikako agenteak prestatzeko aldian. Era berean, erakunde honen ustez, Sailak bere egin behar du etorkizuneko agenteen prestakuntzan giza eskubideei buruzko prestakuntza bereziki zaintzeko eta pertsona homosexual eta transexualen duintasunarenganako begirunea sakontzeko ahalegina, euskal poliziako etorkizuneko kideen artean jarrera homofoboak betiko baztertzeko.
Hautapenari buruzko lehenengo atal hau bukatzeko, aipatu nahi dugu, halaber, 2007ko urriaren 16an, erakunde honek ebazpen bat eman zuela; haren bidez, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautapen prozedurarako deialdiari buruz egindako jarduketa bukatu zen eta, deialdi hark, lehen aldiz, emakume hautagaien alde plazak gordetzeko neurria sartu zuen.
Orduan esan genuen, erakunde honek, ontzat jotzen zuela Ertzaintza barruan emakume kopuruaren eta gizon kopuruaren arteko egiturazko desberdintasuna gutxitzeko xedez hasitako bidea, Euskadiko polizia eskolak iragarritako sartzeko hautapen prozesuetan desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak sartu zirelako, baina, hala ere, ulertzen genuela, mementoz, egungo arau esparruaren arabera, neurri haiek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 19ko 4/2005 Legeko azken xedapenetan bigarrenak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 27. artikuluari erantsitako edukian xedatutakoari lotu behar zitzaizkiola.
Duela zenbait hilabete, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak gai berari buruzko ebazpena eman du, Ertzaintzako ikuskaritzako eskalako krimenen ikerketako ofizialorde kategoriara igotzeko hautapen prozesuari buruz aurkeztu zen helegitea dela-eta. (Administrazioarekiko Auzietarako Salaren 2010eko maiatzaren 12ko ebazpena), eta horrek lehenago egin genituen balorazioak berrestera garamatza.
Horren guztiaren ondoren, erakunde honetan kexa idazti bat sartu da. Horrek, auzitegien ebazpen horri datxezkion ondorioak kontuan hartuta, ordea, agertu du Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 59.2 artikuluan xedatutako trebakuntza ikastaroetan sartzeko zeharkako bazterketa dagoela; izan ere, diotenez, emakumeentzat "Ertzaintzaren lehenengo promozioetan sartzeak betoa izan zuen jarrita eta ikastaroetan sartzeko aintzat hartzen den merituetako bat haien azpiko aginte postuetako antzinatasuna da"; horrek gaiaren azterketa osagarria eginarazten digu.
III.2. Egoeren erregularizazioa
Arestian eskualdatze prozesuen jarraipen lana aipatu dugu. Uste dugu prozesu horiek ahalbidetuko dutela duela zenbait urtetatik hona espetxeetako irakasleek, erlijioko irakasleek, Lan Publikoaren Estatu Zerbitzuko (SEPE) langileek, etab. maiz egindako erregularizazio eskaerei behin betiko erantzutea. Ez dugu berriz errepikatuko.
Halaber, aipatu behar dugu aurten zenbait kexa jaso direla UPV/EHUn kontratu finkoko irakasleen hautapen eta kontratazio prozesua arautzeko legedi berria dela-eta. Kasu batzuetan haien artean loturak daudela-eta, adierazi behar dugu unibertsitate esparruko bertako langileei dagozkien prozesuei buruzko kexak ere izapidetu direla. Hori dela eta, garai batean UNIQUAL agentziari zuzendutako gomendioa gogorarazi behar dugu. Gomendio hura Eusko Legebiltzarrarentzako 2008ko urteko txostenean sartu zen, eta bertan irakasleen eta ikerlarien osagai gehigarriak ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuari buruz burututako jarduketaren berri eman genuen. Hala, agerian utzi genuen interesdunak babesten dituzten bermeak, batez ere motibazioari dagozkionak, muturreraino eraman behar direla.
Baina, zalantza barik, 2010 honetan, EUSTATentzat lan egiten duten langileekin gertatutakoa da azpimarragarriena. Izan ere, EUSTATen zerbitzurako lan egiten duten zenbait pertsonak auzitegietan zenbait ekimen bultzatu dituzte eta, mementoz, horien ondorioz Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak aldizkako langile finkoak direla berretsi du.
Auzitegien ebazpen horiek direla-eta, auzi-jartzaileen aldekoak izan diren heinean, Administrazioak ondorengo jarduketa bat egin behar izan du haiek gauza zitezen. Jarduketa horren bidez, funtsean, behar ziren aldizkako langile finkoen kontratuak gauzatu eta haien deialdia Langileen Estatutuko 15.8 artikuluan xedatutakoaren arabera arautu da.
Azken horri (deialdia arautzeari) dagokionez eta langileen ordezkaritzarekin berariazko hitzarmena lortu arte, Administrazioak adierazi du EAEko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzeko 2006ko maiatzaren 30ean Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako akordioan xedatutako sistema eta irizpideak aplikatzea hautatu duela.
Beste kasuetan, ordea, eta haiek dira erakunde honi kexa aurkeztu diotenak, eta Auzitegi Gorenean kasazio-helegitea aurkeztea erabaki dutenez, Administrazioak jarduketarik ez burutzea erabaki du, eta orain aldizkako finko kontratatutakoek osatzen duten behin-behineko deialdi zerrendan hautagairik ez dagoenerako atzeratu du lan edo zerbitzu jakin baterako lehenagoko kontratazio bidearen arabera hautatu ahal izatea.
Jakin dugunez, interesdunek, dagozkien auzitegietan, emandako ebazpenak zati batean betearazteko eskatu dute eta eskaera horiek ezetsi egin dira, aplikatu beharreko prozesu arauengatik ebazpenak adierazleak direlako.
Hala ere, eta prozesu formaltasun horiek alde batera utzita, ohartarazi behar da interesdun horiek mugiarazten dituen nahiaren irismena bera dela-eta, Auzitegi Gorenaren balizko esku-hartzea langile finko mugagabeak izatea baiesteko edo ezesteko ondoreetarako baino ez dela garrantzitsua, baina inola ere ez duela aldatuko onartu zaien aldizkako langile finkoko izaera.
Hori dela-eta, gure iritziz, aipatu ditugun ebazpen judizialak ezagutu ondoren Administrazioak izan duen jarduketak talde hori osatzen duten langile batzuen egoeraren balizko erregularizazioa aintzat hartzea saihestu du, eta horretarako aitzakia edo argudioa Auzitegi Gorenak hartuko duen ebazpena izan da; hola, ordea, hala daudenei tratu kaltegarria eman die, onartutako aldizkako finkoko izaera aintzat hartzen ez duen deialdi ordena batera alboratu dituelako.
Egoera horren aurrean, Administrazioari iradoki diogu hartutako jarduketa ildoa birpentsatu behar duela eta aipatutako ondorio kaltegarrien ordaina -ezinezkoa ez bada, beti zaila dena- beharrezkoa ez izateko deialdi ordena komuna behintzat bideratu behar duela.
Zorionez, Administrazioa harkor agertu da egindako gomendioaren aurrean.
III.3. Bateraezintasunak
Foru langile batek aurkeztutako kexari esker Gipuzkoako Foru Aldundiak daukan jokamoldearen adibide argiaren lekukoak izan gara. Jokamolde hori, izan ere, administrazio oneko printzipiotik oso urrun dago.
Foru administrazioak, laugarren eta azken ahaleginean, garai batean interesdunari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 102.1 artikuluan xedatutakoaren arabera baimendutako bateragarritasuna ofizioz berraztertzeko xedez jarraitutako prozedura dela-eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aholku Batzorde Juridikoak txosten lotesle bat egin behar izan du eta, zentzu horretan egindako proposamenaren alde agertu denez, administrazio arduradunek beste arrazoibideak aintzat hartzeko aukerak mugatu ditu. Hola, berriz ere, interesdunak jurisdikzio bidera jo behar izan du bere nahien babesa lortu ahal izateko.
Edonola ere, erakunde honen jarduketa jasotzeko honako izeneko ebazpena hartu da: Arartekoaren ebazpena, 2010eko otsailaren 16koa. Horren bidez, bateragarritasun baimena eskatzeari buruzko kexa batean bere esku-hartzea amaitutzat jotzen du.
III.4. Kontziliazioa
Norberaren, familia eta lan bizimoduaren kontziliazioari dagokionez, gure ustez garrantzitsua da ohartarazteak, dakarren berrikuntzagatik, EAEko administrazio orokorreko Justizia eta Herri Administrazio Sailarentzat lan egiten duen langile batek (adingabeentzako zentro bateko hezitzailea bera) eskatu digula hark berezko edoskitzaroa bitarteko arriskuagatiko prestazio ekonomikoa onartzeari ez ezik lanpostua egokitzea edota aldatzea baimentzeari ere emandako ukoa aztertzeko. Hala ere, hark auzitegira jotzeko hartutako azken erabakia dela-eta, gure erakundea sortzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeko 13.1 artikuluaren arabera erakunde honek eskurik ez hartzeko duen betebeharra aintzat hartu behar izan dugu.
Bestalde, Sail bereko beste langile batek ere kontziliazio premiak argudiatu ditu behar duen euskarazko hizkuntza gaitasuna lortzeko prestakuntza arratsaldez egiten jarraitzeko eskabidea arrazoitzeko.
Izan ere, 2010-2011 ikasturterako iragarritako deialdi orokorraren oinarriek ez dute jaso kontziliazio premiek trataera berezia zuritzeko aukera, prestakuntza modalitateari dagokionez, eta bere ikastaroen artean ordutegi egokiak dauzkanik egon ezean euskaltegi baimenduek antolatutako ikastaroetara joatea onartzen dute. Oinarriek eurek, ordea, premia horiei erantzun ahal izateko beste aukera batzuk ezarri ditu, hala nola autoikaskuntza izeneko modalitatea.
Hori dela-eta, erakunde honetatik ezin izan dugu kasua ez berraztertzeko aukera eztabaidatu, baia hala ere iradoki dugu, euskaraz gaitzeko etorkizuneko deialdietan, ikastaro horiek antolatzeko aukerak agortzen ahalegindu daitezela, agertutakoa bezalako familia kontziliazio premiei erantzun ahal izateko.
Atal hau amaitzeko, berriz joko dugu Familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa bideratzea lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaerak izenburupean txosten honetan IV kapituluan jasotako gomendio orokorrera.
III.5. Hizkuntz normalkuntza
Atal honetan, interesgarria deritzogu irakaskuntzako funtzionario batek eskatuta izapidetutako kexa bat azpimarratzeari. Pertsona horrek, dagozkion probisio prozesuen bidez, 4. hizkuntza eskakizuna daukaten irakaskuntzako langileentzat zabalik dauden administrazio orokorreko postuetan sartu nahi zuen. 1984an funtzionarioak Euskaltzaindiaren B ziurtagiria lortu zuen. Arrazoizkoa dirudi pentsatzeak D ziurtagiriaren gainetik dagoela, baina 4. hizkuntza eskakizunarekiko baliokidetasuna formalki aitortuta ez dagoenez gero, parte hartzea eskatu duen prozesuetatik kanpo geratu da.
Aipatu dekretuek ziurtagiriaren eta 4. hizkuntza eskakizunaren arteko baliokidetasuna jasotzeko aukera aztertzeko eskatu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak horretarako ziorik ez zekusala jakinarazi zion. Testuinguru horretan, irakasleek eurentzat zabalik dauden postu horietan parte hartzea bideragarri bihurtuko lukeen bidea aurreikusteko aukera proposatu zuen.
Gure ikuspuntutik, interesdunaren nahi hori EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 32.a) artikuluan xedatutakoaren baitan sar daiteke. Horregatik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrean gestio batzuk egin ditugu baina ez dute lortu ziurtagiria lortzeko dauden bide guztien bideragarritasuna agortzea.
Edonola ere, eta Justizia eta Herri Administrazio sailburuaren adierazpena ikusita ("Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko IVAPek urtero deitzen dituen deialdiei dagokienez, eta besteen artean EAEko Administrazio Orokor honetako langileek parte hartzeko aukera duten, esan behar dugu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza honi ez dagokiola zehaztea zeintzuk diren horietan parte har dezaketen langileak."), azkenean HAEEren beraren laguntza lortzea erabaki dugu.
Erakunde horren lehenengo erantzuna irakasleen trataera bereizten duen berezitasuna azpimarratzea izan da; hori dela-eta, berriz heldu behar diogu hasitako jarduketari eta azken batean administrazio orokorrean eurentzat zabaldutako lanpostuak ematea nahi duten irakasle horiei erantzutea ahalbidetuko duen bide bat jartzen lagundu.
IV. Ondorioak
Herri-administrazioen zerbitzurako langileen arloa erakundearen lana egituratzen den arlo materialak deritzenetako bat da . Arloan burututako jardueraren zatirik handiena jasotako kexek dakarte, eta horregatik izaten dira maiz errepikakorrak izapidetutako gaiak. Hala ere, askotan, kexak direla-eta burututako jarduketek bidea ematen dute hobetu daitezkeen alderdiei eta lasaiago aztertu beharreko gaiei antzemateko.
Horrela, eta 2010 honetan izapidetutako kexen balantzea egiteko, Arartekoaren erakundeak euskal herri-administrazioak hautapen prozesuak kontu gero eta handiagoz antolatzeko ahaleginetan jarraitzera bultzatu nahi ditu, interesa duten hautagai guztien berdintasunezko lehia ahalik eta gehien bermatzeko.
Atal horri dagokionez, bereziki hautagai batzuen alde balizko kupoak ezartzeari edo plazak gordetzeari buruz ohartarazi nahi dugu. Horri dagokionez azpimarratu behar dugu balizko kupoak ezartzeko berme juridikoa behar dela (esaterako, plazak emakumeen alde gordez gero) eta dakartzaten aukerei dagokienez zentzuz aplikatu behar direla (esaterako, minusbaliotasuna duten pertsonen kasuetan egokitzapenak egin behar direnean).
Halaber, etorkizuneko funtzionarioak (zehazki Ertzaintzako etorkizuneko kideak) giza eskubideei buruz prestatzeari buruz adierazitakoa errepikatu behar dugu.
Adierazi dugunez, gure lana jarraipen hutsa bada ere, espetxeetako irakasleei, erlijioko irakasleei eta Lan Publikoaren Estatu Zerbitzua (SEPE) zeneko langileei dagozkien giza baliabideak eskualdatzeko prozesuak behar bezala bukatuko direlakoan daude eta espero dugu langile horiei dagokienez urte luzez egondako ziurgabetasuna eta kezka amaituko dela.
Unibertsitate esparruko bertako langileei dagozkien prozesuei buruz izapidetu diren kexak direla-eta, garai batean UNIQUAL agentziari zuzendutako gomendioa gogorarazi behar dugu. Gomendio hura Eusko Legebiltzarrarentzako 2008ko urteko txostenean sartu zen, eta bertan irakasleen eta ikerlarien osagai gehigarriak ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuari buruz burututako jarduketaren berri eman genuen. Hala, agerian utzi genuen interesdunak babesten dituzten bermeak, batez ere motibazioari dagozkionak, muturreraino eraman behar direla.
Zalantza barik, norberaren, familia eta lan bizimoduak kontziliatzeko premiek gero eta garrantzi handiagoa daukate, lanaldia murrizteari edota egokitzeari dagokienez ez ezik, herri-administrazioen zerbitzurako langileentzako beste programa edo proiektu batzuk, hala nola prestakuntza programak, etab., eratzeari dagokionez ere. Zentzu horretan, sektore publikoan diharduten langileen kontziliazio premiak zeharkakotasunez aztertu behar dira. Bestalde, langile horiei dagokie arlo hori gidatzeko lana.
Gai horri dagokionez, IV atalean jasotako gomendio orokorrera jo ez ezik, berriz gogorarazi behar ditugu kontziliazio eskubideen ikuspegi konstituzionala eta, beraz, arlo horretan langile publikoek egindako eskaerei, motibazio eskakizunei eta abarri dagokienez, trataera fina eman beharra.
Bukatzeko, uste dugu derrigorrez aipatu behar direla lan arriskuen, besteak beste, batez ere, psikosozialak deritzenen prebentzioaren gaia eta lan jazarpenari buruz jasotako kexak. Arloko hurrengo jarduketa planetan halako kontuei arreta berezia jartzen ahalegintzeko asmoa daukagu.
10. Animaliak babestea eta edukitzea
I.?Arloa kopurutan
2010ean 7 kexa jaso dira animaliak babestearen arloan, alegia, erakundeak urte osoan zehar erregistratu dituen kexetatik %0,53.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
− Tokiko administrazioa 4
− Foru administrazioa 2
Azpi-arloak, berriz, honakoak izan dira:
− Animaliak edukitzea 3
− Animaliak babestea 2
− Zooguneak 1
− Beste alderdi batzuk 1
Txosten hau ixteko orduan, arlo honetako estatistika datuak honako hauek dira:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | |
2010ean hasitakoak | 6 | 5 | 1 | 0 | 1 | 0 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 9 | 0 | 9 | 5 | 2 | 2 |
II. Araudi testuingurua edo soziala
2009ko ekitaldiari buruzko txostenean adierazi genuenaren arabera, Eusko Legebiltzarrak 49/2009 Legez besteko Proposamena onetsi zuen. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaion lehenbailehen landu eta Ganberara bidal dezala animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen aldaketa, errealitate juridikoaren eta sentsibilitate sozialaren bilakaeraren arabera egokitzeko, hau da, azken 15 urteotan Legea aplikatu izanaren esperientzia barne hartzeko. Ondorio horietarako, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jakinarazi duela 2010ean animaliak babesten dituzten zenbait elkarterekin harremanetan jartzen hasi direla, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Estatu mailan, eta erakunde publiko eta arloko eragileekin elkarrizketei ekin zaiela, aipatutako araua eguneratzeko prozesua lantzen hasteko.
III. Kexarik aipagarrienak
Arlo honetan jaso ditugun lehenengo kexak animalien bizitza-baldintzei buruzkoak izan dira, bai gune zoologikokoei, bai etxebizitzetan daudenei dagokienez, eta horiek dauzkaten pertsonek animaliak edukitzeko erregimenarekin lotutakoak ere izan dira.
Aurreko ekitaldietan salaketa gehienak gune zoologikoen funtzionamenduari buruzkoak baziren ere, aurten, kexa gehiago aurkeztu dira espazio publikoetan pertsona eta animalien artean sortzen diren bizikidetza arazoekin loturik. Erreklamazio hauek dagokien bezala tramitatzeko, kasuan kasuko udaletara jo dugu animaliak edukitzearekin lotutako araudiaren ondorioz dauzkaten betebeharrak zein diren gogorarazteko. 6/1993 Legeak, urriaren 29koa,k animaliak babesteko denak, eta 101/2004 Dekretuak, ekainaren 1ekoak, txakurrak edukitzeari buruzkoak, Toki Erakundeei animalia horien jabeek beren betebeharrak betetzen dituztela gainbegiratu eta kontrolatzeko eskumenak ezartzen dituzte. Araudiak zehazten duenaren arabera, hiriko bide eta espazio publikoetan txakurrek kontrolaturik eta loturik egon behar dute, eta, horretarako, kateak edo uhalak erabili behar dira. Era berean, animalia horiek mikrotxiparekin identifikatuta, erroldatuta eta kasuan kasuko udalerriko erregistroan erregistratuta egon behar dute.
Bestalde, hiru esku-hartze zehatz aipatu behar ditugu, eta 2009an jasotako erreklamazioei zegozkien arren, aurtengo ekitaldian burutu dira, eta azken emaitza honakoa izan da:
III.1. Lehenengo eta behin, aipatzekoa da pertsona batek planteatu zuen kexa. Bertan azaltzen zuen bere jabetza inbaditzen zuten abeltzaintza-ustiapen batzuetako animaliek, aske egoteagatik, eragozpenak eta kateak eragiten dizkiotela. Udalak arazoa konpontzen saiatzeko gauzatu zituen ekintzei dagokienez, erakunde honek gai honetako aldeen artean bilerak egin zirela egiaztatu zuen, hau da, interesdunak, animalien jabeak eta udalak bilerak egin zituztela. Bilera horietako batean adostu zuten animalien jabeek animaliak beren jabetzaren mugen barrutik ez irtetea ziurtatzeko neurriak ezarri behar zituztela. Era berean, udalak aldeei gogorarazi zien udalak aske eta abandonatuta dauden animaliak jaso eta zaintzeko eskumena daukala. Udalak esku-hartze hori gauzatu zuen arren, erreklamaziogileak berriro adierazi zigun berriro ere animaliak abandonatuta egotearekin lotutako arazoak zeuzkala.
Egokiak diren tramiteak egin ondoren, Arartekoaren 2010eko urtarrilaren 25eko ebazpenaren bidez ondorioztatu genuen udal administrazioari dagokiola, kasuan kasuko foru zerbitzuarekin koordinaturik, arlo horretan esku hartzea udalerrian animaliak kontrolik gabe dabiltzanean, animalia identifikatzea eta, egokia denean, behar bezala ukuiluratzea, arduradunari animalia itzuli arte. Animaliaren jabeak animaliak edukitzeari buruzko araudiak ezartzen dituen betebeharrak urratu baldin baditu, udalak kasuan kasurako egokia den zehapen prozedura tramitatu beharko du.
III.2. Arartekoak EuskoTrenen erabiltzaile baten erreklamazio bat jaso du. Bertan, trenetara etxeko animaliarekin sartzea ezinezkoa izatearekin ez dagoela ados adierazten zuen. Erreklamazioa, funtsean, etxeko animalia batzuk zerbitzua aldatu gabe garraiatzeko aukerari buruzkoa zen, hau da, etxeko animaliak garraiatzeko espresuki diseinatu diren bidaia-leku itxietan garraiatu ahal izateari buruzkoa zen.
Erakunde honetatik bidali genien eskaerari erantzunez, EuskoTrenek jakinarazi zigun debekatuta dagoela etxeko animaliekin bidaiatzea lehentasuna ematen zaiolako bidaiarien erosotasunari, eta etxeko animalia batzuek segurtasun eta higiene arazoak eragin ditzaketelako. Edozein kasutan ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak ohar bat bidali diela jakinarazi zigun. Horren bidez, erabakiaren inguruan hausnartzeko eta alde guztien eskubide eta interesak errespetatuz jarrera permisiboagoak izaten saiatzeko eskatzen zien.
Erakunde honen ustez, gure gizartean gero eta ohikoagoa da etxeko animaliak izatea eta gero eta gehiago bizi behar dugu elkarrekin. Animalien presentzia eta erabilgarritasuna gizakiarentzat ez da haren aldeko zerbitzu bat eskaintzera mugatzen bakarrik; aitzitik, gure eguneroko bizitzan murgildu dira eta etxeen barruko eta kanpoko bizitzan parte hartzen dute eta baldintzatu ere egiten dute: aisia, garraioa...
Era berean, estatu mailan nahiz inguruko herrialdeetan tren zerbitzuetan ikusten den joera aintzat hartuz, gailentzekoa da etxeko animaliak garraiobide publikoetan sartzen uzteko tendentzia dagoela zalantzarik gabe. Donostiako tranbia konpainia, Madrilgo metroa, Bartzelonakoa, RENFE bere linea luzeetan nahiz aldirietako zerbitzuetan, Londresko metroa eta Parisko garraio zerbitzua joera horren adibide dira.
Hori dela eta, erakunde honek, 2010eko otsailaren 23ko ebazpenaren bitartez, EuskoTreni iradokizun bat helarazi zion; hau da, garraio zerbitzu horretan etxeko animaliak erabiltzaileei eragozpenik ez eragiteko moduak eraman eramateko aukera onar dezala iradoki genion.
Horri dagokionez, azpimarratzekoa da 2011ko urtarrilaren 1ean EuskoTrenen tren, tranbia eta funikular zerbitzuen kontratazio baldintza orokorrak indarrean sartzen direnean, bidaiariek etxeko animalia batekin bidaiatzeko aukera izango dutela, baldin eta ez bada ez animalia arriskutsua, ez gogaikarria bere forma, bolumena, zarata eta usainagatik. EuskoTrenen langileriak baloratu beharko du, bere irizpide zuhurraren bidez, kasuan kasuko animalia arriskutsua den eta eragozpenik sortuko duen. Etxeko animaliekin bidaiatzen duten pertsonek ondorengo arau hauek bete beharko dituzte:
- Etxeko animaliek (txakurrak edo katuak) loturik bidaiatu beharko dute, edo, bestela, jabearen besoetan; baina ezingo dute, inola ere, eserleku bat okupatu.
- Debekatuta dago exotikotzat jo daitezkeen animaliak sartzea (narrastiak, armiarmak, intsektuak, etab.).
- Debekatuta dago EuskoTrenen instalazio eta ibilgailuetara araudi eta ordenantzen arabera arriskutsutzat hartzen diren txakurrak sartzea.
- Txakurrek uneoro egon behar dute uhalaren bidez loturik, EuskoTrenen egoitza sartzen den unetik bertatik atera artean, alegia.
- Segurtasun arrazoiak direla eta, animalia jabeak berak eraman beharko du, edo, bestela, arreta osoz jardun beharko du baliozkotze guneetan, ibilgailuen sarreran eta, oro har, EuskoTrenen ibilgailu edo instalazioetan ateak ireki eta ixten diren edozein eremutan, etxeko animaliak ez dezan inolako kalterik jasan. EuskoTren ez da erantzule izango jabeek behar bezalako arretarekin jokatu ez izanagatik animaliek jasan ditzaketen lesioengatik.
- EuskoTrenek pertsonen pilaketa handien uneetan etxeko animaliak hartzeko aukera mugatu ahalko du (kirol ekitaldiak daudenean, jaietan, zerbitzu berezietan, etab.).
- Animaliaren jabea edo harekin doan pertsona izango da erantzule bakarra, baita hirugarren pertsonen aurrean ere, animaliaren jokabidearen ondorioz eragin litezkeen gertakari edo kalteengatik.
- 20 kilometro baino gehiagoko bidaietan, etxeko animaliaren jabeak animaliagatik bidaiari dagokion txartelaren erdia ordaindu beharko du.
- Itsuen txakur laguntzaileek, aldiz, ez dituzte baldintza horiek bete beharko.
- EuskoTrenek etxeko animaliekin bidaiatzen duten pertsonei gomendatzen die gainerako bidaiariek animalia ongi hartzen dutela ziurta daitezela, alegia, animaliaren presentzia ez diezaietela inposatu ikaratu daitezkeen pertsonei. Kasu horretan, jabeak derrigorrez aldatu beharko du ibilgailuko beste tokiren batera.
- Lanegunetan animaliekin goizeko 10:00etatik aurrera bidaiatzeko ere gomendatzen da, bidaiari eta animalien arteko bizikidetza errazteko.
III.3. Bukatzeko, aipatzekoa da ere animaliak babesten dituen elkarte batek sustatutako kexa. Elkarteak erakunde honetara jo zuen Bilbon udalak txakur eta katu abandonatuak kudeatzen dituen moduarekin lotutako zenbait alderdi planteatzeko.
Erreklamazioaren gai nagusia honako alderdi hauen inguruko arazoekin dago lotuta: Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan bizi diren pertsonek animaliak hartzea, Euskal Herrian bizi diren pertsonei animaliak eskuratzea erraztea eta animalien sarrerak eta irteerak jasotzen dituen udal-erregistrorako sarrera. Planteatzen den beste gai bat da beharrezkoa dela animalia abandonatuen kontrola errazteko beste neurri batzuk hartzea, katuen koloniak eta animalien jabeak sentsibilizatu egin behar direla animaliak abandonatzea ekiditeko.
Bilboko Udalak planteatu diren gaiei buruz emandako informazioa aztertu ondoren, honako ondorio hauetara iritsi ginen:
• Animalia abandonatuak hartzen dituen udal zentroaren kudeaketak interesdun guztiei egunero hiru orduz sartzeko aukera ematen die. Zerbitzu hori teknologia berrien erabileraren bitartez ere eskaintzen da, webgunearen bidez, adibidez, udalak eskaintzen duen zerbitzura sar daiteke.
• Egoitza batzuetara sartzea mugatuta dago zerbitzuaren beharren ondorioz, baina horrek ez du galarazten animaliak prestatutako espazio publikoetan erakutsi ahal izatea. Nolanahi ere, gune zoologikoak kontrolatu eta ikuskatzeko zerbitzua foru administrazioei dagokie.
• Erakunde honen ustez, animalien adopzioa neurri positibo bat da animalia abandonatuak sakrifikatzea saihesteko. Entrega prozedura modu publiko eta gardenean egin behar da, eta, konkurrentzia librean, hartutako animalietako bat adoptatu nahi duten pertsona guztien artean, beren bizitokiarekin lotutako diskriminaziorik gabe. Nolanahi ere, administrazioek lekualdaketen osasun baldintzen eta identifikazioaren kontrolaren araudia betetzen dela ziurtatu behar du.
• Animalien harrera zentroen kudeaketa- eta identifikazio-erregistro publikoek barne hartzen dituzten datu pertsonaletara sartzeko, beharrezkoa izango litzateke interesdunek beren baimena ematea Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoko 11. artikuluak ezartzen duenaren arabera.
Bukatzeko, katuen kolonia bat sortzeari dagokionez, Bilboko Udala elkarteak horrekin lotuta egin zuen proposamena aztertzeko prest agertu zen. Elkarteak katuen kolonia bat ezarri nahi duela eta, azpimarratzekoa da animaliak edukitzeari buruzko Ordenantzan bertan, 10.4 artikuluan, honakoa ezartzen dela: "Udalak katuen koloniak sustatu ahalko ditu horiek ez sakrifikatzeko neurri gisa. Kolonia horiek animalia talde kontrolatuek osatuko dituzte. Hartara, katuek behar bezala antzuturik egon beharko dute, espazio publikoetan egongo dira eta irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteen ardurapean egongo dira".
Hala eta guztiz ere, azaldutako aurrekari eta ohar juridikoak kontuan hartuz, Arartekoaren 2010eko ekainaren 16ko ebazpenaren bitartez Bilboko Udalari iradoki genion Bilbon abandonatuta dauden txakurrak eta katuak jaso eta adopzioan entregatzeko udal zerbitzuak animaliak defendatzen dituzten elkarte jakin batzuei, kasu puntual batzuetan, zerbitzura sartzen utz diezaiela zerbitzuak nola funtzionatzen duen eta instalazioen egoera zein den ikus dezaten. Etxeko animalien zaintzari buruzko udal erregistroen organo titularrak dauden erregistroko datuetara sartzea ahalbidetzea, datu pertsonalak banandu ondoren, interes legitimoa, indibiduala edo kolektiboa ziurtatzen den kasuetan. Halaber, posible izango litzateke administrazio zerbitzuko informazio estatistikoa bidaltzea animaliak beste autonomia erkidego edo herrialde batzuei lagatzen zaizkien kasuei buruz. Elkarte erreklamaziogileak aurkeztu duen plana, Bilboko udalbarrutian katuen kolonia bat eratzeari buruzkoa, sustatzeko, eta, bideragarritzat jotzen baldin bada, proposamena martxan jartzeko.
IV. Ondorioak
Arlo horretan kexak animaliak edukitzeari eta horien ongizateari (partikularren etxebizitzetan nahiz espazio publikoetan, eta, bereziki, animalien harrera edo egoitza zentroetan, alegia, gune zoologikoetan) buruzkoak dira.
Aurtengo ekitaldian, pertsona eta animalien bizikidetzak zenbait esparrutan eragindako gatazkak gailendu egin dira animalien egoera edo tratua zalantzan jarri duten kexekin alderatuta. Herritarrek aurten ere erakunde honetara jotzen jarraitu dute administrazioek animalia batzuek espazio publiko jakin batzuetan jasan dituzten eraso edo gertakarien aurrean ez dutela erantzun salatzeko.
Udalen zeregina da pertsonei kalteak eragitea ekiditeko animaliak edukitzeari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzea. Hartara, hiriko bide eta espazio publikoetan txakurrek kontrolaturik eta loturik egon behar dute, eta, horretarako, kateak edo uhalak erabili behar dira. Halaber, animalia horiek mikrotxiparekin identifikaturik, erroldaturik eta kasuan kasuko udalerriko erregistroan erregistraturik egon behar dute. Horretarako, garrantzitsua da Toki Erakundeek animaliak identifikatzeko kanpainak egitea, txakurrak abandonatzeak, erasoek, kexek, etab. eragin ditzaketen ondorio negatiboak ekiditeko.
Hala ere, gaur egun argi dago gero eta etxeko animalia gehiago daudela espazio publikoetan. Horrenbestez, udalerriek kontrol politikak ezartzea ezinbestekoa den arren, agian, komenigarria izango litzateke etxeko animaliak dauzkaten pertsonen eta gainerako herritarren arteko bizikidetza orekatua lortzeko bestelako irtenbideak hartzea. Horren harira, aipatzekoak dira animalien babeserako elkarte batzuek proposatzen dituzten neurri batzuk. Horren harira, honako behar hauek gailentzen dituzte: (1) beharrezkoa da animalientzako aisialdirako eremu zehatzak prestatzea, izan ere, animalia etengabe uhalarekin lotuta egoteak eta, batzuetan, muturrekoa ere eraman behar izateak animaliak modu agresiboan jokatzea eragin dezake; (2) beharrezkoa da animalien jabeei txakurren kakak jasotzeko aukera emateko udal baliabide egokiak eskuragarri jartzea eta (3) beharrezkoa da informazio kanpainak egitea animalien jabeak animaliak edukitzearekin lotutako alderdietan hezi eta kontzientziatzeko, dauzkaten betebeharrak zein diren eta betebehar horiek ez betetzearen ondorioak zein diren jakin dezaten.
11.?Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak
I. Arloa kopurutan
Aurten 116 kexa jaso da guztira arlo honetan, eta eragindako administrazioak gorabehera horiek eduki duten banaketa hau izan da:
− Tokiko administrazioa 107
− Foru administrazioa 11
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 6
− UPV/EHU 1
Azpiarlokako banaketari dagokionez, sailkapena honakoa da:
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 34
− Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 30
− Tokiko zerbitzu publikoak 30
− Udal erroldaren kudeaketa 13
− Beste alderdi batzuk 7
− Informazioa eta herritarren parte-hartzea 2
Arlo honetan jasotako kexen informazio estatistikoa ekitaldia ixterakoan hau da:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 125 | 41 | 78 | 27 | 38 | 13 | 6 |
Aurreko urteetan hasitakoak* | 108 | 20 | 79 | 41 | 38 | 0 | 9 |
* Kopuru orokorrei dagokienez, aurten arloak berrantolatu egin direnez eta, zehazki, Herri Lanak eta Zerbitzuak izeneko arlo zaharra xehatu egin denez bi arlotan, epigrafe honetatik aparteko arlo gisa Herri Lan, Garraio eta Azpiegitura gaiari dagokiona sortuz, ezinezkoa da alderaketa egitea aurreko ekitaldian eta honetan jasotako kexen bilakaeraren gainean.
Jasotako kexa gehienen izapidetze egoera arrazoizkoa da, eta gure jarduna, gutxi gorabehera, amaitu egin da eskuratutako guztien bi herenetan. Batez ere, laugarren hiruhilekoan jasotako kexei dagozkien jarduera fase ezberdinetan daudenak falta dira. Hala eta guztiz ere, zenbait administrazioren laguntza falta dela-eta neurriz gaineko atzerapena jasan duen espediente kopuru bat badagoela azpimarratu daiteke. Egindako kudeaketak ugariak izan arren, administrazio batzuek ez diote jaramonik egin erakunde honetatik kexek planteatutako gaiei buruz informa dezaten egin zaizkien errekerimenduei, eta guk jakinarazitako gaiak atenditzeko jarrerari buruz ere ez dute adierazpenik egin, salatutako administrazio jardunari buruz behar besteko agiri eskura genuela uste genuen kasu horietan. Gainera, ez dugu ahaztu behar atzerapen eta lankidetza falta hau batu egiten zaiola aldez aurretik herritarrek jasan behar izan duten itxaron beharrari, hain zuzen ere eragindako administrazioak beren eskaerak zuzenean ez atenditzearen ondorioz.
Zentzu horretan, bereziki azpimarratu behar da Mutrikuko Udalaren laguntza falta,. Administrazio horrekin 2009ko ekitaldiari dagokion hiru kexa espediente dugu oraindik ebatzi gabe, eta hori egindako errekerimenduak, ohartarazpenak eta gainerako kudeaketak eginda ere.
Azpimarratu beharreko beste alderdia, arlo honetan izapidetutako kexen kopuru garrantzitsu baten gune nagusi gisa ageri dena, administrazioaren isiltasunak izaten jarraitzen du. Nobedade bat ez bada ere, berriro ere azpimarratu behar dugu eskaera bat aurkezten duen pertsona ororen eskubidea dela erantzun arrazoitu bat eskuratzea idatziz eta arrazoizko denbora epe baten barruan. Administrazio isiltasuna ez da hautabide edo aukera bat administrazioarentzat prozedura bat amaitzeko, hain zuzen ere kasu zehatzen bati buruz hitz egiterakoan memoria honen beste atal batean garatu ahal izango dugun bezala.
II. Lege-berrikuntzak
Aurreko ekitaldiaren amaiera aldera, 17/2009 Legea onetsi zen, azaroaren 23koa, zerbitzuen eskuragarritasun eta erabilera askatasunari buruzkoa,. Horrek, neurri batean, Zuzenbide espainiarraren barruan sartzen du 2006/123/EE Zuzentaraua, 2006ko abenduaren 12koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, zerbitzuei buruzkoa barne merkatuan (aurrerantzean Zerbitzuen Zuzentaraua).
Bestalde, azaroaren 23ko 17/2009 Legeari egokitzeko lege ezberdinak aldarazteari buruzko abenduaren 22ko 25/2009 Legeak ebaluatu egin zuen eragindako estatu mailako lege araudia lege horrek finkatzen dituen printzipioetara egokitzeko, eta lege testu ezberdinetan kasuan kasuko aldarazpenak onetsi zituen.
Aldarazpen horien artean, eta izaera horizontala edukitzeagatik, aipatzekoak dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legean (AJAPEL) sartutako aldaketak:. Horiek jarduerak garatzeko esku hartzeko printzipioei, administrazio isiltasunari eta aitorpen arduratsuko eta aldez aurretiko komunikazioko tresna berriei buruzkoak dira (39 bis, 43 eta 71 bis artikuluak). Tokiko administrazioei dagokienez, azpimarratzekoak dira 70 bis artikuluaren 4. idatz zatiari erantsitakoa eta Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOAL) 84. artikuluaren aldarazpena (). Horrek sartu egiten du leihatila bakarra erabiltzearena, eta tokiko eremuarentzat esku hartzeko tresna berriak barneratzen, AJAPELen 29 bis artikuluaren aldarapenarekin bat eginez.
Herri-administrazio guztien esku-hartze jarduera araudiari egokitzea, bakoitza bere eskumenen esparruan, erabakigarria eta presazkoa izan behar da, izan ere, ezin dugu ahaztu egokitzapen hori gauzatu bitartean bizi den egoeran edozein pertsonak Zerbitzuen Zuzentarauan aplikatzen den "eragin zuzena" izeneko horri heldu diezaiokeela. Labur adieraztearren, arau jakin bat egokia ez bada edo administrazio esku-hartzeko araubide berriaren manuen aurka egiten duela uste bada, egokitzen ez den araua ezin aplikatzea exijitu ahalko da, horrek guztiak ekar dezakeen segurtasun juridiko falta handiarekin eta gatazkekin.
Adierazi dugun moduan, esparru arautzaile berri honek ez ditu ekarri ez arau autonomikoek, ez gure autonomia erkidegoko tokiko erregelamenduek sartu beharreko erreformak araudi berriak eragindako eremuetara. Eusko Jaurlaritzak argitaratu egin zuen 2010eko maiatzaren 7an (84. zk.ko EHAA) ebazpen bat. Horren bitartez, jendaurrean jarri zen Zerbitzuen Zuzentaraura egokitzeko lege ezberdinak aldarazteko Lege Aurreproiektua, baina une honetara arte ez da onetsi.
Tokiko erakundeei dagokienez, haiek duten eskumen arautzailearen zati handi bat Estatuko oinarrizko araudian ez ezik kokatu egiten bada ere oraindik egokitu ez diren arau autonomikoen testuinguruan (hirigintza araudia, ingurumenekoa, turismokoa, merkataritzakoa, batzuk aipatzearren), toki mailan erregulazio esparru garrantzitsu bat dago eta esparru hori Ordenantzek eta Erregelamenduek eratzen dute. Erregelamendu multzo hori, azken batean udalerrian finkatzen diren zerbitzu jarduerak egiteko behar diren berariazko prozedurak eta beharrezko betekizunak arautzen dituena, egokitu egin behar da araudi berrira. Ebaluazio eta berrikuspen lan garrantzitsua, aldizkari ofizialetan eta tokiko webguneetan ikusitakoaren arabera egiteke dagoena funtsean, aukera bat da prozedurak sinpleago egiteko eta, aldi berean, zerbitzuen kalitatean maila altua sustatzeko. Halaber, justifikaziorik gabe eta proportziorik gabe zerbitzuen merkatuen funtzionamenduari mugak jartzea saihestuko da.
Edonola ere, ez da zera ahaztu behar: erreforma hau gidatzen duten printzipio eta irizpideei jarraiki, ezinbestekoa izango da arrazoitze ariketa bat egitea –espedientean behar bezala dokumentatuta– bakarkako edo taldeko eskubideak baliatzeko edo jarduera bat garatzeko aurreikusten diren mugen gainean, eta guztia diskrezio ahala baliatzerakoan kontrol egokia egite aldera. Gauzak horrela, eta xehetasunetan galtzeko asmorik eduki gabe, hurrengo printzipio eta irizpideak aipatuko ditugu:
• Murrizketa gutxien dakarren neurria aukeratzea. Kontuan hartu behar da baimena eta lizentzia salbuespen bihurtzen direla aldez aurretiko komunikazioaren edo aitorpen arduratsuaren arau orokorrarentzat, beraz, salbuespenaren aplikazioa justifikatu egin beharko da.
• Haren beharra arrazoitzea interes publikoa babeste aldera. Horrela: neurri murriztaileago bat behar izateko zer interes publiko babestu behar den zehaztea.
• Lortu nahi diren helburuak lortzeko haien egokitzapena justifikatzea, hau da, aukeratutako baimen tresnaren proportzionaltasuna justifikatzea.
• Baimena beharrezkoa den kasuan, tratu aldeen edo bereizketakoen debekua finkatzea (adibidez: beharrezkoa izango da aztertzea zenbait betekizunen eskakizuna, esate baterako, udalerri jakin batean bizi beharra azokan instalatu ahal izateko).
• Irizpide argiak eta nabariak, gardenak eta irisgarriak aplikatzea, eta baita helburuak ere. Horrela, irizpide eta helburu horiek jendaurrean jarri beharko dira aurrez eta lehia errespetatu beharko da, baimenak mugatuak diren kasuan (hasiera batean eskuratzea erraza den jarduera arautua. Adibidez: mahai hankabakarrekin eta terrazekin jabari publikoa okupatzeko lizentziak).
• Kontuan hartu behar da, orokorrean, baimenak denbora mugagabe baterako izaten direla, haien kopurua mugatua bada (arrazoitutako galarazpen teknikoak edo baliabide naturalen eskasia), aldez aurretik ezarritako baldintzak automatikoki berritzen badira edo egiaztatu beharreko interes orokorreko arrazoiengatik mugatzen badira salbu.
Azkenik, aipatu egin nahi dugu 2010eko azaroaren 24an (226 zk.ko EHAA) ebazpena argitaratu zela. Horren bitartez, jendaurrean jarri zen Euskadiko Udal Legearen Aurreproiektua. Izapide hori bete egin zen, gure autonomia erkidegoan bizi diren pertsona guztiei eragiten dielako Euskadi eratzen duten udalerrietako auzotar diren partetik. Espero dugu oraingoan ahalik eta lasterren onetsi ahal izatea udal legea, hain garrantzitsua eta esanguratsua izaki tokiko gobernuentzat.
III. Jarduera-plana
Gure ohiko jardueraren oinarrizko zati baten jatorria herritarrek aurkeztutako bakarkako kexetan kokatzen da. Gauzak horrela, jasotako kexak izapidetzea izan da gure jardueraren zati adierazgarriena arlo honetan. Espediente horiek gomendio ezberdinak eta beste ebazpen batzuk izapidetzea ekarri dute, hurrengo idatz zatian azalduko dugun moduan.
IV. Kexarik aipagarrienak
Idatz zati honetan, eta aurten garatutako jarduera islatzeko, izapidetu ditugun kexen laburpen bat egingo dugu, bereziki helduz gomendioren baten xede izan direnei. Kexak azpiarlo materialei jarraiki multzokatuko dira, jarraian xehatuko ditugun epigrafeak gorabehera.
IV.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Lehen ere esan dugun moduan, herri-administrazio ezberdinen erantzun falta da jasotako kexa kopuru garrantzitsu batek planteatzen duen lehenengo arazoa eta, beraz, berriro ere azpimarratu behar dugu idatziz eskaera bat aurkezten duen pertsona orok eskubidea duela bere nahiarekiko erantzuna jasotzeko, baita agian planteatutako gaiaren muinari buruz arrazoirik ez badu ere. Herri-administrazioak herritarrentzako zerbitzua jarraitu behar du bere jardunean (AJAPELen 3.2. artikulua). Hain zuzen ere, haiek beren nahiekiko erantzun bat jasotzeko eskubidea dute beti eta, gainera, erantzun horrek arrazoitua izan behar du eta epe onargarri baten barruan eskuratutakoa izan.
Arazo honen aurrean, herri-administrazio batzuk eskaera horiei ez erantzuteko ematen dituzten arrazoiak xelebreak dira benetan, eta administrazio isiltasuna justifikatzeko Legeak hitzez hitz esaten duenaren aurkako zentzuan arauari heltzera ere iritsi dira. Beste hainbatetan eta Legebiltzarrari aurkeztutako beste txosten batzuetan jada adierazi izan badugu ere, berriro azpimarratu behar dugu administrazio isiltasuna ez dela Legeak aurreikusitako bide bat prozedura bat amaitzeko, ezta herri-administrazioen "eskubide" bat ere. Aldiz, partikularrek duten berme bat da Administrazioak bere funtzioa eraginkortasunez bete ez duenerako. Horrelako jarreren adibide, aipatu egin genezake Arartekoaren 2010eko abuztuaren 25eko ebazpenean jasotakoa,. Horren bitartez, Balmasedako Udalari gomendatu egiten zitzaion beren beregi eta modu arrazoituan ebatz zezala ondare erantzukizuneko erreklamazio bat, ibilgailu batek jasandako kalteengatik.
IV.2. Udal erroldaren kudeaketa
Idatz zati honetan zera azpimarratzen dugu aurten: erreklamatzaileak benetan bizi diren helbidean erroldatu ahal izateko zailtasunak jasotzen dituzten kexak behar bezala konpondu direla, orokorrean. Hala eta guztiz ere, harritzekoa da behin eta berriro errepikatu beharra zein den biztanleen udal erroldaren xedea eta, aldaketak aldaketa, aspaldikoa den araudi baten aplikazio zuzena.
Izapidetu ditugun kexak udalek emandako ezezkoekiko desadostasunekoak izan dira, bizigarritasunik gabeko bizitokietan edo benetan etxebizitza gisa erabiltzeko baimenik ez zutenetan erroldatzea lortzeko garaian. Bizitokitzat zuten etxebizitza okupatzeko legezko titulurik ez zuten pertsonen kasuren bat ere izan dugu, eta, horregatik, jabearen kasuan kasuko baimena ez zutenez, udalak ukatu egin zien erroldatzea.
Kasu horietan guztietan, eragindako udalei gogorarazi egin genien gai honi buruzko betebeharrak zeintzuk diren, hain zuzen ere Erroldak bizitokia islatu behar duela, toki fisikoaren zentzuan, benetan udalerriko auzotar bakoitza bizi den tokia jaso behar duela. Udalak benetan egiaztatu dezake eta egiaztatu behar du pertsona bat bizi egingo dela esan duen toki horretan, eta, horretarako, eskura dituen baliabideak erabil ditzake, udaltzaingoari txostena eskatuz edo hori egiaztatzeko eskura eduki ditzakeen beste bide batzuk erabiliz, betiere, eskaerak zalantzarik eragiten badu. Edonola ere, ez da udalaren eskumenekoa etxebizitzaren titulartasunari buruzko gatazka juridiko-pribatuetan edo etxebizitzari eragiten dioten bestelako inguruabar fisiko, higieniko, osasuneko edo beste edozein inguruabarretan sartzea. Alderdi horiek guztiek ez dute zerikusirik biztanleen erroldaren xedearekin, eta beren legezko bideak dituzte konpontzeko.
IV.3. Informazioa eta herritarren parte-hartzea
Norberak bere burua antolatzeko eskumena baliatuz eta izaera organikoko arauen bitartez, geroz eta tokiko administrazio gehiagok arautzen du tokiko bizitza publikoko gaietan herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko egitura jakinen bat. Herritarren parte-hartzerako jarri diren bideek erabaki politikoak hartzeko prozesuan esku hartzen dela bultzatu behar dute eta, beraz, antolatutako talde handien eta, orokorrean, herritarren lankidetza eta ekarpena geroz eta handiagoa izan, orduan eta eraginkorragoa izango da erabakiak hartzea.
Aitzitik, aipamen erretorikotik edota araudia sortzetik harago joanez, herritarren parte-hartzerako tresna organiko hauek sortzea ez da nahikoa, ondoren horiei behar besteko protagonismorik ematen ez bazaie. Herritarren parte-hartzerako bideen sorrerak eragin egin behar du tokiko gobernuek eraginkortasun gehiagorekin gain hartzea informazioa hobeki eskuratzeak, egiten dutenaren eta egin nahi dutenaren gaineko gardentasun gehiago edukitzeak eta erabakiak hartzerakoan parte hartzeko dauden bideen optimizazioak zera ahalbidetzen dutela:
• Erabaki hobeak hartzea.
• Hartutako erabakiak eraginkortasun gehiagorekin aplikatzea.
• Jendea sentsibilizatzea, hartzen diren erabakiek zer arazori erantzun behar dioten azalduz.
• Herritarrei esku hartzeko aukera ematen diote.
• Agintari publikoei lagundu egiten diete behar bezala aintzat hartzen herritarren kezkak eta esperientziak.
Zentzu horretan, interesgarria da egiaztatzea nola zenbaitetan jardunaren oinarrian eduki nahi den izpirituak eta herritarren parte-hartzearen araudi organikoak berak talka egiten duten argi eta garbi egunerokoaren errealitatearekin. Gauzak horrela, sindikatu batek planteatutako kexa bat izapidetu dugu. Hari Gasteizko Udalak ukatu egin zion parte-hartzeko sektore organo batean parte hartu ahal izatea. Herritarren Parte-hartzerako Gida Planak 2008-2011, adierazi egiten du udalak aukeratutako herritarren parte-hartzerako eredua abiatu egiten dela hiru dimentsio identifikatzetik, eta horiek bateragarriak eta osagarriak direla kasuan kasuko organo iraunkorrekiko: Dimentsio orokor bat, organo gisa udalerriko gizarte kontseilua duena; sektore dimentsio bat, sektore kontseiluen bitartez, eta lurralde dimentsio bat, lurralde kontseiluen bitartez. Labur adieraztearren, Planak azpimarratu egiten du hiru dimentsio horiek ez direla itxiak, eta garrantzitsua dela haien arteko elkarrekintza, izan ere, gai batzuk, haien izaera dela-eta, dimentsio batean baino gehiagotan jorratu beharko dira eta, arrazoi berdinarengatik, entitate batzuk –nahi izanez gero– parte-hartze eremu batean baino gehiagotan parte hartuko dute.
Izpiritu horri jarraiki, Udalak parte-hartze organo ezberdinen sorrera arautzen du, adibidez Udalerriko Gizarte Kontseilua eta Sektore Kontseilu ezberdinak. Aitzitik, sindikatu erreklamatzaileak sektore kontseiluetako batean parte hartu ahal izateko aukera ukatu zuen, horretarako behar besteko arrazoirik eman gabe. Hori dela eta, erakunde honek ebazpena egin zuen, nahiz eta hura ez zuten onartu. Ebazpena 2010eko maiatzaren 17koa izan zen, eta horren bidez Gasteizko Udalari gomendatzen zitzaion ELA sindikatuak egin zuen eskaera, Hirugarren Adinekoen Sektore Kontseiluan parte hartzekoa, behar bezala ebazteko.
IV.4. Herri-administrazioen ondarea
Jaso ditugun erreklamazioek zerikusia dute herri-administrazioek gaizki erabiltzearekin ondare publikoaren defentsaren gaian dituzten eskumen zabalak. Hala ere, Administrazioaren eskumenak, eta, zehazkiago esatearren, ikerkuntza eskumena eta edukitza berreskuratzekoa jabari publikokoak omen diren ondasunak defendatze aldera, pribilegio erako tresnak dira, eta horien justifikazioa ondare publikoa defendatzean dago. Aitzitik, eskumen horiek ezin dira bihurtu bide azkar bat ondasun bat erabiltzeko behar beste egiaztatu izan gabe jabari publikokoa den edo izan den.
Jurisprudentziak, eskumen horiek baliatzea mugatzeko garaian, behin eta berriro adierazi du edukitza berreskuratzea erabat egiaztaturik geratu behar dela kasuan kasuko espedientean, eta horretarako administrazio edukitzaren froga ukaezina eduki. Horrela, jabariaren alorrean sor daitekeen edozein gai ohiko epaitegietara eramango da. Aitzitik, ezin da alde batera utzi honakoa tresna pribilegiatu bat dela, interdiktuko benetako ekintza baten baliokide, baina epaile batengana joateko beharrik gabe, eta honetarako beharrezkoa dela ikertutako ondasunaren titulartasunaren premisak "uste izatea" ondasun hori jabari publikokoa dela.
Teoria hutsean, udalak ekintza hau balia dezake edukitza egoera bat lehengora eramateko, izatez soilik bada ere. Aitzitik, bete egin behar du ere premisa hau: publikotzat hartu diren ondasunak izateaz gain, beharrezkoa da berreskuratu nahi diren ondasun horiek "behar ez bezala" egotea partikularren esku, hau da, beharrezkoa da edukitza egoeraren nahasmendua edo galera gertatu izana eta ekintza horren izaera legez kanpokoa izatea haren gainean eskubideak dituela aldarrikatzen duen haren partetik (AGren 2001eko apirilaren 23ko Epaia eta AGren 1994ko apirilaren 25eko Epaia). Hori guztia, gainera, behar bezala egiaztaturik geratu behar da espedientean, eta legez ezarri den prozedurarekin jarraitu, eragindako guztiei zor zaien entzunaldia eta izapidea barne.
Zentzu horretan, Arartekoaren 2010eko ekainaren 30eko ebazpena aipatzen dugu,; horren bitartez, Bidegoiango Udalari, gomendatu egin zitzaion bide baten erabilerari buruzko ikerketa-espedientea artxiba zezala. Halaber, aipatzekoa da Arartekoaren 2010eko uztailaren 12ko ebazpena; horren bidez, Aretxabaletako Administrazio Batzarrari gomendatzen zaio ondasunen inbentarioko idazpen bat baliorik gabe utz zezala. Nabarmendu egin behar dugu gomendio horiek ez dituztela onartu.
Halaber, nabarmendu egin dezakegu, nahiz eta zentzu ezberdin batean, Arartekoaren 2010eko abuztuaren 31ko ebazpena; horren bidez, Bermeoko Udalari, gomendatu egin zitzaion jabekideen komunitate batek erabilera publikoko zorra duen espazio pribatuan egindako gastuak ordain zitzala. Kasu horretan, udalak ez zituen bere gain hartu eragindako gastuen kopuru osoa, zortasunaren onuraduna zelako. Gainera, diru-laguntzen alorrean indarrean dagoen araudia aplikatuta ere (gu horrekin bat etorri ez arren hori da udalak berak emandako kalifikazio juridikoa), udalaren ezezkoa publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun eta bereizkeria ezeko printzipioen aurkakoa litzateke, eta hori derrigor bete behar dute herri-administrazio guztiek. Bermeoko Udalak ez du gure gomendioa onartu.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste herri lan batean laguntza teknikoa emateko kontrataturiko teknikarien kasuan, exijitu zuen ezkutuko akatsengatiko erantzukizunari buruzko kexak jaso dira. Gure esku-hartzeak gomendio bat ekarri du, izan ere, uste izan genuen izapidetutako prozedura iraungita zegoela. Iraungitze hori ere aitortu zuen epaileak emandako epaiak espediente hori aurretik izapidetu zuenean. Hain zuzen ere, Arartekoaren 2010eko azaroaren 18ko ebazpenari buruz ari gara. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari gomendatu egin zitzaion berriro ere azter zezala eraikitze lanen ezkutuko akatsengatiko erantzukizunaren adierazpena ematen zuen ebazpena. Memoria hau itxi den datan, administrazio interesdunaren erantzuna jaso zain gaude, guk helarazitako planteamendua onesteari buruz.
IV.5. Ondare erantzukizuna
Zerbitzu publikoen funtzionamenduagatik herri-administrazioei eska dakiekeen ondare erantzukizunari buruz izapidetu ditugun espedienteetan ez dago aparteko nobedaderik azpimarratzeko. Orokorrean, kexak aurkezten dituzten pertsonek uste dute, beren ondasun eta eskubideetan jasan duten kaltearen aurrean, eragindako administrazioek ez dietela erantzuten beren kalte-ordain nahiei edota ez dituztela behar bezala arrazoitzen aurkeztutako erreklamazioak. Erakunde honek kexa kopuru adierazgarria eskuratzen jarraitzen duen gai honetan garatutako lana zera lortzera zuzendu da: herri-administrazioek jasotzen dituzten erreklamazioen onespena edo gaitzespena ebaztea eta hori behar besteko arrazoirekin egitea.
Gauzak horrela, Balmasedako Udalari gogorarazi egin behar izan genion (arlo honetako IV.1 idatz zatian aipatzen den gomendioa) erreklamatzeko ekintza preskribatu egiten dela kalte-ordaina eragiten duen gertaera edo egintza jazo eta urtebeteko epean, baina ezin dela preskripzio epe gisa aipatu administrazioak kasuan kasuko erreklamazioa izapidetu ez izana horretarako legez jasotako epean, izan ere, erreklamazioa ebazteko hark duen betebeharra ez da preskribitzen.
IV.6. Tokiko zerbitzu publikoak
Iazko txostenean bezala, epigrafe honetan jasotako kexa gehienak zerbitzuen kalitateari buruzkoak, horiek emateko moduari buruzkoak eta zenbaitetan erreklamatzaileek, horiek ematen diren baldintzengatik, jasaten dituzten eragozpenei buruzkoak izan dira. Aurten, hondakinak biltzeko zerbitzuarengatik jaso ditugun kexak azpimarra ditzakegu, bai udalerri ezberdinetan zaborrontzientzat erabaki den kokalekuagatik, bai ezarritako bilketa sistemengatik jasotakoak horiek.
Horrela, bilketa pneumatikoaren sistema izeneko horrengatik kexa ezberdinak jaso ditugu, eta baita "atez ateko" sistemarengatik ere. Azken sistema horri dagokionez, kexak aurkeztu zituzten pertsonei jakinarazi egin zitzaien zer eskubide zuten jabetza pribatuaren eskubidearen eragin eta mugak, intimitate eskubidea edo udalerri bakoitzeko udal autonomia bezalako gaietan, indarrean dagoen lege esparruari jarraiki, egokientzat jotako zabor bilketa eta tratamendu sistema finkatzeari dagokionez.
Bestalde, nabarmendu egin nahi dugu ere Arartekoaren 2010eko ekainaren 8ko ebazpena, Donostiako Kontxako hondartzan 2010 denboraldirako eguzkitakoak murrizteari buruzkoa. Eta azpimarratu egin nahi dugu eragindako erabiltzaileentzat Kostaldeen Legea aplikatzeko udalak hartu zuen erabakiak eduki zuen eraginagatik, ondorioen neurriagatik eta interesdunei erabakiaren berri eman zitzaien moduagatik, araua indarrean jarri eta hogei urte geroago.
Azkenik, gomendio bat aipatuko dugu, hain zuzen ere eragindako administrazioak onartu zuena. Gomendioa udalek dituzten betebeharrei buruzkoa da, bide publikoetako eraikinen identifikazio korrelatiboa eguneraturik mantentzerakoan. Hain zuzen ere, Arartekoaren 2010eko apirilaren 23ko ebazpenari buruz ari gara,. Horren bidez, Armiñongo Udalari gomendatzen zaio kale bateko eraikinen zenbakiak jarraitasunez berri ditzala.
V. Ondorioak
Aurten izapidetu ditugun kexak arrazoizko epe baten barruan arrazoitu eta ebatzi dira kasu gehienetan, nahiz eta azpimarratu egin behar dugun atzerapenak egon direla administrazio batzuk lankidetza falta agertu dutelako, behar bezalako erantzun bat ez emateagatik edo erakunde honek egindako laguntza eskaera inolaz ere ez erantzuteagatik. Alderdi hori bakarka xehatu da erakunde honen memoriaren kasuan kasuko idatz zatian. Inguruabar hori larria da, izan ere, herri-administrazioek beren jarduna herritarrekiko eraginkortasun eta zerbitzu irizpideetan oinarritzen dutela dioen printzipioaren urradura dakar.
Ordenamendu juridikoak interesdunentzako berme gisa aurreikusi dituen irudi juridikoak, adibidez administrazio isiltasuna, espedientea iraungitzea, administrazioaren edo partikularraren ekintza preskribatzea, ezin dira erabili oinarri gisa administrazioaren jardun eza justifikatzeko edo haren xedearen eta izpirituaren aurkako modu batean, lege aurreikuspenetatik edukia kentzen saiatuz. Ez dator zuzenbidearekin bat arrazoitzea administrazioak eskaera bat ebazteko duen epea igarota gaitzetsitzat ulertu behar dela eskera hori isiltasunaren bidetik, izan ere, administrazioak beti du ebazteko betebeharra. Zentzu berean, espediente bat ebazteko finkatu diren epeak eta iraungitzearen aplikazioa ezin dira geratu administrazio jardulearen nahierako irizpidearen pean. Azken batean, administrazioaren eskubidearen preskripzioa egiaztatzen denean, horrek prozedura amaitzea ekarri behar du, erreklamatzeko epeak agortu direnean partikularraren ekintzaren preskripzioarekin gertatzen den modu berdinean.
Lege erako nobedadeei dagokienez, presazkoa da bai esparru autonomikoan, bai udal mailan, araudi eta erregelamendu sorta egokitzea Zerbitzuen Zuzentarau gisa ezagutzen den horretara (2006/123/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2006ko abenduaren 12koa, zerbitzuei buruzkoa barruko merkatuan). Segurtasun juridikoa edukitze aldera eta Zerbitzuen Zuzentarauaren aplikazioko "eragin zuzena" delakoaren aurrean, edozein interesdunek heldu dezakeena, herri-administrazio guztien esku-hartze jardueraren araudi egokitzapena presazkoa da, bakoitza bere eskumenen esparruan. Halaber, egiteke dagoen berrikuspen lan hori prozedurak sinplifikatzeko eta zerbitzuen merkatuen funtzionamenduan behar ez diren murrizketak sartzen direla saihesteko aukera bat izateko aprobetxatu behar da.
Labur adieraztearren, lege esparruaren berrikuspenak, bai autonomikoa, bai tokikoa, beharrezko du azterketa sakona egitea printzipio eta irizpide hauek gardentasunez eta proportzionaltasunez aplikatzeko, prozedurak sinplifikatuz eta justifikaziorik gabe establezimendu askatasuna murrizten duten oztopo ez beharrezkoak ezabatuz.
Arlo honetako jardueraren laburpen gisa eta herritarren eskarien isla bezala, eragindako administrazioei zuzendutako gomendio ezberdinak azpimarra ditzakegu, hurrengoak bezalako gai anitzekin: tokiko ondasun publikoak (bideak), erabilera publikoko zortasuna duten eremu pribatuak mantentzea, ibilgailu batean kalteak jasan izanagatik erreklamazioa, atalondoen zenbaki korrelatiboak eguneratzea, espediente bat iraungitzea, sindikatu batek sektore kontseiluan parte hartzea.
Orokorrean, herritarrek zerbitzu gehiago eskatzen dituzte, baina zorrotzagoak ere badira eta prestazioak kalitate handiagokoak izatea ere erreklamatzen dute, herri osoarentzat haztaturikoak izatea eskatzeaz gain. Kopurua ez ezik (berdeguneak azalera egokian), kalitatea ere erreklamatzen da (kimatzeak kopuru egokian, landareak behar bezala birlandatzea, eta abar). Erdigunearen eta auzoen artean zerbitzu emakida orekatua izatea ere eskatzen dute. Labur adieraztearren, dituzten eskubideez gehiago jabetuz eta horien gaineko informazio gehiago edukiz, efizientzia eta eraginkortasun handiagoa eskatzen dute eskaintzen zaizkien zerbitzuetan, udalerrian lurralde orekako irizpideak erabiltzea eskatzearekin batera. Gai horiek behar bezala definituta eta behar besteko informazioarekin egon beharko lirateke, auzotar komunitate diren aldetik pertsonek ulertu ahal izateko.
12. Osasuna
I. Arloa kopurutan
Aurten 69 kexa jaso da guztira arlo honetan, eta eragindako administrazioak gorabehera horiek eduki duten banaketa hau izan da:
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 70
− Foru administrazioa 1
− Tokiko administrazioa 1
Azpiarlokako banaketari dagokionez, sailkapena honakoa da:
- Erabiltzaileen eskubideak 24
− Osasun laguntza 14
− Itxaron zerrendak 12
− Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 11
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 5
− Beste alderdi batzuk 2
− Osasun publikoa 1
Arlo honetan jasotako kexen informazio estatistikoa abenduaren 31n hau da:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 72 | 25 | 46 | 18 | 18 | 10 | 1 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 34 | 3 | 31 | 9 | 20 | 2 | 0 |
Osasun babesa eskuratzeko eskubidea aitorturik dago Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan). Eskubide hori hainbat arauren bitartez garatuta dago, batzuk gure gizartean azken urteotan gertatu diren eraldaketekin biribilduak, eta alderdi ezberdinak eta edukia arautzen dituzte.
Azken gertaera ekonomikoen ondotik, bestalde, barneratu egin da egungo babes maila egonkor mantendu nahi izanez gero beharrezkoa dela ongi/hobeto gastatzea, nahiz eta horrek ez duen ekarri behar laguntza gehien –gizarte erakoa edo osasunekoa– eskatzen duten pertsonak atenditu gabe uztea. Testuinguru hori islaturik ikus daiteke botere publikoen lan agendetan, hain zuzen ere EAEko Osasun Mentaleko Estrategia dokumentua 2010 delakoan, Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategian edo Txosten soziosanitarioa 2010 delakoan. Tresna horiek espero dugu erabilgarriak izatea babes berezia eskatzen duten pertsonei eman beharreko arretarako. Arreta publikoko taldeen kapituluan horiei buruz ari gara.
Jasotzen ditugun kexa gehienen azterketak eskatu egiten du horiek alderatuak izatea osasun babesa eskuratzeko eskubidea definitzen duten arauekin eta oinarrizko estaldura maila finkatzen dutenekin. Lehenengoen artean hauek izango lirateke: Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea, eta Pazientearen Autonomia, eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoko gaiei buruzko Eskubide eta Betebeharrak Erregulatzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legea. Bigarrenaren baitan, aldiz, hauek: Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen sorta eta hura eguneratzeko prozedura finkatzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretua, eta Kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko ortoprotesi zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 22ko 9/1997 Dekretua.
Zerbitzu sorta honen helburua baldintza egokiak bermatzea da, osasun arreta integrala, jarraitua eta maila egokikoa izan dadin. Gure ustez, zenbaitetan gertatu egiten da mota ezberdineko inguruabarrek, forma, prozedura edo informazio alderdikoak hain zuzen, galarazi egiten dutela prestazioak eskuratu ahal izatea.
Kexa horiekin batera, ikusi dugu beste batzuetan, zalantzarik gabe behar egoerak direnak, estaldura publikoan sartu zain daudela oraindik. Lehen aipatu ditugun jarduera estrategikoek helburuen artean hartzen dute behar hauekiko arreta.
II. Jarduera-plana
Erakundearen lan-arloen antolamendu berriari jarraiki, osasun arloa gaien araberako arloen barruan kokatuta geratu da, eta arreta publikoa behar duten taldeen arlora pasatu dira gaixo kronikoei eta buruko gaitzak edo nahasmenduak dituztenei eragiten dieten gaiak. Arlo hauei dagokien idatz zatietan jaso egiten dira osasunarekin zerikusia duten jarduerak osatzen dituzten jarduerak.
Gure ohiko jardueraren oinarrizko zati baten jatorria herritarrek aurkeztutako bakarkako kexetan kokatzen da. Kexa horietatik abiatuz, Arartekoaren erakundearen jarduera planak aurreikusi egiten du espedienteak ofizioz hastea, kexa horiek gizabanakoen egoeretatik harago joan daitezkeen arazoak erakusten dizkigutenean.
Ofizioz bideratutako jardueren idatz zatian, aurten egin direnetako batzuk linfedemaren errehabilitazioari buruzkoak, aldez aurretiko probak ebakuntza kirurgikoekin koordinatzeari buruzkoak edo agenesiak eragindako adingabeen arazoei arreta emateari buruzkoak izan dira.
Aurreko txostenetan, 2008ari eta 2009ari zegozkienetan hain zuzen, sartu egin genituen gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen errehabilitazioari eta, zehazki, gaixotasun neurologikoei eragiten zieten gaiei buruzko ofiziozko espedientean egindako esku-hartzeak.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailaren erantzuna jaso dugu:. Horren bitartez, zera jakinarazi digute: hartutako kalte zerebralak eragindako pertsonek behar duten errehabilitazio integraleko ikuspegia oinarri hartuta, Euskal Osasun Sisteman tratamendu neuropsikologiko bat sartzen hasi direla. Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen arreta publikoko taldeen idatz zatian jasotzen da informazio hori xehetasun gehiagorekin.
Ebakuntza aurreko probei dagokienez, zenbait kexatan ikusi ahal izan dugu atzerapenak egon direla eta horren ondorioz probak iraungi ere egin direla. Horren arrazoia zen gaixoek ebakuntza edukitzeko itxaron beharreko denborak nabarmen gainditzea hasieran aurreikusitako denbora.
Emandako erantzunean, Osakidetzak jakinarazi zigun iraungitze hori saihesteko aintzat hartzen den datuetako bat anestesistaren kontsulta egin den data dela. Datu horri esker, ebakuntza programatzeko harrera zerbitzuek zerrendak dituzte probak iraungitzea saihesteko ebakuntza izan aurretik.
Ofiziozko jarduera honek iraun bitartean, hain zuzen ere arrazoi nagusitzat ebakuntza izateko itxaroten zeraman denbora izanez (urtebete), planteatu egin zen, gainera, anestesistarekin eduki beharreko ebakuntza aurreko azterketa bertan behera utzi ziotela gaixoari.
Kexa honi buruzko erantzunean, Osakidetzak jakinarazi zigun horren arrazoia ebakuntza aurreko protokoloak egokitzen aritzea zela, horren bitartez azterketak ebakuntzarako aurreikusitako datetatik ahalik eta hurbilen egiten direla saiatzeko eta, horrela, iraungitzen direla saihestuz.
Protokoloen egokitzapen hori bat dator ofiziozko espedientea dela-eta aldez aurretiko proben kudeaketa zirkuituen eta itxaron zerrenden arteko koordinazioaren inguruan eman zitzaigun informazioarekin.
Ofizioz bideratutako jarduera honen helburua ebakuntza aurreko proben prozeduraren funtzionamendua ezagutzea bazen ere ebakuntzarekiko duten erlazioari dagokionez, iruditu zitzaigun derrigorrezkoa zela Osakidetzari gogoraraztea kexetan topatutako arazo hori bigarren mailako alderdi bat zela lehenengo mailako alderdiaren ondoan: hain zuzen ere, ebakuntza edukitzeko itxaroten zeramaten denbora.
Aldez aurretiko proben eta ebakuntzaren daten arteko koordinazioari buruzko alderdi honekin batera, gure informazio eskaeran galdetu egin genuen ea azterketak sistematikoki egiten diren orokorrean edo modu selektiboan egiten ziren.
Adierazi zitzaigunaren arabera, probak egitea aurreikusten duen protokolo bat dago, eta aurreikusitako modu sistematikoak salbuespenak ditu patologia gorabehera.
Agenesiek eragindako adingabeei eragiten dieten arazoen xehetasunak ezagutzeko, harremanetan jarri ginen Haur Protesien Erabiltzaileen Elkartearekin.
Funtsean, arazoek zerikusia dute zenbaitetan egungo ezagutza mailarekin bat ez datozen agenesia balorazioak eskuratzearekin. Horren guztiaren ondorioz, horrelakoetan senideak ospitaletik irteten dira haurrarekin baina aurreikusitako arretari buruzko informaziorik gabe (protesiak, errehabilitazioa, eta abar).
Osakidetzarekin eta elkartearekin izandako bileren emaitza gisa, egungo funtzionamenduan egokitzapen batzuk egiteko aukera aztertzeko beharra baloratu zen. Helburua arazo horrekin jaio daitezkeen pertsona guztiek agenesiaren hasierako balorazio bat eduki ahal izatea da, eta baita errehabilitazio plan baten diseinua ere, horren bitartez posible izan dadin egun, arrazoi ezberdinak tartean egoteagatik, beti gertatzen ez den jarraipena edukitzea.
Osakidetzak elkarteak planteatutako egoerak saihesteko modua aztertzeko konpromisoa hartu zuen, hain zuzen ere behar bezalako informazioa jaso izan balute eskuratu ahal zuketen arretari buruzko informaziorik gabe alta ematen zaien horien egoera. Halaber, aztertu egingo da erreferentziako zerbitzu bat aintzat hartzea eta errehabilitazio plan bat planteatzea, gaur egun existitzen ez den eta errehabilitazioaz arduratzen direnek arreta hobea izateko faltan botatzen duten jarraipen batekin: normalean, gurasoak Bartzelonara joaten dira, ia-ia protesia berritzeko bakarrik.
Ofizioz bideratutako hirugarren jarduera batek zerikusia eduki du lehen mailako linfedema, bigarren mailakoa edo beste patologia linfatiko batzuk jasaten dituzten pertsonei emandako arretarekin. Haien errehabilitazioa Gaixotasun Kronikoen Errehabilitazioa Hobetzeko Plana 2007-2009 delakoaren eremuetako bat izan da, , eta garatu ditugun jarduerak gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen eremuan bildu dira.
Ofizioz bideratutako beste jarduera bat trafiko istripu bat eduki zuen pertsona baten senideak aurkeztutako kexaren ondotik hasi zen. Familiak bizi dezakeen ez jakite egoera planteatu genuen, hain zuzen ere informazioa eskuratzeko behar besteko denbora igaro arren informazio hori jaso ez duenean. Ohikoa da administrazio, polizia eta osasun antolamendu ezberdinek esku hartzea, eta arazoak gainditu egin dezake kasu hauetan poliziarena soilik den eremua istripua eduki duten pertsonak osasun zentro batera eramaten dituztenean gertaeran jasotako kalteetan laguntzeko. Osakidetzari informazioa eskatu diogu jakiteko ea zein den kasu hauetan jarraitzen den jarduera protokoloa, eta haien iritzia zein den ezagutzeko istripua izan duten pertsonen senideei informazioa emateari dagokionez polizia kidegoekin beren jarduera koordinatzeko komenigarritasunari buruz.
Ofizioz bideratutako azken jarduera batek zerikusia eduki du Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Legearen aurreikuspena aplikatzearekin,. Bertan, 12.3 artikuluan zera esaten da: Espainian dauden hemezortzi urtetik beherako adingabe atzerritarrek eskubidea dute osasun laguntza eskuratzeko espainiarrek eskuratzen duten baldintza berdinetan.
Lege aurreikuspen hori ez dago kontraesanean atenditutako pertsonek osasun txartel bat izapidetzearen komenigarritasunarekin. Jarduera honen xedea ez zen hori izan, ezta hura lortzeko eskainitako informazioa ere, baizik eta aipatutako arauaren ondotik edozein kasutan eragiten den kostuaren fakturazioa jakinarazten dela saihesteko beharra. Inguruabar hori dela-eta, espediente hau hasi behar izan genuen, eta txosten hau landu den unean irekita dago oraindik.
Amiantoarekin zerikusia duten gaixotasunek kaltetutako pertsonen arazoari dagokionez, egokitzat jo dugu administrazioari galdetzea amiantotik eratorritako gaixotasun profesionalen inguruko jarduera aurreikuspenei buruz. Gizarte Segurantzako eta Laneko Osasuneko Plan Estrategikoarekin duen erlazioa dela-eta, laneko arloan heldu diogu horri.
III. Kexarik aipagarrienak
III.1. Aukeraketa
Agindu baino lehen produktuak erostea eta, horregatik, finantzatzeari ezezkoa ematea kexen xede izan da. Uste dugu jasotzen duten tratua ez den beste bat jaso dezaketen espedienteak direla, eta horrela planteatu diogu Osasun eta Kontsumo Sailari, inolako arrakastarik gabe.
Prozedura orokorretik abiatu gara (Kanpoko protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko ortoprotesi zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 22ko 9/1997 Dekretua), eta finantzatzeko biltzen dituen betekizunen artean sendagile espezialistaren agindua ageri da.
Prozedura naturaletik eratorri egiten da prestazio horien finantzazioaren onespenerako beharrezkoa dela aldez aurretik kasuan kasuko sendagilearen preskripzioa egotea. Aitzitik, prozedurak ez du esaten beren beregi preskripzio hori erosketa baino lehen egin behar denik eta, beraz, ez du galarazten ondoren edozelako zuzenketarik egotea. Balorazio horretatik abiatuz, uste dugu zuzenketaren izapideak aukera eman diezaiokeela gaixoari preskripzioa aurkezteko legeak exijitzen dituen baldintzetan.
Hausnarketa hori egitean, aztertutako kasuan preskripzioa justifikatzeko baldintzak betetzen zirela uste izatetik abiatu ginen. Ez bakarrik produktuaren beharra oinarritzen zutenak, baizik eta, baita ere, euskal osasun sistemak erabiltzaileari egokituriko osasuneko zerbitzu zehatzen erabilerari buruzkoak.
Zentzu horretan uste izan genuen emaitza berdina izango zela erabiltzaileak ohiko prozeduraren denborak gorabehera jardun izan balu. Zehazki, egiaztaturik geratu zen halabeharrez existitu behar den lotura, hain zuzen ere prestazioen katalogoan prestazioa sartzearena, sistema publikoan gaixoari dagokion kasuan kasuko sendagileak preskripzioa egitearena eta, azkenik, produktua hitzartutako zentro batean erostea.
Inguruabar horiek agertuz gero, uste izan genuen akatsak zuzentzerik bazegoela. Prozedura hori bat dator administrazio prozeduretan aintzat hartzen diren jarduera printzipioekin.
Kasu honetan, gaixoak arauak ezarritako izapideak egin zituen –osasun sisteman bertan eta erreferentziako bere zerbitzuetan– baina denboran sakabanatuta, ez zen beste osasun zerbitzu batera joandako gaixo bat izan eta ez zegoen daturik pentsatzeko emaitza beste bat izan zitekeenik preskripzioa produktua eskuratu baino lehen egindakoa izan balitz.
Ikus daiteke ez genuela planteatzen erabateko aukera askatasuna zerbitzuak erabiltzerakoan, administrazioaren erantzunak iradoki bezala, baizik eta, aldiz, aurreikusitako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaera kasu horiek administrazio espediente bat zuzentzearen ikuspegitik jorratzeko aukera bezala, betiere, horretarako baldintzak agertuz gero.
Egia da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitakoaren arabera, 71.3 artikuluan, Administrazioa ez dagoela behartuta zuzenketa izapide hori betetzera, izan ere, manu horrek egiteko aukera besterik ez du adierazten.
Aitzitik, uste dugu kexa hau ekarri zuena bezalako kasuak agertzen direnean, hain zuzen ere hirugarren batzuk kaltetzeko lehiarik ez duten prozeduretan izaten direnak, arrazoizkoa dela bide honetara jotzea akastunak izan daitezkeen eskabideak konpontze aldera.
Kontua ez da produktuak eskuratzeagatik egiten diren gastuak itzultzeko prozeduran aldez aurretik egon beharreko preskripzioaren garrantzia alboratzea, baizik eta ordenamenduak gure ustez ematen dituen bideak antolatzea produktu horiek finantzatzen direla lortze aldera.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak ez zuen planteamendu hau onartu.
III.2. Erabiltzaileen eskubideak
Herritarrek planteatutako kexetako batzuk idatz zati honetan sartzearen arrazoia, nagusiki, harreman zuzena edukitzea da arlo honen hasieran aipatutako esparru arautzaileak eskubide gisa jasotakoen inguruan kokatzen diren eskubideekin. Horrela, bada, ez da adierazi nahi aurreragoko idatz zatietan aipatuko ditugun beste kexa batzuk ez direnik osasun babesa eskuratzeko eskubidearen barruan kokatzen.
Informazio eta dokumentazio klinikoaren alorreko eskubideak eta betebeharrak kexaren xede dira oraindik ere horiek eskuratzeko eskubidea mugaturik ikusi duten gaixoen partetik.
Berriro ere historia klinikoa eskuratzeko arazoak aipatu behar ditugu. 2009an ofizioz espediente bat hasteko izan ziren uko arrazoi berdinak errepikatu egiten dira: Ospitaleko dokumentazio klinikoa eskuratzeko prozeduran ezarritakoaren babesean informazioa eskuratzea mugaturik egotea; horren arabera, kanpo uzten da hirugarren batzuen ohar subjektiboak edo aipamenak –adibidez anamnesia, bilakaera klinikoa eta erizaintzakoa– biltzen dituzten agiriak ematea.
Arartekoaren jarrera horrelako egoeretan hau da: "41/2002 Legeak, 18.1 artikuluan, aurreikusi egiten du osasun zentroek arautu egingo dutela eskubide horiek errespetatzea bermatzen duen prozedura. Aitzitik, ospitaleko dokumentazio klinikoa eskuratzeko prozedura arautzeko erabili den modua benetan prozedura bat den horretatik harago joan da, izan ere, modu horren arabera uste da anamnesia, miaketa eta bilakaera guztietan ageri direla aipatutako 41/2002 Legearen 18.3 artikuluan aurreikusitako mugaketak (ohar subjektiboen erreserba)".
Sendagile aldaketa egiteko aukerari dagokionez, sendagile berriak lanean hasi izana, horrek ekarri duen osasun txartelen banaketa berriarekin, kexaren xede izan da ere.
Osasun administrazioak berak irizpide batzuk ezarri ditu, aldaketak objektibo bihurtzen eta arrazoiz erabakitzen laguntzeko nahiz aurreko sendagilearekin jarraitu nahi duten erabiltzaileen ondorengo eskariak ebazteko. Kexa batzuk zerikusia eduki dute irizpide horiek betetzearekin, eta izapidetutako kexa batzuei esker posible izan da ezezko batzuk berrikustea. Horren ondorioz, pentsa daiteke alegatutako arrazoia, esate baterako, historia kliniko bizi bat egotea, ez dela beti aintzat hartu ofiziozko aldaketa erabakitzeko garaian.
Sendagile aldaketengatiko kexa horietako batzuetan, argi geratu da pediatrian sendagile espezialistak falta direla. Herritarrei pediatriako edo beste espezialitate batzuetako sendagileak falta direla eta errealitate horrek behar guztiak estaltzeko behar beste sendagile ez dagoen kasuan erabil daitezkeen beste konponbide batzuk erabiltzeko aukera galarazten duela jakinarazi izanaren kaltetan izan gabe, Osakidetzari kexa hauen berri eman diogu, aintzat har ditzan.
Gurpil aulki bat finantzatzeari dagokionez, Alboko Esklerosi Amiotrofikoak kalteturiko erabiltzaile batek modelo jakin baten beharra planteatu zuen, hain zuzen ere prestazioen katalogoan finantzatzea aurreikusita ez zegoen modelo bat.
Ikuspegi juridikotik aztertuta, ezezkoa eman izana zuzena zen, haren eskaera gaitzetsi zuen epaiak baieztatu bezala. Hori aintzat hartuta, Ararteko erakundeak uste izan zuen beste ikuspegi batetik, hain zuzen ere ezgaituen eta gaixotasun kronikoak dituzten horien arretarenean hobekuntzak sustatzearena, botere publikoek kontuan izan behar dutela talde horien egoera zein den, izan ere, beren prozesuen berezitasunagatik eta zenbaitetan prozesu horiek duten proportzio txikiagoagatik, ez dituzte beti ongi atenditurik edukitzen beren beharrak. Hori dela eta, pertsona honek planteatu zigun arazoa jakinarazi genion Osasun eta Kontsumo Sailari, aintzat har zezan Prestazioen, Aseguratzeen eta Finantzazioaren aipatutako Batzordean parte hartzen duen Administrazio den partetik. Batzorde horretan ordezkaturik daude autonomia erkidegoak.
Prestazio horiei dagokienez ere, pertsona batek kexa bat aurkeztu zuen aspaldi jasandako trafiko istripu baten ondorioz behar zuen gurpil aulki bat ukatu ziotelako.
Aseguru etxearekin adostutako akordioan, interesdunak onartu egin zuen bere garaian etorkizuneko edozein ekintza ukatzea. Orain gurpil aulki berri bat eskatu du, baina Osasun eta Kontsumo Sailak ukatu egin zion ekintza horiei aldez aurretik uko egin izanagatik.
Uste dugu planteamendu hori okerra dela, eta, ondorioz, Osasun Administrazioari gure balorazioaren berri eman diogu. Horren arabera, interesdunak prestazioak eskuratzeko duen eskubideak ez du zerikusirik sistema publikoak ordaintzera behartuta dauden hirugarren batzuei horien ordainketa erreklamatzearekin.
Aseguru pribatuaren eta hark aseguraturik duen pertsonaren arteko harremanak pertsona horrek estaldura publikoa eskuratzeko duen eskubidean eragina izatea bezalako egoerak ez dira berriak. Aurten, aipatutako kasuaz gain, beste bat ere izapidetu dugu. Kasu hartan, herritarra kexu zen Gurutzetako Ospitaleak emandako laguntzaren kostua erreklamatu diolako. Erreklamatu izanaren arrazoia emandako laguntza jaialdi batean gertatu izana da, eta, hori oinarri hartuta, ordaintzera behartuta dagoen hirugarren aseguratzaile batek estalita dagoela uste izaten da. Uste dugu jarduera horiek ezin direla onartu Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren 83. artikuluak jasotako aurreikuspenen babesean daudenekotzat.
Bi kasuetan, Osakidetzak gure balorazioari ematen dion erantzuna ezagutu zain gaude.
Gor-mutuek osasun laguntza eskuratzeko osasun zentroetan duten irisgarritasunari dagokionez, Administrazioak jakinarazi zigun 2009. urtean proposamenak egin ahal izatea espero zuela arazo hau aztertzeko eratutako lantaldearen partetik. Lantalde hori eratzerakoan aintzat hartu dira Zeinu hizkuntza europarrak aitortzen dituen eta gorren, entzumen ezgaituen eta gor eta itsu direnen ahozko komunikazioan laguntzeko bitartekoak arautzen dituen urriaren 23ko 27/2007 Legeak finkaturiko premisak.
2010eko abenduan, Osakidetzak jakinarazi zigun espero zuela behar horrentzako erantzuna iritsi ahal izatea Bide Anitzeko Osasun Zerbitzuen Zentro bat antolatzetik, izan ere, horrek zabaldu egingo dizkie bideak herritarrei OSAREAN proiektuak eratzen duen osasun sistemarekin elkarrekintzan aritzeko. Hasiera-hasieratik, proiektu horren helburua konponbide bat ematea zen, telefono bidez gorrekin izaten den elkarrekintzaren arazoari. Horretarako, bi enpresarekin lan egiten ari da (MMC eta Dualia), eta SOS Deiak-ekin lankidetzan ere ari dira; horrela, larrialdi sistemak nahiz osasun eta gizarte sistemak elkarrekintza hori aprobetxatu ahalko dute.
Idatz zati honetan, baina adingabearen berariazko eskubide gisa, kexa bat jaso genuen, Donostiako Ospitalean, jaioberrien unitatean, ospitaleratutako jaioberriei bisiten denbora mugatzeagatik –ordubete goizean eta beste ordubete arratsaldean–. Gure informazio eskaerari erantzuteko, jakinarazi zitzaigun ospitale horretako osasun zuzendaritzak erabaki egin zuela jaioberrien unitatea 24 orduz irekitzea egunean, bertan ospitaleratuta dauden haurtxoen gurasoentzat. Neurri hau aplikatzeko, ateetan kodea duen sistema elektroniko bat instalatu zen, askatasun osoz sartu ahal izan daitezen.
Osasunaren unibertsalizazioaren ikuspegitik, beste txosten batzuetan aukera eduki dugu pertsona batzuk planteatu diguten arazoari heltzeko, hain zuzen ere, bakarkako osasun txartela eskuratzeko egiaztatu behar diren izaera ekonomikoko betekizunak direla-eta. Izan ere, oraindik gizarte segurantzari egindako kotizazioari lotutako eskubide bat bezala hartzen da.
Oraindik kexak jasotzen ditugu arrazoi hori dela-eta, eta espero dugu gutxi barru oraindik falta den unibertsalizazioa osatu ahal izatea.
III.3. Osasun laguntza
Sendagai batean oinarritutako tratamendu aringarri bat, sendatzen ez duena, eskuratzeko baimenean berandutzeak dakarren zailtasunak zenbait arazo erakutsi dizkigu, hain zuzen ere prozedura hauetan azal daitezkeenak. Sendagai umezurtz bat zen, ordezko entzima batekin egindako tratamendua (TES), eta gaixoaren senideek kexan adierazi zuten idazki bat aurkeztu zutela Gurutzetako Ospitalean otsailean eta baita beste bat ere apirilean, lehenengoari erantzunik ematen ez ziotelako. Maiatza amaiera aldera, beren kexa adierazi ziguten eta guk informazioa eskatu genuen berandutza horren inguruan. Horrekin batera, tratamenduaren balorazioa eta sendagileak presaz baimentzeko adierazitako komenigarritasuna helarazi genituen.
Sendagai umezurtz bat izateak eta berariazko prozedurei jarraiki onetsia izan beharrak azaldu dezake neurri bateko berandutza gertatzea. Aitzitik, igarotako denborak eta sendagai hau eskuratzeko eskaera izapidetzerakoan gaixoak eduki zuen informazio faltak agerian uzten dute funtzionamendu txarra eta informazioa eskuratzeko eskubidea urratu zela.
Gaixotasuna kontrolatzeko gastroskopia bat egin behar zuen pertsona bat kexatu egin zen, kasu honetan jakinarazi ziotelako ezinezkoa zela lasaigarriarekin egitea, hori egiten zuen zentro pribatuarekin eratutako hitzarmena bertan behera utzi zelako. Lasaigarririk gabe egin beharko zuen, izan ere, erreferentziako bere zentroak, alegia, Galdakaoko Ospitaleak, ez du bitartekorik bestela egiteko, ia minik eragiten ez duela uste duelako.
Azkenean, proba beste osasun zentro batean egin zen, eta lasaigarriarekin. Jakinarazi ziguten egoera hori programazioan izandako atzerapen batengatik gertatu zela, eta atzerapen hori prestazioa hitzartzeko erreferentziako zentroetan izandako aldaketa batengatik etorri zela.
2004. urtean planteatu zitzaizkigun antzeko kasuetan, Osakidetzari gure balorazioa jakinarazi genion. Horren arabera, endoskopia bat egin nahi zuten pertsona guztiek ez zuten lasaigarriarekin edo anestesiarekin egiteko aukera, edo, behintzat, ez neurriz gaineko atzerapenik –ia disuasioa eragiten duena– eduki gabe. Kexa hauek alderatzen baditugu gure hurbileko herrialde batzuetan bizi den egungo egoerarekin, kexa horiek ez dira kokatu behar horrenbeste osasun irizpideen desberdintasunaren eremuan, eta, aldiz, bai baliabide gabeziarenean.
Ugalkortasun tratamenduak eskuratu ahal izatea kexaren xede da oraindik. Eskuratzeko betekizunekin duten erlazioagatik, osasun laguntzaren idatz zatian sar daitezkeen kexak dira, baina, baita ere, itxaron zerrenden gaian, izan ere, betekizun horietako bat ez betetzera iritsi daiteke –adinarena– itxaron beharra dagoen denboragatik.
Adinaren betekizuna ez betetzearen ikuspegi horretatik, Osakidetzaren Zuzendaritza Orokorrari planteatu egin genion 40 urteen irizpidea modulatzeko aukera, itxaron beharra dagoen denboran hazkunde adierazgarria eta luzea dagoenean. Balorazio hori egin genuen, uste genuelako itxaron beharreko denboretan lortutako batez besteko denbora onenak gehieneko berandutza konpromiso gisa har daitezkeela. Iradokizun hau ez zuten onartu.
Hala eta guztiz ere, kexaren arrazoiaren gainean egindako jarraipenean, egiaztatu dugu Osakidetzak prestazio honen egungo egoerari buruzko azterlan bat agindu duela. Espero dugu horrek laguntzea prestazio konplexu honen hobekuntzan.
Eragin ezberdinengatiko aho eta hortz tratamenduak eskuratzea, besteak beste ahosabaiko fisurengatik, eztabaidaren xede izan da legebiltzarraren egoitzan, eta aurreko txostenetan aipatu behar izan dugun gai bat da, izan ere, kalteturiko pertsonek eskatutako ortodontzia tratamendua ukatu egiten zen.
Tratamendua eskatzeko bizi zituzten egoerak anitzak ziren, eta patologia bakoitzaren eragin mailak oso anitzak, hain zuzen ere tratamenduak bezala. Aniztasun horri arreta eman dio batez ere, eta ez aintzat hartutako patologiari berari, Ararteko erakundeak, eta Osasun administrazioari planteatu egin dio beharrezkoa dela aldez aurretik egoera bakoitza baloratzea. Ezagutu ditugun kasuak bi multzotan sailka ditzakegu:
- Batetik, sistema publikoan sartutako tratamendu batekin harreman zalantza-ezina dutenak. Hori ez litzateke posible izango egitea, aldez aurretik zerbitzu komunen multzotik kanpo dagoela uste den hori egiten ez bada (ortodontzia tratamendua).
- Bestetik, osasuna berrezartzearekin lotura argia planteatzen duten aho eta hortzetako tratamenduak. Kasu hauetan ia ziurtasun osoz ondorioztatu daiteke sistema publikoak finantzatzen ez badu, tratamendua sistema pribatura joaz eskuratuko dela, izan ere, horrela ez balitz, horrek berehalako eraginak edukiko lituzke osasunarentzat eta, adingabeen kasuan, haien garapenarentzat.
Uste dugu horrelako kasuak atenditzeak ez duela eskatzen egungo zerbitzu sorta zabaldu beharra. Aldiz, beharrezkoa dena da behar diren tratamenduetara iristeko erabakiak hartzen direnean oinarritzat edukitzen diren irizpideek aukera ematea finkatzeko noiz gauden aipamen gisa lehen jaso ditugun kasu horietan, alegia, osasuna berrezartzeko kasuetan eta beste tratamendu batzuekiko loturarenean (hauentzat ezinbestekoa da ukatutako aho eta hortz tratamendua egitea).
Osasun eta Kontsumo sailburuak Legebiltzarrari helarazitako erantzun idatzia konponbide bat izan daiteke kasu hauetan. Idazki hura urriaren 7koa da, (09/10/05/03/2590-13402), eta bertan adierazi egiten da, horrelako arazoa duten haurrei arreta mota hori emateko komenigarritasuna aintzat hartuta, aztertzen ari direla bai kasu bakoitzeko aipamenak, bai prestazio hau jorratzeko prozedura.
III.4. Itxaron zerrendak
Idatz zati honetan jaso ditugun kexek zerikusia eduki dute tratamenduekin (ugalkortasuna), ebakuntzekin, espezialistekin eduki beharreko kontsultekin eta probak egitearekin.
Osasun laguntzaren aurreko idatz zatian ugalkortasun tratamenduei buruzkoak aipatu ditugu, izan ere, itxaron beharreko denborak eragina eduki dezake emakumeentzat finkatutako 40 urteko adinaren betekizuna betetzean eta, beraz, prestazioa eskuratzeko aukeran. Horren ondorioz, itxaronaldi horiek eta, hala badagokio, denboretan gertatzen diren hazkundeek berezitasun bat dute: arazoa ez da bakarrik itxaron beharra, baizik eta tratamendua ezin eskuratzea.
Tratamendu hauetan nahiz beste batzuetan, denborek gorantz egiten dutela nabarmenki ikusten denean (zenbait kasutan urtebetetik gora eta aldez aurretiko azterketak iraungita egotea), kexen berri eman diogu Osakidetzari.
Itxaron zerrendei buruzko kexek ebakuntzen aurretiko azterketen koordinazioarekin zerikusia duten arazo batzuk erakutsi dizkigute (ofiziozko jardueretan aipatu dugu), edo, bestela, kontsulta bat baino lehen behar diren diagnostiko probekin zerikusia dutenak. Esate baterako, gaixoari hitzordua eskatzen zaio proba bat egiteko, ezinezkoa dela esaten zaio eta bere sendagileak azpimarratu egiten du beharrezkoa dela hura jada finkatutako kontsulta baino lehen edukitzea.
Gaixoak kudeatu behar izandako hainbat erreklamazio eta gero, arazoa konponduta gelditu zen. Aitzitik, horrek beste era batera jardun behar izan zen egoera bat erakusten digu, hain zuzen ere ez da gaixoarengan jarri behar batetik sendagilearen jarraibidea (proba bat data jakin bat baino lehen edukitzeko beharra adieraziz) eta, bestetik, hori horrela izatearen ezintasuna (data finkatzeko arduradun den zerbitzuak esana) uztartzeko lana.
Zerbitzu edo funtzio ezberdinak badira ere –proba agintzen duen sendagilea eta probak kudeatzen dituen zerbitzua–, biak laguntza prozedura berdin baten barruan sartzen dira. Sendagilearen agindua eta probak egiteko daten disponibilitatea bateratzeko azaldu ziren zalantzak argitzea edo oztopoak deuseztatzea kexan azaldutakoa ez den beste modu batera bideratu behar izan zen arazo bat da. Horrelako egoeretan, ikusten dugu gaixoari ematen zaizkiola hitzorduak edo probak eskatzearen izapidetze soiletik harago doazen erantzukizunak.
III.5. Funtzionamendua
Kexa batzuk erakutsi egiten digute ez dugula behar besteko kulturarik akatsak aitortzearen eremuan.
Gaixo bati jakinarazi zioten, matxura bat zela-eta, ospitale batean ekoendoskopia proba bat egitea ezinezkoa zela aurreikusitako datan, eta proba hori bideratzea edo hitzartzea ez zenez egokitzat jotzen, esan zioten gailua berriro martxan egon arte itxaron behar zuela.
Senideen kudeaketei esker, ekoendoskopia miaketa beste Ospitale batean egin zioten.
Ondoren aurkeztu zuen kexari emandako erantzunak ez zuen gertatutakoa islatzen, izan ere, zera esaten zen bertan: "gaixoaren egoera ikusita, beharrezko kudeaketak hasi ziren proba hori Gurutzetako Ospitalean egiteko, eta horrelako kasuetarako dagoen jarduera protokoloa jarraitu zen".
Gure balorazioa helarazi genion Osakidetzari, hain zuzen ere emandako informazioa interesdunak aurkeztutako datuekin bat egiten ez zuela jakinaraziz, izan ere: a) proba beste bide batetik bideratzea egokitzat jotzen ez zela eta itxaron egin behar zuela jakinarazi zioten, eta b) bere kudeaketen emaitza gisa –eta ez protokolo baten ondorioz– egin zioten proba beste Ospitale batean.
Gaixoarentzat kalterik ez dagoenean, badirudi ez dela hain barkagarria erreklamazioaren edo kexaren xede izandako egintza eta inguruabarren ikerkuntza xehatua egiteko jarduerak garatu ez izana, hain zuzen ere Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuan gaixoen eta erabiltzaileen iradokizunak, kexak eta erreklamazioak jakinarazi eta izapidetzeko sistemak garatzen dituen 1990eko ekainaren 19ko Aginduaren 12. artikuluan finkatu bezala.
Hainbatetan, kexek zerikusia dute laguntza eman zitzaien moduak kalteak eragin dizkietela uste dutenen erreklamazioekin. Orokorrean izaera tekniko medikoko desadostasunak direnez, gure esku-hartzea ondare erantzukizuneko prozedurak bultzatzean bakarrik oinarritu daiteke (horiek geldiarazi izana salatu izan zen).
Osakidetzak espedientea ireki duela jakinarazteko egindako hasierako jakinarazpenari ondoren erantzuna falta izateagatik jaso ditugun kexek agerian uzten dute arazoak egon direla horien izapidetzean. Gure balorazioa Arartekoaren Ebazpen batean jaso zen, 2010eko uztailaren 30ekoan hain zuzen. Horren bidez, Osakidetzari gomendatzen zaio ondare erantzukizuneko espediente bat espresuki ebazteko neurriak har ditzan).
Arrazoizkoa da pentsatzea horrek zerikusia eduki duela eskura zeuden baliabideekin, izan ere, egiaztatu ahal izan dugu Osakidetza ez dela espediente horiek ebatzitzat jotzearen aldeko, horretarako isiltasun administratibo negatiboa bezalako irudi juridiko bat oinarri hartzen bada.
Kexa hauek agerian utzitako berandutza egiaztatuta, ondorengo datu batzuk pentsarazten dute neurriak hartu direla arazoa konpontzeko, izan ere, kexa eragiteko geldiarazpena eduki zuten espedienteak aktibatu egin dira. Horri dagokionez, Osakidetzak jakinarazi zigun beharrezko txosten teknikoa landu eta gero, prozedurak bultzatu egin direla eta horretarako erreklamazioaren gaineko balorazioa interesdunei helarazi zaiela, alegazioen izapidea betetze aldera. Halaber, ikusi ahal izan dugu Osakidetzak, bitartean, eta berandutzaz jabeturik, espedientearen egoeraren ziurtagiria bidali diela interesdunei, eta bertan espedientea ebazpen espresarekin amaitzeko konpromisoa jaso da.
ONA txartela eskuratzeari dagokionez, hainbat kexa eskuratu dira Eusko Jaurlaritzaren interneteko orrialdean adierazitako zentroetara bertaratu izan diren herritar batzuen partetik. Hori egiaztatu eta gero, interesdunei jakinarazi genien informazio hori ez zetorrela bat Osasun eta Kontsumo Sailaren orrialdean jasotakoarekin, eta hartara jotzea iradoki genien. Kexa hauen berri eman genion Osasun administrazioari, informazioaren kasuan kasuko egokitzapena egin zedin.
Kexa hauek bat egiten dute txartel elektronikoarekin jarraitzea edo ez jarraitzea aztertzen ari den testuinguru batean.
Funtzionamenduaren idatz zatian, kexak jaso ditugu zenbait zerbitzuren antolamenduarekiko desadostasuna planteatuz. Gipuzkoan dialisiko aldizkako tratamendua eskuratzen zuten gaixoen joan-etorria taxian egiten zen 2010. urtera arte. Horrek, eta lehia publikoaren printzipiotik etorritako eskakizunekin batera, aldaketa bat eragin du eta gaur egun joan-etorria hitzartutako osasun garraioa erabiliz egiten da.
Zerbitzuaren antolamendu berriak pertsona hauen joan-etorria egiteko aurreikusten duen modua aztertzean oinarritu genuen gure jarduera. Osasunaren ikuspegitik, ezta ikuspegi juridikotik ere, ez dago gutxieneko denborarik gaixo hauen joan-etorria betetzeko. Horregatik, uste izan genuen erabilgarria izan zitekeela erreferentzia bat bilatzea, funtzionamendu onaren estandar gisa har zitekeen horretan.
Hitzarmen berrian sartzen den zerbitzuaren oinarri teknikoak eta Aseguramendu eta Kontratazio zuzendariordearen txostenak (egungo joan-etorrien eta aurrekoen iraupenaren balorazio alderatua jasotzen du, bai gaixoak hartzerakoan, bai horien joan-etorrian, eta zerbitzua martxan jartzearen gaineko jarraipena ere jasotzen du) datuak eskaintzen dituzte; horiek, uztartuta jarriz gero, aukera ematen dute uste izateko zerbitzua baldintza egokietan emango dela.
Balorazio hau interesdunei helarazi genien, hitzarmenean aurreikusitako baldintzetan egon daitezkeen urradunak aztertzeko aukeraren kaltetan izan gabe.
Zenbait zonaldetan dauden osasun baliabideek zenbait kexa eragin dituzte, izan ere, aurreikusi direnak eskasak direla edo urrunekoak direla uste da. Horietako batek gaur egun Arabako Lautadan osasun arreta emateko dauden baliabideei heldu die.
Ez dago arau edo aurreikuspenik, inolako zalantzarik gabe finkatzeko zein izan behar den baliabideen antolamendua eta kopurua osasun arreta emateko, honakoa ohikoa edo presazkoa izan alde batera utzita. Baliabideak planifikatzerakoan hartzen diren erabakiak Osasun administrazioari herritarren beharrak atenditu behar dituzten osasun zerbitzuak antolatzeko ematen zaion eskumenaren baitan kokatzen dira.
Hori horrela izaki, existitzen diren baliabideak baloratzeko elementu bat alderaketa izan daiteke, zona baten eta antzeko beste zona batzuen artean. Antza erabilgarria den alderaketa honek, ordea, zailtasun bat topatuko luke: lurraldea eta eremua gorabehera –landa izaerakoa edo hiritarra– antzekoak diren zonak aukeratzea.
Aitzitik, komenigarria da aintzat hartzea prestazio zerbitzuek, osasunekoak eta hezkuntzakoak, landa zonaldeen garapenerako duten garrantzia.
Kexa hau ikuspegi horretatik baloratuta, Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko dagoen eta legezkoa ez den proposamen baten onespenaren berri eman genien kexa adierazi zutenei, hain zuzen ere landa zonaldeetako osasun zerbitzuei buruzko proposamen baten berri. Horren bitartez, proposamen horretan bildutakoa aintzat hartuko duen diagnostikoa egitea lortu nahi da, osasun alderdi ezberdinen gainean, besteak beste, larrialdiko zerbitzuen gainean. Diagnostiko hori egungo baliabideen mapan dauden behar eta banaketari buruzko informazioa hobetzen lagun dezakeen tresna izan daiteke, kasu bakoitzean diagnostikotik eratorritako neurriak hartuz.
Azkenik, idatz zati honetan osasun laguntzaren berrantolamenduari buruzko kexak aipatu behar ditugu.
Osasun zerbitzuen antolamenduan gertatu diren aldaketekin desadostasuna azaldu dute; gai hori, hasiera batean, Osasun administrazioak osasunaren alorrean planifikatzeko duen eskumenaren baitan kokatzen da. Horrek esan nahi du aukera ezberdinak legitimoak izan arren, horrek ez duela halabeharrez hutsaltzen Administrazioak plangintza eskumen hori baliatzerakoan hartu ahal duena. Balorazio hori hor egonda ere, gai berdin hau jarduera ezberdinen xede izan da legebiltzarraren egoitzan, eta horiei buruzko informazioa eman diegu desadostasuna adierazi duten pertsonei.
IV. Ondorioak
Gaixoen itxaropenak ez dira bakarrik mugatzen beren laguntzarako gai tekniko eta medikoetara. Zerikusia dute ere, neurri handi batean, laguntza horren baliabide alderdiekin (itxaron zerrendak, zerbitzu sortak, prestazioetara iristeko prozedura, eta abar) edo zenbait zerbitzuren funtzionamenduarekin, norberarenak edo hitzartuak izan alde batera utzita (adibidez, osasun garraioa edo zerbitzu ezberdinen arteko koordinazioa).
Antolamenduan berrikuntza sartzeko beharra, laguntza sistema berrikuntza biomedikoan erdietsitako maila onera eramaten saiatuz, Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko Estrategiak azpimarratzen duen alderdietako bat da.
Kexen zati garrantzitsu batek erakutsi egiten digu, hain zuzen ere, antolamendu aldaketetan itxaropenak dituen gaixo bat. Aldaketa horiek integrazio gehiagoko laguntza prozesuak garatzera zuzendutakoak izango lirateke. Horrek, halaber, erabiltzailea jakinaren gainean jartzeko eta haren beharrak kudeatzeko gaitasun hobea edukitzeko beharrean pentsatzera garamatza (adibidez, itxaron zerrendaren idatz zatian jaso dugun kexa edukiko genuke).
Orokorrean bere horretan helburu bat ez den informazioa sartzen da itxaropen horien barruan, eta, horregatik, funtsezkoa da osasun sistema ulergarriagoa izatea fase ezberdinetan. Gaixoei emandako azalpenak eta esfortzuak ez dira oinarritu behar bakarrik arretaren alderdi teknikoetan, izan ere, ez da hori laguntzak duen dimentsio bakarra.
Ondare erantzukizuneko prozedurei dagokienez, espero dugu izapidetzerakoan berandutzak eragin dituzten zailtasunak konponduta geratu ahalko direla. Erantzuna eskuratzeko eskubidearen oinarrian dauden arrazoi juridikoetatik harago, jasotako laguntzarekiko desadostasunean egoteagatik erreklamazio bat planteatzen duen eta erantzuna eskuratzeko zailtasunak dituen horren pertzepzioan pentsatu behar dugu.
Estatuko Osasun Sistemaren Gaixotasun Arraroen Estrategiak, helburuen artean jasotzen du garaiz eta modu egokian iristeko bermea sendagai umezurtzetara, estatuko lurralde osoan gaixotasun arraroak tratatzeko. Tratamendu horiei dagokienez, kexa batean ikusi dugu (ordezko entzimarekin tratamendua eskuratzeko baimenari buruzkoa) interesdunek ikusi zutela bultzatu zituzten prozeduretan jarritako itxaropenak ez zirela bete eta, gainera, informazioa falta izan zitzaiela erantzunaren zain egon ziren bitartean.
Erabaki horietako batzuk hartzea zaila dela badakigu, baina gaixoentzat justifikatzen zailak diren egoera horiek ekartzen dituzten antolamendu erako oztopoak ezabatu egin behar dira.
Erabiltzaileak, zenbaitetan, zerbitzu ezberdinengatik hartzen diren erabakien aurrean daude (kontsultak eta diagnostiko erako probak). Biak laguntza prozesu berdin batekoak badira, horiek koordinatzeko agertu daitezkeen zailtasunak konpondu egin behar ditu osasun sistemak berak, kudeaketaren pisua erabiltzaileari eman gabe.
Itxaron zerrendetan, berdintasun printzipioa errespetatzeak galarazi egiten du erreklamatzen dutenek erreklamatzen ez dutenek jasotzen duten tratua ez den beste bat jasotzea. Aitzitik, oinarria dagoenean, kexak antzuak izango lirateke horien berri Osakidetzari emango ez bagenio, lortutako kalitate estandarretara itxaronaldiak bideratzeko neurriak har ditzan.
Jasotako osasun laguntzaren kostua helarazi zaien pertsonen kexak errepikatu egiten dira, laguntza eman duen zentroak ordainketa egitera behartuta hirugarren bat dagoela uste duenean (normalean aseguru pribatu bat, baina ez beti gaixoak hitzartutakoa). Osakidetzaren Zuzendaritza Orokorrak jarraibideak eman behar ditu Osasunaren Lege Orokorraren 83. artikuluaren interpretazio okerrak, kostua exijitzen duten zentro horiek eginak, ez ekartzeko emaitza gisa zerbitzu bat eskuratzeko eskubidea duten herritarrek behar ez dutena ordaintzea.
Bakarkako osasun txartela eskuratzeko prozedurak, oraindik eskatzaileen diru-sarrerak aintzat hartzen dituena, ezin du baztertu osasun arreta gaur egun aurrekontu orokorrek finantzatzen dutela, gizarte segurantzari egindako kotizazioari uztartu gabe.
13. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
I. Arloa kopurutan
Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babesa izeneko arloa 2010. urtean sortu da arlo autonomo modura; helburua, esparru horretan aurkezten diren kexak biltzea da, baina, batez ere, herritarrek IKTen eta datuen babesaren eremuetan dituzten eskubideen babesera zuzendutako jarduera multzoari ikusgaitasuna eta berezko nortasuna ematea.
Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea izeneko arloan jaso den kexa kopurua txikia izan da, izan ere, 4 dira jaso diren kexak. Hori izapidetutako erreklamazio guztien %0,30 da.
Eragindako administrazioak gorabehera, kexa guztiak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurkakoak dira (Eusko Jaurlaritza).
Azpiarloak aztertuz gero:
− Datuak babestea 3
− Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak 1
Arlo honetako kexen izapidetze egoerari eta emaitzari dagokionez:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | |
2010ean hasitakoak | 4 | 0 | 4 | 1 | 2 | 1 |
Egin behar dugun lehenengo hausnarketa, aurreko datuetatik eratorrita, hau da: urtean aurkeztu diren kexa eskasak urte berdinaren barruan amaitu direla eta, une honetara arte, datuen babesari uztartutako eskubideak –arlo honetako funtsezko gune– urratu ahal izan direlako aurkeztu direla.
Aurkeztutako datuen harira, jarraikako bi hausnarketa egin behar da:
- Datuen babesaren gaian, berariazko erakunde bat dago –Datuak Babesteko Euskal Bulegoa– euskal administrazioek datuen babesaren araudia bete dezaten, eta horrek eragin egiten du gai honi buruzko kexa gehienak erakunde hari aurkeztea.
- Informatzeko eta ezagutzeko teknologien eskubideen gaian kexa gutxi jaso izana ez da IKTen gaiko legedia behar bezala betetzen aritzearen isla eta, are gutxiago, administrazio elektronikorako sarbide eskubideak betetzen aritzearena. Aldiz, jatorria administrazioarekiko harreman elektronikoak gutxi erabiltzean kokatu behar da, eta, are kezkagarriagoa dena, herritarrek administrazio elektronikoarekiko dituzten eskubideei eta eskubide horiek balia daitezen zer organorengana jotzeari buruz duten ezagutza mugatua da.
Ondorioz, aipatu diren hausnarketekin, ezinbestekoa da administrazioarekiko harremanetan IKTen erabilera bultzatuko duten ekimenak zabaltzea, eta, baita ere, herritarrek berariazko eremu honetan dituzten eskubideak barreiatzea eta horiez kontzientziaraztea.
Estatu osoko maila orokorrean 2010. urtean bizi izan zen egoera ez da bereziki aldekoa izan eskubide horietan aurrerantz egiteko, izan ere, krisi ekonomikoak neurri handi batean geldiarazi ditu gai honetako proiektuak. Grafikoki esan liteke eremu honetako berrikuntza dela ez dela berrikuntza gehiegirik egon 2010. urtean.
Estatu mailan egindako azterlan ugarik Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzen dute gainerako autonomia erkidegoen arteko erdi maila batean zerbitzu elektronikoen garapenean. Gauzak horrela, AAEEetako Zerbitzuen online erako zerbitzu publikoen 2010eko Alderaketa Azterlanean (Orange-Capgemini Consulting Fundazioa), Euskal Autonomia Erkidegoak 78 puntu ditu, 2009. urtean izandako puntuazio berdina, eta hori batez bestekoa 72 puntukoa denean.
Beste azterlan interesgarri batzuk, IKTen eremuarekin eta Herritarrek Zerbitzu Publikoak Elektronikoki Eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea, HZPEE aurrerantzean, betetzearekin zerikusia dutenak, hauek dira:
- 11/2007 Legearen betetze mailaren gaineko azterketa.
- Informazioaren Gizartea Espainian 2010, Telefonica Fundazioarena, aurkeztu berri dena.
- HZPEEL aplikatzeari buruzko beste azterlan interesgarri bat Iturri irekietan oinarritutako IKTen aplikazioari buruzko Erreferentziako Estatuko Zentroak (Cenatic) landutakoa da. Bertan, hurrengo alderdiak aztertzen dira: egoitza elektronikoaren eskakizunak, formularioen kudeatzailea, erregistro elektronikoa, ordainketa igarobideak, espedienteen kudeatzailea eta jakinarazpen eta identifikazio elektronikoa, artxibo elektronikoa eta elkarreragingarritasuna.
II. Araudi edo gizarte testuingurua: Lege erreformak edo arloko sektore planak
Herritarrek Zerbitzu Publikoak Elektronikoki Eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legetik eta Herritarrek Zerbitzu Publikoak Elektronikoki Eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea neurri batean garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretutik eratorritako garapen multzoak bere emaitzak eduki ditu 2010. urtean onetsitako bi arautan:
• Administrazio elektronikoaren eremuan Segurtasuneko Estatuko Eskema arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua.
• Administrazio elektronikoaren eremuan Elkarreragingarritasuneko Estatuko Eskema arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua.
Arau horiek Administrazioek, 11/2007 Legean herritarrentzat jasotako eskubideak ahalbidetzeko, bete behar dituzten betebeharren esparru konplexua osatzen dute, indarraldi eta eskakizun maila ezberdinekin estatuko edo autonomia erkidegoko eskumenen esparruan mugitzen garen gorabehera.
Aldiz, zoritxarrekotzat jo behar dugu 11/2007 Legearen zazpigarren azken xedapena, 4c) artikuluaren araudi garapena, oraindik egiteko egotea, hain zuzen ere ezgaituei eta adinekoei sarbide berdintasuna bermatzeko dena, haien inguruabar pertsonalak, baliabidekoak edo ezagutzakoak zeintzuk diren alde batera utzita. Izan ere, talde horiek lehentasunezko arreta dute Arartekoaren partetik, eta horientzat IKTak bereziki erabilgarriak dira.
Eremu autonomikoan, araudi ezberdinak daude administrazio elektronikoko prozedurak eta egoitza elektronikoa edo bulego birtualak ezartzera zuzenduta funtsean. Gauzak horrela, aipatzearren eta xehetasunetan galdu nahi izan gabe, hurrengoak adieraz ditzakegu:
Eusko Jaurlaritza: Justizia eta Herri Administrazio sailburuaren 2010eko otsailaren 26ko Agindua egin da, PLATEA Segurtasun Gidaliburua onetsiz.
Garrantzitsua da aipatzea 2010. urtean Berrikuntza Publikoaren Plana (BPP) lantzen hasi direla. Berrikuntza Publikoaren Planak –parte hartzeko metodologia batekin diseinatuta– hiru helburu nagusi finkatu ditu: Administrazio ireki eta berritzaile bat, Administrazio elektronikoaren erabateko garapena eta Administrazio eraginkorrago bat lortzea.
Gipuzkoan:
- 23/2010 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilpena arautzen duena.
- Donostiako Udaleko administrazio elektronikoaren erregelamendua.
Bizkaian:
- BiscayTIK Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundiarena.
- Bilboko Udalaren administrazio elektronikoaren ordenantza.
Araban:
- 2/2010 Foru Dekretua, urtarrilaren 26ko Diputatuen Kontseiluarena, foru Aldundi honetako administratuak interneteko zerbitzuetan sartzeko prozedura onartzen duena.
- Vitoria-Gasteizko Udalaren Egoitza Elektronikoaren Ordenantza Arautzailea.
Europa mailan, Europako Batzordeak abenduaren 15ean aurkeztu zuen Ekintza Plan berria, herritarrei eta enpresei zerbitzu publikoetara iristea errazteko. Hori oso interesgarria da eta, bertan, datozen bost urteetan garatu beharreko 40 neurri proposatzen da. Horien bitartez, Europako herritar eta enpresei erraztu egin nahi zaie zerbitzu publikoetara iristeko bidea, on-line erako bideen bitartez.
Ekintza Plan honek Malmöko Adierazpenean oinarritutako lau lehentasun politiko identifikatzen ditu. Adierazpen hori 2009ko azaroaren 18an onetsi zuten, Suedian egindako 5. Ministerio Biltzarrean.
Europako Batzordearen helburua Ekintza Plan berri honekin administrazio elektronikoa sustatzea da, lehiakortasun europarra bultzatzen eta botere publikoek zerbitzu hobeak ematea ahalbidetzen lagun dezakeen baliabideetako bat bezala, aurrekontu murrizketako une batean modu ekonomikoago baten bidetik.
III. Jarduera-plana
Lehen ere adierazi dugun moduan, sorrera berriko arlo honek helburuen artean du herritarrek datuen babesaren gaian dituzten eta administrazio elektronikotik eratorritakoak diren eskubideak azpimarratzea, eta, baita ere, horien barreiapenaren aldeko funtzioa egitea. Izan ere, uste dugu eskubide horiek baliatzeak eta horien gaineko babesak lagundu egiten dutela berrikuntzako aukera gehiago edukiko dituen herritartasuna sustatzen eta hori lehen mailako elementu estrategiko bat da krisi ekonomikoko eta enplegu hondameneko testuinguru batean.
Izan ere, Europako Kontseiluak, gizarte ikuspegi batetik, administrazio elektronikoa jorratu zuen garapenerako motor bezala, eta, jada 2004ko abenduan, Ministroen Batzordeak gomendio bat egin zuen. Bertan, administrazio elektronikoa ez dela gai tekniko bat soilik esan zen, baizik eta gobernantza demokratikoko gai bat (HZPEEL, Zioen Azalpenean).
- Bilerak administrazioekin eta erakundeekin
Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
Agentziarekin eduki ohi diren lankidetza harremanen barruan, 2011. urtean bi erakundeen funtzioen arteko koordinazio mekanismoen bilaketan sakondu da. Hori Lankidetza Hitzarmen batean gauzatu da, eta hitzarmen horren oinarriak finkatu dira jada, alderdien adostasuna edukita, 2010. urtean.
Halaber, zerbitzuak ematerakoan etengabe hobetzeari eta kalitatea bilatzeari uztartutako esperientziak trukatu dira.
Gobernu idazkaritza eta harremanak Eusko Jaurlaritzaren Legebiltzarrarekin
Bilera ezberdinak izan dira, bi erakundeen artean komunikazio elektronikoko sistema bat ezartze aldera. Helburua agiri truke guztiak bide telematiko ziurren bitartez egitea da, eta horretarako prozedura finkatu da. Prozedura hori 2011. urtean gauzatuko da kasuan kasuko lankidetza hitzarmen baten bitartez, eta 2010. urtea teleizapidetzeko saiakera esperientzia baten hasierarekin amaitu da. (ikusi txosten honetako VII.2. kapitulua).
Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza
Zuzendaritza honek administrazio elektronikoko politikak bultzatzea duenez aginduta Eusko Jaurlaritzaren barruan, derrigorrez aipatu beharrekoa da informatzeko eta ezagutzeko teknologien gaian. Bere zuzendariarekin harreman eta informazio truke ezberdinak eduki dira, Euskadiren eremuan eta Estatu mailako erreferentzienean gaiaren egoeraren gaineko informazio eguneratua edukitze aldera.
- Txosten bereziak
2010. urtean zehar, Barneratze digitalari buruzko txosten berezi baten oinarrizko ildoak diseinatu dira, eta hura datorren urtean garatuko da.
Funtsezko helburua Euskadin IKTekiko sarbidearen egoera alderatua ezagutzea da (Internetera sartzeko zerbitzu unibertsalaren helburuaren esparruan), eta baita erabilera edo jabetzaren zuloaren alderdiak (baliabideak edukita erabiltzen ez duten pertsonak) eta parte-hartze zuloa ere (aro digitalean berezkoak diren pertsonak izanda –gazteak normalean–, esparru publikoan bide telematikoak erabilita parte-hartze aktiboa ez dutenak). Berariaz, IKTek adinekoei eskaintzen dizkieten aukerak aztertuko dira.
Gainera, txosten honen zati bat Andaluziako Herriaren Defendatzailearekin lankidetzan garatuko da. (ikusi txosten honetako VIII.3.6 kapitulua).
- Web eduki berriak eta lankidetzarako foroak (ikusi txosten honetako VII.3 kapitulua).
Urteko Txosten honetako Berrikuntzaren Kapituluan jada aipatu den bezala, aldarazpen garrantzitsuak egin dira Arartekoaren web orrialdean, erabilera errazagoa izan dadin eta herritarrekiko elkarrekintza plataforma izan dadin.
Halaber, Arartekoaren eta Andaluziako Herriaren Defendatzailearen artean lankidetza sarea sortu da, bi erakundeen artean dauden lankidetza proiektu ezberdinei euste aldera.
- Arloan ofizioz bultzatutako jarduerak
Arlo honetako 2010. urteko Jarduera Planaren barruan, Ofiziozko Jarduera bat hasteko borondatea zegoen. Horren helburua jakitea zen ea euskal herri-administrazioek zein neurritan betetzen dituzten herritarrei, zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzeko legean, aitortutako eskubideak. Edonola ere, proiektu honen konplexutasuna eta helmen handia ezagututa, eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailaren estatistika organoak 2011. urtean zehar Zerbitzu Publiko Elektronikoen Estatistika bat egitea martxan duela jakinda –besteak beste Euskadiko Herri-administrazioaren erakunde ezberdinek eskainitako prozedura eta zerbitzu telematikoen errolda eta zerbitzu eta prozedura telematiko publikoen katalogoa edukiko dituena–, ekimena bertan behera geratu da.
Beraz, datorren urteko Txostenean berariazko jarraipena egingo zaio estatistika horri, izan ere, irudi homogeneoagoa edukitzea ahalbidetuko du zerbitzu horien disponibilitatearen gainean eta, beraz, baita sarbide elektronikoko legetik etorritako eskubideen betetze mailaren gainean ere.
Eskura dagoen informazioari dagokionez, hainbat aipamen egin nahi da:
- Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendariak emandako informazioaren arabera, gehien erabiltzen diren zerbitzu telematikoak enpresei eskainitakoak dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren datuen arabera, 2009. urtean Internet bidez izapidetu zen baimenen %37.
- Eusko Jaurlaritzaren ordainketa pasabidea, gutxi gorabehera, 150 euskal administraziok erabiltzen du, eta 2010eko lehen seihilekoan 14 milioi euro mugitu zituen horrek.
- Laguntza eta diru-laguntza deialdiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen espedienteen ia erdia izanda, urteko lehen 10 hilabeteetan izapidetze telematikoa zuen 13 deialdi egin zen, eta beste 150 deialdi identifikatu zen hurrengo hilabeteetan izapidetze telematikoarekin abiarazteko aukerarekin.
- Arloan giza eskubideak sustatzeko jarduerak
Herritarrek zerbitzu publikoak elektronikoki eskuratzeari buruzko legeak (HZPEEL) administrazioarekin elektronikoki jarduteko eskubidea aitortzea dakar, bai informazioa eskatzeko, bai izapideak edo kontsultak egiteko. Herritarrentzat eskubide bat da, eta administrazioarentzat betebehar bat, legez eska dakiokeena.
Eskubide hauez eta horiek baliatzeko moduaz jabetzea, ordea, ez da erraza, konplexuak direlako. Ondorioz, Arartekoak herritarrek Herri-administrazioekin bide telematikoak erabilita harremanetan jartzeko dituzten eskubideen dekalogo bat landu du. Horretarako, aurkezpen interaktibo bat egin da eta web orrialdean eskuragarri dago. (ikusi txosten honetako VII. kapitulua).
- Prestakuntza
Arartekoan lan egiten duten pertsonen laurden batek parte hartu du Euskadi+Innovak antolatutako barnetegi teknologiko batean, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE), 2009ko bigarren seihilekoan zehar Arartekoko langileen prestakuntza beharrei buruz egindako diagnostikoaren ondotik, lehentasunezko bezala ageri dira informatikaren alorreko eta web 2.0 gaiaren inguruko gaikuntza ekintzak egitea.
- Ikerkuntza beka
Joan den azaroan, ikerkuntza beka baterako deialdia egin zen. Honen xedea, egunerokotasun handiena duena, oinarritu egiten da erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideen aplikazioan telekomunikazioei, teknologiei eta mota guztietako garraioei buruzko zerbitzuetan eta baita gure erkidegoan eskubide horiek defendatzeari eta eskatzeko moduari buruzko gaian.
IV. Kexarik aipagarrienak
IV.1. Herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen eremuko datu babesa
Donostiako Udalak iragarritako hautapen prozesu bateko () epaimahaikide zen pertsona batek kexa bat adierazi zuen Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) emandako ebazpen bat dela-eta. Hura Donostiako Udalaren aurrean izapidetutako urratze prozedura batean eman zen eta egun bide judizialean dago. Ondorioz, Arartekoak ez du eskumenik horren inguruko jarduerarik bideratzeko.
IV. 2. Datuen babesa osasunaren esparruan
Informazio eta dokumentazio klinikoaren alorreko eskubideak eta betebeharrak kexaren xede dira oraindik ere horiek eskuratzeko eskubidea mugaturik ikusi duten gaixoen partetik. Zehazki, bi dira gai honetan aurkeztu diren kexak.
Txosten honetan bertan azaldu den moduan osasunaren arloan izapidetutako kexak aztertu direnean, berriro ere Osakidetzari adierazi behar izan diogu beharrezkoa dela Historia klinikoa eskuratzeko eskubideak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legean gaixoentzat jasotako eskubidea eta bertatik eratorritako historia klinikoa eskuratzeko prozeduraren araudia uztartzea, batez ere historia kliniko horietan ohar subjektiboak dauden kasuetan egin izan diren interpretazioetan. Interpretazio hori hain da zabala, galarazi egiten duela, de facto, eskubide hori benetan baliatzea.
IV.3. Datuen babesa poliziaren arloan
Kexa honek zerikusia du urte ezberdinetan aurkeztutako antzeko beste batzuekin eta ikastetxeetan poliziak garatzen dituen jarduerekin zerikusia dutenekin; kasu honetan, zehazki, atsedenaldian ikastetxe baten kanpoaldean poliziak izandako jardunari buruzkoa zen kexa. Jarduera hartan, agenteek bideoan grabatu zituzten ikasle batzuk eta identifikatu egin zituzten. (ikusi txosten honetako II.4 kapitulua).
Arlo hau gainditzen duten beste gai batzuk alde batera utzita, arrazoizkoa zen salatzaileak –ikastetxearen izenean– kezka azaltzea datu pertsonal horiek poliziaren fitxategietan mantentzearen inguruan. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi zigun grabazioak suntsitu egin zituela, izan ere, behar ez bezala egin zirela egiaztatu zen. Ondorioz, uste izan genuen kexak datu horiei buruz planteatzen zuen arazoa konponduta geratu zela. Edonola ere, erreklamatzaileari jakinarazi egin genion zein zen baliogabetze eskubidea baliatzeko jarraitu behar zuen prozedura, eta hori eragindako pertsonek edo haien ordezkariek egin beharko zuten, eskubide benetan pertsonala zelako. Halaber, baliogabetzearen legezko araubidearen gainerako alderdien berri ere eman zitzaion.
IV.4. Zailtasunak NAN elektronikoa erabiltzerakoan
Pertsona batek Arartekoaren aurrean salatu zuen zailtasunak eduki zituela NAN elektronikoa erabiltzeko Eusko Jaurlaritzarekiko harreman telematikoetan. Zoritxarrez, kexa bertan behera gelditu zen, izapidetzen jarraitzeko eskatu zen informazioa ez zigutelako aurkeztu.
V. Ondorioak
Lehenengo gogoetak zerikusia du arlo honekin zerikusia edukita jaso den kexa kopuru eskasarekin. Horrek zerikusi zuzena du administrazio elektronikoaren erabileran aurrerapausoak mantso egiten aritzearekin eta herritarren esku dauden zerbitzu elektronikoak barreiatzeko erakunde ekintza bat behar izatearekin, eta baita herritarrek administrazioarekiko dituzten harreman elektronikoetan dituzten eskubideei balioa ematearekin ere.
Datuen babesaren gaian, beharrezkoa da azpimarratzen jarraitzea beharrezkoa dela Osakidetzak gaixoaren eskubidearekiko egokiagoa izango den interpretazio bat egitea historia klinikoa eskuratzeko prozeduraren araudiaren gainean, historia horretan ohar subjektiboak ageri direnean.
Ondorioz, arlo honetako jarduera, 2010. urtean, beste ekimen eta proiektu batzuetan oinarritu da. Horiek zerikusia dute herritarrek informazioaren eta komunikazioaren teknologien gaian dituzten eskubideen barreiapenarekin, barneratze digitalari buruzko txosten bereziaren proiektuarekin, berrikuntza proiektuekin, eta abar.
Labur adieraztearren, arloa pixkanaka herritarren kexen bitartez sendotu arte itxaron beharko da. Horiek gertatzen ez badira, idatz zatiaren hasieran azpimarratu diren arrazoiak tartean egoteagatik, azaldu bitartean ofiziozko jarduerak garatuko dira jada antzeman diren arazo orokorrei zuzenduta:
- Datuen babesaren gaian, Interneteko bilaketa tresnen bilketa mugatzeko modua aztertzea, bilatzaileek argitaratu ahal izan diren datu pertsonalak zerrendatzea saiheste aldera.
- Interneten arrasto digitala ezabatzeko aukerei buruzko informazioa eta azterlanak biltzea.
- Ararteko erakundetik IKTen erabilera sustatzea, herritarrek duten eskubide subjektibo gisa. Halaber, euskal administrazioek eurek informazio kanpainak egitea administratuei eskaintzen zaizkien aukerak ezagutarazte aldera.
- Administrazio elektronikoaren gaian praktika onak barreiatzea.
- Internetera sartzeko zerbitzu unibertsala.
- Ezagutza digitalerako eskubidea: horrek esan nahi du Interneteko informazioaren eta edukien berrerabilpena piztu behar dela, eta baita horien eraldaketa eta adinaren araberako egokitzapena ere.
- Estatuek eta Autonomia Erkidegoek adingabeen hezkuntzan esku hartzen duten guraso eta irakasleen gaitasunak sustatu behar dituzte, zulo digitala ezabatze aldera.
- Informazio publikoko izapideekin lotuta, parte-hartze elektronikorako eskubidea.
14. Lana eta gizarte segurantza
I.?Arloa kopurutan
2010. urtean 7 kexa jaso dira lan eta gizarte segurantzaren arlo honetan.
Urtea aurreratuta zegoela, gertaera nabarmen bat jazo da: Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkio lan bitartekaritzaren, sustapenaren eta enplegurako laguntzaren arloko funtzioak eta zerbitzuak nahiz lanerako prestakuntza profesionalaren arlokoak.
Arrazoizkoa da pentsatzea eskumen horiek baliatzearen ondorioz hobeto kudeatuko direla arlo hauetan dauden eskariak. Bestalde, nahiz eta herritarrek agertu dizkiguten kexak ez diren ezinbestean administrazioen funtzionamenduaren ispilu, pentsatzekoa da arlo honetako kexak ugaritu egingo direla 2011n.
Urte hauetan Arartekoan jaso ditugun kexarik gehienak gai horiekin loturiko eremuen ingurukoak izan dira, eta, de facto, gure Autonomia Erkidegoko administrazioa jarduketak egiten ari ziren horien inguruan: enplegu bulegoak, prestakuntza ikastaroak eta abar. Jarduketa horiei dagokienez, agertu dizkiguten auziek batez ere laneko prestakuntza ikastaroekin loturiko alderdiekin izan dute zerikusia.
Gure arloan sartu diren kexa horiez gain, egokia iruditu zaigu hemen beste kexa batzuk ere agertzea, hain zuzen ere pentsioen gaineko neurriekin ados ez dauden hainbat pertsonak eta erakundek aurkeztutakoak. Zehazki, defizit publikoa gutxitzeko aparteko neurriak hartzeko maiatzaren 8/2010 Errege Lege Dekretuan ezarritakoari jarraituz pentsioak ez goratzeagatik jarritakoak izan dira. Kexa horiek estatuko herriaren defendatzaileari igorri zaizkio, erakunde horrek baitu arlo horren eskumena.
II.?Kexarik aipagarrienak
Banakoek aurkeztu dizkiguten kexetan, prestakuntza ikastaroetan praktikak egitearekin eta laguntza publikoak eskuratzearekin loturiko zenbait auzi agertzen dira.
Horietako batean, erreklamaziogileak adierazi du ez dagoela ados administrazioaren erabakiarekin; izan ere, ukatu egin dio praktikak egin behar zituen zentroa aldatzeko eskaera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Sarbide programaren arduradunek, programaren garapena jagoten dutenek, ez zioten baimenik eman zentro baimendu batean egindako ikastaro teorikoaren praktikak beste enpresa batean egin zitzan. Aldaketa eskatu zuen pertsonak alegatu zuen zentro horrek onespena eman ziola.
Kasuaren aurrekariak egiaztatuta, iritzi genion, batetik, Sarbideren erabakia bat zetorrela prestakuntza programa erregulatzen duten arauekin. Bestetik, kontsulta egin genion erreklamaziogileak ikastaro teorikoa egin zuen prestakuntza zentroko tutoreari, eta hark ez zuen baieztatu onespena eman zionik praktikak egiteko enpresa aldatzeko. Beraz, auzi honetan hori frogatu beharra zegoen.
Inguruabar horiek aztertuta, atentzioa eman zigun interesdunak bere kexan adierazitako kontu batek: alegia, Sarbideak erakundeak enpresaz aldatzeko eskaera ezetsi ostean, prestakuntza zentroan esan ziotela ez zekitela araudiak hori galarazi egiten zuenik.
Alderdi hori baloratzean, ezin dugu ahaztu printzipio orokor hau: araua ez ezagutzea ez dela ez betetzeko aitzakia.
Nahiz eta printzipio horrek alderdi guztiak hartzen dituen kontuan sarbide edo xedapen orokorreko arauak direnean, areago hartu beharko lirateke aintzat Sarbideak programa garatzen duten prestakuntza zentroen kasuan. Horregatik, kontuan hartzen badugu, interesdunak adierazi zigunez, zentroak ez zekiela praktikak egiteko lekua aldatu ezin zenik, beharrezkoa iruditu zitzaigun ohar hori programaren foru arduradunei helaraztea, programako ikastaroetan esku hartzen duten pertsonek eta ikastaro horiek garatzen dituzten zentroek aztertutako kasuan baino informazio hobea izan dezatela susta dezan.
Programa horren beraren garapenari dagokionez, pertsona bat kexatu egin zen, informazio kontraesankorra jaso zuelako zentro batek iragarritako ikastaro bat emango ez zela eta. Bildu genuen informazioaren arabera, kexa horretan ematen ziren datuek erakusten zuten informazioa ez zela aski. Zalantzak argitzeko, bildu genuen informazioa interesdunari helarazi genion, eta haren kexa ere Sarbideak programaren arduradunari bidali genion, zuzenean informa zezaten.
Beste kexa batean, adierazi ziguten arazo bat izan zela Behargintza sarearen barruan antolatutako laneko prestakuntza ikastaro bat egiteko. Pertsona horrek teoria ordu guztiak egin zituen eta ezin izan zituen praktikak egin, zailtasunak zeudelako praktikak egiteko enpresa bat aurkitzeko.
Bere kexan adierazi zuenez, ikastaroa praktika horiekin osatzeko zain zegoela, jakinarazi zioten pasea zela praktikak egin ahal izateko epea baina hori ez zela eragozpen izango prestakuntza ikastaroa egin zuela zioen ziurtagiria lortzeko. Azkenik, programaren ardura zuen administrazioak jakinarazi zion saiatuko zirela praktikak egin zitzan.
Eremu horretan bertan, joan den urtean pertsona baten kexa jaso genuen, lan arriskuen prebentziorako prestakuntza ikastaro batean sartzeko ezaugarriak betetzen zituela eta. Alegatu zuen bazuela aurretiazko prestakuntza, giza baliabideen ikastaro bat egina zuenez gero, eta tratu desberdina eman ziotela beste pertsona batzuen aldean, harenaren antzeko egoeran egon arren haiek egokitzat jo zituztelako.
Administrazioak bere lehenengo erantzunean ez zituen argitu alderdi horiek, eta, horregatik, aurten egindako jarduketen inguruko informazio osagarria eskatu genuen.
Geroagoko txosten batean, azaldu ziguten zer erregela erabiltzen diren izangaia ikastaroan sartzeko egokia den erabakitzeko eta nola baloratu zituzten, bat etortzeak abiapuntutzat hartuta, kexa aurkeztu zuen pertsonaren curriculumaren eta hasiera batean antzeko tituluak zeuzkaten beste batzuen curriculumaren arteko desberdintasunak.
Azaldutako arrazoiak ikusita, ezin zen esan hartutako erabakia oinarririk gabea zenik. Ez dugu ikusten zer inguruabar konkreturengatik erabaki zen interesduna ez zela egokia eskatu zuen ikastaroa egiteko, baina bazeuden datuak ondorioztatzeko erabakiak zerikusia zuela haren ibilbide profesionalarekin eta zituen lan helburuekin. Uste dugu txostenean esaten den bezala izangaiak egokiak diren edo ez egiaztatzeko orduan iritzi teknikoaren arabera jarduten dela.
Egokitasuna epaitzea administrazio organo kalifikatzaile batek egindako balorazioaren esparruan sartzen da, eta guk ezin dugu ordezkatu organo hori lan horretan, eskatzailea egokia den ikusteko egindako kalifikazioa berrikusita. Gainera, ez dugu judizio elementurik horretarako.
Alabaina, nahiz eta adierazitako arrazoiengatik uste dugun kasu honetan ezin genuela harago jo, kexa espediente hau izapidetzean geure buruari galdetu genion egokitasun kontzeptu hori ez ote den zenbaitetan modu erlatiboagoan hartzen, oinarritzat hartuta gutxieneko bat bete behar dela, hala nola prestakuntza ikastaroan sartzeko profil egokia izatea.
Pentsatu genuen beharbada hori gertatzen dela ikastaroen eskaintza ez denean betetzen lan aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuan ezarritako egokitasuna ziurtatuta daukatenekin, eta egokitasun baldintza hori betetzen ez duten pertsonen eskabideak badirenean.
Nahiz eta arau horren testutik (37. artikulua) ondorioztatzen dugun leku guztiak betetzen ez badira ere era berean egiaztatu behar dela inskribatu gabeko pertsonen egokitasuna, egoki irizten diogu Administrazioari gogoeta hori helaraztea. Erantzunik jaso gabe arrazoizko denbora bat igaro zelarik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako Sailari adierazi genion ondorioztatu behar genuela ez zetozela bat gure balorazioarekin.
Beste eremu batean, autonomo jarduna utzi behar izan zuen pertsona batek laguntza eskatu zuen "Birziklatzea eta lanbide kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzea, jarduera bertan behera utzi behar izan dutenen kasuan" arlorako, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2009ko abenduaren 10eko Aginduko deialdiaren barruan (abenduaren 18ko EHAA). Diru laguntzaren xedea zen prestakuntza ikastaro batzuetan izena ematea eta haietara joatea, eta, prozesu horretan, interesdunak 480 euro jasotzen zituen hileko, gehienez ere sei hilabetean.
Xedapen horretan hiru hilabeteko epea ezartzen da eskabideen gainean ebazteko. Alabaina, pertsona horren kasu konkretuan, nabarmen gainditu zen epe hori Sailak eskabide horren gainean ebatzi gabe. Interesdunak justifikatu zuen ikastaroetan izena eman zuela eta haietara joan zela, eta, areago, bere espedientearen inguruko interesa ere agertu zuen, baina ez zuen erantzunik lortu. Azkenean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskabidearen aldeko ebazpena eman zuen, eta jakinarazi zigun batez ere programa berri bat zeukatelako eta hori kudeatzea konplexua zelako berandutu zirela.
Bestalde, laneko osasunaren esparruan, Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak (Asviamie) antolatutako ekintza bat aipatu behar dugu, lanean produktu hori erabili behar izateagatik gaixotu diren langileen arazoen gainekoa.
Aurten amaituko da Gizarte Segurantza eta Osasunaren 2007-2010eko Plan Estrategikoa. Plan horretako helburu estrategikoetako batek, gaixotasun profesionalei eta osasunaren zaintzari buruzkoak, amiantoa hartzen du jorratu beharreko gai nagusien artean, plan horretan jasotzen diren ekintzekin eta eragileekin.
Gure jardueren barruan, herritarrek planteatzen dizkiguten gaien jarraipena egiten saiatzen gara; horregatik, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Sailari galdetu diogu zenbateraino bete diren amiantoarekin loturiko gaixotasunari dagokionez plan estrategiko horretan ezarri diren helburuak, eta, hala badagokio, zein aurreikuspen dauden gaixotasun profesional horri aurre egiteko beste helburu batzuk diseinatzeari dagokionez.
III.?Ondorioak
Informazioa elementu garrantzitsua da zenbait kexatan planteatu dizkiguten auzietan, eta arrazoizkoa da pentsatzea informazioa egokia edo nahikoa izan balitz ez zela kexarik izango.
Informatzeko sistema on bat izatea eta herritarrek informazio hori eskuratzeko modua izatea funtsezkoa da ondo funtzionatzeko. Kontuan hartuta administrazio publikoek askotan beren titulartasunekoak diren zerbitzuak garatzeko zentro pribatuen lankidetza izaten dutela, beharrezkoa da halako kasuetan ere neurriak hartzea informazio egokia ematen dela bermatzeko.
15. Hirigintza eta lurralde antolamendua
I. Arloa kopurutan
Hirigintza eta lurralde antolamenduaren arloan, Arartekoak diziplina horren inguruan egindako esku-hartzeak biltzen dira; horren barruan sartzen dira hiri antolamendua, lurzorua urbanizazioaren bidez eta ondoko eraikuntzaren bidez hirigintza aldetik eraldatzeko prozesua eta hirigintzako legeriaren babesa.
Hirigintza eta lurralde antolamenduaren arloan jasotako kexak 63 izan dira guztira, hau da, izapidetu diren erreklamazio guztien %4,80. Eragindako administrazioen arabera, kexak modu honetan banatzen dira:
− Tokiko administrazioa 62
− Foru administrazioa 4
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 1
Azpiarloak kontuan hartzen baditugu:
− Hirigintza diziplina 41
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 7
− Irisgarritasuna 6
− Hirigintzako kudeaketa 3
− Beste alderdi batzuk 2
− Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 2
− Hirigintza arloko informazioa jaso ahal izatea 1
− Lurralde antolamendua 1
Arlo honetan aurkeztutako kexen izapideen egoerari eta emaitzari dagokienez:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 67 | 36 | 28 | 12 | 12 | 4 | 3 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 41 | 6 | 35 | 19 | 14 | 2 | 0 |
Gure lehenengo gogoeta da gutxitu egin dela hirigintza eta lurralde antolamenduaren arloari eragiten dioten erreklamazioen kopurua. Zalantzarik gabe, kontuan hartu beharreko arrazoi bat da higiezinen merkatuak gaur egun duen egoera eta urbanizazioaren eta eraikuntzaren eremuan izan den gainbehera handia.
Kexa gehienak arrazoizko epealdi baten barruan izapidetu dira. Urtean zehar 63 erreklamazio kudeatu dira. Kasu bakan batzuetan, atzerapenak izan dira erreklamazioetan, kexaren xedeari analisiaren konplexutasuna gehitu zaiola eta. Halaber, zenbait administrazioren lankidetzarik ezak ere galarazi du hori, gure eskabidean ezarritako epea baino askoz ere denbora gehiago pasatu baitute erantzuteko. Nolanahi ere, izapidetzeko dauden kexak –azken lauhilekokoak barne– ez dira 42 baino gehiago.
II. Lege-berrikuntzak
Aipatzekoa da Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko martxoaren 29ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan udal administrazioak egindako desjabetzeez bestelako jarduketa bereizien ondorioz bizilekua berriro emateari buruzkoa. Xedapen horretan, bizilekua berriro emateko eskubidea arautzen da, administrazioak desjabetzerik edo jarduketa integraturik gabe egiten dituen hirigintzako jarduketetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzaren aldeko itun soziala deiturikoa Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sustatutako eta onetsitako agiri bat da. Horren bidez, Etxebizitza eta Hiri Berrikuntzako 2010-2013 Plan Zuzentzailean (argitaratu gabe dago oraindik) txertatuko diren erronkak ezarri dira. Erronketako bik eragin handia dute hirigintzan eta lurralde antolamenduan. Urbanizatzeko lurzoruaren eskaintza handitzearen aldeko apustua, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Eraikin gehiago birgaitzea eta hirigune gehiago biziberritzea.
Onesteko dago oraindik Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea. Arau horretan, legea garatzeko araudiak 2007. urtean onesteko manua ezarri zen –behin eta berriz ez da bete–.
Hirigintzan eta lurralde antolamenduan eragina du Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauak, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoak. Zerbitzuei buruzko Zuzentaraua deiturikoan ezarri da beharrezkoa dela zerbitzuetako jardueretan aritzeko oztopo bidegabeak murriztea. 17/2009 Legeak, azaroaren 23koak, zerbitzuetako jardueretara libreki sartzeari eta horietan aritzeari buruzkoak, beharrezko xedapen orokorrak ezartzen ditu zerbitzuak libreki ezartzea eta ematea errazteko.
Zuzentaraura egokitzeko hainbat lege aldatzen dituen lege aurreproiektuak aldaketa bat dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeari dagokionez. Aldaketak ezabatu egiten du irekitzeko lizentzia lortzeko betekizun orokorra, eta ingurumenaren arloko araudian ezarritako betekizunak betetzea ezartzen du irekitzeko baldintza gisa.
Arartekoak agerian jarri du, hainbat txosten eta ebazpenetan, beharrezkoa dela hirigintzaren eta ingurumenaren arloko legedia aldatzea, euskal legedia ingurumenarekin lotutako plan eta programa jakin batzuen eraginen ebaluazioari buruzko abenduaren 28ko 9/2006 Legearen arabera egokitzeko. Araudi hori, aurreko kasuan bezalaxe, premiazkoa da, bai halako esku-hartzeek behar duten segurtasun juridikoa mantentzeko eta bai Zuzenbide Erkidea betetzeak dakartzan eskakizunei erantzuteko: Eusko Legebiltzarrak proposamen horiek jaso ditu, plan eta programa jakin batzuk ingurumen aldetik egokitzeko legez besteko proposamen bat erantsita.
Aipamen berezia behar du izapidetzen ari den Ekonomia Iraunkorraren Legeak. Lege proiektu horren barruan idatz-zati espezifiko bat dator lurralde eta gizarte kohesioaren, energia eraginkortasunaren eta konplexutasun funtzionalaren printzipioetan oinarritutako hirigune iraunkor bat lortzeko politika publikoen helburu erkideei buruz. Idatz-zati horretan, hainbat neurri txertatu dira zaharkituta, egoera txarrean edo zailtasunetan dauden hiri esparruak birgaitzen eta berriztatzen laguntzeko.
Beste erreferentzia garrantzitsu bat otsailaren 19ko 173/2010 Errege Dekretua da. Horren bidez, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Eraikuntzako Kode Teknikoa aldatzen da, ezgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren arloan.
III. Jarduera-plana
Jarduketa plan honetan jasotako proposamenak lotura zuzena du ingurumen arloko planean sartutakoekin, bereziki ingurumenaren eremuan jarduten diren elkarteekin batera aurreikusitako jarduketei dagokienez.
Bilerak elkarteekin
Hainbat bilera egin ditugu elkarte ekologistekin (Txipio Bai, Ezpitsua). Bilera horietan, hainbat konturi buruz informatu gaituzte; horien artean, zein arazo ekarri dituzten ingurumenari eragiten dioten hiri garapen berriek eta zein arazo ekarri dituen lurzoruak egoitza erabilera berrietarako deskutsatzeak.
Berariaz hirigintzari dagokionez, hainbat bilera egin dira hirigintza kontuek eragindako pertsonen elkarteekin. Beste hainbat bileraren artean, Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Santa Juliana auzuneko bizilagunekin eta Erandioko bizilagunen talde batekin egindakoak aipatuko ditugu.
Bilerak administrazioekin eta zerbitzuekin
Interesgarria da Eusko Jaurlaritzako hirigintzaren arloko arduradunekin harremanetan jartzea eta haiekin bilerak egitea.
2009ko abenduan, bilera bat egin genuen Eusko Jaurlaritzako Lurzoru eta Hirigintzako zuzendariarekin, Abantoko Santa Juliana auzunea biziberritzeko prozesuaren inguruan. Halaber, Abanto-Zierbenako Udaleko Hirigintza zinegotziarekin bildu gara.
2010eko abenduan bilera bat egingo dugu Erandioko Udaleko Hirigintza Arloko arduradunarekin, gizarte etxebizitza batzuk eraikitzeko lanak atzeratu egin direla-eta izapidetu dugun kexa bati buruz hitz egiteko. Hain zuzen ere, gizarte etxebizitza horien bidez, berriro bizilekua eman asmo zaie hirigintzako jarduketa batek eragindako hainbat bizilaguni.
Ofiziozko jarduerak
• Kexa espediente bat abiarazi dugu, hirigintzako legedian ezarritakoarekin bat etorriz –Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 200. artikulua–berrogeita hamar urtetik gorako etxebizitzetan ikuskapen teknikoak egiteko administrazio publikoen eskakizunen inguruan. Helburua da alderdirik garrantzitsuenak aztertzea, hala badagokio horren inguruko gomendio bat egiteko.
• Herritarrek hirigintzako planen ingurumen ebaluazio estrategikoaren bidez parte hartzeari dagokionez, Arartekoak beste jarduketa bat hasi du, beharrezkotzat jotzen baitu gure autonomia erkidegoan izapidetzen diren hirigintzako antolamendu planak ingurumen aldetik ebaluatzea.
Foroetan eta eskubideak bultzatu eta sustatzeko ekintzetan parte hartzea
• Ekiten Thinking EHUk antolatutako ideien laborategian parte hartzea. Hiri garapenerako eta etxebizitza politiketarako erronka, aukera eta desafioei buruzkoa da.
• Hirigintza eta lurralde antolamenduaren arloko aholkulari arduradunak parte hartu du krisi ekonomikoak etxebizitzaren sektorean izan duen eraginari eta horrek familia eta pertsonengan izan duen ondoreari buruzko lantegi batean. Murtzian izan zen lantegi hori, apirilaren 26an eta 27an, Herriaren Defendatzaileen XXV. Koordinazio Jardunaldien esparruan.
IV. Kexarik aipagarrienak
- Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat izateko eskubidea
Etxebizitza bat izateko eskubidearen edukiak –Konstituzioko 47. artikuluan dago jasota– eragin berezia du hirigintzaren esparruan. Eraikin berriak egitea xede duten etxebizitza politiken osagarri gisa, auzune eta ingurune degradatuenak gizarte eta hiri aldetik biziberritzeak funtsezkoa izan behar du esku-hartze publikoan, artikulu horretan erantsitako hirigintza eskubidea zaintzeko. Hirigintzako legedian etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat, igorpen kutsatzailerik gabea eta ingurumen eta paisaia aldetik egokia den leku batean kokaturikoa lortu ahal izatea planteatzen da.
Arartekoak gogoeta bat egin du horren inguruan, pertsona talde batek Abanto-Zierbenako Santa Juliana auzunearen gizarte eta hirigintza egoera kaskarra dela-eta planteatutako kexaren ondorioz.
Kasu horretan, administrazio eskudunei (Udala, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila eta, hala zehazten bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila) eskatzen diegu eman diezaiotela lehentasuna auzune horretan modu integralean esku hartzeari, azken urteotan gizarte eta hirigintza aldetik izaten ari den gainbehera konpontzeko. Horretarako, administrazio eskudunek plan zehatz bat ezarri behar dute gizarte eta hirigintza aldetik esku hartzeko neurrien inguruan. Plan horrek atal espezifiko bat izan behar du auzune horretako legezko okupatzaileei berriro bizilekua emateari dagokionez; gainera, Santa Juliana auzunean sortu diren bizikidetasun arazoak konpondu behar ditu, lehen egin ditugun gogoetak kontuan hartuta. Interesgarria da, halaber, organo egonkor bat sortzea, bizilagunei parte hartzeko modua emango dieten formulak ezarriko dituzten neurrien plangintza eta jarraipen koordinatua egiteko. Nolanahi ere, beharrezko bideak sortu behar dira bizilagunei informazioa emateko eta parte hartzeko modua emateko auzunea hirigintza aldetik biziberritzeko aurreikusi diren neurrien inguruan, lursailen jabeak inplikatuko dituzten eskubideen eta betebeharren inguruan eta, bereziki, etxebizitzen legezko okupatzaileei berriro bizilekua emateko eskubidearen edukiaren inguruan.
Hirigintza aldetik biziberritzeko edozein prozesuk eduki behar du erreferentzia gisa legezko pertsona okupatzaileek berriro bizilekua emateko duten eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin bat etorriz.
Erandioko pertsona talde batek planteatu digun beste kontu bat da oso egoera txarrean daudela haien etxebizitzak, hala denboraren joanagatik nola inguruan urbanizazio obrak egin direlako. Arlo honetan, hirigintzako jarduketa bat dago aurreikusita; horren bidez, eraitsi egingo dira etxebizitza horiek eta okupatzaileei beste bizileku bat emango zaie. Horretarako, sustatzaileak eta Udalak sinatutako hirigintzako hitzarmen batean ezarritako zehaztapenak eta epeak bete behar dira. Alabaina, finantza krisiaren ondorioz, atzeratu egin da berriro bizilekua emateko asmoa gauzatu behar zen sustapen pribatuko etxebizitzen eraikuntza.
Herritarrak kezkatzen dituen eta maiz erreklamazioak jartzeko zio den hirigintzako inguruabar bat da haien jabetzako etxebizitza antolamendutik kanpo egotea. Sestaoko pertsona batzuek, antolamendutik kanpoko higiezinen jabeak eurak, duela 30 urte baino gehiagotik haien eraikinak hirigintza aldetik zein egoeratan dauden adierazi digute, ez baita epe egiazkorik jarri aurreikusitako hirigintzako jarduketa egiteko. Kezka horren arrazoia da bizitzeko baldintzak prekarioak direla eta euren eraikinak antolamendutik kanpo egoteak eragozpenak dakartzala ondare aldetik. Izan ere, sendotzeko eta berriztatzeko obrak egitea soilik aurreikusten du hirigintzako legediak antolamendutik kanpoko eraikinetarako, hirigintzako araudian ezarritako baldintzetan. Halaber, antolamendutik kanpo egotea bereziki gaitza da higiezin hori eskualdatzen edo finantzabidea lortzen saiatzen diren jabeentzat, hipoteka merkatuak bazter uzten baititu hipoteka berme gisa onar daitezkeen ondasunetatik, apirilaren 24ko 817/2009 Errege Dekretuaren arabera. Testuinguru horretan jo genuen Sestaoko Udalera. Hain zuzen ere, eskatu genion jarrai zezala erreklamazioaren sustatzaileei informazio zehatza ematen agiri horien izapideen egoerari buruz, hirigintzako eragiketa horretan interesa duten aldetik. Halaber, administrazio horri eskatu genion egin dezala ahalegina Hirigintza Jarduketarako Programan ezarritako epeak betetzeko, hirigintzako garapen hori hirigintzako legedian ezarritako epeen barruan egin ditzan, dagozkion izapideek ekar ditzaketen zailtasun tekniko eta juridikoak gaindituta.
- Zuzkidura publikoak eta ekipamendu kolektiboak erabiltzeko eskubidea
Eskubide honen edukiaren bidez, herritarrak ekipamendu kolektiboetara eta zuzkidura publikoetara fisikoki iritsi ahal izatea bermatu nahi da, izan daitezkeen arkitektura-oztopoak kenduta. Ekipamendu edo zuzkiduraren kontzeptu horren barruan, kontuan hartu behar ditugu herritarrei zerbitzuak emateko beharrezkoak diren azpiegiturak (hirigintzakoak, garraioak, hezitzaileak, sozialak, kulturalak eta abar).
Erakunde honek jasotzen dituen kexak pertsonek, batez ere mugitzeko zailtasunak dituztenek, eraikinetara edo espazio publikoetara iristeko izaten dituzten zailtasunen ingurukoak dira. Zailtasun horiek hirigunearen abusuzko erabilera baten ondorioz sortutako arkitektura-oztopoek edo eragozpenek ekarri ohi dituzte. Zenbait kasutan, arazoa egiturazkoa da eta horrek galarazi egiten du auzune jakin batzuetara heltzeko mugikortasun egokia izatea, hiri irisgarritasuneko elementurik ez denez gero. Kasu horri dagokionez, Donostiako Udalari igorritako ebazpen bat erantsi dugu. Horren bidez, eskatu genion eman ziezaiola lehentasuna hiri barruko errepide batean igogailuak instalatzeari, herritar guztiei erabiltzeko modua emango zien irtenbide tekniko gisa, eta ez, egin asmo zuten bezala, bost arrapala mekaniko jartzeari.
Jendea pasatzeko guneak gutxitzen dituela-eta igogailua jartzeko proiektu bat baimentzeko dauden hirigintza arazoei dagokienez, gomendio bat igorri diogu Bermeoko Udalari.
- Hirigintzako antolamenduari eta aplikatzekoak diren hirigintzako araubideari eta baldintzei buruzko informazioa lortzeko eskubidea
Hirigintzako informazioa eskuratzeko eskubide honen barruan, adierazi behar dugu oraindik ere hainbat partikularrek eta elkartek jakinarazten digutela zailtasunak izaten dituztela udalei hirigintzako antolamenduaren inguruan eskatutako informazioa eskuratzeko.
Horri dagokionez, pertsona baten kasua jaso dugu. Hain zuzen ere, kexa bat aurkeztu zuen Orozkoko Udalak ez ziolako erantzunik eman errepide baten titulartasunaren inguruan eta bere lurzatia oinezkoak eta ibilgailuak segurtasunez pasatzeko moduan ixteko baldintzen inguruan eskatu zuen informazio eskabideari.
Beste ebazpen batean, Usurbilgo Udalari gogorarazi genion administrazio publikoak behartuta daudela berariaz erantzutera, baldin eta industria sektoreen garapenean izandako udal esku-hartzeen gaineko eskabideak aurkezten badira.
- Hirigintzako antolamenduko eta planen ingurumen ebaluazioko prozeduretan modu eraginkorrean parte hartzeko eskubidea
Hirigintzako prozeduretan modu eraginkorrean parte hartzeko eskubidea da, informaziorako eskubidearekin batera, lurzorua antolatzeko eta erabiltzeko proposamen jakin batzuen aurka dauden herritar taldeek erakunde honi aurkeztutako kexa sarrienetako bat.
Horren inguruan, Gordexolako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra izapidetzearen inguruko erreklamazio bat jaso dugu. Kexan adierazten denez, plan orokorra behin-behinean onesteko prozesuan, erreklamatzailearen iritziz, forma akatsak egin dira, eta ez da kontuan hartu hirigintzako legedian ezarritako xedapenen bat. Bestalde, adierazi dute udaletxean izapideak egiten ari zirenean inoiz zailtasunak izan dituztela informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko.
Herritarrek hirigintzako planen ingurumen ebaluazio estrategikoaren bidez parte hartzeari dagokionez, Arartekoak beste jarduketa bat hasi du, beharrezkotzat jotzen baitu gure autonomia erkidegoan izapidetzen diren hirigintzako antolamendu planak ingurumen aldetik ebaluatzea. Horren jatorria da Errigoitin (Bizkaia) onetsitako plan partzial batean ingurumen ebaluaziorik egin ez dela-eta herritarren plataforma batek aurkeztutako erreklamazio bat. Gaur egungo lege esparru autonomikoaren arabera, ez da beharrezkoa plan xehatu hauek ingurumenean izango duten eragina ebaluatzea, eta ez du kontuan hartzen ingurumenean eragin larriak izan ditzaketela. Aitzitik, plan partzial hauek ingurumenean ondorio larriak izan ditzaketenean, ingurumen ebaluazioa egin behar da, hala ezarrita baitago plan eta programa jakin batzuen eraginen ebaluazioari buruzko Zuzentarauan, eta ingurumenarekin lotutako plan eta programa jakin batzuen eraginen ebaluazioari buruzko estatuko apirilaren 28ko 9/2006 Legean.
- Ekintza publikoa baliatzeko eskubidea, lurralde, hirigintza eta ingurumen antolamenduko zehaztapenak errespetarazteko
Atal honetan, herritarrek administrazio publikoetan hirigintzako legediaren aplikazioa salatzeko ekintza publikoa baliatzearen ondoriozko kontuak bildu dira.
Kexetan adierazten da zenbait kasutan berandu izapidetzen direla pertsonak hauek aurkeztutako salaketak, eta horien bidez eskatu dute erabil dadila hirigintza ikuskapena egiteko ahal publikoa, ikusita partikular batzuek baimenik gabe egin dituztela zenbait obra edo erabilera.
Arartekoak emandako ebazpenen artean, Bergarako Udalak ezkutuko eraikuntzen inguruko salaketei erantzun ez diela-eta emanko lau ebazpen sartu behar ditugu:
- Arartekoaren ebazpena, 2010eko maiatzaren 5ekoa. Horren bidez Bergarako Udalari gomendatzen zaio urbanizagarria ez den lurrean txabola/txakurtegi bat ezkutuan eraikitzeari dagokion espedientea behar bezala izapidetzeko eta baimenik ez duten erabilerak behin betiko eragozteko.
- Arartekoaren ebazpena, 2010eko maiatzaren 5ekoa. Horren bidez Bergarako Udalari gomendatzen zaio urbanizagarria ez den lurrean txabola/txakurtegi bat ezkutuan eraikitzeari dagokion espedientea behar bezala izapidetzeko eta baimenik ez duten erabilerak behin betiko eragozteko.
- Arartekoaren ebazpena, 2010eko maiatzaren 5ekoa. Horren bidez Bergarako Udalari gomendatzen zaio izapide dezala behar bezala zenbait eraikin eraikitzeko, lurzoru urbanizaezinean karabana bat jartzeko eta txakurrak egoteko espedientea.
- Arartekoaren ebazpena, 2010eko martxoaren 26koa, Bergarako Udalak oilategi erabilera baimenduta duen eraikin baten harira izan duen jardunari buruzkoa.
Antzeko arazoa planteatu zuen Orozkoko bizilagun talde batek. Adierazi zigutenez, arazoak sortu dira Meatzako auzoko jarduera batekin, hain zuzen ere txakurrak hezteko zentro batekin. Inguruan gune zoologiko bat dago, eta bi txakurtegi atondu dira bertan; horrekin batera, aisialdi-ostalaritzako jarduera osagarri bat ezarri da. Ebazpenean ondorioztatu genuen Orozkoko Udalak esku hartu zuela salatutako jardueran hirigintza eta ingurumen legea berrezartzeko. Alabaina, administrazioko izapide eta ebazpen horiek ez zuten galarazi ezkutuko jarduerak funtziona zezan, eta ez dago inon jasota jarduera ixteko eta zigilatzeko aginduan ezarritako zehapen neurririk edo neurri subsidiariorik hartu denik.
- Jabetzaren ondoriozko eskubideak eta betebeharrak
Atal honetan, administrazio publikoek hirigintzako legedian oinarrituta jabetza eskubidearen erabilera mugatzeko egiten dituzten jarduketak biltzen dira.
Hiri lurzoruan dauden betebeharren artean, bizilagun talde batek adierazi zigun Hondarribiko Udalak hirigintza diziplinari buruzko jarduerak egin zituela bi etxebizitza modu kolektiboan erabiltzearen aurka. Horren ondorio izan zen Arartekoaren ebazpena, 2010eko azaroaren 23koa. Horren bidez, Hondarribiko Udalak burututako hirigintza-diziplinari buruzko jardueren inguruan aurkeztutako kexa-espedientea amaitzen da. Jarduera horiek bi etxebizitzaren erabilera kolektiboa zela-eta hasi ziren.
Beste kexa bat Pasai Donibaneko barrutiko jabekideen bi elkartek aurkeztu zuten. Horren bidez, adierazi ziguten Pasaiako Udalak ukatu egin ziela beren higiezinetan gas naturala banatzeko hodiak ipintzeko obra lizentzia. Erakunde honek, informazioa aztertu ostean, egokitzat jo zuen Udalari gomendatzea, 2010eko otsailaren 19an, eman zezala gasa bideratzeko lizentzietarako baimena, baldin eta proiektuak behar bezala ezkutatzen bazituen hodiak, arau subsidiarioetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Hirigintza diziplinaren ondoriozko beste kontu bat hirigintzako arau-hausteen eta zehapenen araubidea da. Atal honetan, Bermeoko Udalak partikular bati kabina batean egindako lanengatik –lizentziarik ez zuen lanak hasi zituenean– jarri zion zehapenaren aurkako gomendio bat sartu dugu.
Beste kasu bat jabekideen elkarte batena da. Hain zuzen ere, eraikuntza proiektu bat eskatu zuten, Elantxoben plangintza aldatzeko izapideak egiten ari zirenean. Ondorioztatu genuen proiektua izapidetzeagatik sortutako gastuen kalte-ordaina eman behar ziela.
V. Ondorioak
Gure lehenengo gogoeta da gutxitu egin dela hirigintza eta lurralde antolamenduko arloari eragiten dioten erreklamazioen kopurua. Zalantzarik gabe, higiezinen merkatuaren eta finantza sistemaren gaur egungo krisia da arrazoietako bat. Horren ondorioz, nabarmen behera egin du urbanizatzeko eta eraikitzeko lanak, eta gatazkak gutxitu dira arlo honetan.
Sektorearen krisi testuinguru honetan, auzune edo ingurune degradatuenak gizarte eta hiri aldetik biziberritzeak funtsezkoa izan behar du esku-hartze publikoan, etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat, igorpen kutsatzailerik gabea eta ingurumen eta paisaia aldetik egokia den leku batean kokaturikoa izateko eskubidea zaintzeko.
Gure ustez, zaharkituta, egoera txarrean edo zailtasunetan dauden hiri esparru horietan, auzunean bizi diren pertsonei berriro bizilekua emateak du lehentasuna; modu adostu eta parte-hartzaile batean egin behar da hori, eta, beharrezkoa den kasuetan, gizarte laguntzako neurriak ezarri behar dira.
Bestalde, hiria eta eraikinak biziberritzea aukera bat da irisgarritasunaren eta energia eraginkortasunaren inguruko baldintzak hobetzeko. Hiri eraikia berriztatzeko edo hobetzeko lehentasunezko esku-hartze horrek hiri garapen iraunkorra laguntzen du, eta, horri esker, ez da beharrezkoa izango lurzoru gehiago urbanizatzea etxeak egiteko.
Horretarako, izapidetzen ari den legedia baliagarria izan daiteke hiria hirigune zaharkituen gainean berriztatzeko eta birgaitzeko jarduketak sustatuko dituzten neurriak errazteko, arintzeko eta ezartzeko.
Premiazkoa Eusko Jaurlaritzari hirigintzako legedia gara dezala eskatzea. Halaber, arreta berezia jarri behar da hirigintzaren arloko euskal legedia zerbitzuei buruzko zuzentaraura eta plan eta programen zuzentaraura egokitzeko beharraren inguruan. Araudia zuzentarau erkideak ekarritako baldintzen eta betebeharren arabera ez egokitzeak zuzenbide erkidea betetzeko betebeharra haustea ekar lezake.
Izapidetutako kexei dagokienez, erreklamazio askotan planteatzen dira oraindik ere hirigintza diziplinaren inguruko arazoak, hirigintzako araudia hausteagatik jarritako salaketei ez erantzutearen ondoriozkoak.
16. Etxebizitza
I.?Arloa kopurutan
2010. urtean, gaitzetsi diren kexak edo herriaren beste defendatzaileren bati helarazitakoak kanpo utzita, 109 kexa jaso da guztira Etxebizitzaren arloan. Horiek Arartekoaren erakundean izapidetutako kexa guztien %8,31 dira. Kexen xehetasuna, eragindako administrazioak gorabehera, honakoa izan da:
− Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 98
− Tokiko Administrazioa 13
− Foru Administrazioa 2
Bestalde, kexak honela banatu dira, horietan azaldutako gaiak gorabehera:
− Etxebizitza eskuratzea: beharra frogatzea eta esleipen prozedura 31
− Etxebizitza babestuaren alokairua 31
− Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 19
− Kalteak etxebizitza babestuetan, eraikuntzako akatsengatik. 13
− Beste alderdi batzuk 12
− Laguntzak etxebizitza erosi eta zaharberritzeko 3
Txosten hau itxi den datan, kexen izapidetze egoera hau zen:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu | |
2010ean hasitakoak | 113 | 28 | 79 | 10 | 37 | 32 | 6 |
Aurreko urteetan hasitakoak | 37 | 1 | 27 | 9 | 10 | 8 | 9 |
II.?Araudi edo gizarte testuingurua: lege erreformak edo arloko sektore planak
Etxebizitzaren gaian politika autonomikoa definitzen duten araudi eta plangintzako bi tresna nagusiei dagokienez, azpimarratu egin behar dugu 2010. urte honetan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez duela onetsi horrenbeste espero zen eta herritarrek eta herritarren eskubideen alde lan egiten duten gizarte agenteek horrenbeste eskatzen duten Etxebizitzari buruzko Lege Proiektua. Txosten hau itxi den datan, ordea, jakin dugu 2010eko abenduaren 28an Gobernu Kontseiluak baimena eman duela 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea egiteko. Dokumentu horrek Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, etxebizitza babestuaren eta hiri berrikuntzaren gaian eta dokumentua indarrean egon bitartean, jarraituko duen estrategia eta egingo dituen ekintzak biltzen ditu. Plan hori Eusko Legebiltzarrari aurkeztu beharko zaio, eta dagokion balorazioa eta kasuan kasuko ebazpenak eskuratu beharko ditu legebiltzarrean. Ondorioz, datorren urteko ohiko txostenean jorratuko da etxebizitzaren politika publikoaren plangintza tresna honen xehetasun gehiagoko azterketa bat.
Edonola ere, aldeko aipamen bat egitea merezi du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak plan zuzentzailea onetsi aurretik egindako esfortzu garrantzitsuak, parte hartzeko prozesuak ezartzearen bitartez. Honen adibide dira "Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala" eta "Herritarren partaidetza 2010eko Etxebizitza politikak lantzeko prozesuan". Horietan herritarren eskaerak eta etxebizitzaren gaian esku hartzen duten agente publiko, sozial eta pribatuen iritziak ezagutu ahal izan dira, hain zuzen ere etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidea argi eta garbi mugaturik geratu den testuinguru sozioekonomiko berezi honetan.
Hori esanda, idatz zati hau aurten onetsitako araubide nagusiak azaltzeko erabiliko dugu, labur bada ere. Halaber, 2009ko abenduko azken egunetan argitaratuak izanagatik, aurreko ohiko txostenean aipamenen xede izan ez ziren horiek azaltzeko erabiliko dugu idatz zati hau.
Argi dago krisi ekonomikoko egoerak eragin negatiboa duela herritarrak etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko duen eskubidea gauzatzerakoan, izan ere, familia askok ikusi du etxebizitzaren gastuei aurre egiteko zortasun maila (alokairuen prezio altuak eta hipoteka erako maileguak) larriagotu egin dela langabezia areagotzeagatik edo soldata baldintzek okerrera egiteagatik. Horrek, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 2010eko urriaren 27ko osoko bilkuran onetsitako Memoria sozioekonomikoan dioen bezala, areagotu egiten ditu ongizate faltako egoerak eta pobrezia arriskukoak euskal herritarren artean.
Gai hori ez da oharkabean pasa Administrazio autonomikoarentzat; izan ere, krisiaren aurkako neurriak hartu behar izan ditu. Horiek iaz hasi ziren jada eta hurrengoetan zehaztu dira: 628/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan eta Agindua, 2009ko abenduaren 10ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzen inguruko zenbait agindu aldatzeko dena.
Azken bi arau horiek, hurrenez hurren, zera finkatzen dute: batetik, hipoteka betearazpenaren xede izango diren etxebizitzak berriro erosteko prozedura, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak etxebizitza erostearen bitartez zordun den jabeari edo erakunde finantzarioari, lankidetza finantzarioaren hitzarmenaren babesean etxebizitza babestua erosteko emandako mailegu eragiketei berme gehiago emate aldera, eta, bestetik, babes ofizialeko etxebizitzen esleipenei uko egiten dietenei jarritako zigorrak ezabatzea, uko egite horren arrazoia esleitutako etxebizitza erosteko prezioari aurre egin ezin izatea denean esleipenduna langabezian egoteagatik.
Paradoxikoki, ikusi egin da ere egungo krisi ekonomikoa herritarren mentalitate aldaketa eragiten ari dela, alokairuaren kulturaren alde. Hori are nabarmenagoa da etxebizitza batez gozatzera iristeko zailtasun bereziak dituzten taldeen kasuan; horien artean egongo lirateke gazteak, adinekoak, ezinduak eta etorkinak. Zentzu horretan, azken urte honetan alokairu araubidean babes publikoko etxebizitzaren eskariaren hazkundea gertatu da. Euskal Etxebizitzako Behatokiak emandako datuen arabera, 2010eko urrian Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emandako eskabideen %29 izan zen, orain bost urteko %19aren aldean.
Etxebizitza babestuaren eskatzaile diren pertsonen lehentasunetan gertatutako aldakuntza hori aipatutako behatokiak honela azaltzen du: "Azken bi urteetako egoera ekonomikoaren ondorioz, oso zaila da jabetzako etxebizitza bat eskuratu ahal izatea gaur egun. Gero eta zailago bihurtu da jabetzako etxebizitza bat eskuratu ahal izatea, beste arrazoi batzuen artetik, zailtasun ekonomiko-finantzario larrien, lan-merkatuaren ezegonkortasunaren eta finantzaketa lortzeko jarri diren mugen eraginez; eta, gauzak horrela, alokairua da familiak askok ikusten duten aukera bideragarri bakarra. Eta, horrek guztiak, jakina, azken urteetan alokairuaren eskaria nabarmenki areagotzea ekarri du. Nahiz higiezinen eragileek -segmentu libreari helduta- nahiz Estatuko etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistro desberdinek baieztatu dute alokairuaren eskariak izandako hazkunde handi hori eta, horregatik, gaur egun, inoiz baino gehiago, administrazioetatik alokairuaren erregimena sustatzera bideratzen dira etxebizitza-politikak, etxebizitzaren merkatuaren erabilera arrazoizkoa lortzera bidean".
Testuinguru honetan, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak onetsi egin zuen 2010eko azaroaren 3ko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzkoa. Horren bitartez, aldaketa garrantzitsuak sartu dira babes ofizialeko etxebizitzen erosketa eta alokairu prezioen araudian. Horien artean, aurreko paragrafoan jasotako hausnarketaren harira eta aginduaren beraren azalpenen zatian adierazten den bezala, azpimarratzekoa da alokairu babestuei aplika dakiekeen gehieneko errentaren muga -prezio irisgarriagoak bilatuz- eta alokairuen errentak finkatzeko eta horiek urtero eguneratzeko sistema berri baten aplikazioa (kontratua sinatzen den unean bizikidetza unitatearen diru-sarrerak zenbatzen dira eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Prezioen Indizearen araberako hazkundea aplikatzen da). Aldarazpen hauek positiboki baloratzen ditugu, izan ere, lagundu egingo dute alokatzaileen ongizatea hobetzen, etxebizitza batez gozatzeko egindako esfortzu ekonomikoa murriztuz eta alokairuen errentak beren benetako diru-sarreretara egokituz. Horrek egonkortasun ekonomikoko berme handiagoak ekarriko ditu, alokairu kontratuak iraun bitartean.
Bestalde, 2010eko azaroaren 3ko Agindu honek, etxebizitza babestuen gehieneko prezioak finkatzeari buruzkoa, beste gai gatazkatsu batzuk jorratzen ditu, Ararteko erakundeak hizpide izandakoak jada, adibidez, 75 urteko epez azalera eskubidean esleitutako etxebizitzen prezioa kalkulatzeari buruzkoa, urteek aurrera egitean jasandako balio galera aintzat hartzen ari ez zelako eta hori etxebizitza babestuaren bigarren edo ondorengo eskuratzaileen kaltetan zihoalako (Arartekoaren ebazpena, 2007ko azaroaren 22koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari gomendatzen zaio baliorik gabe utz dezala 8/2005 Instrukzioa, Etxebizitza Sailburuordetzarena, "Sailari eskaini zaizkion edo bere esku utzi diren eta lehentasunez erosi diren etxebizitzak eskuratu eta esleitzeko prozedurei" buruzkoa).
Araudi autonomikoarekin amaitzeko, laburki aipatu behar dugu 2010eko uztailaren 21eko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, babes ofizialeko hainbat etxebizitza azalera-eskubidean eraikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzorua erosteko eskakizunak ezartzen dituena. Arau honen unea, eta baita legezkotasuna ere, gizarte eztabaida zabalaren xede izan da eta horrek legebiltzarraren egoitzan ere izan du islarik.
Zalantzan jarri da araudi honen bitartez etxebizitza baten gaineko azalera eskubidea duten esleipendunei lurzorua eskuratzeko aukera ematea (administrazio autonomikoaren jabetza) eta, horrela, ondare baten pribatizazioa gertatzea, izan ere, azalera eskubidea baliatzeko epea igarota, administrazioaren eskura itzultzea aurreikusita zegoen xede publiko baterako erabiltzeko. Jarduera horrek, neurri batean justifikatuta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren () diru-bilketa xede batengatik, etxebizitzaren gaineko erabateko jabetza ekarriko du, bestalde, eskuratzaileentzat, eta baita babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikazio iraunkorra edukitzea eta, ondorioz, etxebizitza behin betiko kontrol eta babes publikoko araubide baten pean jartzea ere. Edonola ere, arau honen birtualtasunerako beharrezkoa da kasuan kasuko ebazpen judiziala eskuratzea, izan ere, arau horren aurka epaitegien aurrean egin dute jada.
Tokiko mailan, aurten ere, adierazi egin behar dugu euskal udalek[1] udal etxebizitza tasatuak arautzeko tokiko ordenantzak onesten jarraitzen dutela, horren bitartez etxebizitzaren parke publikoaren hazkundean lagunduz Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak esleitutako eskumena baliatzearen bitartez.
III. Jarduera-plana
Idatz zati honetan Etxebizitzaren arloan egindako bi kontrol eta jarraipen jarduera azpimarratu behar da. Ararteko erakundeak Gazteentzako etxebizitza politika publikoak EAEn izeneko txosten berezian jasotako gomendioen eraginkortasuna egiaztatzeko egindako ikerkuntza izapideak dira, batetik, eta jarraian adieraziko den gomendio orokorrarena egiaztatzeko egindakoa, bestetik: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legera egokitu behar dira etxebizitza eskatzaileen erregistroari dagozkion ebazpenen tramitazioa eta jakinarazpena.
III.1. Gazteentzako etxebizitza politika publikoak EAEn gaiari buruzko txosten berezia
2007. urtean argitaratutako txosten berezi honek 42 gomendio pilatzen ditu guztira, etxebizitzaren gaian eskumenak dituzten herri-administrazioen esku-hartzea hobetzera zuzenduta. Herritarren kexei eta eskaerei gehien lotutako agiriko alderdi horiek aintzat hartuta, aurten ofizioz bideratu dugu espediente bat (23/2010/34O), gure iradokizunen betetze maila egiaztatze aldera. Helburu hori edukita, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari txosten eguneratu bat eskatu diogu jarraian adieraziko diren 10 gomendioen gainean:
a) "Batez ere alokairu babesturako gorde behar dira gaur egun etxebizitza- politikarako ematen diren baliabide publikoak".
b) "Alokairuaren eskaintza erakargarriagoa sortu behar da, Euskadin etxebizitza edukitzeko eskubidea gauzatzerakoan eragiteko ahalmena duten herri-agintari guztiek adostutako jarduera publiko baten bidez".
c) "Etxebizitzak esleitzeko prozesuetan gardentasuna bermatu behar da, bitartekotza-zerbitzuen bidez eta edozein diskriminazio-modu saihesteko beharrezkoak diren mekanismoak ezarriz".
d) "Etxebizitza eskatzaileen erregistroak kudeatzean, herritarrak babesteko eskubideak bermatu behar dira".
e) "Etxebizitzaren banakako beharrak barematzea lehenetsiko duten sistemak ezartzen lagundu behar da".
f) "Neurri eta diseinuetan nahiko ugaria izango den etxebizitza babestuaren eskaintza antolatu behar da".
g) "Egin beharrekoa egin behar da etxebizitza babestuak, ahal den neurrian, benetan okupatuko diren eguna baino lehentxeago adjudika daitezen".
h) "Zerbait egin behar da etxebizitza babestuaren eskatzaileen eta esleipendunen diru-sarrerak egiaztatzeko egungo prozedura hobetzeko".
i) "Beharrezko neurriak hartu behar dira etxebizitza babestuen parkea kudeatzean familia-unitatearen egitura aldakorra aintzat har dadin".
j) "Etxebizitza babestuaren sustapena EAEko lurralde osoan modu homogeneoan egingo dela bermatu behar da".
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak gure lankidetza eskaerari erantzun dio xehetasun ugariko txosten bat bidaltzearen bitartez. Bertan, ondorioen atalean, zera esaten zaigu: "un muy alto grado de acuerdo con las recomendaciones del Ararteko e insiste en que en su gran mayoría están recogidas en sus planteamientos estratégicos de política de vivienda y suelo y, en la práctica, se están poniendo ya mismo en ejecución". Orokorrean, eman zaigun informazioak oinarri gisa hartzen du 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean bildutako ekintzak eta konpromisoak; horiek datorren 2011. urtetik aurrera gauzatuko dira.
Labur adieraztearren, gure gomendioen eta Sailaren etorkizuneko jardueren arteko alderaketa batek ondorioztarazi digu sintonia nabarmena dagoela etxebizitzari buruzko etorkizuneko politikaren inspirazio diren printzipioen eta Ararteko erakundeak bere txosten berezian jaso zituen proposamenen artean. Edonola ere, une honetan ez litzateke oso arduratsua izango indarrean dagoen araudia aldaraztea behar duten proposamen batzuen gainean (adibidez, aldez aurretiko baremazioa duen zozketa eredu berria ezartzeari buruzkoak edo etxebizitza lagapeneko irudi berriak sortzea) berariazko balorazio bat egitea, eta, ondorioz, benetan gauzatu arte itxaron beharko dugu gure iritzia emateko.
Bestalde, Sailak zailtasun materialak eta baliabide falta daudela aipatu du "etxebizitza eskatzaileen erregistroen kudeaketan herritarren defentsa eskubideak bermatzeari" eta "etxebizitza babestu baten eskatzaile eta esleipendun direnen diru-sarrerak egiaztatzeko egungo prozedura hobetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzeari" buruzko gomendioak bete ahal izateko. Arrazoia Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emandako eskaera bolumen eskerga litzateke, izan ere, gaur egun etxebizitza babestuaren eskatzaileek 90.000 pertsonaren kopurua gainditzen dute.
Azkenik, "egun etxebizitza politikei esleitutako baliabide publikoak alokairu babesturako lehentasunez erabiltzeari" buruzko gomendioari dagokionez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak jarraian adieraziko diren aurreikuspenak adierazten ditu plan zuzentzailean jasotako jarduera multzoari dagokionez:
"Kopuruzko helburu orokorren laburpena. 2010-2013rako Plan Zuzentzailea"
Kopurua | % | |
Alokairuan eskuratzeko aukerak | 23.100 | 58 |
Etxebizitza hutsa alokatzea | 5.000 | |
Alokairuen merkatuan bitartekotza egiteko programa berria | 2.000 | |
Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta | 8.000 | |
Sustapen berriko etxebizitza alokatzea | 8.100 | |
Salmentan eskuratzeko aukerak | 16.900 | 42 |
Berriz sailkatutako lokal babestuak | 850 | |
Birgaitze Integratuko Areetako eta landa eremuetako erabilitako etxebizitza librea | 1.350 | |
Birgaitzearen ondoren sortutako etxebizitza berriak | 2.800 | |
Sustapen berriko etxebizitza erostea | 11.900 | |
Eskuratzeko aukerak, guztira | 40.000 | 100 |
Azken urteetan ohikoa den moduan, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren kudeaketak kexa kopuru garrantzitsua sorrarazi du herritarren artean (1653/2009/34, 1706/2009/34, 1735/2009/34, 1775/2009/34, 1838/2009/34, 672/2010/34, 943/2010/34, 975/2010/34, 1139/2010/34 eta 1522/2010/34). Horietan, orokorrean, zalantzan jartzen da etxebizitza babestuaren eskatzaileen eskaeren bajen komenigarritasuna. Aurten, murriztapena ikusi ahal izan dugu baja horiek jakinarazteko dauden berme formalen faltari buruzko erreklamazio kopuruan.
Ziurrenik, erregistroko baja prozeduran aurreko urteetan salatutako babesgabetasun egoerak gainditzeko saiakera batean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila dokumentazioa –behar bezala jakinarazi ez bazen– zuzendu eta aurkezteko administrazio errekurtsoaren bidea onartzen hasi izana da horren arrazoia. Modu honetara, erregistrotik baja hartu duten eta errekurtsoaren xede izan diren ebazpenak berraztertu dira, eta, azkenean, herritarren eskaeraren inskripzioa mantendu. Jarduteko modu honen adibide bat 672/2010/34 kexa izapidetu bitartean egiaztatu ahal dugu. Bertan, gorako errekurtsoaren azterketan etxebizitza beharra frogatzen zuten betekizunak betetzen direla egiaztatzen zuen dokumentazioa onartzearen alde egin genuen eta, ondorioz, erreklamatzaileak etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroan altan mantentzearen alde. Sailak kexaren adierazleek aurkeztutako errekurtsoa onetsi zuen, eta haien asmoa aldeko jarrerarekin hartu zen.
Justifikaziorik gabeko baja bat konpontzea dakarren administrazio jarduera oro positiboki baloratu behar dela uste badugu ere, kontua da, zoritxarrez, aurten ere ikusi dugula kexaren adierazleari erregistroko baja behar bezala jakinarazi ez zitzaion kasuren bat (1775/2009/34), eta, erakunde honek egindako izapide eta kudeaketak eginagatik ere, Saila hartutako ebazpena berraztertzearen kontra agertu dena. Horrek, ondorioz, erreklamatzaileak bizitokitzat duen udalerrian egindako etxebizitza babestuen zozketa batean ezin parte hartu izatea eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan pilatutako 11 urteko antzinatasuna bertan behera geratzea eragin zuen. Kasu honek agerian uzten du "Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legera egokitu beharra etxebizitza eskatzaileen erregistroari dagozkion ebazpenen tramitazioa eta jakinarazpena" gaiari buruz egindako gomendio orokorraren baliozkotasuna eta indarraldia, eta gure jarraipen eta kontrol lanarekin jarraitzeko aukerak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak aipatutako gomendio orokor hori onartzen ez duen bitartean.
IV. Kexarik aipagarrienak
Etxebizitzaren arloan sartzen diren gai ezberdinen sailkapena aintzat hartuta, jarraian herritarren aldetiko erreklamazioaren xede izan diren gai nagusiak aztertzera igaroko gara.
IV.1. Etxebizitza eskuratzea: beharra frogatzea eta esleipen prozedura
II. idatz zatian jada aipatu dugun testuinguru sozioekonomikoarekin bat etorriz, aurten hazkunde nabarmena igarri dugu presazko etxebizitza beharra azaltzen zuten pertsonen kexetan[2], batez ere horren arrazoia kexaren adierazleek hipotekei aurre egin ezin izanagatik etxebizitzak bahitzea jasan beharra, alokairu errentak ez ordaintzetik eratorritako kaleratze prozedurak gauzatzea edota okupatzen zituzten etxebizitzen hondamen egoera larria zenean. Hori guztia, inolako zalantzarik gabe, krisi egoeraren isla da, izan ere, talde ahulenei eragin die horrek.
Horrelako kasuetan guk eduki dugun esku-hartzea hau izan da: kasuan kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuekin batera, pertsona hauen egoera ekonomikoa eta lanekoa hobetzen dela bultzatzea, etxebizitza babestu baten esleipendun ez diren bitartean laguntza publikoko alokairu pribatu bat eskuratu ahal izateko. Administrazioaren aldetiko jarduera irregular bat egon dela ikusi dugun kasu horiek guztiek, ordea, agerian utzi dute babes publikoko etxebizitza eskaintza eskasa dela eta etxebizitza behar larriko egoerei erantzuteko dauden mekanismoak ez dabiltzala. Horrek, Arartekoaren erakundetik behin eta berriro errepikatu dugun bezala, etxebizitza babestuaren esleipenean jarraitzen den indarreko zozketa sistemaren bidezkotasunari buruz eta baremazioko mekanismo objektiboak sartzeko beharrari buruz hausnarraraztea eragin beharko luke, gaitasun ekonomiko gutxiagoko edota gizarte bazterkeriako arriskua duten pertsonek eta familiek nahitaez jasan beharreko premiazko etxebizitza beharrei erantzuteko.
Idatz zati hau amaituko dugu esanez, datorren kapituluan, emakumeen berdintasuna eta osotasun fisikoa arloari eskainitako zatian, berariazko azterketa jorratuko dugula herri-administrazioetatik aurten genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeen etxebizitza beharreko egoera bereziari eman zaion erantzunari buruz.
IV.2. Alokairuko etxebizitza babestua
Babes publikoko etxebizitzen alokairuarekin zerikusia duten erreklamazioak eta "Etxebizitza Hutsaren Programari" (Bizigune) dagozkion etxebizitzei buruzkoak, areagotu egin dira aurreko ekitaldietan erakundean jasotakoen aldean. Erreklamazio horien oinarrian oso gai anitzak izan dira, eta gehienetan ez dugu administrazio irregulartasunik egon denik ikusi, Ararteko erakundearen partetik esku-hartze kritiko bat justifikatzeko. Zentzu horretan, garrantzitsua izan da alokairu kontratuen baldintzak aldaraztea nahi zuten kexa adierazleen kexa kopurua. Horrela, hitzartutako epea amaitu eta gero kontratua luzatzea edo hitzartutako alokairu prezioan beherapena aplikatzea eskatu izan da.
Halaber, ikusi dugu Bizigune programa publikoaren kudeaketan gatazka berriak sortzen ari direla alokairu harremana agortzen aritzeagatik, eta horiek kontratuaren alderdiek legez dituzten eskubide eta betebehar multzoarekiko mantentzen duten jarrera ezberdinen isla dira. Horrela, adibidez, kexa batzuetan jakin dugu alokatzaileak ez zeudela ados beren fidantzen zenbatekoa atxikitzearekin (439/2010/34, 475/2010/34 eta 1243/2010), eta beste batzuetan jabeek hondatutakoa konpontzea exijitzen zuten, alokatutako etxebizitzari erabilera okerra eman izanari egozten baitzizkioten hondamen horiek (1631/2009/34, 13/2010/34 eta 1476/2010/34). Sociedad Pública de Gestión de Viviendas en Alquiler-
Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa, S.A. enpresako txosten teknikoek, erakunde honek eskatuta egindakoak, aukera eman digute egiaztatzeko kasu horietako batzuetan bitartekaritza lan egokia egiten ari dela aipatutako sozietate publikoaren partetik Bizigune programaren kudeaketan. Beste zenbaitetan, jarduera zuzenbidearekin bat ez zetorrena zenean, erreklamatzaileek salatutako egokitasun ezak behin betiko zuzentzen lagundu dute.
IV.3. Kalteak etxebizitza babestuetan, eraikuntzako akatsengatik
Babes publikoko etxebizitzetan eraikuntza gabeziak azaltzea herritarren aldetik kexa ugari sorrarazten duen arazo bat da urtetik urtera. Ekitaldi honetan, herritarren aldetiko informazio falta adierazgarria topatu dugu, etxebizitzetan eraikuntza akatsak agertu eta enpresa eraikitzaileak erreklamazioei behar bezala erantzuten ez dienean nola jardun behar duten jakiterakoan (143/2010/34, 600/2010/34, 1020/2010/34, 1068/2010 eta 1229/2010/34). Kasu hauetan guztietan, herritarrei iradoki egin diegu beren etxebizitzetan azaldu diren gabeziengatik erreklamazio formal bat aurkez dezatela Etxebizitzaren kasuan kasuko lurralde ordezkaritzan. Horrela, Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araubideak (ekainaren 24ko 2114/1968 Dekretuak onetsitakoa,) ezarritako aurreikuspenak aplikatuz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak enpresa eraikitzaileari ezarriko dio eraikuntzan igarritako akatsak konpondu beharra, horiek babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikaziotik hasi eta bost urteko epean azaldu badira.
Aitzitik, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari aurkeztutako erreklamazio formalari ez zaio beti aldeko erantzun bat ematen etxebizitza babestuaren esleipendunak nahi duena gorabehera. Hori litzateke 1113/2008/34 kexaren kasua. Hura izapidetu genuenean, ikusi ahal izan genuen txosten teknikoak zeudela erreklamatzailearen babes ofizialeko etxebizitzan eraikuntza gabeziak egiaztatzen zituztenak, baina sailak ezezkoa eman zion eraikuntza enpresari horiek konpontzea exijitzeari. Gure esku-hartzea amaitu genuen gomendio hau eginez: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari gomendatzen zaio babes ofizialeko etxebizitza baten enpresa sustatzaileari ezar diezaiola aipatu etxebizitzan antzemandako eraikuntza akatsak konpontzeko nahitaezko konponketa obren egitea. Hori, azkenean, ez zuen sailak onartu.
Gomendio honen lege oinarria lehen aipatutako bost urteko epean ager daitezkeen eraikuntza akats edo okerrengatiko erantzukizun objektiboaren araubidea azpimarratzen duen jurisprudentzia ugarian dago, eta hari lotuta dago etxebizitza babestuak sustatzen dituen pertsona edo erakunde oro. Erantzukizun objektibo horrek "Administrazioari eskumena ematen dio eraikuntza prozesu horrekin lotu denari eraikuntzan dauden akats edo okerrak konpontzeko betebeharra jartzeko, ardura gabezia batengatik edo haren ondorioz, eta prozesuaren faseetatik edozeinetan, betiere, sustatzaileari egoki dakizkiokeen errepikapen ekintzen kaltetan izan gabe" (AGren 1998ko uztailaren 27ko Epaia).
IV.4. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Herri-administrazioek etxebizitzaren gaian dituzten eskumenak baliatzearen funtzionamenduari dagokionez, lehen ere aipatu dugun bezala Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari buruzko erreklamazioak bolumen adierazgarri bat izatera iristen dira, izan ere, bertan izena ematea funtsezko eskakizuna da babes publikoko etxebizitzen esleipen prozesuan parte hartu ahal izateko.
Aurten, herritarrek aurkeztutako kexen artean bi aztertu ahal izan ditugu, orain arte aipatu gabe genuen gai bat planteatzen zutenak (1670/2009/34 eta 294/2010/34). Labur adieraztearren, erreklamazioek salatu egiten zuten Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren jarduna, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan elkarrekin izena emanda zuten bikote edo ezkontideak banantzen direnean eta bikoteko kideetako batek izena eman behar duenean berriro ere, lehenengoak elkarrekin egindako izen-ematearen antzinatasuna mantenduz. Irizpide onez, erreklamatzaileek uste zuten jarduteko modu hau ez zela bidezkoa inolaz ere, eta alegatzen zuten banandu eta gero bi bikotekideek etxebizitza beharreko egoera berdinean jarraitzen zutela. Egindako ikerkuntza izapideetan, egiaztatu ahal izan genuen, benetan, sailak erreklamatzaileek adierazitako moduan kudeatzen zituztela kasu hauek. Hori egiaztatuta, sailari azalpenen txosten bat eskatu genion, zera azaltzeko: inskribatutako bikoteen banantzeak kudeatzeko erabilitako irizpidea justifikatzen zuten arrazoi juridikoak eta etxebizitza babestuaren beharra edukitzen jarraitzen zuten bizikidetza unitateko bi kideen aldekoa izango zen antzinatasuna mantentzeari buruzko interpretazioa egitea galarazten duten lege oztopoak.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, laguntza eskaera horri erantzunez, jakinarazi zigun horrelako kasuak izapidetzerakoan aplikatutako irizpidea aldarazteko prest zeudela, nahiz eta berehala gauzatzerik egongo ez zela ere jakinarazi zigun: "arazoaren neurria kontuan hartuta –antzinatasuna aintzat hartzera koan norbanakoena hartzea eta ez eskaerena–, ezin izango zaio berehalako irtenbiderik eman. Izan ere, araudietan beren-beregi aurreikusteaz gain, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa- Etxebide kudeatzen duten aplikazioak ere aldatu egin beharko dira, baita indarreko eskaera guztiak ere, banan-banan alegia, eta eskaera bakoitzean bildutako bizikidetza-unitateko kide bakoitzaren berri jasota utzi".
Administrazio jardun irregular baten konponketa gain hartzen duen konpromiso hori betetzen den edo ez aztertzea jarraipenaren xede izango da Arartekoaren erakundearen partetik, eta horri helduko diogu berriro ere datorren urteko ohiko txostenean.
V. Ondorioak
- Etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidea nabarmenki mugaturik geratu da azkenaldian, krisi ekonomikoko egoera dela eta. Horrek, pertsona eta talde ahulenen diru-sarrerak murriztea dakarrenez, areagotu egin ditu herritar askok dituzten zailtasunak alokairuko gastuen edo etxebizitzen gaineko hipoteka kuoten ordainketari aurre egin ahal izateko.
- Euskal herri-administrazioek "krisiaren aurka hartutako neurriak" nahikoak ez direla ikusi da, horien bitartez dagoen babes publikoko etxebizitza eskaerari erantzun nahi bazaio eta egungo testuinguru ekonomikoan bizitasun handiagoz azaltzen ari den etxebizitza beharreko egoera bereziei aurre egin nahi bazaie.
- Adierazi berri den horrek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du alokairu babestuari zuzendutako baliabide publikoen hazkundea, eta baita alokairu arrazoizkoagoak eta alokatutako etxebizitzaz gozatzerakoan egonkortasuna bermatuko dutenak izatea ere.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, foru eta tokiko administrazioekin batera, eta euskal familia eta herritar ugarik bizi dituzten zailtasun ekonomikoak ezagututa, gizarte politikak eta etxebizitza publikokoak koordinatu behar ditu, krisia etxebizitza duinaz eta egokiaz gozatzeko eskubidean eragiten ari den eragin negatiboak arintzeko eta gizarte bazterkeriako egoerak saihesteko.
- Arartekoaren erakundeak eskerrak eman nahi dizkie euskal herri-administrazioei eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari (hari zuzentzen zaio herritarren aldetiko erreklamazio kopuru handiena), orokorrean erakunde honi laguntzeko erakutsi duen jarrera eta interesagatik, aurten erakunde honek egindako ikerketa izapideetan.
- Edonola ere, agindu zaizkigun lege eskumenak gauzatuz, berriro ere azpimarratzen dugu etxebizitzaren politika publikoak hobetzen laguntzeko konpromisoa dugula, herri-administrazioen eguneroko kudeaketaren alderdi zehatzak azpimarratuz eta etxebizitza egokiaz gozatzeko herritarrek duten eskubidea zaintzeko beharrezkotzat jotzen ditugun ebazpenak eginez.
- Horregatik, ondorio hauen hasierako zatian aipatutako proposamen orokorrez gain, ikusten jarraitu dugu beharrezkoa dela arazoak eta zuzendu beharreko gai zehatzagoak daudela agerian uztea.
- Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren kudeaketak legezko prozedura bermeak sartu behar ditu, herritarren eskaeren baja eta aldarazpen ebazpenak ez egiteko etxebizitza babestuaren eskatzaileei babesgabetasuna eragiteko moduan.
- Gabeziak konpontzea etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubideari estuki lotuta dagoen betebehar bezala hartu behar da, eta administrazioek arreta bereziarekin eskatu behar diete hori enpresa eraikitzaileei.
- Alokairuaren merkatuan izaten den esku-hartze publikoak, alokairu babestuen edo berariazko programa publikoen bitartez, sustatu egin behar du alokairuan parte hartzen duen alderdi bakoitzak bere eskubide eta betebeharrak ezagutzen dituela, eta herri-administrazioei egoki dakizkiekeen bitartekaritza edo aholkularitza lanak hobetzen direla zaindu.
- Ondorioz, adituen iritzia gure eginez[3], egungo krisia aukera bat bezala hartu behar da euskal herri-administrazioek etxebizitza programak eta politikak berritzeko duten moduaz hausnartu eta horiek aztertzeko, horren bitartez herritar guztiei etxebizitza duina eta egokia bermatu ahal izateko.
[1] Hona hemen aurten udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantza behin betiko onartu duten udaletako batzuk: Tolosa, Santurtzi, Abanto-Zierbena, Andoain, Zumaia, Zamudio, Sukarrieta, Lasarte-Oria, Irura eta Nabarniz.
[2] Horien artean, hauek aipa ditzakegu: 262/2010/34, 284/2010/34, 396/2010/34, 480/2010/34, 557/2010/34, 569/2010/34, 774/2010/34, 827/2010/34, 1104/2010/34, 1215/2010/34 eta 1566/2010/34.
[3] Errelatore Bereziaren txostena etxebizitzari buruz, bizi maila egokia edukitzeko eskubidearen eta eskubide horrekiko bereizkeria ez jasateko eskubidearen elementu integratzaile gisa, Raquel Rolnik (NBE).