Aurkezpena
2010. urte hasieran Ararteko erakundean Haur eta Nerabeentzako Bulegoa egi bihurtu zen, erakundearen berrantolatze prozesu baten emaitza gisa. Horren helburu nagusia haurren eta nerabeen eskubideak hobeto babestea da, Ararteko erakundearen lan orokorrari lotuta; izan ere, lan hori gure adingabeek bizi dituzten errealitateetan gehiago sistematizatzeko eta proiektatzeko aukera ematen du.
2010. urtean zehar garatu zen inplementazio fasea amaitu ostean, 2011. urte hasieran Haur eta Nerabeentzako Bulegoa jendaurrean aurkeztu zen. Aurkezpen hori eta 2010ean Eusko Legebiltzarraren aurrean egin genuen urteko txostenaren aurkezpena batera gertatu ziren. Formatu horren bitartez, antolakuntzako errealitate berria islatu da, modu bereizian bulegoaren jarduketa testuinguruan garatutako jarduerak aurkeztuz.
Kasu honetan formatu bera erabili dugu, Legebiltzarrarentzako 2011ko urteko txostenaren moduko osotasun baten zati izango den dokumentua eginez, hau da, modu independentean irakur daitekeen dokumentu bat. Iaz azaldu genuen bezala, modu horretan bereziki zaurgarria den kolektibo horri lotutako jarduerekin gertatzen dena islatu da: Ararteko erakundearen jardueraren zati bereizezina izanda, haien eskubideak bermatzeko kezka, interesa eta jarduketak zeharkako ikuspuntu batetik egiten dira. Ikuspuntu horrek adingabearen interes gorenari ematen dio lehentasuna, eragindako eremua edo bizitzaren alderdia edozein dela ere. Azaldutakoaren ildoan, testuan zehar txosten orokorreko zatiak eta atalak aipatu egiten dira eta, modu berean, txosten orokorrean Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren zatiari erreferentzia egiten zaio, bai kasu batean, bai bestean, garrantzi edo zehaztasun handiagoko gogoetak egiten diren bakoitzean.
Informazioa zazpi kapitulutan egituratuta dago. Lehenengoan bulegoaren jardueraren gizarte- eta araudi-testuingurua azaltzen da, bai eta txostenak hizpide duen urterako ezarritako plangintzaren barruan dauden lan-ildoak ere.
II. kapituluan, guztien artean luzeena, Ararteko erakundearen berezko jardueratik abiatuta, haurren eta nerabeen eskubideen inguruan antzemandako arazo nagusiak aipatzen dira. Abian jarritako jarduerak eta herritarrek aurkeztu dituzten kexen; egindako ikuskapen bisitaldien; ofiziozko ikerketen; arduradun publikoekin eta gizarte erakundeekin izandako bileren; foroetan, batzarretan eta profesionalen topaketetan parte hartu izanaren ondorioz lortutako ikaskuntzak birpasatzen dira.
III. kapituluan aurreko urteetako txosten berezietan egindako gomendioen jarraipena jaso da. Kasu honetan, 2009. eta 2010. urtean argitaratutako txosten berezietako gomendioen jarraipena abian jarri da: Adingabeei balioak igortzea eta EAEko erakundeen eginkizuna nerabeen droga kontsumoaren arloan, betiere, 2011ko maiatzean aurkeztu zen Arrisku egoera berezietan dauden haurren gaineko txosten berezian jasotako zaurgarritasun egoerei lotutako gomendioen eboluzioarentzako denbora utziz. Hori guztia, agiriaren IV. kapituluan zehaztasunez azaldu da, kapitulu hori txosten bereziei zuzenduta baitago.
V. kapituluak haurrek eta nerabeek parte hartu dezaten eratu dugun organoan garatutako jardueraren aipamen berezia egiten du: Haurren eta Nerabeen Kontseilua, nolabaiteko sendotze maila eskuratu duen errealitate bihurtu dena. Haren egitura, funtzionamendua eta, batez ere, 2011. urtean zehar jorratu diren gaien inguruan, gure haurren eta nerabeen berezko ahotsa atal horretako orrialdeetan jaso dira.
VI. kapituluak haurren eskubideei dagokienez, errespetuan oinarritutako kultura sortzen laguntzeko zenbait jarduera bildu ditu: ezagutza trukatzeko foroetan parte hartzea, beste gizarte eta erakundeen arteko eragileekin lankidetzan aritzea, hezkuntzako materialak argitaratzea edo 6-11 urteko haurrentzako Ararteko erakundearen web orrialdea bertan aipatzen diren ekimenetako batzuk dira.
Azkenik, VII. kapituluak agiria itxi egiten du laburbilketa gisa egindako zenbait gogoeten bidez.