6.5. Adingabeentzako web gunea
2011ko otsailaren 28an, jendaurrean aurkeztu genuen Eskubideen uhartea web gunea (http://www.ararteko.net/apl/derechosdelainfancia/euskara.html).
Lehen Hezkuntzako haurrentzako web atari bat da (6 eta 12 urte bitartekoentzat). Bi helburu ditu: batetik, haurrak erakundera gerturatu nahi ditugu, giza eskubideen eta haurren eskubideen inguruko erreferente gisa ezagut dezaten —modu hurbilago eta eskuragarriago batean—; eta, bestetik, haurrak eurak beren eskubideen gainean sentsibilizatu nahi ditugu eta eskubide horien berri zabaldu.
Ikus dezagun astiro web gunearen edukia.
Web gunean sartzeko pantailan, etengabe mugitzen ari diren hainbat elementu daude. Hala, esate baterako, irudiaren erdian ikusten diren bi pertsonaiek —horiek erabiltzen ditugu ikastetxeetara bidaltzen ditugun materialetan— web gunean sartzera gonbidatzen dituzte haurrak, beren eskubideak ezagut ditzaten, jolastuz ondo pasa dezaten, laguntzaren bat behar badute nori galdetu jakin dezaten, eta abar. Horrez gain, Arartekoaren web gunera (www.ararteko.net) garamatzan txalupa mugitzen ari da etengabe, baita web guneko ataletara sartzeko bide ematen duten gainerako pertsonaiak eta objektuak ere: itsasargia, barruan mapa bat duen botila, arrain-ontzia, periskopioa eta jokoen eta esteken kartelak.
Itsasargian, neska-mutilek beren eskubideak ezagutzeko informazioa aurkituko dute: Haurren Eskubideen Hitzarmenaren historia eta Hitzarmena bera, haientzako bertsio ulergarriago batean kontatua. Atal honen barruan daude, halaber, Francesco Tonucciren ilustrazioak. Tonuccik, hezkuntzaren munduko artista eta zientzialari ospetsuak, hamar bineta utzi dizkigu, eta horiei animazioa emateko baimena eman digu, haurrei beren eskubideetan zehar egingo duten ibilaldian lagun egiteko.
Olagarroak botila bat du garro artean eta horren barruan haurren eskubideen mapa dago. Mapa zabaltzean, 10 ikono agertzen dira, eta horiek 10 ipuin animatutara eramaten gaituzte; hain zuzen, ipuin horien bidez, identitaterako, familiarako, osasunerako, hezkuntzarako, jolasteko, babeserako, parte hartzeko eta ongizaterako eskubideak azaltzen dira, eta, azkenik, adingabearen interes gorenaren nagusitasuna agerian agertzen duen historia bat kontatzen da. Historia batzuk deskargatu ere egin daitezke. Web gunean helduentzat jasotako materialaren barruan, hainbat orientazio metodologiko dator, historia animatu horiek bai hezkuntza-ingurunean eta bai familian erabiltzeko.
Egurrezko upelean, haurrek informazio interesgarria aurki dezakete, laguntza behar izanez gero: SOS gunea da.
Ezkerraldean agertzen den telebista-pantailan, Arartekoak eta Haur eta Nerabeen Bulegoko zuzendariak beren burua aurkezten dute, eta, haurrentzat gertukoa den hizkera batean, Arartekoa zer den eta erakundearen lana zertan datzan azaltzen dute.
Espazio horretatik, hainbat gairekin loturiko beste laguntza-webgune batzuetara sar daitezke: Interneten erabilera ziurrari edo elikadura osasungarriari buruzkoak, esate baterako. Ziberbullyingari buruz eta Interneten erabilera ziurrari buruz, espazioan bertan, oinarrizko orientabide xume batzuk daude.
SOS gune horretan dago, orobat, Eusko Jaurlaritzak haurrei eta nerabeei laguntzeko jarri duen telefonoa, Zeuk esan (166 111); horren bidez ere jar daitezke haurrak Arartekoarekin harremanetan, bai eta kexak jarri ere.
Hasierako pantailan, haurrentzako beste hiru elementu daude: Arrain-ontziak parte hartzera animatzen ditu (protesta-proposamena) eta aisialdirako edo kultur jardueretarako hainbat gomendio biltzen ditu haientzat. Horrez gain, neska-mutilek agerrarazi nahi dizkiguten ekimenak ere iraul daitezke horra.
Estekek eta jokoek ixten dute haurrentzako proposamena. Estekak munduko orriei eta ekologiari buruzkoak dira, beste bat ikasiz dibertitzeko da, eta, horrez gain, adingabeek eurek proposatutakoak ere badatoz. Jolasak ere badu leku garrantzitsu bat web gunean. Zortzi jolas eskaintzen dira, eta horien bidez, bide-segurtasunari, birziklapenari, elikadura osasungarriari eta beste hainbat gairi buruz ikas daiteke.
Periskopioak —helduen konpainia eta begirada arretatsua irudikatzen du— itsaspekora garamatza, aita-amei eta hezitzaileei berariaz eskainitako espazio bakarrera.
Atal honetan, ipuin animatuak edo Hitzarmena lantzeko proposamen metodologikoak daude. Horrez gain, udal arduradunentzat ere badago atal bat; bertan, haurrentzako eta nerabeentzako udal planak egiteko proposamenak datoz.
Itsaspekoan dago liburutegia ere, eta, bertan, gurasoentzat eta hezitzaileentzat interesgarri izan daitezkeen dokumentuak eta web guneak aurki daitezke.
Hasieran genion bezala, web guneak otsailean ikusi zuen argia, Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoa komunikabideei aurkeztu zitzaien garaian. Beraz, aurten web gunea jendarteratzeko aritu gara lanean. Ahalik eta zabalkunderik handiena emateko eta azken hartzaileen —6 eta 12 urte bitarteko haurren— esku jartzeko, gutun bat bidali genien EAEko ikastetxe guztiei, posta-helbide eta elektroniko bidez, web gunearen berri emateko eta erabiltzera animatzeko. Horrez gain, haurrekin loturiko beste web gune batzuei ere eskatu genien laguntza (Unicef, Save the Children, Haurren Erakundeen Plataforma …), Interneteko haien guneetan Eskubideen uhartea gunera joateko esteka bat ipin zezaten.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza ere nabarmendu nahi dugu. Izan ere, materiala interesgarria zela ikusirik eta guk egindako laguntza-eskaerari erantzunez, Eskubideen uhartea gunerako lotura txertatu du Eskola 2.0 programako Eskola Bakegunean; beraz, EAEko lehen hezkuntzako eskola-ume guztientzat dago eskuragarri.