V) Gure haur eta nerabeen ahotsa: arartekoaren haur eta nerabeen kontseilua
Haurren Eskubideen Hitzarmenak, Nazio Batuek 1989an onarturikoak, 18 urtetik beherako adingabeei informaziorako eta parte-hartzeko eskubidea aitortzen die, bai eta eragiten dieten arlo guztietan beren iritzia emateko eta beren iritzia kontuan hartua izateko eskubidea ere. Geure eginez haurrentzat eta nerabeentzat lan egitea garrantzitsua bada hein berean edo gehiago izango dela haiekin lan egitea, haien ahotsa, iritzia eta ikuspegia entzutea, parte hartzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak emateko bideak eskaintzea, 2010eko ekainaren 25ean, Arartekoko Haur eta Nerabeen lehenengo Kontseilua eratu zen, funtzio nagusi Arartekoari bereziki adingabeei zuzenean eragiten dieten kontu edo ekimenen inguruan aholku ematea zuela.
Haur eta Nerabeen Kontseiluak neska-mutilen begirada gaineratu nahi du Arartekoaren proposamenetan, haiekin ekimenak, material didaktikoak, proiektuak eta bestelakoak kontrastatu, eta haurrentzat edo nerabeentzat interesgarri diren edo haien eskubideen defentsari eragiten dieten alderdiei buruzko iradokizunak bildu. Erakundea gure haurren eta nerabeen ahotsa entzuteko eta parte hartzeko esperientzia eskaintzeko —behintzat horietako talde bati— apustu argia da.
Adingabeek erakundean modu egonkorrean parte hartzeko eta egoteko bide hori lehenago erabili izan diren (eta aurrerantzean erabiliko diren) beste bide batzuen osagarri da; halakoak dira, esate baterako, azterlanak, txostenak, foroak eta bestelakoak, bai eta babesteko edo neurri judizialak betetzeko bizitegi-baliabideetan harrera egin zaien neska-mutilei egindako elkarrizketen esparruan sortutako eztabaida-taldeak ere.
Kontseilua hiru lurralde historikoetako DBHko 12 neska-mutilek osatzen dute. Neska-mutil horiek parte hartzeko barne-dinamiketan esperientzia duten hainbat ikastetxek proposatuta izendatu dira. Parte-hartzaileak hautatzeko eskakizunak hauek dira: gaitasun kritikoa izatea eta hausnartzeko, sortzeko eta berdinen artean eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko prest egotea, eta, batez ere, kontseiluan parte hartzeko eta inplikatzeko gogoa izatea. Nork bere iritzia adierazteko askatasun osoa izatea eta Arartekoak konfidentzialtasuna bermatzea dira kontseiluaren funtzionamenduaren oinarrizko arauak.
2011. urtean hiru bilera presentzial egin dira, bi Arartekoaren Gasteizko egoitzan eta bestea Bilbon. Bilera presentzialak beti eskola-ordutegitik kanpo egiten dira, eta kontseilariek teknologia berrien erabilerari esker etxean egiten duten lanarekin osatzen dira: proposamenak helbide elektroniko bidez bidaltzen dituzte, kontseilariekin komunikatzeko foro pribatu bat sortu da, eta abar.
Kontseiluaren funtzionamenduak eskola-egutegiari jarraitzen dio; hala, 2011. urteko azken bilera 2011/2012 ikasturteko lehenengo bilera izan zen. Hori izan zen lehenengo bilera kontseilua lehenengoz berritu ostean sartu ziren zazpi kontseilari berrientzat ere; izan ere, kontseilua, kontseilariek berek hala iradokita, partzialki berritzen da.
Hurrengo paragrafoetan laburki azalduko dugu 2011ko saioetan egindako lana.
— 2011ko otsailaren 4ko bilera
Bileraren gai nagusia euskal nerabeen droga-kontsumoa izan zen: 2010eko apirilean argitaratutako EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan txosten berezia erreferentzia izan zen, bai gure berriemaileei helarazi genizkien galdesortak egiteko, eta bai bildutako informazioa egiaztatzeko. Oraingo honetan, inkestagile bihurtzera gonbidatu genituen, eta, hala, beren iritzia eta 12 eta 18 urte bitarteko beste neska-mutil batzuena bildu zuten beren eguneroko errealitatean egiten den drogen erabilerari eta kontsumoari buruz. Kontseilariek beren kideen eta lagunen iritzia jaso zuten, topaketa pertsonaletan, elkarrizketetan edo Tuenti gizarte-sarearen bidez.
Egindako inkesten emaitza —41 guztira— azaltzea izan zen bileraren abiaburua, eta horri buruz oso eztabaida aberatsa eta interesgarria izan zen. Geroago, inkestetan bildutako informazioa eta bileran azaldutakoaren emaitza jasotzen zituen dokumentu bat bidali zitzaien kontseilariei, eta eskatu zitzaien osa zitzatela proposamenak, Arartekoak kontseiluarentzat prestatu zuen Interneteko foro pribatuaren bidez.
Bai galdesortarako eta bai bilerarako erabilitako metodologiak —ikustea, epaitzea, jardutea— hiru fase ezartzen zituen: lehenengoan, helburua zen besteak beste jakitea nerabeek gehienbat zer substantzia kontsumitzen dituzten, genero aldetik desberdintasunik ba ote den kontsumoan edo kontsumitzen hasteko adinean; bigarren fasean, kontseilariei eskatu zitzaien azal zitzatela beren ustez zein ziren kontsumitzeko arrazoiak eta balora zezatela substantzia toxikoak kontsumitzeak dakartzan ondorioen eta arriskuen inguruan jasotzen duten informazioaren kalitatea; azkenik, neska-mutilei eskatu zitzaien egin zitzatela gehiegizko kontsumoaren egoera hobetzeko proposamenak edo "prebentzio-eragile" gisa beren parte-hartze aktiboarekin zerikusia zuten proposamenak.
Erabilerei eta kontsumoei buruz eman zuten informazioa guztiz bat zetorren metodologia zorrotzagoa duten azterlanen datuekin, hots:
aldaketei dagokienez, gehienei iruditzen zaie ez dagoela alde esanguratsurik alkohol eta tabako kontsumoari dagokionez neska-mutilen artean, eta cannabisa, gehienbat, mutilek kontsumitzen dutela.
Droga-menpekotasunaren prebentzioa hobetzeko proposamenei dagokienez, honako hau iradoki dute:
aldatzea, beste dibertsio-modu bat aurkitzea eta ondo pasatzeko edatea eta erretzea ez den beste moduren bat bilatzea.
— 2011ko maiatzaren 13ko bilera
Urteko bigarren bileran, 2010/2011 ikasturteko azkenekoan, bi kontu jorratu genituen. Lehenik eta behin, gizarte-sareen erabilera arduratsu eta ziurrari buruzko material didaktiko bat, Arartekoari argitaratzeko eta zabaltzeko proposatu ziotena, interes, erabilgarritasun, formatu eta egokitasun aldetik baloratu genuen. Ondoren, bileraren muinari heldu genion: Kontseiluaren jardunaren ebaluazioa, lehenengo esperientzia-urtearen ostean. Gogoeta egin eta Arartekoari kontseiluaren etorkizunaren inguruko erabakiak hartzen laguntzeko ekarpenak egin ahal izan zitzaten, aurrez galdesorta bat bidali zitzaien kontseilariei, eta hainbat elementu balora zitzaten eskatu zitzaien.
Bileran sortutako eztabaidan, denak ados azaldu ziren kontseiluaren tamainari zegokionez (12 neska eta mutil), ikuspegi aniztasunaren eta funtzionatzeko konplexutasunaren artean oreka onargarria gordetzen duen neurrian.
Sexuen eta lurralde-proportzionaltasunaren arteko orekari dagokionez, denek nabarmendu zuten beharrezkoa dela mutilen eta nesken ordezkaritza parekidea izatea. Ez zuten hain ezinbestekotzat jo lurralde historiko bakoitzeko biztanleriari dagokionez proportzioa gordetzea (Bizkaiko 6, Gipuzkoako 4 eta Arabako 2), baina ez zioten gaizki iritzi ere. Beste alda
gai bat gaineratu zuten: hiriguneen eta landaguneei zegokienez ikuspegi askotarikoak biltzea komeni zela.
Adin-tartea handitzeko aukerari buruz, adierazi zuten horrek, teorian behintzat, iritzi-aberastasun handiagoa ekarriko duela. Nolanahi ere, nabarmendu zuten zaila dela 10 urteko eta 17-18 urteko neska-mutilek interesgune bertsuak aurkitzea. Adin-tartea urte bat luzatzearen alde agertu ziren, hots, batxilergoko edo heziketa-zikloko 1. mailara arte; izan ere, urte hori —derrigorrezko hezkuntza uzten den urtea— jauzi kualitatibo interesgarria da kontseiluan egoteko.
Orobat, garrantzizkotzat jo zuten parte hartzen esperientzia pixka bat izatea; beraz, egoki iruditu zitzaien izangaiak dinamika horiek martxan dauzkaten ikastetxeetan bilatzea.
Urtean zehar izandako funtzionamendua ere oso modu positiboan baloratu zuten, bai bileren antolaketari eta garapenari zegokionez, eta bai bilera horietan erabilitako metodologiari zegokionez.
Kontseilua berritzeko mekanismoei dagokienez, gehienak partzialki berritzearen alde agertu ziren; izan ere, haien ustez, hori mesedegarria da batzuek besteengandik ikasteko, jende sartu berriaren aire berriei leku eginda, eta aldi berean, zenbait dinamika eta ohitura finkatzen dira. Kontseiluko kideak partzialki berritzeko irizpidea honako hau izan liteke: dena delako arrazoiengatik beste urte batez jarraitzerik ez duen jendearen berezko mugimendua aprobetxatzea. Edonola ere, iritzi zitzaion Kontseiluan gehienez bi urtez egon beharko litzatekeela. Halaber, egoki iritzi zitzaion beste ikastetxe batzuei parte hartzeko aukera ematea eta ikastetxe bakoitzeko pare bat pertsona hautatzeko irizpideari eustea (lagunduta sentitzeko, kontrastatzeko eta abar).
— 2011ko azaroaren 12ko bilera
2011. urteko azken bilera, esan bezala 2011/2012 ikasturteko lehenengoa, Bilbon egin genuen, eta hori lehenengo kontaktua izan zen zazpi kontseilari berrientzat.
Bilera ohikoa baino luzeagoa izan zen, larunbat goiz osoa erabili baitzen, eta hizketagaia parte-hartzea eta teknologia berriak izan ziren. Arartekoa txosten berezi bat egiten ari da, e-inklusioa eta herritarren parte-hartzea eremu sozial eta publikoan Euskadin IKTen bidez izenekoa. Horretarako, hainbat eremutako pertsonen parte-hartzea bilatzen ari da (gizarte-erakundeak, administrazio publikoa, unibertsitatea eta abar), eta, jakina, nerabeen iritzia ere jasoko du, segur aski testuinguru batzuetan jadanik deitzen dituzten bezala, benetako berezko digitalak baitira.
Hiru ordu eta erdiz, kontseiluko gure neska-mutilek imajinatu, pentsatu eta serio jokatu zuten CTIC Fundazioko taldeak egindako proposamenera; hain zuzen, txostena egiteko lan-saioak dinamizatzen ari da fundazio hori. Proposamen metodologikoa honetan zetzan: hainbat dinamika sortzaile erabiltzea herritarren parte-hartzeari bide emateko eta teknologia berrien gainean gogoeta eta proposamenak egiteko (mapa mentalak egitea eta Lego Serious Play —horren bidez, Legoko piezak erabiliz, ideiak sortu eta askotariko pentsamenduak eraiki daitezke—). Eskatu zitzaien ez ziezaiotela soilik orainari begiratu, baizik eta, batez ere, imajinatu, amestu zezatela etorkizunean nola parte hartu nahiko luketen eremu sozial eta publikoan eta hor zer eginkizun izango duten teknologia berriek.
Zalantzarik gabe, urteko bilera guztien artetik saio horretan ikusi zen, modu agerikoenean, gure neska-mutilek erabateko protagonismoa zutela eta errespetuz eta emozioz entzun zituztela bileran parte hartzeko pribilegioa izan zuten Arartekoko pertsonak. Zinez aberasgarria izan zen entzutea nola imajinatzen duten etorkizuneko gure gizartea: IKTak pertsonen zerbitzura egongo diren beste tresna bat gehiago izango dira, eta, hala diren aldetik, emango diegun erabileran egongo da aldea, zertarako erabiliko ditugun. Konfiantzarekin hartzen dituzte, mundu hobeago batekin egiten dute amets ("munduak denontzako etxea izan behar du, denok egon behar dugu bertan gustura, berdinago"), baina ez dira xaloak eta inozoak dauden arriskuei dagokienez.
Uste dute informazio gehiago eskuratzeko aukera emango digutela, eta horrek bide emango digula gure iritzia hobeto oinarritzeko; maite ditugun pertsonekiko komunikazioa erraztuko digutela, distantzia traba izan gabe; eredu edo modu berriak ekarriko dizkigutela lan egiteko, gestioak egiteko, eguneroko zereginak erosoago egiteko; kontsumitzaileak enpresa ekoizleetara gerturatuko dituztela eta herritarrak ekintza politiko eta legegilera; ingurumena gehiago zaintzen lagunduko digutela... Baina horrek guztiak ezingo dio, ez dio kendu behar baliorik aurrez aurreko eta hurbileko harremanen beroari: "orduan ere joango gara lagunen etxera afaltzera", "urrun dauden pertsonak hurbilduko dizkigu, baina ezin zaizkigu ahaztu hurbil daudenak"...
Jabetzen dira IKTak gehiegi edo zitalki erabiltzen badira arazoak sor daitezkeela, eta balioa ematen diote mundu birtual hori ere pribatutasuna, errespetua eta abar zainduko dituzten arau adostu batzuen arabera erabiltzeari ("denok zaindu behar dugu jartzen duguna"). Baina hori badakite eta ez da hori gehien kezkatzen dituen kontua. Goragokoa da haien ikuspegia.
Beldur dira IKTak ez ote diren izango gizartea bananduko duen beste elementu (eta indartsu) bat: "...gizateria bananduko duena: munduaren zati batean, teknologia aurreratua izango da; bestean, teknologiaren premia; batzuek nahi dutena izango dute, eta beste batzuek borroka egin beharko dute nahi dutena lortzeko"; "punta-puntako teknologia oso garestia da oraindik ere; beraz, aberatsenek baizik ez dute lortuko"; "Internetek hobetzeko modua eman dio sarbidea duenari, baina pertsona batzuek ez dute sarbiderik eta horrek eskubideak galtzea dakar eta desberdintasuna sortzen du".
Bileraren azken zatia Eusko Jaurlaritza egiten ari den Haur eta Nerabeen I. Plana aurkezteko erabili zen. Hain zuzen, plan hori egiteko kontseilarien laguntza eskatu zuten. Neska-mutil guztiei galdesorta bat banatu zitzaien, eta laguntza eskatu zitzaien galdesorta beste kide batzuei helaraz ziezaien eta parte hartzera anima zitzaten.