2010eko ap
irilaren 10ean, EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan txosten berezia aurkeztu genion Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, eta geroago, 2010eko ekainaren 23an, euskal ganberako Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari aurkeztu zitzaion.
Txostenean, erakundeek nerabeen kontsumoaren errealitate horri nola erantzuten dioten aztertzen da, horri buruz azken urteetan gure erkidegoan egin diren azterlan ugarietako datuak abiapuntutzat hartuz.
Bertan, argiro nabarmentzen dira behintzat hobetzeko beharra duten bi arlo handi:
- 1. Esparru horretan lan egiten duten instantzia guztien arteko koordinazioa.
- 2. Prebentzio selektiboaren garapen handiagoa, berariaz arrisku edo zaurgarritasun bereziko egoeretan dauden nerabeen sektore jakin batzuentzat.
Txosten bereziaren jarraipena egiten hasteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari alderdi hauen gaineko informazioa eskatu genion:
- • Berriki onartutako EAEko 2011-2015 aldirako Drogen Mendekotasunari buruzko VI. Planari dagokionez (Gobernu Kontseiluaren 2011-12-13ko erabakia), txosten berezian jasotako 21 gomendioetako zein sartu diren planean, zenbaterainoko estaldurarekin edo indarrarekin sartu diren eta zein neurri eta/edo jarduketaren bidez zehaztu diren.
- • Txostenean hobetu beharrekotzat jo ziren bi arlo handiei dagokienez, alderdi hauei buruzko informazioa eskatu genion:
– Hitzarmenak, protokoloak, organoak eta erakunde arteko edo gizarte-sareekiko koordinazioa hobetzeko garrantzizkotzat jotzen zituen beste edozein jarduketa, 2010eko urtarriletik gaur egunera arte egindakoak.
– Zenbat gastu bideratu den 2010. eta 2011. urteetan prebentzio selektibora, hala programa eta zerbitzuen zuzeneko kontratazio bidez, nola gizarte-ekimenekin loturiko hirugarren sektorearen jarduerak sustatuz, euskarri ekonomiko publiko hori duten proiektuak identifikatuta.
Txosten hau amaitu genuen egunean artean ez genuen informazio hori jaso izanaren berririk.