1.3. Arau- eta eskumen-esparrua
Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonatzat, nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin batera hain zuzen.
1990. urtean Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa (HEK) berretsi zuen, 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen (NBE) batzarrak hartu zuena. HEK modu unibertsalean onartu den haurren eskubideen katalogoa da; aldi berean, estatuek errespetatzeko, bermatzeko eta betearazteko dauzkaten betebeharrak ezartzen dituena.
Konbentzioak, lehenengo bi artikuluetan haurren arloan erakundeen ekintza guztiak bideratu behar dituzten funtsezko bi printzipioak ezarri zituen: bereizkeriarik ezaren printzipioa eta adingabearen interes gorena.
6. artikulutik aurrera hiru eskubide talde handiak zerrendatu dira, HBP letren bitartez adierazi daitezkeenak: Hornidura, hau da, zenbait baliabide eta zerbitzu edukitzeko, jasotzeko edo eskuratzeko aukera edukitzeko eskubidea, haurren eta helduen artean baliabideak banatzea; babesa, hau da, gurasoen eta profesionalen zainketak jasotzeko eskubidea eta ekintza eta praktika neurrigabeak jasan behar ez izatea; eta parte hartzea, hau da, gauzak egiteko eskubidea, nor bere burua aditzera emateko eta banaka zein kolektibo batean ahotsa edukitzeko eskubidea.
Horrez gain, beste bi premisa hauek kontuan hartu behar dira: eskubideen zatiezintasuna eta euren arteko lotura eta haur guztien ongizatea zaintzeari dagokionez gurasoen, familia ingurunearen, erakundeen eta gizartearen ardura partekatua.
Nazioartean, lehen haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko marko unibertsala den Nazio Batuen Hitzarmena aipatu da, baina komeni da jakitea badaudela Espainiak berretsi dituen adingabeei eragiten dieten gai sektorialei buruzko zenbait nazioarteko itun –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazio Batuak, Nazioarteko Lan Erakundea, Europako Kontseilua, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren Konferentzia: Haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar. Gainera, Espainiako Estatuak gai horri dagozkion nazioarteko foroekiko duen lotura eta konpromisoaren adierazle gisa azpimarratu behar da Nazio Batuen Haurrei buruzko Biltzar Berezian (2002ko maiatzean egin zen) parte hartu zuela eta "Un mundo apropiado para los Niños y Niñas" izeneko dokumentuan jasotako Adierazpena eta Ekintza-plana onartu zituela.
Europar Batasunaren markoan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena.
Halaber, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia) ere aipatzekoa da. Gutun horrek, adingabeei dagokienez, adingabeen entzunak izateko eskubidea, adingabearen interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea ospetsu egiten ditu. Garapenean, 2006. urtean, Europako Batzordeak oinarri bat ezarri zuen haurren eskubideak euren barruko zein kanpoko politiketan sustatzeko eta babesteko «Haurren Eskubideen gaineko Europar Batasuneko Estrategiarantz» izeneko jakinarazpenean. Bertan, EBko erakundeek haurren eskubideei lotutako arazoei aurre egiteko duten ahalmena indartzeko egiturak ezarri ziren eta interesdunekiko elkarrekintza arintzeko xedearekin gertakarietan oinarritutako politiken oinarriak finkatu ziren.
2011n batzorde horrek erabaki zuen eskubide horiei bultzada berri bat emateko unea heldu zela eta helburu politikoak neurrien bidez islatzeko garaia zela. Horretarako, jakinarazpen bat bidali zuen Europako Legebiltzarrera, Kontseilura, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordera eta Eskualdeetako Lantaldeari eta Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agendaren alde egin zuen. Agendak EBko erakunde guztien eta kide diren estatu guztien konpromiso irmoa berretsi behar du, EBko politika guztietan haurren eskubideak sustatzeko, babesteko eta errespetatzeko eta hori guztia emaitza zehatzetan islatzeko. Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agendak gutunak eta HEK-k haurren eskubideen inguruan egindako xedapenak errespetatzeari dagokionez EBko ekintzaren eredugarritasuna bermatu behar duten printzipio orokorrak azaldu ditu. Horrez gain, hainbat eremutako zenbait neurri zehatz ditu hizpide, eremu horietan EBk benetako balio gehigarria ekar dezake-eta, hala nola, haurrentzako justizia, egoera zaurgarrietan dauden umeak babestuz eta Europar Batasunaren barruan zein kanpoan haurrengan eragina daukan indarkeriaren kontra borrokatuz.
Edonola ere, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipioak , goian azaldu direnak, jada Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoaren zati dira, Adingabearen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan sartu ziren heinean (lege horren bidez partzialki alda
tu ziren Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea. Lege hori botere publiko guztiak, berariaz haurrekin lotutako erakundeak, gurasoak eta senideak, eta biztanleria oro har lotzen dituen babeserako marko juridikoa da estatu-mailan. Lege horretan jasotzen dira nazioarteko araudiaren legearen eta haurren eskubideen aplikazio-esparrua, eta bereziki aipatzen da Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena. Herri-administrazioen jardunaren printzipio gidariak ezartzen dira, eta haurraren babes gabeko egoeretan zer egin zehazten da, bai eta haurrak babesteko erakundeak ere.
2011. urtean lege hori onartu zenetik adingabeen babesaren gaineko legeria eguneratzeko prozesu bat hasi da eta, jendaurrean aurkeztu zen aurreproiektuarekin bat eginez (Haurrak babesteari buruzko legeria eguneratzeko lege organikoaren aurreproiektua), aipatutako 1/1996 Lege Organikoan eta Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean zenbait alda
keta egiteko proposamena egin du. Proposatutako alda
keten helburua, batez ere, hobekuntzak egitea eta babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako arretan eskubideak bermatzea da, hortaz, horiei buruz II. kapituluan hitz egingo dugu, babesgabetasun egoeran dauden haurren arazoa jorratzen duen kapitulua baita. Baieztapen horren salbuespena da adingabearen interes gorena interpretatzeko eta aplikatzeko aintzat hartu behar diren gutxieneko irizpideak ezartzen dituen artikulua; izan ere, aurreproiektuaren zioen azalpenean adierazi den moduan, aplikatuko den banakako kasu bakoitzean mugatu eta zehaztu behar den kontzeptu juridiko zehaztugabea da. Horrek guztiak, esperientziak frogatu duen bezala, beti erraza ez den balorazioa eta erabakia eragiten ditu.
Espainiako Estatuaren lurralde- eta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, "Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera" izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.
Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmendu ditugu dokumentu honen I. eranskinean.