I) Arau- eta gizarte-testuingurua
Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2011. urtean zehar garatu duen jarduera erakundearen ardatz estrategiko nagusiei jarraiki bideratu da, bai eta 2010-2014 denboraldirako bulegorako marraztu diren jarduketa ildoak kontuan hartuta ere. Plangintza estrategikoaren aukera horiek gizarte- eta arau-testuinguru jakin batean gertatzen dira. Plangintza erantzunak ematen saiatzen da baina testuinguruak egiteko modu zehatza mugatu eta baldintzatu egiten du. Hori dela eta, adingabeen esparruan egindakoa xehetasunez azaltzen hasi baino lehen, hurrengo orrialdeetan, Haur eta Nerabeen Bulegoaren lan-apustu nagusiak gogora ekarriko ditugu. Halaber, gure ustez, haurren eta nerabeen egoerari lotuta esanguratsuak diren datu nagusiak aipatu eta jarduketaren arau-testuingurua osatzen duten legeak, dekretuak eta erregelamenduak aurkeztuko ditugu.
1.1. 2010-2014 Jarduera-esparrua
Haur eta Nerabeen Bulegoaren 2010-2014 jarduketa-esparruan, iazko urteko txostenean aurkeztu zen horretan, esku-hartze ildo nagusiak nolabaiteko zehaztasunez azaltzen ziren. Hala, erakundearen gainontzeko eremuetan bezala, bulegoak adingabeek aurkezten dituzten edo eurengan eragina duten kexak eta eskaerak jaso eta aztertzen ditu. Kexak eta eskaerak modu zuzenean edo legezko ordezkarien bitartez aurkeztu ditzakete. Lan hori modu batean norbaitek (pertsona batek, kolektibo batek) edo zerbaitek (komunikabideen bitartez edo beste bideren bitartez ezagutu den eskubideen urraketa posible bat) aurkezten digunaren aurrean "erreakzionatzean" datza eta lan-ildo proaktiboagoen bidez osatzen da. Azken horien artean jarduera hauek daude: sarean, modu kolektiboan eta lankidetza erabiliz egindako lana sustatzera eta haurren eskubidearen kultura zabaltzera zuzendutako jarduerak, bereziki, adingabeen parte hartzea eta euren ahotsa entzunarazteko aukera bultzatzen dituztenak.
Ararteko erakundeak gain hartu duen "matrize-eredua" dela-eta, eremu materialetan espezializatutako sektore-arloak zeharkako begiradek osatzen dituzte, kasu honetan, haurren eta nerabeen eskubideenak. Horren xedea elkar aberastea eta lan koherente eta sinergikoa lortzea da. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa berezko langileen hornidura txikiarekin egituratu da, haurrei eta nerabeei maiztasun handiarekin eragiten dieten gaien arloko aholkularien laguntzarekin batera. Horiek guztiak, arartekoak, arartekoaren ondokoak, gizarte harreman, ikerketa eta modernizazioko zuzendariak eta idazkari nagusiak Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Aholkularien Kontseilua osatzen dute eta jarduketa-esparru orokor hori abiapuntutzat hartuta, urtero egiten diren lanerako planen definizioan eta konpromisoan eginkizun nabarmena daukate.
2011ko Jarduketa Planak, esku artean dugun denboraldirako, lehen aipatu ditugun lan-ildoak zehaztu ditu. Plan hori gure bidai orria da eta horri esker adierazitako bidean zehar aurrera egin dezakegu ahaleginak batuz eta gure helburuak ahalik eta modu eraginkorrenean lortzeko beharrezkoak diren sinergiak sortuz. Ondorengo kapituluetan aipatuko diren jarduerak plan horren emaitza dira:
1.2. EAEko adingabeen egoeraren adierazle nagusiak
Atal honen helburua EA
Eko haurren eta nerabeen egoerari buruzko ikuspuntu orokor bat ematea da, ahalik eta daturik eguneratuenen bidez (bigarren mailako iturrietatik hartuak) eta, zenbaitetan, datu horien bilakaera historikoari arreta jarriz.
Iaz adierazi genuen hainbat eragilek, sozialek zein instituzionalek, egiaztatu zutela haurren eremuan behar bat zegoela: haurren eta nerabeen errealitateari buruzko informazio sistema bat edukitzea, parametroekin, irizpideekin eta partekatutako adierazleekin. Modu horretan, gai edo errealitate zehatzen inguruan gabeziak dituen informazio zabalari eta estatistikako eragiketen arteko desagregazio desegokiaren edo bat egiten ez duen desagregazioaren ondoriozko datuen erabilera eskasari konponbidea emango zaie, horrek guztiak datuen alderaketa zailtzen eta datuen bilketa eta sistematizazio eskasa eragiten baitu. Esan dezakegu 2011n bide horretan modu nabarmenean aurrera egin dela Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Haur eta Nerabeen Behatokiak egin duen EAEn haur eta nerabeen errealitatearen jarraipena egiteko adierazleen sistema. Sistema horrekin ados egon daiteke edo ez, haren konfigurazio zehatzari dagokionez, baina eztabaidaezina da aztertu den errealitatearen argazkiak eskaintzen dizkigula, beti elementu berdinez osatutakoak, osoak eta denboran errepikagarriak direnak. Horri esker, haurren ongizatearen jarraipena egin dezakegu eta egindako aurrerapenak ebaluatu ditzakegu haurren eta nerabeen arloko politikak hobetzeko modu gisa.
Edonola ere, gure asmoa ez da datu multzo horren bitartez EA
En haurrek eta nerabeek bizi duten egoerari buruzko ikuspegi zehatza eskaintzea, baizik eta agiri honetan behin eta berriro aipatuko dugun kolektiboaren gutxieneko karakterizazio bat egiteko aukera ematen diguten zenbait datu azpimarratzea. Horretarako, gaurkotasuna kontuan hartuta, lehen aipatu dugun behatokiak egin duen EAEko haur eta nerabeei buruzko diagnostikoan jasotako informazioa laburbildu dugu eta 2011ko udazkenean Osasun eta Gizarte Politika Saileko Haurren Behatokiak argitaratu zuen Haurrak zifretan 2009 ikerketan jasotako zenbait daturekin osatu dugu.
1.2.1. Egitura demografikoa
2010ean Euskal Autonomia Erkidegoan 18 urte baino gutxiagoko 339.048 neska-mutil zeuden, sexuagatiko banaketa nahiko orekatuarekin (% 48,6 neskak eta % 51,4 mutilak). Termino absolutuetan adingabeen kopurua orain dela hamarkada batekoa baino handiagoa izan arren, populazioaren osotasunaren gainean daukan pisuak ia bi portzentaje-puntu behera egin du. Gaur egun populazio osoaren % 15,6 irudikatzen du, hau da, estatu espainoleko adingabeen portzentajea baino zertxobait txikiagoa da (% 17,5). Dena den, gure arreta eboluzioaren dinamikan kontzentratuz gero, antzeman daiteke orain dela gutxi arte populazioan 18 urte baino gutxiagoko pertsonen mailaz-mailako murrizketak eta, momentuz, berria den haren pisuaren egonkortasun murritzak azken urteotan, Europan antzeman daitekeen dinamikaren antza daukala.
Adingabe atzerritarren populazioa neska-mutil horien % 7,4 osatzen dute. Horrek esan nahi du azken urteetan gora egin duela (% 5,5 2007. urtean). Hala eta guztiz ere, EA
E bost puntutara dago, estatu espainolean erregistratutako adingabe atzerritarren populazioaren % 12tik behera.
Epe motzean Estatistikako Institutu Nazionalak egin dituen populazio-proiekzioek aditzera eman dute 2018. urtean 18 urte baino gutxiagokoen populazioa egonkortuko dela eta apur bat suspertuko dela. Aurreikuspenak betez gero, aldea puntu batekoa besterik ez da izango, beraz, ematen du populazio horren baliabideak eta egitura ez direla asko aldatuko.
18 urte baino gutxiagoko populazioaren pisu txikiak emankortasun tasa txikiekin zerikusia dauka (EAEn 1,33 seme-alaba emakume bakoitzeko); izan ere, azken urteetan zertxobait suspertu den arren, "ordezkapen indizea" izenekora heldu arte puntu erdi baino gehiagoko aldea dago. Emankortasun txiki horrek amatasunaren egutegiarekin zerikusi argia dauka. 2008. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan batez besteko adinik berantiarrena 32 urtetik gora kokatu zen. Fenomeno hori ohikoa da estatu espainolean (bataz besteko adina 30 urtetatik gora dago) eta ez da oso desberdina Europa mailan.
1.2.2. Elkarrekin bizitzeko moduak: familia anitzak
2008. urtean EA
Eko familia guztien % 16k, familia-eredu desberdinak kontuan hartuta, kideen artean 16 urte baino gazteagoak diren pertsonak dituzte (127.895 etxe). Bestalde, 18 urte baino gutxiago dituzten pertsonen % 99 familiarekin bizi da eta, kontsultatutako ikerketa kualitatiboen emaitzekin bat eginez, gehienak pozik daude euren familiarekin daukaten harremanarekin, segurtasuna eta konfiantza ematen duen esparrutzat jotzen baitute. Familiak haurren garapenean eta haurrek gizartean duten parte hartzearen elementu zentrala izaten jarraitzen du, balioen igorpenean gizarteko beste eragile batzuen alde garrantzia galdu duen arren.
Ikerketa horien arabera, familiaren balorazio altua mantendu bada, batez ere, demostratu duen egokitzeko gaitasunagatik da eta, beste faktore batzuen artean, barruko jokabideen malgutasunagatik eta askatasun, barruko demokrazia eta seme-alaben arteko berdintasun maila hazi delako. Hala eta guztiz ere, mailaz maila familia tipiko tradizionalarekiko lotura apurtzen ari garen arren, hau da, gizona eta emakumearen, aita-amen eta seme-alaben hierarkia zurruna eta gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat polarizatutako eginkizunak ezaugarri dituena, emakumeek etxeko esparruaren antolakuntzan erreferentzia izaten jarraitzen dute eta familia testuinguruak genero bereizketa indartzen du, familiaren egituraren barruan, jarduera desberdinak esleituz emakumeei eta gizonei. Beraz, sexuagatiko tipifikazio prozesuaren kate-maila nagusia da.
Bestalde, familiaren malgutzearen eta demokratizazioaren ondorioz, hazkuntzaren inguruan zenbait zailtasun sortu dira mugak eta arauak ezartzeari lotuta. Familiaren antolakuntzaren barruan haurrek eta nerabeek lortu dituzten botere-kotek (galdetu egiten zaie eta erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen dute) eta gurasoek nagusikeriazko eredutik aldentzeko egiten dituzten saiakerek zailtasunak eragin dituzte gertuko familia harremanen eta arauak eta mugak ezartzearen arteko oreka aurkitzeko (agintea galtzea).
Amaitzeko, orain arte aipatu dugun EA
En burutu den diagnosiak agerian jarri du irakasleek eta gurasoek partekatzen duten iritzi bat haurrei eta nerabeei igortzen ari zaien eredu protekzionistaren ingurukoa; izan ere, gehiegizko babesa ematen zaie eta haurren eta nerabeen beharrak berehala asebetetzearekin eta edozein motatako sufrimendu saihesteko nahiarekin lotzen da. Horrek guztiak, kolektiboa nolabait infantilizatu egiten du. Egoera horrek euren autonomia, gaitasunak, ahaleginaren kultura eta gainditzeko estrategiak murrizten ditu eta hori frustrazioaren aurrean daukaten tolerantzia urriaren azalpena izan daiteke.
1.2.3. Osasuna
Osasunaren arloan erabilgarri dauden adierazle gehienek osasunik ezaren espresiorik larrienari egiten diote erreferentzia: heriotza. Erikortasunari buruzko zenbait datu daude baina horiek baliatuz ezin da fenomenoaren dimentsioaren eta ezaugarrien ikuspegi osoa eduki. Edonola ere, argi dago euskal gizartea osasun eredu moderno baten barruan dagoela eta arazorik larrienak erikortasunari lotuta daudela, ez horrenbeste heriotzari lotuta. Zorionez, heriotza-tasa benetan baxua da, batez ere, gazteenen artean.
Esan dugun moduan, EA
Eko haurrek osasun egoera bikaina daukate, azken urteetan hobetu egin dena. Horren adierazle bat haurren heriotza-tasa da, Europako tasaren (% 4,7) eta Espainiako tasaren (% 3,31) azpian dagoena: bizirik jaiotzen diren 1.000 pertsona bakoitzeko, 2,91 hiltzen dira urte bat bete aurretik.
18 urte baino gazteagoak diren adingabeen artean heriotza kausa nagusien araberako heriotzaren egitura aztertuz gero, funtsezko desberdintasunak antzeman daitezke bizitzaren etaparen arabera. 0 urtetan heriotzen % 80,8k ziklo perinataleko gaixotasunekin eta jaiotzetiko malformazioekin zerikusia dauka, urte bat pasa eta gero kanpoko heriotza kausek garrantzia bereganatzen dute (istripuak eta traumatismoak) eta heriotzen erdia baino gehiago eragiten dituzte (% 55,9 15-17 urteko tartean).
Neurri handi batean, erikortasunaren ezaugarriek heriotza-tasan antzemandako joera baieztatzen dute. Dena den, aintzat hartu behar da arnas sistemaren eta digestio-aparatuaren gaixotasunek garrantzia bereganatu dutela haurren osasun arazo askoren eragile gisa.
Ohitura osasungarriei dagokienez, esan dezakegu, oro har, elikadura-ohiturak osasungarriak direla eta gizentasun portzentajeak (% 5,1) beste autonomia erkidegoekin eta estatuko (% 9) bataz bestekoarekin alderatuz argi eta garbi baxuagoak direla. Kirola eta ariketa fisikoaren harira, 1-15 urte bitarteko euskal populazioak ez du inolako ariketa fisikorik egiten aisialdian. Errealitate hori nabarmenagoa da nesken artean eta gorantz doa nerabezaroan sartu ahala.
Eusko Jaurlaritzak substantzia psikoaktiboen kontsumoaren inguruan urtero jasotzen dituen datuei jarraiki, alkohola, tabakoa eta legezkoak ez diren beste substantzia batzuen kontsumoa nerabeen artean zabaldu den errealitate bat da. Alkohola eskuragarrien dagoen substantzia izateaz gain, gehien kontsumitzen dena da (11-17 urte bitarteko euskal populazioaren % 20k alkohola kontsumitzen du astero eta portzentajea handituz doa adina handitu ahala; 17 eta 18 urte dituztenen artean, % 52k kontsumitzen du). Horrez gain, oro har uste dute alkohola ez dela gainontzeko substantziak bezain kaltegarria. 11-17 urte bitarteko nesken % 12,3k eta mutilen % 6,4k egunero erretzen du, nerabeen % 60k tabakoa larria edo oso larria dela uste duen arren. Azkenik, % 71k uste du cannabisa kontsumitzea larria edo oso larria dela eta portzentajea handitu egin da azken urteetan, beraz, ematen du gaur egungo nerabeek ezagutzen dituztela horrek dakartzan arriskuak.
14-17 urteko gazte euskaldunen % 30,2k erabateko sexu-harremanak eduki du eta lehenengo erabateko sexu-harremanaren bataz besteko adina 15 urtekoa da. Ematen du, oro har, nerabeek antisorgailuak ezagutzen dituztela, batez ere, preserbatiboa. Hala ere, ikerketaren arabera ohikoena da haurdunaldia saihesteko erabiltzea eta ez horrenbeste sexu-transmisiozko gaixotasunen aurrean babesteko; izan ere, normalean horien eragina ez daukate gogoan. Sexu harremanak eduki dituzten euskal gazteen % 92k segurua den antisorgailua erabili du; hala ere, ezin dugu ahaztu EA
Eko 14-17 urte bitarteko gazteen % 2,4 haurdun egon dela edo norbait haurdun utzi duela.