Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak Konstituzioaren 14. artikuluan du oinarria; izan ere, pertsona guztiak berdinak direlako printzipioa ezartzen du, eta bereizkeria debekatzen. Era berean, eta eremu horretan egiten duen lanaren bidez, Yogyakartako printzipioetan ezarritakoa bete eta errespetatu behar dela babesten du Arartekoak; bai eta lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideen alde lan egiten duten Europako eta nazioarteko erakundeen erabakiak, jarraibideak eta aholkuak errespetatu behar direla ere. Giza eskubideei buruzko nazioarteko legedia ezartzearen ingurukoak dira aipatu Yogyakartako printzipioak, sexu-joerari eta genero-identitateari dagokienez. Sexu-joera edo genero-identitatea ezin da diskriminatzeko arrazoi bihurtu, eta euskal botere publikoei dagokie pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eragozten duten oztopoak kentzeko betebeharra.
Giza duintasunaren defentsan eta pertsona guztiek sexu-joera eta genero-identitate librea edukitzeko giza eskubidea dutelako defentsan dago oinarrituta eremu honetan egiten dugun lana. Horrekin, LGBTI pertsonek eskubide guztiak berdintasunez eta guztiz erabiltzen dituztela ziurtatu nahi du Arartekoak. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioek beharrezkoak diren neurriak eta jarduerak garatzea bultzatu nahi dugu, pertsona horiek baztertzeko edozein kausa kentzearren eta haien eskubideak berdintasun osoz gauzatzea lortzearren. Gai horrekin zerikusia duten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu, euskal administrazioetan, talde horren eskubideak erabat integratzearekin loturiko funtzionamendua hobetu eta hobekuntzak bultzatu eta sustatzeko. Hiru xede hauei begira daude gure jarduerak:
• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
• Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura
zabaltzea.
• Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI pertsonen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
1. Kexarik aipagarrienak
Genero-identitate edo -adierazpen anitza duten haurrei ematen zaien osasun-arreta
Osakidetzako Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateko jarduera zalantzan jartzen zuen kexari dagokionez, legez neska erregistratuta zegoen baina mutil bizi eta sentitzen zen adingabe bati emandako arreta ezegokiari buruzkoa hori, Arartekoak gomendio bat igorri du 2016an,Arartekoaren 2016ko otsailaren 12ko Ebazpena, Osakidetzari zuzendutakoa. Gomendio horren helburua zen elkarrizketa-bide irekiak ezar ditzala Osakidetzak, eta zabal-zabal erantzun diezaiela genero-identitate anitza duten haurren familiek osasun-zerbitzuen ikuspegiaren inguruan dituzten kezkei eta egiten dituzten informazio-eskaerei. Bestalde, gomendioaren xede ere bazen Osakidetzak kontuan har ditzala zenbait printzipio edo jarduera-ildo bai transexualei ematen zaien arretan, bai euskal legeriak arlo honetan aurreikusi duen gida klinikoan.
Arartekoak egindako ikerketaren emaitzari dagokionez, eta Osakidetzak adierazitako gogoetak ere aintzat hartuz, erakunde honek ondorioztatu ahal izan du erronka zientifiko, sozial eta gizatiar berriak dituen jarduera-eremu baten aurrean gaudela, eta pertsona horiek eta bereziki haurrek eskatzen duten arretan inplikatuta dauden zerbitzu publiko guztiei -baita osasun-zerbitzuei ere- eragiten diela.
Gauzak horrela, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari zuzendutako gomendio horrekin, aipatu pertsonei arreta emateari bideratutako jarduera publikoak hobeto orientatzen lagundu dezaketen eta nazioartean aitortuta dauden printzipio batzuk gogorarazi nahi izan ditu Arartekoak. Horien artean, printzipio hauek nabarmentzen ditugu: transexualitatea despatologizatzeko printzipioa, sentitutako sexua errespetatzeko printzipioa, ezagutza zientifikoari eta praktikoari irekitzea, bai eta arlo honetan eskarmentu aitortua duten beste instantzia batzuen doktrina-korronte ezberdinei irekitzea ere, eta informazio zabala jasotzeko eskubidea, zerbitzuaren erabiltzaileak modu aktibo eta informatuan hartu ahal izan dezan parte bere osasunari eragiten dioten erabakietan.
Haurrei dagokienez, era berean azpimarratu nahi izan da haur horiek adierazitako eskaerak entzutea eta egoki bideratzea eskatzen duela adingabeen interes gorenak, eta profesional adituen laguntza bermatu behar dela horien banakako ibilbidean, hori edozein izanik ere, eta, horretarako, zerbitzu publikoen esparruan sartu behar direla psikologiako profesionalak. Bestalde, haurtzaroak eta nerabezaroak berezkoa duten eboluzio-izaera dela-eta, pertsonen nortasuna osatzean etapa batzuen garrantziari arreta emanez gainera, egokitzat jotzen dugu osasun zerbitzuek eremu honetan egiten dituzten jardunetan gizarte ikuspuntua barne hartzea eta tentuz ibiltzea, diagnostiko azkarrak edota itxiak egitea ekidinez, kategoria geldi edo finkoen arabera, atzera bueltarik gabeko prozesuetara azkarregi jo dezaketenak.
Azkenik, Arartekoak Osakidetzari adierazi dio gai honen inguruan dauden askotariko ikuspegi sozial, zientifiko eta doktrinalak sartu behar direla legez aurreikusi den gida klinikoan, transexualen arretan orientatzeko balio behar diela horrek osasun-zerbitzuei, eta ezagutzaren azken-mailara eta ebidentzia zientifikora igo behar dela arreta, horretarako, beharrezkoa balitz, nazioarteko eremuko pertsona eta erakunde adituen irizpideetara joz.
Lesbiana-bikoteen seme edo alabaren seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeko arazo legalak
2016an, aurreko urteetan bezalaxe, gai honen inguruan jarraitu dugu, eta zenbait kexa jaso ditugu seme edo alabaren ama ez biologikoaren aldeko seme-alabatasuna erregistratzeko orduan lesbianen bikoteek izaten dituzten zailtasunak aipatuz. Arrazoi horren harira, hainbat arazo juridiko sortzen dira, eta guztiek eragiten diote estatuan arlo honen inguruan dagoen legediaren ezarpenari, laguntza bidezko ugalketa-teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen ezarpenari batez ere. Ondorioz, zailtasunak agertzen dira bi emakumek osatutako familietan jaiotako haurrak erregistroan inskribatzeko orduan.
Legeak mugak ezartzen dizkigun arren –gure zeregin instituzionaletatik kanpo geratzen baita botere judiziala kontrolatzea, bai eta Gorte Orokorrek emandako legeak aldatzeko proposatzea ere–, Ararteko erakundeak, bere eskumenen neurrian, zenbait jardueraren bidez jorratu du dagoeneko kontu hori. Alde batetik, txosten bat bidali diogu Espainiako Herriaren Defendatzaileari, eta, horren bidez, laguntza bidezko ugalketa-teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen 7.3. artikulua interpretatzeko orduan sortzen den arazoaren berri eman diogu. Zehazki, artikuluaren interpretazioa argitu ahal izateko egoki zeritzon jarduketa has zezala eskatu genion erakunde horri, erregistroko praktika homogeneoa lortzeko eta erregistro zibil guztien jarduerak konstituzioko berdintasun printzipioarekin guztiz bat etortzea bermatzeko. Bestalde, 2010eko abenduan, 4/2010 Gomendio Orokorra ematea erabaki genuen, eta, horren bidez, besteren artean, Eusko Jaurlaritzari eskatu genion eragindako herritarrei eta laguntza bidezko ugalketa-teknikak burutzen dituzten euskal osasun-zentro guztiei lege-anbibalentzia horren berri eman ziezaiela, egoera horretan dauden emakume-bikoteek laguntza bidezko ugalketako tratamendua hasten dutenean, etorkizunean izango dituzten seme-alaben seme-alabatasuna erregistroan inskribatzeari dagokion egoeraren berri izan zezaten.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu alboratu egun indarrean dagoen araudiak –ama bien aldeko seme-alabatasuna onartzeko xedea duenak– egun ezartzen duen erregulazioa: hain zuzen, emakume horiek ezkonduta egon behar dute eta seme-alabek laguntza bidezko ugalketa-teknikak erabiltzearen ondorioz jaioak izan behar dute. Bi baldintza horiek biltzen ez badira, ama biologikoaren bikotekidearen aldeko seme-alabatasuna ezartzea adopzio-prozesuaren bidez baino ezin da egin, ezkontza zibilaren esparruan edo autonomia erkidegoak izatezko bikoteen inguruan duen legediari jarraiki. Prozedura hori, ordea, ez zaie bikote heterosexualei ezartzen, ezkonduta egon edo izatezko bikote izanda ere, automatikoki onartzen baitzaie seme-alabatasuna. Ildo honetan, aipatu behar dugu, estatuko legegilearen aukera denez, Arartekoaren erakundeak ez duela eskumenik estatutu juridiko hori, laguntza bidezko ugalketari buruzko legeak sortu duen hori, zalantzan jartzeko. Hala ere, jakin badakigu araudi horrek pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Beraz, diskriminazioa sor dezaketen desberdintasunak dira. Kontu horren gaineko kexak eta kontsultak jasotzen jarraitu dugu, eta eragindako herritarrentzat konpondu ez den gaia dela adierazten digu horrek. Arrazoi horiengatik guztiengatik, erakunde honek horren berri emango dio, berriro ere, Espainiako Herriaren Defendatzaileari, eta eskura dituen bitarteko guztiak jarriko ditu egungo egoera aldatzea ahalbidetuko duten aldaketak sustatzeko.
Gizarte Segurantzako inprimakiak ez daude sexu bereko bikoteen errealitatera egokituta
2016an, beste kontu batek ere bereganatu du gure arreta: Gizarte Segurantzako inprimaki jakin batzuk ez daude familia homoparentalen errealitatera egokituta. Estatu-eremuko administrazio bati eragiten dion kontua dela aintzat hartuta, Espainiako Herriaren Defendatzaileari bidali diogu, erakunde horrek izapidetu dezan. Bada, gero jakinarazi digu, bere esku-hartzearen ostean, seme edo alaba jaiotzeagatiko prestazioen eskabideetako zenbait alderdi aldatu direla; zehazki, A gurasoa eta B gurasoa jarri da, aitaren eta amaren ordez. Aitzitik, inprimakietan bertan jasotako beste erreferentzia batzuk ez dira aldatu; hala nola, amatasunagatiko prestazioei eta aitatasunagatiko prestazioei egiten zaien aipamena; izan ere, eta Herriaren Defendatzaileak adierazitakoaren arabera,Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreaneta horren garapen-araudian ezartzen dena kopiatuz jaso behar da aipatu izendapena, eta ez aipatu legea, ez horren araudia, ez daude alderdi horretan aldatuta.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
EAEko esparru juridikoa
Azken urteotan, LGBTI pertsonen eskubide zibilak legez parekatu dira gure inguruko herrialdeetan, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari dagokionez, bai transexualen genero-identitatea sentitzen duten sexura legez egokitzeko ahalmenari dagokionez. Hala, gure lurralde-eremu zehatzean, izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea onartu zen lehendabizi; ondoren, Kode Zibilaren erreforma, uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bidez egina, zeinak Kode Zibila aldatzen baitu ezkontzeko eskubideari dagokionez; eta azkenik, martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruzko erregistroko aipamena zuzentzea arautzen duena.
Hori dela eta, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horren helburua da transexualei arreta integrala ematea eta transexualen izaera edo egoera pertsonal edo sozialagatik legedian dauden diskriminazio guztiak gainditzeko bidean aurrera egitea. Azkenik, 2015eko abenduan, abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, transexualen administrazio-dokumentazioari buruzkoa hori. Horren bidez, aipatu 14/2012 Legearen 7. artikulua garatuz, transexualek –nazionalek zein atzerritarrek–, Erregistro Zibilean edo beren jatorrizko herrialdean sexua zuzendu artean, Euskadin erabili ahal izango duten administrazio-dokumentazioa erregulatu da, horrela, modu askean zehaztutako genero-identitatearen araberako tratua jaso dezaten.
Arau-multzo horrekin, eskubideen legezko aitortza-eredu berria ezartzen duen esparru juridikoa eratu da LGBTI kolektiboarentzat. Hala ere, errealitateak erakusten digutenez, oraindik ere ugari dira eremuak, non praktikan urratzen baitira LGBTI pertsonen eskubideak.
Nazioarteko eta Europako esparrua. Europan LGBTIen eskubideak hobetzeko lehentasunezko ekintzak
Europako Batzordeak onartu egin du Europar Batasuneko estatu kide askotan lesbianek, gayek, bisexualek, transexualek eta intersexualek (LGBTI) diskriminazioa eta erasoak jasotzeko arriskua dutela egunero. Homosexualitatearen, transexualitatearen, sexu-joera aniztasunaren eta genero-identitatearen gaineko aurreiritziek, nahasteek eta ezjakintasunak elikatu egiten dituzte komunitate horrenganako jarrera intolerante eta oldarkorrak. Zuzenbide Europarrak pertsona guztientzako tratu-berdintasuna bermatzen du enpleguaren eta prestakuntzaren testuinguruan, sexua edo sexu-joera gorabehera. EBko itunek, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunak eta Enpleguko Berdintasunerako Zuzentarauak ziurtatu egiten dute berdintasunerako eta diskriminazio gabeziarako eskubidea, eta, era berean, diskriminazio mota horri aurre egiteko orduan, EBk jarrera proaktiboa izan dezala eskatzen dute.
Nazioarteko Zuzenbideak ere LGBTI pertsonen eskubideak finkatu ditu, Giza eskubideei, sexu-joerari eta genero-identitateari buruzko Nazio Batuen Ebazpenaren bidez (2011ko ekainekoa da ebazpena). Bestalde, eremu horretan, garrantzitsua da Europako Kontseiluak duen tokia, Ministroen Batzordeak estatu kideei egindako gomendioarekin, sexu-joeragatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzkoa hori.
Alabaina, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren (FRA) hainbat txostenek erakusten jarraitzen dute, hala nola 27 estatu kideetako legediaren konparazio-azterketaren txostenak edo LGTB pertsonek bizitza sozial eta ekonomikoaren eremu ezberdinetan (enplegurako, hezkuntzarako eta osasunerako sarbidean) bizi duten egoeraren konparazio-azterketak, Europako arazo izaten jarraitzen dutela LGBTI pertsonenganako diskriminazioak eta gorroto-delituek. Iaz, txosten honen bidez, aipatu agentziak intersexualei buruz egindako beste txosten baten berri eman genion Eusko Legebiltzarrari. Pertsona horiek gure gizarteetan dituzten zailtasunetan jartzen zuen arreta txosten horrek.
Europako Batzordeakegin duen ekintzen zerrendan (List of actions by the Commission to advance LGBTI equality) sar daiteke eskubide horiek hobetzeko ekintza-esparrua. Europako Batzordeak datozen urteotan buru nahi ditu aipatu ekintzak, eta LGBTI pertsonen egoera hobetzeko orduan lehentasuna duten jardun-esparruen inguruko orientabide izateko balioko dute. Besteak beste, hauek dira jardun-esparru horiek: eskubideak hobetzeko eta horiek babesteko legezko bermeak zabaltzea; dagoeneko aitortuta dauden LGBTI pertsonen eta euren familien eskubideen eraginkortasunaren monitorizazioa eta jarraipena; herritarrengan duten eragina lortzeko neurriak, hala nola, aniztasuna eta bereizkeriarik eza sustatzea; Europa mailan LGBTI pertsonen eskubideen berdintasuna bultzatzeaz eta horretan aurrera egiteaz arduratzen diren funtsezko eragileei laguntzea; tokian tokiko botere publikoek datuak biltzea eta ikerketa-lanak egitea; herrialdearen barruko kontuak, mugakideen artekoak, eta kanpo-ekintza hirugarren herrialdeekin batera. Europar Batasuneko estuetako administrazio ezberdinen esku dago ekintza horien zati handi bat lurralde-mailan abiarazteko erronka. Zalantzarik gabe, ardura hori euskal botere publikoena ere bada. Horretarako, esparru juridikoa eta eskubide horien defentsaren aldeko gizarte-borondatea dute.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan 2016an burutu ditugun jarduketa garrantzitsuenak azalduko ditugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arreta-gune nagusiak LGBTI pertsonen eskubideen defentsaren arloan:
3.1. Bilerak elkarteekin
Bilera Aldarte elkartearekin
LGBTI pertsonei arreta emateko elkarte horretako ordezkariekin elkartu dira Ararteko erakundeko justizia eta LGBTI eskubideen eremuetako arduradunak. Bilera horietan, gai hauei buruz aritu dira: emakume lesbianek beren semeak edo alabak Erregistro Zibilean inskribatzeko orduan dituzten zailtasunak, laguntza bidezko ugalketarako osasun-zerbitzuetan emakume-bikoteei eragiten dieten hesi administratiboak, bai eta, oro har, indarrean dagoen legeditik eratorriko arazoak, lesbiana-bikoteen berdintasun-arloari dagokionean. Ararteko erakundeak kontu horien inguruan egin du lan azken urteotan, eta gai horien gaineko gogoeten berri eman dio aipatu elkarteari. Bestetik, gai horien inguruan lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi dio, eta bere konpromiso argia erakutsi, sexu bereko bikoteen eskubideen erabateko berdintasuna lortzeari begira.
3.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2016. urtean, bilera bat egin da Arartekoaren eta Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzaren artean. Gainera, urtean zehar, harreman jarraitua egon Ararteko erakundeko langile teknikoen eta aipatutako zuzendaritzaren artean. Interes komuneko gai hauek jorratu dira aipatu bileran:
• Arartekoak Rainbow eta Rainbow Has proiektu europarren esparruan egin dituen jardueren ibilbidea, horiek garatu bitartean zuzendaritza horrekiko lankidetza sortu baita. Rainbow mintegia -2014an egin zen, Bilbon- berrargitaratzeko aukera planteatu da, han jorratutako gaiak eguneratze aldera. Mintegian, erakunde eta elkarte askok hartu zuten parte, eta, horretarako, zuzendaritza horren lankidetza eskatu zen. Gainera, etorkizunean laguntzeko prest agertu da hori.
•Berdindu Eskolak taldearenjarraitutasuna eta Ararteko erakundearen parte-hartzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eremu horretan duen protagonismoaren garrantziaz hitz egin da.
• LGBTI pertsonei arreta emateko Berdindu Zerbitzuaren egoera; batez ere, adingabeak eta euren familiak artatzeko moduari dagokionez.
• Transexualen administrazio-dokumentazioari buruzkoabenduaren 22ko 234/2015 Dekretuberriaren ezarpenaren egoera eta garapena.
• Osasun-gida klinikoa,transexualen arretarako 14/2012 Legeanaurreikusitakoa: Gida egiteko zailtasunez hitz egin da, etaArartekoaren 2016ko otsailaren 12ko Ebazpenaeman zaio Eusko Jaurlaritzari. Osakidetzari zuzendutako ebazpena da, eta kontu honekin dauka zerikusia.
• Genero-adierazpen edo -identitate anitza duten edo genero-jokaera ez normatiboak dauzkaten adingabeak (familien eskariak eta osasun-, gizarte- eta hezkuntza-arreta). Gai horri buruzko hausnarketa patxadatsuagoa egiteko beharra jorratu da.
• Administrazioak familia homoparentalei jartzen dizkien hesiak eta lesbianen bikoteek beren semeak edo alabak erregistroan inskribatzeko orduan dituzten arazoak. Arartekoaren 2/2010 Gomendio Orokorra entregatu da, lehen esan dugun moduan, oraindik zati batean konpontzeke dagoen gaia jorratzen baita bertan.
Txosten hau ixtean, Eusko Jaurlaritzako aipatu zuzendaritzari gai horien guztien egoeraren berri emateko asmoa dauka Arartekoak, aurretik ezarritako lankidetza estua berritzeko xedez; izan ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean titularra aldatu du.
3.3. Hainbat forotan, jardunalditan eta zabaltzeko beste jarduera batzuetan parte hartzea
Eskola segurua izeneko esparruan parte hartzea
Arartekoak, Haurren eta Nerabeen bulegoaren bidez eta LGBTIen eskubideen atalaren bidez, “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko espazioan parte hartzen jarraitzen du. Eraketa mistoa (soziala-instituzionala) duen lan-foroa da, Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak eta Berdindu Zerbitzuak babesten dutena. Eskolan, mutikoen, neskatoen eta nerabeen aniztasun sexu-afektiborako eskubideekiko errespetua eta sustapena bultzatzeko xedea dauka talde horrek, eta Arartekoak aldizka hartzen du parte bertan -Haurren eta Nerabeen bulegoaren bidez eta LGBTIen eskubideen atalaren bidez-, beste erakunde batzuekin batera (horien artean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila nabarmentzen dugu). Talde horren zeregina, funtsean, adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko jarduerak eta protokoloak koordinatzea da, hezkuntza-zentroetan ikasleen genero-identitateei eta -rolei eragiten dieten egoerak eta jarrerak agertzen diren kasuei dagokienean.
2016an egin zen bilera bakarrean, Euskadiko hezkuntza-zentro guztiei zuzendutako dokumentuaren azken idazketa hitzartu zen. Hauxe da dokumentuaren izenburua: Ikastetxeei zuzendutako protokoloa, ikasle transei edo genero portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzeko. Dokumentuak sarreran adierazten duen moduan, hezkuntza-sistemaren lerro estrategiko bat da aniztasunari erantzutea. Hori dela eta, hezkuntzako profesionalek gai izan behar dute, eskola inklusiboaren parametroetan oinarrituta, ikasleen eta haien familien dibertsitatea ezagutu eta aitortzeko. Hezkuntzako profesionalek aniztasun horiek detektatuz gainera, ikasle horiei beren eragozpenak gainditzeko lagungarri izango zaizkien bitartekoak eskaini behar dizkiete bizi dituzten egoera jakin batzuk gainditzeko, gainerako ikaskideekin berdintasun baldintzetan pertsona oso bezala garatzeko, aske eta zoriontsu bizi izateko eta arrakasta akademikoa lortu ahal izateko. Protokolo horrekin, Euskadiko hezkuntza-sisteman sexu-joera eta genero-identitate edo -adierazpen anitzei ematen zaien arretari erantzun nahi zaio, bai eta eskolan homo/lesbofobia eta transfobia prebenitu nahi ere.
Arartekoaren erakunde-adierazpena, LGBTIen Harrotasunaren Nazioarteko Egunean
Beste behin ere, LGBTIenganako elkartasuna eta beren eskubideen defentsarekiko konpromiso sendoa adierazi nahi izan ditu Arartekoak 2016an, eta LGBTIen Harrotasunaren Egunaren ospakizunari batuz adierazi du, egun horretan bertan igorritako erakunde-adierazpenaren bidez. Bertan gogorarazi nahi izan du azken bost urteetan lau pertsonatik batek indarkeria fisikoa edo mehatxuak jasan dituela bere sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik lurralde europarrean, eta egiteko asko dagoela oraindik ere kolektibo horren benetako berdintasun eraginkorra lortze aldera; besteren artean, LGBTI pertsonez eratutako familiei erabateko aitortza eman behar zaie, –aurrerapen legalak egin badira ere– beren berdintasuna eragozten duten oztopo burokratikoak jasaten baitituzte oraindik.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Lesbianen bikoteen berdintasuna seme-alabatasuna aitortzean
Arartekoak egiaztatu egin du laguntza bidezko ugalketa erabili duten emakume-bikoteen seme-alabatasunari ezar dakiokeen legezko erregulazioak, estatu-eremukoak, pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Beraz, diskriminazioa sor dezakete erregulazio horrek. Kontu horren gaineko kexak eta kontsultak jasotzen jarraitzen dugu, eta eragindako herritarrentzat konpondu ez den gaia dela adierazten digu horrek. Beraz, legedia horren inguruko hausnarketa kritikoa egin behar da, bikote heterosexualetan gertatzen ez den bezala, ezkontza eta laguntza bidezko ugalketa ezartzen baitie horrek lesbiana-bikoteei ama ez biologikoaren seme-alabatasuna aitortu ahal izateko, adopzio-prozesura jo nahi ez bada. Bikote horiek heterosexualen bikoteekin parekatuko dituen lege-erreforma bultzatzera bideratu beharko litzateke aipatu hausnarketa.
Genero-identitate edo -adierazpen anitza duten haurrei arreta egokia ematea
Arartekoaren erakundean kezkatuta gaude laguntza publikoak hobeto zehatzeaz, haurren eskubideei hobeto egokituak izan daitezen. Laguntza horiek, oro har, 14/2012 Legearen babesean ezarri dira, pertsona heldu transexualentzat. Era berean, kezkatuta gaude genero-adierazpen edo -identitate anitzak dituzten edo genero-jokabide ez arautuak bizitzen ari diren haurrek gutxietsita dituztelako beren eskubideak, bai eta pertsona gisa modu askean eta erabat garatzeko ahala ere, helduak ados ez jartzearen edo behar bezalako orientabiderik ez edukitzearen ondorioz (familiarrak, ikastetxea edota herri-administrazioak). Horregatik, Arartekoak uste du funtsezkoa dela arlo honetan esku hartzeko eskumena duten erakundeen arteko estrategiak adostea eta irizpide argiak ezartzea, euren jardueren oinarri haur eta nerabeen interesa eta eskubideak hartuz, hori guztia, haurrak babesteko legeek eta araudiak ezarritakoari jarraiki (adingabearen interes gorena, bere iritzia emateko eskubidea, etab.), eta LGBTIren eskubideak babesteko nazioarteko eta hemengo tresnetan jasotako printzipioekin, edota emakumeen eta gizonen berdintasunerako legedian ezarritakoarekin bat eginez.
Aniztasun afektibo-sexualaren eta generoaren aniztasunaren inguruko arreta, hezkuntza-arloan
Ikastetxeei zuzendutako protokoloa, ikasle transei edo genero portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzekoaaurrerapen nabarmena da, eskolan aniztasun sexu-afektiboa aitortzeari begira. Horrekin guztiarekin, irakasleen prestakuntza espezifikoa azpimarratu behar dugu orain, aipatu protokoloa ezartzeko erantzukizuna duten horiek baliabide nahikoz hornitze aldera, bai arrakastaz bete ditzaten protokoloan jasotako xedeak, bai, eskolako egoera indibidualetatik harago, giza aniztasunari harrera egiteko eta, bereziki, aniztasun sexu-afektiboari harrera egiteko klima era dadin ikasgelan eta hezkuntza-zentroaren multzoan, prebentzio gisa. Irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programa nahikorik ez egotea, gai horiek ikasgelan modu sistematikoan eta antolatuan jorratu ez izana, sexu-joera eta genero-identitateari buruzko material zehatza modu antolatuan erabili ez izana edo egun dauden tresna didaktikoetan bizikidetza-eredu berriak islatu ez izana horren adibide argiak dira, eta, horren ondorioz, irakasle kontzienteenek ez dute behar besteko laguntza jasotzen hezkuntza-sistemaren eskutik, gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko.
Beraz, ezinbestekoa da Euskadiko hezkuntza-zentroen eta hezkuntza-erakundeen artean baterako lana sustatzea, eskola haur horientzat benetan inklusiboa eta toki segurua dela ziurtatuko duten tresnak sortzeari begira, euren sexu-joera edo genero-identitatea edozein izanik ere.