2.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak
Erkidegoetako Herriaren Defendatzaileek eta Espainiako Herriaren Defendatzaileak Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak egin dituzte Iruñean. Bertan, ikuspuntu ezberdinetatik aztertu zuten hots-kutsadurak bizi kalitatean duen eragina.
Gizakien jardunetik sortutako zarata ohikoa da aisialdiko inguruetan eta egunerokotasunean egiten ditugun jardueretan. Zarata horrek, gehiegizkoa denean, bizi kalitateari modu negatiboan eragiten dio eta ingurumena kaltetzen du.
Jendartean sortzen duen egonezina gizarte-gatazken iturri izan da eta horren ondorioz, erreklamazio eta kexa ugari ekarri ditu Herriaren Defendatzaileetara. Aurkeztutako kexen inguruko gomendioekin batera, gai horri dagokionez txosten berezi ugari egin izan dira. Herrien defendatzaileen jarduera horiek zarataren aurkako gizarte-kultura bat sortzen lagundu dute, poliki-poliki, botere publikoen artean hedatzen doana, pertsona guztiek hots-kutsadurarik gabeko etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidea aitortzeko bidean.
Herrien defendatzaileek jakin badakite hots-kutsadurak herritarren bizi-kalitateari eragiten diola eta horregatik, eragin horrek urra ditzakeen eskubide konstituzionalak benetan eta modu eraginkorrean bermatzeko beharrezko neurriak hartzea sustatu nahi izan dute.
Neurri horiek botere publikoei igorri zaien
HERRIAREN DEFENDATZAILEEN DEKALOGOA ZARATAREN KONTRA
Herritarrek zaratarik gabeko bizilekua izateko duten eskubidearen alde.
Herriaren defendatzaileek, hots-kutsadurak herritarren bizi-kalitatean eragin kaltegarria duela ohartuta, zenbait neurri proposatu nahi dituzte benetan eta eraginkortasunez bermatzeko eragin horrek urra ditzakeen eskubide konstituzionalak.
Eskubide horien artean, eta Europako Giza-eskubideen Auzitegiaren, Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia finkatu baten arabera, honako oinarrizko eskubide hauek nabarmentzekoak dira: osotasun fisiko eta psikikorako eskubidea, intimitate pertsonal eta familiarrerako eta etxearen bortxaezintasunerako eskubidea, baita ingurumen egokia izateko eta osasuna babesteko guztiok dugun eskubidea ere.
Eskubide horiek pertsonek etxean lasaitzeko eta isiltasuna izateko duten eskubidearen barruan sartzen dira.
Hala ere, gogorarazi behar da eskubide horien gozamena errespetatzea ez dela soilik botere publikoen betebeharra, baizik eta gizarte zibilarena ere. Hortaz, hauxe uste dute:
1. Botere publikoek (eta, zehazki, administrazio eskudunek) aldaketak sustatu behar dituzte kutsadura akustikoa eragiten duten jardunbide sozialetan eta gizartearen kontzientziazioa bultzatu kutsadura horrek herritarrentzat dituen ondorio kaltegarriei buruz, eskola-hezkuntzaren eta herritarrak sentsibilizatzera bideratutako prestakuntza- eta informazio-kanpainen bidez.
Zarata arazo garrantzitsu bat bezala landu behar da, pertsonen bizi-kalitatean eragin handia duena.
2. Ingurumen egoki baterako eskubidea bermatzeko, landa- eta hiri-eremuetan, eta bereziki, etxebizitzetan, botere publikoek kutsadura akustikoaren ingurumen-kontrola egiteko funtzio publiko bat dutela jakin behar dute eta hori onartu, kutsadura hori eragiten duen igorpen-gunea zein den gorabehera, arauek ezarritako mugak gainditzen direnean.
Funtzio publiko hori gauzatzearen nahitaezko helburua, herritarren zerbitzura dagoen administrazio on baten adierazpen gisa, zaratarik gabeko etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzea da, bertan bizi diren pertsonek lasaitzeko duten eskubideaz goza dezaten.
3. Helburu horrekin, administrazio publikoek, lurralde-antolamenduaren, hirigintza-plangintzaren eta ingurumen-kontrolaren eta diziplinaren eremuan esleituta dituzten ahalmenak gauzatu behar dituzte eraginkortasunez, oinarrizko eskubideak gauzatzea eragozten edo mugatzen duen kutsadura akustikoa prebenitzeko, saihesteko edo, hala badagokio, baztertzeko.
4. Kutsadura akustikoaren kontrolarekin lotutako funtzio publikoa gauzatzearekin batera, ikuskapen-planak egin behar dira, kutsadura akustikoa sortzen duten establezimendu eta instalazioek dagozkien funtzionamendurako administrazio baimenak dituztela ofizioz egiaztatzera bideratutakoak. Hala, ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla egiaztatuko da.
5. Autonomi erkidegoetako, probintzietako eta tokiko administrazioek koordinazio eta lankidetza esparru bat sustatu behar dute; horrek udalerri guztiek esleituta dituzten administrazio-ahalmenak modu eraginkorrean gauzatzea bermatuko du, berdintasuna bermatuz oinarrizko eskubideen zaintza eta gozamenean, herritarren bizilekua gorabehera.
6. Era berean, eta udalerriek eremu honetan esleituta dituzten eskumenak gauzatu ahal izateko helburuarekin, berezko baliabideen bidez edo beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan arituz, beharrezko baliabide teknikoak eta giza-baliabideak izan beharko dituzte lurralde osoan, hiri- eta landa-eremuan, zarata kontrolatzeko eta ikuskatzeko zerbitzu publiko bat sortzeko.
Halaber, ingurumen poliziaren papera aitortu eta sustatu beharko zen (maila guztietan: tokikoa, probintziakoa edo autonomi erkidegokoa), arazo hori azkar antzemateko funtsezko erakunde gisa, bertan ikuskatzeko aukerei dagokienez, zaraten igorpen-gunean, etxeetan zarata-mailen neurketa zuzena egiten dela bermatzeko, eta, hala badagokio, kautelazko esku-hartzea.
7. Administrazio publikoek ez dituzte soilik ukitutako pertsonek etxeetan zarata gehiegi dagoelako jartzen dituzten salaketak sustatu eta horiei erantzun behar. Izan ere, hartzen diren neurrien jarraipena ere egin behar da, baliabideak hornituz, herritarrek, gardentasunez, neurri horiek hartu direla jakin dezaten, edo, hala badagokio, agintariek eta funtzionarioek erreklamazio horien aurrean ezer egin ez dutela salatzeko.
Era berean, justizia auzitegien epaiak atzerapenik gabe bete behar dituzte (batez ere, Giza-eskubideen Europako Auzitegiarenak); horiek babesa ematen diete herritarrei frogatutako eskubideen urraketa eman denean.
8. Gomendagarria izango zen administrazio publikoek herritarrek parte hartzeko mahaiak edo foruak sustatzea, gaueko aisialdiko lokal gehiegi egotearen edo etengabeko bizikidetza eragozpen larriak sortzen dituzten jardueren funtzionamenduaren ondorioz sortutako gatazka sozialak kudeatzeko.
9. Zuzenbide Estatu batean desiragarria da herritarrek jasan behar ez dituzten immisio akustikorik gabeko etxe bat izateko duten eskubidea funtzio publiko hori gauzatzeko ahalmena esleituta duten organoek zaintzea; Defentsa Bulegoek modu positiboan baloratzen dituzte epaileen, justizia auzitegien eta fiskalen jarduketak kutsadura akustikoak urratutako eskubideak bermatzerakoan, administrazio egoitzan arduradunak diren funtzionario eta agintariek behar bezala babesten ez dituztenean.
10. Herriaren Defentsa Bulegoek azpimarratu dute herritarren oinarrizko eskubideak babesteko konpromisoa dutela, kutsadura akustikoaren ondorioz horiek urratzen direnean.
Helburu horrekin, hitza ematen dute legez onartuta dauden jarduketa guztiak burutuko dituztela modu eraginkorrean babesteko herritarrek zaratarik gabeko etxe batean bizitzeko duten eskubidea; hala, fiskaltzari jakinaraziko dizkiote herritarren eskubideak urratzen diren eta zigor daitezkeen kasuak.
Era berean, Herriaren Defentsa Bulegoek hitza ematen dute udaletan jardunbide egokien inguruko informazioa emango dutela eta koordinazio eta zabalkunde jarduketak sustatuko dituztela, izaera desberdineko neurriak hartzea sustatzeko, ingurumen-gatazkak prebenitzeko edo kudeatzeko. Horrez gain, hitza ematen dute kaltetutako herritarrak lagunduko dituztela beharrezkoa den orientazio juridikoan; horrela, horiek zenbait ekintza egin ahalko dituzte beren eskubideak defendatzeko aginte eskudunetan.
2.2. Nazioarteko harremanak
2.2.1. Greziako Herriaren Defendatzaileak antolatutako jardunaldia
Arartekoak krisi ekonomikoari eta humanitarioari eta gure hirietako auzo pobreenetan duen eraginari buruzko jardunaldi batean parte hartu zuen Atenasen, Greziako Herriaren Defendatzaileak antolatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Ombudsmanen betebeharra, kasu hauetan, administrazioaren esku-hartzea bultzatzea izan da, auzo horietan herritarren segurtasun egokia bermatzeko, gizarte gatazkak piztea eragotziko duten gizarte politika inklusiboak bultzatuz.
Atenasen, Arartekoak nabarmendu zuen hiri lehengoratzera bideratutako tokiko politikek ikuspegi integratzailea izatea beharrezkoa dela, sozialki inklusiboa izango den garapen adimentsu eta iraunkorrean oinarrituta. Horren haritik, berrantolaketa mekanismoetan funtsezko zerbitzuak ematea gogoan izan behar da, ingurua are gehiago kaltetzea saihesteko, hiri lehengoratzea bukatu arte. Izan ere, gizarte bereizketako arriskuan dauden pertsonak eta komunitateak horrelako hiri eremu baztertuetan biltzea soilik esku-hartze publiko eta azkar bati esker saihets daiteke. Populazio egoiliarraren kultura
aniztasunak dakarren erronkak kultura
ongi kudeatu beharra dakar.
Edozein motatako bereizkeriaren aurka erakundeen jarrera argi eta tinkoa ezinbestekoa da berdintasun kultura
sustatzeko. Horregatik, Arartekoak erakundeen arteko lankidetza eta herritarren parte hartzea sustatuko duten gobernantza mekanismo egokiak finkatzeko beharra jaso du.
2.2.2. Hizkuntza-Ordezkarien Nazioarteko Elkartearen Biltzarra
Arartekoak Hizkuntza-ordezkarien Nazioarteko Elkartearen (IALC) Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen 2016ko martxoaren 7tik 9ra bitartean, Galwayn (Irlanda). Irlandaren independentziaren ehungarren urtemuga ospatzeko aurten antolatuko diren ekitaldietako bat da hori.
Elkarte horretan biltzen dira hizkuntza-eskubideak babesten dituzten erakundeak, eta Arartekoa ere bertako kide egin da. IALCen helburua da mundu zabalean berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta bultzatzea, eta hizkuntza-ordezkariei laguntzea, maila profesional gorenak lortu ahal ditzaten, bide hauek erabiliz:
• Hizkuntza-ordezkariak sortzean, aholkuak ematea.
• Prestakuntzako eta lanbide-garapen, ikerketa eta informaziorako baliabideak truka daitezen erraztea.
• Hizkuntza-ordezkarien garrantziari buruzko ezagupenak eta kontzientziazioa areagotzea.
• Azterlan enpirikoak partekatzea, hizkuntza-eskubideak sustatzeko asmoz.
Hasierako hitzaldian, Irlandako Errepublikako presidenteak adierazi zuen hizkuntza zein garrantzitsua den identitate nazionala taxutzeko orduan.
Manuel Lezertua arartekoak gai honen gaineko ponentzia bat emanez esku hartu zuen: nortasun kolektiboaren kontzeptua, postmodernitateak sortzen dituen erronken ikuspegitik. Euskal Herrian hizkuntzak zer bilakaera izan duen azaldu zuen: arrazaren osagaitzat hartzetik hasi eta hizkuntza errebindikatzera iritsi arte, askatasunen aldeko borrokaren, erakundeak sendotzearen eta globalizazioak sortutako erronken esparruan.
2.2.3. Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen biltzarra –ENO 2016–, Europar Batasuneko Herriaren Defendatzaileak antolatuta
Arartekoak, Manuel Lezertuak, Emily O’Reilly Europar Herriaren Defendatzaileak gonbidatuta (European Ombudsman) Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen biltzarrean parte hartzeko aukera izan zuen, 2016ko ekainaren 13an eta 14an, Bruselan Arartekoak parte hartze aktiboa izan zuen biltzarrean, eta Europan eskubideak babesten dituzten erakundeentzako ezinbesteko bi gai landu ziren, Europan errefuxiatuen krisia eta gardentasuna zuzenbide estatuaren eta gobernantza onaren baldintza gisa.
Lortutako ondorioen artean honako hauek nabarmendu daitezke:
Errefuxiatuen krisiari dagokionez:
• Europan pertsona migratzaileek harrera estatuetako herritar nazionalen baldintza berberetan izan behar dute zerbitzu publikoetara sarbidea.
• Ombudsman eta Europako Herriaren Defendatzaileek eragina izan behar dute une honetan errefuxiatuak Europara iristeari buruz zabaltzen ari den iritzi joera garrantzitsuen narrazioan, errealitate horri buruzko kontakizun positiboa hedatzeko.
• Europara iristen diren pertsona migratzaileek Europa hobea egiteko ekarpena egin dezakete; izan ere, Europak inkorporazio berri eta dinamikoak behar ditu lan merkatu europarrean, zahartze azkarra eta jaiotza tasa baxuak arintzeko eta, hala, gizarte sistemen bideragarritasuna eta ekoizpena zaintzeko.
• Europan pertsona migratzaileen aldeko gizarte kontzientzia aktibatu behar da, eta EBra iritsiko direnei premiazko harrera, hizkuntza ikastea, eta hezkuntzara, etxebizitzara eta osasun zerbitzuetara sarbidea izatea bermatu behar zaie.
• Une honetan Europara masiboki iristen ari diren haurren egoerari lehentasunez erreparatzearen garrantzia nabarmendu da.
• Lankidetza eta elkartasun baloreen inguruan batutako Europak arrakasta handiagoz kudeatu ahalko luke une honetako errefuxiatuen krisia, zalantza izpirik gabe azken urteetan Europak bizi izan duen erronka handiena baita. Nazioarteko eta Europa mailako araudia errespetatuz eta demokrazia indartuz baino ezingo zaio erronka honi aurre egin. Oinarrizko eskubideak ez dira negoziagarriak, eta eskubideok defendatu behar duten erakundeek etengabe gogoratu behar dute.
• Horrez gain, ombudsmanak zerbitzu publikoak oro har hobetzeko eskaeran bereziki inplikatu beharko lirateke, zerbitzu horiek hondatzeak pertsona migratzaileen inguruan bidegabeki sortutako irudi negatiboari ere erasaten baitio.
Gardentasunari dagokionez, bereziki presio taldeei dagokienez, honako ondorio hauek nabarmendu behar ditugu:
• Pertsonen eskubideak defendatzen dituzten erakundeek administrazio ona eta herritarren eskubideen defentsa kontrolatzeko lanak egin behar dituzte, administrazio publikoen jardun oro interes publikoa lortzera bideratuta egotea bermatuz, interes orokorraren berme gisa.
• Austriako eta Irlandako araudi ereduak erreferenteak izan daitezke gaia oraindik arautu ez duten eskualde eta estatuetarako. Irlandako sistema, zehazki, bereziki aipagarria da, presio taldeek han presentzia indartsua duten neurrian.
• Garrantzitsua da Europako lurralde osoan gai hauei buruzko araudiak orokortzea.
Herrien Defendatzaileen Europako Sarea 1996an eratu zen, eta Europar Batasuneko estatu kideetako, EBn sartzeko herrialde hautagaietako eta espazio ekonomiko europarreko beste estatu batzuetako eskualde eta herri nazionalen defendatzaileak eta pareko erakundeak biltzen ditu, baita Europar Herriaren Defendatzailea eta Europar Parlamentuko Eskaera Batzordea ere.
2.2.4. Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren mintegia
Ombudsmanen Nazioarteko Institutuak antolatuta, apirilaren 26an eta 27an Giza eskubideen gaur egungo erronkak: Ombudsmana mehatxuen aurrean izeneko mintegia Bartzelonan garatu zen.
Topaketa horretan bildutako herrien defendatzaileek askatasuna-segurtasuna dilema, migratzaileak eta errefuxiatuak, krisi soziala eta eskubideak izan zituzten hizpide, baita Ombudsmanetarako mehatxuak ere. Horrez gain, politika publikoek ere gai horiek giza eskubideak erabat errespetatuz landu behar dituztela adierazi zuten; herrien defendatzaileek arreta berezia jarri behar diete legediari eta eskubideak arriskuan jar ditzaketen administrazio jardunei.
Arartekoak parte hartze aktiboa izan zuen mintegia osatu zuten mahai inguruetan, eta Segurtasuna birpentsatzea eskubideen defentsatik mintzaldia eskaini zuen; mintzaldian aipatu zuenez, “giza eskubideen etika ezin da erlatibizatu. Giza eskubide oro errespetatu behar da eta zehazki eta banaka zaindu behar da; eskubide horiek ezin dira izan une bakoitzeko egoeraren arabera defendatzea ekarriko duten prestazio edo kontraprestazioen helburu”.
2.2.5. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (OIF) XXI. Biltzarra eta Batzar Nagusia
Arartekoa eta bere ondokoa Tenerifen izan ziren azaroaren 22tik 24ra bitartean, OIFen Biltzarrean eta Batzar Nagusian. “Pobrezia, duintasuna eta giza eskubideak” izenburu orokorrarekin, honelako gaiak aztertu ziren hainbat ponentzia eta mahai-ingurutan: muturreko pobrezia, gosea eta desnutrizioa, etxebizitza izateko edo oinarrizko zerbitzuak jasotzeko eskubidea.
Topaketa horren aurretik, jada eginak ditu bilera batzuk bere lana garatzeko baliatzen dituen gaikako sareekin: migratzaileak eta pertsonen salerosketa, haurrak eta nerabeak, emakumeen defentsa-erakundeak eta komunikatzaileak.
Bilera horretan OIFen 2016ko Txostena: Pobrezia eta Giza Eskubideak aurkeztu zen, eta hiru mahai-inguru egin ziren:
• Lehenengoan hizpide izan zen Ombudsman erakundeek eta Giza Eskubideen erakundeek zer eginkizun duten Nazio Batuen 2030eko Agendan jarritako lehen helburua lortzeko orduan: pobrezia desagerraraztea, modu guztietan eta mundu osoan.
• Bigarren mahai-inguruan, Julia Hernández arartekoaren ondokoak hizlari jardun zuen. Mintzagai izan zuen Ombudsman erakundeek zer eginkizun duten 2030eko Agendako 11. helburua zehazteko orduan: etxebizitza egokia izateko aukera bermatzea, hiri barneratzaile eta seguruetan.
• Hirugarren eta azken mahai-inguruan gai hau jorratu zen: zer garrantzitsua den pobreziaren zikloa haustea, hezkuntza barneratzailea ematea eta aukera berdintasuna eta kalitateko lanbide-prestakuntza bermatzea.
Orobat, OIFen Batzar Nagusia egin zen. Bertan, besteak beste, argibideak eman ziren federazio horren gaikako sareez (migratzaileak eta gizakien salerosketa, emakumeen defentsa-erakundeak, haurrak eta nerabeak, OIF-ComOIFen komunikatzaileak) egin diren txostenen gainean.
OIF herritarren eskubideak babestu eta zaintzeko federazio iberoamerikarra da. Bere helburu nagusia foro bat sortzea da, elkarrekin lan egiteko, elkarri bere esperientzien berri emateko eta Ombudsmanaren irudia sustatu, ezagutarazi eta indartzeko.
Era berean, giza eskubideetan oinarritutako kultura
sustatu eta zabaldu nahi du bere kideen herrialdeetan, lankidetzan arituz giza eskubideak errespetatu, babestu eta bultzatzen ahaleginduko diren nazioarteko eta gobernu arteko erakunde eta organismoekin, baita gobernuz kanpoko erakundeekin ere.
OIFek bere baitan hartzen ditu Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetako edo estatuko defentsa-erakundeekin batera.