Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako.
Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2016an ofiziozko 34 espediente bideratzen hasi gara. Arloen arabera, aipatzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoari dagozkionak eta ingurumen eta segurtasun arloekin lotutakoak, baita ogasunari, gizarteratzeari eta ezgaituei buruzkoak ere.
9. taula.
Ofiziozko espedienteen banaketa, arloen arabera
Arloa | % | |
Haurrak eta nerabeak | 6 | 17,65 |
Ingurumena | 4 | 11,76 |
Segurtasuna | 4 | 11,76 |
Ogasuna | 3 | 8,83 |
Gizarteratzea | 3 | 8,83 |
Ezgaitasunen bat duten pertsonak | 3 | 8,83 |
Justizia | 2 | 5,88 |
Herriaren Defendatzailea | 2 | 5,88 |
Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola | 1 | 2,94 |
Hezkuntza | 1 | 2,94 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 1 | 2,94 |
Espetxeratuak | 1 | 2,94 |
Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk | 1 | 2,94 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak | 1 | 2,94 |
Osasuna | 1 | 2,94 |
Guztira | 34 | 100 |
Ikus daitekeenez, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduera gailentzen da iaz antzeman ziren egoera edo arazoen aurrean ofizioz hasitako jardueretan: adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren mende dauden babesik gabeko haurrentzako gizarte-zerbitzuen funtzionamendua aztertzeko hasi zena; babesik gabeko seme-alabak dituzten familia ijitoekin egindako esku-hartze espezializatua; edo, Euskadiko udal batzuetan, adingabeei alkoholik ez saltzea kontrolatzeari buruz egin zen jarduera.
Segurtasun arloan ikuskatzeko bisitak egin dira Amorebieta-Etxano eta Portugaleteko Udaltzaingoetara eta Getxoko Ertzain-etxera, eta ofiziozko jarduera bat hasi da Sestaoko ziegen egoeraren berri jakiteko.
Ingurumen arlotik bultzatutako ofiziozko jarduerak mota askotakoak dira. Horietako bat, ostalaritza establezimendu batek Arrigorriagako Udalari zaratagatik sortutako eragozpenengatik hasi zen; beste kasu batean, Hondarribiko gazteen lokal batean gertatutako sutea ikertzeko; beste batzuk, berriz, fringilidoak babesteko eta silbestrismoa eragozteko.
Hizkuntza eskubide, kultura eta kirol arloan, Lezama
ko Bake Epaitegian euskaraz ezin artatu izanarekin zerikusia zuen ekimen bat bultzatu zen.
Ogasun arloan nabarmentzekoak dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei zuzendutako ekimenak, gai hau zela eta: planeamendu-arauetan urbanizagarri edo hiri-lur bezala sailkatuta egon arren, orain nekazaritzarako erabiltzen diren lurzoruetan kokaturiko lursail batzuen katastro-balorazioa. Era berean, Bastidako Udalean hiri-lurren balioa gehitzeari buruzko ekimen bat hasi zen.
Aipagarriak dira, halaber, osasun arloan burututako ofiziozko jarduerak, euskal osasun-sistemak elikadura-nahasdurak dituzten pertsonei zuzendu dizkien berariazko jarduerak aztertzeko; baita ere adingabe atzerritarren osasun-arretarekin zerikusia dutenak.
Orobat, gizarteratze arloan hasitako jarduerak nabarmendu behar ditugu. Horiek Lanbiderekin zerikusia dute, semea edo alaba beraien kargura izateagatik prestazioa jasotzen duten pertsonei diru-sarrerak bermatzeko errentaren osagarria onar diezaieten, edo genero-indarkeria jasan duten emakumeek DSBE eskuratu ahal izan dezaten.
Aipaturiko ofiziozko 34 espediente horiez gain, Arartekoak zenbait jarduera hasi ditu beste 16 espedientetan, erakundeak egindako gomendioak bete ote diren aztertzeko. Gehienak Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren ekimenak dira, euskal herri-administrazioek gomendioak betetzen ote dituzten jakiteko. Halakoak dira, esate baterako, Arartekoak haurren pobretasunaz egindako azterlanaren ondoriozko gomendioak; adingabeentzako zentro batzuetan jazotako gertakarien bilakaera aztertzea; egoera txarrean bizi diren haurrei buruzko txostenean egin ziren gomendioetako batzuen bilakaera aztertzea, baita bakarrik dauden adingabe atzerritarrak artatzeari buruzko gomendio orokorrarena ere. Orobat, bulego horrek ikuskatzeko bisitak egin ditu Bilboko eta Gasteizko familia elkarguneen funtzionamendua ikusteko, eta informazioa eskatu du haurren pobreziaren gaineko gobernu planaz, edo, Estatuko berriztatzeen ondorioz, 2015ean haurren gainean egin ziren arau-aldaketez.
Ofiziozko jarduera horiek eta beste zenbait –horietako batzuk aztergai dugun urtean bukatu dira, beste batzuk bideratzen ari dira– zehatzago kontsulta daitezke txosten honen II eta III. kapituluetan, baita horri erantsitako Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean ere.