Arartekoak orain arte bi txosten berezi egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoeraz: lehenbizikoa, 1999an, eta bigarrena, 2010ean. Txosten horiek argitaratu zirenetik, ordea, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, dudarik gabe, gizartean, politikan eta araudian: krisi ekonomikoa eta bere eragina sendotu dira, pobrezia eta gizarte-bazterketa areagotuz; Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea aldatu da eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu zaio Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) kudeaketa; Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatu da, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretua eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu dira. Aldaketa horiek denek eragin nabarmena izan dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, oro har, eta oinarrizko gizarte zerbitzuetan, bereziki.
Oinarrizko arretarako udal gizarte zerbitzuek oso eginkizun garrantzitsua bete beharko dute errefuxiatuak hartu eta artatzen. Errefuxiatu horiek, arrazoi askorengatik eta behartuta, beren etxeak utzi eta gure lurraldera etortzen dira toki seguru baten bila, nozitzen duten jazarpenetik beren burua babestera eta, hala badagokio, etorkizuneko proiektuak eraikitzera. Familia horiek gertaera traumatikoak bizi izan dituztenez gero, ezinbestean eskaini beharko zaizkie gizarte-laguntza eta arreta. Erronka berri bat dugu aurrean, oraingoan “izaera” humanitarioa duena; horri herrialde gisa egin behar diogu aurre, eta udal gizarte zerbitzuen laguntza funtsezkoa izango da erantzun egoki, eragingarri eta garrantzitsuak abiarazteko orduan.
Bestalde, administrazioko, gizarte-erakundeetako eta talde profesionaletako arduradunekin analisiak eta hausnarketak partekatu ondoren, eta herritarrek 6 urteotan egindako kexetan islatu den informazio guztiaren argitan, ondorio hau atera dezakegu: udal gizarte zerbitzuak sendotzea espero zen (diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzetik “libre” geratu eta gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbide eta erkidegoko arreta-ereduaren adierazgarri nagusi izatearen eginkizuna bereganatu ondoren), baina sendotze horrek ez du nahi zen maila lortu. Paradoxikoki, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ahulgunea izaten jarraitzen dute antza, eta zenbait gabezia dituzte pertsonen beharrei erantzuteko orduan, mendekotasun, bazterketa eta babesgabetasunarekin lotutako gertakizunei dagokienez.
Behin puntu honetara iritsita, Arartekoa oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko analisia eguneratzeko aukera aztertzen ari da orain –txosten laburragoan−, zerbitzu horien premia duten pertsonen beharrei eta eskaerei modu egokian erantzuteko orduan dituzten arazoen ikuspegitik. Egokia dirudi, edonola ere, begiak jaso eta azterlan hori udal gizarte zerbitzuen baterako ikuspegitik egiteak. Egiaz, egungo Gizarte Zerbitzuen Legeak betekizun garrantzitsua ematen die udal eremukoei, hurbiltasuna, arreta komunitarioa eta esku hartze pertsonalizatua bereizgarri dituen ereduaren esparruan. Beraz, udal eskumeneko gizarte zerbitzuen indarguneek eta ahulguneek eragina dute sistema osoaren funtzionamenduan.
Horretarako, beharrezkotzat jo da udal gizarte zerbitzuen gaineko hausnarketa-prozesu bat proposatzea, helburu hauekin:
Metodologiaren ikuspegitik, Arartekoak hiru bide osagarri erabili ditu. Lehenik, udal gizarte zerbitzuen egoeraren neurriak ezarri ditu, analisi gehienbat kuantitatiboa eginez. Horretarako, oinarritzat hartu ditu udal gizarte zerbitzuen eskaintzaz, zerbitzu horietan diharduten langileez eta horiek finantzatzeko gastuaz dauden datuak. Bigarrenik, ikuspegi kualitatiboago batetik begiratuta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzen duten eragile batzuen iritzia jaso du. Hori lortzeko, dozena bat elkarrizketa egin dira banan-banan, eta hiru eztabaida-talde. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte zerbitzuak hornitzen eta kudeatzen ardura duten dozenaka profesional eta erakundeetako ordezkarik hartu dute parte elkarrizketa eta eztabaida-talde horietan. Hirugarrenik, zehatz-mehatz aztertu du udal gizarte zerbitzuak nola antolatzen diren Euskadiz bestelako bost autonomia erkidegotan: Nafarroako Autonomia Erkidegoan, Katalunian (Bartzelona probintziaren kasuari arreta berezia eskainiz), Galizian, Gaztela eta Leonen eta Gaztela-Mantxan. Erkidego horiek beren gizarte zerbitzuen sistema antolatzeko moduak eta sistema horretan udalei ematen dizkieten eginkizunek ez dute eraginik, normala denez, Euskal Autonomia Erkidegoko udal gizarte zerbitzuen egoeran. Hala ere, baliagarritzat jo da txosten honetan azaltzea zer-nolako zereginak eta eskumenak ematen zaizkien bost autonomia erkidego horietan udal gizarte zerbitzuei, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera testuinguruan kokatzeko eta, batez ere, sistema horietan gure autonomia erkidegoko oinarrizko arretarako gizarte zerbitzuen antolaketa hobetu lezaketen elementuak identifikatzeko. Bost sistema horiek azaltzeko, oinarritzat hartu da bost adituk bidalitako informazioa; aditu horietako bakoitzak txosten monografiko bat egin du bere autonomia erkidegoko udal gizarte zerbitzuen antolaketaz eta egoeraz.
Txostenaren egitura aipatutako metodologien arabera prestatu da:
Arartekoaren ustez, aurkezpen hau bukatu baino lehen, bidezkoa da pertsona multzo ugari hori aipatzea, izan ere, nahiz eta horien partaidetza agirian zehar jasota geratu eta beraien ekarpenak txostena irakurtzean ikusi ahal izan, emandako laguntza eskertu behar zaie txosten hau idaztea ahalbidetu duten pertsona, gizarte-erakunde eta erakunde nahiz administrazio publikoei,bereziki Eguía Careaga Fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroari, oinarrizko txostena idatzi baitu.
Agiri honetan iritzi, proposamen eta gomendio asko islatu eta hezurmamitu dira. Espero dugu agiri honek hausnarketa sakontzea, hobetzeko bideak zehazteko aukera ematea eta, azken batean, gizarte zerbitzuak izateko eskubide subjektiboa betetzen laguntzea, lan horretan aspaldidanik konprometituta baitago Ararteko erakundea.
Manuel Lezertua Rodríguez