Aurkezpenean adierazi den moduan, aurreko kapituluan egindako analisi kuantitatiboarekin batera, txosten honek oinarri duen informazio gehiena Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte zerbitzuak eskaintzean eta kudeatzean ardura duten erakundeetako ordezkariekin, profesionalekin eta teknikariekin egindako elkarrizketen eta eztabaida-taldeen bitartez bildu da. Metodologia kualitatibo hori hautatzea hainbat agentek udaleko gizarte zerbitzuen egoeraren, horien zailtasunen eta erronken inguruan duten ikuspegia zehaztasun handiagoarekin ezagutzeko premiari lotuta dago, eskuragarri dauden estatistika-iturrien ziozko datu zehatzak baino harago. Ikuspegi kualitatibo horien mugak, aurrerago jorratuko direnak, gorabehera, hogeita hamar informatzaile nagusirekin egindako elkarrizketen eta eztabaida-taldeen baliabideak aukera eman du, alde batetik, kontsulta egin zaien agente guztiek udaleko gizarte zerbitzuen egoera aztertzean garrantzitsutzat jotzen dituzten kontuak mahaigaineratzeko eta hobekuntzarako irtenbideak proposatzeko eta, bestetik, kontu horien inguruan dituzten iritziak eta balorazioak biltzeko eta, azkenik, mahaigaineratutako zailtasunei eman ahal zaizkien konponbideak elkarrekin eztabaidatzeko.
Guztira, kapitulu hau idazteko 36 pertsonen partaidetza izan da, banakako elkarrizketen eta eztabaida-taldeen bidez eta, zenbait kasutan, idatzizko galdera-sorten bidez. 2015eko iraila eta azaroa bitartean bildu zen informazioa eta, alde batetik, zenbait erakundetako ordezkariekin 11 elkarrizketa egin ziren eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan eta EAEko udaletan, baita unibertsitatean eta hirugarren sektoreko erakundeetan ere, lan egiten duten 25 pertsonekin eztabaida-taldeak eta elkarrizketak. Honako hau da elkarrizketa eta eztabaida-taldeetan parte hartu zuten pertsonen zerrenda osoa:
Erakundeetako ordezkariak
-Aitziber Sanroman. Ongizateko zinegotzia. Donostiako Udala
-Carlos Alfonso. Plangintza eta Inbertsio zuzendaria. Gipuzkoako Foru Aldundia
-Dorleta Goiburu. EUDEL
-Elena Coria. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. Getxoko Udala
-Emilio Sola. Gizarte Zerbitzuen zuzendaria. Eusko Jaurlaritza
-Iñigo Pombo. Gizarte Ekintza zinegotzia. Bilboko Udala
-Lide Amilibia. Gizarte Zerbitzuen sailburuordea. Eusko Jaurlaritza
-Mikel Antizar. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. Barakaldoko Udala
-Nerea Melgosa. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. Gasteizko Udala
-Oscar Seco.Gizarteratzeko zuzendaria. Bizkaiko Foru Aldundia
-Sergio Corchon. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. Irungo Udala
-Sergio Murillo. Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako zuzendaria. Bizkaiko Foru Aldundia
-Xabier Domínguez López de Lacalle. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. Elorrioko Udala
Profesionalak eta adituak
-Alfonso López (EAPN)
-Arantxa Orbegozo (Eusko Jaurlaritza)
-Arantza Laka (Bizkaiko Gizarte Langintza Eskola)
-Elena Ayarza >(Arartekoa)
-Félix Arrieta (Deustuko Unibertsitatea)
-Fernando Fantova (Gizarte kontsultorea)
-Francisco Dehesa (Bilboko Udala)
-Itziar Barrenkua (Arartekoa)
-Itziar Etcheverry (Agintzari)
-Jaime García (EDE fundazioa)
-Javier Ruiz (Portugaleteko Udala)
-Jesús Otaño (Osabide Hezkuntzarako Gipuzkoako Partzuergoa)
-Jon Iribar (Gipuzkoako Foru Aldundia)
-Juan de Dios Sanz >(Irungo Udala)
-Karmele Acedo >(Gizarte Zerbitzu Integratuak)
-Karmele Guinea (Bilboko Udala)
-Maika Díez Bermejo (Arabako Foru Aldundia)
-Marijo Larrea (Donostiako Udala)
-Merche González de Celis (Ermuko Udala)
-Mikel Leturia (Matia Fundazioa)
-Nerea Llantada (Busturialdeako Mankomunitatea)
-Rafa López de Arostegui (EDE Fundazioa)
-Rosa Briñas (Biasteriko Udala)
-Sara Buesa (Gasteizko Udala)
-Tere Barrenetxea (Donostiako Udala)
Egindako elkarrizketen eta eztabaida-taldeen ondotik ateratako ondorio nagusiak aurkeztu aurretik, egokia da metodologia kualitatiboarekin berarekin zerikusia duten hainbat alderdi aipatzea, jasotako informazioa behar bezala ulertzeko beharrezkoak hain zuzen.
-Aipatu berri dugunez, elkarrizketak egin zituzten eta eztabaida-taldeetan parte hartu zuten pertsonak, oro har, EAEn gizarte zerbitzuak kudeatzean eta eskaintzean esku hartzen duten erakundeetako arduradun politikoak, teknikariak eta profesionalak dira. Hala ere, mahaigaineratutako gaien inguruan haiek zuten iritzia eskatu zen –ez zerbitzuak ematen dituzten erakundeetako ordezkari gisa, banako gisa baizik- eta testuan modu anonimoan jaso da. Ikusiko den moduan, bildutako zenbait adierazpen testuan hitzez hitz jaso badira ere, hasieratik erabaki zen adierazpen horiek egin dituzten pertsonak berariaz ez identifikatzea –eta halaxe jakinarazi zitzaien elkarrizketatutako pertsonei-, haien iritziak adieraztean ahalik eta askatasun handiena izan zezaten.
-Elkarrizketak eta eztabaida-taldeak aurretik parte-hartzaileei bidalitako galdera-sorta baten bidez artikulatu ziren. Beraz, eztabaidek galdera-sorta horretan jasotako gaiak jorratu zituzten, egoki iritzitako alderdi gehigarriak mahaigaineratzeko aukera kasu guztietan helarazi bazen ere.
-Elkarrizketatutako pertsonek ez dituzte EAEko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten pertsona guztiak ordezkatzen eta, txostena egiteko, argudioen hautapen subjektiboa eta partziala nahitaez egin behar izan da. Ildo horretan, kapitulu honetan bildu dena pertsona horien guztien iritzien interpretazioa da –ahal den berreraikitze eta antolamendu objektiboena-. Hortaz, garrantzitsua da nabarmentzea, hainbat alderditan nolabaiteko adostasuna antzeman bada ere, adostasun horrek ez dituela beti elkarrizketatutako pertsona guztiak barne hartu eta, jakina, ezin dela sektoreko gehienen iritzitzat edo iritzi orokortutzat jo. Hain zuzen, mahaigaineratutako gaien inguruan sektorean egun dauden pertzepzioak eta iritziak ulertzen lagundu nahi duten hautatutako banakako iritziak dira. Horren harira, pentsa daiteke egindako laburpenak kontsultatutako pertsonen iritziaren egoera leialtasunez jaso duela, adostasunak eta desadostasunak barne hartuta, udaleko gizarte zerbitzuen egoerari dagokionez.
-Eztabaida-taldeek eta elkarrizketek egungo egoerak gizarte zerbitzuen erabiltzaile izan daitezkeen pertsonen eta herritarren eskubideen gainean izan dezakeen eragina baloratu zuten. Ildo horretan, gizarte zerbitzuen egungo antolamendu-esparruaren hobekuntzaren inguruko iritziak, egungo mugen barruan, bilatzeko beharra mahaigaineratu zen eta ez horrenbeste egun Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuak arautzen dituen esparruaren birformulazio orokorra ekarriko zuten proposamenak.
-Testuan bertan gai asko nahasi egiten direla eta gainjarri egiten direla antzeman da. Gaiak ahalik eta modu logikoenean antolatzen saiatu arren, egia hauxe da: jorratutako kontu guztiak elkarrekin hertsiki lotuta daude eta ikuspegi batetik baino gehiagotik azter daitezke. Era berean, batzuetan udaleko gizarte zerbitzuen hausnarketak gizarte zerbitzuen inguruko hausnarketekin nahasten dira. Izan ere, beti ez da posible alderdi baten arazoak eta sistemakoak bere osotasunean bereiztea.
Kapitulua hiru atal nagusitan banatu da: lehenik (2.2), egoeraren balorazio orokorraren inguruko iritziak aurkeztuko dira, arreta berezia jarriz diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera igarotzeak izan duen eraginean eta lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak gehiago garatzeko udalek izan dituzten zailtasun nagusietan. Bigarrenik (2.3.), Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuak (aurrerantzean Zorroari buruzko Dekretua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak (aurreratzean Plan Estrategikoa), Gizarte Zerbitzuen Mapa barne hartzen duenak (aurrerantzean Mapa), izan duten –edo edukiko dutela aurreikusi den- eragina jorratuko da, bereziki, gizarte zerbitzuen eskubide subjektiboaren bermeari dagokionez; Zorroari buruzko Dekretuaren fitxen egoera –zerbitzuak definitzen dituztenak- eta premia eta taldeei ematen ari zaien erantzuna aztertuko dira eta, horrez gain, udaleko gizarte zerbitzuen langileei lotutako kontuak jorratuko dira. Azkenik, hirugarren atalean (2.4) udaleko gizarte zerbitzuen egoeran eragin zuzena duten Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erakunde-arkitekturarekin eta eskumen-egiturarekin zerikusia duten alderdi guztiak aztertuko dira.