17. E-inklusioa edota IKTen bidezko herritarren partaidetza sustatzeko ikuspegia jasotzen duten beste ekintza batzuk
Txosten berezi hau egin aurreko ikerketa prozesuaren baitan, eta metodologiari buruzko kapituluan zehatzago azaldu denez, informazioa eskatu zaie zenbait herri-administrazio mailari (gobernua, aldundiak eta hiri zein landa inguruneetako udalak), bidean dauden edo duela gutxi egin diren jarduketa batzuk aztertzeko, haietan e-inklusioaren, gizarteratzearen eta eremu sozial eta publikoko IKTen bidezko partaidetzaren sustapenaren ikuspegia jaso bada.
Ekintza multzo horretako ibilbidea gizarte taldeen arabera egingo da, euskal gizarteko talde jakin bati zuzendutako zenbait politika publikotatik abiarazitako ekimenei heltzeko, haietan arestian azaldutako ikuspegia jaso bada.
Eusko Jaurlaritzak baino ez dio eskaerari erantzun eta, beraz, administrazio horrek abiarazitako ekimen batzuk baino ez ditu jaso jarraian erakutsitako informazioak.
17.1. Ekintzak gizarte taldeen arabera
17.1.1. Adinekoak
Mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden 65 urtez gorako pertsonentzako; bakarrik bizi diren 75 urtez gorako pertsonentzako; adimen, gorputz edo zentzumen ezgaitasuna edo gaixotasun mentala izanda mendekotasuneko egoeran dauden pertsonentzako; eta gizarte isolamendu arriskuko egoera jakin batzuetan dauden pertsonentzako zerbitzua.
Zerbitzuak erabiltzailearen etxebizitzako telefono-lineari lotutako gailu sinplea jartzen du zerbitzuak, eta hari esker urteko egun guztietan 24 orduetan arreta iraunkorra eduki daiteke. Deiak telelaguntza zentral batera bideratzen dira eta bertan larrialdiko egoerei erantzun eta larrialdiko zerbitzuak, arreta psikosoziala, lagun egitea, jarraipena eta gizarte arretako baliabideei buruzko orientabidea ematen dira.
Zahartzen diren pertsonen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen
Lan honen helburua adinekoek garapenean aktiboki parte hartuko duten gizartea eraikitzea eta herritar guztiek partaidetza hori aitortu eta baloratzea da. Hura idazten herri-administrazioek eta Euskadiko elkarte munduko ordezkariek parte hartu dute. Agiriak zahartze prozesuaren arreta eredua aldatzeko eta komunitateari egiten dion ekarpenaren ahalmena baliatuz zahartzaroa birbaloratzeko proposamenak jaso ditu.
17.1.2. Etorkinak
Gidatzen (Immigrazioaren gidaliburua)Gidaliburua 7 hizkuntzatan dago eta gure herrira iristen diren pertsonak orientatzeko oinarrizko argibideak jaso ditu. Honakoei lotutako edukiak landu dira bertan:
• Nola erroldatu.
• Tratu txarren biktimen arreta.
• Osasun laguntza nola eskatu.
• Etxebizitza.
• Enplegua.
• Gidabaimena eskuratzea.
• Egoera erregularizatzeko nora jo.
• Seme-alabak nola eskolatu, etab.
Auzokide Berriak
11-14 urte bitarteko nerabeen artean xenofobia eta arrazakeria prebenitzeko sortutako webgunea. Ekimen horren euskarri nagusia komiki bat da. Hango orrietan, neska-mutilek aurkituko dituzten pertsonaiek eta istorioek euren herritar balioei, migrazio prozesuei eta kultura arteko bizikidetzari buruz hausnartzera gonbidatuko dituzte.
Immigrazioaren aldeko Gizarte Ituna
Immigrazioaren aldeko Gizarte Ituna Eusko Jaurlaritzaren Immigrazio, Herritartasun eta Kultura arteko Bizikidetzari buruzko 2011-2013 Planeko pieza nagusietako bat da. Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteetan izango dituen immigrazio politiketarako ildo estrategikoak ezarri ditu Planak. Euskadiko erakundeen eta gizarte eragileen arteko eztabaida, elkarrizketa eta taldeko eraikuntza prozesu parte-hartzaile gisa pentsatu da. Prozesuan ahalik eta pertsona eta erakunde gehien –erakunde publikoak, gizarte eragileak, ekonomia eragileak, hedabideak, hirugarren sektoreko elkarteak eta erakundeak, etab.– engaiatzeko helburua dauka, eztabaida eta ekarpenak bidaltzea erraztuko duten tresnak eta webguneak erabilgarri jarriz.
17.1.3. Adin txikikoak
Zeuk Esan, 116111 telefonoaHaur eta nerabeentzako doako orientabide, aholkularitza eta informazio zerbitzua (IKT tresnen bidez; besteak beste, telefonoa, kontsulta postontzia eta gizarte sareak). Zerbitzuan haurtzaroan eta nerabezaroan adituak diren psikologoek eta gizarte hezitzaileek ematen dute arreta. Halaber, adin txikikoen, hezkuntza komunitatearen eta familien eskura, eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa eta multimedia materialak jarri ditu prebentzioan lan egiteko zenbait eremu kontuan izanda: afektiboa eta sexuala, elkarbizitza eta partaidetza.
17.1.4. Gazteak
Gazteaukera atariaEuskadiko gazteriaren atari honetan honakoei buruzko informazioa eta parte hartzeko bideak ematen zaizkie gazteei:
• Lankidetza, boluntariotza eta elkartasuna.
• Berdintasuna.
• Aisialdiko hezkuntza.
• Sexualtasuna.
• Bakea.
• Elkartegintza eta gazte partaidetza.
17.1.5. Berdintasuna
Emakumeak sareanEusko Jaurlaritzak Euskadi Informazioaren Gizartean 2010 Plana Euskadiko Agenda Digitalaren bidez abiarazi zuen proiektu hau . Proiektuak prestakuntza digitala ematen die emakume elkarte eta taldeei, emakume elkarteen gizarte webak eskaintzen dituen aukerei balioa eman eta haien artean prestakuntza eta jardunbide egokien elkartrukea erraztu nahian. Prestakuntza horri esker, emakume elkarteek komunikaziorako eta herritar guztien edota talde zehatzen partaidetzarako informatika tresnak gara ditzakete. Proiektu horretan beharrezkoa da zenbait eragile engaiatzea. EIGPk egiten diren jarduerak dinamizatu eta koordinatzen ditu; Emakundek proiektua emakume taldeei helarazten laguntzen du; KzGunea Sareak berariazko prestakuntza ematen du.
17.1.6. Hezkuntza komunitatea
Eskola 2.0 Programa erkidegoko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietan ezartzeaEkimen honen helburua ikasle guztiek IKTak berdintasunez eskuratu eta erabili ahal izatea eta tresna horien eskuragarritasun maila desberdinak gizarte-egoera ahulean dauden taldeentzat –etorkinak, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, gizarte-egoera ahuleko gizarte sektoreak, etab.– ekar dezakeen gizarte-etena ezabatzen laguntzea da. Proiektu horren esparruan berariazko hardware eta software baliabideak eskuratu eta garatzen dira, ezgaitasuna duten ikasleen hezkuntza maila guztietako irakaskuntza-ikaskuntza prozesu guztietan parte har dezaten.
Hiru.com atariaHiru.com euskal hezkuntza ataria sortzeko ahalegina da. Haren xedea Interneten bidezko hezkuntza zerbitzu publikoak ematea da, doako edukiak emanez. Hiru.com ikaskuntza atari iraunkorra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren ekimena da, eta euskaldunen prestakuntza erreferente bihurtu nahi du, herritar aktibo eta parte-hartzaileagoak finkatu nahian. Plataformak sustatzen dituen balioen artean, prestakuntza iraunkorreko eduki interesgarriak eta euskal gizarteko sektore asko erakartzeko balio dutenak sortzea da, herritarrek IKTak gehiago erabil ditzaten.
17.1.7. Funtzio aniztasuna
Eusko Jaurlaritzak web eskuragarritasunarekin duen konpromisoa, euskadi.net erakunde atariko politikan eta zenbait ekintza berritzaileren bidez –besteak beste, eduki batzuk zeinu mintzairan lokutatzea– islatuta.
17.1.8. Herritarrak orokorrean
IREKIAGobernu irekiaren estrategia, zeharkako korporazio tresna gisa, Irekia proiektuan jaso da batez ere. Esparru horren helburua herritarren eta administrazioaren arteko zuzeneko komunikazioa bultzatzea da. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari zuzenean atxikitako Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak bultzatu du ekimena, eta gobernu osoaren konpromisoa eta engaiamendua izan ditu.
(123. irudia)
IREKIA atariaren kaptura (2012ko martxoa)
Plataforma honek euskal gizartearen esparruan gizarte oinarria duten eta IKTen erabilera intentsiboa egiten duten herritarren ekimenak jaso ditu, haien garapena eta sustapena bultzatu xedez. Hautatutako ekimenek euren jarduera arloan adituak diren profesionalen aholkularitza izango dute eta prozesuan parte hartu nahi duten enpresen eta erakundeen lankidetza eskatuko da.
Webgunean agertu denez, lortutako emaitzak ekimen mapa batean argitaratuko dira, eta bertan ondorioak eta intereseko beste informazio batzuk partekatu ahalko dira. Handik aterako den datu-basea eta azken emaitzak Creative Commons lizentziaren pean argitaratuko dira.
Etxebizitzaren aldeko Gizarte Ituna
Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itunaren helburua etxebizitza arloarekin zerikusia duten eragile publiko, pribatu eta gizarteko guztien arteko adostasuna lortzea da, datozen urteetan Euskadin garatu beharreko politika aktiboen ildo estrategikoak eta jarduketa eremuak bideratu ahal izateko eta prestatu behar zen Etxebizitzaren Lege proiektuaren oinarria izateko. Gizarte ituna 2010eko ekainaren 16an sinatu zuten 70 gizarte eta ekonomia erakunde baino gehiago, etxebizitza politikei buruzko zerikusia duten eragile guztiekin oinarriko adostasunetara iristeko parte-hartze eta eztabaida prozesua egin ondoren, ituna sinatu ondoren ere hari jarraituz, hartutako konpromisoak gauzatu daitezen.
Etxebizitza eta Hiri Berroneratzeko 2010-2013 Plan Zuzentzailea
Plan zuzentzaile hau ere era parte hartzailea egin zen, webaren bidezko informazioa, online plataforma, gizarte sareak, bloga, aditu taldeei egindako inkestak, etab. erabiliz.
Eragin mailari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, jasotako proposamenen % 85 ageri dira Etxebizitza Plan Zuzentzailean.
Etxebizitzaren Euskal Legearen Aurreproiektua
Etxebizitzaren Euskal Legearen Aurreproiektua era parte-hartze prozesu baten bidez burutu da, eta herritarren proposamenen % 4 sartu dira testuan
EcoEuskadi 2020. Euskadiko 2020ko Garapen Iraunkorraren Estrategia
Estrategia hau prestatzeko ere herritarrek parte hartu dute, aurrez aurre zein birtualki. Prozesu parte-hartzaile honetan zenbait sentsibilitate eta ikuspegi biltzen dituzten ekonomia, politika eta gizarte eragileak mugiarazi dira. Haiek denek lagundu dute klima aldaketa, mugikortasuna, belaunaldi erreleboa, balio sistemaren aldaketa edo energia eredua bezalako alderdietan ideiak emanez.
Partaidetza prozesuak zabalik jarraituko du estrategia ezartzeko epe osoan (2020).