12.4. Partaidetza-eten digitala
31. Euskadin biztanleek parte hartzeko dituzten arrazoien gainean galdetzerakoan, bakarrik % 27k adierazi du arrazoia dela erabakiak hartzerakoan parte hartu nahi izana. Portzentaje horrek adinaren aldagaiarekin zuzeneko harremana dauka: gero eta zaharrago, orduan eta motibazio txikiagoa erabakiak hartzerakoan parte hartzeari dagokionez.
32. Herritarren parte hartzeak duen inpaktu pertsonalari edo komunitarioari dagokionez, biztanleen % 33,6k uste du haren parte hartzea ez dela oso erabilgarria eta % 25,9k uste du ez daukala inolako eraginik. Adinaren arabera sailkatuta, parte hartzeak duen inpaktuaren pertzepzio positiboa handiagoa da adin-tarteetan gora egin ahala.
33. Parte hartzeari buruzko etorkizuneko aukeren inguruan, biztanleen % 37,4k adierazi du gehiago parte hartu nahiko lukeela.
34. Horren harira, % 39,9k zehaztu du nahiago duela parte hartze hori Internet bidez burutzea, % 28,6k berriz, aditzera eman du aurrez aurreko kanalen bitartez parte hartzea nahiago duela.
35. Dena den, datuek erakusten dutena ikusita, argi dagoena zera da: Internet erabili ohi duten pertsonek interes handiagoa daukate gizarte eta politikari lotutako gaietan eta hauteskundeetan gehiago parte hartzen dute, baita elkarteetan eta borondatezko ekintzetan ere.
36. Biztanleriaren % 11,3k eremu publikoari lotutako gaietan parte hartzen du Internet bidez. Horietatik, % 69,9k erakundez kanpoko web atarien bitartez egitea nahiago du.
37. Administrazioaren zerbitzuekin elkarri eragiteko moduari dagokionez, % 41,2k aitortu du nahiago duela Internet bidez, % 45ek, aldiz, aurrez aurre nahiago dute.
38. Euskadiko herri-administrazioren batekin izapide elektronikoren bat burutu duten biztanleen art
ean, bakarrik % 4,5ek adierazi du esperientzia ez dela onuragarria izan. Desadostasuna adierazteko arrazoi nagusiak hauek dira: izapidea barne hartzen zuen web orrialdea erabiltzeko zailtasuna eta bilatzen ari ziren edo eskatu zuten informazioa lortzeko ezintasuna.
39. Aztertutako euskal herri-administrazioetako atarietan dauden herritarren parte hartzerako tresnen inguruan esan dezakegu presentziarik handiena daukatenak kexa eta iradokizunen atalak, inkesten atalak eta foroak direla. Gabezi nabarmenak antzeman dira parte hartzeko prozesuak kanal digitaletara lekualdatzerakoan. Ohikoenak hauexek dira: herritarrengandik espero denari buruzko informazio argirik eta zehatzik eza, hau da, zertan parte hartzea nahi den eta nola parte hartzea nahi den argi eta garbi zedarritzea falta da; informazioa aurkeztu ahala prozesuari buruzko informazioa, baita hori baloratzeko moduaren gaineko azalpena ere; informazioa itzultzea, jaso diren ekarpenak zehaztuz eta nola baloratu diren eta erabakiak hartzeko prozesuan nola gaineratu diren azalduz, baita parte hartze prozesuaren zein herritarren parte hartzeari zabaldutako jarduera, ekimen, politika eta abarren gauzatzearen ebaluazioa ere.
40. Euskal herri-administrazioak herritarren parte hartzea sustatze aldera aurrera pausuak ematen hasi dira, hainbat heldutasun mailekin, administrazio mailaren arabera (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak...), datu publikoen irekieraren, eskatzeko eskubidea gauzatzeko bide elektronikoen eskuragarritasunaren, weben irisgarritasunaren eta abarren bidez.
41. Dena den, gabezi garrantzitsua antzeman da: ez dago herritarrek euskal herri-administrazioetan izan dezaketen parte hartzea arautzen duen testuinguru arauemaile zehatzik, eremu publikoan Internet bidezko herritarren parte hartzea barne hartzen duena.